Oi arima hilezkor dohatsuak
lur doilor honetan goiti jaikiak
zeruko eskuinean egokiak
izan baitzarete, betikotuak
Giza gorputzen beso indartsuak
gogor zenituzten erabiliak
odolez itsas-lehorrak gorriak
gorrotoz errez urak eta suak
Bizia galdu zen, ez ausardia
besoak akitu baina hiltzean
azpiratu arren beti garaile
Non-nahi handitzen ospe handia
zuek bizian bezala hilean
zerua duzue aintza emaile
Horrelantxe dakit neuk bere – Gatibuak esan zuen.
Gaztelukoak, bada, oker ez banago – zaldunak – honela dio:
Lur zeken, andur, antzuotan gora
bizirik hiru mila gudariren
arima txit santuak igo ziren
lehorretik egoitza betikora
Hutsa jo zuten, inondik inora
indar hutsez, hainbat bular handiren
beso zailen indarrek, inoiz diren
onenak emanez ezpata-ahora
Menderen mendez hau dugu lurra
gertaera negargarriz betea
oroit eta gurtu behar duguna
Hainbat arimak azken agurra
egin bertan, zerurantz joz bidea
hilean zeruko lehen eguna
Txarrak ez zirela eritzi zieten hango guztiek, eta Gatibuak poz handia hartu zuen, bere lagun-ohiaren berri ona eman ziotelako, eta bere kondaira "garanduz" aurrera joan zen, honela:
Goleta gazteluagaz batera galduta, turkuak Goleta txikitzen hasi zirean -gaztelua, lur jota egoanez, ez zan txikitu beharrik- eta, ariñago egitearren, hiru lekutan eztanda eragiteko zuloak bete bai baiña, gogorrena ez irudiena ezin euen apurtu, harresi zaharrak esaterako; barria zan guztia, Fratinek eginikoa, behingo baten jausi zan. Tira bada, atzera gudarostea Konstantinoplan agertu zan, jaun eta jaube, eta ilbete gitxigarrenean nire ugazaba Utxali, Utxali Fartax eritxona, hil zan; izen hau, "trukuen" berbetan, "txirripitin ezkabizto" da, izan bere halangoxea zan eta ohitura daue bakotxari hutsune edo oker edo makurren baten izena emoitea, eta onik egoitekotan ontasun horren izena bere bai, gitxiagotan; eta zergaiti, bada, euren artean lau narea baiño ez dagoalako Otoman Etxeti datorrena, izen handikoak direanak, beraz, gitxi; beste guztiak gorputz edo arimaren akatsen bateti edo hartu ohi daue izena, eta goitizena - guk-u uzena diñoguna haretan bere-.
Ezkabizto honek, hamalau urtean, boga egin euan Jaun Handiaren jopu; hogeta hamalau urte baiño gehiagoko zala, bere fedeari uko egin eutson, "truku" batek zaplateko bat emon eutsolako amorruaz, eta harixe aspertu guran fedeari utzi. Erru larriko gizona zan, Argeleko errege izaitera heldu zan, eta ez, Turku Handiaren inguruko beste batzuek ohi legez bide sastarretik igoaz, ez; geroago, itsasoko "keneral" izan zan, jaurerri haretan dagozanetarik hirugarren maila. Jaiotzez kalabriarra zan, izaitez ona gizona, zindoa, gatibuentzat be zintzo askoa, gizalegezkoa; hiru mila gatibu edugiteraiño heldu zan, eta hil ondorean, berak halantxe gurata, batzuk Jaun Handiaren zerbitzura joan zirean eta beste batzuk fede-utzitako batzukaz joan zirean; orduan, halan egiten zan: hilburukoan agindua legea zan, eta gatibuak hildakoaren semetzakoak zirean, ondoreangoak. Ni beneziar baten gatibu bihurtu nintzan, Utxalik atxitu, ontzi bateko txo zala, eta gatibutu, baiña oso maite euanez, bere mutiletan opari gehienak irabazitako bat zan; gero, fedea utzita, inox ekusi izan dan ankerrena izan zan. Azan eritxon izenez, oso aberastu zan, Argeleko erregetzara heldu baiño lehenago eta geroago; Konstantinopla-rean beragaz etorri nintzan, Espainiara hurreratutxuago eta pozik; ez iñori nire bizimodu txarraren barri emaiteko asmorik nedukalako; baina Argelen Konstantinoplan baiño "adu" hoberik lortuko ete neuan; hamaika bider saiatu nintzan handik iges egiten, baiña alperrik; eta Argelen gura neuana lortzeko usterik etorri ddatan, askatasuna berreskuratzeko itxadopena baneuan, sekulan ez dot nik galdu esperantza; asmoa bateti, pentsatu eta egin, eta, azkenean, amaiera besteti, baiña, gero, barriro bere, itxaropen apur bateri eutsi, baldartu ez ni iñoz, eta, itxadopen makala izanagaiti neu ekin, ekiten nintxakon. Askatasuna beti buruan, gu mendietan aske bizitzen ohituak izaitea, gero. Nire bizitza halan ddoian, espetxean, turkuek "baño" esaten deutsoen etxe baten barruan, kristau gatibuen "txakala-korta", kaiola Erregeenak zireanentzat nahi beste edonorenak zireanentzat; gero, beste batzuk baegozan, "almazenekoak" esaten eutseen, "herriko gatibuak" esan gura dauana, hain-hainean, urian zer edo zer egin behar dala eta eurek egin behar; askatasuna gatxa zan honakoontzat, zailagoa: herriko guztienak zireanez gero ez zirean inorenak, jaube bakarrik ez, eta askatasuna erosi gurata bere, nogaz tratua egin ez eduken.
"Baño" esaten eutseen etxeotara, esan dodana legez, herriko batzuek euren gatibuak eroaten zituen, saltzaiteko zireanean batez bere, han barruan nasai eta ondo gordeta edukezan, erosi artean. Erregearen gatibuak, salgai egozanean, ez zirean ateratzen lanera beste jende txarragaz batera, erostera etorten belutuz gero bai, orduan lan eragiten eutseen, gogorrago ta griña handiagoz, besteakaz egur eske eroaten zituen, hau ez zan, gero, lan makala eta; zergaitik eta, zera, lana gogorra bazan eurek askatasuna gurago ei euelako eta nori edo nori bidalduten eutsoen eurak erosteko beharraren barri.
Neu, beraz, salgai nengoan; kapitaiña nintzala jakin euneneko, ogasunik ez eta norakorik bere ez nedukala esan arren, alperrik, erosteko lekuan egozan zaldun eta beste jendeagaz ipiñi ninduen. Katea batez lotu ninduan; ez lotzearren, ez, salgaia naintzala ezagututeko baiño; halan bada, bizitza "baño" haretan egin, zaldun askogaz eta erostekotan egozan beste lagun nagusi batzukaz; goseak eta narrugorriak sarritan min, baiña, gehienetan, ez euskun min handiagorik emoiten gure ugazabak, kristauak zelango ankerkeriaz erabilten zituan ekusi ta entzuteak baiño. Iñoz halangorik! Egunean-egunean bat sokatik esegitzen euan, urkatu, beste bat makillaz josi josten euan, beste bateri belarria mozten eutson; eta hau guzti hau ez ezergaiti bere, turkuek baekien, ondo jakin, egitearren egiten euala, egite hutsagaiti, berez behar eta bera gizonen hiltzaille zan, izan. Haregaz gauza onik ez; alabaiña, gudamutil espainiar bat, bakarra, Saavedra goitizena ei euana, ozta-ozta onik atera zan harengandik; honeri ez eutson kalterik egin, ez eragiten behartu bere, ez makillaka erabili, ez berba dongerik egin bere; askatasuna lortzeko bereak eta bi egin zituan mutila zan, eta beti bildurraz ebillan, ze, gitxiagogaiti bati baiño gehiagori makilla sartu eutsalako; bildurrak jota ebillan, bada, eta, lekurik ez dagoalako, ez bada bere, hemen hasiko nintzake ni, apurka-apurka, mutil horrek egin euan guztia azaltzen, nire kondaira entzunaz baiño atsegin handiagoa hartu eta harrituago geratuko zineekean.
Esan dagidan bada, gure espetxeko larren ganean, mairu aberats baten etxeko leihoak egozala, mairuenetan ohi legez, leihook zulo baiño gehiago ez zirean, zapi zarratu batzukaz estalduak. Egun baten, bazterrean hiru lagun, kateakaz matxin-saltoka olgetan ezeginean genbiltzala, bakarrik gu, beste kristau guztiak lanera aterarazoak izan zireanean, begiak goratu eta leiho edo leiho-zulo batean, halango kaiñabera edo zardairen bat ekusi uste neuan, eta musturrean edo zian, zuek punta esaten dozuena, zapitxo bat edukana, lotuta, batera eta bestera erabiliaz, ekusgarri izan guran legez, zelanbait hara joan gintezan deika laso. Begitu eta begitu guk, eta gutariko bat hurreratu ddakon, leiho azpian jarri zan, ea zer zan edo zer gura euan ulertzeko asmoagaz; heldu eta dzast! barruratu zan, eta gero, barriro atzera atera zanean, makilla albo batera eta bestera eroan-ekarriz ezetz esateko eran agertu zan, buruaz egin ohi dana legez. Kristaua bihurtu eta barriro beherantz makilla, lehengo haserako gora eta behera bardiñak egiten. Joan zan beste lagun bat eta bardin; hirugarren bat hurreratu eta bardin. Neuk dan hau ekusita, joaitea erabagi, ea zer zan edo, eta hurreratu nintxakonean, leihopean jarri ta tanpa! jausten utzi euan, nire oiñetara. "Baño" barrura jausi zan, zapitxo lotua askatu neuan, korapilloa eginda egoala eta barruan hamar "ziani" edukala ekusi neuan; zera, mairuek eskurik esku darabilen urre txarrezko txanponak dira, gure errealetan bakotxak hamarna balio. Poztu nintzan poztu, esan beharrik ez dago, harritu ddatan aldi berean; zerarren eta nondik nora halango saria igarri eziñik nengoan eta; neuri ganera, besteai emon ez eta neuri egin gura izan eustan mesedea, gero. Hartu neuan dirua, eten kaiñabera, bihurtu nintzan gure bazterrera, leihoa begiz jo neuan, eta, hara non ekusi esku zuri bat, oso zuria, ageri zala, itxi-edegi behin eta behin keiñuka ebillana. Emakumezkoren bat izango zan, jakiña, etxe haretan bizi edo zana, guri oparia egindakoa; eskerrak emaiteko eran, mairuen antzeko zurikeria batzuk egin genduzan, agur eta agur, burua makurtuaz, gorputza aurrerantz, besoak bularrean ipiñita. Harean gitxira, leiho bereti gurutze txiki bat ageri zan, kaiñaberaz egiña, eta barrura barriro atzera. Ezagugarri garbia zan etxean emakume kristauren bat gatibu egoana, eta hauxe guri oparia egin euskuna; eskuen zuriak eta eskuturreko edo besoko irrindelak ekusita, ostera, eritxiaz beste egin genduan, eta fedebako kristau izana zalakoa otu ddakun; honelakoa bazan, ugazabaren andrea zan, legez egindakoa, ze, hau egiteko ohitura dauelako hango gizon handiek, eta askotan euren herrikoak baiño maiteago izaiten ditue. Egiatik urrun, asago, ebili giñean gure burubideetan, eta, aurrerantzean beti leiho hareri begira joaiten giñean, ez genduan besterik, kaiñabera haregaz agertu ddakun izar hari begiratzea baiño; hamabost egun, bai, joan zirean, halan bere, ekusi baga, ez eskurik ez beste ezer zan ageri. Handi edo hemendi, nor ete zan etxean bizi zana eta hori guztia, jakin nahi handiagaz inardun genduan arren, mairu handiki bat bizi zana baiño ez euskun inok esan, aberatsa zana, Agi Morato eritxona, Patako endore edo halako zer-edo-zer izan zana, mailla handikoa beraz; ez genduan asko uste ziani gehiago jausiko ddakunik leihorean, eta usterik gitxienean, hara non agertu zan barriro kaiñabera, eta beste zapi bat makillaren zian lotuta, korapillo handiago bategaz ganera; "bañoan" ez egoan jenderik, erdi hutsik egoan baten izan zan, lehen haretan legez. Barriro egin genduan, bada, besteak nire aurreti hurreratu eta, baiña iñori ez eutson kaiñaberak agurrik egin, ni heldu nintzan arte; orduan bai, kaiñabera jausi zan. Korapilloa askatu, urrezko berrogei ezkutu txanpon espainiar aurkitu neuan, eta honegaz batera arabieraz "eskribiduta", edo orain esaten dana legez idatzita, paper bat; beheko aldean gurutze handi bat eta guzti. Mun egin neutson gurutzeari, ezkutuak hartu nituan, gure etxeko sabaira bihurtu nintzan lagunakana, agurrak eta makurrak egin genduzan, agertu zan barriro eskua atzera, papera irakurriko neutsola adiarazo neutson, zelan edo halan, itxi euen leihoa. Bateti alai besteti nahasturik geratu giñan, arabieraz ez jakitea ordea iñok; eta ezer esan gura euskun, paperean etzana zer ete zan, jakiteko gogo lehiatsuagaz gengozan; eta nok irakurriko billatu beharra. Atzenean, fedebako bateganik entzinduta, Murtziakoa bera, emon neutson eskura; nigaz lagun handia egindakoa zan, alkarregaz ixilpeko batzuk agertuta gengozan eta honexek beti lotu egin ohi dau, ze, honango fede galdutako batzuek, barriro kristauetara bihurtu nahi dauenean, gatibu nagusi batzuen baiduria bat eroan daroe, zin eginaz esateko ondo kristau ona izan dala, beti kristauakaz zintzo izan dala, eta ahal dan ariñen iges egiteko asmoagaz bizi izan dala beti. Fede hau eginda, batzuek baiduria onerako erabilten daue, beste batzuek, ostera, gaiztoa beti gaizto, edozein txarkeria egiteko: kristau-herrietara ostutzera etorri, lapurretan atxitu eta gatibu eginaz gero, euren burua zuritzeko, garbi ageri nahian, baiduria sakeletik atera eta hona ni! kristau ona, fededun zarratua naz eta ezin nau iñok kateaz lotu, esaten deutsoe, eta guzurretan ohi diñotsoe iñori turkuakaz etorri arren nagusien baiduria daukela. Eta hor doaz joan lotzaga, aske, noragura, Eleizagaz bat egiten dauen arren beti euren gurariagaz gora ateratzen dira; kalterik ez eurentzat, eta ahal danean, barriro atzera turkuetara bihurtzen dira, lehengo fedebakotzarrak izaitera. Beste batzuk ez, on-onean erabilten daue baiduria, asmo onagaz beti, eta kristauen artera etorrita zintzo-zintzo geratzen dira betiko. Bada, fedebako haetarik bat nire laguna zan, gure baiduria guztiak hartutakoa, ahalik ondoen berba egin genduan haren alde, kristau ona zala eta hori paperean etzanaz, kristau benetan zintzoa zala eta, gure baiduria mairuren baten eskura jausi balitz, bizirik erreko euan. Arabieraz ondo ikasi euana banekian, berba egin ez eze irakurri bere bai; nire papera emon neutson, beraz, ezer askorik azaldu baiño lehenago, nire txabolako zulo baten aurkitua zala esanda. Idegi euan, begira-begira egon zan, hagiñen artean ez dakit zer esaten hasi zan, irakurriaz edo; ea ulerretan euan nik hari, eta baietz, oso garbiro, eta ea berbarik berba esatea gura ete neuan; baietz erantzun nik; eta hobeto egiteko papera eta luma bat behar euala esan eustan. Emon geuntson, hasi zan apur-apurka eta gure berbeta edo hizkuntzara bihurtuten amaiturik, esan euan:
Hemen erromantzez, zera, gazteleraz, dagoen guztia, hitz bakar bat ere huts egin bagerik, arabierazko paperetik jasotakoa da, eta, hemen, Lela Marien dioen honek Andere Dona Maria esan nahi du.
Papera irakurri genduan eta hona hemen:
"Haurra nintzela, nire aitak jopueme bat zuen, nire hizkuntzan griristinoen "zala", zuen hizkeran otoizpide esanen dut, irakatsi zidana eta Lela Marien-i buruz beredin gauza esan ukan zidana. Emakume giristino hura zendu zen, eta ez zen sutan hil, Alarekin baizik; ongi dakit nik, zeren, geroago birritan ikusi bainuen, eta Lela Marien ikustera giristino-herrialdera joan nendin esan zidan, biziki maite ninduela eta. Nola joan ez dakit: hainbat giristino ikusi dut leiho honetatik, baina zu kapare bezala iruditu zaidanik bat ere ez. Ni neska gazte ederra naiz, diru asko dadukat aldean eramaiteko, ea zuk asmatzen ote duzun nola alde egin hemendik elkarrekin, eta nire senarra izanen zara, nahi baduzu, eta nahi ez baduzu, ez dit axolarik emanen, azken baten, Lela Marienek emanen baitit senarren bat. Hau nik idatzitakoa duzu; begira nori emaiten diozun irakurtzen: ez egizu entzindu arean mairu batengandik ere, denak "marfuz", xuriak dira eta. Hauxe oso dut gogoan hartu beharra: inori ez agertzea, ez erakustea; nire aitak jakin baleza zulo batera egotziko baininduke, eta harriz estaliko. Kainaberan, erantzuna lotu dezazun zapi bat ipini dut; arabieraz ezin baduzu, esaidazu keinuz, Lela Marienek ulerraraziko dit eta. Zain zaitzatela Beronek eta Alak; eta gurutze honek, jopu giristino harek agindu bezala sarritan munkatzen dudan honek".
Hona hemen, jaun-andreok, zergaiti harritu eta alaitu giñean paper honetako arrazoiakaz; halan, bada, bateti edo besteti susmorik hartu eta fedebako harek papera gutariko batek idatzitakoa zala uste ei euan, ez iñon guk aurkitutakoa; egia esateko, arren, eskatu ddakun, beragandik entzindu egiteko, eta berak bere bizia arriskuan ipiñiko euala gure askatasunaren alde. Hau esanda, kolkorean gurutze bat atera euan, metalezkoa, eta negar asko egiñaz bat Jaungoikoaren izenean zin egin euan, gurutze haren Jaungoikoa sinistu eta erregutzen euana zalako, beti gure onerako fidel egongo zala, beti kirmen, gure ixilpekoa ixilean gordeko euskula; benetan uste eta are igarri bere egiten euala, esan euskun, gure paper berak gure berbetaratu haren bitartez, guk askatasuna lortuko genduala eta berak bere bai, eta honen ostean, berak gura euana legez, barriro Eleiza bere amaren ondora hurreratuko zala, aspaldian urrundua, usteldua, egon eta gero, bere pekatuagaiti eta jakiñ-ezagaiti. Hainbat malko, taska-taska, eta hainbat damu itxura ta garbai egiñaz gu danok sinistuarazo eta egia nondi-norakoa zan erakutsi geuntson, zehatz-mehatz. Leiho-zuloa zein zan ekusarazo, bai berak etxea zein zan ondo buruan hartu bere, eta bertan nor bizi zan, zelan edo halan, kontu handiaz, jakingo euala. Neska mairuaren txartelari erantzun behar eta fedebako hari berari idazteko agindu geuntson, mesedez, nik esan ahala, eta oraintxe azalduko ditudan esaerakaz erantzun genduan; ze, hango orduko jazoera guztiak ondo buruan gordeta dadukadaz, bat bakar bere ahaztu ez ddat, ez ahaztuko bizi nazan artean. Honakoxe erantzuna geurea
"Benetako Alak zaindu zagizala, ene andre, eta zaindu Marien bedeinkatuak, Jaungoikoaren egiazko ama danak, ondo maite zaitualako kristauen herrira joan zaitezala gurata, bertorakoxe gogoa piztu, bihotza berotu egin deutzunak. Egiozu erregu Berak argitu dagitzun agindutako hau guzti hau behar dan baizen ondo egin ahal izaiteko, hasi ta amaitu arte jausi bagerik gura doguna lortzearren; on-ona da Bera eta eskatu legez emongo deutzula ta nago. Neure aldeti eta hemen nigaz dagozan kristau guztien izenean, ahal dodan eta dogun guztia egingo dogula zure alde eta zure onerako opa deutzut, hil arte. Ez utzi niri zure pentsamenduen barri emon bagerik, neuk beti erantzungo deutzut eta; Ala handiak gatibu kristau bat erakarri deusku, zure berbeta ondo dakiena, paper honetan ekusi ahal dozun eran. Holantxe, bada, bildur baga, nahi dozun guztiaren barri emon ahal deuskuzu. Kristau-herrira joan ostean, nire emaztea izango zarealakoaz, baietz neuk, kristau ona nazan aldeti, neure berba emoiten deutzut holangoa izango zareala, eta badakizu kristauok mairuak baiño askoz hobeto betetzen dogula emoniko berba. Ala eta Marien bere ama egon bediz zure zaintzan, ene andere".
Papera idatzita itxi neuan, eta "bañoa" hutsik egon arte egun biz itxadon, gero, ohi legez, etxe ganeko sabaira agertu nintzan, ea kaiñabera ekusiko ete, eta laster atera zan leihorean beheti. Nor zan ez neuan ekusi, baiña papera erakutsi neutson, hariari lotuko neuala adiarazoz; lotu neuan, eta harik laster, gure izarra eta izara ageri zan, bake-zapi zuria makillan korapilaturik. Jausten utzita neuk hartu eta jaso neuan, eta zapian berrogeta hamar ezkutu baiño gehiago, urre nahi zidarrezko txapon batzuetan aurkitu nituan, gure poza beste hainbeste areagotu euskuenak, eta askatasuna eskuratzeko itxaropena handiagotu bere, neurri berean. Gau haretan bertan gure fedebakoa bihurtu ddakun, eta , esan euskunaz, etxe haretan Agi Morato izenaz ezaguna ei zan mairua, guri aitatu euskun ber-bera, bizi zala jakin euan; aberats-aberatsa zan gizon hak alaba bakarra euan, ogasun handiaren jaubegai eta Berberiako emakumerik ederrena zana, uriko jende guztiaren eritxiz. Errege ordeko batzuk emazte hartu gura ebili ei zirean, baina berak iñoz ezkondu nahi ez eta beti uko egin ei eutsela esan euskun, eta, gehiago, emakume gatibu kristau bat edugi ei euala, aspaldian hildakoa; dana, beraz, paperetik ikasia legez.
Fedebakoagaz batzartu giñean ea zelan egingo neska mairua aterarazoteko eta danok kristauetara zelan alde egin asmatu guran, eta azkenean, Zoraidaren bigarren deiaren begira itxadoten egoitea erabagi genduan, orain Maria izena hartu gura dauanari hala eritxon orduan, ondo ekusten gendualako harexek emon behar deuskula laguntza ezinbestekoa hango zulo ta buruauste haetati aterako bagiñean behin-da-betiko. Erabagirik egoan, eta fede galdutako harek ardurarik baga egoiteko esan euskun, berak, bizia bera galdu behar-ta bere, askatu egingo genduala. Bañoa lau egunean jendez beterik egon zan, eta honegaiti kaiñabera ez zan ageri egunotan; boskarrenean, hutsik egoala eta, han agertu zan, zapia lodi eta umedun antzean erditzeko zori onaren begira gu. Makurtu zen kaiñabera, eta zapia batera, neure aldera, ohi zana legez; beste paper bat eta urrezko ehun ezkutu, beste txanponik ez, aurkitu nituan. Fedebakoa hantxe egoan, papera irakurteko emon geuntson, eta holantxe iñoan
"Nik ez dakit, ene jaun, nola egin Espainiara joan gaitezen, Lela Marianek ez dit esan, galdetu badiot ere; zera egin ahal dugu, nik leiho honetatik urrezko diru asko emanen dizut, eros ezazuke zeure askatasuna, eta zure adiskideena, eta bihoa bat kristau-lurretara, eros bertan txaluparen bat, eta betor besteon bila; ni neure aitaren lorategian edirenen nauzue, Babazon-go atean dago, itsaso ondoan, uda oso honetan nire aita eta otseinekin egon behar dudan lekuan. Bertotik, gauez, beldur bagerik irtenaraz nazakezue, txalupara bidean. Eta ez ahantz nire senarra izanen zarela, bestela, Lela Mariani zu zigortzeko eskatuko natzaio. Txalupa ekartzeko inorengaik entzindu ezean, aska ezazu zeure burua eta zoaz, zu bai, zu itzuliko zara, uste honetan nago ni tinki, kapare eta giristino baitzara. Ikas ezazu lorategia non dagoen, eta hor zehar ibiltzen zarelako "bañoa" hutsik dagoela jakinen dut, eta anitz diru emanen dizut. Alak zain zaitzala, ene jaun".
Hauxe bigarren paperekoa, danok ekusi eta bakotxak, bera diruz askatua izaiteko bere burua eskainiz, txaluparen eske joan eta atzera etorriko zala esaten euan, neuk bere bai, baiña fedebakoak ezetz, danok batera joan behar genduala askatasunerantz, bestetara ez euala berak lagako; eta esaten euan hau berak baekiala zergaiti, eta zein guzurtiak izaiten zirean gatibu izandakoak emoniko hitza betetzerakoan; berak jakin baekiala, askotan jazorikoa zalako, gatibu nagusi batzuk, diruz askatasuna erosita, Balentziara edo Mallorkara joan, bai, joan zireana, diru asko eroiela, txalupa bat tresnaz eta iskiluz osatuta barriro atzera besteakana etorriko zireala esanda, baiña, iñoz berragertu ez zireana; azken baten, askatasuna erosiz behin lortuz gero barriro atzera etorriz galtzeko bildurrak berak emoniko berba guztiak gomutati brast! kentzen deutsoz. Egia iñoala zehazteko, berak ondo ekian jazoera bat azaldu euskun, labur-labur, kapare kristau batzuk tartean egozanekoa, benetan hango bazterretan iñox jazo danik harrigarriena, eta ez dira gitxi, ez, han jazoten direanak, ez izugarriak ez direanak bere gitxi. Halantxe bada, zer egin behar zan eta zelan berak esan euskun, eta dirua berari emon behar ddakola, Argelen txalupa erostearren, Tetuan eta hango itsasaldean sal-erosketan ebiliko zan txutxuaz edo akiakulaz; eta, gero, txalupa-jauna izanda, danak "bañoti" kanporatzeko eta uraz beste aldera eroaiteko zer edo zer asmatuko euala. Ganera, neska mairuak dirua, berak esan euan moduan, emoiten baeuan, danak askatzeko, hauxe egin-da-gero itsasoratzea erreza izango zala, eguargiaz izanagaiti bere; txarrena edo gatxena, zera, mairuek ez euela lagatzen fedebako batek txaluparik erostea ez edugitea, lapurretan ebilteko ontzi handitxoa ez bazan, ze, uste izaiten daue, txaluparen bat erosten dauanak, espainiarra bada areago, kristau herrira joaiteko baiño gura ez dauala; hau bere, baekiala zelan konpondu eta halan esan euskun, mairu "tagarino" bategaz alkartea egiñaz, biak batera txalupa erosteko, erdizka bai ordaiñak bai irabaziak, eta honen gerizpean bera jaubetuko zala txalupaz, eta kito, dana konponduko euala. Guri, baiña, neskak esan euskunari jaramon egiñaz bat edo Mallorkara txalupa baten eske bidaldutea asmo hobea iruditzen ddakun, holan da guztiz bere, ez geuntson ezetz esan, fedebako harek berak nahi euan erara egin ezean, agerian ipiñiko ginduan bildurrarren, ze, hauxe eginaz gero gure bizia arriskuan egongo zan, Zoraidagaz berba egindakoa jakinez gero batez bere; honexen alde guk guztiok bizia emoiteko gerturik gengozan eta, asko pentsatu bagerik, geure burua Jaungoikoaren eta fedebako haren esku utzi genduan. Zoraidari erantzunaz, agindutako guztia egingo genduala esan geuntson, berbarik berba, Lela Marianek ber-berak agindu baizen ondo esan euskula eta. Bere esku, esan geuntson, lehen bai lehen egitea edo geroago egitea, besterik ez. Barriro neure burua eskaini neutson, senar izaiteko, eta honenbestez, beste egun batean, "bañoan" bakarrik nengoan batean, kaiñabera zapiagaz gora eta behera, urrezko bi mila ezkutu emon euskun, eta paper batean, lehenengo "jumán", barikuan esateko, aitaren lorategira joango zala jakinarazo euskun, eta joan baiño lehenago diru gehiago emongo euskula. Nahikoa ez bazan, esateko agintzen euskun, eskatu ahala emongo euskula, aitak hainbat edugita ez zala konturatuko, batzuk gora-behera, ganera giltza berak edukala-eta are gitxiago. Fedebakoari bostehun ezkutu emon geuntson txalupa erosteko; zortzirehun ordaindu neuan nik neure burua askatzeko, orduan Argelen egoan merkatari balentziar bateri emonaz; honek erregeari ordaindu eutson eta bere esku hartu ninduan; hau egiteko erregeari zin egin eutson Balentziatik etorriko zan lehenengo itsasontzian dirua ekarriko eutsola, ze, dirua han bertan emon izan baleu erregeak susmo txarra hartu ahal izango eutsola-ta, beharbada, dirua aspaldian Argelen bertan egoalako susmoa, eta merkatariak ixilpean gordeta edugi eualakoa. Azkenean, nire jaubea beti aiko-maiko ebilten zana zalako dirurik emoitera ez nintzan azartu. Zoraida ederra lorategira joaitekoa zan bariakuaren aurreko eguenean, beste mila ezkutu emon euskun, eta baddoiala esan; neure burua askatuaz gero aitaren lorategia non egoan ikasi nengian eta ahal zan abagadunean ekustera eta billatzera joan nenkion erregutzen eustan. Egin egingo neuala agindu neutson berba gitxitan, eta gatibu harek irakatsitako otoitzakaz Lela Marian-eri gure alde egin dagian eskatzeko esan neutson. Hau egin ostean, neure hiru lagunak askatzeko agindua eman zan, "bañoti" lehen baiño lehenago urteiteko, ze, neu askaturik eta eurak barruan geratuta, dirua egoan bitartean, beharbada, hasarretuko zirean, eta Txerrenek aginduta Zoraidaren kalterako zer edo zer egitera joko ete euen bere. Zireanak zirealako bildur honegaz nengoan, eta ez neuan arriskuan ipiñi gura arazoaren konponbidea; honegaitixe, neu legez askatzeko agindua emon neuan, diru guztia merkatariari emonaz, gure danon bahitura laster eta behar zan eran ordaindu egiantzat, baiña iñox ez geuntson gure asmoa azaldu edo zehaztu, ezelan bere ez, galtzeko arrikua zala-ta.