On Kixote gogoetatsu, Carrasco batxilerraren aiduru, zeren, beronengandik, Santxok esan bezala, liburuan berataz zer dioten jakin nahi baitzuen, eta ezin zezakeen buruan sar halako edaskaia idatzita zegokeenik, ordurako, izan ere, hil izan zituen etsaien odola ezpataren sorbatzan gatzatu bage zegoen eta bere zaldun iharduera bikaina, ordurakoxe, irarrita han-hor-hemenka zabal zedin nahi zuten, santu-irudi baten antzo. Hau honela, bada, jakintsuren batek, adiskide ala etsai, sorginkeriaz, irarri edo idatzarazi zuela iruditu zitzaion, adiskide izanki, goratzearren eta zaldun ibiltarien artean areago nabarmentze aldera; etsai izanki, ezereztatzeko asmoz, ezkutaririk doilor-ziztrinen artean doilorren eta ziztrinen bezala agerrarazteko, hots, inoiz idatzi izan direnetarik txatxarrenen antzera. Berekiko zioenez, ezkutarien ekintza handirik ez da inoiz idatzia izan; eta, kondaira hori badela egia izanez gero, zaldun ibiltariz den heinean, nahi eta nahi ez, hitzandizkoa behar du, elederrezkoa, goi mailakoa, bikaina eta egi-egiazkoa. Honenbestez, lasaituxe zen, baina, Zide izenekoa zela eta, egilea mairu zelako usteak pozketu zuen pittin bat, bihotza illundu zion, mairuengandik egiarik ezin jaso zitekeenez, diren-direnak elexuri dira, malmutz dira, lipiztari dira, gezurti dira eta. Beldur zen bere maite-arazoak ez ote zituen likits xarmarkiro itxuratuko, Tobosoko Dultzinea bere anderearen izen garbia eta izan garbiagoa kaltetuz edo gaitzetsiz; beti harekiko izan zuen kirmentasun eta zintzotasuna ageri-agerian ezarri izaitea nahi zuen, harenganakoa garbiro zaintzeko erreginei uko egindakoa baitzen bera, nolakotasun askotariko neska gazteak zein enperatrizak gutietsitakoa baitzen, bere berezko gar edo grina beti eskupean zedukala; eta honela beraz, honelako irudipen nahas burubide mahas eta beste honenbesteko ustekeriez barrenbildurik zegoen, Santxo eta Carrasco iristean, alabaina beroni adeitsuki egin zion abegi.
Batxiler jauna, Sanson izenduna izan arren, ez zen soinez handia, malmutz edo maltxurra bai ordea, zurbila, adimen oso onekoa; hogeita lau bat urteko edo, aurpegi biribilekoa, sudurzapala, ahohandia, honetaz bada, esan bage doa, amarrutsua gizona, isekazalea, txantxa eta sesto ibilten zekiena, ongi asko erakutsi baitzuen, hantxe bertan, On Kixote ikusi zueneko, aurrrean belaunikatu eta honela mintzatzen zitzaiolarik:
Eman biezazkit eskuak berorren handitasunak, On Kixote Mantxako jaun, soinean daramadan Done Petiriren eliz-jantziagatik, lehenengo lau eliz-mailak besterik ez badut ere, esan dezaket eta esaten dut lurbira biribil osoan ez dela izan ez izango berori baino zaldun ibiltari ospetsuagorik. Izan bedi beti ongi Zide Hamete Benengeli, berorren egitandien edaskaia idatzi zuena, eta bedi birritan ongiago arabieratik gure gaztelania xumera bihurtu edo itzuli zuen burutsua, unibertso guztiko denen atsegingarri.
On Kixotek jaikiarazi zuen eta esan zion:
Horrela, beraz, egia al da nire gaineko kondaira bat, mairu jakintsuren batek idatzia, dagoena?
Egi-egia da, jauna – esan zuen Sansonek – eta gaur den egunean, nago, edaskai horretaz hamabi mila liburu baino gehiago irarrita dagoela; bestela, mintza bitez Portugal, Bartzelona eta Balentzia, bertan irarria izan baita; eta Anberesen ere irarten ari omen da, eta uste betean nago ez dela egongo ez aberririk ez hizkuntzarik itzuliaz bereratua izango ez duenik.
Bada zer bat – On Kixotek orduan – gizon onbidetsu eta txitezkoari pozgarri zaiona edo izan behar litzaiokeena, eta hauxe da, zera, nordin guztien aho-mihitan, irarrita edota santu-irudietan, bere izen ona alde nahiz aldi guztietan ibiltea. "Izen ona" esan dut, bestela, ez luke heriotzarik hori baino gaitzagorik.
Izen ona eta ospe ona bada – Batxilerrak – , zaldun ibiltarietan berori goiena; bai mairuak bere hizkuntzan bai kristauak berean, arreta handiz, berorren sendaria bizi-biziro irudikatu dute, galtzorietan erasotzeko kemena edo alaidea azkarki itxurakatu dute, makurraldietan izan duen egonarria ongi agerrarazi, hala zorigaitzetan nola zaurialdian berorren eraman handia ikusarazi dute, maite-gaietan berorren eta Tobosoko On Dultzinea nire anderearen artean izan den maitasun hain platonikoan, ametsezkoan esan nahi dut, bien garbi, aratz eta zuzentasuna erakutsi dute.
Ez dut inoiz – sartu zuen hitza honetan Santxok – nire andere Dultzineari On erraiten entzun, Tobosoko Dultzinea anderea soil-soilik baizen, eta honetaz kondaira bide okerrera buruz doa.
Hori ez duk axola handiko arazorik – iharduki zion Carrascok.
Ez, horixe ezetz – On Kixotek berriz ere – ; baina esan biezat berorrek, Batxiler jaunak: nire egitandi gaitzetan zein edo zeintzuk dira kondaira horretan nabariro goretsienak?
Horretan iritzi ezberdinak dira, gustuak adina, badaki: "zeinbat buru hainbat aburu", eta ederresmen dela onesmen dela, batzuek eiherekiko borrokari etsi izaten diote larri, hara, berorrek Briareo eta erraldoitzat hartu ei zituen haize-errota haiekikoa; beste batzuek ilaginen bola-olakoa dute gogoan handietsita; urliak, harako hura, zera, bi gudarosteena, gero hurretik ikusita bi artalde izan zirenena alegia; sandiak, Segobiara ehorztera zeramaten hilarena; berendiak, guztien gainetik galeretarako atxilotuena goresten du; bada zenbait' euskaldun ekin harekiko gatazka edo liskar hura politesten duena.
Erran, Batxiler jaun – Santxok berriro – sartu dea hor yanguastarrekiko jazoera, gure Rozinante itsasora gaztain bila joan zenekoa?
Batere ez zitzaion tintontzian geratu jakintsuari – Sansonek erantzun – : dena dio, dena aditzera ematen du: Santxo zintzoak burusian goiti-beheti egin zituen zilipurdiak eta guzti, noski.
Nik ez nuen zilipurdirik egin burusian – Santxok atzera – airean bai, nik nahi baino are gehiago egin ere.
Nire irudiko – On Kixotek esan zuen – ez dago munduan gora-beherarik ez duen giza-kondairarik, zaldungoaz ihardutean bereziki; ezin egon daitezke halakoak inoiz gertaera onez beterik.
Horrela eta guztiz ere – Batxilerrak hitz hartuz – kondaira irakurri duten batzuek hor hainbat borrokatan, erasoalditan, On Kixote jaunari eman izaten zizkieten makilkada asko, jipoi eskergeak eta halakoak idazleak ahaztu izan balitu, poztu egingo ziratekeela diote.
Horra, berriz, hor, kondairaren egia – Santxoren hitzak.
Ba, isildu egin zitzaketen, onberatasunaz – On Kixote berriz ere – hara, kondairaren egia aldatu ez hobetu ezin duten ekintzak ez dago zertan idatzi, kondairako jaunarentzat erdeinu edo arbuiagarri gertatuz gero. Alafede! Ez zen, ez, Eneas Birgiliok irudikatzen duen bezain urrikalkorra, ez Ulises ere Homerok ekusarazten duen bezain zuhurra.
Horrela da – Sansonek – ; horrela ere, olerkari antzera idaztea eta edaskaigile izatea ez dira bat: olerkariak gaia jaulki edo kanta dezake, ez izan zen bezala, izan behar zuen bezala baizik; kondairagileak, ostera, izan zena idatzi behar du, ez bere ustez behar zuena, egiari fitsik gehitu ez edeki bagerik.
Bada, mairu jaun hori egiak erraiten baldin badabil – Santxok berriro - erran bage doa nire nagusiaren "oloen" artean nik neronek hartu "oloak" ere dituela izanen eta esanen, zeren, berorri bizkarraren neurria hartu izan zioten bakoitzean niri soin osoaren neurri eta izaria hartu izan baitzidaten; ez da, baina, zertan harritu, nire nagusiak berak dioen eran esateko, buruaren minaz soin-atal guztiek min hartu beharra dute eta.
Malmutza haiz, Santxo – On Kixotek – Bai fede, ez duala oroimen txarra, herorrek nahi duanerako.
Hartu ditudan makilkadak ahantzi nahi banitu ere, odolguriek, oraino saihetsetan ubeldu berri ditudan uspelek ez didate ahanzten uzten.
Isil hadi, Santxo, ez ezak eten Batxiler jauna, eta doala aurrera, otoi, kondaira horrek nitaz dioena zehazten.
Eta nitaz – Santxok – , nerau ere horrako pretsonaia nagusietako bat omen naiz eta.
Pertsonaia, ez pretsonaia, Santxo adixkide – esan zion Sansonek.
Honatx, beste ele-xuxentzaile bat dugu hemen! – Santxo ihardesle – Horrela ibiliz gero, alta, ez dugu bizitza osoan ahituko.
Jaungoikoak nahi izango al dik niretzat bizitza txarra, Santxo, hi heu kondairako bigarren pertsona ez bahaiz; eta benetan atsegingarri duk hi hizketan edo ele-meleka entzutea, hor agertzen denik nabarmenena baino atsegingarriago hi; bada, hala ere, inor, lar sinespera, entzinkorregia hintzela dioena, On Kixotek, hementxe dagoenak, eskaini zian uharte haretako jaurlaritza egiazko zela sinetsirik ibili baihintzen.
Oraindik horma-txapelen gainean eguzkia dago – esan zuen On Kixotek – ; eta Santxo zeinbat eta helduago, adinak emaiten duen hasturagaz, orduan eta egokiago izanen da, orain den baino iaioago jaurlari izan dadintzat.
Jainkoarren, jauna – Santxok – nire adinean ezin jaurri dudan uharterik baldin bada Matusalem-en adinean ez dut jaurriko. Arazoa bertzerik da, izan ere, uharte hori ez dakit non dagoen egon, berantetsirik nago honez gero, ez, ordea, horren jaun eta jabe izaiteko adimen edo kalipu-bageturik.
Utz ezak Jaungoikoaren esku, Santxo – esan zion On Kixotek – ; dena ongi eginen duk, hik uste baino hobeki agian, ez baita orririk edo ostorik higitzen Goiko Jaunaren nahia ez bada.
Horixe bai egia – Sansonek – Jaungoikoak nahi badu, bat bakarra ez, mila uharte izango du Santxok jaurgo eta jabego.
Ikusi ditut bai nik hor-hemen – Santxok esana – jaurlariak, ene irudiko, nire oinazpira iristen ez direnak, honela eta guztiz ere, Jaun Hori erraiten diete, eta zilarretan jaten dute.
Horrelakoak ez dituk uharte-jaurle – ihardetsi zion Sansonek – , bestelako gobernu ttikiagoakoak baizik; uharteetako jaurkuntzan dihardutenek gramatika jakin behar ditek, guttienez, hizkindea alegia.
"Kalamatika" horretan nik ere badakit – Santxok atzera – ; hizkinde hori, aitzitik, ez dut ulertzen. Baina, jaurlari izaite hori Jainkoaren esku utzirik, nahi duen bezala eta ni egokien izan nakion eran ebatz dezala, zera diot, Sanson Carrasco Batxiler jauna, kondairagileak niri buruz hala ihardun izanak inoizko poz-atsegin amaiezina eman didala, nitaz erranikoak ez baitira haserregarri, ez samurgarri; hara, ezkutari ona naizen aldetik erran dezaket erran, alafede!, nitaz den bezainbatean ezer tzarrik, giristino zaharrari on ez legokiokeen ezer, giristino zaharra naizenez, jaulki izan balu, gor direnek berek ere entzunen ziguketela.
Hori miraria lukek – Sansonek gehitu zuen.
Mirari edo ez mirari – Santxoren ihardukia – kasu! nola mintzo den bakoitza edo nola idazten duen inori buruz, eta ez beza esan, barbar, burura datorkion lehena.
Edaskai horri akatsen bat egozten diote, haregatik – esan zuen Batxilerrak – eta bat hauxe: egileak horren barruan beste eleberri bat sartu zuena, Jakingale Ertzoa izenburukoa; ez txarra edo txarto bilbatua, harildua, dagoelako, leku txarrean dagoelako baizik, hots, behar ez den lekuan edo lekutik at, izan ere, zer ikusirik ez du berorren joan-etorriekin, On Kixote jauna.
Lepoa eginen nuke – Santxo harzara – zakurkume horrek hezeak iharrekin nahasi dituela.
Ez da, ez, jakintsu izan – On Kixotek esan zuen – , orain badakit, nire kondaira idatzi duena, berritsu ezikasiren bat baino ez dela, itsumustuan eta firin-faran idazteari lotu zena, zirri-parra, Orbaneja Ubedako margolariak egin ohi zuenaren antzera, beronek, zer pintatzen ote zuen galdetu, eta "Gerta ala gerta" erantzun zion, esan nahi baitzuen "geroak gertaraziko zuena". Demagun, oilar bat marrazten zuela, hain halakoa, zera, hain itxura bagekoa, antzik ere ez, eta hizki gotikoz, aldamenean, "Hau oilarra da" idatzi beharra zuela. Nire kondaira, antza, honelakotsua, eta ulertzearren iruzkin bete eranskin bat baino gehiagotu beharko.
Hori ez – Sansonek ihardetsi zuen –; oso argia da eta ez du zailtasunik: umeek eskuz esku erabiltzen dute, mutilek irakurtzen dute, gizonek ulertzen dute, agureek goraipatzen dute; azken baten, hain da jorratua, hain irakurria, hain mota guztietako lagunek ikasia, ezen, zaldi mehe batto ikusi orduko "Hor doa Rozinante" esaten hasten direla. Eta gehien irakurtzen dutenak sehiak dira: ez dago gelarik, ez jaunen gelaurrerik On Kixote bat ez dagoenik: batak uzten badu besteak hartzen du, batzuek nabarmen irizten diote, beste batzuek eske eta eske iharduten dute. Bukatzeko, edaskai hori orain arte inoiz izan denik gozagarriena da, eta kalterik gutxien egiten duena, solaserako nahiz aizinarako, zeren, bere osoan ez hitz zantarrik ez gogai katoliko ez denik, ez hurbiltzekorik ere, agertzen baita.
Bestera idatziz gero – esan zuen On Kixotek – ez zukeen egiarik idatziko, gezurrak baino; eta gezurrak esaten dituzten historiagileak erre eta kaskali beharrekoak dira, gezurrezko txanponak egiten dituztenak bezala; nik ez dakit zer zela eta sartu zuen inoren eleberri edo ipuinik, nire joan-etorriez hainbat zer idatzi dagoenean: zalantzarik ez, esaera zahar haren kariaz egin zuen, hara: "Lastoz eta saralez ...." , eta abar. Egia esatera, nire gogoetak, nire zinkurinak, nire malkoak, asmo onak eta erasoaldiak, ez besterik erakuste hutsaz aski eta asko zuen liburu-ale mardulago baten egiteko, Tostadoren idazlan guztiek batera baino handiago, edo, guttienez, bezain handi baten osatzeko. Benetan, nire eritziz, Batxiler jauna, kondairak edo liburuak idazteko, nolakoak nahi diren ere, zentzu handia eta adimendu heldua beharrezkoak dira. Polikeriak esatea, sestoak idaztea, buru oneko asmatzaileena da: irri-antzerkietan kokolo itxura egin behar duenak zuhurrena behar du, bera tutulu edo inozo edo lelo dela aditzera eman nahi duenak ez du egin behar. Historia, izan ere, berriz, itzal handiko gaia da, sakratua esanen nuke, egiazkoa behar du beti, eta egia dagoenean Jaungoikoa dago, Berau egia da eta. Honela ere, bada, izan, bai, zeinbait' liburuak, kruspetak balira bezala, egin eta bota ohi dituena.
Ez da libururik, hain txarrik – Batxilerrak hitz – zerbait on ez duenik.
Horixe bai, enurarik ez – On Kixotek ihardetsi zion – ; baina, askotan, bere idazlanengatik ospe nahiz izen handia irabazi eta bilbatua duten batzuek, idatzitik argitara eman baikoz, zeharo galdu izan dute, edo urritu bederen, zerttobait, omen ona.
Hori – esan zuen Sansonek – irarritako lanak astiro ikusten direlako da, begira eta begira, akatsak erraz ikusten dira, eta, zenbat eta idazlea entzutetsuago orduan eta aztertzenago dira. Asmakuntza ospagarriko gizonak, olerkari handiak, historialari zorrotzak, beti edo askotan, begiluze batzuen bekaizpean izan ohi dira, hots, besteren idazlanen epaitzeaz atsegin eta gozo hartzen duten baina inoiz lurbirako argitara bere lanik bat ere eman ez dutenen ondamua jasan behar dute.
Hori ez da harritzekoa – On Kixotek – ; esate baterako, teologo asko dago sermoirako on ez dena, eta, aitzitik, "arratzaldean" prediku egiten duten beste inoren hutsune, akats, makur edo okerrak nabarmenarazteko on-on da.
Horrelaxe da, On Kixote jauna – Carrascok berriz ere – ; baina halako maiseatzaileak errukiorrago nahi nituzke nik, ez hain xehatx-mehatx, ez hain pirri, ahotan darabilten lanaren eguzki argitsuaren izpien kiziei begira ez dagozenak nahi nituzke; izan ere, esaera da, hara, aliquando bonus dormitat Homerus, eta har dezatela haintzat, zein luzaro egon zen esna, bere lanaren argia itzalik gabe ematearren; eta, bestalde, beharbada haiei txarra iruditzen zaiena orin bat baino ez izatea izan liteke, ttitta bat, duenaren aurpegi ederra, noiz edo noiz, ederragotzen duena; eta, zera diot, liburu bat irarriz gero argitaratzen duena galbide larrian jartzen dela, izan ere guztiz ezinezko da eta inoiz ezin dena, irakurle guzti-guztien onirizkoa jaso eta ororen pozgarri izan litekeen libururik osatzea.
Nitazkoa – On Kixote mintzo – inor guttiren pozgarri, noski.
Ez horixe, alderantziz; stultorum infinitus est numerus esaera da eta honelaxe kondaira horretaz gozatu direnak zenbatezin; eta batzuek egileari oroimenean huts edo marro ematea egotzi diote, Santxori astoa ostu zion lapurra nor zen ahaztu duelako, ez du aitortzen, ostu ziotela bai argi ikusten idazkian, eta handik hara berriz ere zaldiz agertzen da asto beraren gainean, astoa berragertu ez izanagatik ere. Eta, beste alde batetik, Sierra Morenan bide-zorro batean aurkitu zituen ehun ezkutu haiek Santxok zer egin zituen ahaztu zuela ere diote, handik aurrera ez baitzituen aipatu egin, eta zer egin zituen haiek, edo zertan xahutu zituen askok eta askok jakin nahi dute, idazlan horretan funts handiko hutsunetako bat da eta.
Ni – Santxok erantzun zion – Sanson jauna, ez nagok orai ez ipuin ez kontu ez kanturako; urdaila goseak hilik diat eta berehala zahagi zaharretik bizpahiru hurrupadaz asetzen ez badut, Dona Luziaren arantzan ezarriko naik egantxa edo Pettiri Santz honek Etxen zedukaat; nire kuttuna aiduru zagokiat; gosea "kamustuxe" eta gero itzuliko nauk, eta zer nahi galdetu ere nahi bezainbertze erantzunen zioat, hiri nahiz nori-nahi, bai astoaren galtzearenaz bai ehun ezkutuen xahutxeaz.
Gehiagoko bagerik, erantzunen baten zain gelditzeke, etxeranztu zen.
On Kixote, galde eta otoi, arren eta arren Batxilerri, berarekin bat penitentzia egiten gera zedin. Batxilerrak eskaintzari atxeki egin zion: geratu zen, ohikoari bi usakume gehitu zioten, mahaian zaldungoaz ihardun zuten, Carrascok "saltsa loditu zion", amaitu zen oturuntza, lo-kuluxka egin zuten, itzuli zen Santxo, eta lehengo eleketari ekin zitzaizkion.