Ari zirela, ari zirela, beste mutil bat etorri zen, herritik hornia ekarri ohi ziena, eta esan zuen:
Badakizue zer gertatzen den herrian, adiskideok?
Nola jakin dezakegu, bada? – erantzun zion haietako batek.
Jakin ezazue, ba, – mutilak berriro – goizeon Grisostomo zeritzon artzain-ikastun ha hil dela, eta erran-merranak dioenez, Martzela, Gillermo aberatsaren alaba, sasirik sasi artzain-soinekoz jantzita ibiltzen den neska sorgin horrenganako maitasun-minak jota zendu da.
Martzela diok? – esan zuen batek.
Bai, hori erran diat – erantzun zion ahuntzainak. Eta hoberena, azken nahia landan ehortz zezatela, mairua balitz bezala, eta artelatz-iturria dagoen haitzaren barrenean nahi zian, zeren, bertan, berak errana duk, ezagutu omen baitzuen, lehenbiziko aldiz ikusi omen zian bertan neska. Eta bertze gauza batzuk ere agindu zitian bere hil-burukoan; nolakoak, ordea, ezen, herriko apaizek ez betetzekoak direnak diotela, ez omen dituk betetzeko on, jentilen zerak direla ziruditek eta. Haren adiskide handia den Anbrosio, ikaslea, berarekin artzainez jantzi zena berau, denaren erantzule agertu duk eta dena bete behar dela ziok, bete-betean, Grisostomok aginduta utzi zuen bezalaxe; eta honegatik herria subermatua zagok, bazter guztiak nahasi dituk; baina, aditzea izan dudanez, azkenik, Anbrosiok eta haren artzain adiskideek nahi dutena eginen duk, eta bihar, erran dudan lekura, arrandiro, ehorzteko xedearekin jinen dituk. Nagok' ikuskizun handia izanen dela, nik, bederen, ez diat ikusteke utziko.
Orok berdin eginen diagu – ahuntzainek aho batez – eta zotz egin behar diagu ea nor geratuko den guztion ahuntzak zaintzen.
Ongi errana duk hori, Petiri – esan zuen batek – aitzitik, ez zagok horren egin beharrik: nerau geratuko nauk guztion ordez. Ez pentsa, honela ere, on beharrez edo jakin nahi ezean egiten dudanik; lehengo egunean karetxa batek oin hau txulatu zidaan eta ezin ibiliz nabilak.
Hori dela eta ere, mila esker – Petirik erantzun.
On Kixotek itaundu zion, arren, Petiriri, esateko ea nor zen hildakoa eta nor neska artzain hura. Petirik zekiena esanen ziola, eta hila gapare aberatsa zela, mendiarte haietan zegoen herri bateko semea, Salamankan anitz urtez ikasle izanikoa, eta urteen buruan atzera herriratu zena, asko-jakina eta asko-irakurria zenaren omen handiarekin; izarren-jakintza, zientzia edo erran nahi baita, omen zekien, guztiz ere; alegia, ortzian eguzki eta ilargiaren nondik-norakoak eta; noizean noiz, eguzkiaren eta ilargiaren krise noiz izanen zen erraiten zaukun.
Ez da "krise", adiskide, eklipse baizik, argidun nagusi bien ilunaldia – azaldu zion On Kixotek. Petirik, ostera, umekeria horietan gelditu bage, aitzina jo zuen bere ipuina jaulkiz:
Era berean, urtea emankor ala anzu noiz izanen zen igarri ohi zuen.
Antzu esan behar da, adiskide – berriro Kixotek.
Anzu edo antzu erraiteak ez dit kezkarik emaiten, ez dit axola, baina, zera, horretaz baliaturik bai haren gurasoak bai adiskideak hagitz aberastu ziren, omen, sinesten zaukotelakoz hain zuzen, eta harek agindu edo aholkatzen zien guzia egiten zutelakoz, honelatsu edo: "Erein ezazue aurten garagarra, ez garirik; bertze honetan, aldiz, erein txitxirioak eta ez garagarrik; heldu den urtea, berriz, oliotsua izanen da, baina hurrengo hiruretan ez da tantarik ere ekoitziko".
Zientzia hori Astrologia da, Izarriztia beste zeinbaiten hitzez – jakinarazi zion On Kixotek.
Nik ez dakit nolako izena duen – Petirik – baina badakit horretaz guziaz eta gehiagotaz bazekiela. Hala eta guziz ere, Salamankatik itzuli eta ez anitz ilbeteren buruan, goiz batez artzain-soinezkoz jauntzita agertu zen, makila, zamar eta guzi, lehendik zekarren ikasle-janzkera luzea erantzita; Anbrosio izeneko bere adiskide handi eta ikaskide izan zen bat ere berarekin batera jauntzi zen artzainez. Ahantzi zait erraitea, zera, Grisostomo, zendu berri hori, bertsoak egiten biziki iaioa zela, hainbertzerainokoa zen, ezen, Jaunaren Jaiotzaren gauerako abestiak berak asmatzen zituela; eta berdin, Jaungoikoaren egunerako antzespen gure herriko mutilek antzeztu ohi zituztenak. Herrikideak, ustebagean, ikasle biak artzainez jauntzita ikusi zituztenean, txunditu ziren, halako janzkera-aldaketa hura nondik-nora zetorren igarri ezinez. Gure Grisostomoren aita aspaldian hila zen, eta bera anitz ondasunen jabe geratu zen, oinordeko alegia, bai ondasun higikor bai onibar ugariren ugazaba, ez zen guttiago abereetan jarauntsiz jaso zuena, bai handi bai xehe, eta dirutza ere handia hartu zuen. Mutila guziaren jaun eta jabe egin zen osoki, eta merezi ere merezi zuen: lagun ona zen, guziz onbera, zintzoen adiskidea, aurpegia bera aingeru batena zuen . Geroago aditzera eman zenez, jauntzi-aldaketa hura Martzela neska artzain lehenago gure nutilak aipatu duen haren gibeletik, oihanez oihan, joaitegatik agitu zen, zeren eta gure Grisostomo zena, gaixoa, harekin maitemindua baitzen. Jakin dezan, on da beti jakitea, nor den neskatxa, orai erranen daukot: agian, eta agian gabe ere, ez du egundaino entzun, bizialdi osoan, holakorik, eta ez entzunen nehoiz negala baino zaharrago izanik ere.
Legena esan behar da – ihardetsi zion On Kixotek, ahuntzainak hitzak nola okertzen zituen ezin onean jasanez.
Luzaz bizi da legena – Petiri artzainak – eta nire hitzak zuzentzen ibili behar baldin badit, urraska-urraska, edo txitean-pitean berorrek dioen eran erraiteko, ez dugu urtebetean bukatuko.
Barka, adiskide – On Kixotek – baina legen eta negal artean hain tarte handia dagoelako erran dizut; dena dela, ondo erantzun duzu, negala antzinagotik dator legena baino, bai, eta aurrera istorio horrekin, ez dizut berriz ere deusik zuzenduko eta.
Esanen diot, bada, ene arimako jauna – ahuntzainak On Kixoteren hitz batzuk hartuz – gure landerrian bazela nekazari bat Grisostomoren aita baino aberatsagoa, Gillermo zeritzona. Jainkoak, anitz aberastasun eta handiak ez ezik alaba bat ere eman zion; erditzean, hala ere, ama hil zen, aurkientza honetan guztian izan den emakumerik zintzoena bera. Orai berean ikusten ari natzaiola iduri dut, halako aurpegi alde batean eguzki bestean ilazki zuen harekin; etxerakoia, txiroen laguna zelakoz nago bere arima Jainkoaren ondoan bertze munduan gozo-gozo dagoela. Hain emazte onaren heriotzak bere senarra Gillermo hil zuen, beraien alaba Martzela, neska gazte eta aberats, osaba apez gure herriko eliza-zain baten esku geratu zelarik. Neskatila koxkorra ederra zen, amaren antzera ederrik bazen ederra hura, eta honegatixe susmatzekoa zen alaba ama baino ederrragoa izanen zela. Halatan bada, hamalau-bortz urtetara iristear zela, ikusten zuen nor edo nor, haren edertasunaz liluraturik Jainkoari otoitz eta harekin maitez mindurik, xoratu antzean, geratzen zen. Osabak lotsa-legez eta hertsiki gordetzen zuen, baina, haren ederraren herotsa hedatu zen, hedatu, halako moldez, ezen, bai haren aberastasunagatik bai edertasunagatik, gure herrikoak ez ezik inguru zabalotako bertze herrietakoak ere, hango zein hebengo hoberenak, osaba apezaren baitara hurrantzen zirela, emaztetzat eman ziezaien eske, otoi eta otoi, gogait eragiteraino. Baina osaba, onez-onean giristino ona zena, noizbait ezkondu nahi zuen arren, urteetan goiti zihoalarik, ez zen haretaratu ez nahi ere neskaren baimenik ezean, ezkon-bidea luzatuz, nonbait, beronen ogasunaz eta honexek emaiten zion irabazkinaz gozatzen irauteko asmoaz, noski. Honetaz ere mintzo zen, inoiz edo behin, herrian, txutxu-mutxuka, apez onaren izena goratuz; jakin beza, bide batez, ibiltari jauna, honako herri ttipiotan oroz mintzo dela, orok oroz dakitela, hitz eta pitz huntaz eta hartaz beti; ohar bedi, honetaz, jauna, ni ohartzen naizen bezala, on-ona behar zuela apezak bere eliztarrak berari buruz ongi mintzo zitezen, guztiz ere herrixka koxkorrotan.
Bai horixe! – On Kixotek – eta zoaz aitzina, istorioa belarri-betegarria da, eta zuk, Petiri, polliki jaulkitzen duzu.
Ez al zait Jainkoagandiko dohain hori joanen. Beraz, jakitekoa da, ezen, osaba apezak, emaztetzat eske jin ohi ziren ororen eta bakoitzaren nolakotasunak ilobari ikusarazten zizkiola, ezkon zedin eta bere gogoz hauta zezan behin eta berriro otutzen ziolarik; neskak ezkondu nahi ez zuena baino ez zion behin ere erantzun, hain gazte zelakoz ez baitzuen bere burua nahiko gai ikusten senar-emaztegoak dakarren zama eramaiteko. Eman ohi zituen, dirudienez, aitzakia zintzoongatik, osabak ez zion gehiago alamenik emaiten, gaitzeratu nahi ez zuen, eta urteetan goiti joan zedila igurikitzen zion, haren gogara noizbait laguna hautatzen ikasi arte. Erran ere, erraiten zuen, eta ongi errana da, gurasoek ez diezaieketela eman, ez eman behar ere, seme-alabei gogoz bertzerako ezkontzarik. Baina, hona non, ustebagean, egun baten Martzela gupera artzaindurik agertu, eta ez osabaren ez bertze herrikide guztien esku-sartze gabe, bertzelako aholkua emanez burutik kendu nahi zioten arren, oihanera, herriko neska artzainekin joaitea erabaki zuen, eta bere eleak, abereak, zaintzea. Hau honela, bada, hura agertu zeneko eta haren edertasuna agerian, ez dakit, zehazki erraiteko, zeinbat mutil aberats, kapare nahiz nekazari, Grisostomoren janzkeran, oihanez oihan, haren bila, hitz goxoak erranez, "flañukatzen", limurtu nahian ibiltzen ote zen. Bat, erran gabe doa, gure hildakoa izan zen, maite-maite baitzuen, eta maitasuna hoztu egiten zitzaiola dioten arren, bi begiak bezain laztana zuen. Ez bedi pentsa, hala eta guztiz ere, Martzela, halako askatasun eta biziera lasai, barrubiltze gutikoaz, bere lotsa-legetik ateratu zenik, emakume eratsua izaitetik aldenduko zen zantzurik eman zuenik, ez eta hurrik eman ere; bere ohorea hertsiki begiratu, ongi zaindu egin ohi zuelakoz, beraren gibeletik, eskain eta eske, ohi zebiltzan haietako bakar batek ere ez zuen bere burua inoiz gailenarazi, ez, zinez, araziko ere, bere nahiaren irabazle zelakoan edo izan zitekeelako uste txoroan. Itxaropenik ere ez zien emaiten. Artzainen lagunartetik ez du alde egiten, solasean bada adiskide antzo eta adeitsuki hartzen ditu, baina haietako baten batek bere asmoa agertarazten badio, ezkontzarakoa bezain garbi eta zuzena izanagatik, ber-bertatik abaztorratzen du, mutiriki bidaltzen, trabuko batez bezala. Honetara, berriz, izurritea sartuko balitz baino kalte handiagoa eragiten du, lurralde honetan, zeren eta, bere arrai-edertasunaz maite nahi dutenen bihotzak erakartzen dituen era berean, bere arbuioa, tirrit egite hori, burrufada nardatsua mutil eskale horien etsipengarri da guztiz; eta ez dakite zer erran behar dioten, anker eta eskergaizto erraiten diote oihuka, bertze antzeko zer batzuekin batera, azken baten haren izaera ona agerian uzten dutenak. Hemen, jauna, egun batean egonen balitz, mendiok eta haranok durundi betean entzunen lituzke, haren jarraitzaile etsituen aiene saminengatik. Hemendik urrun ez dagoen leku batean, hogoi bat bago lerden dago, eta bat ere ez bere azalean Martzelaren izena irarrita, ziriztatua ez duenik; eta batzuetan koroa eta guzti, maitaleak erran nahi balu bezala Martzelak giza-edertasunaren burestuna daramala eta eramaitea irabazi duela. Hemen artzain baten hasperena, hor bertze baten zinkurina, han maite-leloak dira entzungarri, harago etsi-etsian eginiko adiak. Bada norbait gaueko oren guztiak arte edo harkaitz baten ondoan eserita emaiten dituena, eta bertan, begi negartiak ixteke, bere gogoetan sor eta soraio, goizeko iguzkiak aurkitzen du; eta bada, hasperen hutsetan, isildu ere gabe, udako lo-kuluxka aunagarrienaren sualdi erdian, lur bero-beroan etzanda, bere arrangurak zerura buruz igorten dituena. Honengandik eta harengandik, hauengandik eta horiengandik lokabe, jareginik, lasaikiro, Martzela ederra gailentzen da, eta ezagutzen dugun guztiok beraren goitura norainokoa den ikusi guran aiduru gaude, eta ea nor izanen ote den hain izaera gogorra mendean hartuko duen eta hain edertasun liluragarriaz atsegin hartuko duen zorionekoa. Jaulki dudan hau guzti hau benetako egia dela-eta, sinetsi behar dut sinetsi, gure mutilak Grisostomoren heriotzaz omen denaz erran ziguna. Honelatan bada, jauna, bihar haren hiletara joan gabe gera ez dadin aholkua emaiten diot, ikustekoa izanen da, izan ere, Grisostomok hainbat adiskide zuen eta hemendik lurperatu behar duten lekura ez dago legoa erdia.
Haintzakotzat hartuko dut, bai noski – esan On Kixotek – eta eskerrik asko ipuin horren jaulkieraz eman didazun atseginagatik.
Oi! – erantzun zion ahuntzainak – oraino nik ez dakizkit Martzelaren maitaleei gertatutakoen erdiak baizen, baina agi lekiguke, gerta bai, bidean goazela artzainen batekin tupust egitea eta bertze erdiak beronek jakinaraztea guri. Oraikoz, on lekioke berorri, lo egitearren, teilatupera joanen balitz, gaueko zohardiak, gaurdinak, zauri hori gaizkoatu ahal izanen luke eta. Eman diodan sendagailuaz, aitzitik, ez da ezbeharren baten beldurrik zertan izan.
Santxo Pantza, ahuntzain haren hizketa luzea pikutara bidalita zegoena, bere nagusiak Petiriren etxolan lo egin zezan eskatu zitzaien. Honelaxe egin zuen. Gaurik gehiena, aldiz, Dultzinea bere anderea gogoan zerabilela eman zuen, Martzelaren maitaleen antzera. Santxo Pantza, bestalde, Rozinanteren eta bere astoaren artean egokitu zen, eta lo egin zuen, ez maitemindu mindun baten eran, ostikoka hebainduriko gizona bezala.