Apaizaren asmoari Bizarginak ez zion txar eritzi, on baizik, eta berehala gauzarazten hasi ziren. Txiribogin andereari zaia bat edo kotta bat edo, eta moto batzuk galdatu zizkioten, burua estaltzeko zapiren batzuk alegia, ordezko bahituran Apaizaren sotana berri bat utziko ziotelarik. Bizarginak hantxe, ostatuko gizonak orrazia esekita zuen idi-buztan gorri batetik bizar handi bat egin zuen. Etxandereak' haiek gauza guztiak zertarako nahi ote zituzten galdetu zien. Apaizak, ele guttitan, On Kixoteren zorotasunaren berri eman zion, eta zegoen mendi haretatik aterarazteko behar zituztela esan zion. Txiribogako jaun-andereok orduantxe hauteman zuten, orduantxe, nor zen zoroa, nor eta gantzukiduna, burusian gora eta behera erabili zuten ezkutariarena, eta orduan Apaizari harekin gertatu zitzaien guztia jakinarazi zioten, Santxok isilean gorde zuen guzti-guztia isiltzeke. Laburzki, etxeko andereak Apaiza jantzi zuen, ikusgarriro jantzi ere: ehunezko zaia bat ipini zion, barrua ileguri beltzezko gerruntze zabal batzuek hanpatua, eta ileguri orlegizko gorontz batzuk ziriko-ehun zuriz azpilduak, bai hauek bai zaia Wamba erregearen garaian edo eginikoak, nonbait hor. Ez zuen motoa jantzi nahi izan Apaizak eta buruan kurlotto gosnatu bat gauetan lotarako ohi zuena jantzi zuen; bekokian tafetan beltzezko zerrenda bat lotu zuen eta beste zerrenda batez mozorro antzeko zerbait osatu zuen, bizarrekin begitartearen estalgarri; buruari bere kapela doi-doitu zion, handiaren handiz eguzkitako adinona zen kapela, eta bizkarrrean zeraman kapilotx-motxa estali zuen; mando gainera igo zen, izter-eztika emakumezkoen antzera, albo batera alegia, eta Bizargina berearen gaineratu zen, bizarra gerrirainokoa, zurixka-gorrixka, esan dugunez idi gorrail baten isats-ilez egina zena.
Agur egin zieten, hango guztiei, Maritornesi ere bai, eta honek errosario bat otoitz eginen zuela eman zien hitz, bere bekatarian, Jaungoikoak' hasia zuten eginkizun hain kristau bezain neketsuan amai ona opa ziezaien. Baina, ostaturean irten eta berehala, Apaizari halako zer halakoaz halakatuari txar edo ez batere on eriztea burura etorri zitzaion, eliz-gizon bat zeraz zertzea behar-ez-bezalakoa, zantarra zela iruditu zitzaion, on beharrez egin arren; Bizarginari esan zion, horretaz, soinekoak aldatzeko, neska behartsuz jantziarena egokiago harek zuelakoan, bera, aldiz, ezkutariarena eginen zuela; honela bere duintasuna ez zela hain itsuski narriatua izanen, eta egin nahi ez bazuen, aurrera ez joaitea erabakia zuela, On Kixote Txerrenek berak eroan baleza ere. Honetan, Santxo heldu zen, eta biak ala biak halako jantziz jantzita ikusteagatik ezin barreari eutsi izan zion. Bai, halaxe, Bizarginak' Apaizak nahi zuenari men egin zion, asmoa trukatu zuten, Apaizak nola jokatu beharko zuen irakatsi zion, eta nolako hizkeraz egin beharko zion On Kixoteri berarekin etor zedin, eta leku haretatik aterarazteko, alperriko nekaldi hura bertan bazter uztera bultzatuz. Bizarginak baietz, beragana bilduko zuela, tinel-tinel, asko ikasi bage. Ez zuen bertan jantzi nahi izan, On Kixote zegoen lekura iritsi arte baino, eta soinekoak tolestu zituen, Apaizak bere bizarrak moldatzen zitueino, bidean aitzina zihoazela, Santxo Pantza aurrendari. Bidaldian, mendian zoro bat aurkitu zutela eta zer gertatu zitzaien jaulki zien, aitzitik, aurkituriko zorroa eta barruan zedukana aipatu ere egin ez, inola; zeren, txotxoloa izan bazen ere, guztiz kokoloa ez baitzen.
Hurrengo egunean, Santxok bere nagusia utzi zuen lekua edireiteko isats-adar batzuk ihaurrita bidean zuintzat ipini zituen lekura iritsi ziren; eta ezagutu zuenean, ataka haretatik barrura jo behar zutela erran zien, eta "mozorroak" janzteko, nagusia askatu nahiz hala behar izanez gero; aurretik haiek ondo azaldu baitzioten halako janzkera eta halako jokaera hura nahitaezkoa zela, nagusia hautatua zuen biziera txar haretatik jalgiaraziko bazuten, eta, otoi, ez esateko nagusiari nortzuk ziren ez ezagunak zituenik ere; eta galdetuko ziola, galdetu eiki, ea gutuna Dultzineari eman zion, eta baietz erantzun ziezaion erran zioten, eta irakurten jakin ez zekielako hitzez erantzun ziola. Erantzuna, berriz, eskaera bat zela, zera, agintzen ziola, bere zoritxarraren pean, berehala berarengana zedin elkar ikustera, berak nahi bizia zuenez. Hau guzti hau eginaz, eta haiek esateko asmatua zutenaz, biziera hobe batera bilduko zutela uste osoak jota zegozen, eta gero, enperadore edo errege izaiteko bidean jarraraziko zutela, eta artzapezpiku izaitearenaz ezer ez. Santxok dena entzun zuen, bai oroimenean hartu ere ongi baino hobeki, eta eskerrak eman zizkien bere nagusia enperadore izaiteko, eta ez artzapezpiku, aholku emanen ziotelako, zeren, berak bai baitzekien, bere baitan, ezkutariei mesede egitearren enperadoreak artzapezpiku ibiltariak baino ahaltsuagoak zirela. Bera aurretik joaitea hobe zela erran zien, bilatu eta haren anderearen erantzuna emaite aldera; hango leku haretatik aterarazteko nahikoa izanen zelakoan, haiek hainbesteko lanari ekin aitzin. Santxo Pantzak ziotsena ondo hartu zuten eta nagusiaren berri berriak ekarri arte hantxe bertan igurikitzea erabaki zuten.
Mendiko mehaka, zintzur eta arroila haietan barrena sartu zen Santxo, beste biak errekarte batean utzita; lats ttiki, otzan bat zihoan bertan zehar zuhaitz eta haitz batzuen itzal hoxkara, geriza atsegin petik beheti. Beroa eta bertaratu ziren eguna agorrilekoa, alderdi haietan kiskalgarri, arratsaldeko hiru orenak gainera: lekua orduan atseginago, eta itxaraiten egonean egoteko berariazkoa; beraz, Santxo noiz itzuliko zain geratu edota gelditu ziren. Hantxe zegozela, bada, biak lasai asko gerizpean, ahots bat belarrietaratu zitzaien, beste ezein tresnaz lagundurik ez bazetorren ere, hots ezti, guria zena; harritu zitzaien ez gutti, hain ongi xaramelatzen zuenik egon zitekeen lekua ez zela uste baitzuten uste. Esan ohi da, esan ere, oihan-landetan zehar ahots ezinago gozo, zoli, atsegineko artzainak dabiltzala, baina, olerkarien gehittokeriak dira, gutiz gehienak, egiaren ordez. Harrituago are, zentzuten xaramela bertsoak zirela-eta, ez abeltzain zakarrenak, jauregitar gurbil batenak baizik. Egia hau berretsi zuten bertsoak honelakoak ziren:
Zein dut kaltegarri dena?
Gaitzespena
Zein min dagistana samina?
Maite-mina
Zein ene galgarriena?
Urrun dena
Nire gaitzak, hau da pena!
Ez duke sendabiderik
urrun naiz maitez etsirik
hau ene azken orena.
Zein dut nik gaisotasuna?
Maitasuna
Zein ni menpera beharra
zoritxarra
Zein zait bihotz bagekoa
Zerukoa
Nire gaitza, nolakoa!
Zerutiko txori txarrak
dakarzkidan maite-garrak
arima erretakoa
Zein dut errearen hotza?
Heriotza
Zein dut maitasun-saria?
Minbizia
Zein da hortaz sendatua?
Zoratua
Nire gaitzak nahitua
on-, eder- , zintzo antzean
zoro bizi bitartean
Heriok nau "akatua"
Ordua, bakartasuna, ahotsa eta kantariaren trebetasuna harrigarri zitzaizkien, eta pozgarri aldi berean, entzule biei, geldi-geldi egon, adi-adi ea besterik entzuten zuten zegozenei; baina isilaldia luzatu ahala, berantetsita nonbait, hain ahots onaz abesten zuena nor zen ikustera irteiteko gogoa piztu zitzaien. Jaikieran, ahots berak geldiarazi zituen, berriz ere, belarriratuz honako hamalaurkun hau
Santua, bai, adiskidetasuna
itxuraz lurtarra baina hegalez
zerurantz iragaiten dakienez
lurra zeru-zati bihur diguna
Sarritan gauez janzten da eguna
iruzur dena estaltzen laztanez
orduan bai, behar, hala beharrez,
adiskide zintzoa den laguna
Hator, bada, lagun, adikisdantza
ez utz inork alda hire izena
egia bihur ez dadin gezurra
Gal baledi gal ongiaren antza
mundu honetan gal litekek dena
hi bizitzaren haiz mami-hezurra
Kantua hasperen sakon batez amaitu zen, eta biak, erne bai erne, ea gehiago entzunen ote zen igurikitzen gelditu ziren; baina, xaramela hipa bilakatua zela, auhena baino ez, zinkurin huts bihurtua zela ohartu zirenean, hain ahots gozo bezain minkoi ha zuen goibel hura nor ote zen jakitea erabaki zuten, eta urrutira bagerik, haitz baten ttonttor ostean gizakume bat begiztatu zuten, nolakoa eta Santxo Pantzak Kardenioren ipuina jaulki zienean iruditaratu zien tankera edo itxura ber-berekoa. Gizona, ikusi zituenean, izutu ez eta geldi-geldi geratu zen, burua paparraren gainean apalik, gogoeta barru-barrukoian dagoen gizonaren antzera, eta begiak jaso ez zituen, harenganatu zirenean, ezustean, behin begiratzeko baino. Apaiza, ele ederdun gizona izanki, haren zoritxarraz jakitun, ezagutu baitzuen, noski, aieruren batzuk gora-behera, hurbildu zitzaion eta hizpide labur baina zuhur batzuez, arren eta arren egin, hitzik hitz limurtu zuen bizitza esteiari, errukarri hura utz zezan, bertan bizia galdu nahi ez bazuen, zoritxarretan zoritxarrena izanen zena. Kardenio, orduan, bere senean zegoen, bere barrenetik noiz edo noiz aterarazten zuen harako sumin-aldi haretatik aske; honelatan bada, hango haiek biak hain janzkera bazter haietan ez usua zenaz apaindurik ikusita, harrittuxe zen, eta are harrittuago zen bere ihardueraz hitz egin ziotela entzunda (Apaizak esandakoak hala eman baitzion aditzera); eta honela erantzun zien:
Ondo dakusat, jaunok, nortzuk-nahi zaretela ere, zeruak, beti onginen alde egin, eta askotan gaizkinen alde ere ohi duenak, nik irabazi ez dudan arren, honen basabazter urrun eta gizakiengandik asagoko lekuotara, norbait bidali didala, nire begien aurrean zentzuzko hitzez nire bizitza zentzuz bagetua ekusarazteko asmoarekin, nire honetatik at beste hobe batera alda nadin; baina, ez dakizuenez nik dakidala kalte honetatixe jalgiz beste handiago batera eroriko naizena, beharbada, burubide okerreko gixontzat hartzen nauzue, eta are txarrago izango litzatekeena, burubakotzat. Harritzekoa ez, noski, hola, zeren niri neuri ere gogoan sartzen baitzait ezen nire zirigaiztoen irudipenaren indarra, honen nire galgarri gogorra denez gero, ezin eragotzi izaiten dudala, eta harri eginik bezala gelditzen naiz, zentzurik ez zantzurik bage. Egia honetaz ohartu ohartzen naiz, norbaitek aditzera eta jakitera eta gogoan hartzera emaiten didanean, zer eta nire zoroak neure buruaren jabe egitean nire honek egin izan dituen zera eta zera; orduan dira minak, orduan zinak, nahi eta ezinak, alperrik hala ere oro, eta nire zoroaldi horren zioaren berri emaiten diot entzule nahi duenari, aitzakia legez; izan ere, zentzudunak ez luke txunditu behar, gertatzen zaidanagatik, baldin baleki zergatik, eta sendabiderik eman ezean, errurik ere ez lidake emanen, bederen; eta azkenik, nire zorakeriak eragin dion haserrea, nire zorigaitzen tamal bihurtzen zaio. Zuek, jaunok, beste batzuk etorri izan diren asmo berdinagaz bazatozte, hitz zuhurretan aurrera joan baino lehen, otoi dagitzuet entzun dezazuen nire nahibageen ipuina, ipuinetik asko ez badu ere, zeren, ulertu ondorean, hartu duzuen lana aurreztuko baituzue, inolako pozik ez duen gaitz honentzako poz-bideren bat bilatzerakoan egin asmo duzuen eginkizuna alde bat utziko baituzue.
Besterik ez zuten nahi haiek, gaiztunaren ahotik beretik gaitzaren berri jakitea besterik, eta jaulkitzeko arren egin zioten, harek nahi zuenaz besterik egingo ez zutela opaka, bai senda- bai poz-bidez; honela, beraz, zaldun ilunak bere kondaira negargarria hasi zuen, On Kixoterekin ahuntzainari, duela zeinbait egun, egindako hitz ia berdinez, ia hitzez hitz; nahiz eta orduko haretan, historiak dioenez, ipuina amaitzeke geratu, Elisabat maisuarengatik eta On Kixotek zalduneriaren ohorea zaintzen erakutsi zuen tineltasunagatik. Oraingo honetan, ordea, asturu onak zoroa geldiarazi zuen, eta hasi bezala bukatu arte edatsiz jaulkitzeko aukera ukan zuen; honelaxe egin eta Amadis Gaulakoren liburuan On Fernandok aurkitu zuen txartela zegoen lekura iritsita, Kardeniok gogoan ongi hartua zuela esan zien eta honela zioela
Luszinda Kardeniori
" Egunetik egunera zuregan ahaldinak aurkitzen ditut gero eta maitetsiago izan zaitzadan bultzatzen, behartzen nautenak; honegatik bada, zor honerean aterarazi nahi baninduzu, ene ohorea galtzeke, ondo bai ondo egin zenezake. Nire aitak zu ezagutzen zaitu eta ni biziki maite nau, beraz, nire nahia behartu bagerik zure nahikunde zuzena beteko du, benetan diozun bezain on erizten badidazu, nik uste bezala."
Aitor-txartel hau zela eta, Luszinda emaztetzat hartzera egin nuen, lehenago esana dudan eran, eta honegatixe, On Fernandoren eritzian, Luszinda bere garaiko emakumerik zuhur-argienetako bat bezala geratu zen; eta txartel honexek zion eragin ni hondatzeko asmoa, nire asmoa gauzatu aitzin. Luszindaren aitak zer eta nola nahi zuen nik On Fernandori jakinarazi nion, eta zera zen, hots, neure aitak galdatu behar ziola hain zuzen; ni beroni, hala ere, eskatzera ausartzen ez nintzaion, uko eginen zidalakoan edo, ez Luszindaren tasun guztiak, hala edertasuna nola ontasuna ongi ezagutzen ez zituelako, zeren Espainiako beste edozein etorkiren kaparetasuna areagotzeko adina eta gehiago bai baitzituen halakotasunak, baina ni hain laster ezkontzea nire aitak nahi ez zuelako, nik uste, Errikardo dukeak nirekin zer egingo ikusi arte. Labur bilduz, nire aitari esatera ausartzen ez nintzela jakinarazi nion, horrako eragozpen horregatik eta beste askogatik, gogora etorten zitzaizkidan batzukatik, zeintzuk ziren ez jakin arren; honen kariaz, nire asmoa inoiz ere gauzatuko ez zela iruditzen zitzaidan. Honi On Fernandok erantzun zidan nire aitari berak hitz eginen ziola beronek Luszindari egin ziezaion. Oi Mario handinahi, oi Katilina anker, oi Sila gaizkile, oi Galalon maulati, Oi Bellido saltzaile, oi Julian asperkor, Oi Judas dirukoi! Saltzaile, etoi, anker eta aiherkor, zelako ez-mesede, nolako ez-laguntza egin ote zizun, bada, eketak, ene goibel honek, xalo-xalo bere barren-barreneko asmoen berri, bihotzaren pozak eta guzti, agertu zizkizun neure honek? Zelako iraina egin ote nizun, bada? Zein hitz esan, zein aholku eman nizun, zure ohore eta zure onura handitzeko asmorik ez zuenik? Alabaina, zertaz arranguratzen naiz zoritxarreko ni!, egia baita izarrek zori gaitzak ekarten dituztenean, goitik behera etorten direnez gero, suminduraz eta zalapartaka amilduz, ez dagoela indarrik lurrean geldiraz ditzan, ez giza-eginduriarik lehenikus eta bide ken diezaiekeenik? Nork irudika zezakeen On Fernando kapare odolgarbi, zuhur, nire zerbitzuen onuradun, maite-nahietan zer eta non eta noiz nahi zuela ere erdiesteko bezain ahaltsua, aihertuko zenik -esan ohi den eran- niri, nedukan, eta orduan ere ez nedukan, ardi bakarra kentzeko? Begoz, alta, oldozpenok alde bat utzita, alperrikoak eta ezertarako ez direnak, eta lot dezagun berriro nire kondaira ondikozkoaren hari etenaren korapiloa. Badiot, beraz, On Fernandori, bere asmo txar, xede aizuna zertzeko ni eragozpen nintzaiona bururatu zitzaiola, eta bere anaia nagusia nireganatzea erabaki zuen sei zaldiren ordaineko dirua eskatzearen aitzakiaz. Izan ere, nire aitarekin hitz eginen zuela agindu zuen agun berean erosi zituen eta ni diru bila etortea nahi izan zuen, igurdiziz egin zuen noski ni bertatik urrutiratzeko asmoaz -bere xede aizuna hobeki bururatzekotan, aurki-. Etoikeria hau aurrez ekindin ahal izan ote nuen nik? Aurrez ikusi ote nik, baldinba? Ez, inola ere ez. Alderantziz, atsegin handiz joan nintzaion, erosketa onaren pozagaz. Gau haretan, Luszindarekin hitz egin nuen, eta On Fernandok eta biok itundutakoa azaldu nion, gure elkarren arteko gurari zintzo-zuzenak geroenean amai onekoak izanen zirelako itxaropena tint ukan zezan. Harek, On Fernadoren hitzetik ni bezain entzinduta, lehen bai lehen itzultzeko esan zidan, ez zuela uste belutuko zenik gure asmoen gauzatze hori, nire aitak berearekin hitz eginez geroztik. Ez dakit zer izan zitzaion, baina hau esandakoan, begiak malkoz busti zitzaizkion eta eztarrian korapilo bat egin zitzaion, esan eta ezin geratu zen, hainbat hitz ebaki ezinean etenik, hots huts bihurtu zitzaiolarik. Harri ta zur ikusi nuen, ordura arte harengan inoiz ikusia ez nuen ezbehar hura, beti elkarrekin, halabehar onak eta nire ardurak ahalbidetzen ziguten guztietan, pozez gainezka, alaitsu, mintzatu ohi ginen, gure hitzaspertu gozoetan ez malkorik, ez hasperenik, ez esparik, ez susmorik, ez beldurrik nahasiz. Dena nuen nik zoriontzat, halako andere ha emaztetzat zeruak eman zidalako: haren ederra bapikatzen nuen, haren gemen eta adimenaz txundi-txundi egina nengoen. Harek ordaina itzultzen zidan, nigan, maitemindua zelako, goraki aipatzea merezi nuela iruditzen zitzaiona goraipatuaz. Honela eta hala, elkarri ehun mila umekeria aletzen genion, gure auzo nahiz elaide edo ezagunen hainbat gertaera azaltzen, eta gehienetan nire apeta haren esku zuri-ederretako bat hartzea zen, ia-ia indarraz, eta nire ahora hurrantzea, gu bion artean zegoen hesi baten estu-gune batean zehar. Baina, nik alde egin nuen egun ilunaren aurreko gauean harek negar egin zuen, hasperen egin zuen, antzi egin zuen, eta joan egin zen, eta bertan utzi ninduen nahaspilatua, larritua, Luszindarengandik hain mingarrizko zantzu itunak ikusiaz izutua; honela eta guztiz ere, nire itxaropenak ez galtzearren, oro nireganako zuen maitasunari egotzi nion, maite baten urrundeak ohi dakarren minari jauki nion. Azkenik, ni goibel eta gogoetatsu joan nintzen, arima susmoz, aieruz, zaioz beterik, zer susmatzen ote nuen zer irudikatzen jakin bageturik: zantzu garbiak ziren, nolabait, gertatu behar zidan eznahia, gertaera hitsa erakusten zidatenak.
Iritsi nintzen bidali ninduten lekura; eman nizkion gutunak On Fernandoren anaiari; hartu ninduen ongi baina ez ninduen ongi bidali handik, zeren zortzi egunean igurikitzeko agindu baitzidan, ez nire gogara noski, eta bere aita dukeak ikus ez nintzan bazterrean, zeren bere anaiak, aitak jakin ezean, zeinbait diru igor ziezaion idatzi batzion; dena On Fernando elezuriaren asmakeria hutsa besterik ez zen, ostera, bada, anaia ez zegoen ni bidaltzeko diru bagerik eta. Agindu honetara, aitzitik, ez nintzen jarri, ezinezko zitzaidan hagitz hainbeste egunez bizirik irautea Luszindaren urrundean, are ezinago, lehen azaldu dizuedan egoera negargarrian utzita; honela eta guztiz ere, men egin nion, otsein ona nintzen eran, nire osasunaren kalterako izanen zela sumatuagatik ere. Hara iritsi eta lau egunera gizon bat heldu zen nire bila gutun bat zekarrena; eman zidan, eta azalean ezagutu nuen, Luszindaren idazkera zelako. Ireki nuen belddurrez, izutuxerik, larriren bat izan zitekeelakoan, beharbada, urrundik niri idaztera bultzatu zuena, ohikoa ez baitzuen hori egitea ez urrutian ez hurbilean egonik. Itaundu nion gizonari, irakurri aurrez, nork eman zion eta handik honakoan zeinbateko aldia behar izan zuen; hiriko kale batean zehar, eguerdi aldean zihoalarik, emakumezko oso eder batek leiho batetik dei egin ziola esan zidan, begiak malkoz bustirik, eta laster baten esan ziola: "Haurride, giristino bazara, itxura duzun bezala, Jainkoaren maitasunagatik, otoi, eramazu gutun hau azalean ageri den lekura eta emaiozu gizakumeari , beronela gure Jaunari zerbitzu handia eginen diozu; eta egiteko honetan eroso ari zaitezen, har ezazu zapi honetan dagoena" – Hau esanda, zapia leihorean aurtiki zidan, eta barruan lotuta ehun erreal hemen dakardan urrezko eraztun honekin batera, eman dizudan gutunarekin. Gero, nire erantzunaren zain geratu beharrean leihotik alde egin zuen; ez, baina, ikusi bage nola hartu nuen nik gutuna zapiarekin, agindu zidana, keinuz, beteko nuela niotson bitartean. Honela bada, honen ondo ordaindutako lanari ekin nintzaion zuri ekarteko, eta azalean idatzitakoaz jasotzailea zu zinela ezagutu nuenez gero, zeren, jaun hori, nik ondo ezagun baitzaitut, eta emakume eder haren negarrak behartuta halaber, ni neu ekarle izaitea erabaki nuen, inorengandik areanik entzindu ez eta. Orain dela hamasei bat ordu eman zidan eta bidea egin dut, hamazortzi legoakoa dena, zuk ongi dakizuna legez.
Mezulari esker oneko eta berri harek jakinaren gainean jarten ninduen artean, haren ele zein hitzetatik dilindan nengoen, esekita bezala, lurra nire oinetan ikara zebilkidala, ia-ia erori aginean. Benetan, gutuna ireki nuen eta honelakoak irakurri nituen:
"On Fernandok eman zizun hitza, hots, zure aitari hitz egingo ziola nireari mintza zekion, bete egin du, bere atseginerako areago zure onurako baino. Jakizu, jauna, harek emaztetzat ni naiola galdatu, "mandatu" egin diola aitari alegia, eta aitak, On Fernandok egiten omen dizun mesedea sinetsita, onartu dio horren nahikaria, zin-zinez gainera eta honegatik bi egunen buruan ezkondu beharra dago; hain isilpean eta han bakarka egin ere, ezen, lekuko bakarrak' zeruak etxeko zeinbaitekin batera baino ez direla izanen. Nola nagoen, zuk asma; etorterik baldin baduzu, zatoz; eta ondo ala txarto maite bazaitut, gertaera onen bukaerak ulerraraziko dizu. Jainkoari nahi dakiola honako hau zure eskura hel dadin nire eskua emandako hitza betetzen ez dakien horrenarekin lotua izaiteko kinkan egon baino lehenago".
Hauek, muinean, gutunak zituen hitzak, bidean jarri eragin nindutenak, beste erantzunik edota beste dirurik itxaroteke; argiro ikasi nuen, ez zaldien erosketa, bere nahikeria baizik, izan zela On Fernandoren makurbidea bere anaia nireganatzean. On Fernandoren aurkako nire suminak eta anitz urtez landutako maitasunaz irabazia nuen bitxi laztanaren gal beldurrak' hegoak ezarri zizkidaten, eta hegan bezala biharamunean nire herrian nengoen, Luszindarekin hitz egiteko ordu-orduan, hain zuzen ere. Ezabaki sartu nintzen, isil-isilean, ekarri ninduen mandoa gutun eramaile zintzoaren etxean utzi nuen, eta halabeharrez, orduko haretan hala behar hura ongarri nuen, Luszinda hesiaren ondoan jarrita, gure maite-hesiaren ondoan ediren nuen, tupust. Ezagutu ninduen, jakina, eta nik ere ezagutu, noski, baina ez harek ezagutu behar ninduen eran, ez nik hura bezala. Nor ote da munduan, ordea, emakumezko baten burubide oker-mokerra edota aldakortasuna sakonkiro ezagutzen dituela esan lezakeenik? Inor ere ez. Honetaz, Luszindak ikusi nindueneko, zera esan zidan: "Kardenio, ezkon-jantzita nago; ezkaratzean On Fernando saltzailea eta nire aita, halaber, saltzaile dirugoseztoa nire zain ditut, beste lekuko batzuekin bat, nire ezkontzaren lekuko baino lehen nire heriotzarenak izanen direnak. Ez zaitez kezka, ez asalda, adiskide, saia zaitez, baina, neure buru-ukatze honetan beronetan egoiten; nire hitzez eragotzi ezin badut, traketa bat dadukat aldean ostendua, sastakai zorrotza, nirea baino indar indartsuagoa eragotzi ahal dukeena, ene biziari amaiera gaiztoa eginez, eta zurekiko izan dudan eta dudan gogo-nahiaz ohar zaitezen hasera eraginez". Ni guztiz kezkatuta erantzun nion, iradu, erantzuteko aukerarik ez nukeen beldurrez: "Egin begite zure eginek, andere, egiaz zure hitzek diotena; zuk traketa baldin badaramazu zeure burua baiesteko, nik hemen ezpata dadukat zure babesteko, edo, bestela, neure burua hiltzeko, halabeharrak gure aurka jo baleza". Ez dut uste hitzok, guztiok, entzuterik ukan zuenik, deika ari zitzaizkiola sumatu nuen, senargaia zain zegoela eta. Itxi zen, honez gero, nire ilunduraren gaua; iraungi zitzaidan nire alaitasunaren eguzkia; begietako argi bagerik geratu nintzen, adimenean hizpide bagerik. Beraren etxera sartzen ez nuen asmatzen, ezin inora higitu nintzen; baina, zer gerta ere, ni bertan egoitea axolagarri zelakoan, erabat, sartzea erabaki nuen, bero-bero, eta sartu egin nintzen; eta irteera nahiz sarrera guztien berri nuenez gero, eta barruan zebilen poz handiko xoramenaz, inork ez ninduen ikusi; honetaz, ixil-ostuka, ezkaratz bereko leiho baten ondoko zirkilu batean, kurtxoin biren atze-aurrekoez estalita zegoen zokolu batean, hain zuzen, eta nik ikusi ahal nuen ni ikusia izan bage, kukutua jarri nintzen. Nork esan lezake, esan, hantxe nengoeino bihotzak eragin eta eragin zizkidan zirrarak zeinbaterainokoak izan ziren, burura etorri eta etorri zitzaizkidan gogoetak nolakoak, bururakizunak hainbeste eta hainbestekoak, esangarri ere ez zirela eta ez direla? Aski duzue jakitea senargaia ezkaratzerakoan ohi zuen janzkera arruntaz, ez bestez, apaindua zela. Albotiko edo ezkonlagun, Liszindaren lehengusu bat zekarren, eta ezkaratz osoan ez zegoen kanpoko inor, etxeko otseinak baino. Harean guttira, ganbaraxka batetik Luszinda jalgi zen, amarekin batera eta bere bi neskamerekin, bere ederrak merezi zuen bezain apain, arrullo, pinpirina, ospakizuneko hoberen eta jauregiko lirainetan lirainena zenari zegokion eran. Nola zetorren jantzita, batik bat, ikus eta sumatzeko aukerarik ez nuen ukan, hain sorgor hain txoratua nengoela-eta: margoari baino ez nion begiratu, zuria eta gorria hain zuzen, eta soineko zein buruko bitxi edota harribitxien argi-dirdaia begietaratu zitzaidan, eta honen guzti honen gainetik beraren ile eder horixkak nabaritzen ziren, nola gainera!, harribitxien aldean edo ezkaratzeko lau zuzien argiekin lehian, haren beraren argia begien aurrean erlantzik gehien, diztirarik bizien egiten zuena baitzen. Oi oroimen, nire atsedenaren arerio hilgarria! Zertarako dut nik orain haren irudia begitaratzea, nire etsai maite haren edertasun alderaezina irudikatzea? Ez al dut hobe, oi oroimen anker, une aharetan egin zidana irudika eta begitara diezadazuna , irain edo laido hain nabarmen haren kariagatik, saia nadin ni , mendekua ez bada, ene bizia galtzen, galdu eragiten, behintzat? Ez nekatu, jaunok, nire aiko-maikook entzunez; nire tamala, nire nahibagea ez da laburbilduz eta bidenabar jaulkitzen diren horietarikoa, izan ere, ñabardura bakoitzak hitzaldi luze baten dina da, ene irudikoz.
Honi Apaizak ihardetsi zion, entzuten nakatzen ez zela eta xehe-xehe edasten zituen zibizkiak atsegingarri zitzaizkiela, zeren, halakoxe hizki-mizkiak isiltzekoak ez baitziren, noski, ipuinaren mamia bezain axolagarriak baizik.
Badiot, bada – eleketan aurrera Kardenio – denak ezkaratzean zegozela, erretore jauna, parrokiako apeza alegia, sartu zen eta, biak eskutik hartuz, halako egitaldi batean ohi den moduan, esan zuen: "Nahi duzu, Luszinda andere, On Fernando jauna, hementxe dagoen hau, legezko senartzat hartu, Eliza Ama Santuak agintzen duen legeaz?"; nik buru guztia lepoa luze kurtxoin artetik ateratu nuen, eta belarriak erne baino erneago, arima nahas-nahasia, Luszindak zer erantzunen jarri nintzen, adi bai adi, erantzun honetan nire heriotz-epaia ala biziaren suspertzea zetzalako. Oi, nor ausartuko ote zen une haretan oihuka esatera : "Ai, Luszinda, Luzinda! Begira, gero, zer dagizun!; pentsa zer zor didazun; no, enea zara eta, ezin zaitezke beste inorena! Har ezazu burutan zure baietza eta nire bizia galtzea bat eta bera dena. Ai, On Fernando etoi hori, nire aintzaren ebasle, nire biziaren herio! Zer nahi duzu? Zeren uzian zabiltza? Gogotan har' ezin zaitezkeela, giristinoki, zure nahikarien azagara irits, zure irritsen bukaeraraino hel, Luszinda nire emaztea delako, eta ni beronen senarra naizelako." Ai, ene zoroa! Orain, urrun eta arriskutik asago nagoelarik, egin ez nuena egin behar izango nuela diot! Orain, nire bitxi laztana ebasten utzi eta gero, ebaslea madarikatzen dut, mendekatu beharrean, asper bainenkioke bihotzik banu, aieneka ari izaiteko dudan heinean! Azkenik, ordu haretan koldarra, txaldana eta alotza izan banintzen, izan, ez da asko orain damukor, zoro eta lotsa-lotsa eginda hiltzea.
Apeza Luszindaren erantzuna itxaroten, luzatu zen erasti batez, hutsune handiz erantzun artean, eta bere burua garbitzeko sastakaia atera behar zuela uste nuenean, edo bestela egiaren bat esateko mingainari jara egin behar ziola nengoenean, beti ere nire onurako zerbait izanen zelakoan, zer dantzudan eta, zera, ahots mehe, uzkur eta hits batez "bai, nahi dut" diona; eta On Fernandok ere berdin esan zuen; eta elkarri eraztuna emanez betiko lokarri, bigizta askaezinaz, lotuta geratu ziren. Ezkonberriak bere emaztea laztandu zuen, berau, eskua bihotzaldean ipinita, bere amaren besartean zorabiaturik erori zen. Nola geratu nintzen ni esan bage doa, baietz haretan nire itxaropen guztiak lorrinduta ikusirik, galarazi eta betiko suntsituta ikusirik, Luszindaren hitzak iruzur, une haretantxe galdu nuen ondasuna inoiz berreskuratu ezinean: on-beharrean geratu nintzen, guztiz bageturik, nire irudiz, zeruak bertan behera utzita, eusten zidan lurraren etsai, nire hasperenak egiteko behar nuen egurats-peiturik, nire begietako malko-iturria urusturik; sua, ez besterik, berpiztu zen, sutsuki, nintzen guztia amorruz eta espaz kiskaltzen ari nintzela. Luszindaren zorabio harengatik denak kezkatu ziren, subermatu ziren, eta amak paparraldea laxatu zion arnasa aisa har zezan; golkoan, berriz, paper itxi bat agertu zen, On Fernandok bertatik bertara jaso zuen eta zuzi baten argipean irakurten hasi zen; bukatu zuenean aulki batean eseri zen, eskua barailean, gogoetatsu antzean, bere emazteri onera etor zedin emaiten ari zitzaizkion sendagaiez ardurarik hartzeke.
Ni, etxeko jende guztia subermatua zela ikusi eta, jalgitzen ausartu nintzen, ikusia izan ala ez izan, baina ikusia izanez gero ezbeharren bat egiteko etsi-etsia neu, orok ikus zezaten, uler zezaten, nire bihotzak zuen gaitzidura zuzena On Fernando saltzailea zigorketan, bai eta andere etoi zorabiatu aldakorra ere zigorketan. Nire asturuak, hala ere, gaitz handiagoetarako, handiagorik baldin bada, bide-nauenak, une haretantxe adimendua gainez jalgitzea agindu ei zuen, harexez geroztik "azpiz" joan zitzaidana bera, eta , hala, nire etsairik handienei aspertu nahi eza, mendeku-gogorik eza sorrarazi zidan -orduan, nik uste, erraza baitzen, nire usterik ezean zirela eta- nire eskutan hartu nahi izan nuen haiek merezi zuten mendekua neure buruagan hartze aldera, agian, gainera, haiekin baino gogorragoki gauzatzeko, hantxe bertan hil banitu ere, zeren berehalakoa den mendekua berehala amaitzen baita, baina, luzatzen eta luzaro egiten denak, aitzitik, oinazez oinaze beti hiltzen du, bizitza ahitu bage. Hitz batez, etxe haretatik irten nuen eta mandoa utzitako haren etxeratu nintzen; basta ipinteko agindu nion, agur ere ez nion esan, eta hiritik alde egin nuen, ausartu ere, Lot bezala, atzera harako hari behatzera ausartu ez nintzela. Landan bakarrik nengoenean, gauaren ilunak estaltzen ninduenean eta isilak aiene egitera ernarazten inoren entzumenean egoitearen beldurrik ez lotsarik ezean, ahoko hotsa leherrarazi nuen, mingaina askatu nuen, Luszinda eta On Fernandoren kalterako batean biraoka, bestean araoka, beti aiñenka, Balberenak esaka, nolabait, hauetaz haiek egin laidoari ordaina emaiten banion bezala. Anker esan nion, eskergaizto esan nion, aizun eta gezurti esan nion, eta diru-gosezto, guztiz ere, esan nion, zeren, nire etsaiaren aberastasunak bere gogoaren nahimena itsutu baitzion, niri kentzearren beste hari emanaz, zoriak bere ona eskainia zion harixe emanaz, hain zuzen. Birao eta arao eta aiñen haien artean, tartean-tartean, errua egotzi beharrean kentzen nion, zuritu egiten nion haren jokaera, aitzakia-maitzakia, esanez, ezen, neska gazte bat beti gurasoen etxean bildua bizi izan zenak, hauen meneko beti zintzo bezain esanekoa zenak, berauen gogo-nahiei men egin izana, amore eman izana, ez zela harrigarri, ez zela asko; azken baten, senartzat kapare handiki bat emaiten zioten, aberats aitonsemea, eta hartu nahi ez izaiteak' burubakotzarra, zentzubage hutsa zela oldozteko bide emango zuen, edo, bestenaz, bere nahikundea beste nonbait zuela pentsatzekoa, bere izen onarentzat hau are kaltegarriago izan zitekeena. Gero, berriz ere, esaten nuen, ezen, berak ni senartzat hartuko ninduela esan zuenez geroztik, gurasoek ikusi behar izanen zutela ni hautatzeaz txarki egin ez zuela, zeren, On Fernandori eskaini aurrez, beraiek ni baino hoberik izan zitekeen beste senargai bat inor ezin nahi izanen baitzuten, beraren nahikundea nolakoa zen jakinda. Berak, eskua emaiteko estualdi atzenengo eta behartutako haretan jarri baino lehenago, nik neure eskua lehendik emana niola esan ahal izanen zuen; honela egin izan balu ni alegia eta den-dena egia zela erakuste aldera zer-nahi egitekotan nengokeen, gezurrak gezur. Azkenik, burutara ekarri nuen: maitasun ttikia, zentzu ttikiagoa, handi-nahikeria handia, asko nahi eta gutti izan alegia, izan ziren , noski, niri eman zidan hitza ahanzteko kariak, ni leusintzeko, liluratzeko, eta nire gogo zintzoetan, nahikari zuzenetan tenkor, itxaropentsu egoiteko eman zidan hitza burutik uzteko zioak.
Halatan bada, gau haretan ibili eta ibili, honelako kezka buruan, beti oihuka, goiztirian mendi-multzo honetako ataka batera iritsi arteraino etorri nintzen, gero beste hiru egunean hemen landan ibili nintzen, ez biderik ez indarrik, larre batzuetaratu nintzen arte, larreok mendi hauen zein aldetan dagozen ez jakinki, eta bertan abeltzain batzuei itaundu nien ea non zen mendion malkartsuena. Alde honetantsu esan zidaten. Honetaraxe jo nuen, hontakoz, ene bizitza hemen amaitzeko asmoarekin, eta malkarrunotan zehar, patarrotan gora eta behera nekez eta goseak amitua nire mandoa hil zen, edo, nire usterik sendoenaz, bere gainetik ni bezain zama alperriko hau edeki nahiak hil zuen. Nire oinetan geratu nintzen, goseak joa, nor lagunduko ote eta inor ez, eta bilatu ere ez. Halaxe egon nintzen ez dakit zeinbateko aldian, lurrean etzanda, eta azkenean goserik bage jaiki nintzen, eta nire ondoan ahuntzain batzuk aurkitu nituen, nire premia edo oparinari sorotsi ziotenak ziren, noski, eta beraiek azaldu zidaten nolatan aurkitu ninduten eta nola hainbat ezesateko, hainbat gangarkeria, burugekeria esaka eta esaka niharduen, zentzua galduta nengoelako zantzu garbiak guztiak: geroenean, behin baino gehiagotan, sumatu izan dut, bai, beti ez dudala nire buruan zentzurik, usu bai usu, ordea, argal dut, maskal dut, maskar dut; eta honen ondorioz honenbat zorakeria egiten dut, soinekoak urratuz, oihu eginez bazterrik bazter, nire zoriari biraoka, nire etsaiaren izen maitea alper-alperrik ogutziz berrizkatzen, beste asmorik ez gogorik bage bizitza deiadarka amaitzea baino; nire onera etorten naizenean, honen nekatua, honen hebaindua geratzen naizenez, zirkinik egiteko ere ozta-ozta egoiten naiz.
Nire ohiko gela artelatz baten kofa da, gorputz txatxar hau edukitzeko neurrikoa. Mendiotan ibiltzen diren abeltzain nahiz ahuntzainek, gupidaren gupidaz, elikatzen naute, beren ustez ni ibili eta ediren ahal dudan bideetan edota haitzetan janaria ipinten didate; honela, neure senean egon ez arren, berezko jan-beharrak hartzera bultzatzen nau, goseak ohi narama. Beste batzuetan beraiek esan didatenez -zentzudun aurkitzen nautenean- ni bideetara jalgi eta euren janariaz indarrez jabetzen omen naiz, nahiz eta beraiek sarobeetara etorten direnean gogo onez eman. Honela, bada, nire bizitza errukarri eta azkenak jorik badaroat, zeruak atzenengo amaia emaitea erabaki dezan arte, edo nire oroimearen ahidura ekarri arte, gehiago gogora ez dakidan Luszinda, ez honen ederra, ez honen saldukeria, ez On Fernandoren laidoa; zeren, hau laido hau bizia kendu bage egingo balu, nik eraz bideratuko, bide-oneratuko bainituzke nire burubideak; ezin bada, ostera, ez diot zertan otoitu nire arimaz erruki dadin baizik; nik ez dut indarrik ez gemenik neure gorputza nire gogoaz sarrarazi dudan estualdi honetatik ateratzeko.
Hauxe da, oi jaunok!, nire zoritxarreko kondaira gozakaitza: esaidazue, ea, ospatzekoa ote den nigan sumatu dituzuen bihozminak baino guttiagoz, eta ez zaitezte neka nire onerako on litekeen ezertan aholkurik emanez, ez deusik ene burura sartu nahiz nire sendatzeko, izan ere, sendagile ospetsuren batek sendatu nahi ez lukeen bati sendagaia agintzea bezala gerta liteke nirekin. Nik ez dut osasunik nahi Luszinda bagerik; beronek beste inorena nahi izan zuenez, nirea zela edo nirea behar zelarik, izan nadin ni zoritxarreko, zorioneko ahal izanen nintzen ni hau. Berak, bere aldaketaz, nire galera betikotu zuen, nik, neure burua galduz, beraren nahia poztu nahi dut, eta etorkizunerako ere eredu izanen da, zera, zorigaiztoko guztiek gehiegi dutena niri peitu izan zaidana: pozkaririk ezinean pozkari hartzen dute, niregan, aldiz, hori bihozmin eta tamal eta atsebage handiagoen eragile da, heriotzarekin batera amaituko ez direla nago eta.
Hemen bukatu zuen Kardeniok bere hitzaldi luzea, bere maitasunezko kondaira doabageari buruz. Apaizak pozkarizko zerbait esan nahi zionean, ahots bat iritsi zitzaion, zinkurinka bezala, hurrengo laugarren zatian jaulkiko dena zioena; Zide Hamete Benengeli jakintsu eta kondairalari tekurutsuak hirugarren jaulkipena hementxe azkendu zuen.