Ez zuen Santxok min gutti hartu bihotzondoan, hau guzti hau entzun zuenean; bere jaurrerri edo konderri bereaz jaun eta jabetzeko itxaropen guztiak, usteak ustel, ke bihurturik suntsitzen zirela ikusteaz bat; Mikomikona printzesa hain dotorea Dorotea bilakatu zela ikusi zuen, halako erraldoi hura, berriz, On Fernando zela, eta, bitartean, nagusia lozorroan zetzan, gertaturikoaz erabat axola-peiturik bere ez jakinean. Doroteak ezin zuen sinetsi ametsik ez zenik bere zoriona; Kardenio gogoeta berdinean zegoen, Luszinda orobat. On Fernando zeruari eskerrak eman eta eman ari zen dohainaren ordainzka, galmendi, bide-nahaspil haretatik onik ateratzen lagundu ziolako, azken baten, izen onaz gain arima bera ere galtzeko zorian egon baitzen; ostatuan zegozen guztiak poz-atseginez beterik, hain bukaera alaigarria izan zuten ausiabar korapilatsu haiez geroztik. Apaizak, zuhurra, dena bere heinean ezarten zuen, bakoitzari berea zuen "ondagizula" esanez; baina, atsegin eta poziken zegoena txiriboginaren anderea zen, bai Kardeniok bai Apaizak' On Kixotek egin kalte guztien ordaina kitatuko zutela agindu ziotela eta. Santxo bakarrik, lehenttoago esan bazala, goibel, kopetilun, beltzuri, atsebagetua; eta hain muker zegoela, hara, logelara sartu zen, nagusi jauna esna berri; eta zera esan zion:
Egin dezake nahi adina lo berorrek, Itxura Hitseko Zaldun horrek, inor hiltzeko ardurarik bage, ez erraldoirik ere, ez inongo Printzesari erresumaren itzultzeko beharkizunik bage; oro da egina, oro burutua eta azkendua, oro da amaitua.
Ni ere uste horretan nagok – erantzun zion On Kixotek – , izan ere, borroka latz eskerge bat egin diat, nire bizitzako egun guztietan egin eta eginen dudanik larriena, nik uste, gizandi horren aurka, eta zehar-ukaldi batez, dzart! burua moztu zioat, eta, lurrean erorita, odola zurrustaka zariok, iturriko ura landan barrena bezala lats antzo doalarik.
Hobeki esan dezake, jauna, ardo-lats antzo – ihardetsi zion Santxok – ; jakin beza berorrek, baldin ez badaki, hildako erraldoia zahagi urratua baizik ez zela; odola, berriz, sabelean zedukan sei arroa ardo beltz; eta moztu burua...ni sortu ninduen ama puta, eta Satanek eraman dezala oro.
Zer diok, zoro horrek? – On Kixotek atzera – Heure onean ote haiza?
Jaiki bedi berori, eta ikus diro zer egin duen, ea, eta zer ordaindu behar dugun; eta hor ikusiko du Erregina, gaurgero neska arrunt bihurtua, Dorotea daritzona; eta bertze zer batzuk, nor nahi den ere, harri eta zur gelditzeko moldekoak.
Ez zaidak niri harrituko – On Kixote lehengo haritik – ez horixe; ondo gogoan baldin baduk, badakik zer esan edo erran nian hemen egon ginen lehengo harako haretan, alegia, hemen sorgin-lana zen zerbait gertatzen zela, eta ez lukek asko izanen ez handi ere, orain berean, halako zerttobait gartatu izan balitz.
Oro eta haboro sinetsiko nuke nik – gehitu zion Santxok – nire burusi-gudua horrelakoxea izan balitz, baina ez zen halakoa, ez hurbiltzekorik ere, egi-egiazkoa baizik; neronek ikusi nuen hemen dagoen txiribogina, ordu haretan, burusia pertailetik atxeki eta goiti bulkaka ari zitzaidala, bertzeekin bat, jo eta su, inor bezain zauliki, barre-karkaraka. Nire golkorako dut, nordina nor den ezagutzen ohituxea nagoen bekatari inozo naizen ni hau oker larririk ezean, ez dagoela hemen sorginenik deusik, anitz zori gaizto baizik, eta oloak ez direla zaldientzat soilik banatzen.
Alabaina, Jaungoikoak onebatziko dik, artez – On Kixote mintzo. Emaizkidak nire soinekoak, eta banoak lekorera, hik esandako zer horiek, aldakuntza horiek, nire begiez ikertu nahi ditiat eta.
Eman zizkion Santxok, eta janzten ari zen bitartean, Apaizak, bestalde, On Kixoteren zorotasunaren berri eman zien bai On Fernandori bai beste guztiei, eta Haitz Landerretik irtenarazteko erabili zuten igurdizia azaldu zien, trikimanaren berri zehatza eman zien, "haizkorri" haretan nekaldia egiten ari baitzen, zergatik eta , bere ustez, andereak eginiko muzinakatik. Santxok jaulkita zekizkien, eta izandako borroka-ekintza gutiz gehienak ere azaldu zizkien, eta harriturik geratu ziren barrez-barrez, ziren guztiak eritzi ber batera iritsita: inoren buru nahasian sar edo sor zitekeen zorotasunik zoroena zela. Besterik ere esan zuen Apaizak: Dorotearen alegia egiterik ez zegoela gehiago, handik hara, eta beste asmakariren bat edo asmatu beharra zutela, On Kixote bere jaioterrira eraman ahal izaiteko. Hasiak egina dirudi, esan zion Kardeniok, eta lehendik hasitakoa aurrera eroaten berak eginen zuela, eta Luszinda, berriz, Dorotearen ordezkoa ederki asko egiteko gai zela.
Ez – On Fernandok esan zuen – ez da horrela izango: Doroteak bere egitekoa aitzina eramaitea nahi dut nik, hasi eta bukatu arte; ni ere, zaldun horren jaioterria oso urrun ez bada behintzat, poztuko naiz, bertara arteztu ahal izaiteko lagun egiterik baldin badut.
Bi eguneko ibilaldia besterik ez da hemendik hara.
Gehiago balego ere, pozik egingo nuke, honelako egintza on bat egite aldera.
Atera zen, bada, On Kixote, ibiltari-tresna guztiak aldean zeramatzala, buruan Manbrinoren krosko maspildu ha, erredola besoan aurrealdean, ondo-ondoan lantzatzar bat, gorputzaren zurkaitz bailitzan. On Kixote hain itxurge agertzean, On Fernando zur eta lur geratu zen, beste guztiak laso, haren aurpegia legoa erdi bai luze zela ikusirik, ihar, zimela bezain zurbila zela nabari zitzaien, hala-holako iskilu haiekin, eta, hala ere, handiki-antza zuela, gizabide eratsuko gizona; isilik egon ziren, zer esanen ote zuen zain, eta, astiro, handi-mandi, handikiak ohi diren antzera, Dorotea dotoreari so eginez, honela mintzatu zen:
Nire ezkutariak esanda jakinik nago, andere eder hori, zure handitasuna xehatua dela, zure izaite guztia ezereztua, lehen erregina eta andere uren zinen hori orain neska arrunt baino ez zarela bihurtua. Eta hau, zure aitak, errege eta hil-azti zen harek, aginduta egin baldin bada, ausaz, nik zuri behar besteko laguntzarik emanen ez nizun beldurragatik, zera diotzut, ez zekiela eta ez dakiela jainko txikiren berririk, eta zaldun-kondairetan batere aditua ez zela, ezer gutti ikasia; hara, nik bezain ongi, astiro, irakurri eta erabili izan balitu, ezagutu, bai, pitean-pitean, ni baino ospe guttiago zaldunak ezagutuko zituzkeen, honako hau baino askoz ere eginkizun zailagoak usu bai usu burutzen zituztenak; izan ere, erraldoi koxkor baten hiltzea deus askorik ez da, harroputzarren ere; hona ni, arestian, horrelako baten aurka, bekoz beko, borrokan egindakoa nauzun hau, eta....isil nadin, gezurretan ari naizenik inork esan ez dezan; baina, ez da gaitzik aldiak ez daroanik eta ez estariko guztiak ageriko jarten ez dituenik, geroak, beraz, esanen du, guk guttienik uste dugunean.
Zahagi birekin egona zara zu, ez erraldoiren batekin – esan zion, orduan, txiriboginak..
On Fernandok isiltzeko agindu zion, On Kixoteren hizketaldia ez mozteko, inola ere; eta On Kixotek berriro hitz eginez:
Beraz, badiotzut, andere goren ondare-bageturiko hori, lehenago esan dudanagatik zure aitak antzaldatu nahi izan bazaitu eta neska arruntaren itxura eman badizu, ez duzu zertan sinetsi haren agintzarik, ez areago jaramonik egin haren ezein aginduri. Ez dago lurbira osoan, eragozpen bakar bat ere nire ezpatak hautsiko ez duenik; honegatixe, bada, zure etsaiaren burua moztu eta lurreratua, egun guti barru, zure lurraldeko buruntza, koroa hots, zure buruan ipiniko dizut.
Ez zuen gehiagorik esan eta printzesak zer erantzunen zain geratu zen; beronek bazekien On Fernandok zer erabakia zuen, gezur-alegiazko trikimaina hura aurrera eramaitea alegia, On Kixote bere jaioterriratu arte, eta emeki, gizabide eratsuz, honela erantzun zion:
Itxura Hitseko Zaldun kementsu hori, nork esan dizun berdin zait, baina, nor nahi den ere, gezurra esan dizu, atzo nintzen ber-bera egun ere bainaiz; nitasuna galdu eta nitaz bestelakatua naizela esan dizu eta ez dizu den bezala esan. Zorioneko gertaera batzuek, egia da, aldarazi naute, hein baten, nire atsegin-bide izan diren gertakariak horiek; baina, lehengo lepotik burua nik, jauna, ni lehena nauzu, nire asmoak lehengo betikoak dira, ez ditut utzi, zure beso indartsu garaitezin horretaz baliatzeko asmo hari bere haretan dautsot. Honelatan, bada, jauna, bihurtu egiozu, bai, bihur iezaiozu nire aita zenari izen ona, eta euzu beti gizon zuhurtzat, nire zoritxarra osatzeko edo artezteko nahi baduzu, bere jakinduriaz, biderik erraz eta zuzenena aurkitu zuelako. Hara, berorrengatik ez balitz, jauna, ez dut uste orain dudan zorion hau inoiz ere izango nuenik; egiatan ari naiz, eta hemen dauden jaunok, lekuko izanki, aitor dezakete. Bihar bidean hasi baino ez dugu, bada, gaur, honez gero, bide gutti egin genezake eta; gerokoa, gerta ala gerta, bukaera onaren ustean, Jaungoikoaren eta zure bihotz adoretsuaren esku utziko dut, utzi.
Honela mintzatu zen Dorotea zentzuduna, eta On Kixotek, entzun zueneko, gaitzitu zitzaion, nabarmen-nabarmen sumindua, Santxorengana bihurtu eta honela egin zion hitz:
Hau esan behar diat hiri, oraintxe, Santxotto horri, Espainian dagoen xitalik handiena haizela. Esaidak, eskuzikin alperrontzi horrek, ez al didak, bada, orain bertan, esan, Printzesa hau neska arrunt bihurtua zela, Dorotea daritzola, eta erraldoi bati nire ustez moztu nion burua hi sortu hinduen ama puta zela, eta beste honenbeste kaikukeria, itxurabagekeria, ni erabat nahasita utzi nautenak nire bizitza guztian egundaino ez bezala? Gezurti ez bestea! (hortzak estu eta zeruari begira) sarraskiren bat egitekotan ere banagok hiregan, ea, behingoz, zaldun ibiltarien ezkutari gezurti guztien kaskoan, gatz apur bat, pixka bat, sarrarazten badiedan , ekiz eta mundua mundu deino!
Lasai bedi berori, ene jaun hori, lasai – Santxo aiko-maiko antxean – baliteke, bai, ni oker egoitea, Mikomikona printzesaren aldakuntzari buruz; baina, bertze guztiez den bezainbatean, dela erraldoiaren burua, dela, bederen, zahagien zulatzea, dela ardo beltzaren odol bilakatzea, ez nabil oker, ez makur, alajainkoa!; hortxe dagoz, egon, zahagi urratuak, zaurituak behinik behin, berorren ohe-buruan; hortxe ardo beltza, gela guztia, istil ez, aintzira bat eginik; ikusiko du berorrek bertzela, ilunbeko lana eguargiz ageri, ostatuko ugazaba kalte guztien ordainaren eske jiten zaionean, "lakaren" bila datorkigunean. Gainerakoan, Erregina anderea orain, lehen zegoen bezalaxe egoiteaz, pozten naiz ni, biziki poztu ere, nire zatia ere hortxe dago eta, beste inorena bezalaxe.
Oraingotik bai, Santxo, badioat: txoralda hutsa haiz, eta barkatu nagik, eta aski.
Aski da, bai – tartera sartuz On Fernandok esan zuen – eta bego horretan, gehiagoko hitzik bage; Printzesa andereak' bihar bertan ibilasteko esan duenez, gaur berandu dela eta, egin bedi halaxe; gaurko gau hau solas gozoan, elkarren artean ele eta mele, emango dugu, bai, biharamunera arte, eta bihar, goizean goiz, On Kixote jaunarekin bat bidean aitzina joango gara, oro lagun, bere eginkizun larri hori burutzeko eginen dituen ekintza gogor eta egundaino inon ikusi bagekoak, entzun ere inoiz entzun ez diren halakoak, ikusi nahi baititugu ikusi.
Hara! ni nauzue zuen zerbitzuan laguntza emanez joan behar dudana – erantzun zuen On Kixotek – eskerrik asko egiten zaidan mesedeagatik, eta erakusten zaidan oneritziagatik ere anitz esker; eritzi on hori beti onik gerta dadin ongi saiatuko naiz, bizia bera galdu behar eta ere, eta are galtzeko gehiago baledi galdu behar baneza ere.
Losintxa ugari eta beredin eskaintza egin zioten elkarri On Kixotek eta On Fernandok; baina, bidazti batek, orduantxe bentara sartu zenak, isilarazi zituen biok; mairu-herritik etorri berria zirudien janzkeraz, oihal urdinezko kasaka jantzia zetorren, hegal motxekoa, lepokorik ez eta besoak ukondoetarainokoa, galtzak ere urdinak burukoa bezala, oskiak datil-antzeko bortzegiak ziren, eta bular aldean zeharka lotua zeraman ezpata-zorroan, "taheli" delako horretan, mairu-ezpatoker bat. Haren ondotik, asto baten gainean, emakume bat sartu zen: mairu-legera jantzia zetorren, burutik behera "mexanarekin" oihala aurpegiaren estalgarri, kapelaxka zilar-harizkoa zuen, eta soin gainetik oinetarainoko "almalafa" daritzoten mairu-soineko luze bat gorputzaren estalki. Gizona, kaizuz, sendo, azkarra zen, lerdena; adinez, berrogeiren bat urtekoa, beltzarana aurpegiko azala, sudurpeko luzeak eta bizarra oso ongi txukundua; laburki esateko, gorpuzkera guztian ezagun zuen, apain jantzia balego, jatorri oneko handikitzat hartua izanen litzateke. Sartutakoan, gelaren bat galdatu zuen, eta han gela hutsik ez zela erantzun zionean nahibage-antza agertu zuen; janzkeraz mairua zirudien emakumeagana hurreratu zen eta besoetan harturik eraitsi zuen. Luszinda, Dorotea, etxeko anderea, alaba eta Maritornes inguruan begira jarri zitzaizkion, behin ere ikusi bageko janzkera berria zen haientzat harena, eta ikusminak erakarri zituen. Dorotea, bere zuhurrean zentzu oneko emakume egokia zen aldetik, etorperri bi haiek gelarik ezean kezkatuak sumatu bezain arin, honela mintzatu zitzaien:
Ene andere, ez zaitez gehiegi arbin, hemengo lekurik eza ikusita, txiriboga edo ostatu-etxe guztiek dute, oso berezkoa antza, hauxe, zera, lekurik nahiz zerbitzurik eza, ezertarako aukera onik ez izatea; honela eta guztiz bere, nahi izanez gero, gugaz (Luszinda ikusaraziz) eman nahi bazenu gaurko gaua...bidetik bidera ibilian, inon hau baino harrera txarragorik edo ez askoz hoberik izango zenuen, nonbait, eta... Ez zuen deus ere erantzun aurpegi estaliak, eserita zegoen lekutik jaiki besterik ez zuen egin, eta esku biak, bata bestearen gain, bular aldean ipini zituen, burua beheratu, eta gorputza gerriraino makurtu zuen, esker-agurra eginez. Bere hitz egin nahi ezetik, mairua zela antzeman zioten, eta kristaueraz ez zekiela, noski. Une haretan gatibua agertu zen, ordura arte bestetan ari izan ondorean, eta, hango denak bere bide-lagunaren inguruan zegozela ikustean, eta harek hitz egiteke ezer erantzuten ez ziela, mintzatzen hasi zen:
Ene andreok, neska gazte honek ozta-ozta daki nire berbeta, hizkera esan gura dot, bere jaioterriko hizkuntzaz besterik ez daki, bat ere ez, honegatixe ez deutzue erantzuten, inori ez deutso egiten eta.
Ez diogu ezer askorik galdetu – erantzun zuen Luszindak – gauon gure ondoan gera dadin gure laguntasunaz gain lekuttoren bat eskaini diogu, denok ongi moldatuko garelakoan, eta aukera denetik ahalegina opa diogu, atzerritik etorrita beharrean datozenei egin ohi zaien bezalaxe, emakumea denean, batik bat, laguntzaren beharrean dagoena batez ere.
Beraren eta nire izenean – etorperriak atzera – mun dagitzut, ene andre, eta eskerrik asko hau mesede hau dala eta, ondo baino hobeto irabazia dau, bai, eta zu-lako andere uren itxurako batengandik handia behar dau mesedeak, behar une honetantxe, arean, premiazkoago doguna.
Esaidazu, jauna – Dorotea mintzatzen – kristaua da, ala mairua, andere hau? Janzkera dela, isiltasuna dela, guk nahi ez genukeen zera dela iruditzen zaigu.
Mairua da, soinez eta soinekoz, baina, ben-benetako kristaua, arimaz bai, eta kristau izateko gurari handia dau, bihotz-bihotzean.
Bataiatu bagekoa, beraz? – Luszindak berriz ere.
Horretarako eretia bere ez – gizonak erantzunez – ; Arjel deretxon bere herrirean urten euanetik hona artean, ez dau horren beharrik izan, zera, esan gura dot, ez dala hil aginean edo arriskuan egon inoz, ez gitxi ez asko, eta ez dago zetan bataiatu gure Eliza Ama Santuak agintzen dauan guztia ondo-ondo ikasi aurreti; orain bai, Jaungoikoak gura badau, era danean, luzaro bagerik, bataiatuko da, bere mailako nordin bateri dagokion erarik egokienean bataiatuko; bere janzkerak eta neureak erakusten dauana baino askoz handiagokoa dan neurrian.
Honelakoak entzuten ari ziren guztiak, gero eta gero gehiago, jakin nahi biziaz zegozen, mairua eta gatibu-ohi hura nor ote ziren eta galdez; galdez eure buruari, ez zioten, honela ere, hari galdetu nahi izan, ordu haretan; haien bizitzako gora-behera guztien berri jakiteko baino lotarako garai hobea zela ongi eritzita.Doroteak, bada, eskutik heldu zion eta bere ondoan eserarazi zuen, eta aurpegiko estalkia kentzeko eskaritu zitzaion. Harek gizonari so egin zion, zer ote ziotson eta zer egin behar ote zuen galdezka bezala. Honek, arabieraz erantzun zion, aurpegiko oihala erantzi eta agerian agertzeko aginduz. Honela egin zuen, eta oso begitarte ederra erakutsi zuen, Dorotearen eritziz Luszinda baino ederragoa zen, eta Luszindak Dorotea baino ederrago eritzi zion; eta inguruko guztien eritziz, haiek biak baino ederragoa ez bazen, mairuak ez zien bekaitz handirik, eta ederragoko zerttobait bazuela eritzi zionik ere bazen. Berezko dohaina du ederrak ororen bihotz eta gogo guztiak bereganatzea, aisa biltzen ditu edertasunak bere alde eritzi zein nahi guztiak, eta honelaxe han berean ere, han hasi ziren denak, nor baino nor areago, mairu andere eder hari lagun egin nahian, gogo onez eta bihotz hobez.
Nola zuen izena, galdetu zion On Fernandok gatibuari, eta Lela Zoraida zeritzola erantzun zion honek; entzun zuen hau andereak, ulertu zuen, noski, izenaren galdez ari zirela, eta urduri bezala, larri antxean, hitz batzuk egiten hasi zen:
Ez, ez, Zoraida ez, Maria, Maria! – izena Maria zuela eta ez Zoraida adiarazi nahi zuen. Hauek hitzok entzunda, eta mairu andere harek egitean erakutsitako estutasuna, larri zegoenaren antza hartu zioten, hango batzuek nahiko lan ukan zuten negar malkoren bat baino gehiagori eusten; emakumeei, batik bat, hiruzpalau bai isuri zitzaizkien, emakumezkoa berez negarbera, bigun, izaitea. Luszindak maite-maiteki besarkatu zuen, "Maria, bai, Maria" esateaz batera. Mairuak, berriro, "Maria, bai, Maria" berresan zuen, eta "Zoraida makanje" gehitu zuen, "ezetz" esan nahi baitu.
Iluntzetik gauera zihoan, eta, On Fernandoren lagunek agindu bezala, txiriboginak abari ahalik eta gozoena atondu zuen, ahaleginak, behintzat, haretarako egin zituen, ardura handiz, eta, jatordua heltzean, morroeentzat izan ohi den mahai luze horietariko baten baranoan denak jarri ziren, ez biribilik ez laualdekorik ez baitzegoen beste mahairik arrotzetxe guztian. Mahai-buruan On Kixote eserarazi zuten, berak ezetz eta ezetz esan arren; Mikomikona anderea nahi izan zuen honek bere ondoan, bera zaintzaile dela eta. Gero Luszinda eta Zoraida eseri ziren, eta hauen aurrez aur On Fernando Kardeniorekin, gatibua eta gainerako zaldunak hurren, andereen aldamenean Apaiza eta Bizargina jarri ziren; honela guztiak, abari legea egiteari ekin zitzaizkion, gosea bera jaki eta ase guran denak; pozik jaten ari ziren, batak "abari ona" zioen, besteak "bapo afaltzen ari gara", "auhari biziki goxoa" bertzeak eta... hara, On Kixotek jateari utzi ziola ohartu ziren, bat-batean; ohartu ahala poztu, areago, bat baino gehiago, hizketan hasten zela ikusteaz, behinolako ahuntzain haien abari haretan bezala, barren-barrengo "goihats" edo zeraren batek eraginda, isilik ezin egonik, eta honela hasi zen mintzatzen
Ene jaun-andereok, ongi hausnartuz gero, egiatan, gauza handiak eta entzun ohi ez direnak, benetan itzelak, ekusten dituzte Zalduntza Ibiltarien Ordenan edo elkargoan sartzen direnek. Bestela, ba ote da inor, mundu honetan bizi denik eta orain bertan, gaztelu honetako atean barrena sartu eta, gu era honetan ekusita, gu nor garen edo gu garena garela jakin dezakeenik? Nork lioke nire ondoan dagoen andere hau, denok dakigun erregina handia dela, zeinek esan, berriz, ni harako Itxura Hitseko Zalduna naizela, hor zehar Ospearen aho-mihitan dabilena? Ospeak bainarama, bai, ahoz aho. Ez dago zalantzarik, gizonek sortu dituzten egiera eta eginkizun guztien gainetik dago, Zaldun Ibiltarion iharduera eta antzea; eta zeinbat eta arrisku gehiagori loturik egon, hainbat eta onetsiago behar du. Galbidean irabazten du. Ut hortik, hizkiek iskiluek baino alde hobea dutela dioten horiek!, edonor delarik ere, zer dioten ez dakitela esanen diet nik. Buru-lana, diote, soin-lanaren gainetik doa, honatx, horien erizpide soila, hauxe dute uste, honixe diote eusten. Burua soinaren gainean, noski. Iskiluak esku hutsez erabili ohi direla diote, egiteko hori zamaketari lana balitz bezala, indar zakar pixka bat nahikoa, hots; iskiludun garenok, gure langintza honetan, indarra ez ezik bihotza, gemena, eta adimena ere behar-beharrezko ez bagenitu bezala; oso adimen argia behar du bere ekintza aurrera eramaiteko, guda-gizonak, eta gorputzarekin batera gogoa behar du, horretaz, erabili. Etsaiez inguraturik dagoen hiria jagon behar duenean edo etsaien gazteluren bati eraso behar dionean dena behar. Bihotza eta zentzua guduan dira beharrago iskiluak baino, dioen esaera zaharrak ez dio gezurrik. Ekus bestela, ea, soin-indar hutsez sumatu eta antzeman ote daitezkeen etsaiaren asmo makurrak, egitantzea eta jokabidea zein duen, jo-bidean egon ote daitekeen eragozpenik, eta gainera letorkeen kaltea aldiz aurretik nola sahiets edo galaraz; hauek eginkizun edo asmakizun hauek adimenaren egiteari dagozkionak dira, eta adimenean ez du soinak agintzen, ez da gorputzaren nolabaiteko sorkari bat. Honela izanik, bada, iskiluek, hizkiek legeztxe, gogoa behar badute, "goihats" baten agindupean iharduten badute, ekus dezagun orain "izpiritu" bi horietarik zeinek egiten duen lan gehiago, iskilu-gizonarenak ala hizki-gizonarenak; bakoitzaren helburu edo helmugak erakutsiko du, zeinek duen helburu mazalagorik, ongarriagorik, eta horrexek irabazi behar du onespenik gehiena, nahitasunik handiena. Hizkien helburua, jomuga, eta ez diot ezer orain Jainkoagandik sorturiko hizkiez, berauek arima guztiak zeruratzea baitute helburu, hizkiena diot, bururik ez duen helburua da, ezin burutuzkoa beti, noski, eta honi, beraz, berdin dakiokenik ez da; gizonagandik sorturiko hizkiez mintzo naiz, jakina, helburutzat nori berea emaitea dutenak, bizi-lege zahar nahiz berriak neurtu eta erabakitzeaz gain, eta legeok zuzen eta zintzo betetzen ala betearazten diren ekuskatzeaz batera. Helburu ederra, noski, bihotz-zabaleko eta jasoa, gora handiak irabazten dituena; ez, haregatik , hain gora eta ez hainbat, iskiluez lan egiten dutenak baino gorago igo daitezen, azken baten, berauen helbururik atzenena, hondarra eta amaiera, bakea da, bizialdi honetan gizakiak nahi izan dezakeen ontasunik eta ondasunik onena baita. Hara, munduak eta munduan gizonek lehendabizi jaso zuten berri ona, aingeruek, gogo otzaneko zerutar haiek, harako gau haretan, guretzat egun-argi izan zen gauean, airez aire kantari ekarri zuten hura izan zen: "Aintza zeru-goietan, eta bakea lurrean gogo oneko gizonei"; eta zeru-lurretan izan den Maisurik onenak bere adiskide kutunei irakatsi zien agurra hauxe: "Bakea bedi etxe honetan", etxeren batera sartutakoan esan zezaten; Berak, ere, asko-askotan honela esaten zuen: "Nire bakea emaiten dizuet, nire bakea uzten, bakea bedi zuekin", ederra oparia, ezinago ona dohaina, eskutik eskura eman eta utzia, hain bagerik ez lurrean ez zeruan ezer onik ezin da eta. Bakea, beraz, guduaren benetako helburua da, izan ere, iskilu esan eta gudua esan bat da. Egia hau garbitu ondoan, guduaren helburua bakea dena alegia, argi dago honetan hizkiaren helburuari alde handia kentzen diola guduak, eta gatozen orain ikertzera, ea, zeinek daraman soin-lanik latzena, hizkizaleak ala gudazaleak, edo, nahi baduzue, zein nekagarriago lege-gizonaren ala gerra-gizonaren iharduera.
On Kixote beti mintzo, hizketan egoki ari zen, eta hitzaldia aurrera zihoaino, han entzule zegozen guztiak adi, ez zuen inork ere uste zoraturik zegoenik; alderantziz, gehienak zaldun izanki, iskiluak datxekizkiela ibili ohi direnak horretaz, begi onez eta belarri hobez entzuten zioten, pozez harroturik, eta, hari beretik, aitzina jo zuen hizlariak:
Beraz, bada, badiot ikaslearen nekeak hauek direla: diru-eza batik bat -ez, noski, denak txiroak direlako, adibide hau azken ertz-ertzean ekusarazi nahi dudalako baizik-; eta diru-eza aipatuz gero ez dut uste zoritxar horretaz gehiago esan beharrik dagoenik; dirurik ez dadukanak ez du ezer onik. Diru-eza zatika jasaiten du, den gosea, den hotza, den biluztasuna; batzuetan banaka besteetan multzoan batera; honela eta guztiz ere, ez da hainbesterainokoa, ez baita jateke geratzen, ohiz baino beranduago bada ere, aberatsen papur edo hondarkinak baino ez badira ere, jan jaten du; honezaz gain, ikasleen lotsakizunik negargarriena "zopa-zurrean" , eurek berek deitzen dioten eran esateko, ibili beharra da, batek edo batek "zopa-zuhurra" ere esaten dio, "zimurra" behar luke baina. Ez dira sutondorik bage geratzen, non edo non beti badute txingar-ontzirik, ongi berotzeko ez bada ere, hotza epeltzeko behintzat, eta, azkenean, gauez lo egiteko, sakaperen baten ez bada, etxe-barruren baten egin ohi dute leku. Ez nuke beste huskeriarik hizpidera ekarri nahi, alabaina, zeinbait holakoz jakiteagatik, esate baterako, alkandorarik eza aipatuko nuke, eta zapatetan edo oski berri nahiz zaharretan beti urri ibilten direla jakina dugu, aldagarri guti eta maiz erabiliaren ondorioz maiza, soineko ihetxetua dute gehienek, estalgarri maraztua eta beti argala; halabeharrak "oturuntza" handiren baten aukera mahairatzen dienean, ase eta bete egiten dira, aukera-maukera azkenean okerra gerta ez dakien edo mauka-mauka ekiten zaizkio dagoenean dagoenari, okitu arte. Irudiztatu dudan bide horretan zehar, malkar eta neketsua nonbait, oztopo hemen, erorka han, batean trango, bestean zoztor, zutik harantz, muturka, berriz, honantz, heltzen dira, iristen noizbait, nahi duten helmugara, tirriatzen zuten mailara; hamaika honelako! eta helmugara iritsitako batzuk ekusi izan ditugu, Scila eta Caribdis haitzetan gaindi iragan baikoz, hondar-ibi sakon zeinbait zeharkatu ondorean, zurrunbiloan barrena ibili eta gero, zori onak bere hegopean hartu, gora jaso eta gailurren baten gainean jarri direnak; aldi onak ekarrita, hor ekusi izan ditugu batzuk, aulki batean eseri eta mundua zuzentzen, agindurik agindu ludia jaurten edo gobernatzen; lehengo behinolako gosea orain asea, lehen hotz zirenak orain giro epelean, ia biluzik ibilitako haiek orain apain-apain janzten dira, lastaira hutsaren ordez holandaz eta damaskoz jantziriko oheetan egiten dute lo; hau guzti hau, noski, onbidez irabazitakoa dute, agidanean, den-dena beren adimen eta egimen, gaitasunari, hots, zor zaion saria baino ez da. Baina, honela ere, horien lanak, nekeak, zer dira? guda-gizonen lanen aldean horiek oso atzean, denetan gibelean geratzen dira, orainez gero esanen dizuedanez.