On Diego Mirandakoren etxea, baserrietakoak bezala, On Kixoteri zabala iruditu zitzaion; armarria ( berak "mazmarro" dio) harri lakarrez landua, ate nagusiaren goialdean zuen, ataburutik goraxeago hain zuzen; goiñubea ( gure "janaritegi") lorioan, atarian ardandegia (honegatik "soto" ziotson atariari ) eta bertan upa asko inguruan bilduak, gainera Toboson eginak eta bertatik ekarritakoak zirelako, Dultzinea itxuraz aldatua eta sorgindua zena gogora eraugi ziotenak; hasi zen, honetaz, hasperenka, eta zer zioen, noren aurrean zegoen, ohartzeke, honela mintzatu zen:
Oi, zer gozoak, ordu txarrean nik aurkituak
Jainkoak nahi zuenean gozo-alaituak!
Oi upa tobosoarrak, nire saminaren zerik gozoena gogora ekarri didazuenak!
Entzun zion hau On Diegoren seme ikasle olertizaleak, amarekin bat harrera egitera jalgi zitzaionak, eta bai ama bai semea On Kixoteren tankera bakana ikusita oso harritu zitzaien; jaitsi zen berau Rozinanterengandik, eta gizatasun handiz, eskuen eske mun egite aldera hurreratu zitzaien, eta On Diegok:
Har ezazu, andere, abegi onez On Kixote Mantxako jauna, zure aurrean duzun hauxe, zaldun ibiltaria bera eta lurbiran dagoen ausart-zogiena.
Kristina zeritzon andere hak amoltsuki hartu zuen, gizalegezko harrera eginaz, eta On Kixotek esaera zuhur neurritsuez erantzun zion; honelaxe egin zuen ikaslearekin, eta beronek On Kixoteri entzunda, zuhurtzat hartu zuen, eta hitz zorrotzekotzat.
Honaz gero, idazleak On Diegoren etxearen zertzelada guztiak marraztu zituen, gapare nekazari aberatsen baten etxeak ohi dadukana begitaratu zigun; baina kondairaren itzultzaileak halako ñabardurak eta antzeko huskeriak isilean edukitzea hobe zuela uste izan zuen, kondairaren mamitik, asmo nagusitik alegia, aldentzen zelakoan edo; azken batean, honek egian du indarra, aiko-maikoan ez beste.
On Kixote gela batera sarrarazi zuten, Santxok iskiluz erantzi zuen eta zaragoil valoniar hutsean geratu zen gerritik behera, eta orkatz-larruzko jipoi gerritik gora, iskiluen uherraz edo zoldaz guztiz mazkildua: lepoa valoniar tankerakoa zen, ikasleen artean ohikoaren antzera, amirun eta korapilo-sarexka bagekoa; bortzegiak datil-karakoak, oskiak ezkoz ongi bustiak. "Tahali" batean esekita zeraman ezpata ederra gerrian lotu zuen, eta, aspaldi handian giltzurruneko minaz ibili omen zelako edo, mihise nabar mehe onezko "herreruelo" batez soina estali zuen, kapilotx-motx antzeko batez alegia; ez, ordea, hori baino lehenago, bost edo sei pazia bete urez (zeinbat ote ziren zehatz esatean zalantzak dagoz) burua eta aurpegia ikuzteke. Ura, honez gero, gazuraren antzeko margoa harturik geratu zen, Santxo gozozaleak gaztanbera beltzak erosi eta egin zion "opariari" esker, jakina, nagusia zurbil-zurbildu zuen hari. Halako janzkerarekin, gizabidez eratsu-eratsu, txairo antxean, jas handian, On Kixotek beste gela baterantz irten zuen. Bertan itxaroten, mahaiak ipini artean itxaroten, ikaslea zegokion, solaserako gerturik. Hain arrotz handiki urena etorrita, Kristina andereak bere etxerako etorle guztiei eder egiten bazekiela, nor-nahi gozarotzen ahal zuela erakutsi nahi zuen.
On Kixote iskiluz eranzten ari zeino, On Lorentzok (hauxe On Diegoren semea) aitari honela esan zion:
Nor dela esanen dugu berorrek, jauna, etxera ekarri digun zaldun hau? Harritu ere, ama eta biok, horren izenak, itxurak eta zaldun ibiltari dela esateak harrituta utzi gaituzte.
Ez zakiat, seme, zer esan – erantzun zion On Diegok –, zororik handienak, munduko zororik handienak egingo ez lituzkeen zerak egiten ikusi diat; eta ondoan, hain esaera zuhurrak esaten ere, halako eginak gezurtatzen baitituzte, egindakoak deuseztatzen dituzten esanak, alegia: mintza hakio hi, hitz egiok eta dakiena hazta ezak, aztertu egik eta, zuhurra haizenez, hik jakinen duk haren zuhurtasuna ala zentzubagekeria epaitzen. Egia esateko, nik neronek zorotzat hartuago diat zuhurtzat baino.
Hau entzunda, On Lorentzo, solasguran, On Kixoterengana hurreratu zen, hitzaspertu bat egiteko asmoz, eta bien arteko elkarrizketan On Kixotek darauntso:
On Diego Mirandako jauna, berorren aita, berorri buruz mintzatu izan zait eta trebe dela trebe esan dit, burutsua oso, olerti gaietan batez ere, berori olerkari handia dela, den beste ere.
Olerkari, esaterako, izan naiteke, izan – On Lorentzo erantzunez – ; baina, handi, ez eta hurrik eman ere. Olertizalea naizena egia da, nolabaitt, olerkari onei irakurri ohi diet; baina handi esateko bezainbestekoa ez, nire aitak esan badu ere.
Apaltasun horri on daritzot – On Kixote berriro – ; olerkari apalik ez ohi dago eta; harroputz asko bai, ordea, lurbiran denik onena bera dela eritzia.
Artalde gehienetan zurien artean ardi beltzen bat – darantzuio On Lorentzok – , izanen da, bada, bat edo bat, halakoa dena, izan, eta hala ez eritzi bere buruari.
Gutti – On Kixotek harzara – ; baina, esan berorrek: zein bertso darabil esku artean, berorren aitak esan baitit urduritto eta gogoetatsu ibilarazten duela halakoren batek? Bertsondo baten asmoetan baldin badabil berori, ni nau "glosa" egiten aditua eta horretaz zer edo zer jakitean poz nuke; literatura delako horretan sari-zun balebil, har beza berorrek, ondo bidean, bigarraneko saria; lehenengokoa beti "pertsonari" emaiten baitzaio, nor den eta nolakoa den, mesede edo ordain antxean; bigarrena, ordea, justizia hutsezkoa izan ohi da, zuzenbidez irabazia esan nahi dut; eta hirugarrena, honetaz, bigarren bihurtzen da; eta lehenengoa, ostera, honen hariaz, hondarrean, hirugarren izanen da, unibertsitateetan emaiten diren lizentziak diren eran: hau dena dela ere, "lehen" izenondoa daramana "pertsonaia" handia da.
Orain arte – diotso bere buruari On Lorentzok – ezin nezakek zorotzat har: goazemak aurrera.
Eta diotso:
Berori eskolatua dela, ikasia, iruditzen zait : zein jakintza ikasi du?
Zalduntza Ibiltariarena – darantzuio On Kixotek – , Olertia bezain ona dena, eta are bi xehe hobea ere bai.
- Nik ez dakit zer zientzia den hori – On Lorentzok berriz ere – , orain arte ez zait horren berririk heldu.
Bada, jakintza honek – On Kixotek dagi hitz – bere baitan munduan diren jakintza guztiak ditu biltzen, zeren horretan diharduenak lege-aditua behar du, banapen- eta truke-legeetan jakitun izan behar du, bakoitzari berea eta ondo datorkiona emaiteko; teologoa ere behar du, hau da, "urtzi-ikerlari", non edo non hala eskatuz gero zin egin duen kristau-legeaz, argiro eta garbiro, jakitera eman ahal dezan; sendagilea behar du, sendabelar-biltzaile batez ere, edozein bazterretan egonki, lekaro ala oihan, zauriak sendatzeko on diren belarrak idoro ditzan, ez baitu ibili behar zaldun ibiltariak, han-hor-hemen, nork sendatuko bila; astrologoa behar du, beste zeinbaiten hitzetan esateko izarlari, izarrei begira eta gauaren zein alditan dagoen jakin dezan, zer ordu den jakiteko alegia, eta lurbiraren zein aldetan edota zein ingurunetan dabilen antzeman ahal izaiteko; matematikak ere jakin behar ditu, txatan-txatan hauen beharra ukanen duelako; eta, oro har, "birtute" on guztiez, direla jainkoarekikoez direla gizakiekikoez, apaindua behar izaiteaz gain, ttikikerietara jaitsiz, zera ere gehitzen dut, igeri egiten jakin behar duela Nikola edo Nikolao "arrainak" omen zekien eran; zaldia gailaz janzten jakin behar du, "perratu" esan nahi dut, esertzekoa eta burukoa uhalez lotzen ere bai; eta berriro lehengora itzuliz, Jaungoikoari eta bere andereari eginiko zinari eutsi behar dio; gogorapenetan xahua izan behar du, hitzetan garbia, eginetan zabala, ekintzetan ausarta, lanetan saiatua, behartsuekin emankor, eta, azkenik, egiari eutsia, bizia galdu behar baldin baleza ere honegatik. Honelako handitasun zein ttikitasun askorekikoa behar du zaldun ibiltariak izan. Hona hemen, bada, On Lorentzo jauna, eta iker beza berorrek, zaldun ibiltariak ikasten duena eta jakin behar duena, ea erkatu ahal den, inola ere, "gimnasioetan" edota bestelako "eskoletan" irakasten dituzten ikasgai handinahi horiekin.
Hori horrela bada – On Lorentzok hitza hartuz – , ororen gainekoa da, nik uste, jakintza hori.
Nola dio hori horrela bada? – On Kixotek.
Nik zera esan nahi dut – diotso atzera On Lorentzok – , zalantzan nagoela, hots, ez baitut sinesten inoiz egon ez orain ere zaldun ibiltaririk dagoenik, horrenbeste onbidez apaindurik.
Askotan esan izan dut eta oraintxe berriz ere – On Kixotek berriro – : munduko jende gehienak zaldun ibiltaririk egon ez dela uste du; eta nik hemen hitzetik hortzera ez dut berori askoren oker horretatik jalgiarazi nahian astirik galduko, alperrikako lana izan liteke eta -nik atunez ondo ikasitakoa dut hau-, baldin, ene ustez, zeruak, mirariz, egon bazegozela eta egon badagozela aditzera eta jakitera emaiten ez badie sineskogorroi. Zeruari, baina, otoi eginen diot, okerretik jalgiarazita, zaldun ibiltariak zein ongile, zein beharrezko izan ziren ulertu eragin diezaiontzat, aurreko mendeetan bereziki, eta oraingo aldiotan ibiliko balira zein eragingarri izanen liratekeen: orainetan, ordea, nordinen bekatuak direla bide, nagikeria, "auherkeria", txibizkeria, mizkinkeria, eta atseginkeria nagusi dira.
Gure arrotz honek ospa egin dik – diotso honez gero bere buruari On Lorentzok, ostera – ; baina, dena dela, zoro bulartsua duk, eta ni, berriz, txoro tentela nintekek sinetsiz gero, horrelakotzat hartua ez banu.
Hemen amaitu zen elkarrizketa, jatera deitu zietela eta. On Diegok, orduan, semeari galdetu, ea arrotz harengandik zer ateratu ote zuen garbiro, eta erantzuna honela:
Lurbiran diren atxeter edo sendagile guztiek, baratari onekin batera, ez dute haren zorotik jalgiaraziko: zoro nahas-mahastua da, aldarte argitsuak dituena.
Jatera joan ziren, eta janaria, On Diegok etxerakoan esan bezala, bere mahaikideei eman ohi dien halakoa izan zen: garbia, ugaria eta "jan-nagizukoa". Alabaina, On Kixote, hango isiltasun liluragarria, etxe osoan zegoena, kartusiarren monasterioren batean lasokoa sumatuaz poztu zen, gehien bat. Mahaiko zamauak bildu baikoz, bada, Jaungoikoari eskerrak emanda, eta eskuei ura, On Kixote, gartsuki, On Lorentzori bertsoak esateko eskatu zitzaion, olerti-sariketarakoak hain zuzen, eta azken honek honela erantzun zion:
Olerkariak badira euren neurtitzak esateko eskatzen zaienean uko egiten dutenak, eta ez eskatzean goragale bezala egozten dituztenak, ni hauen antzekoa izan nahi ez, eta bertsondoa entzunarazten hasiko naiz, ezein saririk jasotzeko usterik bage; neure buruaren adimena bizkortzeko asmoz eta ez bestez egin dut eta.
Nire adiskide zintzo eta zuhur batek – dio On Kixotek – olerkien ondoetan inork nekatu beharrik ez zuela zioen, eta zeragatik zioen, bertsondoa inoiz ere olerkiaren mailara iristerik ez zegoelako, han zuzen, eta, gutiz gehienetan, olerkiari zegokionetik at, beste asmo batekin, alderatzen zelako gora etsi behar hori; eta, bestalde, bertsondoen legeak oso zorrotzak, hertsiegiak izanki: ez dute galderarik eramaiten, ez omen ez ei, ez dute aditza izen bihurtzen, ez dute esanahia makurtu behar, eta beste honelakotsu lotura nahiz estura asko dute bertsondoek, berorrek jakin dakizkienak.
Zinez, On Kixote jauna – On Lorentzo mintzo – latin txarrean atzeman nahi nuke berori baina ezinezko zait, horren leun eta limuri dagienez aingira bezala atz artetik ihes egiten dit eta, itzuri egiten zait.
Ez dut ulerretan – On Kixoteren hitzak – itzuri esateaz berorrek zer dioen edo zer esan nahi duen.
Ulerrarazten saiatuko naiz – darantzuio On Lorentzok – ; egon bedi adi berori, bertsoak eta bertsondoak entzuteko, hona hemen:
Nire zena balitz dena
dena datekeena
laster izanen dena
geroa da lehena
GLOSA
Dena badoa azkenik
Asturuk eman ona
joan zait et'itzuliko denik
ez baitut uste, ni hona
hemen galdez zoriona
bihur nahiz nintzena
lehengoa onena
zelakoan bainago ni
lehenaz goza ainendi
nire zena balitz dena
Ez dut goza nahi besterik
ez 'ta ospatu ere
gurenda ez garaipenik
nintzena izan guraz
lehena baitut maite nik
Asturu zoriena
itzul niri lehena
ez geroa uko baina
izan dakidan oraina
dena datekeena
Joan doa bai zein laster
itzulezinezkoa
munduan bazterrik bazter
berdin azkar badoa
aldia beti ter-ter-ter
Atzo izana zena
egun "jada" ez dena
gaur izan datekeena
bihar bihur, bai, dena
laster izanen dena
Hau ez da ene bizia
bizitza bada ere
bizian hilez guzia
galduz baitoa neure
bizitzaren aldia
bizitzaren onena
behin zen behinena
atzo zen gaur ez, geroa
geroa da erroa
geroa da lehena
Bertsondoa On Lorentzok bukatu eta On Kixote zutitu zen, eta oihu antxean ozenki, On Lorentzori eskuin eskuz helduta, honela mintzatu zen:
Begoz, arren, Zeruak goi-goietan, ene mutil emankor, ludi osoko olerkaririk onena berori delako! Ereinotzez koroatua behar luke egon, sari bikainez buruntzatu behar lukete buru hori ez Ziprek, ez Gaetak, Atenasko "Akademia" guztiek baizik, gaur-egun egon balitez, eta gaur den egunean dagozen Paris, Bolonia eta Salamankakoek! Nahi dakiola Zeruari, baldin berorri aurreneko saria ken balieziote, hauxe egin lezan edozein epaile Febok geziz joitea, eta Musak inoiz ere sar ez daitezela urliaren etxeko atarirean barrura. Esan, jauna, nahi badu, bertso nagusiren bat, neurtitz landuren bat, berorren asmamen miresgarria ikertu nahi baitut, heindu eta neurtu nahi baitut.
Ez omen zen gutti harrotu, bada, On Lorentzo, hoilatu bai biziki ("oilartu" ez esatearren) On Kixoteren gorespenok entzunaz, zorotzakotua bazuen ere! Oi lausenguaren indarra, zein hedakorra haizen, zein itsaskorra, hire muga ezin itxizkoetan barrena! Oi gorazarreen atsegina, oi elesarien hots gozoa! Hau egia hau ondo asko baieztatu zuen, orduan, On Lorentzok, On Kixoteren eskaerari eta gogoari men eginaz, eta honako hamalaurkun hau oguziz, Píramo eta Tisberen alegia edo ipuinari ekin zitzaion, honela:
Maitasunarena beti da mehar
sasiz betea, arantzazko bidea
Zipretik jalgia halakoxea
Tisbe Píramoren bularrean zehar
Hormak sendoak gaindituz isilik
mehaka meharretan zehar-barrena
maite-nahiak horixe du onena:
bihotzila berpizten du nahiz hilik
Nahia ordea neurriz gainekoa
neska huts harena; Herio hara!
maite-gogoa sarri da otoitza
Biak batera, hau harritzekoa!
Hil, ehortz eta berriz bizitzara
ezpata, hilobia, oroitza.
Bedeinkatua izan bedi Goiko Jauna – dirautso On Kixotek hamalaurkuna entzunda – hainbat eta hainbat olerkari hiroturen artean, berorrengan olerkari osotua ekusi baitut, ene jauna, hamalaurkun horrek aditzera eman didanez!
Lau egunean egon zen On Kixote, axal-apainetan, On Diegorenean, bitsetan bezala, eta gero, joaiteko baimen eske , etxean hartu eta eman zioten abegi ona eskertu zien; ez zuen on, nonbait, zaldun ibiltariek luzaz egonean egoitea, txibizkerietan, eta hatsaren gainean gelditzea; berari zegokion iharduera egitera joan nahi zuen, borroka bila, alderdi haretan ugari egon ohi zena, omen. Hala behar zuen, antza, Zaragozara zaldun-jokoetara baino lehenagoko astia, nolabait, bete. Lehenik eta behin, Montesinos-en haitzulora sartu behar zuen, berau, aurkientza haietan izen larriko ekintza liluragarrien egile aiputsua zen; "Ruidera" (gehienek "zaratatsu" diotena) delako zazpi zingiren benetako iturburuak non zegozen zekiena bera. On Diegok, semearekin bat, halako erabaki ohoretsu harengatik ele zuri asko egin zion, elesariz, eta etxetik behar zuen guztia hartzeko esan zion, euren ondasunetik nahi beste eraman zezan, ahalik hobekien eginen ziotela mirabe, azken baten, beraren nor ausartaren ausardiak eta beraren iharduera edo biziera hain dedu handikoak haretara behartzen zituela eta.
Heldu zen, azkenean, joaiteko eguna, On Kixoterentzat egun alaia Santxo Pantzarentzat zen bezain ilun eta ondikozkoa, zeren berau oso ongi baitzegoen On Diegoreneko ugaritasunean, eta, honetaz, ez zuen itzuli nahi oihanetan ala basabazterretan ohi den gose edo baraualdira, eta bere asto-zorro meheetan zegozen hondakinetara. Hau honela, bada, ahal zuen oparoki hornitu eta bete zituen; On Kixotek, azken agurretan, On Lorentzori hauxe ziotson bitartean:
Ez dakit behin edo behin esan ote diodan berorri, eta esan badiot berriz ere esanen diot, ezen, berorrek nahi balu, Ospe-ren "tenplu" gaitzera igotearren, lana edo nekea arindu eta bidea laburtu, Olerti-ren inda edo bidexka meharttoa alde bat utzi besterik ez duela egin behar, eta Zalduntza Ibiltariaren mehar-meharra hartu behar duela, berau nahikoa baita, bertatik bertara enperadore izaitera iristeko.
Esaerokin bat, On Kixotek bere zoroa guztiz agerian utzi zuen, eta ondorean, esan zituenak esanda areago, honatx:
Jaungoikoak badaki, jakin, On Lorentzo jauna neronekin eraman nahi nukeela, bidean goazelarik, nolatan nordinei barkatu behar zaien irakats diezaiodan, eta nolatan harroputzei ostikoka egin eta oinperatu behar; honelaxe behar du egin nirea bezalako biziera beretzat hartu duenak; baina, berorren adinari ez dagokionez, eta hartu duen langintza goresgarri horren xedearekin bat ez datorrenez, hauxe baino ez diot berorri esanen, oharzurrian : olerkari izanik, ospetsua nahi badu, izan bedi besteen gardiari berorrenari baino eutsiago; izan ere, ez da aitarik ez amarik lurbiran bere umeari itsusi daritzonik, eta adimen onekoen artean uste ustel hau are arinago ohi dabil.
Hau entzunaz, aita-semeak harritu eta berrarriturik geratu ziren, On Kixoteren esaera hala zuhur nola zentzubage haiek guztiak entzunda; harri eta zur, bestalde, haren borrokarako grina, haren txar izan zitezkeen arren on eritzitako zorien bila joan behar sutsu hura ikusita. Berriz ere lehengo eskaintza-eskaera berdinak elkarri egindakoan, gazteluko anderearen baimena jasorik, On Kixote eta Santxo, Rozinanteren gainean bata astoaren gainean bertzea, ibilian hasi ziren.