Guztiz pozez gainezka, harro baino harroago, burua goi zihoan On Kixote hain gurenda larria erdietsi eta gero, batez ere, Ispiluetako zaldun ha egundainoko zaldun ausart-ausarta irudikatua zuelako. Haren zaldun-hitza sinetsita, bere anderea, artean, sorgintzaileen mendean ote zegoen jakin nahi zuen, harenganatu ondorean atzera itzuliko zelako uste osoan, zalduna izanik eta garaitua hala behar zuelako, bestela ez zen zaldun izanen, haren berri emaitera itzuliko zela hain zuzen. Baina On Kixotek buruan zerabilana bata zen eta Ispiluetakoak beste bata, beronek orduan non txaplata ipini eta besterik ez baitzuen buruan, lehenago esan bezala. Kondairak dioenez, Sanson Carrasco batxilerrak On Kixoteri berriro utzitako zaldun-ibilera berrietara joaiteko aholkua eman zionean, Apaiza eta Bizarginarekin hitzebakita ei zegoen, zeharo itundua, jostetan bezala, On Kixote bere etxean geldi eta lasai egonarazteko zein biderik egokien asmatu nahian, halako borrokaizun gose hura ase eta betiko kentzearren. Orduko aholku haren haritik, Carrascok halaxe nahi eta orok aho batez onartua, On Kixoteren irtenaldi berria gertatu zen, bertan geldiaraztea ezinezko zirudielako, baina, haren hatzen atzetik, zaldun ibiltari antzo, Sanson bera jarraikiko zitzaiona ere erabaki zuten. Asmoa borroka egitea zen, aukerarik ez zen peitu izanen, eta mendean hartuko zuela uste zuen, erraza irudi, eta garaipenaren ordain On Kixote azpiratua garailearen agindutara geratuko zela ere uste zuen, beraz, batxilerrak etxera bidaliko zuen, berriz ere herriratzeko aginduko zion, bizpahiru urtean bertan geldi egon zedin, garailearen agindu berri baten zain, bestera egin ezinik; On Kixote azpiratuak halaxe eginen zuela ez zegoen zalantzarik, zaldun-legeek halaxe agintzen baitzioten, eta halatan luzaz egonaz gero, agian, bere harrokeriak apalduko zitzaizkion, handinahikeriak atzenduko, eta, bitartean, haren zorotasuna sendatzeko erarik egokiena bilatzeko astia izanen zen.
Carrascok hala onartu zuen, eta Tomé Cecialek bere burua ezkutaritzat eskaini zion, Santxo Pantzaren auzokide eta lagun, gizon alai eta kaskargitsua bera. Sanson iskiluz jantzi zen, esanda bezala, eta Tomé Cecial bere sudurraren gainean sasi-sudur batez mozorrotu zen, bere auzokoak ezagut ez zezan elkar ikustean; eta halatan bada, On Kixoteren atzetik joan ziren, bidez bide, eta Herioren gurdiarekin gertaturikoa ia-ia bertatik bertara ikustera helduko ziren; azkenik, basoan aurkitu eta bertan gertatuaz jakinaren gainean gagoz. On Kixotek, bere irudimen zoroaz, Batxilerra' Batxilerra ez zena burutara ekarri ez balu, Batxilerrak lizentzia irabazteko eskubidea betiko galduko zukeen, txori bila joan eta habiarik ediren ez zuelako. Tomé Cecial, atarramendu onik ez eta haserako xedea okerreko bidetik joana zitzaiela ohartutakoan, honela diotso Batxilerrari:
Adizu, Sanson Carrasco jaun, gure saria jaso dugu: eginkizunak erraz pentsatzen ditugu eta aisa hasten ere bai, baina gehienetan nekez burutzen ditugu. On Kixote zentzuge, gu zentzudun, hura onik eta barrez-barrez doa, zu hemen porroskaturik eta goibel. Esan dezagun, bada, oraintxe: nor da zoroena: berez eta nahi ezik dena ala nahita zoratu dena?
Sansonek hauxe darauntso:
Zoro bien arteko ezberdintasuna zera da: berez zoro dena betiko zoroa dela, eta nahita dena, ordea, nahi duenean bere zoroa uzteko gai da.
Horrela bada, ba – Tomé Cecial mintzo – ni neure gogoz edo nahiaz zoratu nintzen zure ezkutari egitea otu zitzaidanean, eta orain, berriz, gogoak etxera itzul eta zure ezkutari izaiteari uztea ematen dit.
Horrela behar du, bai – berriz ere Sanson hizkeran – ni neurera ez naiz itzuliko, ostera, On Kixote makilka eho arte, esan beharrik ez; eta ez dut egingo, ez, zentzatzeko asmotan edo bere onera ekartzekotan, apendu nahiak narama, mendeku-goseak jota nago, honez gero; saihets-hezurretako minak errukizko hitzik egitera ez nau bultzatzen.
Elkarrizketan ari eta ari, herri batera iritsi ziren eta bertan hezur-ontzaile bat aurkitu zuten, beharrik! Sanson gaixoa sendatuko zuena. Tomé Cecial bertan utzi eta bere bidetik itzuli zen, hura bere mendekua asmatzean, eta kondairak geroago berriz ere haretaz hitz eginen du, orain On Kixoteri jarraikiz solas eta jolas eroanen gaituelarik.