Urratsez urrats, lertxunditik jalgi eta bi egunera, Ebro ibaira iritsi ziren, eta poztu zen biziki, On Kixote, haren uhaldeen edertasuna ikusi, begiratu eta begietsiz, haren uraren gardentasuna ikusiz, haren joaera lasaia, haren ur ugaritasuna ikusiz, eta bere gogo-barrenean beredin gogoeta amoltsu, maitekor berriztu zuen, hura guztia ikusita. Gogoetan hara-hona hasi zen, Montesinosen haitzuloan ikusitakoaz batik bat; eta maisu Peruren tximinoak hango batzuk egiazkoak eta beste batzuk gezurrezkoak zirela esan zionez, berak egiazkoak hartzen zituen haintzat, gezurrezkoak utzita; Santxok ez bezala, zeren, honek hangoak oro gezurtzat jaiten baitzituen. Honela zihoazela, bada, txalupa tiki bat, ez arraunik ez beste tresneriarik zuena, ikusi zuten, uhaldean zegoen zuhaitz baten enborrari lotua. On Kixotek alde guztietara so eta so egin zuen, eta ez zuen inor ikusi; gero, besterik bage, Rozinateren gainetik jaitsi zen eta honela egiteko agindu zion Santxori, eta itzeragaitabere biak ondo lotzeko ere bai, zumar edo sarats baten enborrari biak batera. Zergatik, galdetu zion Santxok, bat-bateko jaitsi behar hura eta asto-zaldiak lotzea ere zertarako. On Kixotek honela erantzun zion:
Jakin behar duk, Santxo, hemen dagoen itsasontzi hau, ezinbestean, niri deika ari dela eta ontziratzeko, bere baitaratzeko daraunstala, bere gainean zaldunen bati lagun egitera joan nakion, edo larrialdi larriren batean egon litekeen beste nordin nagusi edo behartsuren bati urgazterako. Zaldunen kondaira-liburuetan honelakotsu egoerak egon ohi dituk, tartean sorgintzaile zeinbait ere esku-sartuz: zaldunen bat bere eginkizunetan ari deino, beste zaldunen baten eskuz ez bada burutu ezinean, elkarrengandik bi edo hiru mila legoara egon arren, edo urrunago, hodei baten gainean eraman ohi ditek , edo itsasontzi batean sartuta, eta begien itxi-ireki baten, nahiz eguratsean nahiz itsasoan gaindi, nahi duten lekura, lagundu beharrreko harenganatzen ditek. Hauxe, bada, oi Santxo! beraz, itsasontzi hauxe horretarakoxe zagok hemen ipinia; eguna den bezain argi zagok hau, ea bada, eguna joan baino arinago lotu itzak astoa eta Rozinante, eta Jaungoikoa dakigula lagun izan eta bide-erakusle; oinutsik dabiltzan "praideak" eskaturik ere ez nauk ni ontziratu bagerik geldituko.
Tira bada – esan zion Santxok – berorrek noizik noiz halako menskeriak egin nahi dituenez, ez dut burua makur eta men egitea besterik, harako erranairu zaharrari atxekiz: "egin nagusiak agindua eta jar berarekin mahaian"; dena den, nire barrena lasaitze aldera, erran behar diot berorri, ene iritzi apalean, txalupa hau ez dela sorginduetarik, ibai honetako arrantzale batzuena baizik, izan ere hemen munduko kolakarik onenak arrantzatzen omen dira.
Honela maintzatu bitartean zamariak lotzen ari zen, bere gogoari min emanez, sorgintzaileen esku eta babespean utziko zituela. On Kixotek abere haiek bertan larre utziaz tamalik ez izaiteko esan zion; beraiek biok asagoko bide eta lurraldeetan zehar eramanen zituenak berak jaten emanen baitzien.
Ez dut ulertu "asago", entzun ere inoiz ez dut hitz hori entzun, orain arte.
"Asago" – azaldu zion On Kixotek – "urrun" erran nahi dik; ez duk harrigarri hik ez jakitea, oro jakin beharrik ez duk eta, ez latinik ere, batek baino gehiagok dena jakin uste dik eta dena etxakiten dik.
Ea, bada, badira estekaturik kabaleok – Santxok. Zer egin behar dugu orain?
Zer? – On Kixotek berriro – . Aitarena egin eta burdina jaso; aingura erran nahi diat, ontziratu eta amarrak askatu egin behar ditiagu.
Jauzi bat egin zuen eta barrura, Santxo gibelean, txikota ebaki zuen eta txalupa bare-bare uhertzetik harantz hasi zen. Ibaiaren erdian, bi kana luzeko joataldittoa egin orduko Santxo ikaran, dardarka jarri zen, bere burua galbidean ikusita, aurki. Baina, bihotz-minik handiena han astoa aiumaka, okorroka ari zela sumatzeak eman zion, eta Rozinante bere lokarriak eteteko ahaleginetan ari zela urkusteak; bere nagusiari honela erran zion:
Astoak arrantza dagi, gu joaiteaz nahibageturik, eta Rozinante gure gibeletik etortzeko asmoz bere burua askatu nahian saiatzen ari da. Oi, adixkide maitte-maitteak, geldi hor bakean, gu garamatzan zoroak noizbait etsiko du, etsipenez, eta zuengana itzularaziko gaitu!
Une honetan, bada, negarrari eman zion, minberaturik biziki, eta On Kixotek, haserre gorrian, suak hartua bezala, esan:
Zer duk beldur ume koldar horrek! Zer dela eta negar, gurinezko bihotz horrek! Nor duk atzetik, nor darraik etxe-sagutto beldurti horri! Zer behar duk, behartsu horrek, ugaritasunaren erdi-erdian hagoenak! Zer, bada, oinutsik ote hoa Arrifeko mendietan zehar, oinez ibilki; ohol baten gainean eserita artxiduke baten antzera hoanean, ibai lasai honen joanbidean aitzina, laster barru itsaso zabalera jalgitze aldera? Honez gero, nik uste, zazpiehun edo zortziehun legoa egindakoak gaituk, gutienez; astrolabio bat baneduka hemen, izar-neurgailu bat alegia, iparburuaren goiera neurtzeko, zeinbat ibili garen erranen niake; dena dela, edo nik gutti zakiat edo irago diagu edo iragotzear gagozak, bai, dagoeneko, gau-berdin lerroa, ipar- eta hego-buruak erditik ebaki eta alde berdin banatan banatzen dituen uda-muga daritzona.
Eta noiz iritsiko gara berorrek dioen marra horretara – Santxok –, zeinbat ibili beharko dugu, bada?
Asko, bai – On Kixotek – zeren, lurbira osoak, itsaso-lehor, hirurehun eta hirurogei "gradu" baitu, Ptolomeok zeinbatu zuenaren arauera, eta hauxe kosmograforik handiena izan duk, dakigularik, eta, dagoeneko, erdiak eginak izanen gaituk, esandako lerro horretaraz gero.
Jainkoarren! Lekuko ederra ekarri dit berorrek! Halakorik berriz berori! Nor ote "potolo" eta "mehe" den hori? Abizena ere halakoxea horrek: "Kosmografo"; horrenbertze "gradu" eta ...horrek erronkariarra behar du!
Barre egin zuen On Kixotek, halako Santxoren gaizki-ulertze harengatik, dena nahasia; eta esan zion:
Jakin behar duk, Santxo, Indietara joaiteko asmoz Kadizen itsasontziratzen diren espainiarrak eta bai besteak ere, nik esan dizudan gau-berdinaren lerroa iragan duten jakiteko zantzu batez ohartzen direla, besteak beste, eta hauxe duk, hots, ontzian doazen guztiei zorriak hiltzen zaizkiena, bat bakarra ere geratu bagerik, eta "barku" guztian, urrearen truke balitz ere, ez ditek alerik aurkitzen; honela, beraz, emak eskua izterrean, ibilarazi hor, eta deus bizirik aurkituz gero zalantzan gagozak, bestela, lerroa iragana diagu.
Ni horretaz sinesgogorra naiz – Santxok berriro – ; baina, berorrek "manatu" bezala eginen dut, zertarako ez jakin arren, zeren, nire begiez ongi ikusten baitut, ikusi, uhaldetik bortz kana ere ez garela alderatu edo aldendu, gure kabaleengandik bi kana tarte ere ez dugula egin, hantxe, guk utzi lekuan Rozinante astoarekin; eta honela ikusiz, nik dakuskidan eraz, arraioak ez badu!, geldi gagozela erranen nuke, edo inurri baten urratsez gabiltzala.
Egik, Santxo, nik agindutako azterketa hori, ez besterik. Jakin ere, hik ez dakik zer diren koluroak, lerroak, lur-oboak, ortzi-gerriak, eguzki-birak, lur-buruak, uda-neguen mugak, gau-berdinak, izarbelak, eta bai lurbiraren bai ortziaren boila osatzen duten hainbat marra, tita eta neurri. Hauek guztiok jakinen bahitu, edo gehienak gutienez, ekusiko huke, bai, zeinbat lur-obo irago dugun, zeinbat marra ekusi dugun, zeinbat irudi utzi dugun, eta oraintxe uzten ari garen, gure gibelean. Berriz ere dioat hire izterrean eskua ibilarazteko, hazta eta azter, ea zer harrapatzen duan; nik, behintzat, paper zuri bat baino garbiago haizela uste diat.
Haztatu zuen Santxok, eta, poliki-poliki, haztamuka bezala, ezkerreko izterzain edo belauntxokora heldu zenean, burua jaso zuen, nagusiari so egin zion eta erran:
Edo azterketa makurra da, edo ohiko sineskera hori okerra edo ez gara iritsi berorrek dioenera, anitz legoa oraindik beharko.
Zer, bada? – On Kixote galdezka – Ezer kausitu al duk?
Zer eta zertzuk ere bai! – Santxok erantzun.
Atzamar guztiak astindu eta esku biak ibaian garbitu zituen. Ibaian zehar, lasai-lasai txalupa ziri-ziri zihoan, isilpeko inork bultzatzen ez zuela, ez eta osteneko ezein sorgintzailek ere, uraren joanak berak ez bestek zeroala, joaera leun, mottel, emean.
Honela zihoazela, ibai erdian eihera handi batzuk aurkitu zituzten, errota-etxe handixkoak alegia, eta ikusi zituenean On Kixotek, ozenki, Santxori esan zion:
Ekusten? Hara han, adixkide, hiri, gaztelu edo gotorleku bat; hantxe, eskuarki, bahituriko zaldunen bat edo erreginaren bat al zagok, printzesa edo errege-alabaren bat zoritxarrekotua beharbada; eta hona ni horren laguntzera deitua eta honatua.
Zer arraio dio berorrek hiri, gaztelu edo gotorleku? – Santxok – Ez al dakusa eihera batzuk direla, ibaian dagozen "errotak" edo "boluak" berorren hitzetan erraiteko, garia ehotzekoak?
Isildu, Santxo; errota-etxe diruditen arren ez dituk; lehenago ere esana diat gauza guztiak izaeraz edo itxuraz aldatuak direla, sorginkerien ondorioz. Ez diat esan nahi egiaz izaite batetik beste izaite batera aldarazten dituztenik, irudia baizik ez, guri iruditzen zaiguna duk aldatua; hauxe gertatu zitzaioan Dultzineari, nire itxadopen guztien aterpe den horri, ekusi genuena legez.
Une honetan, txalupa, ibaiaren ur-tiraina edo zurruta baten erdian sarturik, hara artean ez bezain astiro hasi zen ibilten. Eiherazainek txalupa zetorrela ikusi zuten, errota-harrien ubidean sartzera zihoala eta berehala batzuk ateratu ziren, zardaiak, haga luze batzuk, eskuan hartuta, geldiarazteko asmoz; irinaz blai-blai, aurpegiak zuriz estalita, soineko guztiak irin-hautsez mozorrotuak bezala, itxura txarrak. Oihuka, garrasi zoliz, honela zerauntseten:
Gizon txerren aluak! Nora zoazte? Etsi-etsian zatozte? Zer nahi duzue? Ito eta errota-harri horien artean txiki-txikituak izan nahi ote duzue?
Ez diat, bada, esan, Santxo, heldu garela heldu, nire besoaren indarra zeinbaterainokoa den erakutsi beharreko lekura? Begira zeinbat galuts ahobero atera zaigun bide erdira, begira zeinbat mamu ari zaidan erasoka, begira zeinbat itxuratxarreko dugun aur-aurrean gure beldurgarri ustean....Baina, oraintxe ekusiko duzue zitalok!
Zutitu zen txalupan eta ozen-ozenki errotariei zemaika egin zien, honela:
Zitalak alaenak, gaiztotzarrak, utz ezazue aske hortxe zuen gotorleku edo espetxe horretan bahitua dadukazuen laguna, nor nahi den ere, goi ala behekoa izanik ere; On Kixote Mantxako nauzue nerau, Lehoien Zalduna ere daritzona, zeru-goietatik bidalitako agindu batez jazoera honi amaiera zoriontsua emaiteko hautatua.
Esan eta egin; ezpatari heldu zion eta eiherazainei aitzi eginez airean eragiten hasi zen, zirurika. Eihera-gizonek, entzun bai, baina zer esaten ari zitzaien ulertu ez zuten egin, txorakeriak zirelakoan; txalupa geldiarazi nahi izan zuten, haien zardaiez, errotako antepara barrurantz baitzihoan.
Santxo belauniko jarri zen, zeruari galdez, otoitz berotan, galbide haretatik gaizkatzeko. Eta egin egin zuen, bai, eiherazainen trebetasunari esker, makil luzeak ondo erabiliz txalupa geldiarazi zutelako; alabaina, ezin izan zuten txalupa iraultzea ekidin, eta, hondarrean, On Kixote Santxorekin uretara erori; On Kixotek antzara baten antzera igeri egiten bazekien, eta honela ere, jantzi-iskiluen astunak birritan hondoratu zuen; eskerrak eiherazainei, uretara jauzi eginda, ahal zuten eran, biak zamatzat harturik, ateratu baitzituzten; bestela hantxe Troia izanen zen bientzat. Lehorrera zituzten, bada, biak , eta, tximu-tximu eginik baina egarriak jota ez, Santxo, belaunikaturik, eskuak bilduta, begiak zeruari josiak, Jainkoari eske ari zitzaion, otoitz luze-fedetsuaz, ekiz, bere nagusiaren nahikunde eta esetsaldi harro- irtenetatik alderatua izan zedin.
Txalupadunak agertu ziren, errotako harriek apurtu, txikitu zuten txaluparen jabe arrantzaleak; dena apur-apur eginda ikusita, Santxori erantzi nahiaz eraso zioten, eta On Kixoteri ordainak galdatuz. Honexek, lasai askoa, berarekin ezer ere gertatu ez balitz bezalaxe, bai errotariei bai arrantzariei berak txalupa gogo txit onez ordainduko zuela esan zien, baldin, gaztelu haren barruan bahiturik zegoen edo zegozen laguna edo lagunak aske eta onik emaiten bazioten
Zer lagun edo zer gaztelu dinozu – ihardetsi zion eiherazainetako batek – ganorabako gixon horrek? Eroan gura ote dozu, ba, errotara garia ehaiten datorrenik?
Aski!– esan zuen bere golkorako On Kixotek. Zital-saldo hau, onean onbideratu nahia alperrikoa izanen da, basohileko "sermoia" laso. Jazoaldi honetan, dirudienez, bi sorgintzaile zangarrek dihardute elkarren aurka, batak saiatu nahi duena besteak eragozten bide-du: batak txalupa egokitu zidan eta besteak uretara abaztorratu ninduen. Jaungoikoak zuzen dezala; mundu hau, izan ere, bata bestearen kalterako trikimailu eta amarru hutsa da. Nik gehiago ezin dut.
Ahotsa goratu zuen, eta eihera-etxeei begira, hau esan:
Adixkideok, nor nahi zareten ere, espetxe horretan, sarritxita, lotuak geratuko zaretenak, barkatu egidazue; nire txarrerako eta are zuenerako, neronek ezin atera zaituztet zuen zorigaitzetik. Jazoaldi hau, agidanean, beste zaldunen batentzat aukeratua al dago.
Hau esanda, arrantzaleekin ituna eginik, txalupa puskatua ordaindu zien, berrogeita hamar errealak Santxo gogo txarrez eman zizkien, hauxe esateaz batera:
Honen antzeko bi txalupaxkarekin, gure ondasun guztiak hondarrera doaz.
Arrantzariak eta errotariak harri eta zur, hango ezohiko itxura bi haiek ikusita, burutan sartu ezinean, On Kixoteren esaldiak nahiz galderak ulertu ezinean; atzenengoan, zorotzat hartu zituzten, bai, eta bertan behera utzi eta eihera-etxeetara itzuli ziren, arrantzariak eurenetara bezala. On Kixote eta Santxo, berriz, bere zamariengana bihurtu ziren, beraiek zamari izaitera, esan badaiteke, eta honelaxe sorgindu txaluparen jazoaldia amaitu zen.