Santxok ele eta duke anderea atseginetan, On Kixote berriz etsiak hartua; isiltzeko agindu zion, eta Dolorida atzera mintzo:
Azkenean, galde-erantzun askoren ostean, erregearen alaba beti bere ten-tenean zegoelako, aitortu zuenari eutsita, Erretoreak edo bikario jaunak On Klabijoren alde epai eman zuen eta legezko emaztetzat eman zion; honengatik Maguntzia erregina anderea, Antonomasiaren ama, biziki samindu zen eta hiru egunen buruan ehortzi behar izan genuen.
Hila zen, noski – esan zuen Santxok.
Jakina! – Trifaldinek erantzun – Kandaian ez ditugu biziak lurperatzen hilak baizen.
Hila zelakoan zorabioak jo baten ehorzketa ikusi omen da noizbait, ezkutari jauna – Santxok ihardetsi zion – eta, nire iritziz, Maguntzia erregina hil beharrean zorabiatu eginen zen, antza; zeren bizi izaiteaz hainbat zer zertzerik bai baitago, eta, azken baten, alabak egin ezegitekoa ez zen hain larria izan, halako zera zertzeko hainbatekoa bederen ez. Emazteki hau bere gela-sehi edo otseinen batekin ezkondu balitz, bertze anitzek egin omen bezala, kalteak ez zukeen sendabiderik ukanen; baina, harako zaldun aitonseme eta irudikatu duzun bezain buruon batekin ezkondu izanak, zin-zinez, ergelkeria izanagatik ere ez zen hain ergelkeria larria; ene nagusi jauna hemen dago eta ez dit gezurrik erraiten utziko, beraz, honen arauak direla eta, gizon ikasiengandik apezpikuak sortzen diren era berean, zaldunengandik, eta ibiltariak badira hobe, erregeak eta enperadoreak sor daitezke.
Zuzen hago, Santxo – On Kixotek – : zaldun ibiltariak, zori pittin bat ukanez gero, lurbirako jaun nagusi izaiteko abagadunean egon litekek. Bihoa, baina, aurrera Dolorida anderea; nago, kondaira orain arte gozo honen aldi garratza jaulkitzeke dagoela.
Bai horixe! Garratzena etorkizun! – kondemeak berriro – Garratza baino garratzagoa, honen aldean tuerak "dultzeak" dira eta adelfak edo heriotzoriak gozoak. Hilda zegoen, bada, Erregina, ez zoriabiatua ez alditxartua, eta ehortzi genuen, eta lurperatu orduko, lurraz estaldu genueneko, azken agur esandakoan, hara non -quis talia fando temperet a lacrymis?- zurezko zaldi baten gainean, Malanbruno -zeinbaitek Petirisantz gaitzizenez ezagutzen duena- erraldoia, Maguntziaren lehengusu ttikia, ankerraz gain liluragarria zena, hilobiaren gainean agertu zen, eta bere lehengusu-arrebaren heriotza apendu nahiaz, Klabijoren ausardia zigortzeko asmoz, Antonomasiaren gehiegikeriaz hisitua, suak hartua oso, hantxe bertan, hobiaren gainean sorginduta utzi zituen, bata brontzezko tximinoeme bihurturik, bestea ezaguna ez zen "metal" batezko krokodilo izugarriturik, eta bien artean, hau ere metalezkoa, oroitarri bat; hizkera siriarrez idatzita hizki batzuk, eta kandaieraz itzuli eta orain hemen gazteleraz emana hauxek: " Ez dira lehengotuko inola ere maitale irten biok, harik eta Mantxatar bihoztoiak nirekin borrokan eskuz esku egin dezan arte; asturuak haren zangartasun handirako baino ez du nahi inoiz ikusi bageko jazoera gaitz hau". Hau egindakoan, bere lekatik aiztoker zabal-handi bat ateratu zuen, eta niri ileetatik heldu zidan, zintzurra moztu nahiaren itxura egin zuen, burua zeharo moztuko zidalakoa, alegia. Larritu nintzen, izutu nintzen, ahotsa eztarrian itsatsi, erabat uzkur geratu nintzen, honela eta guztiz ere, ahal nuen guztia eginaz, mintzo dardartiz, ikaran, hainbat eta hainbateko zerak esan nizkiolako hain zigorketa lazgarria ez burutzea erabakiarazi nion. Atzenean, jauregiko etxandere guztiak berarenganatzeko agindu zuen, hemen dagozen guztiok hain zuzen, eta hara, zigorrik lazgarrienaz zehatu nahi ez gintuela esan zuen, gure errua bapikatu eta gero, etxandereen izaera txarretsitz, berauen trikimaina gaizto eta egiera sordeisak batik bat, eta halaxe nireaz besterena ez zen errua orori egotziz; zigorketa luzeez zehatuko gintuela esan zuen, heriotza etenbagea eraginen zigutenak. Une haretantxe, esanak esan, aurpegiko xulo guztiak zabaltzen hasiak sumatu eta begitarte osoan orratzez sist eta sist ari zitzaizkigula sentitu genuen. Eskuak aurpegietara eta oraintxe ikusiko duzuena bezala geratu ginen.
Gero Dolorida eta beste etxandereak euren aurpegi-estalkiak jasoz agerian geratu ziren, begitarteak ageri, oro bizar, zein ilehori zein ilebeltz, bata urdina bestea nabarra, eta hura guztia ikusteaz harri eta zur bai duke jauna bai anderea, halaber, On Kixote eta Santxo txunditurik, eta hango guztiak baldituak. Eta Trifaldi berriro mintzo:
Halaxe, bada, zigortu gintuen Malanbruno harroputz gaiztotzar harek, gure aurpegi leun-zuriak bizar zakar hauez estaliz; hobe izanen zen zeruak nahi izan balu gure buruak bere aiztokerraz moztea, gure aurpegiok honelakoxe iletsu argitara baino; zeren, ohar gaitezen, bada, ene jaun-andereok -eta hau begiak iturri bihurturik nahi nuke esan, baina gure zoritxarrak eta orain arte egin dugun negar-euria itsaso bete adinakoa izan delako agorturik dagozela eta malkorik bage esanen dut- zeren, diot, zera, nora ote bizardun etxandere? Zein aita edo zein ama minduko ote da harengatik? Nork lagunduko ote dio? Larrua leun, begitartea hainbat ukenduz eta oinazetua duen arren, ez du inork maite, eta, aurpegia oinhandurik ikusita zer eginen du? Oi etxandere ene lagunok, zorigaitzez jaioak gara, ordu txarrean sortu gintuzten gure gurasoek!
Hau esan eta zorabioa, alditxarra egin zitzaiolako itxurak egin zituen.