Atonketa hauek guztiak eginik, ongi dendaturik bada, ez zuen gehiago itxaron nahi izan bere burutapenak egiteari ekiteke, honetara behartzen zuelako, bere irudipenez, arren eta arren berantetsita, munduak zuen bere beharrak, izan ere, zeinbat ote ziren zehatu behar zituen kalteak, zuzendu beharreko okerrak, onbideratu beharreko bidebagekeriak, neurriratu beharreko gehiegikeriak, ordaindu beharreko zorrak. Eta hara, inori bere asmorik agertu bage, eta inork ikusi ez zuela, goiz batean, eguna baino lehen (uztaileko kiskali haietakoa zen) bere iskilu guztiez jantzi, igo zen Rozinanteren gainera, txarto osaturiko kaska kaskoan, adarga besoan, lantza hartu eta barrio bateko saihets-atetik kanpora irten zuen, pozaren pozez pozturik bere egitasmo onari zein erraz hasera eta abioa eman zion ikusita. Baina landaratu zen bezain laster, burutapen larri bat barren-jabetu zitzaion, eta hala, eginkizun hasiberria bertan behera utzarazi ia-ia; zera, gogora etorri zitzaion zaldun izendaturik edo iskiluturik ez zegoena, eta zaldun-legearen arauera ezin zezakeela, eskubiderik ez, ezein zaldunekin iskilurik jo, eta hala izanki, iskilu zuriak eraman behar zituen, zaldun hasiberriari zegokionez, erredolan iskilu-ikurrik bage, harik eta bere gemenaz edo kopetaz irabazi arte. Gogoeta hauek bere erabaki haretan zalantza sortu zioten; baina, bere zorotasunak arrazoirik onenak baino indar handiagoa ukanik, tupust egingo zuen lehenengoaren eskutik iskilu-hartze eta zaldun izendatua izaitea hartu zuen gogoan, halaxe egin izan zuten beste askoren antzera, hain halakotua zuten liburu haietan irakurria zuenez. Iskilu zuriekiko haretan, garbi-garbi egiteko ustea zuen, txolarteren baten, katazuriaren larrua baino zuriago utzi arte; lasaitu zen bada, honetaz, eta bere bideari jarraitu zitzaion, zaldiak berak nahi zuenaz beste bideari jarraitzeke, beronetan zetzala uste baitzuen arrisku-bilaketaren indarra.
Joanean, bada, zihoalarik, gure ibiltari gartsuak berekiko bakarrizketan honela zioen: "Nor egon daiteke zalantzan, geroaldietan noizbait, nire ekintza entzutetsuen benetako kondaira argitaratzen denean, idazle jakintsuak, goizean-goizeko nire lehenbiziko irtenaldi hau aipatzean, honela ipiniko duela ?: – Doi-doian, Apolo hori-gorriak bere adats ederraren urrezko ile-hari dirdiragarriak lur zabalaren zabaltasunean isuri zituen, doi-doian, txori ttipi margotuttoak, euren harpadun mingainez, mintzo goxo-eztiz, egunsenti gorristari agur egiten hasiak ziren; senar leratsuaren etzanguko ohe biguna utzita, Mantxa aldeko hodeiertzaren ate eta eguzkibegietatik gizartera agertua zen ortzargiari alegia, eta orduantxe On Kixote Mantxako zaldun ospetsua, oheko lastaira nagiak utzita bere Rozinante zaldi izen handikoaren gainera igo zen, eta Montielgo landa zahar ezagunetan zehar bide egiteari ekin zitzaion – . Eta egia zen, izan ere, han zehar zihoana. Eta berriz ere hitz egiten: "Zorionekoa aroa eta zoriontsua mendea, nire ekintza ospetsuak argitara direnekoa, brontzez irudi-lantzeko edo haitzurdin-harrietan zizelkatzeko eta oholetan margotzeko duinak baitira, geroko oroigarritzat! Oi ene hori, jakintsu liluragarri hori, nor-nahi zarelarik ere, nire ohi-ezinezko kondaira hau edatsi behar duzun hori! Arren eta arren diotzut nire Rozinante zintzoaz ez ahazteko, bide zein lasterketa guztietan beti-betiko laguna izan dut eta". Eta gero, hurren, berriz ere berekiko, benetan maitemindurik balego bezala: "Ene Dultzinea printzesa, gatibu duzun bihotz honen jabea! Irain gogorra egin didazu zuregandik urrutiratu nauzulako, eta zure ederraren aurrean ez agertzeko agindu zorrotzaz minaren minez samindu nauzu. Aizintez bihozpera, agian, ene andere, zeure-zeurea den bihotz honen alde, zureganako maitasunagatik isil-minetan mindurik baituzu".
Hauekin batera beste zeinbait zorakeria nahastuz zihoan, den-dena bere liburu haiek irakatsi zioten bezala, haien mintzaerari ahaleginean jarraituz eta, honegatixe, hain geldiro zihoan eta eguzkia hain azkar berotsu zetorren haren gainera, ezen, garunak urtu beharko zizkiola, baldin garunik izan balu.
Ia egun oso haretan ibilian ibili zen, aipatzeko ezer zenik gertatzeke, eta honek barrua nahibagetzen zion, zeren, lehen bai lehen, norbaitekin tupust egin nahi baitzuen, bere beso indartsuaren gemena harekintxe neurtzeko. Zeinbait idazle bada lehendabizi gertatu zitzaion arrisku-jokoa Lapitze-Portukoa izan zela dioena, beste zeinbaitek dioenez haize-errotetakoa izan zen; baina nik gai honetaz ikasi ahal izan dudanaz eta Mantxako kondairetan idatzirik ikusi dudanaz, egun oso haretan ibili egin zen, eta ilunabarrean, bera eta bere zalditzarra neke-neke eginik eta goseak jota zegozen; eta alde guztietara begira-begira zegoelarik, ea gazteluren bat urkusten ote zuen edo artzain txabolaren bat begiztatzen ote, haraxe bildu eta hantxe bere premia larria asetzeko, bera zihoan bidetik urrutira bage ostatu edo txiriboga bat ikusi zuen, eta izar bat ikusi balu bezala izan zen, ez harako aterpe haretarantz, bere gaizkapeneko errege-jauregira baizik eroango zuena. Arindu zuen ibilera eta hantxe zen ilunarekin bateratsu.
Etxeko atean bi neska gazte zegozen, "aitzakiatarako" esan ohi zaien horietakoak, Sibilia aldera zihoazen mandazain batzuekin eta eguneko ibilia egin ondorean, gaua txiribogan iragaiteko geldituak zirenak; eta gure laindozale, arriskuzale honi gogotik sortzen zitzaion guztia, ikusten edo iruditzen zitzaion guztia liburuetan irakurritako haien antzera egina edo gertatua zela otutzen zitzaionez, ostatu ha ikusi zuenetik bertatik gaztelutzat hartu zuen, bere lau dorreekin, zilarrezko ttonttordun eta guzti, itxi-irekirako zubiaren ere peitu ez, inguruko lezoin-aska sakonaren gainean, eta halako gazteluei ipinten zaizkien beste osagarri guztiak zituena.
Bentara, berari gaztelu ziruditson txiribogara alegia, hurbiltzerakoan, eta bertatik bertara, Rozinanteri hedetik tira eta gelditzeko egin zion, itxaraiten, dorre-hortzetatik epotxen batek turuta joaz gaztelura zaldunaren etorrera aldarrikatzeari ekinen zitzaiolakoan. Baina, berantetsita nonbait, eta Rozinante zaltegira iristeko lehiaz zihoala ikusirik, txiribogako atera hurreratu zen, eta bertan zegozen bi neska baldanak ikusi zituen, berari, berriz, bi neskatila eder iruditu zitzaizkion edo gazteluko atearen aurrean solasean zegozen andereño panpox bi. Honetan, galondo batean bere txerritaldea (honela esaten zaie, eta ez da zertan barkamenik eskatu) biltzen ari zen urdezain batek adarra jo zuen, hots honetara biltzen baitziren, eta taka! behingo baten On Kixoteri berak gura zuena agertu zitzaion gogora, hots, epotx bat beraren etorreraren berri emaiten ari zena, eta hala, bada, poz biziz beterik bentara eta neskengana heldu zen; hauek, halako gizon, lantza, adarga eta guzti, iskiluz erabat tresnatua zetorrela ikusita, beldurraren beldurrez ostatu-etxe barrura sartzera egin zuten; baina On Kixotek, haien ihesaren zioan beldurra susmatu zuelako, jaso zuen paperezko kaska-hegala, agerian utzi aurpegi ihar hautseztoa eta, adiurre adeitsuaz bezain ahots nareaz zera esan zien:
Ez egin ihes beroriek, ez izan ezein txarkeriaren beldur, nik zin-hitza eman diodan zaldun-elkargoari ez dagokio inori gaitzik egitea, are gutiago hain andere guren direla ageri-agerian erakusten duten beroriei.
Neskak begira-begira zegozkion, eta begiez kaska-hegal txarrak estaltzen zion begitartea bilatzen ari zitzaizkion; baina anderauren izendatuak izan zirela-eta, euren lanbide motatik hain urruneko izengoitia, barreari ezin eutsi izan zioten, eta halako moldez egin zuten, ezen, On Kixote lotsagorritu zela, eta honela esan zien:
Ederrengan neurriko izaitea on da, eta ertxokeria handia, gainera, zio hutsaletik sortzen den barrea; baina ez diotzuet hau ahalge zaitezten ez tunka gaiztorik erakuts dezazuen; nire hau, behintzat, zuen zerbitzurako baizik ez da.
Honelako hizkera hau , andereek ulertzen ez zutena, eta gure zaldunaren kaizu baldarra haiengan barrearen pizgarri ziren, eta hauxe, berriz, harengan haserre-bide, mustur luzagarri; eta ez zen honetan geldituko, are aregotu eginen zen, baldin une haretantxe bentaria agertu izan ez balitz, oso lodia zelako gizon biziki baketsua zena; eta halako itxura makerra ikusita, mota hain ezberdinetako iskiluz tresnatua, hala nola, aho-hedea, lantza, adarga eta bular-oskola, ez zen, ez ,batere etorri neskekin beren pozaldian. Alabaina, hainbeste tramankulu eta zer haren guztiaren zera susmaturik eta usnaturik, eraz eta gurbilki
Berorrek, zaldun jaun, ostatu nahi balu, ohatzeaz gain -zeren txiriboga honetan ez baitago bat ere- beste guztia oparoki idoroko luke bertan. Gotorleku haretako gazteluzain haren apaltasuna ikusirik, hala iruditu baitzitzaion bai bentaria bai benta, On Kixotek zera erantzun zion
Niretzat, gazteluko jaun hori, edozein gauza nahikoa da, nire apaingailuak iskiluak dira, nire atsedena borroka egitea, eta abar.
Gazteluko jaun deitzea Gaztelako gizon zintzoetarikoa iruditu zitzaiolakoan egin zuela uste zuen bentariak, andaluziarra bazen ere, Sanlucarko hondartzakoa hain zuzen; Kako bezain lapurra zen, ezein ikaslari edo jaun-sehi ez bera baino gaizkoiago, zirtzilago, eta honela erantzun zion:
Horretaz, berorren oheak haitz gogorrak dira, berorren loa beti beila; eta horrela izanik, ongi har dezake aterpe edo ostatu, txabola honetan, eiki, aukera izango du, eta aukerak ere bai, urte osoan lo ez egiteko, eta are gehiago gau batean.
Eta hau esanda, On Kixoteren eskalapoinari eustera joan zen, berau zaldi gainetik jaitsi zen, kinkili-kankala eta nekez jaitsi, egun osoan baraurik egon den horren antzera.
Bere zaldiari arretaz kontu egiteko esan zion ostalariari, izan ere, lurbiran ogia jaten zuenik onena zen eta. So egin zion txiriboginak, baina ez zitzaion On Kixotek zioen bezain ona iruditu, ez eta erdirik ere; eta behar bezala zalditegian gomondu, egokitu orduko itzuli zen ea bere etxeko arrotzak zer aginduko ote zion, beroni neska gazteak soinetik iskiluak eranzten ari zitzaizkiolarik, elkarrekin adiskidetuta. Bular eta bizkar gainekoa erantzi bazioten ere, iduneko babesa ezin edeki izan zioten, ez kaska maker hura ere inola, lokarri orlegiz lotuta zekarren eta korapiloak ezin askaturik ebaki behar zituzten; berak, ordea, ez zuen horretarako baimenik eman, ez eta ez, eta hala gau osoa kaska jantzita zuela irago zuen; asma zitekeen itxurarik oihes, barregarri eta politena huraxe zen, inoiz ikusi begekorik bazen haxe zen; eta iskilu-janzkiak erantzi bitartean, honetan ari zitzaizkion haiei, batetik bestera eta hara-hona zebilzkion haiek gazteluko anderauren edo handikien andereak zirela irudikatzen zuenez gero, honela sona handiz eta poliki esan zien
Sekula ez da zaldunik izan
"dama" eskuz hain zerbitzatua
nola On Kixote bere herritik
honantz zenean bildua:
neskatxek goxo lagun berari
eta printzesek zaldiari.
Edo Rozinanteri, hauxe baita, ene andereok, nire zaldiaren izena, eta neurea, berriz, On Kixote Mantxako; nik ez nuen nor naizen agertu nahi izanen harik eta zuen alde eta zerbitzuan egindako nire sendagaila edo egitandiek agertuko ninduten arte; honela eta guztiz ere, Lanzaroteren kopla zahar hori oraingo asmoetara ekarri-nahiak nire izena behar baino lehenago, aldiz aurretik, jakitera emaitea ere ekarri du; baina etorriko da garaia, zuek agindu eta nik men eginen dizuedana, eta nire besoaren indarrak zuen zerbitzaurako dudan gogoa azalduko du.
Tankera honetako tartaila, kalaka erauntsia, hizkera loretsua entzuten ohituak ez zirenez, neskatxek txintik ez zerantzuioten, hitzik ez; ea ezer jan nahi ote zuen galdetu baino ez.
Zer edo zer janen nuke, bai – erantzun zien On Kixotek – on eginen lidake eta, ene ustez, egin ere.
Halabeharrez, ostirala zen, baraurikoa alegia, eta ostatu-etxe osoan arrain zati batzuk besterik ez zegoen, Gaztela aldean "abadejo", Andaluzian "bacallao" eta beste leku batzuetan "curadillo" eta beste zeinbaitetan "truchuela" esaten dioten horietarikoa baizik ez. Amuarrain txikia zen hau eta amuarrain txikirik janen ote zuen galde egin zioten, jaten emaiteko beste arrainik ez zegoen eta.
Amuarrain ttiki asko bada, amuarrain handi batek adina izanen du, berdin baitzait hogei erreal bana-banaka edo ogerleko batean. Areago dena, amuarrain ttikiekin besteokin bezala gerta liteke, hots, behia baino hobea txahala, eta antxumea akerra baino hobea. Baina, dena dela, betor, ekarri lehen bai lehen; lana, nekea, eta iskiluon astuntasuna ezin eraman daitezkeelako sabela ase eta bete bagerik, apairu legea egiteke.
Mahaia etxeko atarian ipini zioten, hoxkiro izaitearren, eta ostariak uretan txarto beratu eta txartoago egositako bakailao haretatik puska bat ekarri zion, haren iskiluak bezain beltza eta lizuna zen ogi zatixko batekin; alabaina, jaten ikustea benetan barregarria zen, izan ere, kaska kaskoan eta hegala goratua, eta honela ezin, alta, bere eskuz ezertto ere ahora eraman, beste norbaitek eman eta sartu egiten ez bazion, halatan bada, andere haietako bat egiteko honetan ari zitzaion.
Hala ere, edaten emaiterakoan, ezinezkoa izan zen inola ere, eta ezin izango zatekeen ostatuko gizonak kainabera-txotx bat zulatu ez balu, eta mustur bat ahoratua beste musturretik ardoa isurtzen zion; hau guzti hau egonarri handiz zeraman, kaska-lokarriak ez haustegatik. Honetan ari zirela, horra, hor dator urde-irentzaile edo zerri apoa zikiratzen zuena, eta heldutakoan, bere kainaberazko txistua lauzpabost aldiz jo zuen, aski zen, nahikoa zuen hau On Kixotek bere usteetan sendotzeko, hau da, gaztelu ospe handikoren baten zegoela, eta musika joz zerbitzatzen ari zitzaizkiola, eta bakailaoa amuarrainak zirela, eta ogia gari zurizkoa zela, eta emagaldu haiek andere handikiak eta txiribogina gazteluko nagusi jauna, eta hau guzti hau zela-eta ongi txit ongi zerizkien bai bere erabakiari bai bere irteerari Hala eta guztiz ere, zerak mintzen zuen gehien-gehienik, zaldun izendatua, behar bezala iskilutua ez egoiteak, bere gardiz, ezin baitzitekeen lege onez, soriki, borroka-arriskuetara sar Zalduneriaren Elkargoan zin-hitza emaiteke.