Bentariak, On Kixote astoaren gainean zehar-etzanda ikusi zuenean, zer-nolako gaitza ote zekarren galdetu zion Santxori. Hutsa zela erantzun zion honek, harkaitz batean goitik behera erori zela, eta saihets-hezurrak pixka bat zanpatuak zekartzala. Bentariaren emaztea ez zen, bizibide horretako gehienak izan ohi diren bezalakoa, aitzitik, berez bihozbera zen, izan ere, besteen oinazeez min hartzen duena; honela bada, berehala etorri zen On Kixoterengana, sendatu nahian, eta bere alaba bati, neskatila ederra, laguntzeko agindu zion etorri berria sendatzen. Bertan, Asturias aldeko neska bat ere bazegoen, aurpegizabala, lepondozelai, sudurmotz, betorker begi batetik eta bestetik ezkel xamarra. Soinaren lerdenak, egia da bai, gainerako hutsuneak osatzen zituen: zazpi arrarik ez zuen burutik oinera, sorbaldak konkor antzean eta lurrari begira behar zuen, berak nahi baino gehixeago. Neska dohatsu honek, ("emaiten dutenetarikoa" zela zen susmoa, omen), bada, etxeko alabari lagundu zion, eta bion artean ohe txar-txar bat antolatu zioten On Kixoteri ganbara zaharrean, ageri zuenez, inoiz urte askotan lastategia izan zena; bertan mandazain bat zegoen arrotz, etzangua On Kixoterenetik harantzattoago zuena. Ohea bere mandoen txalmak eta saialak ipiniaz moldatua zuen arren On Kixoterena baino askoz hobea zen; berau honelakoa: lau ohol ez oso leun bi astokoren gainean, dingilin-dangolo, lastaira mehea hain argala gosna zirudiela; koskorrez betea, zarrata batzuetatik artile-koskorrak zirela ageri izan ez balute, beren gogorrean, ukitu hutsetik harri-koskorrak ziruditenak; adarga-larruz eginiko izara edo maindire bi eta bero-estalki bakarra hariz egina eta hain hari bakanez, ezen, zeinbatzen hasiz gero, bakar bat ere huts egin bage egin litekeela. Ohe txatxar honetan, alta, etzan zen On Kixote eta, ostatuko andereak alabarekin goitik behera txaplatez lotu zuten, Maritornes (asturiar neskari honela zeritzon ) argi egiten ari zitzaien bitartean; eta mantarrak lotzerakoan andereak On Kixoren gorputza hain ubelduraz josia ikusi zuenean, zantzua hartu nonbait eta, eroriko baten ondorioa baino ukaldi askorena areago zela esan zuen.
Ez ziren, ez, ukaldiak – esan zion Santxok – harkaitzak hainbat koskor eta koska, ttutturru eta txontxor zuela eta, bakoitzak bere ubeldua egin zion. Egin beza berorrek, andere, ipingai gehiago, txaplata ugariago, izanen da, bai, haborokinak behar dituenik; nerau, bat, neu ere gerruntzean-eta min bainaiz.
Horrela baldin bada – andereak berriro – zu ere erori zinen, ezta?
Ez nintzen erori, baina nire nagusia erori zen ikaraldian hartu nuen zirrarak min eragin zidan, mila makilkada eman izan balidate bezala.
Baliteke, izan, hori, bai – esan zuen neska gazteak – niri ere sarritan gertatu izan zait ametsetan dorre gainetik beherantz neure burua erortzen ikusi, eta beheraino heldu ez, lurra inoiz ez jo; eta esnatu ondorean, zeharo hebaindua, etena egon izaten nintzen, benetan erori izan banintz bezala.
Hortxe dago, ba, koxka, andere – erantsi zion Santxok – ni, amentsik egin bagerik, alderantziz, orai baino itzarriago egonik, nire jaun On Kixotek dituen ubeluneak baino askoz gutiagorekin ez nago.
Zela dau izena zaldun honek? – galdetu zuen Maritornes asturiarrak.
On Kixote Mantxako – erantzun zion Santxo Pantzak – zaldun arriskuzalea da, onenetakoa eta indartsuenetakoa, aspaldidanik hona munduan ikusi direnetarik.
Zer da zaldun arriskuzale? – galdetu zion neska motzak.
Horren berria ote zarea munduan, hori ez jakiteko? – Santxok galdez erantzuten – Bada, jakin ezazu, ene arreba hori, zaldun arriskuzale zera dela, ez bat eta ez bi, bere burua makilkatu nahiz enperadore ikusten duena : gaur lurbira osoko sorkaririk zorigaiztokoena, behartsuena da eta egun bizpahiru erresumatako koroaren jabe dateke bere ezkutariari oparitzeko.
Hara, eta nolatan, bada, honen jaun onarena izanik, ez duzu zuk, dirudizunez, konderriren bat edo guttienik? – galdetuz txiribogako andereak.
Oraino goiz da – Santxok – orai ilbetea abantzu dela hasi ginen borrokaizunen bila, eta oraikoz, ez dugu egiazkorik bat ere ediren. Gerta daiteke, bai, gauza bat bila eta bertze bat kausitu. Egia ere da, bertzenaz, nire jaun On Kixote zauri edo eroriko honetatik senda baledi, eta ni herbal edo elbarri gera ez banendi, ez nuke neure itxaropena aldatuko Espainiako handiki-gainizen baten truke.
Hizketa hau guzti hau On Kixote adi-adi entzuten ari zen, ahal zuen bezala agondu zen, ohatzean eseri, eta andereari eskutik helduta esan zion
Sinetsi egidazu, andere eder horrek; egiazki, zorionekotzat har dezakezu zeure burua, hemen zure gaztelu honetan ostatu eman diozulako honako neure honi, eta neure buruaren goraki aipatzeari ez banakio, ez da nork bere burua gorestea itsusi dela esaten delako baizik; baina nire ezkutariak esanen dizue nor naizen. Hauxe baino ez dizuet esanen: egin didazuen zerbitzua nire oroimenean betiko idatzita edukiko dudala, bizi naizen arte eskerrak eman ahal diezazkizuedan. Ailute goiko zeruek nahi maitasunak bere legeari honen loturik ez banindu, eta honen menpeko ahopean txirimizkatuz aipatu izaiten dudan eskertxarreko ederraren begiek; ailira neska gazte eder honexenak nire askatasunaren jabeak.
Bentako anderea, alaba eta Maritornes gaixoa, zaldun ibiltariaren hitzak entzunez nahasita zegozen, txunditurik, gerkeraz mintzatuko balitz bezala ulertzen zizkioten, baina ongi antzeman zieten oro hitz zuriak, limurkeriak eta eskaintzazkoak zirela; halako mintzairatan ohituak ez zirenez gero, hizkeraz harrituta, begira-begira zegozkion, ohi ez den halako gizona ziruditsen, eta eskaintza guztiak eskertu zizkioten, txiribogan egin ohi den era horretan, bertan utzi aurretik. Maritornes asturiarrak, hala ere, Santxo sendatu zuen, bere nagusiak baino premia gutiago ez baitzuen.
Mandazainak neska motz harengandik hitza hartua zuen, gau haretan elkarrekin jostatzeko, honek hitz eman zion, arrotzak bakean eta ostatuko ugazabak lotan, harengana joanen zela eta nahi izanen zuen guztian asearaziko zuela, irritsak agindu ahala. Esaera zen neska on honek ez zuela inoiz hitzik eman gero beteko ez zuenik, mendian eta lekukorik ezean emanda ere, bere burua gaparetzat baitzuen joten tint, eta ez zuen laidotzat ostatu haretan neskame lanetan aritzea, zeren, berak esaten zuenez, zoritxarrak nahiz jazoera gaiztoek ekarri baitzuten halako egoera haretara. On Kixoteren ohatze, "amaña" hobe esateko, hura gogorra, estua, erkina zen eta izarpeko barruzki haretako erdian zegoen; ondoan Santxok berea egin zuen seskaz eginiko zerria eta burusi bat baino ez zena, astindutako anju-ehunezkoa zirudien artilezkoa baino areago. Ohe biotatik harattoago mandazainarena zegoen, lehenago esanetik dakigunez, txalmaz eta zekartzan mandorik onenen pilda guztiez eginiko "berdinberoa" zen. Mandoak, guztira, hamabi ziren, guriak, lodiak, gizenak eta entzute handikoak, Arevaloko mandazain aberatsetarik bat zela-eta, kondaira honen idazleak dioenez, honako mandazain honetaz bereziki mintzo baita, ondo ezaguna zuelako, eta ahaide ttikia edo omen zuelako. Zide Hamete Benengeli kondairalari oso jakingura, oso zehatza gai guztietan izaiteaz gain, ongi erakusten du hemen, honako gertaera hauetaz ari delarik, ez dituela isilean edo hitz-erdika iragaiten utzi nahi izan, ttikiak eta llaburrak izanik ere. Historialari zinezkoek eredutzat har lezakete, jazotakoak hain laburkiro, gaingiroki bezala, murrizki jaulki ohi dituztenek batik-bat, bada, usu ezpainetaraino baizen ez dira iristen, tintontzian utzita, gaiaren mamiak, hala utzikeriagatik nola jakinezagatik edo dongakeriagatik. Ongi izan bedi milatan, Ricamonteko Tablante idatzi zuena, eta Tomillas kondearen egintzak agerrarazten dituen beste liburu haren egilea ere bedi ongi! Zein zehazki azaltzen, tipiltzen duten den.dena! Halatan bada, mandazainak bere mando-taldea ikustera joan eta bigarren edakia eman ondorean, bere txalmak zabaldu zituen eta bere Maritornes txintxo tinelaren zain geratu zen. Ordurako bazegoen Santxo mantarrak loturik eta etzanda; lo egin nahi zuen arren, ostera, saihets-hezurretako minak ez zion lagetzen; On Kixotek, berriz, bereetako minaren minez, begiak zabal-zabalik zituen erbi baten antzo. Ostatu-etxe osoa ixilik zegoen, barru osoan ez zegoen beste argirik atari erdian esekita zegoen giriseilu bateko suak emaiten zuena baizik.
Isilaldi liluragarri hak eta gure zaldunak bere zoritxarreko liburuetan txitean-pitean irakurri izan zituen gertaeretatik bere gogoetara ekarri ohi zituen burutapen haiek, beste behin, irudikatu ahal den zoraldi bitxi bat eragin zioten, hau da, berriz ere gazteluren batera iritsita zegoela bururatu zitzaion (esan duguna legez, beretzat ostatu emaiten zioten etxe edo benta edo txiriboga guztiak gaztelu ospehandiak ziren) eta etxeko alaba bentaria gazteluko jaunaren alaba zela sartu zitzaion; eta areago, bere irudimen zoroak oldoztarazi zionez, alaba hau, bere adeitasunak erakarrita maitemindu zitzaion, eta hitz eman zion, gau haretan, gurasoen ixilpean, itzalgaizka, berarekin astiune baten etzatera etorriko zitzaiola. Amets zoro hau guzti hau egiatzat hartu zuen, berak asmatua izanagatik, eta axanpatzen hasi zen, larritzen, eta bere ohorea gerta litekeen istilu arriskutsuaz hausnartzen; bere bihotzari agindu zion, beraz, ez ziola irainik eginen bere andere Tobosoko Dultzineari, Ginebra erregina ber-bera bere andere-lagun Kintañonarekin aur-aurrean jarriko balitzaio ere.
Burubagekeria hauek buruan, bada, astia joan zen eta ordua iritsi (beraren ustetan urria) asturiarra etor zekion; berau, atorra-has eta oinutsik, fustanezko ile-sare batean adatsa bildurik, oinkada ixilkoiz eztikiro-eztikiro, hirurak lehorra hartuta zegozen etzangura, mandazain eske, sartu zen. Ateraino heldu eta berehala On Kixotek sumatu zuen eta, ohean eserita, bere txaplatak eta saihetseko mina eta guzti, besoak zabaldu zituen, bere neska gazte ederra hartzeko. Asturiarra ixil-ixilik bezain bil-bildua zihoan, eskuak aurretik bere maitalearen bila, eta On Kixoteren galtzar artera sartu zen, bai honek tinki heldu ere eskumuturretik, eta beregana erakarriz, harek tutik esan bage, ohe gainean eserarazi zuen. Haztatu zion atorra, eta, marrasezkoa bazen ere, zirikoihal edo zendale mehe-mehezko iruditu zitzaion. Eskuturretan beirinezko kundera batzuk zeramatzan, baina hari ekialde urrunetiko harribitxi baliotsuen dirdira iruditu zitzaion. Adatsa, zelanbait txima izaitetik hurbilago zena, Arabiako urre distiratsuzko hariez egina zelako usteak jo zuen, eguzkiaren distira bera ere iluntzeko hainekoak. Ahoko hatsa, gatzozpin hotz eta erdi-mindua irenstetik sortzen den kiratsetik apur bat zuena, haren sudurrera orduko usain eztitsu, lurrintsu iruditu zitzaion; azkenik, bere irudimenean hainbat liburutan irakurria izan zuen era eta tankera berdintsuan margoztu zuen, alegia, harako zaldun zauritu hura ikustera etorri ei zen beste printzesa haren antzera, maite minez josia eta hemen ageri diren apain edo bitxiki guztiez jantzita. Hainbesterainokoa zen, izan ere, gapare gaixoaren itsutasuna, ezen, ez ukimenak, ez hatsak, ez neska motzak beregan zekarren beste ezerk ere ez ziotela atzera eragiten, eta benetan mandazain ez den nori edo nori higuinarazteko xamarrak baziren izan; osterantzean, alta, edertasunaren anderegoiko bat besarkatzen zuela ziruditson. Honela zedukalarik, besoen artean tinko, ahots amoltsuz, ahopeka bezala, eztiki hasi zitzaion mintzatzen
Zure edertasunaren ekuste hutsaz egin didazun mesede handia, andere eder goren hori, ordaindu ahal izaiteko aukeran egon nahi nuke; baina, halabeharrak, beti nekatu bagerik zintzoen atzetik ibili ohi denak, etzatoki honetan jarri nahi izan nau, honen hebainduta honen etena natzan honetan, eta nik neure oldez, gogoz, zure nahia ase eta bete nahi baneza ere, ezinezko litzaidake. Eta ezintasun honi are beste handiago bat erantsi behar zaio, eta zera da, Tobosoko Dultzinea berdinik ez duenari agindutako fedea, nire barru-barruko gogapenen andere bakarra baita; hauxe guzti hauxe, bada, gure artean ez balego, ez nintzateke ni honen zaldun tentela izanen, zure onberatasun handi honek ekarri didan abagadune zorioneko hau hutsean iragoten uzteko.
Maritornes estura handian, itobeharrean zegoen, izerdi patsetan, On Kixotek hain tinko heldua zuela ikusten, eta ziotsonari jaramonik egin ezean, ulertu ezinean, ahalak eta bi eginez jaregin nahi eta ezin zuela. Mandazain gaixoa, berriz, nahikeriak eta irritsak esna egonarazten zutena, bere "bezuza" aterean barrura sartu zenetik sumatua zen eta, erne bai erne egon, On Kixotek ziotson guztia adi-adi entzun eta entzun ari zen. Asturiarrak hitzaz beste egin ote ziolako espak jota zegoen, beste batekin kitatuko ote zuen berarekiko zorra, eta ezarian-ezarian On Kixoteren ohe alderantz hurrantzen joan zen. Geldi egon zen, ea zertan amaituko ote ziren hitz eta pitz haiek, berak ulertu ezin zituen esaerak. Neska motzak bere burua jaregiteko ahaleginak egin eta egin ziharduela ikusi zuen, haregatik, eta On Kixotek, aldiz, eutsi eta eutsi zihardukiela; ez zitzaion batere txantxetako iruditu, iseka matxar baten zantzua hartu zion eta besoa bere luzera osoan goratu, eta dra! ukabilkada zital bat aurtiki zuen zaldun maiteminduaren baraila meharrera. Ahoa bete odol utzi zuen. Hau eginda nahiko ez eta, saihets-hezurren gainera igo zitzaion, eta zanpa-zanpa batetik bestera, aldez alde, ibili zen oinka. Ohe mirrin, oinarri makaleko ha, mandazaina gaineratu zitzaionean, lurrera erori zen, tanp! eta zarata handiaz txiribogina esnatu zen. Maritornesen atralaka edo zelakoan geratu zen, behin eta behin deitu zion arren erantzunik ez zion egin eta. Susmo honek jota, jaiki zen, piztu zuen giriseilua, eta joan zen takela edo txiripina edo entzun zuen lekurantz. Etxeko nagusia zetorrela ikusita, izugarrizko gizona zela zekielako, neska beldurtua, guztiz kokildua eta kezkaturik oso, Santxo Pantzaren ohean ostendu zen, uzkur-uzkur eginda, haril bat bezain kiribildua. Txiriboginak sartukeran esan zuen
Non hago, emagaldu hori? Egingo niken, bai, inondik ere, hauek zer guzti hauek hire zerak direla.
Iskibidu honezaz, azkenik, itzarri zen Santxo, lokaizkatu zen, eta bere gainean, ia-ia, trosko bat edo halako murru, zoztor bat ukitu zuenean amets gaizto bat zela otu zitzaion, eta di-da hasi zen ukabilka, hara eta hona, batera eta bestera, eta jokada batzuk, ez dakit zeinbat, Maritornes gaixoarengan amaitu ziren; bai eta honek, minaren minez lotsa galduta nonbait, joten hasi ere eta di-da eman zion ihardespena Santxori, hainbatez eman, ezen, bere amorruz, ametsa kendu ziola. Halako liskarrean nola ez zekiela, norekin ere ezin igarriz, ahal zuen eran jaikitzera egin zuen, besarkatu zuen Maritornes, eta biok bat eginda, munduan gertatu den gudantz gorri nahiz barregarriena hasi zuten. Ikusi zuen, bada, mandazainak, giriseiluaren argiz, nolatan zebilen bere neska; utzi zuen On Kixote, eta sorostera joan zitzaion, brauki. Etxeko gizon izugarriak ere berdin egin zuen, ez ordea asmo berdinagaz, neska zigortu behar zuelakoaz baizik, ustez noski, gatazka haren guzti haren errudun bakarra neskamea zela. Halatan bada, eta esaera den bezala: katuak saguari, saguak sokari, sokak makilari hasi eta ekin, mandazainak Santxori, Santxok neskari, neskak honi, txiriboginak neskari, elkarri dzirt-dzart, atseden unerik hartu bage. Ez zen hor amaitu, eta giriseilua itzali zenean, ilunpetan guztiak, itsu-itsuan erasoka, erruki bagerik, orok orori joten ihardun zuten, eskuan non ipini ez zekitela, ezer onik utzi behar ez zutelarik.
Ostatu hartuta, halabeharrez, gau haretan Toledoko Anaidi Santu zaharreko anaide haietako bat zegoen, eta borrokatiko zarata, asots asaldatua entzunik, bere makila hartu zuen, beste eskuan ahaldun-agiriak edukitzeko zeraman latazko kutxa, eta ilunpe beltzean logela haretara sartu zen, zerauntsela
Geldi justiziaren izenean! Geldi Anaidi Santuaren izenean!
Tupust egin zuen aurrena On Kixote ukabilkatua izan zen, bere ohatzean erorita zetzana, ahoz gora, aratinik eta batere konortegetua. Haztamuka bizarra ukitu zion, "justiziari mesede!·" aldarrika, baina bizarretik heldua zuenak ez zirkinik ez zaratarik zegiela ikusiz hilik zegoela uste izan zuen, eta, noski, bertan zegozen guztiak hiltzaileak zirelako susmoak jota, ahotsa gogortu zuen, esateko:
Itxi beza bentako atea! Ez begi inork alde, erne inor joan ez dadin, hemen gizon bat hil dute eta!
Ahots honen albisteak guztiak ikaratu zituen, eta entzun bezain laster gelditu ziren. Joan zen bentaria bere etzangura, mandazaina bere pilda pilara, neska bere lekura, eta han bakarrik On Kixote dohabagea Santxorekin, inora ezinik. Utzi zuen bizarra On Kixoterena, bat-batean, urliak, eta argi eske atera zen, gaizkileen bila atzemaitera joaiteko. Ez zuen, hala ere, deusik idoro; txiriboginak, beren-beregi, bere logelara hanka egin zuenean giriseilua iraungi baitzuen; eta sutondora joan behar izan zuen anaideak beste giriseilu bat iziotzeko, ez nahi bezain arin.