Urduri zegoen On Kixote, iskiluak zaramatzan gizon haren liluragarriak, hitz eman bezala jaulki eta entzun artean irrikitan zegoen. Txiriboginak esandako lekura bila joan zitzaion, eta bertan ediren zuen, eta bidean galdetutakoaz esan nahi ziona, bertatik bertara geroko utzi bagerik, esateko eskatu zitzaion. Gizonak erantzun:
Astiro, eta ez zutik, jaulki beharrekoa da nire liluragaien zera: zure baimenaz, jaun ona, nire kabaleari janaria emaiten bukatuko dut eta, geroenean, harrigarrizko zer batzuk jakinaraziko dizkizut.
Bai, egizu, ez utz jaten emaiteke – On Kixotek – nik lagunduko dizut.
Hala egin zuen, egin, garagarra bahetu zion, aska garbitu ere bai, eta honen apal laguntzen ari zitzaiolako, gizona, gogo onez, jaulkitzen hasi zen; zutarri batean eserita, On Kixote ondoan, "senatuan" ohi bezalakotsu entzule lehengusua, mutila, Santxo Pantza eta ostataria zituela, honela eletzen-aletzen hasi zitzaien:
Badakizue, ostatu honetatik lau legoa t'erdira dagoen herri batean, herriko endoreari, bere neskame zen neskatxa baten amarruaz eta iruzurraz -hau luze da eralgitzeko- asto bat galdu zitzaiola, eta behar besteko hara-hona eta ahal izan zituen atzera-aurrerako guztiak egin arren , ezin idoro izan zuen, inondik inora. Hamabost bat egunen buruan, astoa itzali zenetik, entzuera denez, endore galtzailea enparantzan zegoela, herri bereko beste endore batek esan omen zion: "Emaidazu albiristea, kide; zure astoa agertu da eta". "Bai eman nik, eta gogotik, kide – besteak erantzun – baina non agertu den jakin nahi". "Basoan – zehaztu zion aurkitzaileak – goizeon ikusi dut, ez bastarik ez tresnarik duela, eta zingilagatik errukigarri dago. Aurretik heldu nahi izan diot zuri ekartzearren, baina basati da oso, izukor, eta , harengana baino lehen, hanka egin dit, baso itsurantz. Nahi baduzu biok bilatzera joan gaitezela, asteme hau nire etxean uztera noa eta oraintxe nator". "Atsegin handia damaidazu – astodun ohiak esana – eta neronek era berean ordainduko dizut, ahalaz". Nik hemen jaulki bezalaxe, ñabardurok guztiok eta guzti, gertaeraz jakinaren gainean dagozen guztiek azaldu daroate. Azkenean, beraz, endore biak, elkarrekin eta oinez, basoratu ziren eta astoa egon zitekeen lekura iritsita, ez zuten atzeman, bila eta bila baina han agertu ez. Agertzen ez zela ikusirik, ikusi zuenak besteari esan zion: "Adizu, kide, zerbait otu zait, astoa agertu eragiteko trikimailu bat hain zuzen, baso barruan ez ezik lurraren barruan ere egonagatik azaleratzeko modukoa; zera, nik arrantza egiten dakit, ederki asko gainera, eta zuk honetaz pixka bat jakin badakizu, bai, eta emazu gure bilaketa burututzat". "Pixka bat" diozu, kide? Jainkoarren, horretaz neu baino gehiago inor ez, astoarren ere ez". "Oraintxe ikusiko dugu – lehenak berriro – zu baso alde batera eta ni bestera joaitea erabakia dut, dena aztertu, den-dena ikertu ahal izaiteko, zoko-moko guztiak begiratuz, eta txitean-pitean zuk arrantzaka eginen duzu eta nik arrantzaka eginen dut, eta astoak, basoan badago, entzunen digu eta erantzunen digu". Astoaren jabeak esan zion: "Trikimailua egokia dela diotzut, kide, zure asmamen handiaren duina, noski". Joan ziren, bada, bakoitza bere aldetik, eta arrantzaka aldi berean egin zuten, eta bataren arrantzak bestea zilibokatu zuelako, elkarren bila joan ziren, astoa agertua zelakoan; elkar ikusi zuten eta galtzaileak esan: " Ez ote da, bada, nire astoa arrantza egin duena, kide?". "Ez, ez da bera izan, ni baizik" erantzun zion besteak. "Oraintxe bai ohartu naizela – astodun ohiak – zuretik nire astoarenera, kide, tarterik ez dagoenaz, arrantza aldetik, bederen; ez dut egundaino entzun bata bestearen horren berdinik". "Goresmen horiek guztiok niri baino zuri egokitzenago zaizkizu, kide – trikimailugileak esana – ; ni hazi ninduen Jainkoaren izenean, zinez, munduan den arrantzakaririk onenari zuk arrantza biko aldea eman diezaiokezu; hotsa gorakoa duzu, ahotsa iraunkorra, neurrizkoa eta tenorezkoa duzu, mintzoak ugariak eta arinak; laburzki esateko, nik kuku egiten dut, txil dagit!, zu gailen zaitut, trebetasun bakan honen garaikurra damaizut". "Orain bai – berriz ere astodunak – honik aurrera neure burua gehiagotzat joko dut, handiagoetsiko dut, eta zerbait badakidala uste izanen dut, dohainen bat badudala; arrantzaka ondo egiten nuela banekien, alabaina ez nuen uste zuk diozun bezain ondo-ondo nekienik". Besterik ere esanen dut, bada, nik oraintxe, – atzera besteak – ezen, munduan barraiaturik trebetasun bakan batzuk badirela, ustiratzen ez jakinki sarritan txarto erabilitakoak". "Gureak – astoa galdutakoak esana – honako arazo darabilgun honen antzekoren baten ez bada, ez dira beste ezertarakoak, eiki; eta oraingo honetantxe ere Jainkoari nahi dakiola onuragarri izan dakizkigula". Hau esan eta berriro bakoitza bere aldetik, eta berriro arrantzaka, okorroka, eta berriro, txatan-txatan, elkar ziliboka, eta berriro elkarrenganatzen ziren; azkenean, astoaren ordez eurak zirela ulertze aldera, itunezko ezagugarri bat eman zioten elkarri, hots, arrantza bitan, bata bestearen atzetik, egitea. Honenbestez, arrantza bikoitza eginez txitean-pitean, baso osoa zeharkatu zuten, alderik alde, galdutako astoak hotsez, ez eta keinuka ere, erantzun ez zielarik. Nola, baina erantzunen zien gaixoak, basoaren barru-barruan, otsoek janda, ediren bazuten? Ikusi zuenean jabeak esan zuen: "Harriturik banengoen bada ni erantzun ez izanaz; gu entzunez gero, hilik egon ezean, erantzun eginen zigun arrantzaka, edo, bestela ez zen asto. Tira, bada, hilik atzeman badugu ere, bilaketan egin lana ontzat emaiten dut, kide, nekeak neke, zu horren ondo okorro egiten entzutea sari". "Ez dago leku txarrean, kide – esan zion beste bilatzaileak – ; abadea kantari ona bada beretterra ez da txarragoa". Honez gero, bihotzak hilik eta eztarriak zakarrik, herrira itzuli ziren, eta adiskideei, lagunei eta auzokoei astoaren bilaketan gertatu zitzaiena jaulki zieten, arrantza egiten batak zuen trebetasuna besteak gehituz, eta den-dena inguru osora, hitzetik hortzera zabaldu zen, barraiatu zen, eta, Txerren lotan ez dagoenez, non-nahi gorrotoak ereiten, herrak hedatzen eta ezinikusiak ihaurtzen iaioa den heinean, ttikikeriak handituz joan zen, ezerezetik ipiztak piztuz ibili zen, atelekak errotuz eta, halatan, bada, beste auzo-herrietako jendeari agindu bide-zion, antza zenez, gure herri honetako baten bat ikustean, arrantzaka hasteko, gure endore bien arrantzarena eginaz ihakinka, turrut eginez bezala. Mutilak, bereziki, ihardukiz eta ihardukiz, inpernuko txerren guztien ahoak eta eskuak batera ihardunean hasi bailiran, eta herritik herrira arrantzak eta okorroak ugarituz joan ziren, eta, honelatan, arrantzaren herrikoak non-nahi dira ezagun, nork-nahi bereizten badaki, zuriak beltzengandik bereizten diren era berean. Iseka honek ekarri duen zorigaitza hainbesterainokoa izan da, ezen, askotan, iskiluak eskuetan, ihakin egileen aurka erasotzeko guda-talde handiak osatu izan direla arrantzerriko mutilen artean, eta borroka hauek ez ditu inork eragotzi edo galarazi ahal izan, ez erregek ez santuk, ez lotsak ez beldurrek. Bihar ez bada etzi, nik uste, nire herrikoak, arrantzerrikoak hain zuzen, erasotzera jalgiko dira, borrokarantz, guretik legoa bitara dagoen beste herri batekoen aurka, gure jazarlerik gogorrenetakoak baitira, eta, garaipena lortzeko asmoz, hemen nik daramatzadan lantzak eta albardak, zuek ikusitakoak, erosi dituzte. Hona hemen nik jaulki beharreko liluragarrikeriak, lilurazkotzat hartu ez badituzue, nik besterik ez dakit.
Honenbestez gizon onak bere hitzaldia amaitu zuen, eta une honetan, txiribogako atean barrena gizon bat sartu zen, orkatz-larruzko galtzerdi, gergizko eta gorontzaz jantzia zetorrena, eta honela mintzatu zen ozenki:
Txiribogin jauna, lekurik etxean? Hemen tximino igarlea, eta Melisendraren askatasunaren antzokittoa dator.
Hona, berriz – esan zuen ostatariak – hementxe maisu Peru jauna dago eta! Ederra gaua datorkiguna!.
Dagoeneko esatea ahaztu zait baina esanen dut, urlia maisu Peruk ezkerreko begia eta belarrondo erdia doi-doi zetazko zapi orlegi batez estalita zekarren, nolabait aurpegiaren alde hura guztia gaitzak joa edo zuelako, itxuraz. Txiriboginak honela mintzatzeari erasan zion:
Ongi etorri, maisu Peru jauna. Non dago tximinoa, non dago zer hori, antzokittoa delako hori, ez dut ikusten eta?
Bertan dator – erantzun zion orkazlarruk – ni gauerako lekurik ote dagoen jakitera aurreratu naiz.
Albako Dukeari berari ere kenduko nioke, maisu Peru jaunari emaitearren – ostatariak – betor tximinoa eta bekar panpina-oholtza, gauon bada hemen, txiribogan, hori ikusteagatik eta horren antzea, tximino horren eskudantzak ikusteagatik dirurik emanen duenik eta.
Ederto, horrelaxe izan dadila – begi-estalikoak erantzun – nik "prezioa" apalduko dut, eta "gastuetarako" lain eginez gero nahikoa ukanen dut; egon, ni oraintxe tximinoa eta antzokittoa dakarren gurdixka eiatzera noa, hots eman behar diot.
Berehala alde egin zuen.
Urlia maisu Peru nor zen galdetu zion On Kixotek txiribogako gizonari, eta zelako antzokitto edo panpina-oholtza ote zekarren eta zelako tximinoa ote zetorren Honela erantzun zion:
Hau txerpolari ospetsua da, txotxongilo-jokoetan guztiz iaioa, zeinbaitek "panpinlari" esaten dien horietakoa, aspaldidanik Aragoiko Mantxa alde honetan ibilten dena; Melisendraren askapena, Geiferos izen handikoak askatu zueneko alegia bat antzezten du, aspaldiko urteetan erresuma honetan aurkeztu izan den ipuinik ederrena bera, zalantzarik ez. Tximino bat ere badakar berarekin, trebeetan trebeena, tximinoen artean inor ez hori bezalakorik, eta gizonen artean ere nekez da horren antzekorik ikusten; zerbait galdetzen diotenean, adi-adi entzun ondorean, lepagainera igaiten zaio bere nagusiari, eta belarrira galde eginaren erantzuna emaiten dio; gero maisu Peruk erantzuna aldarrikatzen du, eta gertaturikoen berri gehiago eman ohi du gertakizun direnen baino; beti-beti igartzen ez badu ere gehienetan ez du hutsik egiten; honelatan bada, soinean Txerrena duela sinestarazten digu. Galdera bakoitzaren ordain erreal bi jasotzen du, tximinoak erantzuten badu, jakina, nagusiak, harek belarrira esan eta gero, haren ordez erantzuten badu alegia; honegatik, maisu Peru horrela aberats okitua delako ustea badabil, eta "ome galante" -Italian dioten eran- omen da, gizon oparoa, "bon compaño", mundu honetako bizierarik onenean bizi omen dena, esne gainaren bitsetan bizi den bizizalea, beraz; sei lagunek beste hitz egiten du, eta hamabik bezainbeste edan ere bai, eta den-dena bere mingainari, bere tximinoari eta bere panpina-oholtzari esker.
Une honetan maisu Peru berriro agertu zen, gurdixka batean antzokittoa, eta tximinoa; hau handia zen, buztan edo isatsik bagekoa, ipurdi-aldea larrutua, aurpegitsusia hala ere ez zen. On Kixotek ikusi eta galde egin zion:
Esan, bada azti jauna: "qué peje pillamo"? edo gure hizkeraz esatearren: "zein arrain-modu ote"? Nolakoa ote gure etorkizuna? Hona hemen nire erreal biak.
Maisu Peruri emaiteko agindu zion Santxo Pantzari, eta harek tximinoaren ordez honela erantzun zion:
Jauna, abere honek ez du etorkizuneko zeren berri emaiten, gertaturikoez zerbait badaki, eta oraingoetaz zerttobait.
Arranopola! – Santxok – niri gertatu izanak erraiteagatik ez dut nik sos bat ere emanen! Neronek baino hobeki nork jakin, alta? Beraz, nik dakidana erraitearen truke ordaintzea erokeria hutsa; alabaina, oraingoak ba omen dakizki eta honatx nire bi erreal; erran, beraz, tximu-tximino jaunak zertan ari den Teresa Pantza nire emaztea, zertan diharduen, zeri dakion.
Maisu Peruk ez zuen diru ha hartu nahi izan eta esan zion:
Lana egin aurretik saria jaso nahi ez dut.
Eskuineko eskuaz kaskada bi eman zituen bere ezkerreko lepo gainean, eta tximinoa aputika baten igo zitzaion; gerturatu zion ahoa belarri aldera, kaxk-kaxk-kaxk, hortz-mintzo arin antxean zerauntsola, eta "aitagure" edo "sinestendut" baten epean musturra belarri ondo-ondoan ipinita ihardun eta gero, beste jauzi batez lurrera jaitsi zen; behingo baten, iradu bezala, lehia itxuraz, maisu Peru On Kixoteren aurrean belauniko jarri zitzaion, zango biak besartean oratu zizkion eta honela hasi zen:
Herkulesen zutabeak besarkatuko banitu bezalaxe besarkatzen ditut zango hok! Oi ahantzitako zalduntza ibiltaria berpiztu duen jaun "jaukala"! Oi, On Kixote Mantxako, "sekula" behar bezain goraki aipatua eta goraipatua izan ez den zalduna, gogaituen suspergarri, erortzeko zorian daudenen euskarri, lurjotakoen beso, dohabage guztien esku-emaile, eskumakila eta eskuragarri!
On Kixote harri eta zur gelditu zen, txunditurik Santxo, harrituta ere lehengusua, konkorturik gela-mutila, kokolo antzean arrantza-jotzailea, txiribogina nahasian, eta, azkenik, txerpolari haren esanak entzunaren ondorioz, izutuak denak. Esateari ekin hau berriro eta:
Eta zu, Santxo Pantza on hori! Alai zaitez, poz zaitez, munduko zaldunik onenaren ezkutaririk onena zaitugun hori; zure emazte ona, Teresa, onik dagozu eta, oraintxe bertan libera bat liho txarrantxatzen ari zaizu; zehazkiago erraite aldera, alta, hara, ezkerreko aldean pitxer bat ardo daduka, ahoa zabala eta ardo-xorta pollitarekikoa, lanaren nekearen aringarri, noski.
Sinesten dut bai nik hori – Santxok gehitu – dohatsu osoa baita bera, eta, kezka-minberattoa ez balitz, Andandona erraldoiaren ordain ere ez nuke emanen, ben-benetako emazteki jator eta behinena omen zen hau, nire nagusiak erraiten duenez; bai, gaizki bizitzera apaltzen ez diren emazte horietarikoa da nire Teresa, bere ondorengoen "kontura" izanen bada ere.
Nik esaten dudana, hots – On Kixotek – asko irakurtzen duenak eta asko ibilten denak, asko ekusten duela eta asko ikasten duela. Hara, eta zergatik diodan: nork sinestaraziko zidan niri, lurbiran tximino igarlerik badenik, hementxe nire neure begiez ekusi ez banu? Izan ere nerau naiz On Kixote Mantxako, abere honek esan duena bera, nire aldeko goratzarre gehiegizkoa eginagatik ere; honela eta guztiz ere, ni naizena naizela, zeruari eskerrak emaiten dizkiot, bihozpera eta errukior, gupidatsua egin bainau, inori kalterik ez eta orori on egiteko jaidura dudana.
Dirurik baneduka – esan zuen otsein izandako mutilak – tximino jaunari itaun bat egingo neuskio, ea zer jazoko ote jatan nire bidaian aurrerutz noala.
Zutitua zen, ordurako, maisu Peru On Kixoteren oinetatik eta hau erantzun zion:
Lehenttoago esan dut, abere honek ez duela gertakizunaz erantzuten; egingo balu, batere axolarik ez lioke diru ezak; hementxe dagoen On Kixoteri mesede egitearren munduko ondasun guztiak utziko nituzke. Orain, zor diot eta poz emaiteagatik, nire antzokittoa eraikiko dut, bentan dauden guztien atseginerako asmoz, eta deusik ordaintzeke.
Hau entzunik, txiribogina oso poztu, berehala panpina-oholtza non ipini ahal zen erabaki zuen eta, laster baten, dena egina zegoen.
On Kixote, tximinoaren asmaketak zirela eta ez zirela, ez zegoen pagu-pagu, haserre ez baina, ez zuen begi onez ikusten, ez zitzaion hain bidezko iruditzen, tximino batek lehen gertatuak edota gero gertatzekoak asmatzea; honelatan, maisu Peru bere oholtza antolatzen ari zen bitartean, Santxorekin zalditegiko zoko batera baztertu zen, eta inork entzuterik ezean, honela hasi zitzaion hizketan:
Begira, Santxo, tximino horren asmamen edo igarteko dohain berezi horretaz, nire baitan, gogoeta egin diat, hausnarrean ari izan nauk, bai, eta nire eritzian, tximinoaren ugazaba horrek, maisu Peru delako horrek, hitzez edo ustez, Txerrenekiko itunen bat edo egina izan behar dik, noski baino noskiago; "traturen" bat, ene gardiz, ageriko nahiz estariko.
Trapua bada garbia hobe – Santxok esan – txerriarena bada garbia nekez, ordea; baina, "maisu" delako horrek zertarako nahi du trapu zikinik? Gerriko edo eztarriko bat egiteko, ala?
Ez didak ulertu, Santxo: Txerren edo tusuri, Satanekin alegia, hitzarmen bat edo nola-halako itun bat egina al duela maisu edo "errient" horrek, tximinoari, duen ahalmen hori, igartzeko gaitasun hori, ukanaraz diezaion; honela, bada, jatekoa irabaztea dik eta, aberastu ondorean, honen ordainez, bere arima hari emanen ziok, munduaren etsaiak hauxe nahi izaiten baitu. Zer dela eta iritsi naizen eritzi honetaraxe? Bada, tximinoak lehengoaz eta oraingoaz baizik erantzuten ez dakiela eta; jakina duk Txerrenen jakinduria ez dela gehiagora zabaltzen; etorkizunaz ez zakik, guti gora-behera eta ez beti antzemaiten ziok; Jaungoikoarengan zagok eta ez beste inorengan, noiz-nolako guztien gainekoa jakitea, Harengan ez baita lehenik edota gerorik, dena oraina duk. Hau honelaxe izanik, eta honelaxe duk, noski, argi zagok tximino horren mintzaera "deabruaren" tankerakoa dela; harritua nagok, honenbestez, nolatan ez duten Ofizio Deunaren aitzinean salatu. Aztertuko zitean, ikertuko, galdera zorrotzen bidez, eta noren izenean igartzen duen, zein lagunen bitartez asmatzen duen, errotik aitorraraziko ziotean, errotik eta erraietatik ere bai; tximino hori ez duk izar-igarle, "astrologo" esaten dioten horietakoa; horrek ez zakik, ez ugazabak ere, igar-marretan irakurten, gaur den egunean Espainian hain puri-purian dagozen azti-marrazki horiek jasotzen ez zakitek, nahiz eta garaiotan ez emakumexkila, ez otsein, ez oskigile edo zirol, halako marrazkiak jasotzeko gauza dela sinesten ez duenik ez egon, karta-jokoan txanka bat lurretik jaso litekeen bezain erraza bailitzan; eta haien gezurrez edota etxakinkeriaz "zientzia" daritzon jakintzaren egia miresgarriak hondatzen zitiztek, lorrintzen zitiztek, andeatzen eta azkenik deuseztatzen. Nik bazakiat andere batek sasi-igarle horietako bati behin galdetu ziola ea bere atso-txakur eme ttikia ernari geratu, azundu esan nahi diat, eta gero umatuko ote zen, eta zeinbat eta zein margotakoak izanen ziren zakurkumeak. Igarleak marrazkia jaso eta zakurra izorratuko zela erantzun zioan eta hiru ume eginen zuela, arrak hirurak, bata orlegia, bestea gorria, eta bestea nabar edo nahasia; baina baldintza bat behar, hauxe: zakurremea, astelehenez edo larunbatez, eguerdiko nahiz gauerdiko hamaiketatik hamabietara bitartean ernaldu behar zuan. Zer gertatu eta, harik bizpahiru egunetara, ase gehiegiagatik, zakurra hil zuan; honez geroztik, hara, marrazki-igarle ustekoa txit asmatzaile zuzen eta egiazkotzat joa izan zuan, beste halakoxe gutiz gehienak, ia guztiak, egin ohi dituzten bezala.
Horrela eta guztiz ere – Santxok berriro – Montesinosen lezean berorri gertatua egia ote den tximinoari galdetzeko erran behar lioke berorrek maisu Peruri; barka biezat berorrek, baina hangoak oro gezur-lilura hutsa izan zirelakoan nago ni, edo, aments hutsak, bederen.
Balitekek – gehitu zuen On Kixotek –; nire barruan kezka pixka bat geratuko bazait ere, hire nahia eginen diat, bada.
Honetaz ari zirela, On Kixoteren galdez eta antzokittoa ipinita zegoela esatera maisu Peru jin zen; ikustea merezi zuela eta, joaiteko hara. Orduan On Kixotek bere barreneko kexka agertuaz, Montesinosen lezean gertaturiko zeinbait zer egiazkoa ote zen ala amets eginak ote, tximinoari galdetzeko otoi egin zion, berari gertatu zitzaion ha guztia bada-ezpadakoa iruditzen baitzitzaion, ezbaikoa, han denetarik bazela uste zuelako. Ez zion tutik erantzun maisu Peruk, joan eta tximinoa ekarriz itzuli zen; On Kixote eta Santxoren aurrrean jarrita, honela mintzatu zen:
Begira, tximino jauna, Montesinos izeneko lezean gertaturiko zerbait egiatan ala gezurretan aiargatu ote zen jakin nahi du zaldun honek.
Ohikoa zuen egiramua egin zion, eta tximinoa ezkerreko lepo edo sorbalda gainera igo zitzaion, belarri ondoan, itxuraz, zerbait esaten hasi, hitz eta pitz bezala, amaitu zuen bere hitzaldia, eta berehalakoan maisu Peruk hauxe esan zuen:
Honatx, bada, zera, han, leze haretan, berorri jazotakoa edo berorrek ikusitakoak, erdiak gezurrak eta beste erdiak egiak direla dio tximinoak, eta galdera horretaz hauxe besterik ez dakiela dio; berorrek gehiago jakin nahi izanez gero, datorren ostiralean, galdetu ahal guztia, den-dena, erantzungo duela; oraingoz asma-dohaina amaitu zaiola, bai, eta, lehenago esan bezala, ostirala arte berriro etorriko ez zaiola.
Ez nion, bada, nik erraiten – Santxok orduan – ezin nire burutara sar nezakeela, berorrek, ene jaunak, leze haretako zerez erraniko guzia egia izan zitekeenik, ez eta erdirik ere?
Geroak esanen dik, Santxo, aldiak guztia agertzera emaiten baitu, egunen joan-etorriak ez dik ezertto ere eguzki-argitara bage uzten, lurraren erraietan, azpiko zulo beltzenean ostenduta badago ere. Ea bada, oraingoz nahikoa, bai, eta goazemak maisu Peru onaren panpina-oholtza ekustera, ekusgarri berriren bat izanen delakoan nagok eta.
Baten bat? – maisu Peruk esan – Bai eta hirurogei mila ere, badituela diotsot berorri, ene jaun On Kixote, gaur-egun munduak duen gauzarik ikusgarrienetako bat badela; eta "operibus credite, et non verbis", eta gakizkion lanari, berandutzen ari da eta egiteko asko dugu, eta esateko eta erakusteko.
Esanok egin eta On Kixote Santxorekin antzokittoa eraikia zegoen lekuratu zen; dena gerturik, agerian, pizturiko argizagizko "kandelaz" inguru osoan josia, ikusteko polit eta distira zeriola zegoen. Bere lekura heldutakoan, maisu Peru barrura sartu zen, oholen ostera hain zuzen, asmakizun haretako panpinak bere esku-jokoz erabiltze aldera; aurreko aldean, maisu Peruren morroe bat jarri zen, harako antzerkitto haretako esan-eginak oro, aldarrika azaltzeko, adiarazteko alegia: eskuan zotz bat zedukan, panpinak jalgi ahala erakustekoa.
Inguratu ziren, bada, txiribogan zegozen guztiak, batzuk zutik oholtzaren aitzin-aitzinean, lekurik egokienetan On Kixote, Santxo, gela-mutila eta lehengusua; eta hurrengo atala ikus-entzuten duenak ikus-entzunen duena adiarazten hasi zen, zotza eskuan, "trujaman" hura, mutilko adi-gidaria esan nahi baitut.