Edaskai edo "kondaira" honen bigarren zatian, On Kixoteren hirugarren irtenaldian alegia, Zide Hamete Benengelik dioenez, Apaizak eta Bizarginak ia ilbete osoan ez zuten ikusi, gertaturiko zer haiek berriz ere gogora ez erakartzearren; baina bai nexka iloba eta etxeko anderea ikustera joan izan ziren, behin edo behin, eta ondo zain zezaten, ehenatu eta errekitatu ahal bezain ongi egin zezaten, bizkorgarriak jaten eman ziezazkioten aholku egin izan zieten, nahiz bihotzerako nahiz garunerako on zitezkeen janariak emaiteko hain zuzen, zeren, haren asturu gaitz guztia hortixe zetorkiokeela ongi uste baitzuten. Haiek baietz, halaxe egiten zutela eta eginen zutela, ahalik arduratsukien eta gogorik onenez, izan ere, beraiek antzemanik bide-zuten, beren jauna, gero eta gero bere onera edo zentzu onera etortzenago zela; beste biak honegatik oso poztu ziren, eta idi-gurdian sorginduta ekarri izana ondo kausitu eta asmatu zutela iruditu zitzaien (honetaz edaskai handi-zehatz honen lehenengo zatiko azken atalean xehetasunak eman ziren) eta noizean behin ikustea erabaki zuten, agertu bat edo beste egitea, hobekuntza ikertze aldera, hoberik izanen ote zen ia ezinezkotzat jaiten bazuten ere, eta zalduneriaz hitzik ez egitea ere erabaki zuten, zauria berriro ireki ez zekion, "punttuak", artean, samurrak zituelakoan.
Joan ziren, bada, noizbait ere bisita egitera, eta han aurkitu zuten: ohean eserita, artile argal orlegizko gorontza soinean, baieta daritzon horrelakozkoa alegia, buruan toledotar buruin gorrixka bat, eta hain ihartua, zimel-zimel eginda, hilotz zirudiela, bakailao edo arraintzar antzera zahardindua. Oso harrera ona egin zien; osasunaz galdetu zioten, eta harek, ongi mintzatuz, ele ederrez hitz eginez, berataz eta bere osasunaz, zentzu onez, berri guztiak jakinarazi zizkien. Hizketan ari zirela ari, leterri-lege daritzonaz hasita, aginpide edo jaurkera daritzen gai horietara etorri edo lerratu ziren; gehiegikeria hau zuzendu, beste hura gaitzetsi, halako ohitura garbitu, beste honelako hau kendu, hirurak ala hirurak legelari berri antzean, egungo Likurgo gaurberri nahiz Solon distiratsu ziruditela, zein baino zein legegile hobea, eta halaxe, gizarte guztia, errepublika osoa eraberritu zuten, arteztu zuten, ondu zuten eta, azkenik, bestelakatu zuten, aroztegiko sutegian goritu eta arragoan landu ondorean egin ohi den antzeratsu; eta gai guztiez On Kixotek ganoraz hitz egin zuelako, zentzuz eta senez, ikuskari biek bere onera etorria zela uste izan zuten, zalantzarik bage, guztiz sendatua eta erabat bere buruaz berjabetua.
Hizketa une haretan, hantxe izeba-ilobak, eta beren nagusi jauna hain buru oneko ikusirik, ez ziren aspertzen Jaungoikoari eskerrak eman eta eman; baina, Apaizak, aurreneko asmoa utzita edo erabakia hautsita, zalduneriaz hitzik ez egitekoa alegia, On Kixoteren sendapena egiazkoa ala axal-hutsezkoa ote zen ikertu nahi izan zuen, eta halatan, noizean behin, errege ingurutik etorritako berriren batzuk aipatzen hasi zen, eta besteak beste, Turkua gudaroste beldurgarri batekin omen zetorrela eta berak egiatzat joten zuela, nahiz eta haren asmorik jakin ez, eta non erasoko, non hain ekaitz-hodeitzarra hutsituko ez zekiela; eta horrako beldur horren kariaz, urtean-urtean abantzu, gudurako deiak egiten zituztela, eta kristau herri guztia beldurtuta omen zegoela, eta errege jaunak hala Napoliko nola Siziliako itsasaldeak eta Malta uhartea horniarazi, guda-tramankuluz zuzkitu zituela. Honetan, honela mintzatu zen On Kixote:
Errege jaunak guda-gizon txit jakintsuari dagokion eran egin du, bere erresuma horniarazte horretan, etsaiak esku-hutsik harrapa ez dezan, oharbagean atzeman ez dezantzat, baina, hara, nire onu edo aholkua onar baliezat, beste gertuera bat egiteko esanen nioke, errege jauna gaur den egunean honetaz ahantzita edo egon baitaiteke, noski, burura etorri ez zaiolarik.
Apaizak, hau entzun zuenekoxe, honela zioen bere golkorako: "Jainkoak bere eskutik zaitzala, On Kixote gizagaixo hori; zure zoroaren erpin garaitik amildu eta zure inozoaren leze hondarrerantz ote zoazen nago eta". Bizarginak, ordurako Apaizaren burubide berdinaz bat etorrita, On Kixoteri' zer-nolako gertukizuna zen berak egin behar zela zioen ha galdetu zion; izan ere, agian, erregeei eta eman ohi zitzaien aholku ezegoki askoren zerrendan ezartekoa izanen zatekeen.
Nirea, moztaile jauna – On Kixotek erantzun zion – ez da ezegokia izanen, oso egokia baizik.
Horrenbesterik ez diot nik – Bizarginak iharduki zion – alabaina, lehendik ere jakina da Erregeri emaiten zaizkion aholkurik gehienak edo denak ezinezkoak direla, edo burubageak direla, edo Erregeren nahiz erresumaren kalte eta gaitzerako.
Nirea, berriz – On Kixote atzera – ez da ezinezkoa ez burubagekoa, inongo eritzi-emaileren buruan izan daitekeen erraz, zuzen, eroso eta laburrena baizik.
Bada, badu berorrek luzatzen, horregatik, horrako horixe esan arteko hori, On Kixote jauna – esan zion Apaizak.
Ez nuke nahi – esan zuen On Kixotek – nik hemen orain esana, bihar eguna baino lehen aholkulari jaunen belarrietaraino zabaltzerik, eta nire lanaren sari-eskerrak bestek jasotzerik.
Nire aldetik – Bizarginak esan – hementxe eta Jainkoaren aitzinean hitz emaiten dut ez diodala berorrek esanik inori esanen, ez erregeri ez haitzari ere, eguzkipeko inorttori inoiz ez diodala txintik esanen; hitz emaite era hau harako "apaizaren eta lapurraren" bertso haietan ikasia dut, zera, apaizak sagara-aurreko kantuan erregeari' ehun "dobla" eta mando hankarina ostu zizkion ohoina hantxe bertan zegoela ohartarazi zioneko hura.
Nik kondaira horiek ez dakizkit – On Kixote mintzoz – baina bai zin egite hori ona dela, Bizargin jauna hitzeko gizon jatorra dela badakit eta.
Eta horren jatorra ez balitz ere – Apaizak atzera – nik horren alde ezarten dut neure hitza; honako honetaz mintzul batek, mutu batek alegia, baino hitz gehiagorik ez du eginen, bestela, epaia eta epaiondoak ordaindu bekarko ditu ordaindu.
Eta berorri, Apaiz jaun, nork baietsiko dio? – On Kixotek berriz ere.
Nire bizilegeak berak – Apaizak ihardetsiz – isilpekoak edukitzekoa baita. Hizpean esana bego aho barruan.
Arranopola! – esan zuen orduan On Kixotek – Espainian barrena alperrean dabiltzan zaldun ibiltari guztiak, Errege jaunak dei eginda, aldarri eginez errege-etxera, egun zehatz batean, bilaraztea besterik behar izanen ote litzateke, ala? Bospasei baino bilduko ez balitz ere, baten bat agertuko ez ote litzateke, bada, bera bakarrik Turkuaren indar guztia, txikitzeko eta suntsitzeko aski litzatekeena, bat eta bera nahikoa litzatekeena? Begozkit adi eta erne beroriek, betoz nirekin batera. Gertakizun berria al da, bada, ausaz, zaldun ibiltari bakar batek, bakarka, berrehun mila gizoneko gudarostea "xahutzea", "triskatzea", txikitzea, guztiak baturik zintzur bakarra ukan balute bezala edota zaku bete orbelez eginak, mindulin hutsak, makalak balira bezala? Esan biezadate, bestela: zeinbat kondaira dago honelakotsu harrigarriez beterik? Bizirik behar luke egun, niretzat zoritxarrez noski, besterentzat ez baina, On Belianis ospetsuak, edota Amadis Gaulakoaren etorkiko ezin zeinbatu ahalako ondoreango haietako batek; bat bizirik balego eta Turkuari ekinen balitzaio, aurrez aur, ez nuke nik honen, alafede, alde lepoa eginen! Baina, Jaungoikoa errukituko al zaio bere herriari eta lehengo zaldun ibiltari behinolako haiek bezain gementsu edo zangar ez izanik ere, bat edo bat sorraraziko al du, aspaldiko haiek baino azku guttiago izanen ez duena, behintzat; Jaungoikoak badaki, bai, ulertzen dit eta aski dut.
Ai ene – esan zuen orduan Ilobak – hil nazatela hementxe baldin nire nagusia berriz ere zaldun ibiltari izaitekotan ez badabil!
Honetan, On Kixotek esan:
Zaldun ibiltari hilgo naiz, bai, eta betor Turkua, goiti nahiz beheti, ahal duen indartsuenik eta nahi duenean; berriro esanda ere, Jaungoikoak badakiela diot eta.
Bizarginak hitza sartu zuen:
Otoi dagiet beroriei baimena eman daiezadaten ipuin edo edaskaitto llabur bat Sibilian gertatu zena jaulkitzeko, honako honixe beren-beregi bezala dagokiola eta jaulkitzeko gogoak eman baitit.
On Kixotek baimena eman zion, eta Apaiza beste guztiekin batera adi entzuten jarri zitzaion, honela hasi zenean:
Sibiliako zoroetxean bazen gizon bat zentzu bagekoa zelako ahaideek bertaratua. Osunako unibertsitatean Eliz-legeetan graduduna zen, baina, Salamankakoan izan balitz ere, askoren gardiz, berdin zoro izanen zen. Gradudun hau, beraz, han bertan bildurik urte batzuen buruan, bere buruaren jabe zela, bere senean zegoela, guztiz zentzudundua zela erakutsi nahi izan zuen, eta honen hariaz, Artzapezpikuari idatzi zion, otoi larriak eginaz bat zentzuzko esaera edo arrazoi garbiez, bizi zuen zorigaitz gorri haretatik irtenaraz zezan, zeren, Jaungoikoaren errukiaz galdutako zentzua bihurtua baitzitzaion; alabaina, ahaideek, bere ondasunaz jabetzearren, bertan zedukatela eta, egiaren kaltez, hil artean zorotzat hartua izaitea nahi zutela. Artzapezpikuak, hainbat mezu zogi eta erazko jasoz irabilduta, bere kapilau bat zoroetxeko zuzendariagana, ea lizentziadun harek idazten zuena egia ote zen ikertzera, eta, bide batez, zoroarekin hitz egitera bidali zuen; zentzu ona bazuela ikusiz gero, handik atera eta askatzeko aginduarekin. Kapilauak halaxe egin zuen eta zuzendariak' harako gizon hura artean zoro zegoela esan zion; maiz adimen handiko nordin bezala mintzatzen zen arren, hondarrean, tentelkeriaka hasten zen, zarta-zarta, haseran bezain zuhur orduan guztiz tentel eta zeharo ergel, harekin hizketan ihardunaz egiazta zitekeenez. Kapilauak hau egin nahi izan zuen eta zoroarekin ordu batez edo gehiagoz elestatu zen, hitz eta pitz, eta elkarrizketa osoan zoroak ez zion behin ere okerrik ez makurkeriarik esan, burugekeriarik bat ere ez; alderantziz, hain arduratsu mintzatu zelako kapilauak zoroa zentzuduna zela uste izan zuen; esan eta esan, besteak beste, zuzendariak begitan hartua zuela esan zion, zergatik eta, ahaideek, zoro zegoela esan zezan, egiten zizkioten bezuzak edo opariak ez galtzeagatik, zoro bai zegoela baina hala ere tartean-tartean zentzuzko une luzeak ere zituela esan zezan, hain zuzen. Bere etsairik larriena bere ondasun handi-ugaria zuela eman zion aditzera, zeren etsaiek haretaz jabetu nahi, gozatu nahi, onura hartu nahi baitzuten eta honetarakoxe azpikeriaz iruzur egiten zuten, eta gure Jaunak piztia izaitetik gizaki bihurtuz egin zion dohain handi-handiaz zalantza egiten zuten. Azkenean, bere hitzez zuzendaria susmagarritu zuen, ahaideak diru-gosezto bihozkogor saierretzat eman zituen, eta bere burua, berriz, gurbil oso, zuhur eta zogi iruditu zuen, halako moldez, ezen, kapilauak berarekin eroaitea erabaki zuela, Artzapezpikuak ikus eta arazo haren egia bere eskuz uki zezan. Fede onean, honetaz, kapilauak zuzendariari bertara sartzean gradudunak zeramatzan janzkiak eman ziezazkioten agintzeko galdatu zion. Zuzendariak, berriro, zer eginen zuen ondo begiratzeko esan eta esan, zoroa zela eta zoro zegoela, zalantzarik ez; alperrik, ordea, kapilauarekiko ardura nahiz kezka nahiz ohar guztiak: eroan behar zuela eta bere ten-tenean zegoen. Artzapezpikuaren agindua zenez gero, zuzendariak men egin zion, lizentziaduna bere soinekoz jantzi zuten, berri-txukunak soinekook eta berak bere burua zentzuz jantzita edota zoroz erantzita ikusi zuenean, etxeko zoro lagunei azken agur egitera joaiteko baimena, gupidarren, emaiteko galde egin zion, otoika, kapilauari. Beronek baietz eta lagundu nahi ziola, etxean zegozen zoroak ikusten. Igo ziren, bada, eta haiekin hangoxe batzuk; heldu zen lizentziaduna zoro sepatsu bat zegoen kaiola batera, une haretan lasai eta geldi egonik ere, eta honela esan zion:
Ene anaia, ni neurera noak eta ea zerbait nahi duan; Jainkoak, guztiz on eta errukitsu denak, nik irabazi ez baina neure zentzura itzularazi nahi izan naik: sentsu nauk, zentzuzkoa oso; izan ere Jainko oroahaldunari ezinik ez zaiok, izan. Euk Harengan uste on eta itxaropen handia, ni neu lehengoratu banauk hi heu ere, Harengandik entzinduz gero, zentzatuko hau. Jateko opari batzuk igorriko dizkiat, eta jan egin itzakek; zeren, jakin egik, nire irudiko, eta ni nerau ere hor zehar iragaitakoa nauk, gure zorotasun guztiak urdaila hutsa eta burua haizez betea edukitzetik ohi datozela. Saia hadi saia, zoritxarrean makaltzeak osasuna galtzen dik eta, uzkurtzeak heriotza erakarten dik eta.
Lizentziadunak eginiko hitzok guztiok beste kaiola batean zegoen beste zoro batek entzun zituen, sepatsuaren ondoan baitzegoen, eta zetzan zerria zahar edo lastaira antzekotik jaikita, larrugorritan, oihuz galdezka hasi zen ea nor ote zen sentsu eta bere zentzuan zihoana. Lizentziadunak erantzun zion:
Ni nauk, anaia, banoana; hemen gehiago egon beharrik ez diat, eta eskerrak eman ahala eman eta eman ari natzaiek zeru guztiei, egindako dohain handi-handiagatik.
Begira zer dioan, lizentziadun, ez al dik ziririk sartu Txerrenek – ihardetsi zion zoroak – egon lasai, geldi etxen, ea berriz ere atzera bihurtu beharrik ez duan.
Onik nagoela bazakiat – lizentziadunak berriro – eta ez duk egongo, ez, atzerakorik.
Hi onik? – esan zion zoroak. Ikusi beharko, gerokoak gero; hoa Jainkoarekin; ni Jupiter handigoiaren ordezkaria nauk lurbiran eta zin zagioat, Sibiliak hi hemendik ateratuz eta zentzuduntzat joz egiten duen bekatu honegatik zigorraldi itzela egingo dudala Sibilian, mendez mende ororen gomutan eta oroitzapenetan geratuko den heinekoa, eta hala biz. Ez al dakik, lizentziaduntto txaldan horrek, egin ahal izango dudala, Jupiter Tonante nauk, izan ere, eta nire eskuetan ditudalako tximist kiskalgarriak eta berauezaz mundu osoa zemaitu ez ezik suntsitu ere ahal eta egin egiten dudala? Baina, gauza bakarraz zigortu nahi diat herri ezikasi hau, eta zera duk, euririk ez egiteaz bertan ez inguruan , hiru urtebetean, oraintxe zemai hau egin dudanetik hasita. Hi aske, hi onik, hi sentsu, eta ni zoro, ni gaixorik, ni loturik ...? Neure burua urkatu nahiago euririk egin baino.
Inguruan zegozen entzule guztiak zoroaren eleok adi entzuten, eta gure lizentziaduna, kapilauari begira bihurturik, eskutik heldu eta honela mintzatu zitzaion:
Ez egin jaramonik, jauna, zoro horrek esan duenari, eta ez berori tamalik izan; hori Jupiter bada eta euririk egin nahi ez badu, neuk, Neptuno naizen honek, hots, uren aita eta jainkoa, gogoak eman ahala euri egingo dut, behar den beste eta adina.
Kapilauak erantzun:
Hori guztia horrela, Neptuno jauna, ez dateke on Jupiter jaunari gaitziaraztea; bego berori etxen, beraz; beste egun baten, lasai-lasai, asti luzeagoz, berorren bila etorriko gara eta.
Barre egin zuen zuzendariak eta barre hantxe zegozenek, eta kapilaua lotsagorritu zen; erantzi zuten lizentziaduna, geratu zen etxean eta amaitu zen ipuina.
Bada, hau al da, Bizargin jauna – esan zuen On Kixotek – hemen beren-beregi bezala dagokiolakoan, jaulki bagerik ezin utzizko ipuina? Ai, mozkin jauna, mozkin jauna, zein itsu den bahe-sarean zehar ekusten ez duena! Berorrek ez al daki buruz buru, adimenez adimen, gemenez gemen, ederrez eder, etorkiz etorki erkatzen denean, antzundu egiten denean, alderaketa beti gaitzigarri ohi dela eta gorrotagarri ere bai? Ni, Bizargin jauna, ez naiz Neptuno, uren jainkoa, ez dut inork ni zuhurtzat hartzerik nahi, zuhur ez izanki; lan eta neke bakarra dut, aldiz, hots, munduari irakastea zein oker handia duen anbiolako garai zoriontsu haiek berriz ere gure egunotara ez ekartzea eta ez zaharberritzea, zaldungo ibiltaria landarik landa nagusikiro zebilen garai haiek alegia. Ez du, baina, ez, merezi gure garai ustel honek, gure aldi edo aro galdu honek, behialako aldi zahar haiek gozatu zuten bezainbat gozatzerik, zaldun ibiltariek erresumen zainketa euren gain hartu zutenean, neska garbien jagoketan iharduten zutenean, umezurtzen sorosle aritzen zirenean, harrokerien zigorketa edota apalei sari emaitea euren lepoan hartu zutenean. Gaur-egun ohi dabiltzan zaldunik gehienak, damasko-oihal edo urrrezko ziriko-ehun edo beste mihise aberats batzuen fir-fir-fir leunagatik nabaritzenago dira, guda-sarekien kirriz-karraz zakarragatik baino; orainez gero, ez dago landetan, izarpean lo egiten duen zaldunik, nahiz oskarbi nahiz oskorri, goitik behera bere iskiluez jantzita; honez gero, ez dago behinolako zaldun ibiltariek ohi bezala, zaldi gainean oinak beti eskalapoinetan, lantza aldean, logura asetzearren kuluxka bat, lo-suma baino ez, egiten duenik. Gaurgehiago, ez dago inor hemengo baso honetatik jalgi eta hango mendi haretara sartzen denik, eta handik hara itsaso ondoko hondartza elkor batera doanik, eta itsasoa sarri-sarritan zakar edo nahasi edo harro egonagatik ere, txanel bat aurkiturik, arraunik ez, bela edo zutoihalik ez, masta bagerik, berga bat ere ez, hor doa, bihotza bero, ontzixkara, hor doa itsaso handiaren uhin ibigaitzetan gaindi, orain ortziraino igoarazten orain itsas-lezeraino jaitsarazten dutenak, eta hor doa bera ekaitz hautsezinari bularra erakutsiz, eta guttien uste dueneko, ontziratu zen lekutik hiru mila milia edo gehiagotara dago, eta urruneko lurralde arrotz batera iritsita lehorreratzen da, eta gertakizun gogoangarri batzuk gertatzen zaizkio, larrutxetan ez brontzeetan baizik idazteko dinak. Gaur-egun, berriz, nagia maratzari nagusitu zaio, alperkeria lanari garaitu zaio, onbidea baino okerbidea usuagoa da, harroa bihoztuna baino gorago dabil, eta iskiluez beredin mintzo baina ihardun ordea gutti, edozein da azarri baina gudura doa gutti, izan ere, zaldun ibiltarien garaietan edota urrezko aro haietan izan ziren, bai, distirakor eta hotsandiko, iskiluak, orduan izan baziren eta orduan baino ez. Bestela, esan: nor azarriago, nor prestuago Amadis Gaulako ospetsua baino? Nor Ingalaterrako Palmerin baino gurbilago? Nor Tirante Zuria baino molderraz eta erazkoago? Nor Greziako Lisuarte baino lirainago? Nor, berriz, izan da Belianis baino gehiagotan aiztoz joago eta aiztoz jotzaileago? Nor Perion Gaulako baino izukaitzago, nor Felixmarte Hirkaniako arriskuzaleago, nor Esplandian baino benatsuago? Nor ote On Zirongilio Traziako baino zainbiziago? Eta Rodamonte baino zangarragorik? Sobrino erregea baino zuhurrago nor? Reinaldos baino ausartago? Errolan baino garaitezinago nor ote? Nor erskon eta adeitsuago Rugero baino, Ferrarako dukeak ondoreango dituena, Turpinek bere Kosmografian dioenez? Zaldun hauek guztiok, eta beste honenbeste hemen aipatu ez ditudanak, Apaiz jaun, zaldun ibiltariak izan ziren, zaldungoaren argi eta aintza. Hauetarikoak edo hauen antzekoak nahi nituzke nik nire asmo larri honetarako, zeren, halakoak balira, Errege jauna ongi lagundua izanen bailitzateke, eta eralgi beharrekoa askoz urriago, eta Turkua "murri" geratuko litzateke. Tira, nik honenbestez, nire etxean geratu nahi dut, kapilauak ez bainau ateratzen; eta Jupiterrek euririk eginen ez balu, Bizarginak esan duen bezala, hemen nago neu, gogoak edo senak eman ahala euri eginen dudana. Hau' "Bizar-ontzi" jaunak ulertzen dudala jakin dezan esan dut.
Benetan, On Kixote jauna – esan zuen Bizarginak – , ez dut esan horrenbesterako, Jainkoa lagun, eta nire asmoa ona izan da, ez du berorrek, horregatik, gaizki hartu behar.
Gaitzitu behar bazaidan ala ez nik dakit – iharduki zion On Kixotek.
Honetan, Apaizak hitza sartu zuen:
Orain arte, hara, nik ez dut hitzik ere esan; baina badut nire bihotzondoan karraska eta aztarka ari zaidan kezka bat, On Kixote jaunak oraintsu esan dituenek sorrarazia.
Bere kezka ager lezake, bai, Apaiz jaunak – On Kixotek erantzunez – eta beste gauza gehiagotarako baimena ere badu; ez da batere atsegina, izan ere, barrenatsa edo kontzientzia kezketan delarik ibiltea.
Horrelako baietza opaz gero – Apaizak – zera diot, nire kezka hauxe dela, hots, ez dudala buruan sartzen ahal, ezin sinetsita nago, beraz, berorrek aipatu zaldun ibiltari multzo hori guztia, On Kixote jauna, inola ere, mundu honetan hezur-haragizko nordinak izan direnik inoiz, benetan eta egiaz; alderentziz erabat, nago, nirekiko, oro asmakizun, eta ipuin eta gezur dela, diren-direnak, esnaldian, edo erdi lotan hobeki esateko noski, norbaitek jaulkitako ametsak
Horixe beste oker bat da – esan zion on Kixotek – askok egiten duena, lurbiran zaldun ibiltariak izan direnik ez sinestea; ni askotan, lagun batzuen aurrean eta hainbat egokieratan, saiatu izan naiz, bai, ia-ia erabat zabaldutako uste ustel hori egiaren argiz zuritzen; batzuetan ez naiz nirearekin aurrera atera, beste batzuetan bai, egiaren lepo gainean eutsi eta eutsi; hain da, izan ere, egiazkoa egia hori, Amadis Gaulakoa nire neure begiez ekusi dudala esateko ere banagoela: soinez lerdena zen; aurpegizuria; bizarra, beltzarren ere, oso egokia; begirada zorrotz bezain bigunekoa; hitzetan labur edo motza; zitalgaitza, haserretzen erraza ez zena alegia, eta barkabera txit; eta honelaxe, Amadis egin dudan bezalaxe, irudi eta marraz nezake, nonbait, lurbira osoko kondairetan dabiltzan zaldun ibiltari guzti-guztiak, nire ustez, zeren, kondairek dioten bezalakoak izan baziren, eta halakoxeak izan ziren, noski, edota haien ekintzak ekusita, haritik mataza, beraien soin, margo, kaizu eta hazpegiak iradoki ahal dira, nolakotsuak ziren ederki asma daiteke.
Zer uste du berorrek, ene jaun On Kixote – Bizarginak galde – zeinbaterainokoa ote zen Morgante erraldoia?
Erraldoiekiko horretan – On Kixotek erantzun – lurbiran izan ote direnentz, eritzi ezberdinak dira; baina egia-izpirik ttikienean huts egin ezin dezakeen Idazteunak, baietz, izan zirela erakusten digu, Golias filisteartzar haren kondaira emaiten digunean; beronek neurriz gaineko handitasuna zuen, zazpi beso t'erdi bai luze gizona. Sizilia uhartean, berriz, bai hanka-hezur, bai besazaki, bai bizkarrezur handi gaitzak aurkitu izan dira, beren handitik dorre kankailo handikote adinakoak irudika baitaitezke haien jabeak, Errolan bezain erraldoiak alegia, eta neurriztia edo geometria delako horrek hala badio, batere zalantzarik bage dioke. Honela eta guztiz ere, ez nuke zehatz esanen zeinbaterainokoa izan ote zitekeen Morgante, handi-handia zenik ez dut uste; eta uste honetara zerak nakar: bere ekintzak banan-banan aipatzen dituen kondairan sarritan edo askotan etxearen barruan lo egin ohi zuela esateak, zeren, barrura sartzeko etxeak aurkitzen bazituen, argi baitago ezohiko neurriz gainekoa ez zela, izan, ezin zitekeela.
Horrelaxe, bai – esan zuen Apaizak. Atseginak hartua zegoen haren zoro-esanak entzuten ari zela eta galdera egin zion ea zelako irudiak ote zituen Montalbango Erreinaldo, On Errolan eta Frantziako beste Hamabi Pareak zirelako zaldun ibiltarien, nolako aurpegikerak ote.
Erreinaldori buruz, aurpegizabala zela, musugorria, begi bizi jauzkariak zituela, nabarmen xamarrak, zipotz eta suminkorregia zela, lapurren adiskide eta "txorigalduen" lagun zela esanen nuke. Errolan edo Errotolando edo Orlando horretaz, kondairetan honenbeste izen emaiten zaionaz, dudan eritzia, eta neurean diraut, hauxe da : garaieraz erdikoa edo zela, bizkarrez zabala, hankoker xamarra zela, aurpegiz beltzarana, bizargorria, iletsua soina, begirada zorrotzekoa zela, hitzetan urria baina egoki askoa, ongi hazia zela diot
Errolan hura berorrek esan baino aitonseme egokiago ez bazen – Apaizak atzera – ez da harritzeko Angelika Ederra andereak arbuiatu izana, guttietsi eta utzi izana, gero bere burua eskaini zion mairutto "katubizar" ilaundun harek ei zituen irardausi, txairotasun eta apaintasuna nahiagoetsiz. Zogi ibili zen, bai, Errolan zakar eta lakar baino Medoro bigun eta samur arinago ematu zuenean, txukundu zuenean.
Angelika hori – On Kixotek berriz ere – Apaiz jauna, nexka gaxte txirtxila zen, ipur-dantzari eta alditsua, bere ederraren ospea zabaldua bazen are zabalduago, munduz mundu, bere milikeriak; mila jauni erdeinu egin zion, hala mila bihoztuni nola mila zuhurri, eta azkenean, gela-sehitto bizarpeitu xanfarin bat nahikotu zuen, mutiko kaskarin bat hobetsi alegia, ez ogasunik ez izenik zuena, bere adiskideari eutsi zion adiskidantzagatik esker onez emanikoa ez bazen. Haren edertasunaren goresle handia, Ariosto entzutetsua, ausartu ez zelako edo, beharbada andere hari bere burua emanaz geroztik gertatu zitzaiona lelorik lelo erabili nahi izan ez zuelako, gertatu ere batere garbirik ez zitzaion gertatu eta, harako haretan gelditu zen, zeratan:
Nagusi-uhea Catayrengandik
beste nork goi-argia hara handik
Iragarkizuna izan zen, antza; izan ere olerkariak beste izenez vates dira, latinez igarle esan nahi duena. Bego hemen, beraz, egia garbi hau, zeren, harez geroztik olerkari andaluziar ahomentsu batek haren negar malkoak zeinbatu zituen eta harengatik negar ere egin zuen, eta beste olerkari gaztelar ospetsu bezain bakan batek haren ederra olerkaritu zuen.
Esan biezat On Kixote jaunak: – honetan Bizarginak hitza beretuz – olerkarietan ez al da bakar bat ere izan, hainbat goresleren artean, Angelika andere horri sista-bertsorik egin dionik?
Badut uste – On Kixotek erantzun – Sakripante edo Errolan olerkari izanez gero, nexkari "ilea leundua" izanen zuten, dagoeneko, zeren, beren andereek erdeinatu edo tirrit egindako olerkariek bidezko eta berezko baitute, itxuraz egin ala ez egin, eurek hautatu gogozko andereak izanik areago, mendeku hartzea, eta sista-bertsoez edo zaputz-idazkiz aspertzen baitzaizkie, bihotz zintzoen egikera doilorra dena, izan ere, aiherkeria hau; baina orain arte, nik dakidala, ez dago irain-bertsorik Angelika anderearen aurkako, mundua nahas dezanik.
Mirari! – Apaizak ozenki.
Une honetan Etxanderea eta Iloba oihuka entzun zituzten, elkarrizketa utzita lorioan zegozenak, eta zarata zetorren lekura joan ziren.