Jauna, ezinbertze da; belar hezeok inguru honetan iturri edota latsen bat dagoela garbi eta argi gogorarazten dautate, belarrok ezkotzen eta bustitzen dituen xirriparen bat; goazen, bada, aitzinago, eta idortzen gaituen egarri lakar hau non hil kausituko dugu, gosea bera baino mingarriago baitzaigu, eiki.
Aholkua ona iruditu zitzaion On Kixoteri eta, Rozinanteri hedetik heldu zion; Santxok berdin egin zuen bere astoarekin eta honen gainean abariko hondakinen batzuk ipinita, larrean gorantz hasi ziren, geri-geri, gau ilunean deus ikusterik ez baitzuten; baina, berrehun oinkada eman baino lehen, ur hots handia entzun zuten, harkaitz gaitz eta goi batzuetan beheti jauzika zetorrena. Poztu zituen zaratak biziki, gelditu ziren nondik zetorkien antzemaiteko, eta, bat-batean beste burrundada bat entzun zuten uraren poza urtu ziena, Santxori batik bat, berez beldurtia eta albi guttikoa zela eta. Danba-danba zetozen zarata batzuk entzun zituzten, danbarrada betean, burdina edota katea kirriz-karraz, uraren abarrotsarekin batera, edozein bihotz hiltzeko adinakoak, On Kixoteri ez beste edonori izu lauorria eragiteko bezainbestekoak. Gaua iluna zen, lehenttoago esana duguna, eta zuhaitz garai batzuen artera sartu ziren; haize bigunak higiarazitako orriek, far-far-far, abarrots leun bezain beldurkoia egiten zuten, lekua bakartia zen, ilun zegoen, uraren zarata taibagea zen, eta haizea firi-firi zebilen, oro batera izua eta lotseria eragitekoa zen; areago, danbatekoak ixiltzen ez zirela ikusten zutenean, haizea lotzen ez zela sumatzen zutenean, goiza heltzen ez zela, non ote zegozen ez zekitela. On Kixote, orduan, bere bihotz ausartarekin, Rozinanteren gaineratu zen, erredola besoratu zuen, lantzatzarrari tinki eutsi zion, eta honela mintzo zen
Santxo adiskide, jakin ezak, zeruak hala nahita ni burdin-aro honetan jaio nintzela urrezko hura, urre-aroa daritzona hain zuzen, berpizteko. Ni nauk, arrisku larriak, egitsari eskergak, egite gementsuak egiterako jaioa. Ni nauk, berriro zioat, Mahai Biribilekoak, Frantziako Hamabiak, eta Ospeko Bederatziak biziberritu behar dituena; ni nauk Platir, Tablante, Olivante eta Tirante-tar guztiak, Febo eta Belianisekin, eta anbiolako zaldun ibiltari ospetsu haien tirlua ahantz-bidean ezartera etorri dena; ni bizi naizen mende honetan hain ekintza gaitz, larri, harrigarriak eginen baititut, iskiluz, horrako horiek antzinatean egin zituzten handienak ttiki-ttiki agertuko direla. Ondo baino hobeto ohartu haiz, ezkutari zintzo eta kirmen hori, gauaren ilunaz, ixiltasun sorgorgarriaz, zuhaitzon abarrots sor-nahasgarriaz, bilatzen dugun uraren gurguraiaz, Ilargiko mendietatik behera jauzika, amiltzen ari dela dirudiena; ohartzen haiz, bai, danba-danba gure belarriok mintzen dituen danbarrada etenbageko horretaz, eta hauek guztiok batera zein bakoizka Marte bera ere bildurtzeko adinakoak direla badakik, halako gertakizun edo antzeko arriskugaietan ohitua ez denari batez ere izugarriak zaizkiola. Bada, hauxe, nik honela margotu diadan hau guzti hau nire bihotz bipilarentzat pizgarri duk, susper eta bizkortzeko eztenak bailiran, eta dagoeneko bihotza bularrean lehertzeko zorian zadukaat, borrokaizun berri honi aurre egiteko gogoaz, gaitz dena gaitz dela. Estu iezaiok, ea, Rozinanteri petrala, pitin bat, eta egon Jaungoikoarekin, itxadon hemen ez hiru egun baino gehiago, eta ni ez banentor hi itzul hinteke gure herrixkara, eta handik Tobosora joan haizateke, niri mesede bat egitearren, Dultzinea nire andere berdingeari esatera bere gatibu duen zaldun hau hil zela, berea izaiteko duintasuna irabazi nahiaz ekitean.
Santxo bere nagusiaren hitzok entzun eta berehala negarrez hasi zen, inongo xamur-xamurrenik, eta ziotson
Jauna, nik ez dakit zergatik nahi ote duen berorrek hain borrokaizun beldurgarriari ekin: orain gaua da, heben ez gaitu inork ikusten, bidea bihur dezakegu eta arriskutik itzur gaitezke, hirur egunean edan ez bageneza ere; eta nehork ez gakusatzalako nehor guttik erran dezake deusik gure koldarrez, are guttiago nik gure herriko apezari -berorrek ontsa ezagutzen duenari- predikuan entzun baitiot, nehoiz, galtzoriaren bila dabilenak bertan bizia galtzen duela; Ez da on Jainkoari kitzika egitea, halako egintza neurriz-gainekoari ekinez, onik gertatzeko mirariren bat edo gehiago behar litekeela jakinik, eta orain arte eginiko mirari guziak nahikoak dira, zeruak berorrekin egin dituenak, ni bezala burusian astindua ez izaitean, edota hilotza zeramaten hainbat etsaien artetik garaile, aske eta onik irtenarazi zuenean. Eta honek guzi honek bihotz gogor hori biguntzen ez gilikatzen ez badu, eragin biezaio, zerak, berori hemendik joan orduko, ni, beldurrez, neronen arima hartu nahi dezanari emaiteko zorian gerta naitekeela jakiteak eta uste izaiteak. Ni neure herri koxkorretik jalgi nintzen, eta berorri zerbitzu egite aldera seme-alabak eta emaztea utzi nituen, gehiago izan nahian ez guttiago, baina beteegiz zorroa lehertu doa eta niri igurikipena lehertu zait, zeren eta, harako uharte beltz, zoritxarreko hura, hainbat aldiz berorrek agindurikoa, erdiesteko itxaropena bizi-bizirik ukan dudanean, haren ordez eta ordainetan honen ezleku baztertu batean bakarrik utzi nahi nauela orain baitakusat. Jainko bakarraren izenean! nire jauna, ez niri egin halako tzarkeria bat, eta nahi ez balu berorrek erabat utzi egite hori egiteke, luza beza epea, bihar arte bederen; nik artzain nintzela ikasi nuen zientziak burutara emaiten didanez, honik goizlehenera hiru oren bertzerik ez dago, izan ere, argizagiaren adarraren ahoa buru gain-gainean da, eta gau erdian ezkerreko besoaren lerroan.
Nolatan duk hik, Santxo, ekusten ahal non den lerro hori, non aho hori edo dioan lepondo hori, honen gau ilun honetan ortzian izarrik ekusterik ez dagoenean?
Hori da – Santxok erantzunez – , egia da, baina beldurrak anitz begi du, eta lurpeko gauzak ikusten baditu are ikustenago ditu goragokoak, ortzian; eta honegatik pentsa daiteke honik egun argira epe llaburra dagoela.
Llabur nahiz luze – esan zion On Kixotek – nitaz ez dadila inola erran, ez orain ez inoiz, negar malkoek edota otoiek zaldun erara egin beharreko nire eginkizunetatik saihestu nindutela; beraz, otoi dagiat, Santxo, ixil hadin; Jaungoikoak, nire bihotzean inoiz ekusia izan ez den borrokaizun beldurgarri honi ekiteko aiherra ezarri duenak, nire osasuna begiratuko dik eta hire bihotz hila berpiztuko dik. Rozinanteri pretala gogor estutu behar duk, eta hementxe geratu; ni laster nauk berriro hemen, bizirik ala hilik.
Azken erabakia zuen hau nagusiak eta Santxo ohartu zen harenganako balio urria zutela bere negarrek, aholkuek, otoiek; bestela jokatzea otu zitzaion, haregatixe, bere igurdizia erabiliko zuen, eguna argitu arte itxadonarazteko. Zaldiari petrala, sabel ondoko arranpela alegia, lotzen eta estutzen zuen bitartean, ezarian-ezarian, Rozinanteri gidailak astoaren hedearekin batera lotu zizkion. On Kixote ibilten hasi zenean ezin, zaldia ezin zen ibili eta, jauzika-jauzika baino ez. Santxo Pantzak bere kilimiskaren atarramendu ona ikusita esan zuen:
Begira, jauna, zeruak, nire malko eta otoien errukiz, Rozinante bertan geldi egon dadin agindu du; eta berorrek jo balu, akuilatuz higitu eragin nahi balu, Asturua suminaraziko luke, eta hau akuiluari ostikada izan liteke.
Honez gero, On Kixote bere onetik aterata zegoen, eta, zaldiari orpokadaka eragiten bazion ere, ezin higiarazi izaiten zuen; ez zen lokarriaz ohartu eta baretzera egin zuen, itxadon beharra zuen, nonbait, edo eguna argitu edo Rozinante higitu arte; ustez eta noski, hura guztia beste nondibait zetorrela eta ez Santxoren trikimailu batetik. Honen zioz honela zerauntson:
Hala duk bada, Santxo, Rozinante ezin duk higitu, ni pozik nagok argi-zirrinta ekusi arte igurikitzen, etorri arte horretan berantetsita negarrari emanik egonen nauk baina.
Ez da zertan negarrik egin – Santxo ele onez – eguna argitu bitartean ipuin jaulkiz gozaraziko dut nik berori, zaldiaren gainetik jaitsi eta belar hezearen gainean lo kuluska bat egin nahiago ez balu, behintzat, zaldun ibiltarien legeari jarraikiz, egundu eta gero hatsartuago egon dadin, eta eginkizun duen borroka hain larriari ekiteko bere senean.
Zer diok, jaitsi edo lo egin? Ba ote naiz ni, ausaz, arriskualdian atseden hartu ohi duten zaldunetarikoa? Lo egik heuk, lo egiteko jaio baihintzen edo egik nahi duana, nik neure xedearekin baterago datorrela uste dudana eginen diat eta.
Ez bedi haserre berori, ene jauna – Santxok apalki – ; ez dut horren kariaz erran.
Eta harenganatu zen, hurreratu zitzaion eta esku bataz aurreko artzoiari heldu zion eta besteaz besteari, honela nagusiaren ezkerreko izterra besarkatzen zuen, danba-danba entzuten ziren zarata haien beldurarren beldurrez zegoelako ez zen harengandik askatu ez xehe bat ere aldendu. On Kixotek ipuinen bat jaulkitzeko erran zion, jostatzearren, agindu bezala gozaraz zezan, eta Santxok baietz erantzun zion, eginen zuela, entzuten ari zenaren beldurrak utziz gero.
Dena den, baina – Santxok – kondaira zenbait erraiten ahaleginduko naiz, eta jaulkitzen ongi asmatzen badut, kondairetan hoberena da, bego erne berori, oraintxe hasiko naiz eta. Bazen behin, eta etor litekeen ongia ororentzakoa izan dadin, eta gaizkia bila dabilenarentzat... Ohar bedi berori, jauna, antzinakoek euren aholkuei emaiten zieten hasera ez zela nolanahikoa izaiten; Caton Zenzorino erromatarraren erranairu bat zen, dioena: "eta gaizkia bilatzera joan zenarentzat", aukera-aukeran datorkiguna, berori geldi egon dadin eta inora joan ez dadin gaizkiaren bila, baina bertze bide batetik itzul gaitezen, honetan aitzina joaitera inork ez gaitu behartzen honenbertze beldurrez ikaran beti.
Aitzina, Santxo, hire ipuinarekin eta hartu behar dugun bidearena utzi nire gain.
Zera, bada – Santxo berriro jaulkiz edo edatsiz – diodan bezala bazen Extremadurako herri koxkor batean ahuntzain bat Lope Ruiz zeritzona, eta Torralba izena zuen artzaineme batekin maitemindua zegoen Lope Ruiz hau; eta Torralba izeneko hura abeltzain aberats baten alaba zen; eta abeltzain aberats hau...
Horrela jaulkitzen baduk hire ipuina, Santxo, erraiten duana bi aldiz erranez, ez duk bi egunean amaituko: esan ezak, bada, eraz, jaulki ezak adimen ona duen baten antzera, edo bestela, ez erran deus.
Nik egin bezala – ihardetsi zion Santxok – jaulkitzen dira nire herrian atso-ipuinak, eta nik ez dakit bertzela, eta ez dago ongi berorrek niri molde berririk erabil dezadan galdatzea.
Errak, bada, nahi bezala, eta, halabeharrak entzutera behartzen nauenez gero, jo aitzina.
Honela, beraz, ene arimako jaun neurea – Santxo hizketan – lehenago erran dudanez, ahuntzain hau Torralba artzaina begiz joa zuenetik maitez mindua zen; neska gazte guria, hezgaitza, pittin bat mari-gizona zen hori, sudurpean ile batzuk dituelako, oraintxe ikusten ari naizela dirudist eta.
Horretaz, hik ezagutu huen? – On Kixotek.
Nik ez nuen ezagutu, baina ipuin hau jaulki zidanak hori guzia egiaz egia zela erran zidan eta non-nahi, bertzeren bati jaulkiz gero, nik oro ikusi nuela, baietz eta zinez, berrets nezakeela. Hala bada, egunak joan egunak jin, Txerrenek, lotan ez dagoena eta dena nahaspilatzen duena izanki, ahuntzainaren maitasuna artzainarekiko engara edo gogo gaixto bihur zekion egin zuen azpiz; eta zergatik eta, mihi gaiztoek ziotenez, neskak txutxu eragin ziolako, zaio donge batzuk ernarazi zizkiolako, arean; batzuk baino gehiago eta gehiegi, nabaski; hainbesterainokoa izan zen ahuntzainak harez geroztik gaitzetsi ziola eta ez ikusteagatik lurralde haretarean alde egitea erabaki zuen, bere begiek inoiz ere harzara ikusiko ez zuten lekura joaiteko. Torralba, bere burua hala Lopek arbuiatua ikusi ondorean, inoiz ez bezain maitekoi agertzen zen, harekiko.
Hori emakumeengan berez horrela izan ohi duk, izan ere – erran zion On Kixotek – : maite duenari burutik behera egin eta tirrit egiten diona, ordea, maite dik. Hoa aitzina, Santxo, eta ez nahasegi.
Erabaki eta egin egin zuen, eta ahuntzainak bere ahuntzak bildu zituen, aurrean jarri zitzaien eta Extremadurako landetan zehartu zen, Portugalgo erresumetara iragaiteko. Torralba, horren berri jaso eta laster, haren gibeletik joan zen, eta urrundik oinez eta oinutsik zerraion, eskuan makila, lepoan zakuto batzuk; eta erraera da berauetan ispilu zati bat eta orrazi zati bat, eta nik ez dakit zer-nolako ontzitto bat aurpegia politzeko gaiez betea zeramatzala; zer-nahi zeramalarik ere, nik ez dut orai araketan hasi nahi, zera baino ez dut erranen, ahuntzaina Guadiana ibaia zeharkatu omen zuela, eta guneko haretan handitua omen zetorrela, ia gainez eginki, eta iritsi zen lekuan ez omen zegoela ontzixkarik, batelik ez xalantik, ez bertze aldera nork eramanen zuen, eta honegatik larritu zen hagitz Torralba atzetik hur-hurran zetorkiola eta; nahibage asko ekarriko ziola uste omen zuen, otoiz eta malkoz; so eta so ibili zen, hortakoz, eta arrantzale bat begiztatu zuen ondoan ontzixka bat zuena, ttipia, lagun batekin ahuntz bat baino ezin edukizkoa; honela ere, hitz egin zion, eta elkar hitz hartu ere biok, bera bere hirurehun ahuntzekin uraz haraindira iragan zitzan. Arrantzalea ontzira sartu zen eta ahuntz bat eroan zuen ibaiaz beste aldera, gero, itzuli zen eta bertze bat eraman zuen, berritzuli zen atzera eta bertze bat berreraman zuen . Kontuan har beza berorrek zeinbat ahuntz den, harat-honat honetan arrantzaleak garraiaturik, zeren eta oroimenean batto galduz gero ipuina amaituko baita, eta handik hara gehiago txintik ez. Aitzina noa eta, bertze aldeko naza guziz basa zen, lokatz hutsa, labaingarri oso, eta arrantzaleak joan-jinean epe luzea behar zuen. Honela eta guziz ere, itzuli zen eta itzuli zen, ahuntz bat eta bertze bat eta...bila eta eroaitera.
Egik kontu – On Kixotek esanez – guztiak zeharkatu zituela: ez hadi ibil horrela, joan-etorrian, harantz eta honantz, urtebetean ez dituk diren-direnak beste uhaldera eramanen eta.
Zeinbat joan da, dagoeneko? – galdetu zion Santxok.
Nik, zer arraio dakita? – On Kixotek.
Erran diot, bada, nik, horratx, : kontuan har. Jainkoarren, ipuina amaitu da horretaz, aitzina joaiterik ez dago.
Nolatan izan daiteke horrela? – On Kixote berriro – Hain funts-funtsekoa ote da, bada, jakitea ea zeinbat ahuntz irago ote den, oro har, bat huts eginez gero kondairan aurrera joan ezin izaiteraino?
Ez, jauna, inola ez – Santxoren erantzuna – baina nik berorri ea zeinbat ahuntz zen bertzalderatu galde egin diodanean eta ez dakiela erantzun didanean, niri, une horretantxe, ahantzi zait erraiteko nuen guzia, eta alafede! anitz zen, pozbideko bezain onuratsua.
Orduan' – On Kixote – ipuina amaitu da?
Nire ama bezain amaitua – Santxok.
Egia erranen diat – On Kixote mintzo – hik herorrek jaulki duk inoiz lurbira osoan inork asma zezakeen ipuin, erranairu, atso-hitz edo kondairarik berrienetako bat, eta hire jaulkiera hori, has eta amai, ez dela inon ez bizitza osoan ekusi ez ekusiko; ez nian, ez, baina, hire hitz jario horretatik bertzerik uste; eta ez zaidak harritzen, ez horixe, beharbada, hona arteko guztian hartu izan dituan ukaldi edo kaskakoek hire zentzua nahasarazi diate.
Izan liteke, bai; baina nik badakit nire ipuin honetan ez dagoela gehiago erraiterik: ahuntzen garraioko zeinbaketa huts egitean amaitzen da.
Amai dadila nahi duenean – esan zion nagusiak – eta ekus dezagun, ea, Rozinante higitzen ote den.
Aztalkada bat eman zion, eta hura berriz ere jauzika, ukoti-jauzi bat egin zuen, oin-geldian beti: ondo tink lotua zegoelako.
Honetan ari zirela, edo goizeko hotzagatik, goiztutzen hasixea baitzen, edo Santxok apalorduan gauza aringarriren bat jateagatik, edo berez datorren egitekoa izaitegatik -hauxe uste behar da gehien bat- berak ez bestek egin ahal zuen egitekoa egiteko gogoa etorri zitzaion; bihotza beldurrez gainezka, ordea, eta bere nagusiagandik izpi bat aldentzeko ausardiarik ez. Egiteko larri zen hura ez egitea ere ezin; eta, onez onean, eskuineko eskua zuen askatu, atzeko artzoiari heldua zuena, eta horregaz, ezarian bezala poliki-poliki, galtzak lotzeko kordelaren bigizta jaregin zuen; besterik behar ez eta galtzak behera, oin-bilurren antzera geratu zitzaizkion; honen ondoan, atorra goratu zuen, ahalaz, eta ipur-konkor biak, txikerrak ez zirenak, abran ipini zituen, aire-airean. Honela jarrita -larriune haretatik irteiteko egin behar zuen guztia zela usterik- beste behar handiago bat etorri zitzaion, danbarrada edo burrunba egin bagerik ezin burutuzkoa zena, eta hortzak estutzen hasi zen, sorbaldak uzkurtzen, arnasa bere baitan biltzen, ailadin; baina, hauek behar hauek guztiok eginez, bere zoritxarrean, zarata pixka bat egin zuen, azkenik, beldurra eragin zion beste hura ez bezalakoa, hala ere. Entzun zuen On Kixotek, eta esan:
Zein dunbots da hori, Santxo?
Ez dakit, jauna. Gauza berriren bat al da; zori onak eta zori txarrak elkarrekin ibili ohi dira maiz eta.
Saiatu zen atzera eta ongi egin zuen, zaratarik egiteke, egitekoa; arbindu zuen zama hustutzean. On Kixotek usaimen ona, entzumena bezain ona, Santxo ondo-ondoan, kiratsa gorantz, sudurra luze; heldu zen zuloetara, eta berehala joan ziren atzamarrak sudurraren laguntzaile, itxi zituzten ate biak, eta sudur-mintzoz, jijau, esan zuen:
Beldur-beldurrak jota hagoela zirudistak.
Bai, horrelaxe nago – erantzun zion Santxok – ; baina zer dela eta ohartu da berori oraintxe?
Orain inoiz baino usain handiagoa darialako, eta ez da anbare-usaina, apota!– On Kixotek kinkun.
Izan liteke, bai, nik, ordea, ez dut errua, berorrek baizik, ez ordu eta ez leku ekartzen bainau.
Hastan hadi, apur bat edo bi, lagun – esan zion On Kixotek atzamarrak sudurretatik edeki bage – eta hemendik aurrera euk ardura handiago hire heurekiko, eta niri neuri zor didaanarekiko, ezen, hirekin egin izan dudan elkarrizketa luzearen ondorio duk, nik uste, honelako gutieste hau.
Lepoa eginen nuke – Santxo hizketan – berorrek uste duela nik neurez behar ez bertzerik egin dudala.
Eraginago eta zirinago, Santxo adiskide.
Honelako nahiz antzeko mintzaldian gaua joan zitzaien; goiztu aginean zegoela sumatua, Santxok, kontuz-kontuz, Rozinante askatu zuen eta galtzak lotu. Loturarik bagekoa zela ohartu zeneko, berez errutsua ez bazen ere, suspertu zen eta eskuka hasi zen, gidailez zankarranka -barka biezagu hau esatea- ez baitzekien. On Kixotek ikusi zuen, izki edo ezagugarritzat hartu eta harako arrisku beldugarri hari ekiteko izki ona zelakoan jarri zen. Eguna argitu zuen, gauzak bereizteko adinakotu, eta On Kixotek zuhaitz garai batzuen artean zegoela ikusi zuen, itzal oso iluna egiten duten gaztainondoak hain zuzen. Sumatu ere zuen, lehengo ukaldi-zarata taibagea ez zela eteten, nork edo zeinek zeragiten ez zuen ikusi baina, eta gelditu bage, Rozinanteri ezproinak sumarazi zizkion. Santxori berriro agur egin zion, hantxe bertan hiru egunean, gehienez, itxaraiteko agindutakoan, lehengoan agindu zion eran, eta epe horren ostean itzuli ezik Jainkoaren nahiaz orduko borrokaizun beldurgarri haretan bere egunak ahituko zitzaizkiola gogoratzeko. Berriz ere, lehengoan egin zion "mandatua", hots, Dultzinea andereari bere izenean eraman behar zion mezua berragindu zion, eta zerbitzuen ondainari buruz axolarik ez izaiteko, bere herri koxkorretik irten aurrez hilburukoa eginda utzi zuela eta, lansariari zegokion guztia bertan ebatzita, bere zerbitzualdiko hainbana emanen zitzaiola; Jainkoak, ostera, arrisku larri haretatik bizirik eta onik ateraraz baleza, agindutako uhartea, ben-benetan, emanen liokeela. Santxok negar egin zuen, bere nagusi zintzoaren esaldi errukigarriok entzunda, eta utziko ez zuela erabaki zuen, harik eta elkarren garatz haren azken unera arte.
Santxo Pantzaren malkoetatik eta hain erabaki prestu haretatik kondaira honen egileak ondorio garbi bat ateratu zuen, hau da, gizon gizabidetsua zena, edo kristau zaharra behintzat bai.. Haren bihozmin harekk nagusia hein batto bigundu zuen, ez inolako ahulgorik erakuts zezan arteraino, hala ere; aitzitik, ibilten hasi zen, ahal zuen bezain ongi ezabatsiz, alegia eta ez axolarik, hain zuzen uraren zarata eta dunbotsa, antza, zetorren lekurantz. Santxo gibeletik oinez zihoakion, astoa, ohi bezala, buruko hedetik eroanez, bere asturu on-gaitzetan beti lagun. Gaztainondo eta zuhaitz itzaltsu haien artean zati bat egin zuten, eta haitz garai batzuen barrenean zegoen arraba edo zelaitto batera iritsi ziren. Haitzotatik behera ur xirripa handi bat erroizten zen. Haitzon barrenean etxe baldar batzuk zegozen, aurritik edo etxe-hondarretik gehiago zutenak etxetik baino. Haietako batetik, eteten ez zen danbarrada edo zarata jalgitzen zela ohartu ziren. Asaldatu zen Rozinante ur eta ukaldien zarataz, baretu zuen, pittin bat, On Kixotek eta, emeki-emeki etxeetaratu ziren, bere burua bihotz osoz bere andereari eskaitzen, egun beldurgarri eta eginkizun arriskutsu haretan lagun ziezaion otoitzen, eta, bide batez, Jaungoikoari ere ez ahanzteko otoitz egiten. Ondo-ondotik ez zen aldendu Santxo, lepoa luze, begiak luzeago, Rozinanteren hanken artetik, ea ikusten ahal zuen hain izuturik zedukan hura zer ote zen. Beste ehun bat urrats egin eta, bihurgune batean, hara, hantxe agertu zitzaien, ageri-agerian, harako zarata ikaragarri zitzaienaren egilea, beste ezer ezin zitekeen eta, gau osoan beldur baten eduki zituena. Zerak ziren – haserregarri edota mingarri ukanen ez al duzu, irakurle – bolako sei gabi ziren danbarrada hura eragiten zutenak, behin-banako ukaldiez.
Zer zen ikusi zuenean, On Kixote mintzul eta goitik behera harrituta gelditu zen. Begiratu zion Santxok eta burua paparrean zegoela ikusi zuen, bekaraz josita bailegoan, lotsarren aurpegia erorita legez. So egin zion On Kixotek Santxori, eta matelak handiturik zituela ikusi zuen, ahutza barrez beterik lehertzeko zorian ia-ia, eta bere berezko goibeldurak gaina hartu zion, Santxori begira barre egiteari ezin eutsi izaiteraino; eta honek nagusiarenaz kutsatua haren ondotik hasi zen, barruan eutsia zedukana ahotik askatuz, eta barre-zantzoka ez lehertzearren mehakak ukabilez estutu behar izan zituen. Lau aldiz baretu zen eta beste hainbeste kar-kar-kar barrez itomenean jartzen zen, haseran bezain txinpartsu; eta On Kixote xamurtzen hasia zen, eta are xamurtzenago entzun zionean, murrika antzean, zioela: - "Santxo adiskide, jakin ezak, zeruak hala nahita ni burdin-aro honetan jaio nintzela urrezko hura, urre-aroa daritzona hain zuzen, berpizteko.Ni nauk, arrisku larriak, egitsari eskergak, egite gementsuak egiterako jaioa..." Eta honelatsu, danba-danba-danba beldurgarri haiek entzun zituzten lehen aldian On Kixotek esaniko esaera guztiak edo gehienak berrizkatzen joan zen.
On Kixote, bere lepotik Santxo murrika ari zela ikusirik, lotsak hartu eta sumindu zen biziki, eta nola!, jaso zuen lantza, eta, dzirt eta dzart, bi makilkada eman zion, bat-batean; eta bizkarraldean hartu zituelako gaitz erdi!, buruan jaso balitu, ordea, lansaria ordaintzeko beharkizunik bage geratuko zen, haren oinordekoei egin ezean. Isekatik ondorio txarra erakartzen zuela eta nagusia areagotuko zen beldurrez, Santxok, apal-apal erran zion:
Lasai bedi berori, Jainkoarren, txatxetan ari naiz eta.
Bada, txantxetan ari zarelako ez nauzu txantxetan ari ni – erantzun zion On Kixotek. Erdu hona, jaun alai: uste al duzu, bolako mailutzarrak diren ber, arriskubide larriak izan balira ez nuela nik erakutsiko aur egin eta jazarteko behar beste adorerik? Behar ote dut nik, zaldun naizen honek naizena naizelarik, ezagutu eta bereizi edozein hots, eta jakin zein den bolakoa edo ez? Are gehiago, izan liteke, eta egia duzu, bizitza osoan ez dudala holakorik ekusi inoiz, zuk, bai, ekusi izan duzu, nekazale nekazuri hutsa izanki, holakoen artean sortua eta hazia zarelako. Osterantzean, egizu zuk, zera, sei mailutzar horiek erraldoitzar bihur itzazu, eta banan-banan ekar iezazkidazu, edo denak batera, eta denak hankaz gora uzkailiz zapuztuko ez banitu, egikezu nahi dukezun iseka.
Aski da, ene jauna; irribarretsu xamar ibili naizela aitor dut; gehiegi. Baina, orain bakean, esan diezadala berorrek, eta Jainkoak arrisku guzietarik honako honetatik bezain onik eta ondo irtenarazi eta araziko duelarik: ez al da barregarria izan, eta jaulkitzekoa, jo gaituen beldur handia? Ni jo nauena, bederen; berorrek, nik ontsa badakit, ez du beldurra ezagutzen, ez daki zer den izua ez lauorria.
Ez diat ukatuko gertatu zaiguna barregarria dela; baina ez da jaulkitzeko duina; pertsona guztiak ez dituk hain zuhurrak, den-dena den neurrian ezarteko.
Tira, bada, behinik behin, lantzatzarra bere neurrian ipinten jakin du berorrek, burura zuzenduz bizkarrean eman dit, Jainkoari esker eta eskerrak zaluki saihestu naizela. Dena den, joan dadila, den-dena bokata-ontzian iraziko da eta; entzun izan dut nik honako hau: Gaitz daritzanak irri deraidik, on daritzanak hasperen, eta gehiago ere bai, jaun urenek, ohiz, otsein bati hitz gaizto bat egin ondorean, galtza batzuk emaiten dizkiotela, ez dakit, baina, zer emaiten dioten makilka erabili ondorean, ez dakit, ba, zaldun ibiltariek makiladaz gero uharterik edo lehorreko erresumaren bat emaiteko ohitura ote duten.
Eskualdi ona gerta litekek, bai, eta dioan guztia gauzatu; eta barka ezak gertaturikoa , zuhurra haiz eta badakik aurreneko hazi-orraziak ez dagozela gizonaren eskutan. Bego hor; alabaina, aurrerantzean, adik, har ezak arreta nirekin gehiegi mintzatzetik begiratzeko eta hizketan neurritsu izaiteko: irakurri ditudan zalduntza-liburu guztietan, ezin zeinbatuzkoak, ez diat inoiz aurkitu ezkutaririk bere jaunarekin hik heurearekin egiten duan hainbat hitz egiten zuenik. Eta, zinez, oker handitzat hartzen diat, hirea eta nirea: hirea, niri guti esten didaalako; nirea, gehiago etsiarazten ez diadalako. Bai, Gandalín, Amadis Gaulakoren ezkutaria, Firme uharteko konde izan zuan, eta haretaz irakurten da ezen, bere jaunari hitz egitean beti txanoa eskuan edukitzen zuela, burua gorputzarekin makurturik egiten zuela, more turquesco, alegia, trukuen antzo. Bada, zer esanen dugu Gasabal, On Galaar-en ezkutaria zenaz, hain isila gizona, ezen, isiltasun haren miresgarria aitortzeko, behin baizik ez zela aipatua izan haren izena harako kondaira handia bezain egiazko haretan? Erran diadan guztitik burutan hartu behar duk, Santxo, nagusitik sehira, jaunetik otseinera, zaldunetik ezkutarira tarte bat egin beharra dagoena. Honela, bada, gaurgero, elkarri begirune handiagoz ihardun behar zioagu, zeren, ni hirekin haserre banendi, nolabait, pegarrak hartuko bailuke kalte. Nik agindutako bai dohainak bai etekinak beren garaian helduko dituk, lansaria, behintzat, ez duk galduko, esana utzi diadan moduan.
Ongi errana dago berorrek dioen guzia – esan zion Santxok – ; nik jakin nuke -mesedeen garaia helduko ez balitz ere eta lansariari eutsi beharra balego ere- zeinbat irabazten zuen garai haietan zaldun ibiltari baten ezkutariak, eta saria ilbetekal, edo egunkal igeltseroen mutil legez, ituntzen al zuten.
Nik ez diat uste – On Kixotek berriro – orduko ezkutari haiek lansari truk ibiliko zirenik inoiz, mesederen ordainez baizik. Nik hilburukoan, itxita etxean utzi nuenean, hiri lanaren ordainezko sari bat esleitu banian, zer gerta ere egin nian; oraindik ez zakiat nola garatzen den gure garai lazeriatsuotan zalduneria, eta ez nikek nahi ttikikeria gutti batzuengatik nire arima beste munduan alaz egon ledin. Jakin dezaala nahi diat, Santxo, bertan ez dagoela zaldun arriskuzaleen bizibidea baino galgarriagorik.
Horixe bai egia, zeren eta, bolako mailutzarren zarata edo azantz hutsa nahikoa izan baitzen berori bezalako zaldun ibiltari arriskuzale adoretsu baten bihotza asalda eta larritzeko. Alabaina, ziur egon daiteke, gaurgehiago, ez dudala ezpainik erabiliko berorren zeretaz hitz gozorik egiteko, berori gorestearren ez bada, nire jaun eta jabe denez, izan.
Horrela, lurraren gainean biziko haiz; izan ere, gurasoen ondorean nagusiari zor zaiok begirunea, guraso balitz bezala.