On Kixote erauntsi eta erauntsi ari zeino, Apaizak koadrilleroei burutik egina zegoela sinetsarazi nahi zien, hitzez eta egiteez nabarmena zen eta esan beharrik ez, baina haien atxilo-xede hura aurrera eraman ez zezaten, asmoa bertan behera uzteko limurtu nahi zituen, eta atzemanaz geroztik espetxera eraman arren, azkenean, zoraturik zegoelako, aske utzi behar izanen zutela adiarazi zien. Atxilotzeko agiria zekarrenak, aldiz, On Kixoteren zorotasuna epaitzea ez zegokiola erantzun zion, agindu ahal zuenak agindutakoa betetzea baino ez, eta espetxeratu ondoan, hamaika aldiz askatuko balute ere hari berari bost axola.
Horrela eta guztiz ere – esan zion Apaizak – , oraingo honetan ez duzue eramanen, nire irudikoz, ez du bere burua eramaiten utzi nahi.
Halaxe, bai, Apaizak ongi azaldu zien, eta On Kixotek hainbat zorakeria egin zuenez, bera baino are zoroago izanen ziren, izaitekotan, haren zentzurik-eza antzeman ez balute; lasaitu egin ziren, bada, eta bakezale agertu ere bai, bizargin eta Santxoren artean sartu baitziren, elkarrenganako gorroto gorriz, artean, atralakan zirautela eta.
Anaidikoak ziren, justizia egileak horretaz, eta azkenean haien bien arteko ararteko nahiz epaile jarri ziren; biak ala biak, erabat ez baina oso ase geratu ziren, hondarrean, nahiko etsi zuten edo aski den adina, behinik behin, eta basta txalmaren truke eman zioten elkarri, ez hederik ez buruhalik baina; eta Manbrinoren kroskoari buruz, Apaizak, On Kixotek ezer jakinen ez zuen eran, zortzi erreal eman zion txoletaren orde; bizarginak, ordain-agiri bat izenpetu zion, ez orduan, ez gero, ez inoiz ere, "sekula sekulorun amen", berriz ere haren eske ez ibiltzeko. Liskar biak eztitu ziren, ematu ziren, suharrenak ziren haiek; alabaina, On Luisen hiru morroeen joan-etorria behar zen nola-halakatu, beste otseina, hemen, On Fernandok eraman nahi zuen lekurantz lagun eta, aldi berean, begirale egitearren geratuko zen bitartean. Asturua onaren aldera lerratu zen, zori onak hegan zebiltzan, eta dena pozgarri zitzaien, atseginbide, ostatuko bi maiteminduei; halabeharrak den-dena ondo bai ondo bukarazi zuen, beraz, eta, azkenean, On Luisek nahi zuen guztia otseinek onartu zuten; ez zen, honegatik, negarrari emana Klara anderea, aurpergian nabari zuen, bai, arimaren poza, norbaitek hala ikusi bazuen argi ikusi zuen. Zoraida, zalantzan zegoen, ezin ulertuzko gora-behera guztien hariari jarraiki ezinik, batean argi bestean ilun, batarekin poz bestearekin kezka, beste guztiei begira zegoen, bere espainiarrari bereziki, beronengan begiak ez ezik arima bera ere baitzuen emana. Ostataria, beti erlantz, begi guztiak beti zabal-zabalik zituelako, Apaizak bizarginari eman zion eskupekoa ikusi bagerik ez zen geratu eta On Kixoteri laka eskaritu zitzaion, zarratatu zituen zahagiekin isuritako ardoa burutik kendua ez zuen, eta, ez Rozinante, ez Santxoren astoa txiribogatik aterako zirela esan zion, zin-zinez, harik eta atzenengo ardita bera ere ordainduko zion arte.
Lasaitu zuen Apaizak, ordaindu zion On Fernandok, Entzularia ere gogo onez ordaintzeko gerturik agertu zenaz gero, eta hala denak pozik, bake-bakean batzuk eta besteak; benta istilutsu harek, harez geroztik, ez zirudien Agramonteren guda-zelaia, On Kixoteren hitzez esatearren, Oktabianoren garaiko mana eta gentza-toki baizik. Ororen eritziz, Apaiz jaunaren asmo on, ele der, dohain handiei esker, eta On Fernandoren esku zabal inorena ez bezalakoari ere esker, dena ongi baino hobeki bukatu zen.
On Kixotek bere burua aske ikusi zuen, hainbat liskarretatik at, bai berak bai ezkutariak eragindakoak, eta handik hara, lehengo bide beretik itzuliko zen; jazokizun handi bat egiteko asmotan hasi zen eta bukatu behar zuen, haretarako bereziki deitua eta hautatua izan baitzen; joan zen, bada, aurren-aurrenik, arin asko, Dorotearen aitzinean belaunikatzera. Honek ez zion hitzik esaten utzi jaiki zen arte; men egitearren, zutitu zen eta honela esan zion:
Esaera zahar batek dioenez, ene andere eder, bentura zedinak hartza, ez zedinak ez bartza, asturu onaren ama adimendua dela alegia, eta hainbat arazo larritan honela gerta ohi da, auzia bada-ezpadakoa izan eta artekari arduratsuak bukaera ona eraugiten du: inon egia baldin bada hau, guduan da egi-egia; etsaiari aurrea hartzeko aurretik ondo gertatu beharra dago, aurrekusiz, eta aurkakoa babespean jarri aurrez garaipena lortzen da. Hau guzti hau, andere goren eta bikain, zera dela eta diot, gaztelu hau, dagoenekoz, guretzat kalte erakargarri baino ez dela iruditzen zaidala eta, onurarik ez, hemengo kea ateratua dugu; noizbait ekusiko dugu, bai, baina nork daki, isilpeko susmur eroaleren bat edo beste dela bide, berorren etsai erraldoi eskergak ez ote dakien, gaurgero, porroskatzera banoakiola, ttikitu behar dudala; eta honegatik, bere burua zaintzearren gaztelu edo gotorleku bat eraikitzeko beta nahikoa izanen luke, nire beso nekagaitz honen indar eta trebetasuna galarazte aldera? Hau dela eta, ene andere, igar dezagun aurretik, esan dudana legez, aurrekusi dagigun, gure adimen onaz haren asmoak igarriko ditugu eta, gero, goazen, galdu-gordean bada ere, zori onaren bila; berorren etsaia aurrrez aur nik aurkitu artean on litzateke zoria berorren esku balitz.
Isildu zen On Kixote, eta lasai-lasai neska ederraren erantzuna igurikitzen gelditu zen; berau, gizalegez bezala On Kixoteren antzeko moldeaz, harroxko-harroxko, honela mintzatu zitzaion:
Anitz esker, zaldun jauna, eskertzekoa baita, izan ere, nire nahibage larri honetan niri laguntze aldera agertu izan duen asmo sendoa, zaldun denari dagokion era zintzoan, bestalde, behartsu edo zurtzen alde egoitea zein egitea zaldunak berez berezkoa du eta; zeruari nahi dakiola, otoi, berorren eta neronen asmoa betetzea, munduan emakume eskerronik badela ikus dezan berorrek. Nire joanaz, gero gerokoak; berorren nahimema nirea da, honetaz: xeda beza berorrek nahi bezala nirekikoa; noizbait nire honek berorren esku neure zaintza eta neure jaurerrien berjabetzeko eginkizuna ezarri banuen, ez dut, orainez gero, berorren zuhurtasun handiak agintzen duenaren aurka jo nahi.
Jaungoikoaren esku izan dadila – esan zuen On Kixotek – ; nire aurrean anderezkoren bat makurtzen bada, jaikiarazi eta bere berea duen jauraulkian eserarazteko aukera ez dut huts egin nahi. Bego geroagoko joaite hori, arriskua luzamendutan omen dago eta luzatze honek gogoari zirika egiten dio. Eta eguzkipean ni izutzen, beldurtzen nauen inor ez denez, goazen, ea, Santxo, jantz ezak Rozinante, ipiniok basta hire astoari, gertu ezak Erreginaren esku-zaldia, egin diezaiogun agur gazteluko jaunari, eta beste jaunoi ere agur, eta goazen hemendik oraintxe.
Santxo han zegoen, entzun eta isil, eta burbuñoka hasi zen, burua batera eta bestera higitzen, mintzatzen hasi zenean
Ai, jauna, jauna, eta baserrixkan gaizkia, omen, duen hotsa baino handiagoa izaitea, gero; eta barka biezadate bonetadun prestuok!
Zein gaitz egon daiteke inongo baserrixkatan, ez ludi osoko hiri guztietan ere, nire kalterako hots egin dezakeenik, doilor hori?
Berori nardatzen bada, gaitzitzen bazaio – Santxok berriro – ixildu eginen naiz; ezkutari zintzoa naizen aldetik, bere jaunari otsein onak egin behar dion bezala, erranbeharrekoa erraiterik ez badut ez dut erranen.
Erran, bada, nahi duana – ihardetsi zion On Kixotek – baina ez niri beldurrik sartu nahi; hi beldur bahaiz heu haizen-haizena haiz; ni, ostera, ez banaiz neu naizen-naizena naizelako duk. Sarrakioa niri sartu?
Ez da hori, atx! Jainkoaren aitzinean bekatari ni! – Santxok harzara – ; erregina deitzen duen hori, Mikomikon edo dena delako hori erresuma hori, eta zera, nago, egiaz ote den ala ez ote den, zera, nire neure ama bera baino erreginago ez delako uste osoa dut, ziur nago egon ere; berak dioena izanez gero, hots, nehongo erregina balitz, ez litzateke hor leusin-leusin egiten dion norekin edo norekin musuka ari izanen, edozein etxe-gibeletan, burua ostentzen duen bakoitzean.
Dorotea gorritu zen, Santxoren hitzok entzunda, izan ere, egia zen, bere senar On Fernandok, behin edo behin, beste begietatik urrun, nahikari onaren sari "irabazia" ezpainez hartu izan zuena (Santxok behin begiztatu zuen eta halako arinkeria, lixunkeria, gorteetako neskatxarren egikera zela iruditu zitzaion, erresuma handi bateko erregina baten molde baino areago), eta ez zion erantzun nahi edo ezin erantzun zion deusik Santxori, aitzitik, bere erasian aurrera joaiten utzi, eta honek gehiago esan zuen:
Hauxe diot, bai, jauna, zeren, hainbat bidetan zein bidexkatan ibili ondorean, gau tzarrak eta egun tzarragoak iragan eta gero, gure neke guzien emaitza biltzera hemen ostatu honetan jolas eta solas dagoen batek jin behar badu, ez dago zertan lehiaz joan Rozinanteri astraka janztera, astoari bastaz edo txalmaz atontzera, zaldiari edergarritzera, geldi egon hobe dukegu, eta puta guziak goruetan, eta dagigun jan-edan.
Oi, zein zen handia On Kixotek, bere ezkutariaren hitz ergelok entzunaz, hartu zuen sumindura! Handia, eta hain handia, ezen, begietatik sua zeriola, totel antzean mihia lotua zitzaiola, tu-pindarka, esan nahi eta esan ezinean zarrapastaka ihardetsi baitzion, honela:
Oi doilor, zital, gizatxar, etxakin, ahobero, mihizikin, biraozto, ozar, lagante, gibeljale gaiztotzar hori! Nire neure aurrean holako hitzok esatera ausartu, gero, zu, hemengo andere entzute oneko hauen aur-aurrean holako ezesatekoak , holako ozarkeriak esatea gero, holako paparzkeriak zure irudimen nahasi, ero horretan erabiltzea, gero! Zoaz, zabiltza, zoaz, nire begien aur-aurretik, sortzez bidutzi hutsa zaitut eta, gezur-ontzi handia, iruzur-kutxa betea zara, doilorkeria guztien mandioa, gaitzerrailea zu, gangarkerien batu-banantzailea, erret-mailako pertsona guztiei zor zaien lotsa onaren arerioa zara zeu. Zoaz nire aitzinetik, ez ager, nire amorruarren!
Bekainak makotu zituen, ahutzak puztu zituen, so egin zuen batera eta bestera, ostiko gogor bat eman zion lurrari, zaldiak putinka bezala, bere erraien barruan irazekia zuen errasumin goriaren zantzuak guztiak. Hitz saminokin imintzio sepatsuak, fixtin-faxta! egiten ikustean Santxo beldurtu zen guztiz, kikildu zen hagitz, izutu zen xoil, lur osoa ikaratu zitzaion, eta oinen azpian zuena pitzatu balitzaio, ber-bertan, irentsi balu, berebiziko poza hartuko zukeen; ez zekien zer egin, nora jo ez zekiela geldi-geldi zegoen egonean, eta, behingoan, bizkarra itzuli, alde egin eta bere nagusiaren begi-aurretik ihesari emaiten hasi nahi zuen, baina, Dorotea zentzuduna, On Kixoteren kasketaldiak eta zoroa ongi ezagunak zituenez, samin eta sumin hura pittin bat iraungi nahiz, mintzatzeari ekin zitzaion:
Ez haserre, Itxura Hitseko Zaldun jauna, berorren ezkutariak esandako kirtenkeriengatik, beharbada ez ditu gogo txarrez esaten, adimen onekoa da eta kristau zintzoa ere denez, ez dut uste inoren lekukotasuna ekarriko duenik; osterantzean, sinestekoa da, bai, zalantza bagerik, berorrek ongi dioen antzera, gaztelu honetan gertatzen diren batzuk sorginek eraginikoak direla, eta , baliteke, Santxok ikusi uste duena, sorginen edo aztiren baten bitartez ikusarazia izana, Txerren lagun, nire ohore garbiaren kalterako.
Jaungoiko ahalguztiduna!, zin dagit – berriro On Kixotek hitza hartuz – ; horra, berorren handitasunak koxka jo du, egia da, bai, Santxo bekatari honen aurrean halako ezekusteko txatxarren bat ipini zuela, sorginkeriaz ez bada inoiz ere ekusterik izanen ez zuena; nik badakit, bai, gixagaixo honen txintxotasunaz, bere iñoxoan ez daki iñoren aitorpenik ondo hartzen.
Horixe, bai – On Fernandok – ; barkatu behar dio berorrek, On Kixote jaun, ezikusiarena egin behar du, sicut erat in principio, horrako ikuskari ezikusteko horiek ikusi baino lehenagokoratu behar du. Halakoxea izanki bera eta!
On Kixotek barkatzen ziola erantzun zion, Apaiza Santxoren bila joan zen, apal-apal jaugin zen eta balaunikaturik nagusiari eskua eskatu zitzaion, eman ere honek, mun egin zion harek, bedeinkatu zuen honek, ziotsola:
Oraintxe badakik, Santxo seme, egia dela nik askotan erran izan diadana, hots, gaztelu honetako gertaera guztiak sorginkeriaz sorraraziak direna.
Neuk ere horrela uste – Santxo mintzatzen – , ni burusian goiti eta beheti erabili ninduteneko hura izan ezik, izan ere, hura egi-egiazkoa izan zen.
Ez pentsa – moztu zion On Kixotek – hala izan balitz ni aspertu eginen nintzaiekean, hiri egindakoagatik, eta oraintxe bertan ere mendeku hartuko nikek, baina ez orduan ez orain, ez diat izan apentzeko aukerarik, hirekiko bihurrikeria nori ordainarazi ez baitut izan.
Azken hitz hauek hango guztien jakinmina piztu zuten, harako burusiarena zer ote zen jakin nahituak denak eta txiriboginak, hitzez hitz, Santxoren hegaldiaren berri eman zien, eta ez zuten, ez, barre gutti egun haiek guztiek, Santxo lotsagorritan jarri zeino. Nagusiak berriz ere sorginkeria izan zela adiarazi arren, Santxok, lelo xamarra bai baina ez hain lelo, ez zuen sinesten, inola ere, bera gora-beheratu zutenak hezur eta haragizko nordinak ez zirenik, guztiz egiatzat eta egiaz egiaztatutzat hartua baitzuen, zalantza izpirik bage, mamu edo antzekoak ez zirena, bere nagusiak besterik sinetsita ere.
Bi egun joanak ziren, hango handiki talde hotsandiko hura han zegoela, eta inoratzeko tenorea heldua zela iruditu zitzaien; lehendik dakigunez, Dorotea eta On Fernando, Mikomikona erregina askatzeko aitzakiaz, On Kixoterekin herrira itzultzeko trikimainaz ibilten ziren, baina, asmoaz beste egiteko esan zien Apaizak, berak eta Bizarginak eroan nahi zutela-eta, sorterrira bihurtu ondoan zorotasuna sendatzeko. Itzain bat agertua zen, beharrak haretara eta, Apaizak, buru argikoa gizona, harekin itundu eta honela egin zezaten agindu zien: gurtaket batzuk sare antzera ipiniz kaiola moduko bat eraiki zuten, On Kixote xabal-xabal barruan sartzeko neurrikoa. Gero, Apaizak asmoz eta jakitez, On Fernando eta lagunak, On Luisen morroeak, txiriboginarekin koadrilleroak eta, aurpegiak estaliz mozorrotu ziren, bata honela bestea hala, gazteluan egondakoaz beste jende zeinbait zela On Kixoteri irudi zekion. Egin eta, ixil-ixilik, berau lotan, gertatu hainbat matraka, mokokaldi eta esgarratik atseden hartzen zegoen lekura sartu ziren.
Harenganaino iritsi eta, loak hartua ezeren zaratarik aditu ez, eta dra! heldu zioten, tintinka lotu zuten, beso-hanketatik, eta, bat-batean lokaizkatu, izuz itzarri zenean ezin higitu inola ere, harri eta zur eginda gelditu zen, begien aurrean zituen momotxorro haiek ikusiaz lauorrian.Laster, ordea, irudikatu zuen, ohi zuen era eroan, aurrean zituenak oro gazteluko mamu hutsak zirela, eta bera sorginduta zegoela, ezin baitzen higitu: den-den-dena Apaizak asmatu zuen bezalaxe gertatzen zen. Bakarra, Santxo zegoen, hango denetan, bere zentzu osoan, nahiz eta bera ere nagusiaren gaixotasun ber-berak zeharo jota ez bazegoen ere hor-hor zebilen ibili; eta harako mamu itsusi haiek nor edo nortsu ziren ezagutu zuen; ez zuen, hala ere, aho itxia ireki, harik eta nagusiaren atxitze hura zertan bukatzen zen ikusi arte; nagusia ere ixilik, bere ezbeharra nondik etorri nora joan asmatu ezinik. Kaiola ekarri zuten, barruan sarritxi, eta taketak gogor josi zituzten.
Lepoan hartu zuten, eta gelatik irteitean, halako ahots lotsati bat entzun zen, Bizarginak ahal zuen erarik lotsatienean egina, ez bastadun bizarginak, besteak baizen, eta zioen:
Oi, Itxura Hitseko Zaldun! Ez bedi berori kaiola horretan doalako atsebage izan, horrela du ongien berorren neke handiz hasitako arrisku-bilatze galgarri hori arinago amai dezan. Eta amaituko da, baina lehoi nabar samina eta uso zuri tobosoarra batera uztartzen direnean, lepondo goititua ezkontzazko uztarri bigunera behetitua; inoiz ez legezko erkidego honetatik jaioko baitira, ortzipe osoko argitara, lehoi-kume beldurge aita adoretsuaren erpe aztaparkariak erakutsiko dituztenak. Eta hau, Ninfa ihesegileari darraion jarraitzaile honek, bere izaitez arin eta era gisatsuan, argizko irudiei bi eguneko ikustaldia egitean gertatuko da. Eta zu, oi inoiz ezpata gerrikoan, bizarrak aurpegian, usainmena sudurretan izan dituen ezkutaririk zintzoena eta esanekoena zaren hori! Ez, ez zaitez zorabia, ez ikara, zure begien aitzinean horrela zalduntza ibiltariaren gaina eta bikaina kaiolatua ikusteaz; laster, zu ere, mundua sortu zuenari nahi balekio, hain gora, hain goretsia izanen zarenez, zeure burua zerorrek ere ez duzu ezagutuko, eta zure nagusiak egin zizkizun agintzak gainezka emanen zaizkizu. Zagoz ziur, Gezurtiñe jakintsuaren izenean, zure lansaria ordaindua izanen dela, ikusiko duzu; zoaz, oinatzez oinatz, zaldun sorgineztatu gementsu honen atzetik, on dukezu, bai, bera doan lekuraino elkarrekin joaitea. Gehiago esaterik ez dut zilegi eta zoaz Jainkoarekin, ni gibelera banoa, dakidan lekura.
Igarkizuna azkentzean, ahotsa ozendu zuen eta apaldu berehala, hain xamurkiro, hain doinu eztitsuaz, iseka norean-nora zihoan zekitenek berek ere entzundako hori guzti hori egiazkoa zelako usteak ukitu zituela.
On Kixote, igarkizuna entzunik, lasaitu zen, alderen alde ulertuz haren esan nahia ondo ondoretu baitzuen eta Tobosoko Dultzinea bere maitearekin behar den legezko ezkontza santuan uztartua izanen zela ikusten zuen, elkarrengandik kumeak sortuko zirela, haren sabeleko bere haurrak hain zuzen, Mantxaren betiereko aintza handirako. Sinetsi zuen tint eta ahotsa goratuz, hasperen sakon bat egin eta gero, honela mintzatu zen
Oi zu, nor nahi zaren ere, horrenbeste onura iragarri didazuna! Otoi dagizut, niketz eska zakizkion nire arazoak bere esku dituen sorgintzaile jakintsuari, ez ni hiltzen uzteko naraman kaiola honetan, zuk egindako agintza pozgarri egundokook beteak ekusi arte; hau guzti hau honela izaitera, gartzelako neke hauek arintzat hartuko ditut, eta aringarritzat lotzen nauen lokarri hau, eratzan nauten etzatoki hau ez dut hartuko borroka-toki lakartzat; ohe bigun, ezkontohe ezti balitz bezain guri izanen zait. Santxo Pantza nire ezkutaria pozkidatzeko, bestalde, zure bihotz eta asmo ona sinesten dut, ez ni zorionean ez zoritxarrean utziko bainau, bada, nire asturu on txaburragatik ez bada zureagatik bada, hitz emandako uhartea edo antzekorik emaiterik ez balego, azkenean, gutienez, agindutako lansaria ez du galduko, nire azken nahia aitortua dago eta eman behar zaiona aginduta dago, ez, baina, berak egin dizkidan hainbat eta hainbat zerbitzu onen heinekoa, nire ahalaren neurrikoa baizik.
Santxo Pantzak gur bat egin zion, makurtuz, esku biak munkatu zituen, biak lotuak zituela eta.
Kaiola lepoan hartu eta mamu haiek idi-gurdian ipini zuten.