Halaxe, bada, hainbat hots egin On Kixotek eta ostatuko ateak irekita txiribogina jalgi zen, izu-lauorrian, ea oihu horiek nork egiten zituen jakin.minez, eta besteek ere berdin egin zuten. Maritornes, ahotsek esnatua, zer zen gertatzen ari eta laster igarrita, lastategira joan zen, inork ikusi ez eta On Kixote lotua zedukan buruhala askatu zuen; erori zen, tanpa! lurrera, ostatuko gizonak ikusi zuen, bidaiariek ere bai, hurreratu zitzaizkion, galdetu zioten ea zer zuen halako ahotsak egiteko. Ez zien ezer erantzun, eskuturretik uhala erauzi zuen, zutitu zen, igo zen Rozinanteren gainera, adarga besoratu zuen, aztatzarra galtzarberatu, eta landa erdirantz abiatu zen, berehalakoan, trapala ttikian itzultzeko, zioela
Baldin inork badio ni sorgindua izan naizena, Mikomikona printzesa nire andereak baimenik emaiten badit, nik ukatu eginen diot, erronka egiten diot, buruz-buruko borrokara axut egiten diot.
On Kixoteren esaerok entzunik, bidaiari berriak harri eta zur geratu ziren, txiriboginak, ostera, lehengoratu zituen, On Kixote zela esanaz, burutik egina zegoela eta ez zitzaiola jaramonik egin behar.
Etorperriak ostatuko ugazabari galdezka hasi zitzaizkion, ea bentara hamabost bat urteko mutil bat iritsi al zen, mandamutilen antzera jantzia, halako eta holakoa zena, Klara andereñoaren maitale haren ezagugarri berdinak agerrarazten zizkiotela. Hainbat lagun egon eta txiriboginak ez zekiela, hainbaten artean halakoxe mutilik ote zegoenetz ohartu ere ohartu ez zela erantzun zien. Baina haietako batek Entzulariaren zalgurdia ikusi zuen eta esan:
Hemen egon behar du, zalantza bagerik; hau da bera ei darraion gurdia: gera bedi gutako bat hemen atean, sar gaitezen besteok haren bila; eta gutako batek ostatu-etxe inguru osoa zainduko balu kalterik ez, hestegiko hormen gainetik ihes egin ez dezan.
Ederto – erantsi zion haietako beste batek.
Bi sartu zen, bat atean, bestea etxe inguruan; ostatuko jaunak dena zekusan, baina ez zekien zertarako ziren halako harantz-honantzak, galderetan azaldutako ezagugarri haiek edo antzekoak zituen mutilaren atzetik zebiltzalako ustea bazuen arren.
Eguna argitzera zihoan, eta bai honegatixe bai On Kixotek egindako zaratagatik, oro esna zegozen, itzarririk eta jaikirik, Klara Dorotearekin batera ere halaxe, gauean ondo lo egin ezin izan baitzuten, bata maitalea hain hurbil eduki eta urduri, bestea berau ikusteko gogoak loa galarazita. On Kixote, berriz, hantxe, amorruz beterik, inork jaramonik egiten ez ziolako, hisi gaiztoan bidaiari batek ere axut edo erronkari ihardetsi ez ziolako. Zalduntzako legeen arauera, bazekien, edozein zaldun ibiltarik beste borroka batera sartzea haizu eta sori zuela, aurreko bat azkendu arte beste bat joko ez zuela hitz emanda egonagatik, eta denen aurka erasotzeko gogoak zegoen, haien ezerantzunagatik erantzutera gogorki behartzeko; baina Mikomikona erreginatu artean beste egitekorik ez egitea, borroka berrietan ez hastea egokiago zela iruditu zitzaion, hobe zuela eritzi zion eta isilik gelditu zen, geldi, ea bidaiari haien bilaketa nola bukatuko begira. Batek mutila atzeman zuen, mandamutil baten ondoan lotan, inor atzetik zetorkionik, are inork atzemanen zuenik uste izan ez eta guztiz axola-peituta. Gizonak besotik heldu eta esan zion:
Bai, On Luis jauna, benetan ondo datorkizula daramazun janzkera, eta zagozen "etzauntza" ere zuri dagokizuna da, bai, bai horixe, zure amak hazi zintuen gurikeriaren neurrikoak, alajaina!.
Garbitu zituen begi lotiak mutil harrituak, piztak edekiz, eta bere heltzaileari astiro begiratu zion, aitaren otseina zela hauteman zuen, eta balditu zen, konkortu zen, eta une luze batez, hitzik egin ezinik gelditu zen, otseina mintzo zeino:
Hemen ez dugu besterik, On Luis jauna, baraistua behar dugu, egonarri pixka bat, eta etxera itzuli, baldin zure aita nire nagusia beste mundura itzultzea nahi ez baduzu, zerori urrundu zinenean hartu zuen nahibageak haretaraxe itzularazi behar duela baitirudi.
Nola jakin zuen, baina, nire aitak, ni bide honetatik eta janzkera honekin nentorrena?
Ikasle batek jakinarazi zion – otseinak erantzun – zuk zeure xedea adiarazi eta gero, aitak zure hutsa nabaritutakoan egiten zuenaz damu harturik dena azaldu zion. Lau otsein bidali gintuen, orduan, zure atzetik, eta hementxe gagozkizu, iruditu ahal den baino pozikago, zure zerbitzura noski, eta hain maite zaituen haren begien aurrera eroanaz gero jasoko dugun saria pozgai.
Hori neronek nahi dezadana legez, edo zeruak agindu legez izanen da – On Luisek iharduki zion.
Eta zer nahi izan behar ote dukezu, zer agindu zeruak, etxeratzea ez bada? Besterik ezin daiteke.
Elkarrizketa hau beste mandamutilak, On Luisen ondoan zegoenak, entzun zuen, jaiki zen eta honen berri On Fernadori eta Kardeniori eta besteei emaitera joan zitzaien, oro jantzita ordurako, eta mutilarekin zer gertatzen ari zen azaldu zien, nola "on" esaten zion gizon atzemaileak, nola itzularazi nahi zuen aitaren etxera, nola mutilak itzuli nahi ez zuen. Hau jakinda, eta lehenagotik zekitenarekin bat, zeruak emaniko ahots ederra zuena ere bazuten aditua eta, are gehiago jakin nahitu ziren, nor ote zen edo, eta baldin zerbaitera behartu nahi balute ere lagunduko zioketen, joan ziren, honetaz, mutila otseinarekin eleka ari zen lekura. Dorotea bere logelatik jalgi zen, gibelean Klara andereñoa, oso nahasia; Kardeniori dei egin zion bazter batera Doroteak eta, laburzki, Klararekikoa azaldu zion, hots, mutil abeslariarena; Kardeniok, azken albistea jakitera eman zion, mutilaren aitak bidalitako otseinak atzemaitera etorriak zirena, alegia; eta Klarak dena entzun, entzutea eta bere onetik ateratzea bat izan zen, konortea galdu zuen eta eskerrak Doroteak garaiz oratu zuela, besoetan, bestela lurrean zen erorita; logelara itzultzeko agindu zien Kardeniok, berak arteztuko zuela, dena konponduko nola edo nola, eta andereak atzera gelaratu ziren.
On Luisen atzetik etorritako laurak etxe barruan zegozen, mutilaren inguruan denak, aitari pozkari pitin bat emaitearren gurasoenera itzul zedin, are lehen baino lehenago, burutara eman nahiz zerauntsotela. Mutilak ezetz, ezin zuela; bere bizia, arima eta ohorea jokoan zegozen eginkizun bat bukatu behar zuela eta. Otseinek hertsatu zuten, eraman behar zutela eta behar zutela, nahi eta nahi ez, bera bagerik itzuliko ez zirela zihardukaten..
Ez duzue eginen – On Luisek berriro ihardetsiz – , ni hilik ez banaiz; dena dela, hilotz baizik ez nauzue eramanen.
Ordurako, txiribogan zegozen gehienak eztabaida haretatuak ziren, Kardenio, On Fernando, haien lagunak, Entzularia, Apaiza, Bizargina eta On Kixote, besteak beste, azken hau, azkenik, gaztelu-zaintzan luzaroago egon beharrik ez zela bururaturik. Kardeniok, mutilaren istorioa zekienez, atzemaileei galde egin zien ea zergatik nahi zuten eraman mutila beraren gogoz bestera.
Aitak agindu eta aitari bizia itzuli behar diogulako, hain zuzen ere, zeren – erantzun zion lauretako batek – zalduntto hau urrundean dagokionetik galtzeko zorian baitago.
On Luisek honela ihardetsi zion:
Ez dago zertan hemen nire arazoaz hitzik eginik; ni neure buruaren jabe naiz, eta itzuli, gogoak emaiten didanean itzuliko naiz; osterantzean ere, zuetako inork ez dit indarrez eginen.
Zentzuak eginen dizu egin-beharrekoa – erantzun zion gizonak – eta hori aski ez balitz, geu izanen ginateke nahikoak, egin behar duguna egiteko, egin beharra dugu eta.
Jakin dagigun, bada, sustraitik, zer dugun hau guzti hau – sartu zen eleketan Entzularia.
Gizonak ezagutu zuen, etxe ondoko auzoa zen, eta erantzunez:
Ez al du ezagun berorrek, Entzulari jaun, zaldun hau, berorren auzokoaren seme aitarenetik alde egindakoa, berorrek ikus dezakeen eran, berari higuin zaion janzkera honezaz mozorrotua?
Entzulariak, adi-adi so egin zion, ezagutu zuen, orduan, eta besarkatu egin zuen, ziotsola:
Zer-nolako umekeriak dituzu hauek, On Luis jauna, edo zerk, ardura handiko zerk ekarri edo erakarri zaitu honaino, horrelakoxe janzkeragaz, zure mailako edonori ez dagokion era horretaz jantzita?
Mutilari negarra begietara jin zitzaion, hitza ez, ordea, mingainera, eta ezin erantzun izan zion Entzulariari; honek' lau gizon etorperriei baretzeko esan zien, dena ondo eginen zela; eta, On Luisi eskua hartuz bazter batera eroan zuen eta, zer-ka eta, zergatik-ka eta, hasi zitzaion, ostatuko atetik ahots ozen batzuk belarriratu artean. Isildu ziren, txiriboginarenak edo zirela iruditu zitzaien; lagunik gehienak mutilarekikoa jakin nahian zegozen bitartean, gaua ostatuan emaniko arrotz bi "belearena eginaz", zera, ordaintzeke, ostatu-zorra kitatu bagerik, alde egitera joan ziren, baina, ugazaba, beti bere garatzetan besteenetan baino erneago, ohartu zen eta atetik ateratzean harrapatu zituen, laka eskatu zitzaien, haien itsuskeria aurpegira egozteaz batera, egotzi ere hitz itsusi ezain zantarrez, eta haiek ukalbilka ihardetsi zioten. Jo eta jo, hebaindu zuten, eta txiribogin gaixoak garrasika laguntza eske, oihu latzak egin behar izan zituen, onik uztea nahi bazuen. Etxeko andereak eta alabak, On Kixote ez besterik ikusi zuten, lipar haretan, laguntzera joaiteko gai, eta honela agindu zion alabak:
Bihoa berori laguntzera, zaldun jauna, Jaungoikoak eman zion dohainaz, nire aita gaixoak behar du eta; gizatxar bi umatzen ari zaizkio, taukia bailitzan joka maspiltzen.
On Kixotek, astiro-astiro, patzor handiz, erantzun zion:
Atx! neskatila eder hori, ezin oraingoz zure eskariari baietz esan, hitz emandako eginkizun bat burutzen dudan bitartean ez baitut zilegi beste ezein borrokatan sartzea. Zure zerbitzura hauxe dut egin ahal: zoaz eta esaiozu zure aitari luza dezan borroka hori ahalik eta luzeen, ez dezan amore eman, ez dadin makur inola, nik Mikomikona printzesari baimena galdatzen diodan bitartean, ezbehar horretan laguntzera joan ahal nakion; haizu izanaz gero, zagoz lasai, neuk haren oparinari sorotsiko diot.
Ai ene bekatari! – esan zuen han aurrean zegoen Maritornesek – Berorrek diñoen baimen hori eskuratu baino arinago nire nagusia beste mundura joango da.
Emaidazu aldia, andere, diodan baimen hori eskura dezadan – erantzun zion On Kixotek – ; eskuratuaz gero, ez diguke axola handirik hemengo ala hango munduan egoitea, mundua mundu ere neuk hangotik irtenaraziko dut, edo, bestela, beste mundura bidali dutenei aspertuko natzaie, zuek aski esateraino.
Besterik esan gabe, Dorotearen aurrean belauniko jartera joan zen, zaldunezko hitzak eta ibiltarien eleak eginaz, haren handitasunari baimen eske joan zitzaion gazteluko jaunaren laguntzera eta sorostera joan ahal izaiteko, arrisku larrian baitzen. Printzesak gogo onez eman zion, eta adarga besoan, eskua ezpatan, ostatuko ate aldera jo zuen, arrotz biak txiribogina ihaultzen, porroskatzen ari zirenera; iritsitakoan, ordea, konkortu zen, gelditu zen, nahiz eta Maritornes ostatuko anderearekin batera, zergatik gelditu, zeri begira zegoen, eta ekiteko, jaunari laguntzeko, senarrari urgazteko esan eta esan ari izan.
Ez dut zilegi – On Kixotek esan zien – nire ezpata ezkutari jendearen aurka erabiltzea; dei egiozue nire ezkutari Santxori, hemengo borroka hau beroni doakio, mendekua beronek hartu behar du.
Ate ondoan ari zen hau gertatzen eta ukabilak gora eta behera, musturrekok handik eta hemendik, zipirt-zapart, beti txiribogina kaltedun; anderea, alaba eta Maritornes etsiak hartuta, On Kixoteren koldarkeriaz minkortuak, senarra, aita eta nagusi jauna hain gaizki zapuztua zekusatelako.
Hemen utziko dugu, hala ere, urgatziko dionik izanen da eta; bestenaz, bere indarrak baino areago nahi duenak beza jasan eta bedi isil; goazen atzera urrats batzuk emanaz, ea zertan den On Luisena. Entzulariagaz hizketan utzi genuen, zer zela eta etorria zen eta zergatik janzkera zarpail hura eta antzeko galderei erantzun beharrunean, zehazki; mutilak eskuari tinko eutsiz, bihotzean min handiren batek jota zegoelako ezagugarri, negar malko ugari begietan, honela esan zion:
Ene jauna, zer erranen diot, bada, nik berorri! zeruak nahita auzoz auzo jarri ginen, eta hurbil-hurbildik Klara ikusi nuen, berorren alaba eta ikusi nuenetik nire andere egin nuena; berorrek nahi badeza, egiazko ene jaun eta aita dudan berorrek eragotzi nahi ez badeza, oraintxe bertan nire emazte egin nahi dut. Aitaren etxea beragatik utzi nuen, honela beragatik jantzi nintzen, nora-nahi joan dadin ere bere atzetik joan nadin, mariñela iparrari darraion bezala, gezia itura doan antzera. Berak ez daki nire asmo-nahiez, noiz edo noiz, urrundik, nire begietako malkoak ikusiaz ikasi ahal izan duena baino gehiago. Berorrek badaki, jauna, nire gurasoen berri, euren ontasunaz eta ondasunaz, eta ni oinordeko bakarra naizena ere badaki; honi nahikoa badaritzo berorrek, nire zoriona den heinean berorren zorioneko izan daitekeelakoan, har naza semetzat; nire aitak, bere asmoekin bat ez datorrelako edo, haintzat hartuko ez balu ere, nik bilatu dudan onerazko hau onartuko ez balu aldiak aldaraziko dio iritzia, giza-nahia baino aldia indartsuago baita beti. Jakina: ez da gaitzik aldiak ez daroanik.
Maitemindun mutila, hori esanda, isildu zen, eta Entzularia nahasi geratu zen, entzundakoa entzunda harritua, zer erantzun ez jakinki koloka. Batetik, On Luisen hitzak egiazkoak ziren, zuhurkiro azaldu baitzion bere burubidea, bere gogoarekin asmoa; bestetik, ez zekien zer egin halako uste ez zuen arazo haren aurrean, ezbaikor zegoen; lasai egoiteko besterik ez zion, orduan, erantzun, bere otsein harrapatzaileak nola edo hala itxadonarazteko, egun haretan etxera eraman ez zezaten, konponbiderik onena nolabait ororen artean ebatzi ahal izaiteko beta hartzearren. On Luisek eskuetan mun egin zion, eskuak negarrez busti zizkion, haitzarrizko bihotza bera ere beratzeko eran; Entzulariarena zer esanik ez, zentzuduna gizona eta, bazekien jakin zein ondo etorriko zitzaion alabari harekiko ezkontza. Egitekotan, hala ere, ahalaz bederen, On Luisen aitaren borondate onaz egin nahi zuen, semeari izenbururen bat emaiteko uzian zebilela baitzekien.
Ordurako, arrotzak txiribogina bakean utzita zegozen, azkenik, On Kixoteren zemaien kariaz baino hitz gozo eta esaera zuzenengatik areago, mehatxuz baino ele ederrez limurtuago zituen, eta, hondarrean, ostatuko ugazabak nahi beste ordaindu zioten; On Luisen otseinak zain zegozen, Entzulariak bere hitzaldia noiz amaituko eta euren nagusiak zer erabakiko zain, baina, Txerrenek, inoiz ere lo ez dagoenak, une haretantxe, ostatura bizargin bat sarrarazi zuen, zein eta On Kixotek bizar-ontzi edo txolet Manbrinoren buru-krosko ziruditson hura kendu ziona, eta Santxo Pantzak astoaren basta, tresna guztiak zehazki, bere astoarenaren truke, "ordeztu" ziona bera; bizarginak bere astoa zalditegira zeramala, Santxo Pantza ikusi zuen, bastako ez dakit zer konpontzen ari zeino; ikusi eta da! ezagutu eta han jo zuen Santxo Pantzari erasotzera, esanez:
A, On lapur, hementxe hadukat! Ea, bada, betor nire bizar-ontzia, ekardak nire asto-basta, oraintxe, ostu hizkidan tresna guztiekin bat!
Santxo, hain ezustean, otoz, oldartu zitzaiola ikusi eta biraoak entzunik, sor eta lor gelditu zen, esku bataz bastari eutsi zion eta besteaz bizarginari musturreko galanta eman zion, hortzak odolez bustitzeraino, ez zuen, honegatik, bizarginak bastan harrapatua zuen "harrapakina" askatu, aitzitik, ahotsa gora-goratu zuen, behingoan, halako moldez ezen txiribogan zegozen guztiak zarata eta iskanbila haretaratu baitziren, berehala, eta honakoak entzun zituzten:
Honatx, Errege eta zuzentzaren izenean; nirea den ondasuna ostutzeaz gain ohoin honek hil nahi nau, ero nahi nau bide-lapur eskuzikin honek!
Gezurra – iharduki zion Santxok – ni ez naiz bide-lapur; hondarkin hauek nire nagusi On Kixote jaunak borroka onean irabazi baitzituen. Bazen hantxe aurrean On Kixote eta bere ezkutaria han sutsuki bere burua zaintzen, hain haserrekor bere izena zuritzen ikusi zuelako biziki poztu zen; gizontzat jo zuen, eta bere baitan, bihotzaren isilean, lehendabiziko abadagunean, zaldun izendatuko zuela erabaki zuen, halako gizona zalduntza-elkargoan kidetzeari ongarri zeritzola eta. Bizargina ez zen isiltzen, aldiz, eta atralaka betean, honela zerauntson:
Jaunok, basta hau nirea da Jaungoikoari zor diodan heriotza bezain egiaz nirea; neronek erditua balitz bezain ezagun dut; hortxe zalditegian nire astoa, horrexek ez dit gezurrik esaten utziko: iker ezazue, bestela, pairatu egiozue, ea bere neurriko ote den, hala-halakoa baldin ez badu, ezin-egokiago baldin ez bazaio, eketa gezurti hutsa da, ni neu purtzil hutsa. Are gehiago, basta ostu zidaten egun berean bizar-ontzi berri bat, latoizko txoleta ere kendu zidaten, ononeo zegoena, behin ere mustu bagekoa, hots, eta ezkutu baten baliokoa..
Hori entzunik, On Kixote ezin gelditu izan zen erantzuteke; bien artera sartu zen, bazterretara zituen, basta lurrean ipini zuen, egia egiaztatu artean begi aurrean edukitzeko, eta esan zuen
Ekus bezate beroriek, argiro eta garbiro, ezkutari zintzo honen okerra, zeren Manbrinoren buru-kroskoa zen, da eta izanen den honi txoleta baitaritzo; nik borroka onean kendu nion eta berataz legez jabetu nintzen, beraren jabe zilegizkoa naiz! Bastaz den bezainbatean, ez naiz sartuko; badakit nire ezkutariak, Santxok, koldar iheskor honen zaldi-tresnak edekitzeko baimena galdatu zidala, bere astoa apaintze alde; nik eman nion eta berak hartu zuen, orain, zaldi-txalma zena basta bihurtu bada nik ez dakit, dakidan bakarra betiko hauxe da: honelakoxe aldakuntzak zaldunen gertakizunetan ohikoak direla; egiazta dezagun, Santxo seme, ea, hoa, arin, atera ezak kroskoa gizon honek txoleta daritzona.
Arraioa, jauna – esan zuen Santxok – bertze argibiderik ez badugu, hori, berorrek dioen hori, baizik, Malinoren kroskoa txoleta den bezain basta da gizon on honen zaldi-txalma!
Egik nik agindutakoa – On Kixotek berriro –, gaztelu honetako gauza guztiak ez zagozak sorgindurik eta.
Santxo bizargin-ontzia zegoen lekura joan zen eta ekarri zuen; On Kixotek ikusi zueneko eskuetan hartu eta esan zuen:
Begitu, begira bezate beroriek zer-nolako kopeta behar duen ezkutari honek hau txolet eta ez nik esandako buru-kroskoa dela esateko; zin dagit, zaldun-legearen aurrean, krosko hau neronek kendu nion ber-bera dela, ez guti ez gehi.
Horretaz ez dago zalantzarik – erantsi zion Santxok – nire nagusiak hori kendu zionetik hona ez du borroka bat baizik egin, kateaz lotutakoekin egin zuena, hain zuzen, eta "txolekrosko" honengatik izan ez balitz ez zukeen hagitz ongi amaituko, istilu haretan hamaika harri-ukaldi izan baitzen!