Honelatan zegoela, On Kixote oihuka hasi zen, esanez
Hemen, hemen, zaldun adoretsuak, hemen erakutsi behar da zuen beso zainarten indarra; izan ere, gorteko zaldunak josta-gudukan aitzindari dira, gailenduz doaz.
Zarata honetara joz, zalapartaz oharturik, geratzen ziren liburuen ikerketari utzi zioten, eta, beraz, sutara joan zirela dirudi, ez entzunik ez ikusirik, esate baterako, Karolea eta Espainiako Lehoia, Enperadorearen ekintzekikoak, Luis Avilakok osatu zituenak; zalantzarik ez, biok bereizitakoen artean geratu behar ziren, eta Apaizak ikusi balitu, ez ziratekeen, eiki, sutara galduko.
On Kixoterengana iritsitakoan, ohetik jaikia zegoen, zegoenekoz, eta bere horretan, oihuka, bere zorakerian zirauen, patarraka; batera eta bestera, sist-sast, aiztokadaka, aitzin-gibelka erasoan, hain itzarrik, esna, loak hartua inoiz izan ez balitz bezala. Besarkatu zuten, eta indarrez berrohera zuten; lasaituxe zenean, ematuxe nolabait, Apaizari mintzoz, zera esan zion:
Adizu, Turpin artzapezpiku jaun, izan ere, hamabi Pare garenon ohore-galtze handia da zaldun-guduka honetan gurenda gorteko zaldunek beretzen uztea, gehiagokorik bage, guk ibiltari arriskuzaleok, aurreko hiru egunetan, aintza irabazi eta gero.
Ixil bedi berori, adixkide jauna – Apaizak esanez – Jaungoikoak zoria aldatzea nahi izango baitu, eta egun galtzen dena bihar irabaziko da, eta oraingoz har beza haintzat bere osasuna berorrek; nekatuegi dagoela iruditzen zait eta, honez gero, gaixo larririk baldin ez badago.
Gaixorik ez – erantzun zion On Kixotek – baina makilkatua eta hautsia bai, ezbairik ez; zeren Errolan bort horrek makilka eho bainau, arte baten enborraz, guztiz bekaitzak jota, bere ozarkeriaaren aur-aurrean jarten den bakarra, gogor egiten diona, jarki ohi zaiona nerau naizela ikusten baitu. Alabaina, ez nintzateke ni Montalbango Erreinaldo, ohe honetatik jaikita, larrutik ordainduko ez balit, bere sorginkeriak oro goiti-beheti. Oraingoz, emaidazue jaten, gehien behar dudana delako, mendekuarena, aldiz, utzi neure gain, neu aspertuko natzaio.
Hala egin zuten: jaten eman zioten, eta berriz ere loak hartu zuen, eta besteak haren zorotasunaz harrituta.
Gau haretan etxeko Andereak ixtegian zein etxe osoan zegozen liburu guztiak erre-kiskali zituen, agiritegietan betiko jasoak eta zainduak izaitea irabazia zuten batzuk ere haiekin batera. Halabeharrak, ostera, haretaratu zituen, ikertzailearen nagiak galtzera eraman zituen, eta honela haiekin esaera zaharrak dioena bete zen, baieztatu zen,alegia,ardiaren errua bildotsak ordaindu, eta katu balego bera errudun.
Sendabide bat behar eta, Apaizak Bizarginarekin, euren adiskidearen gaixotasuna sendatzeko zera asmatu zuten, edo otu bederen otu zitzaien: liburuen gela horma batez ixtea; jaiki eta gero idoro ez zitzan – agian, honela, zioa kenduz ondorioa eten nahi zuten – eta, gero sorgintzaileren batek edo eroan zizkiola , gela eta gelako guztiak, esanen ziotela asmatu ere bai. Honela egin zen, bada, bizkor-bizkor. Bi egunen buruan, On Kixote jaiki zen, eta berehalakoan, egin zuen lehenengoa, bere liburuak ikustera joaitea izan zen; utziak zituen gela ediren ez zuela eta hara-hona zebilen bilaketan. Atea egon zen lekura heldu eta, haztamuka, itsumustuan bezala, bilatzen zuen, eta begiak hara begiak hona, alderik alde zeramatzan, denetan zehar, txintik ere ez zioela. Harik guttira ez, baina, azkenean, etxeko Andereari galde egin zion ea non edo nontsu zegoen bere liburuen gela. Emakumeak, aurretik ondo ikasia zuena erantzunez, esan zion:
Zein gela eta gelaondo bilatzen ari da berori? Dagoeneko, ez dago gelarik ez libururik etxe honetan, dena Txerrenek berak eraman zuen.
Ez zen deabrua – ihardetsi zuen Ilobak – sorgintzaile batek baizik; berori hemendik joan zen egunaren hurrengo gauean, hodei baten gainean etorri zen, zaldun antzo baina herensuge baten gainean zetorren, jaitsi eta sartu zen gelara, barruan zer egin ote zuen ez dakit baina, gesu baten, teilatutik gora hegan jalgi zen, eta etxea kez beterik utzi zuen. Zer egin ote zuen behatzera gineneko, ez genuen libururik ikusi ez gelarik ere; ongi gogoan dugun bakarra, bai nik bai Etxandereak, zera da, zahar gaizto harek alde egiterakoan, oihuka aldarrikatzen zuela, etxe haretan egin zuen kaltea, geroago ikusiko genuena, liburu haien eta gelaren ugazabari zion etsaigoagatik, isilpeko hegigoa ziolako egin zuena. Muñaton jakintsua zeritzola ere esan zuen.
Freston esanen zuen – On Kixotek.
Ez dakit – esan zuen Andereak – Freston edo Friton ote zen, izena ton horrekin azkentzen zela baizik ez dakit.
Hala da – On Kixotek berriro; jakintsu sorgintzailea da, nire etsai amorratua, begitan hartua nau, jakin badakielako, bere antze eta irakurketa direla bide jakin ere, egunen batean, berak aldezten duen, laguntzen duen zaldun batekin borrokan eginen dudala, buruz buru, eta azpiratuko dudala, eta menpean hartuko; eta berak badaki ezin galarazi izanen didala, honetaz, ahal dituen nahibage guztiak eraginez ihardukitzen dit; nik, ostera, ohartaraziko diot zeruak agindu duena nekez eragotzi ahal izanen duela, nekez oztopatu, apo-apoan atzera eragin dagikeela.
Nork ukan dezake zalantzarik horretaz? – Ilobak. Baina, nork sartzen ote du berori, osaba jauna, atralaka horietara? Ez al du hobe etxean lasai eta bare egoitea, hor nonbait, munduan barrena gari osteko ogi eske joaitea baino, buruan ongi hartu bage askotto joan izan dela artile bila eta ile bagerik, motz-motz itzuli dela? Anitz daki saguak, osaba jauna, baina haboro katuak.
Oi ene iloba – On Kixotek ihardetsiz – zein oker zagozen! Ni inork moztu baino lehenago, nire ile baten zia ukitzea irudika ote lezaketen guztien bizarrak bizkarraturik eta motz-motz eginik utziko nituzke.
Ez zioten, ez batak ez besteak, ihardetsi nahi izan gehiago, amorrua pizten, sutzen ari zitzaiola ikusita.
Halatan, bada, hamabost egunez etxean bare-bare egon zen, lehenengo zorakeriak bigarren aldiz egin nahi izan ez balitu bezala, eta egunotan, Apaiz eta Bizargin adiskideekin ipuin barregarri batzuk ekarri zituen hizpidera, esaterako, berak zioen zer bat izan zen munduak zaldun ibiltarien beharra zuela, eta berarengan behar zela zalduneria ibiltzalea berpiztu. Apaizak, behin edo behin, ezetz esaten zion; noizean behin baietz; honelakotsu trikimaina bat edo beste, txitean-pitean erabili ezik, ezin baitzuen harekin burutu.
Egotaldi honetan, On Kixotek bere auzoko nekazari bati lagun-eskea egin zion, gizon zintzoa hau (honelako izenlaguna eman ahal balekio txiro denari) baina kaskoan gatz guttikoa. Azkenik bada, esan eta esan, arren eta arren, agindu eta eskaini, baserritar gizaraxoak harekin joan eta ezkutari legez zerbitzatuko ziola erabaki zuen. On Kixotek berarekin gogotsu, gogo onean joaiteko aton zedin, besteak beste, ziotson; zeren, agian, halakoren baten, galtzori batean, usterik gutienean, zeinbait uharteren irabaztea gerta bailekioke, eta hantxe bertako jaurlari, jaun eta jabe, jar lezakeela. Holako eta halako eskaintzak zirela bide, Santxo Pantzak (nekazari hari honela zeritzon) emaztea eta seme-alabak utzi zituen, bere auzokoaren ezkutaritzat jarrita.
Diru biltzen hasi zen On Kixote, hurren, eta, gauza bat salduz, beste bat bahituran emanez, merkezurrian denak, diru mordoxka polita egin zuen. Erredola bat eskuratu zuen, era berean, bere lagun bati zorretan eskatua, eta bere kaska hautsia ahalik hobekien konpondu ondorean, Santxo bere ezkutariari albiste eman zion, zein egun eta zein ordutan hasi nahi zuen bidean aitzina, beronek ikus zezan zer behar zuen biderako, eta hura presta nahiz haretaz hornitu, bide-zorroak hartzeko agindu zion. Baietz, eramango zituela erantzun zion honek, eta asto bat ere eramaiteko asmoa zuela, oso asto ona, bera oinez asko ibilten gutti ohitua zegoelako. Astoarekiko horretan kexkati jarri zen, pixka batean, On Kixote, gomutaratu nahiz bezala, ea gogora erakarten ote zuen, inoiz edo behin, zaldun ibiltariren batek bere ezkutaria asto baten gainean zaldizko erabili izan ote zuen; bat bakarrik ere ez zitzaion inondik gogoratu; honela eta guztiz ere, baietz, eraman zezan erabaki zuen, egokiera sortuz gero, noski, ohore handiagoko abereren bat emango ziolako ustean, bidean tupust, buru eginen zion lehenbiziko zaldun gaizkikasiari zaldia kendurik. Alkandorak eta ahal izan zituen gainerakoak hartu zituen, txiriboginak emaniko aholkuaren arauera; den-dena osatu eta egin ondotik, Pantza bere emazte eta seme-alabei agurrik ere egiteke, ez On Kixote Etxandereari ez Ilobari ere, han ateratu ziren, herrixka haretatik, gau batean, inork ikusi ez zituelarik. Gau haretan, ibilian-ibilian, hainbesteraino joan ziren, ezen, goizaldean ziur asko zegozen, euren bila hasiko balira ere ez lituzketela idoroko.
Santxo Pantza, bere astoaren gainean, aitalehen baten antzo zihoan, bide-zorroak, zahato eta guzti, bere burua nagusiak agindu zion uharte haretako jaurlari eginik ikusteko irrikitan. On Kixotek, oraingo honetan, bere lehenengo ibilaldian harturiko bidea eta norabide bera hartu zuen, Montiel aldeko landetan zehar, lehenengo haretan baino neke astun ttikiagorekin zihoan, izan ere, goiztiri apala zen eta eguzkiak zeharka, saiheska joiten zituen nekerik emaiteke. Honetan, Santxo Pantzak bere nagusiari:
Begira berorrek, zaldun ibiltari jaun, ez al zaio, gero, ahaztu behar niri agindu uharte horrena, handia izanik ere, nik gobernatzen jakinen dut eta.
On Kixotek honetara erantzun zion:
Har ezak gogoan, Santxo Pantza lagun horrek, antzinako zaldun ibiltari haien ohitura xoil ohikoa zela irabazten zuten uharte edo erresuma edo haietako jaurlaritzat euren ezkutariak ezartea; niregatik ez dik hutsik eginen hain ekandu eskergarriak, inola ere; are gehiago eginen diat: batzuetan, edo gehienetan, beraien ezkutariak zahartu zain egon ohi zituan, eta morrontzan ahitu eta gero, egun txarrak eta gau txarragoak irago eta gero, konde-izenbururen bat edo eman ohi zieaten; edo hala-holako probintzia edo ibarren bateko markes izengoitia, gehienez; baina, hi bizi bahaiz eta ni bizi banaiz, balitekek sei egun baino lehenago nik halako erresuma bat irabaztea, bere inguruan beste batzuk dituena, eta berauetako batean hi erregetzat koroatua izaiteko egokia izaitea. Ez uste hau asko denik; harako zaldunei honelakoak nahiz antzekoak gertatu ohi zaizkiek, ustebageko era miragarrizkoetan sarri, sinetsi ezinezkoetan gertatu ere maiz; honetaz, agindu diadan baino are oparoago, aberatsago eman niezaake, arauz, eta aisa gainera.
Horrela bada – Santxok erantzun – berorrek diotzan mirari horietarik baten bidez ni errege banintz, Juana Gutierrez ene kuttuna erregina izanen litzateke, noski, eta nire seme-alabak printze.
Nor zalantzatzen da horretan, bada? – On kixotek galdezka erantzunez.
Ni nerau zalantzan nago – Santxok – nire baitan baitarabilt, ezen, Jainkoak lurraren gainera erresumak, euria bezala isuriko balitu ere, bat bera ere ez letorkiokeela, hurrean, Mari Gutierrezen buruari. Jakin beza, jauna, sos bi ere ez duela balio erreginatarako; kondesarena, agian, hobeki letorkioke, eta hauxe ere Jainkoa lagun, eta ozta-ozta.
Utz ezak, Santxo, heuk, Jaungoikoaren esku, Berak ongien datorkiona opako baitio; baina, ez horregatik, urritu hire kopeta, ez bederen lehendakari baino gutiagoko zerbaiti askietsiz.
Ez dut ez holakorik eginen, ez, are guttiago, berori bezalako hain nagusi ahalduna ukanik; berorrek jakinen baitu niri ongi datorkidan eta nik ahal dezakedan hura guzia emaiten.