Kondaira larri, hotsandiko, labur, gozo eta irudikatu honetan, Zide Hamete Benengeli egile arabiar eta mantxatarrak dio XXI. atalaren azken aldean On Kixote Mantxako ospetsu eta Santxo Pantzaren artean esanik utzitako hitz-mitzak amaitu eta gero, On Kixotek begiak gora eta bidean etorten hamabiren bat oinezko gizon, burdin-katea luze bati lepotik lotuta, eskuturretan bilurrak, errosario-gonderak bezala txirikordatuak ikusi zituela. Haiekin batera, bi gizon zaldiz eta bi oinez zetozen, gurpildun zizpa banarekin zaldi gainekoak, azkon-ezpatekin oinezkoak. Santxok ikusi zituen bezain laster esan zuen:
Hori galeretara daramaten jendea da, erregearen indarrez behartua, arraun-zigorra jasan behar duen jendearen katea.
Nolatan behartutako jendea? – galdezka erantzuten On Kixote – Ba ote daiteke, ala, erregeak inor behartzerik?
Ez dut hori erran nahi – Santxok erantzun zion – , erregeari, indarrez, zerbitzatzera doan jendea dela baizik, egindako lege-hausteren bat edo bertze dela eta erruduntzakotua.
Labur bilduz – ihardetsiz On Kixote –, nola nahi den ere, jende hau, daramaten arren, ez zoak bere nahiz, behartuta zoak.
Horrelaxe.
Bada, horrela bada – nagusia mintzo zen – honako honetan nire eginkizunari ekitea zagokidak: indarra indarrez hautsi eta behartsuei lagundu eta urgatzi.
Ohar bedi berori justiziak, erregea bera baita, ez diola halako jende motari irainik egiten ez indarrik egiten, haren gaiztakeria zehatu egiten du baina.
Heldu zen, hurbildu, galeretara galdutakoen katea, eta On Kixotek, adei ekarriz, gisako hitzez galdetu zien, zaintzaileei, halako jende hura zergatik edo zeren kariaz zeramaten hala, eta jakinaraz ziezaioten. Zaldi gaineko zaintzaile batek arraun-zigortuak zirela erantzun zion, maiestatearen jendea, galeretara zihoana, eta beste esatekorik ez zela, eta harek ez zuela beste jakitekorik.
Horrela eta guztiz ere – ihardetsi zion On Kixotek – jakin nahi nuke haietako bakoitzak zer egin ote duen bere zoritxarrerako.
Honela eta honelakotsu itaun zuhur, neurrizko eta gurbil batzuk gehitu zituen jakin nahi zuena erran ziezaioten, eta zaldizko beste zaintzaileak hitz hartu zuen:
Zorigaizto hauetako bakoitzaren epaia hemen daramagu, agiria errolda batean, baina ez dugu astirik gelditzeko eta banan-banan ateratuz irakur ditzagun: bihoa berori eta galdetu begio bakoitzari, haiek esango diote nahi badute; nahi izango dute, bai, txarkeriak eginez eta egindakoa esanez atsegin hartzen duen jendea da eta.
Baimen honekin, On Kixotek eman bagerik ere hartuko zuena, kateara hurreratu zen eta aurrenari itaundu zion ea zelako bekatuagatik zihoan hain eran gaiztoan. Maitemindua izaiteagatik erantzun zion.
Horregatik soilik?– On Kixotek berriro. Bada, maitemindua izaiteagatik galeretara bidaltzen badute, ni aspaldian egon nintekeen bertan arraun egiten.
Nire amodioak ez dira berorrek uste legezkoak – gatibuak esan zion – ; nik hain maite izan nuen ikuz-zare bat jantzi zuriz bete-betea, nire besoen artean estu-estu hartu nuena, ezen justiziak indarrez kendu ez balit, oraindik orain ez nukela utziko nire nahiz. Ageri-ageriko hutsegitea izan zen, ez zen gero estirarik ez oinazerik izan, auzi-bidea bukatu zen, bizkar aldeak taiutu zizkidaten, ehun eta beste hiru gehiturik, zigorkada zehatzez, eta amaitu zen egitekoa.
Mutila hogeita lau urte ingurukoa zen, Piedrahita herrikoa zela esan zuen. Bigarrenari berdin itaundu zion On Kixotek, ez zion, ordea, txintik erantzun, hain ilun eta uzkur zihoan; eta honeketz aurrenak erantzun zion, esanez:
Hori, jauna, kirriskileta delako doa, zera, soinulari eta kantaria delako esan nahi dut.
Nola, baina? – On Kixotek atzera – Soinulari eta abeslari izaiteagatik ere galeretara galduta?
Bai, jauna – galera-ontzira zihoanak – ez dago ezer txarragorik atx baten kantatzea baino.
Nik beti entzun izan dut, orain baino lehen – On Kixotek – abesten duenak bere gaitzak uxatzen dituela.
Hemen alderantziz – katean lotuak esan zion – behin kantatzen duenak, bizitza osoan negar egiten du.
Ez dut ulertzen – erantzun zion berriro On Kixotek.
Zaintzaileetako batek azaldu zion:
Zaldun jauna, atx baten kantatzea, hau bezalako jende ez oso santuaren inguruan estiran aitortzeari esaten zaio. Bekatari horri ala eragin zioten, oinaze gogorra, eta bere hogena aitortu zuen: abere-lapurra zen, besteen kabaleak ebasten zituen, eta aitortu zuenez gero sei urterako galeretara galdu zuten, eta berrehun zigorkada gainera, bizkarrean hartuta daramatzanak. Beti kopetilun doa, uzkur, han geratu ziren ohoinek eta hemen doazenek gaizkitzen dutelako, ihaultzen dutelako, eta gutiesten, eta laidoztatzen, aitortu egin zuelako, eta ezetz esateko albirik izan ez zuelako. Haiek diotenez, bai bat edo ez bat hitz bat baino ez da, eta aski adina zori du gaizkin batek hala bizitza nola heriotza bere mihian duelako, eta ez lekukoen edo argitzaileen mihietan. Nire baitan, xoil oker ez dagozela uste dut.
Nik ere holaxe – On Kixotek erantsi.
Eta hirugarrenagana joan zen, besteei bezala itaundu zion, eta bai erantzun ere lasai asko, bixkor-bixkor, esanez:
Ni bost urterako noa galera andereengana, hamar dukaten peitu izan nintzelako.
Nik gogo onez hogei emanen dut – esan zion On Kixotek- atsebage horretatik gaizketzearren.
Hori, itsaso erdian dirua dadukana bezala iruditzen zait, eta non behar duena erosirik ez duelako goseak hiltzen dena. Hauxe diot, zeren, behar nuen tenorean hogei dukat horiek, berorrek orain eskaintzen dizkidanak, eduki banitu, "eskribauaren" idazluma koipeztuko nukeen, eta "prokuradorearen" buru-argitasuna bizkortuko nukeen, eta ondorioz, gaur-egun Zokodober Toledoko herriko enparantzaren erdian nengoke, eta ez bide honetan, erbi-zakur antzo oruhalez lotua; baina Jaungoikoa handia da: egonarria beraz, eta kito.
Laugarrenagana irago zen, aurpegi agurgarriko gizona zen, bizar zuri luze paparretik behera zerionekoa zen. On Kixotek itaunduta, zergatik ote zetorren entzun zuenean negarrez hasi zen, ez zuen tutik erantzun; baina bostgarrenak hartu zion mintzoa eta esan zuen.
Gizon zintzo hori lau urterako doa galeretara, bere lotsa jendetzaren aurretik, arrandiaka jantzita, zaldi baten gainean ibilarazi eta gero.
Hori, nire irudiz – esan zion Santxo Pantzak – ageriko lotsaldira jalgitzea da.
Horrelaxe da – berriro arraun-ontzira zihoanak – ; belarria hara-hona eroan izan du, eta are soin osoa ere bai, eta honexen erruagatik ezarri diote zehapen hau. Horixe, jaun hau isil-mandatari ibili izan delako doa doan lekura, eta are gehiago, aztiaren lepokoa eta beste gauza batzuk eduki dituelako.
Lepoko eta gauza horiek erantsi ezik – On Kixotek esan zuen – isilean mandatuak edo mezuak igorteagatik, soilik, ez zuen galeretara arraun egitera joaitea irabazi, kapitain-pilotu edo ontzi-buru izaitera baizik, noski. Isil-mandatarien lana ez da, gero, nolanahikoa; zuhurren lanbidea da, eta ondo antolatutako leterri batean behar-beharrezkoa, eta edonork ihardun dezakeena ez da, jende sortzez garbiak egitekoa baizik; gehiago ere esanen dut, halako lanean dabilenaren aztertzaile edota ekuskariren bat ere egoitea on liteke, beste langintza batzuetan ohi legez, zeinbaki ezagun eta omen handikoa duena, hala nola azokako bitartekariena, eta honela hainbat kalte ekidin liteke lanbide honetan iharduten duena adimen urriko jendexkila artean ibilten baita, adibidez, anderexkilak, gutti gora-beherakoak , edo sehittoak eta laganteak, urte gutikoak eta hastura laburrekoak, itxura nolabaitekoa erakutsi behar denean, behar orduan, eskutik ahorakoan mamia izozten zaie, eta eskuina non duten ez dakitenak. Aurrera jo nahi nuke eta behar-beharrezko diren langintza horietan ihardule izaiteko zergatik behar litzatekeen hautaketa egin adierazi nahi nuke. Ez da, ordea, honetarako lekurik onena: egunen batean esanen diot zuzendu eta antolatu ahal dukeenari. Orain zera diot, aurpegi agurgarri hori eta ile urdin horiek hori bezalako nekaldian ekusteak eragin didan tamala, isil-mandatari hutsa izaitearen erruz, azti delako eranskin horrek ezabatu didala. Badakit ez dagoela munduan aztikeriarik inoren nahimena behartuz aldatu eragin ahal duenik, zeinbait kaskal edo txolinek uste duen bestera, gure hautamena askea da, ez dago belarrik ez "pamerialik" behartzen duenik, inor sorgintzen duenik. Zeinbait emakumexkila txiribiri eta beste gixon zaplandari zital zeinbait hor ibilten dira, nahaski eta pozoin edo eden batzuekaz, gizon batzuk zorarazten,eurek nahi dutena, ondo beharrean, jadetsi ahal izaiteko beste indar edo ahalmen edo gaitasun dutenak direla pentsarazi nahiz, inoren nahimena, diodanez, behartu ezinezkoa delarik.
Horrela da – esan zuen zahar zintzo hak – ; eta benetan, jauna, aztiaren haretan ez nuen errurik; mandatariarena, aldiz, ezin nuen ukatu. En nuen uste gaizki egiten nuenik: nire asmo hutsa jende guztia jostetan, eta bakean lasaiki bizi izaitea zen, liskarrik ez tamalik bage. Nire asmo on horrek, ordea, ez zidan onik egin itzuliko ez naizen lekura ez joan behar izaiteko; urteak gainean ditut, eta gernu-gaisorik nagoelako ez naiz lipar baten ere atsedenean egoiten, beraz itzultzekorik ez dut.
Hau esan orduko negarrari eman zen, lehenttoago bezala; Santxok, errukiak jota, golkorean erreal lauko bat atera zuen eta erremusin eman zion.
On Kixote aurrera joan zen eta beste bati haren hogena galdetu zion, erantzulea, aurrekoa baino guttiago ez, askoz "oilarrasiki" edo erskonago hasi zitzaion
Ni neure bi lehengusinekin, eta beste bi nire arrebak ez zirenekin txantxetan gehiegi ibili nintzelako noa hemen; hainbesterainokoa txantxa haiekin guztiekin azkenean senideak ugaritu zirela, Txerrenek berak zeinbateraino ez dakien kopuruan. Den-dena irargiz egiaztatu zen, aldekorik bat ere ez, dirurik ere ez, eztarria galtzeko zorian ikusi nuen neure burua, sei urterako galeretara galdu ninduten azkenean, eta bai onartu nik: nire erruaren zigorra zen; mutila naiz: birau bizitzak, berarekin oro erdiesten da eta. Berorrek, zaldun jauna, behartsuxkila hauei laguntzeko ezer baldin badarama, Jainkoak zeruetan ordainduko dio, eta guk lurrean Jainkoari otoitz egiten ardura handia hartuko dugu berorren bizitza eta osasunaren alde, berorrek merezi duen bezain luze eta on izan daitezen.
Ikasle-soinekoz jantzita zihoan, eta zaintzaileetako batek oso berritsua zela eta jaseko latinoa zela esan zuen.
Hauen guztion gibelean itxura oneko gizon bat zetorren, hogeita hamar bat urtekoa edo, so egitean begi bat beste begira pittin bat sartzen zuena, ezkela alegia. Besteak ez bezala lotua, oinean katea zekarren, handia, soin osoaren inguruan biribilkatua, eztarri aldean edo saman zirgilo bi, bata kateari lotua, bestea "lagunoin" daritzotena, beronetatik bi burdina gerri alderaino, eta bertan girgilleta bitan ukaraiak sartuta tinki lotuak eta giltzarrapo lodi batez itxiak, halako moldez, ezen, eskuak ahoratu ez eta burua eskuetaratu ezinez zihoala. On Kixotek itaundu zuen zer zela eta ote zihoan ha gizon ha hainbeste burdinaz, besteek baino gehiagoz, loturik. Zaintzaile batek erantzun zion: beste guztiak baino askoz gaiztakeria gehiago egindakoa zela, eta hain ozarra zenez, gizatxar zitala, hala zeroaten arren, ez zutela fitsik entzindu egiten harengandik, ihes eginen ote zuen beldur zirela.
Zelako delitua egin ote du – On Kixote galdezka – galeretarako zehapena besterik irabazi izan ez badu?
Hamar urterako doa – zaintzaileak – , gizarterako hila da. Besterik jakin ez da behar, hau gizon on hau Pasamonteko Gines da, ezizenez Parapillako Ginesillo daritzona.
Atxilozain jauna – esan zuen tostartekogaiak – bebil poliki-poliki, ez gaitezen ari orain izenak eta ezizenak azaleratzen. Gines dut izen, eta ez Ginesillo, nire narea Pasamonte da, ez Parapilla berorrek dioena; eta nork bere oboan bira egin dezala, ez du gutxi egingo eta.
Hitz egik apalago – atxilozainak – egundainoko lapur jaun horrek, nik isilaraztea nahi ez baduk, atsegin ez bazaik ere.
Badirudi – ihardetsi zion atxilotuak – gizona Jainkoak nahi duen bezala doala; egunen baten, ordea, baten batek jakinen du Parapillako Ginesillo izena dudan ala ez.
Zer bada, ez diate horrela esaten ala, gezurrontzi hori? – erauntsi zion zaintzaileak.
Bai, horrela darizt – Ginesek berriro – ; baina beste behin ez niri horrela esateko egingo dut nik, edo, osterantzean, nire hortz artean larrutuko nuke bat edo bat. Zaldun jauna, emateko ezer baldin badu guretzat, eman oraintxe eta bihoa Jaungoikoarekin; inoren bizitza jakin nahi horrenbesterekin gogait eragiten du eta; nirea jakin nahi izanez gero, Pasamonteko Gines naiz, eta nire bizitza atzamar hauezaz idatzita dago.
Egia dio – atxilozainak harzara – : berak bere kondaira idatzi du, besterik ez eta liburua gartzelan bahituran utzi du, berrehun errealetan.
Eta berrehun dukatetan geratuko balitz – Ginesek esana – kitatu egingo nuke.
Horren ona al da? – galdetu zion On Kixotek.
Hain ona denez – Ginesek erantzun – Tormesko Itsumutila eta beste antzeko horientzat guztientzat, idatzi nahiz idatziko diren horrelakoentzat, urte txarra da. Gauza bat esango diot berorri: egiak jaulkitzen ditu, egia hain eder hain gatz-pipertsuak, ez dagoela gezurrik haien alderatzekorik.
Zein izenburu du liburuak? – On Kixote berriz ere galdera eginez.
Pasamonteko Ginesen Bizitza – erantzun zion ber-berak.
Bukatua al dago?– On Kixotek.
Nola egon ote bukaturik – ihardetsi zion lehengo berak – nire bizitza oraindik bukatua ez dago eta? Idatzita dagoena ni jaio nintzenetik azken aldiz galeretara bota nauten orain artekoa da.
Beraz, beste inoiz egon zarea horrakoetan? – On Kixotek itaundu zion.
Jainkoaren eta erregearen zerbitzurako, bai, beste behin lau urtez egon nintzen, badakit zelako ahokera duen bizkotxoak eta idizilak zelako "bizkarkera" duen, eta ez dit axola handirik berriz ere bertara joateak, nire liburua bukatzeko aukera izango dudalako. Espainiako galeretan behar litzatekeen baino gelditasun handiagoa dago, eta nik idatzi behar dudanerako ez da askoz handiagorik behar, buruz jakin badakit eta.
Trebe dirudizu – On Kixote mintzatzen.
Eta dohabagea – Ginesek erantzun – burutsua denari beti zori txarra darraio eta.
Zitalei zarraiek – esan zuen atxilozainak.
Badiot esan, atxilozain jauna – Pasamonteren hitzak – poliki-poliki joan dadin. Ez zioten eman makil hori hemen goazen gizagaixook gaizki erabiltzeko, errege majestate jaunak agindutako lekura eroan eta eraman gaitzan baizik. Bestela, zeraren bizitza arraio...-aski esana honenbestez- egunen baten bogada egitean odola ahurka bil liteke; isil bedi jende guztia, eta bizi bedi ongi, eta hobeki mintzo bedi, eta gabiltzan, asko da murrikaz.
Jaso zuen zarta atxilozainak gora, Pasamonte joiteko, honen mehatxuei ihardetsiz; baina On Kixote erdian jarri zen, eta ez ihaultzeko otoi egin zion, ez baitzen asko eskuak hain estu loturik zeramatzanak mingaina nolabait askaturik edukitzea. Kateako guztiei begira jarri zen atzera eta esan zien:
Esan didazuen guztirean, anaia laztanak, garbiro eta garbira atera dudana, zera da: zuen erruengatik zehatu bazaituzte ere, pekatu behar dituzuen zehaldi hauek ez dituzuela batere gogoko, gogo txarrez zoaztela, zuen nahimenez bestera zaramatzatela. Harako hura estira-aldian bihotza erori bazitzaion, horrako horrek dirua behar eta eduki ez bazuen, beste horren aldekorik eza, azkenik, epaile baten zentzu makurra, hauek guztiok izan zitezkeen, izan ere, zuen galgarriak eta zuen alde behar zuen justizia zuekin burutu ez izaitearen zioa. Gogoan darabilt orain, irudiz irudi, hau guzti hau, eta oldozten ari naiz, eta honek guzti honek diost, burutara sartzen dit, eta areago, bulkatzen ere, zuekin erakuts dezadan Zeruak zertarako bidali ninduen mundura, eta zergatik sarrarazi ninduen zalduneriara, eta zeren xedez zin eragin zidan sarreran beti behartsuen alde, goikoen azpian dagozen ahulei laguntze aldera ihardun dezadan, ekin egin nakion. Baina, zuhur izaitearen zati batek diost, badakit, onez egin ahal delarik ez dela txarrez egin behar, honegatik, zaintzaile eta atxilozain jaun hauei, aska zaitzateten eta bakean joaiten utz diezazueten otoi egin nahi diet. Izanen al dira, bai, beste batzuk, erregearen zerbitzua aukera hobean eginen dutenak, izan ere, Jainkoak sortzez aske egin zituenak jopu bihurraraztea gogor zait. Are gehiago, zaintzaile jaunok – erantsi zuen On Kixotek – gizagaixo hauek ez dute hutsik egin zuen kaltetan. Hor konpon nork bere hogenarekin, Jaungoikoa bada Zeruetan gaiztoa zigortzen nahiz ona saritzen, bere eskuko arduratzat harturik axolagetzen ez dena; eta ez da zuzen gizon prestuak beste gizon batzuen borrero izaitea, deus ez doakielarik are gutiago. Otzan-otzan eskatzen natzaizue, bakez eta onez, aska ditzazuen, honela egin badezazue eskerrak emaiteko aukera izan dezadan, eta on-onean ez eginez gero, lantza honekin ezpata, eta nire besoaren indarra batuz, nahi eta nahi ez egitera behartuko zaituztet indarrez.
Kirtenkeria galanta! – atxilozainak ihardetsi zion – Ederra azken buruko agindu bidebageko hori, zoroa behar liteke! Zer nahi eta, Erregeak atzitu dituenak aska ditzagula ez du, bada, nahi, askatzeko aginpidea bagenu bezala, edo berak hori agintzeko nagusigoa balu bezala! Bihoa berori, jauna, onez onean, berorren bidetik aurrera, eta zuzen beza buruko txolet hori, eta ez bedi eguerdian ilargi bila ibil.
Zu bai zarela girtena, hatsitua, eta zitala!– ihardetsi zion On Kixotek.
Hau esan eta egin, bertatik bertara, eraso egin zion, behingoan, eta babesteko astirik eman ez, eta bertan behera lurrera egotzi zuen, aztakada batez zaurituta; eta gaitz erdi, hauxe zizpa zeramana zela. Beste zaintzaileak harri eta zur gelditu ziren, ustebageko gertaeraz txundituak; baina, berehala, beren onera etorrita, heldu zieten euren ezpatei zaldizkoek, hartu azkonak oinezkoek eta On Kixoteri oldartu zitzaizkion. Patxadaz zegoen hau itxaroten; eta gaizki, benetan oso gaizki, iragoko zuen, lotuta galeretara zeramatzaten haiek, euren askatasuna erdiesteko abagunea ikusita, lotzen zituen katea eteteari ekin ez balitzaizkio. Asaldakuntza hain nahasia izan zenez, zaintzaileek bai atxilotuak atzeman beharraz, askatzen hasiak baitziren, bai On Kixoteri esetsi nahiaz, beronek erasoka baitzihardukan, azkenean, ez zuten ez batera ez bestera ezer onik egin.
Santxok ere lagundu zion, bere aldetik, Pasamonteko Gines-i jara egiten, jauzi zen lehena izan baitzen, aske eta azkar, eta hantxe heldu zion lurrean egotzita zegoen atxilozainari, ezpata kendu zion, zizpa ere bai, eta batenganantz zuzendu zuen, eta besteaganantz, batari zizpa erakutsi besteari erakutsi, tirorik egiteke beti, zaintzaileak oro ihesi joan ziren, ziztu bizian, landa osoan bat ere geratu ez gelditu bagerik, apatx-aurtika alde egin zuten, hala Pasamonteren zizparen beldurrez nola atzituak, askaturik, hainbat eta hainbat harri ukaldika ari zitzaizkielako. Goibeldu zen hagitz Santxo gertatutako honetaz, iheslarion Anaitasun Santuari berri emaitera joanen zirelakoan, eta beronek laster, ezkil deiadarrrez, gaizkinen bila irtengo zuelakoan.
Nagusiari adiarazi zion, eta, arren eta arren, handik bertatik urrutiratzeko, eta lehen bai lehen, eta oihan, hurran zegoen haretan zehar ostentzera joiteko, ahalik arinen alden zitezen.
Hori ongi zagok – esan zion On Kixotek – baina nik bazakiat orain zer zaigun egitea komeni.
Galeretarako guztiei deitu zien, han-hor zebiltzan asaldatuak atxilozaina soildu ondorean, larrugorritan utzi eta gero, inguratu zitzaizkien, baranoan jarrita, ea zer aginduko ote zien, eta honela esan zien:
Hartutako ongia eskertzea bihotz oneko jendearena da, eskertxarra Jainkoari iraingarrien zaion hogenetako bat da. Hauxe diot ekusi duzuelako, jaunok, ber-bertatik, niregandik hartu duzuen ongia. Honexen ordain, nahi nuke, eta honela agintzen dizuet, katea horrekin zamaturik, zuen lepoetatik edeki dudan horrekintxe, bidean aitzina abia eta Toboso hirira joan zaitezten; bertan, nire andere Dultzinearen aurrean agertu ondoan, esan diezaiozuen bere zaldun Itxura Hitseko honek goraintziak bidaltzen dizkiola, eta zuen askatasuna irabazteko gertatu zaigun jazoaldi ospetsu honen berri zehatza jaulki diezaiozuen. Hau guzti hau eginez geroztik, nahi dukezuen lekura joan zaitezkete, zori onaren bila.
Guztien izenean Pasamonteko Gines-ek erantzun zion
Berorrek agintzen diguna, jaun eta gure askatzaile, ezinezkoa da zinez, bideetan zehar elkarrekin joan ezin garelako, bakarka eta sakabanaturik baino ez, bakoitza bere aldetik, Anaitasun Santuak idoro ez gaitzan, honez gero gure bila irtena izango da noski, eta lurraren erraietan ostendu beharrez gu. Berorrek zera egin dezake, eta egin behar luke: Tobosoko Dultzinearen zerbitzu eta zor hori kitatzeko agindua aldatu behar luke agurmaria eta kredo batzuk egitearen truke, guk berorren nahierara egingo ditugunak, gauez bai egunez egin daitekeena baita, ihesean bai geldialdian berdin, bakean edo guduan ere bai; baina, berriro Egiptoko eltzeetara, hots, esne-mamitan bizi gineneko haietara itzuli behar dugula pentsatzea, gure katea hartu eta Tobosorantz ibilten hasi behar dugula, alegia, orain gau dela pentsatzea bezala da, eguneko hamarrak direnean; guri holakorik eskatzea zumarrari gari eskatzearen antzekoa da.
Arraioa, bada – esan zuen On Kixotek suminak joa – On putaseme hori, Paropilloko On Ginesillo, edo nor nahi zaren hori, zeu bakarrik joanen zara, bada, buztana hanka artean, katea lepoan.
Pasamonte, eraman guttikoa zena, On Kixote guztiz zentzuduna ez zela antzemanda, batik bat askatasuna eman nahian egin zuen egin behar ez den hura eginaz gero, halako era iraingarrian erantzun ziola ikusita, begi-keinu bat lagunei egin eta lipar bat bazterrera zen, eta hasi ziren hasi harriak euria bezala On Kixoteren gainera erortzen, ezin zuela honek erredolaz babespetu ere egin, esku guztiak gora-behera; Rozinante gaixoa brontzezkoa balitz bezain soraio zegoen orpo-eztenari jaramonik ez eta. Santxo bere astoaren ostean jarri zen, hauxe babestzat hartuaz goitik zetorkien harri-erauntsitik begiratu ahal izaiteko. Babespe onik ezean, On Kixote ez zen ateratuko onik hango zaparrada haretan ez dakit zeinbat harrik jo baitzuten, bete-betean, soinaren gainean, indartsu gainera, lurrera eragotzi zuten arte.Erori eta bertan ikaslea hurbildu zitzaion, burutik txoleta kendu zion , eta bizkarrean hiruzpalau kaskako, pla! pla, pla! eta beste honenbeste lurrean, ia-ia puskatu zuen, txikitu, kaskatzat zuen hura. Guda-soinekoaren gainean zeraman janzkittoa erantzi zioten, galtza-erdiak ere kendu nahi, baina aztaletakoak zituen jantzita eta zoztor izan ziren. Santxori gainean zeraman longaina kendu zioten,eta larrugorritan utzirik, guda-hondakin guztiak euren artean banatuta, alde egin zuten, bakoizka. Anaitasunagandik ihes egiteko gogo biziagoaz, Tobosoko Dultzinea andereagana, kateak lepoan harturik, joaiteko baino.
Astoa Rozinanterekin, Santxo eta On Kixote bakarrik geratu ziren; astoa burumakur eta gogoetatsu, belarriak noiz edo noiz astintzen zituela, harri-ekaitza amaituta ez zegoelakoan edo, belarrien ondotik ziztuak entzuten ari zenaren antzo; Rozinante, bere jabearen ondoan erorita: beste harri batek uzkaili baitzuen; Santxo biluzik eta Anaitasun Santuaren ikaraz; On Kixote, muzin-muzin, fixtin-faxta, hain on handia berak egindako haiengandik beraiengandik hain ihailita, esker gaizto-gaiztoz ordaindu izanaz guztiz gaitzitua.