Berorrek dioen bezala da, Kalonje jauna – esan zion Apaizak – eta horregatik egin behar zaie agiraka, orain artean halako liburuak irazkitu dituztenei, ez baitute haintzat hartzen izan inolako hizkera onik, ez araurik ez antzerik, behialako greziar nahiz erromatar olerkarien buruzagi izan ziren haien ospea goratzeko era, arau eta antze izan zirenak.
Nik, behintzat – erantsi zuen Kalonjeak – zaldun-libururen bat osatzeko zirikadatto bat izan nuen, esandako zer guztiak betez noski, eta egia aitortzera, ehun orrialde baino gehiago idatzita badadukat. Eta benetan nik uste bezain nahigarri ote ziren mirigiteko, jakite alderatzeko alegia, halako liburuen zale ziren gizon ikasi eta zuhurren batzuei irakurrarazi nizkien, eta, aldi berean, bestalde, ezikasi zeinbaiti ere bai, halako gangarkerien maitale den baten bati,xa; guztiek on eritzi zizkieten; honela eta guztiz ere, ez dut aurrera joan nahi izan, alde batetik nire lanbideari ez dagokion eginkizuna delako, eta bestetik, inozoak edo ergelak' zuhurrak baino ugariago direla ikasi dudalako; eta, badakizu: jakintsu diren guttiek goretsia izaitea, kaiku edo girten askoren iseka jasaitea baino hobea da; ez dut, beraz, jendexkila arruntaren burubageko aburuari loturik ikusi nahi neure burua, eta jakina da halako liburuak halako jende-mendek irakurri ohi dituela, batik bat. Ez nuen bukatu nire liburu-gaia eta eskutik egotzi nuen, eta burutik ere bai, zergatik eta neure buruan nerabilen hausnaketa baten ondorio bategatik hain zuzen, garai hauetan antzezten duten komedia edo irri-antzerki batzuetatik sortua, hauxe: "Gaur den egunean, bai asmatuak direnak bai egiarean sortuak, denak edo gehienak, zentzuge ezagunak dira, ez bururik ez oinik bagekoak, eta honela ere jende xeheak gogara entzun izan ditu, eta ontzat hartzen ditu eta onartzen, onetik oso urrun dagozen arren; eta jende arruntak hala nahi dituelako hala izan behar direla diote bai liburuen irazkitzaile edo egileek bai antzezten dituzten antzezlariek, zeren, bestela izanik, alegia egiteko behar diren arau eta antzeak eskatzen duen taxu edo moldea haintzat hartuz eginiko istorioak lau aditu ikasik baino ez baititu ulertzen, beste guztiak, ordea, ahoa bete hagin gelditzen dira, begiak zabal-zabalik baina ezer gutti ikusten dutela, ez ulertzen, ez burutan hartzen; eta egileak ere jan behar du, honetaz, arrunt askorengandik zerbait irabazi nahiago du, jango badu, ikasi gutiren eritzi ona jaso baino, zeren -diote-, azkenik, halako arau eta arauondo guztiak betetzearren bekainak erretzen baditut ere, hondarrean, kale-kantoiko jostuna baino gehiago ez bainaiz izango. Eta, noiz edo behin, antzezgileak nire eritziaz bildu nahi izan ditudan arren, oker dagozela eta hausnarraraziz, zentzu pixka bat duten komediak antzeztuz, jende ugariago erakarriko dutela esanez, eta entzute hobe eta handiagoa lortuko dutelakoa burutara eman nahiz, egia esan behar badut, ez dut ezer askorik erdietsi, zeren, oso tinko baitagoz beraien eritzi edo usteetan, bada, honetaz, ez da erraza, antza, hortik irtenaraztea". Oroitzen naiz, bai, egun baten, honelako burugogor bati honela esan niola : "Esaidazu, ez duzu gomutatzen, orain dela urte gutti, Espainian hiru izu-antzerki, tragedia direlako horietarik, erresuma hauetako olerkari ospetsu batek irazkitu zituenak, antzeztuak izan zirela, eta entzuleak oro liluratu, alaitu eta txunditu zituztela, izan jende arrunta izan jende ikasia, ergel nahiz zuhur, eta hiru haiek bakarrik, beste ordura arteko onenetarik hogeita hamarrek baino diru gehiago, ugariago eman ei zietela antzegileei?". "Bai, horixe da -erantzun zidan diodan egile harek- La Isabela, La Filis eta La Alejandra aipatu nahi ditu berrorek, noski". "Bai, bada, horiexek dira -erantzun nion- eta esan, ea, antzearen arauak ondo betetzen zituzten, eta ea betetzeagatik ziren ez bezalakoak agertzen ote ziren, eta esan, ea, ez ote zitzaizkion jende guztiari atsegin izan. Beraz, okerra ez dago, osoki, jendearengan, zentzugekeriak maite dituelako, bestelakorik irazkitu edota antzeztu nahi ez edo jakin ez dutenengan baizen. Bai, bada, zentzubagea ez zen izan La Ingratitud vengada, ez gangarkeria La Numancia, behar-ez-denik ez da aurkitzen El Mercader amante delakoan, are gutiago La Enemiga favorable izenekoan, ez beste olerkari aditu zeinbaitek irazkitutako batzuetan ere, denak ala denak egilearen ospe eraikigarri izan dira, izen handigarri, eta, bidenabar, antzeztu dituztenentzat etekin iturri, diru-bide, irabazgarri". Honelako eta antzekooi beste sinesgailu batzuk erantsi nizkion, nire irudiko, pixka bat eragin ziotenak, zalantzan edo ezbaian, bederen, utzi bainuen, baina ez nuen eritzi okerretik irtenarazi, guztiz sinetsarazi ez, erabat irabildu ez nuen, nire eritzitara ez nuen bildu.
Berorrek ukitu duen gaia, Kalonje jaun – Apaizak – nigan aspaldidanik dudan herra baten pizgarri izan da, gaur-egun egin ohi den irri-antzerkiari buruzkoa bereziki, zaldunezko liburuei diedan bezainbesteko herra da, zeren, Tulio, giza-bizieraren ispilu, ohikuntzen eredu eta egiaren irudi den hari iruditzen zaionez, gaur-egun irudikatzen diren irrizkoak zentzubagekerien ispilu baitira, ergelkerien eredu eta lizunkerien irudi baitira. Zeren, zer ote zentzubagekeria handiagorik, hizpide dugun honetan, lehenengo arialdian, haur bat troxetan agertzea, eta bigarrenean, haur bera gizon heldu bizar eta guzti agertzea baino? Eta, zer bakanagorik agurea zangar eta mutila koldar, zaltzaina mintzalari, gela-sehia aholkulari, erregea gigotso eta printzesa mari-purtzil erakustea baino? Zer esango dut, bada, gertatutakoa edo gertakizuna irudikatzean, non-noiz zer gerta doitu beharrean, aldiak eta tokiak' ezaldi eta eztoki bihurrarazten dituztenez? ikusia dut nik halako antzerki bat lehen arialdian Europan hasi zena, bigarrenean Asian, eta hirugarrenean Aprikan amaitu zena, eta laugarrrenik egon balitz Ameriketara iraganen zena, nonbait, lurbira osoan itxurakatzeko. Antzerkiak irudimena behar du behinenik, bai, eta nolatan daiteke adimen pixka bat duen inor, asko ez bada ere, gogara gera, gogobeterik egon, gertaera bat ikusten, Pepino errege eta Karlomagnoren garaikoa izanik, aldi berean, pertsonaia nagusitzat Heraklio enperadore Jerusalemera Gurutzearekin sartu zena emaiten baitute, edota Godofre Bullongoa Etxe Santua irabazi zuena, batetik bestera, batzuengandik besteengana hainbat urtetako tartea, mendeetakoa, dagoen arren?; eta antzerkia gezur edo alegiazko gertaeran sortua izanki, egiazko historian gertatu edo agitu izana balitz bezala erakustarazi, aldiak eta nordinak nahasiz, hango eta hemengo zatiz edo puxkaz osatuz, beti oker handiak, akats larriak, ezin onartuzko makurrak direnez, nolatan bete daiteke inoren adimendurik? Eta, bada inor, hau txarrena da, ezikasi, etxakinen bat edo bat, holako hori horrela ondo dagoela, are bikain dagoela dioenik, eta beste guztia txibizkeria bilatzea, ezagauzen atzetik ibiltzea dela dioenik. Baina, zer dateke, bada, jainkozko irri-antzerkietatik gatoz eta! Zeinbat mirari aizun, gezurrezko alatz itxuratzen duten, zeinbat gauza alegiazko eta itxurge, apokrifo alegia, santu baten mirariak beste bati leporatzen! Eta, are, gizonetan ere mirari egiten dakite, besterik bage eta hor ondo dagoela eritzita, noraezean bezala edo, mirari edo haien hitzez esatearren agerkera, zertarako eta jende arrunta harriarazteko eta antzeztokira erakartzeko; dena, jakina, egiaren kalterako, eta benetako historia nahaspilaturik ere, berdin zaie, eta dena maiz espainiar alegigileen izena belzten dutelarik; bai, izan ere, atzerritarrek, antzerkiaren arau eta moldeei oso atxekiak direnez, guk hemen egiten ditugun zentzubagekoak ikusita, basati oihes eta ezikasitzat gaduzkate. Erresuma ongi jaurritakoetan, hau dugu estakuru baina ez nahikoa, halako irri-antzerkiak jendearen aurrean egitea baimentzen badute, jendea gozarazteko izaiten da, beti lotsa oneko jostaketa baten bidez, aisian ezer askorik egiterik edo egitekorik ez dagoenean, egonean egonez, sortzen den kaskarraldia, gerta ohi daitekeen mokorraldia, nolabait, arintzeko, eztitzeko izaiten da, gaizgiroa ongiro bilakatzeko; hau, bada, aisa lortzen da edozein irrigarrikeria delarik ere, eta, beraz, ez da zertan araurik ezarri, ez zertan hertsi antzerkigilea ez antzezlariak gauzak behar bezala irazki eta irudika ditzaten, azken baten, esan dudana legez, on ala txar, edozein komedia aski da nahi den jostagarri izaiteko, bere asmoa erdiesteko. Honetarako, erantzungo nuke nik, askoz hobea liteke, alderatzekorik ere ez dago, antzerki ona txarra baino; zeren, ondo egina badago, egoki eratua eta antolatua, entzuleak ondo hartuko bailuke, isekez alai irtengo luke, egiez ikasiago, gertaerez harriturik, esaerez zuhur, gezurrez erneago, adibideez oharti, gaizpidetik iheskor onbidera joankor; eragin ere, honelakoak eragin edo ernearazi behar ditu komedia on batek entzulearen gogoan, oihes edo zarpailarren ere; eta ezin du inola alaitzeke utzi, gozarazi behar du, gogoa bete behar dio entzun-ikusleari, gogatu behar du, atsegin eman behar dio, eta hau hobeki egingo du lehen esandako osagai guztiak dituen komedia batek horiek bageko batek baino, gaur-egun ohi diren gutiz gehienak bagekoak direlarik. Honen errurik ez dute olerkariek, berauetarik zeinbaitek badaki zein den akatsa, eta badaki zer behar duen egin; baina irri-antzerkiak, gaur den egunean, sal-erosgai bihurtu direnez, erosi behar dituztenek ez lituzkete erosiko halako halakokeriak ez balituzte, honela diote, bai, eta egia diote; olerkaria, beraz erosleari jarri behar zaio, bere lana ordainduz erosiko badio. Egia hau hainbat komediatan ikusten da, erresuma hauetako asmatzaile burutsu batek irazkitu dituenetan, batik bat, eder askoak denak, apainak oso, esaera onez beteak, esamolde larriz josiak, hitz-jario ugarikoak, eta idazkeraz goi-goikoak, beraz, hitz batez, mundu osoan direnik hoberenetakoak, egilearen izen handia handiagotu dutenak, azkenik; baina, antzeztu behar dituztenen gogoari atxeki beharrak, erosi behar dituztenenei, alegia, atsegin eman beharrak apaldu ditu, arruntago egitearren arruntarazi ditu, eta, honetaz, azkenean, ez dira bikain izaiteko behar den mailara heldu. Badira, bai, ezeri begiratu bagerik, itsumustuan bezala eginak izan direnak, eta, txarraren txarrez, antzeztu ondoan arizaleek ihes egin behar dute, bada ezpada, lekutu beharrean dagoz, entzule jende basak zigortuko dituen beldurraz; izan ere, usu gertatu izan da, zigorkatuak izaitea alegia, erregeren baten kalterako zerbait antzeztu dutelako, edota zeinbait leinu edo etorkiri izen ona zikindu diotelako. Behar ez diren hauek guztiok, eta aipatu nahi ez ditudan beste guztiak, amaituko lirateke, antzeztu aurretik, Gorteko norbaitek, burudun eta zuhurren batek komedia guztiak aztertuko balitu; Errege-etxean egin ohi direnak ez ezik, Espainia osoan antzezten diren guztiak ere bai; horrek baimendu behar lituzke, zigilu eta izenpe, eta antzerkilariek, jendearen aurrera bagerik Gortera bidaliko lituzkete, aurrenik, bahetzearren, gero ziurtasunez antzeztu ahal izaiteko; eta egileek ere arreta handiagoz eginen lituzkete, landuago eta zehatzago eginez, aditua den baten eskutik, azterbidean, irago behar dutela jakinik; honela, beraz, antzerki onak eginen lirateke, lortu nahi dena hobeki lortuko litzateke: dela herriaren atsegina dela Espainiako asmatzaileen eritzi ona, dela antzezlari edo jendaurreko arizaleen zudua eta ziurtasuna, inork zigortu behar izaitetik begiratzeko. Eta zalduntza-liburuak ere aztertzeko lana beste noribait emanen balekio, edo Gorteko ber-berari ere bai, argitaratu aurrez azter ditzan eta baimena emanda ateratzeko, ez dago zalantzarik berorrek esan duen bikaintasunez betetako batzuk jalgiko liratekeela, gure hizkuntza ele ederren altxorraz apainduz, liburu zaharrak berrien argiaz ilunduz, aisia era onean betetzeko aukera emanez, nagi denari ez ezik lantsu dagoenari ere ezegin onean zerbait on egiteko aukera emanez; azken baten, uztaia ez dago beti atezuan, eta gizona, izaitez ahula, ezin egon izaiten da beti ezein gozaldirik bagez, hats hartzeke.
Honakoxe elkarrizketan zihoazela, Bizarginak aurreratu eta haiengana helduta Apaizari esan zion
Hau da, lizentziadun jauna, nik esandako lekua, guk biagoa egin dezagun, idiek bazka on eta ugaria jaten duten bitartean.
Bai, on daritzot – Apaizak erantzun.
Kalonjeari esan zion, honek ere baietz, haiekin geratuko zela, ikuspegian agertu zitzaien harantto ederrak ernarazia. Gozatzeko lekua zen, eta Kalonjeak nahi zuen gozatu, eta Apaizarekin hitz egiteaz ere gozatzen hasia zen, eta, bestalde, On Kixoteren nondik-norako guztiak xehe-xehe jakin nahitua ere zen oso; bere morroe batzuei handik ez urrun zegoen txiribogara joaiteko agindu zien, zerbait jateko ekar zezaten, denentzat, zeren, arratsaldea han bertan atsedenaldian emaiteko asmoa hartua baitzuen; morroeetako batek erantzun zion, ordezko zamari batek, txiribogan orduz gero al zegoenak, behar zuten adinako janaria bazekarkeela, oloa hartu beharko zutela, beraz, baina gehiago ez.
Horrela bada – Kalonjeak berriro – eraman itzazue zaldi guztiak eta ekar atzera zamaria.
Halatan, bada, Santxok bere nagusiarekin hitz egiteko aukera ikusi zuen, beti ondoan Bizargina edota Apaiza egon bagerik, susmagarriak hauek biak, eta kaiolarantz hurbildu zen, heldu eta esan zion:
Jauna, nire gogo-barrenak garbitze aldera, neure burua zuritzeko, berorren sorgintzeaz zerbait jakinarazi nahi diot, zera, hemen aurpegia estalita dabiltzan horiek biok, izan ere, gure herriko Apaiza eta Bizargina direla; ene idurikoz, berori horrela eramaitea asmatu badute, bekaitzagatik izan da, nonbait, ezin baitezake begi onez ikus berori, egitandi ospetsuen eginaz, beti haien aitzinetik doana. Egia hau egiatzat jorik, egia biribila da eta, berori sorgindua ez dagoela egiazta daiteke, zorarazita daramate, txotxolotua. Hau egiaztatzeko galdera bat eginen diot, eta nik uste bezala erantzuten badit, ikusiko du nola ez doan sorginduta, burua nahasarazi diote baina eskuz bezala iruzur hau ukitu ahal izanen du.
Itaundu egik, Santxo seme, nahi duana, nik' hik uste duan bezala erantzunen diat, hire gogara. Eta hango haiek, atzera-aurrera dabiltzanak, gurekin datozen Apaiza eta Bizargina, gure herrikide ezagunak direla dioan horretaz, gerta litekek, gerta, haiek beraiek direla iruditzea; baina, benetan direla ez ezak inola ere sinets. Sinets ezak, eta buruan sar, haiek horrelako itxura hartu badute, hik dioan bezalakoa, nik sorgindu nautenek berek horrela nahi izan dutelako dela, zeren, sorgintzaileek nahi duten irudia har baitezakete, eta haien antza eta izaera hartuko ziaten, ziur aski, beraiena estaltzeko, eta horrela hik susmo duan hori susmatzeko bidea eman diate, susmo eta irudipen askoren galmendian jarri haute, horrela, eta orain ezin atera haiteke hortik , Teseoren soka luzea baheduka ere. Nire adimena ere nahasteko eginen ziaten, noski, nire gaitz hau nondik datorkidan igarri ezin dezadan; izan ere, alde batetik, hik dioanez gurekin datozen horiek gure herriko Apaiza eta Bizargina dituk; beste aldetik, ni hemen kaiolan nagok, eta jakin bazakiat, giza-indarrik ez dagoela, gizagaindikoa ez bada, ni kaiolaratzeko adinbat denik; nik zer esatea nahi duk, zer pentsatu behar ote dut, nire sorginkeria hau inoiz zaldun ibiltarien liburuetan irakurri dudan inor sorgindua izan den baino askozaz larriagoa izan dela baizik? Egon, bada, hadi egon bakean eta lasai, hik susmatzen dian ez direna direla eta direna ez direlako horretan, beraiek haiek dituk, bai, ni turkua naizen bezalaxe. Zerbait itaundu nahi didaala esan duk, eta ni gertuta nagok, erran, bada: erantzun eginen diat, galdezka gaur-biharretan egiten badidak ere.
Ai gure Andere Dona Maria! – erantzun zion Santxok oihu batez – Izan ote daiteke berori hain burubagekoa, egoskogorra eta mentsa, nik erran guzia egia biribila dela ez ikusteko, eta berori kaloia honetan sarturik badago, sorginkeriazko ezbeharra baino bekaizkeriazko areagoa dela. Baina, honela dela eta, nik egiaztatu nahi dut, argiro-argiro, berori ez dagoela sorgindua. Bertzela, erran biezat, ai Jainkoak oinazealdi honetatik onik ateraraz dezan, eta nire andere Dultzinearen besoetan jar dadin, usterik guttiena duenean.
Ea, bada, amai itzak arao eta otoi horiek – esan zion On Kixotek – eta hasi galdetzen, erantzun eginen diadala erran diat eta.
Horren eske nator – Santxok berriz ere – eta berorren hitzez jakin nahi dut, ez gehi ez gutti, egiari lotuz, nola erran behar dioten eta erraiten dioten, berorrek bezala, iskilu-ihardueretan aritzen direnek, zaldun ibiltari izena daramatenek...
Ez diat gezurrik esanen. Ea, bada, buka ezak galdetzen; egiazki, aspertua nauk, dagoeneko, horrenbeste ziur-hitz, eskaera eta gertu-lanekin, Santxo.
Nire nagusiaren onaz eta egiaz eskier nagoela diot; eta gure hizpideari dagokionez, galde egiten dut, begirunez era onean, berori kaloian doala eta ustez sorgindurik, ea, beharbada, galtzak lasatzeko gogoa edo beharra etorri ote zaion, erraiten den moldean erraiteko.
Ez diat ulertzen zer den galtzak lasatze hori; mintza hadi garbiago, nik'i xuxen-xuxen erantzuterik nahi baduk.
Ba ote berorrek ez ulertzea zer den galtzak lasatzea? Bada, eskolan haurrak direlarik, bularra kendu baino lehen irakasten diete hori. Komunean egin ohi dena egiteko gogorik etorri ote zaion galdetu dut, sekeretan alegia, kristegian erran nahi baita.
A, bada, badiat ulertzen, Santxo! Eta askotan, gainera; oraintxe banauk gale. Atzulara joaiteko gale, bai. Ateratu nagik, hots, arrisku honetatik, dena ez zagok garbi eta!