Pozaren pozez zihoan Santxo, bere irudikoz duke anderearen begikoa zela-eta, beti bizi onzalea bazen eta gazteluan On Diegorenean edota Basilioren etxean bezalakoa aurkituko zuela uste baitzuen; honelatan, bada, bere buruari atsegin egiteko aukerari, ahal zuen guztietan, galparretik heldu izaiten zion.
Hala, bada, edaskaiak dioenez, alai-etxe edo gaztelu haretara iritsi baino lehen, dukea aurreratu omen zitzaien, eta On Kixoteri nolako harrera egin behar zioten etxeko mirabe guztiei agindu omen zien. Duke anderearekin batera gazteluko ateetara zenean, beraz, berehala barrutik "lekaio" edo zaldi-mutil bi etorri zitzaion, oinetaraino mihise mehe gorrizko janzkiez jantziak biak, eta On Kixote besoetan, ez bat ez bi, hartu zuten eta esan:
Bihoa berorren handitasuna gure duke andereari zaldi gainetik jaisten laguntzera.
On Kixotek halaxe egin zuen, eta biek elkarri adeika bizian ihardun zuten, zeinek baino zeinek areago adiguriz, alabaina, azkenik, dukesaren tematiak berea egin zuen eta zaldi otzanaren gainetik jaitsi nahi izan ez zuen, dukearen besoetan jaitsi ezik; halako zaldun handiari hain zama astun eta alperrik jaso behar hura emaiteko dina ez zela zioen. Dukea, azkenean, etorri eta berak zaldiaren gainetik beheratzen lagundu zion; barruko atari zabal batera sartutakoan bi neskame eder agertu ziren eta On Kixotegana jinik, longain gorri leun bat ipini zioten lepagainetik behera; berehalako baten, atarte edo barla inguruko "balkoi" eta "solairu" guztiak neskame-morroez bete ziren, barano guztian, jaun-andere haien mirabeak denak oihu ozenez honela ari:
Biz ongi etorria zaldun ibiltarien gaina eta bikaina den hau!
Eta denek, edo gehienek, usain gozozko urak, andel edo ontzitto batzuetarean, isurtzen zizkieten On Kixoteri eta duke jaun-andereei, On Kixote harri eta zur utzita; huraxe izan zen, bai, egiazko eta ez ametsezko zaldun ibiltari bazela zinez ikusi eta benetan sinetsi zuen lehenbiziko eguna, zeren, berak irakurri izana zuen bezalaxe, antzinako mendeetan, honelakotsu abegi, txera eta harrera egin ohi baitzieten zaldun ibiltariei.
Santxo, astoa alde bat utzirik, dukemeari josita bezala zihoan, gaztelu barrurantz, baina "belarriluzea" bakarrik uzteaz damu, barruko harrak kosk eta kosk, hango emakume zahar, beste batzuekin batera bere andereari ongietorria egitera irtendako batengana hurreratu zen eta, ahopetik, honela esan zion:
Gonzalez anderea, edo berori nor nahi den ere...
Rodriguez de Grijalba anderea darizt – ihardetsi zion etxandere zaharrak – Zer nahi duzu, senide?
Santxok hau erantzun zion:
Mesede bat egin baliezat, otoi, hara, gazteluko atondora berori joanen balitz nahi nuke, nire astoa dagoen lekura; eramanen ailu, berorrek, edo eramanaraziko, agian, zalditegira; gizagaixoa beldurti xamarra da eta bakarrik egoiten ohitua ez da, inola ere.
Nagusia bere mutila bezain "txuhurra" bada – etxandereak iharduki zion – ederrak gagoz gu! Zoaz, senide, ordu txarrean etorri zara eta ez hobean etorri da zu ekarri zaituena; hor konpon zure astoa, etxe honetako andereok ez gaituzu horretara eginak eta.
Bada, zinez, entzuna nago ni – Santxok harzara – nire nagusiagandik, kondairon "zahoria" baita, Lantzaroteren harako hura jaulkitzean:
Bretainarean jin eta
andereak zaintzaile
beraren et'astoaren
eta nire astoaz den bezainbatean, nik ez nuke ordeztuko ez eta Lantzaroteren beraren zaldiaz ere.
Koplakari edo bertsolari bazara, senide – atsoak berriz ere – gorde itzazu zure zirtoak nahi duzunerako eta kantuz dirua biltzen ahal duzunerako, niregandik ez duzu fitsik jasoko eta.
Ederki hola – esan zion orduan Santxok – ez duzu, ez, aspaldi gazte horrek, horregatik, galduko zerorren adineko makurra!
Putakume alaena – ihardukiz berriro etxandereak, herraz sumin-sumin egina – , zahar banaizen ala ez Jainkoari doakio, ez zuri, zital baratxurijale horri.
Ozenki esan zuen eta dukesak aditu, eta burua bihurtu, etxanderea hain haserre, hain samur, hain begigorritua ikusi zuen, eta norekin ari zen galdetu zion.
Hementxe – erantzun atsoak – gizaseme on honekin, bere astoa, gazteluko atarian dagoena, zaltegira eraman dezadan otoi eta otoi eraso baitit, ez dakit nongo ez dakit nortzuek hala egin zutela eta, andere batzuek urlia bat, Lantzarote delakoa, zaindu zutela, eta astoa ere zaindu zutela, eta, azkenean, batez ere, "atso" esan dit.
Horixe, niretzat, beste zein edo zein baino iraingarriago – dukemeak gehitu zuen.
Santxori mintzatu zitzaion, orduan, eta honela:
Jakin, Santxo adixkide, Rodriguez anderea oso gazte dela, buruan duen motoa, adinagatik ez baina bere nagusitasuna erakusteagatik eta ohitura delako duela.
Hori adina banekien, alta, eta horregatik erran diot, ez bestegatik: nire astottoa biziki maitte dut eta Rodriguez anderea baino lagun onberagori ezin eskatu.
On Kixote dena entzuten eta mintzo:
Honelako leku batean egitekoak ote dituk, Santxo, horrelako hitzak?
Jauna – erantzun zion beronek – nork bere beharraz mintzatu behar du, bere premiaz, non nahi dagoen ere: orain berean, hementxe, astoa etorri zait burura eta berataz mintzo naiz; eta zalditegian banengo, bada, bertan mintzatuko nintzateke.
Dukeak hau esan zuen:
Xuxen dago, erabat, Santxo, eta ez zaio ezeren errurik egotzi behar; astoari ahoa bete gozo emanen zaio, eskatu ahala, egon lasai Santxo, zu zerori bezain ongi erabilia izanen da eta.
Honakoxe ihardunetan ari zirela, On Kixoteri ez beste guztiei atsegingarri, goiko solairura heldu ziren, eta On Kixote areto batera sarrarazi zuten, urre-urrezko oihalez eta zeta-ehunez apainduriko gela batera; sei neskatxa agertu zitzaien gela-neskame, denak zer egin behar zuten jakinaren gainean ezarriak, lehendik dukeak eta dukesak jakinarazita, noski, eta iskilu-jantziak erantzi zizkioten, zaldun ibiltari antzean hartua zela ikus eta sinets zezan. Soinekoa erantzita, iskilurik bage, gergizko estu eta orkatz-larruzko jipoi hutsean geratu zen, ihar, luzanga, mehe, barailezurrak aho barruan elkarretara itsatsita bezala: itxura hitsa, beraz, eta neskatxak han ari ziren barreari eutsi behar eta eutsi ezinean (jaun-andereakandik agindu zehatz haxe hartua zuten baina), algaraka lehertzear itxurak eginez.
Atorra berri bat janzteko aitzakiaz larrugorritu behar zutela eta ez eman harek baimenik inola ere, zaldun ibiltarien baitan bihoztun izaitea bezain beharrezkoa gogo-garbitasuna zela esanik. Honela ere, atorra Santxori emaiteko agindu zien, eta beronekin etxari batera sartu zen, ohatze eder batekikoa, biluzi zen, eta atorra berriaz jantzi zen; Santxorekin bakarka zegoela ikusita, honela iharduki zion:
Esaidak, zirto-jario berri horrek, aspaldiko astakaiku horrek: ongi al daritzok horrelako etxandere duin eta agurgarri bati irain egitea, hitz gaiztoz erasotzea? Hori izan al duk astoaz gogoratzeko orenik onena, eta hemengo hauek jaun hauek ba ote dira, bada, abereak hor bertan behera uztekoak, aberedunok honen txunkun eta egokiro hartu gaituztelarik? Jaungoikoaren "amorearren", Santxo, ibil hadi txintxo, izan zuhur, ez dezatela hire haria nolakoa den ekus, zeren, honen hariaz hi oihal zakarrez ehundutakoa haizela jakinen baitute. Adi ezak, bekatari horrek, zeinbat eta mirabeak hobeto hazitakoak eta garbiagoak izan hainbat eta eder edo onetsiagoa haien nagusia; printzeek zerbait badute beste gizon guztiek baino hobea, bere alderakoagoa, hauxe duk, hots, beraiek bezain onak diren mirabeak izaitea. Ez al diok antzik emaiten, motz horrek, ai ene zoritxarreko, hi arlote barregarria edo landatar kaxkarra haizela ekusten badute, ni hirusakuko zaldun edo txorimaloren bat naizela uste izanen dutela? Ez, ez, Santxo lagun; ihes, ihes egik halakoetarik; berritsu eta irri-eragingarri dabilena, lehenengo oztopoan, ostikada batez, erortzen duk, eta barregarri edo ondikozko isekagarri bihurtzen duk. Lot ezak mingain hori, hausnar eta zeha itzak hire hitzak ahorean at baino lehen, eta gogoan har iritsi garen leku hau, Jaungoikoaren laguntzaz eta nire besoaren indarraz, gure ondasunarekin gure ospea handitu, hobetu, eta areagotu ahal dukegun lekua dugula, bikoiztu ez ezik hirukoiztu eta are boskoiztu eginen dugularik.
Santxok baietz, hitz eman zion, zin-zinez, ahoa josiko zuela, aurrerantzean hitzik erran aitzin mihia ausikiko zuela, harek agindu bezala, egoki eta zuzen izan ez zitekeen elerik ez egoztearren; honetaz, alta, ziur egon zedin, lasai, eta axolarik ez izaiteko, bere hitzaz inoiz ez zuela inork nor ziren benetan ikusiko ez ikasiko.
On Kixote jantzi zen, bere "tahalia" bete ezpata lotu zuen, soingainean longain gorria, neskatxek emaniko kapelu oihal orlegizko bat bururatu zuen, eta honela apaindurik areto nagusira irten zuen; batean eta bestean, lerro-lerro, neskameak zutik jarriak hantxe, ur-azpil batean ikuzteko ura emateko eran, gur eta gur, kilimusiak eginez, ttik eta ttik. Gero hamabi gela-sehi agertu zen, mahaizain batekin, jatera eroaiteko asmoz, jaun-andereak haren begira bazegozela eta. Erdian jarrita, hara, bazeroaten, arrandiro, ospetsuki, lau jalerentzako otordu-gaiak ipinitako mahai jori bat dendatua, gertu-gertutua zegoen gela zabal batera. Duke jaun-andereak ate ondora jalgi zitzaizkion, harrera egitera, eta haiekin halako elizgizon beltzuntze horietariko bat, printzeen etxeetan jaurlari egoiten direnetakoa; printze jaio ez zirelako printze direnei nola izan behar duten irakasten asmatzen ez duten horietako bat; handiak direnen handitasuna beraien gogo-txikikeriaz neurtua izan dadin nahi duten horietako bat; beren jaurgoaren menpe dituzten handiei zuhur izaiten irakatsi nahiz, zimur izanarazten dituztenetako bat; honelakoxe, diot, bide-zen On Kixoteri batzarre egitera duke-dukesarekin batera agertu zitzaion elizgizon gorgots, ilunbea. Milaka gur eta agur eginik, azkenean, On Kixote erdian jarrita, mahairatu ziren. Mahaipuruan eserarazi zuen dukeak On Kixote, eta honek ezetz esan arren, dukeak baietz eta baietz egin ziolako, atzenengoan, eseri zen. Elizgizona aurrean jarri zen eta albo banatan duke jauna eta anderea.
Santxo dena ikusten, harriturik eta zurturik zegoen, printze haiek bere nagusiari egiten zioten ospea zela eta, On Kixoteri dukeak egin otoi eta "erregu" ugariak, mahaipuru jartearren, ikusi eta erran zuen:
Beroriek baimen emanez gero, ipuin bat jaulkiko diet, nire herrian eserlekuak zirela eta ez zirela gertaturikoaz.
Santxok hau esan eta On Kixote ikaratu bat izan zen, ergelkeriaren bat esanen zuelakoak jota noski. Santxok so egin zion, antz eman ere zion eta erran:
Ez bedi beldur izan berori, ene jauna, ez naiz okertuko, ez hitz txarrik eginen, egoki ez denik ez; berorren aholkuak ez zaizkit ahantzi, asko edo guti, ongi edo gazki mintzatzeaz orain berrikitan egin oharpenak ontsa gogoan hartuak ditut.
Nik ez diat ezer gogoratzen, Santxo – ihardetsi zion On Kixotek – errak nahi duana, lehen bai lehen erranez gero.
Bada, erran nahi dudana egi-egia da, nire nagusi jaun On Kixotek ez dit gezurrik erraiten utziko eta.
Niregatik – On Kixotek berriro – egik gezur, Santxo, nahi bezainbeste, ni ez natzaik atzetik joanen, baina kontuz zer dioan.
Bai, ongi kontutan hartua eta berrartua dut, eta ipuinean ikusiko den eran ezkila-joilea babespean dago, guziz.
Hoberena – esan zuen orduan On Kixotek – kokolo hau hemendik bidaltzea izanen dute beroriek, jaun handiek, anitz txotxolokeria esaten has dadin baino lehenago.
Dukearen bizitzarren – erauntsiz andereak – , Santxo nire ondotik ez dugu baztertu behar pixka bat ere, nik biziki maite dut, txit zuhurra dela dakidalako.
Bizi bedi egun zoriontsuetan – erantsi zion Santxok – berorren saindutasuna, nire baitan duen uste onagatik, nik neronek ez ukanagtik ere. Ipuina hauxe da: Behin baten, nire herriko aitonseme aberats eta handiki Medina del Campoko Alamotarren etorkiko bat, Mentzia de Kiñones anderearekin ezkondua, alaba berau On Alontso Marañongoarena, Donejakueren elkarteko zaldun, Herraduran ito eta honen ondorioz orain arte gertatu liskarrean, nik dakidala On Kixote nire jauna bertan egondakoa da, zauriturik izan zen Tomastto Bihurria, Balbastro errementariaren semea...Ez dea egia hau guzi hau, ene jaun nagusi? Erran, arren, berorren bizitzarren, hemengo jaun-andereok berritsu gezurtitzat har ez nazaten.
Orain artekoan – esan zuen elizgizonak – gezurtitzat baino berritsutzat hartzenago zaitut; honik aitzina zertzat hartuko zaitudan ez jakin.
Horrenbeste lekuko eta horrenbeste zantzu aipatu dituanez gero, Santxo – esan berriro On Kixotek – egia behar duala besterik esaterik ez diat. Hoa aurrera eta labur ezak ipuina, bestenaz bi egunean ez duk amaituko.
Ez, du zertan laburtu – esan dukemeak – nire atsegingarri nahi badu, dakien bezalaxe jaulki behar du, sei egunean amaitu ez arren, honela balitz nire bizialdiko sei egunik onenak izanen lirateke eta.
Zera, bada, ene jaun-andereok – Santxo aurrera – badiot, ezen, harako aitonseme harek, nire eskuak bezain ongi ezaguna dudanak, nire etxetik berarenera gezi-iraitzi bat baizik ez baita, nekazari txiro, lander baina zintzo bati, bere etxera "gonbidatu" edo deitu zion, oturuntzarako.
Aurrera, anaia – esan zion elizgizonak – ; bide horretatik, antza, beste mundura artean zure ipuina amaituko ez duzu.
Erdira baino lehen geldituko naiz, Jainkoak nahi badu – azaldu zien Santxok –. Eta diodanez, nekazaria edo lugina edo "laboraria" nahi bada, harako aitonseme edo gapare deitzaile haren etxerakoan, eta goian bedi on-onean haren arima, hila baita dagonekoz handiki hura, eta, diotenez, aingeru baten antzerako heriotza izan omen zuen, nik bertan ez egonik ikusi ez nuena, garai haretan Temblequera gari-epaitera joana bainintzen...
Zeure biziarren, seme, itzul zaitez arin Temblequetik, ez ehortzi kaparea, hileta gehiago ez egitearren, eta amai ezazu zure ipuina.
Halatan bada, zera – berriz ere Santxo – biak mahaian esertzekotan zirela, oraintxe ikusten ari naizela dirudist...
Elizgizona atsebageturik, Santxok ipuina jaulkitzean egiten zituen geldialdi eta itzul-inguruka haiengatik, eta duke jaun-andereak, ordea, haren atsebageaz atseginetan; On Kixote, berriz, sumin-amorraturik.
Badiot, alta – Santxok zirauen – biak hantxe, erran bezala, mahaian esertzekotz, nekazariak, setati, gapareari mahaipuru izaiteko agindu eta agindu; eta aitonsemeak, aitzitik, huraxe bezain setati, ezezkoan, bere etxean berak agintzen zuela eta bertzeari mahaipuruan esertzeko; nekazariak, bere burua ongi hazitako eta gizalegetsu osotzat zuelako, ez zuen hala nahi izan, eta ez zen eseri, aitonsemeak, samurtuxerik, esku biak sorbaldetan ipinita, indarrez esertzera behartu zuen arte, zerauntsola: " Eser zaitez hementxe, mokor-jotzaile, ni neu non edo non eseririk ere beti zure buru izanen nauzu eta". Honatx ipuina, honenbertzez aski; ez dut uste bidenabar ekarria izan ez denik.
On Kixote margoz bete zen, bere beltzaranean nabartu zen, pikardatu zen; jaun-andereak barreari eutsi ezinik, On Kixote haserre gorritan zegoela, Santxok adiarazitako maltzurkeria ulerturik. Hitz beste egite aldera, eta Santxok txotxolokeria gehiago esan ez zezan, duke andereak On Kixoteri ea zer berri zuen Dultzinea andereaz galdetu zion, eta ea egun haietan erraldoi edota mamuren bat edo beste berarenganatu ote zenetz, asko eta asko hil behar izanen baitzituen, egunak joan egunak etorri. On Kixotek honela erantzun zion:
Ene andere, nire zoritxarrak, noizbait hasita, inoiz ez dira azkenduko. Erraldoiak azpiratu izan ditut, mamuak uxatu, gaizkinak abaztorratu izan ditut, eta Dultzineari bidali izan dizkiot, baina, non idoro izanen ote zuten, bada, sorgineztatua baldin badago, eta inoiz irudika litekeen basaneskarik itsusien bilakatua badago, dagoen bezalaxe?
Ez dakit – Santxo mintzo – niri ludiko umerik ederrena iruditzen zait; arintasunean, behintzat, eta jauzika egitean, alafede, ez dio harek zorrik nehongo dantzariri: zinez, duke andere, katu baten antzera egiten du jauzi lurretik astemearen gainera.
Zuk, Santxo, ikusi al duzu sorginduta? – itaundu zion dukeak.
Nola ez, bada, nik ikusi! Nor, arraio, izan zen, bertzela, ni ez bertzerik, sorginez ukitua zela ohartu izan zen lehenbizikoa? Nire aita bezain sorgindurik dago!
Elizgizona, hainbeste erraldoi, mamu edota sorgin aditurik, atzenengoan, harako haxe On Kixote Mantxako zela ohartu zen, igarri zion behingoz, beraren edaskaia dukeak sarri-sarri irakurri ohi zuela bai baitzekien. Ez guttitan ahakar egin izan zion, horregatixe hain zuzen, halako zentzubagekeriak irakurtea zentzubagekeria hutsa zela esanez, eta sumatu zuen hura egia zela jakinki, xoil haserretua, dukeari hauxe entzunarazi zion:
Berorrek, ene jaun gorenak, gizon honek egiten duenaren berri gure Goiko Jaunari eman beharra dio. On Kixote delako hau, edo On Kokolo, edo zein-nahi izeneko hau, ez dut uste, nahi nuke bederen, berorrek ikusarazten duen bezain ergela denik, halako txorakeriak, gangarkeriak, egiten aurrera joaiteko aukera emaiten dionean.
Hitza On Kixoterengana bihurtu zuen eta esan zion:
Eta berori, kaiku huts hori, nolatan dago zaldun ibiltari dela eta, nork sartu dio berorri buru mentsera erraldoiak azpiratzen dituen hori, mamuak uxatzen dituen hori? Ea, zorioneko egun baten, baten batek etxera itzultzeko agin diezaion, haurrak, baldin baditu, haztera eta heztera, onasunak zaintzera; eta ea, munduz mundu, deslai eta arlote, haize irensten ibiltzeari uzten dion betiko, ezagun dutenei barregura eraginez eta ezagun gaituztenen aurrean barregarri uzten baikaitu. Non, ai ene bada eta, ikasi du berorrek, inoiz, eta are orain ere, zaldun ibiltaririk egon denik? Non ote, ordea, erraldoirik Espainian, mamurik Mantxan, sorgindutako Dultzinearik, edota berorretaz esan izaiten duten beste hainbeste erokeriarik?
On Kixote adi bai adi zegoen, gizaseme agurgarri haren esaerak entzutean, eta isiltzerakoan, dukeei begirunerik ez lotsarik batere bage, kopetilun, begitarte hits, nahasia guztiz aurpegia, zutitu egin zen eta honela ekin ...
Baina ihardestaldi honek, berez, atal berezi bat ibazi du.