Amaitu zuten, bada, beren bazkari ona, zelatu zituzten zamariak, eta aipatzekorik ezer bage, biharamunean, ostatu-etxera heldu ziren, Santxo Pantzaren beldur eta ikara-etxera alegia; eta berehala, ez zuen hantxe sartu nahi, baina ez zuen alde egiterik izan. Etxeko anderea, txiribogina, alaba eta Maritornes, On Kixote Santxorekin zetorrela ikusi zutenean, bide erdira jalgi zitzaizkien, euren poza bizi-bizi agertuz, eta harek, gizalegez, eratsu baina alai, agur-erantzun zien. Aurreko haretan baino etzangu hobea atontzeko esan zien, eta behin haretan baino hobeki ordaintzekotan baietz noski, erantzun zion etxandereak, printze baten dinakoa emanen ziola. On Kixotek baietz, eginen zuela esan zion; eta itxurazkoa eman zioten hango ganbara haretan bertan; gero, bera etzan zen, neke-neke egina eta burua galdurik baitzetorren.
Atea itxi zueneko, etxeko anderea Bizarginari oldartu zitzaion, eta bizarretik helduz, honela zerauntson:
Behin eta berriz aitaren eginda ere, ez duzu, gero, zure bizarrerako nire buztanik izango, oraintxe itzuli beharko, bai, nire isatsa; nire gizonarena hor lurrean egotzia ikustea lotsagarria da eta; orrazia esan nahi dut, nire isatsean esekitzen nuena alegia.
Ez zion eman nahi Bizarginak, anderea kendu nahirik atzaparka ari zen baina, Lizentziadunak emaiteko esan zion arte; harez gero, itxura-antza haren beharrik ez zutela izanen eta; gezur-antzak utzita bere egiazko aurpegia erakusteko, eta On Kixoteri esan ziezaion, zera, galeretako ohoinek edo lapurrek ebatsiz "xahutu" zutenean, iheska txiribogaraino etorri zela, eta printzesaren ezkutariaren galde eginez gero, printzesak bere aurretik bidalia zuela esateko, bere erresumakoei bera bazihoala eta berarekin batera denen askatzailea zeramalako berri eman ziezaientzat. Honela bada, Bizarginak gogo onez etxeko andereari isatsa eman zion, eta On Kixote askatzeko utzi zizkien gainerako zer guztiak, era berean, itzuli zizkioten. Ostatuan zegozen guztiak Dorotearen ederraz harriturik geratu ziren, bai eta Kardenio artzain-mutilaren gorpuzkera egokiaz ere. Apaiza' etxean zedukatenetik bazkaria gertutzeko eskaritu zitzaien, eta ostalariak, sari hobe baten ustetan noski, honenbateko otordua atontzen ahaleginak egin zituen; bitarte honetan, On Kixote lo zegoen, eta ez zuten iratzarri, loak janak baino onura gehiago eginen ziola ustez eta. Bazkalondoan, han bertan txiribogina, honen emaztea, alaba, Maritornes eta bidazti guztiak zegozela, On Kixoteren zorotasun bitxiaz, noraino zegoen burutik egina, eta nola aurkitu zuten, mintzatu ziren. Etxeko andereak' mandazainarekin gertatu zitzaiona ekarri zuen hizpidera, eta hara-horra begiratuz, Santxo ea bertan ote zegoen eta ikusi ez zuenean, burusian gora eta behera erabili zuteneko ha guztia jaulki zien, entzuleek orok pozarren zentzuiotelarik. Ez zuten negarrik asko egin, ez.; Apaizak zalduneriazko liburuak ahotan hartu zituen, On Kixoteri burua nahasi ziotenak zirela esatearren, eta orduan txiriboginak hitza beretu zuen esanez
Ez dakit, ba, nik, nola daitekeen hori; egia esateko, nire ustez, ez da munduan "letradu" hoberik, irakurgai esan nahi dut zuen hizkeran, eta hor daduzkat horietako bizpahiru, beste paper batzuekin batera, "ingi" batzuk, alegia, niri, ben-benetan, bizia eman didatenak; horra, horiexek; eta niri ez ezik beste askori ere bai. Epai-aroan, hainbat igitailari edota anitz segalari bildu ohi da, hemen, eguzari dela, jaiak direla, eta beti bada nor edo nor irakurtzen dakiena, eta hartzen du eskuetan liburu hauetako baten bat, inguratzen gatzaizkio hogeita hamarren bat lagun guttienez, eta entzun eta entzun egon izaiten gara, pozik asko; hamaika ximur leuntzen dizkigu horrek. Niri, behintzat, zera, zaldun ibiltariak jo eta ke, herio-suharrean, beldurgarri, ukaldika ari direla entzuten dudanean, beste hainbeste egiteko gogoa berotzen zait. Gau eta egun egongo nintzateke, entzun eta entzun.
Ni ere bai, ez gehiago ez guttiago – esan zuen andereak – ; izan ere, nire etxe honetan beste txolarte onik ez dut izaiten, behin ere ez, zu zerori irakurgaia entzuten zagozen horixe ez bada; txoraturik egoiten zara eta niri ahakar egiterik gogoratzen ere ez zaizu.
Halan da, bai, egi-egia – esan zuen Maritornesek- ; neu bere pozez beterik egoiten naz, alafede, halakoak entzuten, txit politak dira eta; areago, arean, urlia emakume bere gizonagaz, zaldunarekin jakina, laranjondo batzuen azpian, besartean datzala diñoenean; eta harik hara urrun bage begirale moduan bere neskame bat dagoala, erlantz baizen izu-izu, danari begira zoli, bekaitzak edo iñartxiak erretzen dauana. Honeri guzti honeri eztiaren zukua dariola esango neuke.
Eta zuk, andereño horrek, zer daritzozu? – esan zuen Apaizak txiriboginaren alabari hitz eginez.
Ez dakit, jauna, zin-zinez, ni ere entzuten ari izaiten naiz, eta egia esateko, pozik entzuten ditut, batere ulertzen ez dudan arren; baina, nire aitak hain maite dituen ukalditzar horiek ez ditut gogoko; maiteago edo, nahi baduzu, atseginezkoago ditut, nolabait, zaldunek beren maitaleengandik urruti daudelarik hauexei igortzen dizkieten zinkurinak, hitz minberak, eta holakoak; hara, noizik behin, errukiaren errukiz, negar eragiten didate-eta, hots.
Zuk, beraz, andereño – esan zuen Doroteak – sendagailu ona opako zenieke, zuregatik negar egingo balute, ezta?
Ez dakit zer eginen nukeen – erantzun zion neskak – hara, badira, nik dakidanez, andere haietako batzuk oso bihozkogorrak direnak, eta beren zaldunek katamotz, lehoi zein beste hainbat zikinkeria esaten dizkiete. Eta, ai Jesus!, nik ez dakit zelako jendea den hura, hain bihozkea, barren gaiztokoa, gizon zintzo batengan bere begiak ez ezartzegatik, bere hartan hiltzen edo zoratu arte bertan uzten dutena. Nik ez dakit zertarako den hainbeste losintxa: lotsa-lege onean badihardute, ezkon bitez haiekin, zaldunek ez dute besterik nahi eta.
Hago ixilik, nexkato hori – esan zion etxandereak – , horrelako gaietaz asko dakinala zirudin, eta ez dun politta andereñoek horrenbeste jakitea ez mintzatzea.
Jaun honek galde egin dit, eta ezin, bada, erantzuteke utzi.
Orain, bada – Apaizak – , ekar itzazu, txiribogin jaun, liburu horiek, ikusi nahi ditut eta.
Bai horixe, atseginez – erantzun zion.
Bere gelara joan zen, bide-zorro xahar bat ekarri zuen, katexka batez itxia zegoena, eta, irekirik, hiru liburu handi, hizki ederrez eskuz idatzitako paper batzuekin batera, atera zituen. Zabaldu eta ikusi zuen aurreneko liburua Traziako On Zirongilio izan zen, hurrena, Hirkaniako Felixmarte, eta bestea, Gonzalo Hernandez Kordobako Kapitain Handiaren kondaira, Diego Gartzia de Paredes-en bizitzarekin. Apaizak, aurreneko izenburu biok irakurri zitueneko, burua Bizarginaganantz bihurturik esan zion:
Orain eta hementxe nire adiskidearen etxeko anderea ilobarekin balego...
Ez da haien beharrik – Bizarginak – , neronek ere badakit ixtegira eramaiten, edota sutondora, benetan su ederra dago eta.
Horretaz, berorrek erre nahi ote ditu nire liburuok? – txiriboginak.
Hauek biok baino ez – Apaizak esana- : On Zirongiliorena eta Felixmarterena.
Bada, beharbada – ostalariak berriro – , nire liburuok fedehausle edo "ipiztiko" ote dira berorrek erre nahi izaiteraino?
"Ipiztiko" ez – Bizarginak atzera – zismatiko esan nahi duzu.
Horixe. Baina baten bat erre nahi badu, Kapitain Handiarena eta Diego Gartzia horrena izan daitezela; hauek, beste hauek erretzea baino arinago seme bati su emaiten utziko nuke.
Ene anaia – Apaizak – liburuok biok gezurtiak dira oso, gangarkeriez beterik dagoz, hitz eroz gainez eginak; Kapitain Handiarena, ordea, egiazko kondaira da, Gonzalo Hernandez Kordobakoaren egindakoak ditu azaltzen, hauexengatik, hain zuzen, egitandi ugari eta benetan handiak egin, burutu zituelako mundu guztiak Kapitain Handia deitzen dio, ongi irabazitako izenburu ospetsu-argia, noski, berak ez beste inork irabazi duena; eta Diego Gartzia de Paredes, berriz, kapare handiki Trujillo Extremadurako hirian jaioa, gudagizon bipil-bipila, sortzen hain indartsua zen, ezen, eihera baten gurpila, azkarrenik azkarrenean zebilen unean, atz batez gelditzeko gai zela, eri bakar batez, e! Behin, zubi baten atean, ezpatatzar bat eskuetan, gudaroste oso eta bete bat geldiarazi zuen, iragaiteke; Beste behin eta behin halako heuragi, asko bai asko, egin izan zituen, eta berak jaulki eta idatzi dituen heinean, zaldunaren apaltasunaz, bere buruaz ohi duen xuhurtasunaz, ez balitz, beste baten batek, grinapeitua edo berari axola gutti, ezer gutti, doakion idazleren batek zurian beltz ipini izan balitu, zalantzarik ez, Hetor, Aquiles eta Errolanenak hutsaren hurrengo utziko zituzkeen.
Ai ene aita! – esan zuen ostatuko jaunak, ozenki – Hara, bada, zer harritzen zaio berorri eta eihera-txirringaren gelditzea, horra! Jaungoikoarren, Hirkaniako Felixmarteri buruz nik irakurri nuena irakurri behar luke berorrek, zera alegia, zehar-ukaldi bakar batez bost erraldoi gerri aldetik moztu eta erdibitu zuela, umeek egiten dituzten santutto horien antzekoak bailiran, babaz edo lekaz eginak balira bezala. Beste behin, guztiz handi bezain indar handiko gudaroste bati eraso zion, eraso, eta milioi bat eta seiehun mila gudari baino gehiago erditik kendu, oinetik bururaino iskiluz jantzita egonagatik, eta guzti-guztiak banandu zituen, sakabanatu, eta hautsi ez zituenean! Ardiak otsoaren ikusteaz antzo. Tira, eta, zer esaten didazue Traziako On Zirongilio zintzoaz, liburuan agertzen den bezain kementsu-adoretsua zenaz? , berau, ibaian zehar zebilela, ontziz, uretatik suge suzko bat burua erakutsiz agertu zitzaion eta ikusi zuenekoxe, plaust! haren gainera jauzi eginez, ezkatadun bizkarralde luzean, iztertolaka, arretxiko bezala, konkolotx alegia, jarri zen eta esku biez eztarria gogor-gogor estu zion, estu ere estu, eta sugeak, itolarrian, bere buruari ibai hondar sakonera erortzen utzi beharra besterik ez zuen izan, zalduna, noski, berarekin batera hondarretaruz, askatu nahi ez eta, inola ere. Ibai hondarrera iritsitakoan, jauregi nahiz lorategi liluragarri batzuetan agertu zen, hain ederrak, hain begi-betegarriak zirenez, zinez harri-harriturik gertatu zen; sugea, ostera, agure xahar batengana zen, eta halako zer batzuk esan zizkiola eta ez dago besterik zer esan. Isil bedi, jauna, hau entzunaz gero atseginez txoro-txoratuko litzateke eta. Bi gora Kapitain Handiaren alde eta Diego Gartzia deritzon horren alde!
Hau entzunda, Doroteak ixil-ixilik Kardeniori esan zion:
Gure arrotzainak ez dik askoren beharrik On Kixoteren bidetik jarraitzeko.
Horixe uste dinat nik – Kardeniok neskari – itxurak direnez, bederen, horrek egiatzat din liburu horiek eralgitzen duten guztia, gehi ala guti, benetan gertatua dela, eta besterik sinetsarazi ez zioketen, ez eta lekaide oinutsik dabiltzan horietakoek ere.
Begira, anaia – Apaizak berriro – ez da lurbira osoan izan inoiz Hirkaniako Felixmarte delakorik, ez Traziako On Zirongilio daritzonik, ez zalduntza-liburuetan agertzen direnen antzeko beste zaldunik ere; dena gezurra da, lanik asko ez duen bururen baten asmakeria hutsa baino ez da, zuk diozun horretarako harilkatua, hots, astia emangarri izaiteko, nahi baduzu, ezeginean egiteko, zure segalari edo igitailari horiek irakurriz astia ezer ez eginaz iragoteko. Zin dagizut, zin-zinez egin ere, munduan ez dela egundaino izan halako zaldunik, ez gertatu ere inoiz halako egitandirik, halako zentzubagekeriarik.
Beste zakur bati hezur hori – iharduki zion txiriboginak. Jakingo ez banu nik zeinbat diren bost, eta non dudan min! Ez pentsa berorrek obauba kantaz loaraztea ni, Jainkoarren, ez nau ni ume gorri eta. Handia da gero berorrek niri burutara sar-nahi hori, zera, libuotan guztiotan agertzen den guztia gezurrak zentzubagekeriekin baino ez direna; egon ere, Errege Kontseiluko jaunek emandako baimenaz idatzita dagozelarik egon, honako jende honek' hainbat gezur batera, hainbat guduka, eta hainbat sorginkeria, oro burugalgarri, idatzi nahiz irarri ahal daitezen nolanahi utzi edo laga nahi bailuan! Baita zera ere!
Badizut esan, bada, adiskide, – Apaizak ihardetsiz – hori gure astidun gogoetak, burutasun lazoak, tartean-tartean, alaitze aldera egiten da, astia emaitearren; erresuma ondo eraz antolatuetan xake-jokoak, pilota eta trikimailu-jokoak erabiltzea zilegi den bezala, hain zuzen ere, lan egin nahi ez, behar ez, edo ezin duten batzuen jostagarri, irarri eta argitara emaiteko baimentzen dituzte, ustez, eta, noski, egiari atxekiz, ez dela inor egonen hain etxakin, inozo, liburuotako ezein kondairarik egiazkotzat har dezakeenik. Zilegi balitzait, eta entzuleok nahi izanez gero, esanen nuke, bai, zalduneria-liburuek, onak izan daitezen, zer behar luketen, zeinbaitentzat onuragarri eta are atsegingarri gerta bailiteke; dena dela, etorriko da, bai, hau zuzen lezakeen nor edo norekin hitz egin ahal izanen dudan garaia, eta, bizkitartean, ostatari jauna, sinets ezazu esan dizudana, har zure liburuak, hor zaitez konpon haien gezur-egiekin, eta on dagizutela, eta Goiko Jaunari nahi ez dakiola zu zerori On Kixote zure arrotz horren hanka berdinetik herrenka has zaitezen.
Hori ez – erantzun zion etxeko jaunak – ; ni ez naute zaldun ibiltari egingo, horrenbesterainoko koxkarik ez duket nik buruan; anbiolako garai haietan, munduz mundu zaldun ibiltariak ibilten omen ziren erakorik gaur-egun ez dabilela ongi ikusten dut.
Berriketa honen erdian, Santxo bertaratua zen, zeharo nahasia geratuta, entzundakoaz gogoetatsu gelditu zen, harritu zitzaion, nonbait, gaur-egun zaldun ibiltaririk ez zebilela eta zaldunezko liburuak oro txoro gezurtiak zirela entzutea; eta, bere bihotzaren barru-barrutik erabaki zuen bere nagusiaren hara-honako hura zertan amaitzen zen igurikitzea, eta berak uste zuen bezain zoriontsu gertatu ezean, nagusia bertan behera utziko zuela, bere emazte eta seme-alabengana itzul eta bere betiko lanera bihurtuko zela.
Bazeramatzan txiriboginak bide-zorro xaharra eta liburuak, baina Apaizak esan zion:
Itxaron, ea zer-nolako paperak diren horiek ikusi nahi dut, hain hizki txukunez idatzita dagozen horiek.
Atera zituen arrotzainak, eman zizkion irakurtzeko; hasi zen eta zortzi orrialdeko ale bat ikusi zuen, eskuz idatzia, haseran izenburu handi bat zuena, hauxe: Jakingale Ertzoaren Eleberria . Irakurri zuen Apaizak, bere artean, hiruzpalau esaldi, eta esan zuen:
Ez zait, ez, txarra iruditzen eleberri honen izenburua, osoa irakurtzeko gogoak erakarri dizkit.
Ostatuko jaunak, orduan:
Irakur dezake berorrek, bada, eta jakin beza hemen irakurri duten arrotz batzuei gogoa bete diela, eder eritzi diotela alegia, eta ben-benetan eskatu izan zaizkit; nik, ordea, ez diet eman nahi izan, liburuekin bide-zorroa hemen galdu zuenari itzultzeko ustetan, noizbait atzera hona bihur liteke eta; liburuok behar ditut, badakit, alabaina, nire fedeagatik, itzuli egingo dizkiot, txiribogina banaiz ere, oraindik kristaua ere banaiz eta.
Zuzen zagoz oso, adiskide – Apaizak – baina, hori horrela ere, eleberria atsegin bazait, utzi behar didakezu eramaiten.
Gogo onez – txiriboginak.
Biak elkarrizketan, eta Kardeniok eleberria hartu zuen, irakurten hasi zen, eta Apaizari bezala iruditurik, denek entzuteko eran irakur zezan eskatu.
Irakurriko nuke – Apaizak berriro – asti hau irakurtzean baino lotan emaitea hobe ez balitz.
Niretzat atsedengarriago – esan zuen Doroteak – kondairaren bat edo beste entzutea, bai, zeren, oraino ez bainaiz gogo-baretu, loak behar denean har nazan dina, behintzat, ez.
Horrela bada – Apaizaren hitzak – irakurri nahi dut, jakinminez bederen: gogozko zerbait ukanen al du.
Maisu Nikola otoi, eta irakurtzeko eskean etorri zitzaion, Santxo ere bai. Apaizak hau ikusita, denen atsegin eta berak ere atsegin hartuko zuelakoan, esan zuen:
Ea, bada, egon guztiok erne; eleberria honela hasten da.