Zaldunak batean, ezkutariak bestean; berauek elkarri bizitzaren berri emaiten, beraiek beren maite-gaiak hizpide; edaskaiak morroeen eleak eta meleak jaulkitzen ditu, aurrenik, eta gero nagusienak dakartza aiputara; honela, beraz, hauengandik bezter xamartutakoan, Basokoarenak Santxori esan zion:
Bai bizimodu nekagarria gurea, ai ene, zaldun ibiltarien ezkutari edo morroe garenon hauxe, arranopola!: gure kopetaren izerdiaz irabazitako ogia jaten diagu, bai, guk, gure lehen arbaso haiei Jainkoak egin zien madarikazioetarik bat hauxe izan zuan eta.
Horixe, eta bertzerik ere erran daitekek – gehitzen dio Santxok – hots, gure gorputzetako izerdi karroinduaz jaten dugula, zeren, nor bero nor hotz handiagorik zaldun ibiltarien ezkutari noharroinok baino? Eta jaten dugunean gaitz erdi, badakik: zorigaitzak guttiago etxean ogia badago, edo zenbaitek dioen eran "ogiagaz gatxak ttipiago"; guri, berriz, baraua hautsi ezinean egun bat ez bada bi joaiten zaiguk, haizea bera jaki, alegia.
Hori guzti hori eramangarri duk – Basokoak dio – sariaren ustean; izan ere, ezkutariaren zaldun ibiltaria oso zoritxarreko ez bada, borroka gutxi batzuk eginda, non edo nongo uharteren bateko gobernu eder baten saridun, gutxienez, edo itxura oneko konderri baten jabe izango duk, uste baino arinago.
Nik – eransten dio Santxok – neure nagusari errana zioat edozein uharteren jaurlari izaiteaz nahikoa dudala; bai eta berak, usu bai usu, hitz eman ere, hain eskuzabala, hain prestua denez.
Ni – Basokoak berriro – kalonjetza batez ase naukek, nire zerbitzuengatik ordainduta, nolabaitt, eta agindua bazidak, dagoneko, nire nagusiak, eta nolakoa!
Hire nagusi hori – diotso Santxok – elizazko zalduna duk, noski, eta holako mesedeak egiten ahal zizkiek bere ezkutari zintzoei; nirea, aitzitik, elizazkoa ez baina herrizkoa duk xoil-xoil, nahiz eta, gogoan diat oraino, nordin zogi batzuek, xede tzarrez, ene gardiz, artzapezpiku izaiteko aholkuak eman eta eman; enperadore baizik ez zian nahi izan berak, eta ni' elizgizondu nahi izanen ote zuen beldurrez nengoan, ez bainuen atarramendu onik ikusten zertuz gero; jakin ezak, adiskide, ni nerau itxuraz gizon izanagatik ere, Elizakoa izaiteko kabale hutsa naizela.
Bada, hi oker hago, benetan – Basokoak harzara – uharte-gobernu guztiak ez dituk onak eta. Batzuk makurrak dituk, beste batzuk txiroak, ilunak ere asko eta, azkenik, zutik dagoena, ederki antolatua dena nekagarri izan ohi duk txit, bai asmoz bai egitez beterik eta honetaz zama astuna duk, bere gain hartu duen zoritxardunarentzat. Askoz hobe genikek, bai, mirabetza-lan madarikatu honetan dihardugunok geure etxeratuko bagina, eta iharduera errazagoetan arituko bagina, ehizan edo arrantzan, esate baterako; izan ere, ba ote ezkutaririk munduan hain txiro, zaldi bat, ehiza-txakur bi edota arrantzarako kainabera ez duenik, bere herrian "denbora-pasa" egoteko?
Ni neu horren guzi horren peiturik ez nagok – Santxok erantzun – ; zaldirik ez diat, ez, baina astoa bai, nire nagusiaren zaldia halako bi dena. Jainkoak didala garizuma luzea, eta ez bakarra, harekin truka baniezaio, gainean lau gonga garagar emanen balidate ere. Nire "nabarraren" ahaldina nausaz hartuko duk, ausaz, nabarkara baita nire astoa. Ehiza-zakurrik edukiko ez nuen, bada; nire herrian holakorik nasaiki, ugari zagok eta; ehizan ibiltze hori bertzeren bizkarrean eginez gero are gozagarriago, noski.
Bai horixe, ben-benetan – Basokoak berriro – ezkutari jauna, ni behintzat zaldun ibiltarien mozkorraldiok utzi beharra dudala erabakitakoa nauk, nire herrira alde egiteratua nauk, bertan nire haurtxoak hazte aldera, hain xuxen, hiru ditiat eta ekialde urrutiko harri bitxiak bezalakoak hirurak.
Nik biga diat, Aitasantuaren aitzinean buruz buru jar daitezkeenak; neskatxa batez ere, kondemea izan dadin hezten dudana, Jainkoari nahi balekio, haren amaren gogoz bertzera balitz ere.
Zein adin du kondesa izateko hazten den andereño horrek? – galdetu dio Basokoak.
Hamabortz urte, bi goiti-beheti – darantzuio Santxok – baina zardaia baino luzeago duk, apirileko arrosa bezain hezea, eta morrosko baten indarra duena.
Alderdi onak horiek – Basokoa mintzo – konde-andere izateko ez ezik baso hezeko lamia ere izateko. Ai putakume, puta, eta nolako zera izan behar duen bere alderdiak!
Santxo, orduan, mukerrak hartuxea, honela hasi zaio ihardukitzen:
Hura ez duk puta, haren ama ere ez zuan izan, ez izan ez izanen, ez bata ez bertzea, ni bizi naizeino, Jainkoa lagun. Mintzo hadi hobeki; zaldun ibiltarien artean ibilitakoa izanik, ez dirudik gizatasunik ikasi duanik, hire hitz horiek ez dituk egokiak, ez, gizatasunik eta gisatasunik bagekoak.
Oi ene, zein txarto ulertzen duan, ezkutari jaun horrek! – ihardesten dio Basokoak. Ez al dakik zaldunen batek, plazan zezenari lantzakada gogor bat emanaz gero edo baten batek zer bat ondo zertzen duenean, jendeak esaten duela: "Ai putakume, puta, zein ederki egin duan!". Eta laido dirudien hau laudorio duk, aipu ona alegia. Hi, jaun, egik muzin holako laidorik irabazteko gai ez diren seme-alabengatik.
Horra, holaxe baduk – Santxok – eta horregatixe baldin baduk, putetxe osoa lepora diezaiekek nire seme-alabei eta andereari, erran eta egin egiten duten guzia guziz goresgarri baita. Eta berrikusi nahi ditudalako, hain zuzen, Jainkoari otoi egiten zioat, bekatu hilgarri gaitz honetatik atera gaitzan, hots, ezkutari lanbide galgarri honetatixe jalgiaraz nazan; bekatu honetara erori naizen bigarren aldia duk hauxe, Sierra Morenan behin aurkitu zisku bete ehun dukatengatik itsutua eta ñapurtua, eta Txerrenek, han-hor-hemen, noiztenka, begien aitzinean, takel bete otxin emaiten zidak, eskuran bezala antzeman eta atzeman uste dudana, eta besartean hartzen dudala iruditzen zaidak, eta etxera eramaiten dudala, eta akuran uzten ditudala, eta maizterrak egiten ditudala, eta printze baten antzera bizi naizela, azkenean. Honelako burutapenak buruan ditudan bitartean, nire nagusi ergel honen mirabe egin neke-lanak oro erraz, ehi eta eramangarri iduritzen zaizkidak. Ergel erran diat, bai, zaldunetik baino zorotik are haboro duela bai baitakit.
Horrexegatik – diotso Basokoaren ezkutariak – guztia nahi duenak guztia galtzen duela esan ohi duk; eta honelakorik baldin bada bat munduan honelakoena hau nire nagusi hau duk, "besteren pentzutan bizi den astoa hil doa " esaten duten horietarikoa duk eta. Beste zaldunen batek galdutako zentzua berreskura dezantzat berak zoroarena egiten dik, eta ez zakiat zeren bila dabilen eta idoro ondorean ez ote duen muturrekorik hartu beharko.
Eta, maiteminduna al da, balinba?
Bai – darantzuio Basokoarenak – Bandaliako Kasildea delakoaz, inon ere aurki daitekeen andererik gordinena eta erre-kixkaliena; bere gordinetik, baina, ez zatorkiok makurrik larriena, hau baino "lukainka" handiagoak egin ziok gur-gur erraietan, eta luzaro gaberik aterako zaiok.
Ez da bide-zidor hain ederrik non ez baita bi urratsean lohirik – Santxo mintzatuz – ; etxe guztietan laratza latza, eta neurean beltza; zuhurrak baino eroak sehi-lagun gehiago behar dik. Orain, egia baldin bada, betiko errana, hots, lagunak lanen aringarri direna, hirekin poz poxi bat har zezakeat, nirea bezain zuntzuna duk herorren nagusia eta.
Zuntzuna baina ausarta, eta zuntzun-ausarta baino areago zitala.
Nirea ez, ez duk horrelakoa – Santxok ihardesten – : zitala ez duk inondik inora, zeruko txalo hutsa duk:: ez zakik inori gaizkirik egiten, ongia baizik orori, gaiztotik deusik ez dik:egunaren erdian gaua dela sinetsaraz liezaiokek ume koxkor batek, iñoxo delako, laiño-laiño izaite horregatixe maitte diat nire bihotza bezain, eta ezin utzi nik inola ere, zein-nahi burubagekeria egin dezana egin dezala.
Hori horrela bada, anaia eta jaun hori – diotso Basokoak –, itsua itsu-mutil badoa, galbidez joko ditek zuloa. Hobe diagu, beraz, oinez onean bazterrera bagoaz, eta gure nahira iradu joan, borroka eske dabilenak ez dik beti atarramendu onik izaten eta.
Santxo tu eta tu ari zen, sarri, istu likits- eta ihar-aurtika; eta basotar ezkutari onberak ikusi edo nabaritutakoan, diotso:
Hitzaspertu luzea eginda, mingainak sabairi itsatsi behar zaizkigula zirudistak, baina nik' zaldiaren txalma-hedetik zintzilik, klask eragiteko zer batto zakarrat, on-ona edo hobea dena.
Jaiki zen, eta, gesu baten, zahato handi bat ardo eskuan hartuta itzuli zen, beste eskuan kana erdiko mehats bat zekarrela; eta hau ez da gehiegi esatea, zeren, untxi zuri handizkoa baitzen, hain handi, ezen, Santxok, ukitu zuenean, akerkia, ez artxokia, zelako usteak jo zuela, eta honegatixe honela erauntsi zion Santxok:
Eta, hau dakark hik herorrekin, jaun?
Zer uste huen, bada? – basotarrak – ogituko hutsa naizela, ur-ogiko ezkutari xoiltzat hartu ote nauk, ala? Nik neure zaldiaren hanketan' jeneral batek borrokarako bidean doala daramana baino horni ugariago, ano mamitsuago edota bizigarri gozoagoa ekarri izaten diat.
Jan, otoikatu beharrik bage, jan zuen Santxok, eta edan, dzanga-dzanga eginez edan zuen; eta dio:
Hi bai haizela ezkutari egiazko eta legezko, benetan jatorra, handi eta handi-oparoa, oturuntza honek ongi agertzen dik, sorgintzaileren baten eskutik ez haiz jin, noski, baina honela zirudik; nik, alderantziz, murritz eta ondikozko nik, gazta poxi bat bertzerik ez zakarrat, nire bide-zorroan, eta hain gogortua bera, erraldoi bat jo eta porroskatu egin bailezake; gaztaren ondoan lau bat hamabiko ezkur, bertze honenbertze hur eta intzaur, nire nagusi elkorraren emaitzak guziak; bere lege hertsiari eskerrak, bere iritziz eta bizi-arauz, zaldun ibiltarien legean bizi behar omen dik, eta, hontakoz, landetako belar hezez edo igali lehorrez elikatu beharra dik eta bere burua hazi.
Aitor diat, anaia, nire fedearren – Basokoak berriro diotso – nire urdaila ez dagoela mando-belarrik, txermenik, basa-udarerik edo makatz-igalirik jatera ohitua. Bitez han beren iritzi eta zaldun-legeekin gure nagusiak, eta jan bezate beraien arau-agindutara; nik neure sakotontzia nirekin, bada-ezpada, eta zahato hau txalma-hedetik dingilizka; eta honen maite diat, honen duk ene kuttuna, honen neure laztana dudanez, honenbat muxu eta besarkada eman-da-eman, une lipar motxetan uzten diat geldi esne-esnetan.
Eta hau esanik, Santxoren eskuetan ipini zuen; gora jaaaso zuen honek, eta ahorantz zuela, izarrei begira ordu lauren bat egon zen, eta edandakoan, burua alde batera utzi zuen, eta hasperen luze baten ondorean hau esan:
A puttakume, doillor, eta hau bai dela kattolikoa!
Ikusten? Horra hor – dirautso Basokoarenak Santxoren "puttakume" entzundakoan – nola goraipatu duan ardo hau "puttakume" esanaz.
Aitor diat, bai, aitortzen, zera, badakidala, inori puttakume erraitea ez dela laidoa, goretsi nahiz erraiten zaionean. Baina, erraidak, jaun, maiteen duanagatik : arno hau Ciudad Realgoa al da?
Ederki hola, xurrupakari hori! Aupa hi! – darantzuio basotarrak – egia, ez duk beste inongoa, eta zaharretan ere urte batzuk baditik.
Niri erran behar! Ederra nauk nerau horretarakoxe! – Santxo harro – Nire ezagueratik alde eginen zidaan, bada, holakoak; baita zera ere! ez huen gutti uste. Arno-jakite honetan nire sena neurezkoa honen handia denez, biziki zorrotza denez, ezkutari jauna, zer-nahi ardo mota delarik ere usaintzera emanez gero, nongoa den, zein herritakoa, zein jatorritakoa, noizkoa den ere, asmatzen bazakiat, kausitzen berehala, arno edo ardo horrixe dagozkion nondik norakoak, hala-holako guziak eta guzi, igarten nik. Ez duk, baina, zertan harritu, zeren, nire aitaren aldetiko etorkian, Mantxak mendeetan ezagutu dituen bi hurrupakaririk hoberenak izan baitira. Hauxe egiaztatzeko honatx behin gertatu zitzaiena: upel bateko ardotik dastatzera edo mustatzera eman zietean, ardo haren on-txarraz, nolakoaz zer iritzi eta galdetzeko. Batak mihi-punttaz dastatu zian; bertzeak sudur ondora hurranduxe zian. Lehenengoak burdina-ahokera edo kutsua zuela erran, bigarrenak akelarru-usaina. Ardoaren jabeak' upela garbia zela eta ezin inondik ere har ardo harek ez burdina ez akelarru kinorik, ardo huts eta aratza zelako. Hala-halarik ere, bi hurrupakari aiputsu haiek, baietz eta baietz. Handik hara luzaro baten, ardoa saldua; eta upela husturik ikuzi zutenean kako edo giltz ttipi bat aurkitu zitean, akelarruzko hedetto bati lotua. Hona hemen, nondik datorkidan niri honelako gaietan aditu izaitea, haritza ezpalerean.
Horregatik zioat nik borroka eske ibili beharrean alde egitea hobe dugula, herresa badiagu, bai, eta ez gaitezen talo bila ibil; bil gaitezen berriro gure etxettoetara; bertan Jaungoikoak aurki gaitzan, Berak nahi duenean..
Nire nagusia Zaldua edo Zaragozara iritsi arte zerbitzatu behar diat, bai, eta gero denok elkarren berri jakinen diagu.
Eta hainbeste hitzekin hainbeste zurrutada egin ondorean, ezkutari zintzo biei loak mingaina lotu behar izan zien, eta egarria pixka bat moteldu ere bai, erabat ase edo berdindu ezinezkoa zen arren. Halaxe, bada, geratu ziren, zahato erdi-hutsari helduak biak, ahoan sarturikoak erdi-janda, loak harturik; eta honelaxe utziko ditugu, oraingoz, Basoko Zaldunak eta Itxura Hitsekoak egin zutena jaulkitzen dugun bitartean.