Musika atsegingarri haren hospatean, gurdi bat berenganatzen ikusi zuten, gurendazko esaten dieten horietarikoa, sei mando nabarrek ekarria, ehun zuriz gainestaliak seiak eta bakoitzaren gainean, argidun zigorkari bat zuriz jantzia zetorren, eskuan pizturik argizagizko zuzi bana. Gurdi hau, lehenago iragotakoak baino handiagoa zen, halako bi edo hiru, eta gainean zein alboetan beste hamabi zigorkari elurra bezain zuriak denak, zuzi bana izekirik, harrigarriko bezain izugarriko ikuspena hauxe; zutikako enbor baten gainean eserita maitagarri bat, zilar-oihalezko ehunka errezelez jantzia, urrezko bitxi-orri ugariz josiak denak distiratsu, aberats irudi ez baina apainkiro jantzi-itxura behintzat emaiten ziotenak. Aurpegia zetoihal garden eta argal batez estalia zuen, eta honetara, neskatxa baten aurpegi eder-ederra zen ikusgarri, bilbeko harien artetik agerian; argiek edertasuna eta adina erakusten zituzten, hamazazpi urte bai baina hogei baino guttiagokoa, antza. Haren ondoan itxuraki bat zetorren, oinetarainoko janzki pinpirin arranditsu horietarikoa zuena, burua errezel beltzez estalia. Gurdia dukeen eta On Kixoteren aurrean jarritakoan, xirularruen soinua isildu zen, gero harpak eta arrabitak ere hotsuldu ziren, gurdi gainean; zutitu zen, orduan, janzkidun itxurakia, albo bietara estalkia baztertu zuen, aurpegiko oihala kendu, eta herioren irudia bera zela ageri zuen, itsusi eta ezaina, ihartu eta zahardina, oso arrautsa; honegatik On Kixotek atsebage handi hartu zuen, Santxo beldurtu zen, eta duke jaun-andereek lotsa aieruren bat edo egin zuten. Herio bizi hau zutik eta jaikita, ahots loti mingain ez erne batez, honela hasi zen mintzatzen:
Ni Merlin naiz, edaskien esanez
aita Txerren izan zuen ber-bera
-gezur hazia urtetik urtera-
Aztien printze-errege naizenez
Zoroastroren jakintza-zaindari
hatzez hatz ibilten naiz bideetan
ibiliz urte eta mendeetan
zangarki hainbat zaldun ibiltari
ibili ohi zen bide beretan
gogorra, latza haien biziera
nirea, berriz, osoki onbera
edonori on eginaz denetan
Diteren haitzulo ilunbeltzetan
arimaz atsedaiten nengoela
zirrimarrak egiten ez bestela
heldu zen, ahots mintsu ozenetan
Tobosoko Dultzinea ederra
baino ederragoaren oihua
nonbait izana baitzen sorgindua
neska lehen, orain lugin landerra
Min hartu nuen, bai, hori jakinik
aleunka liburuz liburu hasi
nintzen ikertzen, sendatzen ikasi
ez baita ehun urteko den minik
Honatx, bada, nik ikasi bezala
oi zaldun iskilu latzez jantzia
oi artizarra, iparra, argia
oi, erraldoi Jainkoak zain zaitzala!
Oi Mantxako distira betikoa
Espainiako eguzki goria!
Dultzinea Tobosoko "gloria"
lehengora nahiz beharrekoa
besterik ez du Santxok egin behar
mila ta hirurehun zigorkada
eman bere atarrian; to, di-da!
Hauxe baino ez dugu senda-belar.
Orduan, Santxok :
Alajinkoa! Ez hirur mila zigorkada, baina bai hirur emanen dizkiot neure buruari hiru aiztokada bezala. Txerrenarren, eta hori sorginkeria kentzeko era! Ez dakit nik, bada, zer duten ikusirik nire alkuts edo uzki-mazelok sorginketa hauekin! Jainkoarren, eta Merlin jaunak Dultzinea Tobosoko anderea sorgingetzeko bertze erarik kausitu ez badu, hilobiraino joan dadila sorgindurik!
Neronek hartuko haut – esan zion On Kixotek – zital hori, baratxuri jatun hori, eta zuhaitz bati lotuko hautsot, herorren amak munduratu hinduen bezain larrugorri, eta ez hiru mila eta hirurehun, sei mila eta seiehun zigorkada baizik emanen dizkiat, gogor eman ere, hiru mila eta hirurehun inarrosaldi baino gutiago ez. Eta ez niri iharduki, arima erauziko diat eta, bestela.
Merlinek entzun eta esan zuen:
Ez da horrela izan behar; Santxok hartu beharreko zigorkadak' berak nahitakoak behar dira, ez behartutakoak, eta berak nahi duen unean; bukaera zehatzik ez du, baina bere alamena luditu nahi badu, astinaldi honen erdiaren ordain berrerosi nahi badu, beste inork jo dezan eman behar du baimen, esku gogor samarra izan arren.
Ez inorena, ez neronena, ez gogorra, ez xamarra ez xamurra – Santxo ihardukika – : ni ez nau ezein eskuk ukituko. Erditu ote nintzen, bada, ni Dultzinea Tobosokoaz, nire uzkialdeak harexen begien bekatuak ordain ditzan? Nire nagusi jaunak bai, hura berea du eta, biga-bostetan "nire bizia" erraiten dio, usu bai usu "nire arima", bere sendagarri du, zurkaitz eta urgazle du; haren alde, beraz, zigorkatua ahal du eta behar du nire jaunak, sorginkeriaz bagetua izan dadin behar bertzeko ahaleginak eta bi egin behar ditu; baina, ni zigorkatua...? Baita zera ere! Ut!
Santxok hau esan orduko, Merlinen "izpirituaren" ondoan zegoen maitagarri urreztatua zutitu zen, aurpegiko oihal argala erantziz, agerian geratu zen eta hango guztien eritziz ederra baino ederragoa zen; gizonezkoen ahoskeraz, ez oso mintzo emez, Santxo Pantzari zuzenkiro, honela esan zion:
Oi ezkutari zorigaitzeko, pitxer-arima, artelatz-bihotz, hartxirrizko errai sukarrituak dituen hori! Aginduko balizute, lapur, ahuntzebasle, zeure burua dorre garaitik lurrera egozteko, eskatuko balitzaizu, gizakien etsai, hamabiko bat txantxiku, hamabiko bi musker eta hiru hamabiko suge jan ditzazun, zure emaztea seme-alabekin aizto zorrotz odoltzale batez hil ditzazun iradokiko balizute, horren kikil horren gupera agertzea ez litzateke harritzekoa; alabaina, hiru mila eta hirurehun zigorkadagatik, edozein umettok ttikia izan arren ere iloro jasaiten dituen beste, harrigarri da, izugarri da, burtxoragarri da, sinestedun entzulearen bihotzaren erorgarri da zure mukerkeria hori; urteen buruan honexen berri jasoko dutenak ere txundituko dira. Ipin itzazu, piztia purtzil bihozkogor horrek, ipin, diotzut, zure mozolo izukorraren begi horiek nire betseinetan, izar kinukarien antzekoak ditudan begiok, eta ikus nola dagiten negar, hariz hari malkoak nola darizkien, mataza osatuz, nire papo ederretako landetan behera ildoak eginez, bidexkak eta indak irekiz. Higi zaitez, malmutz, asmo gaiztodun mamu hori, zeren, nire adin loretsu hau, oraindik hamar eta... urteetan nago, hamazortzi baino ez dut, hogeiratu bagea naiz, higatzen baita, maizten eta ihartzen baita, nekazari zabar baten larrupean; eta oraintxe irudi ez badut, Merlin jaunak egin didan dohainari esker izan da, hementxe dago bera, eta zuk ni ikustean nire edertasunaz hunkitua izan zaitezen egin du; eder nahibagetsu baten malkoak harkaitz malkarren bigungarri dira, lehoinabarrak ardi bihurtzen dituzte. Eman, emazu zure atarri, zure ipur-mami horietan, atera ezazu zure azkortasuna nagitik, beti jatera eta jatera eragiten dizu eta ez bestera, eta ipin ezazu askatasunean nire haragien leuna, nire bihotzaren otzana, nire aurpegiaren polita; eta niregatik nahi ez baduzu bigundu, edo bukaera zuzenen batera makurtu, egizu, egin, zure ondoan duzun zaldun gaixo horrengatik: zure nagusiagatik, esan nahi dut, zeren beronen arima ikusten ari bainaiz, eztarrian zoztor dadukala dakusat, ezpainetatik hamar atzera ere ez, zure erantzun gogor ala bigunaren zain, edo ahotik ateratzeko edo urdailera bihurtzeko.
On Kixotek bere eztarria haztatu zuen, eta dukeari begira, esan :
Jaungoikoarren, jauna, eta Dultzineak egia esan du: hementxe eztarrian edo zintzurrean dadukat, bai, arima zeharretara, mataratzu baten antzo, balezta-intxaurra bezalakoa.
Zer diozu honetaz, Santxo? – galdetu zion duke andereak.
Nik – Santxo berean bere – lehen erranari natxekio : zigorkadak niri, baita zera ere, ut!
U esan behar duzu, Santxo, ez zuk erraiten duzuna legez – erauntsi zion dukeak.
Utz naza berorren handitasunak – Santxo ihardukile – ; ez nago oraintxe holakokeriak eta hizki bat goiti-beheti aztertzeko; eman behar dizkidaten edo nik neureari eman behar dizkiodan zigorkada horiek durduzatua naute hagitz, ixurbatua naiz biziki, eta ez dakit zer diodan ez zer dagidan. Jakin nahi nuke, baina, non ikasi ote duen otoi egiten horrela nire nagusiaren andere Dultzinea Tobosokok: nire haragiak zigorka pitza ditzan datorkit galdatzen, eta pitxer-arima deitzen dit, abere bihozkogor erraiten dit, zergada bete izen itsusirekin batera, tusuriak jasaitekoak denak. Nire haragiok brontzezkoak ote direa, edo niri zer axola sorgingetu ala ez? Nik behar ez dut, baina saski bete janzki zuri, atorrra edo alkandora, galtza edota galtzerdi ote dakarra galtzarbean ni eztitzeko, irainaren ordez, laidoaren gainean laido eraso beharrean? Jakin badaki hor-hemen erran ohi den atsotitza, hots, urrez zamaturiko astoa mendian gora zalu doa, eta badaki diruak malkarrak zelaitzen dituela, eta Jainkoari otoika baina ezkuz mailuka, eta haboro balio du "to" batek bi "eik" baino. Eta, horra, nire nagusi jauna, eskua nire bizkarrean gaindi perekaz-perekaz erabili behar lukeena, ilea leunduz eta balakatuz, ni artilezko edota kotoizko bilakarazte aldera, hor ari da erran eta erran, ezen, ni harrapatuz gero zuhaitz bati lotuko nautsola, larrugorri, eta zigorketa bat ez bi jasanaraziko didala; burutan hartu behar lukete hemengo jaun-andere tamaldunok ezkutari bati zirgoka egitea ez ezik jaurlari bati ere nahi diotela; erran nahi baita: ogirik nahi ez duenari artopil edo, bertzenaz, zela nahi ez duenari arbalda. Ikas, ikas bezate ondikoaldian otoi egiten, eskatzen ikasi, heziera onez beti: aldiak oro ez dira beti bat, eta gizonak oro ere ez dira beti aldarte onean. Ni guziz hiratua nago, nire soineko berdea urratua ikusteagatik, eta, hona, niri eske orain beroriek nire nahiaz neure burua , edo neure gibelaldea hobeki erraiteko, zigorka dezadan, ni "kazike" izaitea baino urrunago dago, baina, nire nahia hori egitetik.
Benetan, Santxo adiskide – dukeak berriro – uztapiko edo zakail zoritua baino bigunagotzen ez bazara, ez duzu inongo jaurlaritza zure esku hartuko. Ederra litzateke, bada, nire uhartetarrei jaurlari anker bat bidaliko banie, sukarrizko bihotza duena, neskatila atsebagetuen malkoei men egiten ez dakiena, edota sorgintzaile jakintsu zuhur eta zaharren otoi-eskariei jaramonik egiten ez diena! Laburbilduz, Santxo, edo zuk zeure buruari zigor, edo zigorkatuko zaituzte edo ez zara jaurlari izango.
Jauna – Santxok atzera – emanen al dizkidate bi egun gogoeta egin dezadan ea zer dudan hoberena?
Ez, inola ez – esan zuen Merlinek – Hementxe eta oraintxe erabaki bahar da arazo hau: Dultzinea berriz ere Montesinosen lezera, bere lehengo nekazari egoerara itzuliko da ala, honez gero, dagoen eran, elisear landetara eramana izanen da, eta hantxe egonen da zigorketaren kopurua beteko den begira.
Ea, Santxo txintxo – duke andereak gunean – izan adore eta izan zaitez esker oneko On Kixote jaunarengandik jan izan duzun ogiagatik, denok lagundu behar dugu berau, atsegin eman, zalduntza gorenetan ibili doalako eta, halaber, bere izaera onagatik. Erran, bada, baietz, seme, astinaldi honi baietz, eta bihoa Txerren txerrenekin, eta beldurra beldurtiekin; bihotz onak zori txarra eteten du, zuk ongi dakizun bezala.
Esaera honi Santxok honelaxe burubageki erantzun zion, Merlinekin galde-hizketan:
Erran berorrek, Merlin jaunak: Txerren berrikariak, honatu zenean, Montesinos jaunaren mezu bat nire nagusiari eman zion, hemen iguriki eta laster jinen zela, Dultzine Tobosoko anderea sorginik bagetzeko agindua emaitera etorriko zela hain zuzen; eta orai arte ez dugu Montesinos ikusi, ez antzekorik ere.
Merlinek honela :
Txerren, Santxo lagun, etxakin hutsa da, gizatxar txarra: nik bidali nuen, zure nagusiaren bila, ez , ordea, Montesinosen ezein mezurekin, nire batekin baizik; Montesinos bere lezean dago, itxaroten, noiz sorgingetuko duten zain, oraindik isatsa du larrutzeko eta. Ezer zor badizu, edo harekin hautsi-mautsiren bat eratu beharra baduzu, nik erakarriko dizut eta nahi duzun lekuan ipiniko dizut. Oraingoz, esan, bada, baietz astinaldi honi, zure onerako izanen da eta, bai arimarentzat bai gorputzarentzat; arimarentzat eginen duzun onaroagatik, "karidadeagatik" alegia; gorputzarentzat, nik dakidala, gizon odoltsua zarelako, eta, honetakoz, odol xorta bat ateratzeak batere kalterik ez.
Atxeter, "miriku" edota sendagile ugari dago munduan: sorgintzaileak ere sendatzaile – Santxok harzara – ; alabaina, denok erraiten didatelako, nik ongi ikusi ez baina, pozik nagoela diot, zera, hiru mila eta hirurehun zigorkadak hartzearen pozaz pozik, baldintza betekin, alta, baldin eta nik nahi dudanean eta nahi bezala emaiten baditut, ez egun-mugarik ez aldi-mugarik; zor honetatik lehen bai lehen jalgitzen saiatuko naiz, mundu guztiak Dultzinea Tobosoko anderearen edertasuna goza dezan, zeren, agidanean, nik ustez bertzera, ederra baita. Bertze baldintza bat, hauxe: zigorrez odolik ateratu beharrik ez, eta zigorkada batzuk gogorrak badira haintzat hartu behar dizkidate. Era berean, nik zeinbaketan okerrik eginez gero, Merlin jaunak, oro baitaki, ongi zeinbatu behar ditu eta niri jakainarazi ea zeinbat azpiz edo zeinbat gainez egin dudan, erran nahi baitut, bukatzeko zeinbat ments dudan edo gaindia dudan.
Gaindiaz ez da zertan jakinarazi – Merlinek erantzun zion – ; zenbaki zuzenera iritsita, Dultzinea anderea bat-batean sorgingeturik geratuko da, eta, esker onean, Santxo zintzoaren bila etorriko da, eta egindako ongiaren ordain eskerrak, eta sariak ere bai, emakitera etorriko zaio. Beraz, ez da gehiegiaz ez gutiegiaz ardurarik ukan behar, eta zeruak nahi ez dezala nik inori iruzurrik egiterik, ez eta fitsik ere.
Ea, bada, Jainkoaren eskuz! – Santxok harzara –. Nire zorigaitza onartzen dut, "nekaldia" ontzat hartzen dudala diot, lehenagoko baldintzekin.
Santxok azken hitzok eta xirularruen hotsak berriro entzuten hasi ziren, eta arkabuzak oro danba eta danba berriro, eta On Kixotek Santxori iduna besarkatu zion, lepotik zintzilikatu ziotzaion, pa eta pa, musu bat bekokian, musu bat papoan ari zitzaiola. Duke jauna eta anderea, eta inguruko guztiak pozez gainezka, eta gurdia berriro ibilten hasi zen; eta Dultzenea iragaitean, dukeei buruz gur egin zien, buru makurtuz, eta Santxori ere kilimusi handia egin zion.
Honetaraz gero, goiztiria hurbil, dena arrai dena irritsu; landetako lorettoak erne eta kukulu goi pinpirinduak agertzen ziren, lats eta errekastoen ur gardenak, uharri zuri-nabarren artetik mur-mur-mur, beti itxaraiten zegozkien ibai handien erraietarantz. Lurra alai, ortzia zohargi, eguratsa garbi, argia bare, denak batera eta bakoizka, goiztiriaren gona zapalduz zetorren egun berria guztiz oskarbi eta naroa izanen zelako zantzu. Ehizaldiaz pozik dukeak, eta beren asmoa onik eta nahi bezala gertaturik, eureneratu ziren, gazteleratu alegia, isekari iseka egiteko asmo sendoarekin, beraientzat hura baino egiazko gozagarrienik ez zegoen eta.