Gaua heldu zen, eta honekin batera Kabilegur zaldi ospetsuak heldu behar zuen unea; berantetsia zegoen, hala ere, On Kixote, eta gogoetan sartua, Malanbrunok hura bidaltzea luzatzen bazuen, zerbaitegatik izanen zela uste izaiten hasia zen, zera, edo bera ez zen arriskukizun haretarako hautatua zen zalduna edo Malanbrunok berarekin buruz buru borrokan egiteko bihotzik ez zuen. Baina, hara, ezorduan loretegira lau basati sartu zen, denak huntz-orlegiz jantziak, euren lepoan zurezko zaldi tzar bat zekartenak. Lurrean zutitu zuten eta basatietako batek esan:
Igo bedi "tramankulu" honen gainera azartasuna duen zalduna.
Heben – esan zuen Santxok – ni ez naiz iganen, azartasuna zer den ez dakit, eta zalduna ere ez naiz.
Basatiak bere hitzari jarraikiz:
Hanka gainean ezkutaria, baldin ezkutaririk badu, eta entzindu begi Malanbrunogandik, zeren, honen ezpata gora eta behera, beste batek ez beste ezein gaiztakeriak ez baitio kalterik eginen; lepo edo idunaren gainaldean duen beste kabila bati eragitea besterik ez eta berak eguratsean zehar eroanen ditu, Malanbruno zain dagokien lekuraino. Bidea oso goi eta garaikoa denez ondoeza zein zorabio eragin diezaioke, eta honetarako begiak estali beharra dago, zaldiak irrintzi egin arte, bidaldia amaitu delako aieru.
Hau esan, Kabilegur utzi, eta, eratsu-eratsu, etorritako bidetik joan egin ziren. Dolorida, zaldia ikusi orduko, malkoak begietan ia-ia, honela mintzatu zitzaion On Kixoteri:
Zaldun kementsu, Malanbrunoren agintzak egiazkoak izan dira: zaldia etxean dago, gure bizarrok hazten dira, eta gutako bakoitzak, gure ile bakoitzak mozteko galdatzen dizugu, otoika, mutiltzeko eskatzen gatzaizkizu, zaldiaren gainera igotea besterik ez duzu horretarako, zure ezkutariarekin, eta zuen zorioneko bidaldia hastea besterik ez.
Horixe eginen dut, Trifaldi konde andere, gogo onez egin ere, eta olde hobez, eta ez dut astirik galduko bigungarririk ipiten, ez ezproinak janzten; hona zein handia dudan berori andere eta etxandere hauek guztiak ere mozturik eta mutildurik ekusteko gogoa.
Nik ez dut hori eginen – Santxok atzera – ez gogo onez ez txarrez, nehola ere ez, eta mozketa hau ezin bada egin ni hanka gaineratu ezik, bila beza nire jaunak bertze ezkutari bat laguntzaile, eta emazteki hauek beren musuak leuntzeko bertze era bat; ni ez naiz azti, eguratsean zehar, airez aire ibiltzeko. Eta, zer erranen ote dute nire uhartearrek beren jaurlari jauna haizeetan goiti dabilela jakinez gero? Eta bertze zer bat: hemendik Kandaiara hiru milaka legoa omen, zaldia akituko balitz, nekatu edo bideak joko balu, erraldoia haserretuko balitz, "pastikatuko" balitz, itzulera osoa egiteko bospasei urte beharko guk, luzaz bada, eta ordurako ez da uharterik izanen, ez uhartearrik ez deusik munduan ni nerau ezagun izanen nauenik; berant eta galzoria erraiten da, emaiten badautzute eraztuna emazu erhi ttippia erran ohi da, barka emazteki hauen bizarrak, baina Done Petiri ongi dago Erroman, erran nahi baitut, ni etxeon ongi, ontsa, ondo nagoela, dohainik asko emaiten baitit ugazabak, eta are dohain handigoaren ustetan nago, jaurlari izaitea alegia.
Dukeak honela esan zuen:
Santxo adiskide, nik hitzemandako uhartea ez da higigarria ez iheskorra: lurraren leze sakonetan erro edo sustrai sendoak ditu, ez da, honetaz, hiruzpalau tenkadaz dagoen lekutik erauztekoa, ez lekuz aldaerraza; eta zuk badakizu nik badakidala halako bizibide maila garaietan ez ohi dela bat ere nola-halako esku zikinen batez erosten ez denik, gutti gora-behera, nik zerbait eskuratu nahi dut, eskupetik bezala, eta hauxe: zu zeure nagusi jaun On Kixoterekin joaitea gerta-behar gogoangarri hau burutzera eta gailurrera eramaitera. Itzuli, zera, noizbait, Kabilegur arina da eta laster itzuliko zarete, edo, bestela, halabehar txarrak oinez itzularaziko bazintuzte, erromes baten antzera, ostatuz ostatu, txiribogarik txiriboga, beti ere itzulitakoan, hara, zure uhartea utzitako lekuan aurkituko duzu, eta uhartearrak beti bezala zure zain, zu jaurlari hartzeko aiduru, beti bezain gogotsu; eta ni ere betiko nahikundean; ez zalantzan ezar egia hau, Santxo jauna, ni zure mirabe izaiteko dudan nahiari irain egitea litzateke eta.
Bertzerik ez, jauna – esan zuen Santxok – : ezkutari hutsa naiz, eta horrenbertze dohain ezin nik neronen lepoan eraman; igo dadila nire nagusia, estal biezazkit begiok, eta utz naza Jainkoaren esku, jakin nahi dut, ea, goi-goietan zehar goazela gure goiko Jaunari neure burua egotz diezaiokedan, edo aingeruei dei egin, nire alde egin dezaten.
Trifaldi harek erantzun zion:
Santxo, nahi duzunari egotz diezaiokezu zeure burua, Jaungoikoari ere bai; zeren, Malanbruno, sorgintzaile izanagatik, kristaua baita, giristinoa baita, eta bere sorginkeriak egiterakoan goitatua da oso, xotil-xotil iharduten du, kontuz-kontuz aritzen da, inori kosk egiteke.
Ea, bada – Santxok berriro – Jainkoak lagun diezadala, eta Gaetako Hirutasun Sainduak ere bai.
Bola-olako jazoaldi gomutagarri harez geroztik – On Kixotek esan zuen – ez dut inoiz ekusi Santxo orain bezain beldurti; ni beste batzuk bezala aztia banintz, horren lotsorrak nire adorean kilima legidake. Erdu hona, Santxo; jaun-andereon baimenaz, bi hitz erran nahi diat, banazka.
Bazterreratu zuen Santxo loretegiko zuhaitz batzuen artera, esku biak hartu zizkion eta esan zion:
Badakusak, Santxo anaia, aurrean dugun bidaia luzea, Jaungoikoak zakik noiz itzuliko garen, eta gure eginkizunek zer emanen diguten; orain hire logelara joanen bahintz nahi nikek, bidaldirako zerbaiten bila joanen bahintz bezala, eta, astiune baten, emaizkiok behar dituan hiru mila eta hirurehun zigorkada horietararik batzuk hire gorputzari, bostehun gutienez; emandakoak izanen dituk horrela geroko; badakik: hasiak egina zirudik, eginak urregorri.
Jainkoarren – Santxok atzera – , ez izan berori txotxolo; hau harako hura bezalako da: "tarrapataka nakusazu eta emeki-emeki ibiltzeko diostazu " Orain, ohol baten gainean eseria joan behar dudalarik, berorrek nahi dua nire ipurdi-mazeletan min eragiterik? Zin-zinez, berori hagitz oker dago. Goazen etxandere horiek moztera orain, eta itzulitakoan, zin dagiot berorri, ni naizena naizelako, nire beharkizuna betetzen lehiatuko naizela, berori pozarren egon dadin, eta bertzerik ez diot.
On Kixotek honela erantzun zion:
Zin horrezaz nahikoa diat, Santxo txintxo, poztu egin nauk, eta beteko duala sinesten diat, izan ere, zinez, kokoloa haiz baina hitzeko gizona.
Ez naiz kokolo, beltxarana izan arren – Santxok harzara – ; baina nahas-mahasa banintz ere nire hitza bete eginen nuke.
Honez gero, Kabilegurren gainera igaitera egin zuten eta On Kixotek esan zion:
Estali egik heure burua, Santxo, eta igo hadi; hain asagotik gure bila etorri denez ez diat uste iruzurrik egiteko asmoz etorria denik, berarengandik entzindutakoari atzipe egiteak ez liokek aipu onik erakarriko eta. Azkenik, nik irudika ez bestetara gertatuko balitz, egitandi hau hasi izanaren aintza eta ospea ezin ezabatuko likek ezein maltzurkeriak.
Goazen, jauna – erran zion Santxok – ; andereon bizarrekin malkoak bihotzean josiak ditut, eta lehengo beren leunetan ikusi arte ez dut ezer janen on eginen didanik. Igo berori eta estali lehena, ni alkutsetan joan behar dudanez, jarraulkian doanak lehena behar du gainean.
Hori egia duk – erantsi zuen On Kixotek.
Sakeletik zapi bat ateratu zuen, Doloridari begiak estal ziezazkion galdatu zion, eta estali zizkionean, berriro estalgetu zituen eta esan:
Oker gogoratzen ez bazait, Birgiliori irakurritakoa nago, harako Troiako Paladion harena, zurezko zaldi bat greziarrek Palas Anderegoikoari aurkeztu ziotena, bere sabela iskiludun zaldiez betea zuena alegia, Troiaren hondamendi guztizkoaren eragile; beraz, bada, Kabilegurrek bere urdailean zer dakarren ekustea hobe.
Ez da behar – esan zuen Doloridak – ; nik hitz damaiot, eta badakit Malanbruno ez dela maltzurra ez iruzurtia; igo bedi berori, On Kixote jaun, inolako beldurrik bage, eta ezer gertatuz gero nire kalterako.
Horri ihardestea edota bere "ziurtasunaz" beste ezer aipatzea nolabait bere azkartasuna, bihoztuntasuna zalantzan ezartea bezala litekeela eritzita, besterik bage, Kabilegurren gaineratu zen, kabila ukitu zion, eragiteko erraza baitzen, eta oin-burdinarik ez zuelako zangoak dilindan geratu zitzaizkion; itxura halakoxea zuen, haretaz, flandriar oihal-irudi bateko itxuraki baten antza, erromatar gurenda-oroitarri baten batean marraztua edo ehundua zirudien. Gogo txarrez eta geldo-geldo Santxo ere igo zen, noizbait, hanka gainean ahal bezain eroso jarri, eta gogor xamar ez batere bigun etsi zuelako, Duke jaunari, ahal bazen, bigungarri bat edo kuxin bat emaiteko eskatu zitzaion, duke anderearen eserlekukoa izanagatik, edo suhiren baten ohe batekoa berdin; izan ere, zaldi haren hankak zurezkoak bainoago haitzurdinezkoak ziren, haren irudiko. Trifaldik orduan ezetz, Kabilegurrek bere gainean ez zuela inola ere nahi izaiten ezein bigungarririk ez apaingarririk; haren gogortasuna biguntxeago izan zekion iztar-eztika esertzeko esan zion, anderezkoek ohi duten eran alegia. Honela egin zuen Santxok, agur erranik, eta bere begien estaltzen utzi zien; estali eta gero berriz ere estalgetu zituen, loretegiko guztiei so egin, exti-exti malkoz bustia, eta istilu larri haretan lagun ziezaioten erran zien, aitagure batzuk eta beste agurmaria batzuk eginez, haiek ere halakoren baten halakorik behar izanez gero Jainkoak nork otoitz egin egonaraziko zuelakoan. On Kixotek hau esan zuen:
Lapur, urkamendian dingilizka ote haiza, edo bizitzaren hondarreko unean, horrelako otoiak egin behar ditzaan? Ez ote haiz, bada, ume purtzil eta koldar hori, Magalona totila egon zen leku berean, eta kondairek gezurrik esan ezik, hura ez zuan hilobira jaitsi, Frantziako erregina izaitera igo baizik. Eta ni, hire ondoan noan hau, ezin ote naiteke jarri Pierres zangarraren lekuan, nik oraintxe zapaltzen dudan leku hauxe zapaldu baitzuen berak? Estali, estali egik, bihozbageko piztia horrek, eta ez utz ateratzen hire ahotik hire beldurra, ez nire aurrean, behintzat.
Estaltzeko, beraz – Santxok berriro – estali nagite, eta neure burua Jainkoari egozterik nahi ez badute, ez bertzeek nire alde egozterik ere, asko ote da ni beldur izaitea hemen-hor-han tusuri osteren bat edo ibil daitekeelakoan, eta hondarrean gu norabait ordez Peralvillora joanaraztea?
Beren burua estali zuten, eta On Kixotek, behar bezala egon ustean, kabilari eragin zion eta atzez ukitu zueneko, hango etxandereak oro beste guztiekin batera oihuka antzean hasi ziren, esanez:
Urtzik "gida" zaitzala, zaldun kementsu!
Jainkoa zurekin, ezkutari izukaitz!
Bai, bazoazte, bazoazte, eguratsetan zehar, gezi baten baino handiagoko abiaduran!
Lurrerean begira dagozkizuenak harritzen hasiak dituzue, txunditzen hasiak, konkortuak dituzue!
Egon zutik, Santxo azkar, kili-kolo zabiltza eta! Erorka zabiltza, halda-maldaka zoaz! Ez zaitez eror, eroriko txarra hartuko duzu, Eguzkiaren gurdia bideratu nahi zuen mutil ausart hura, haren semea alegia, erori zen baino txarragoa izanen duzu eta!
Entzun zituen Santxok ahotsak, bere nagusiri atxekiago jarri zen, tinki-tinki heldu zion gerrialdetik besartean, eta erran zion:
Jauna, nolatan diote hauek hain goi-goietan gabiltzala, hemendik haien ahotsak aditzen baditut eta hurbil-hurbil, heben berean, gure aldamenean mintzatzen ari direla emaiten badu?
Horri jaramonik ez, Santxo, honelako zerak eta honelakotsu hegan-egiteak zeharo ezohikoak direnez, hara, bi mila legoatik ere nahi duana entzun eta ekusi ahal izanen duk. Ea, ez estutu, ez horrenbeste tinkatu ni, eroraraziko naik eta; ez zakiat zer dela eta beldurtzen haizen, zer izutzen, zeren, honen zaldi-ibilera leunetan inoiz bizialdi osoan ibili ez naizela zin eginen bainuke nik: lekutik higitzen ez garela dirudi. Ken, adiskide, hire baitatik beldurra, dena joan behar duen eran bai baitoa, eta haizea ere txopatik zabilkiguk.
Egia da – Santxok erantsi zion –; alde honetatik haize gogorrak joiten nau, mila auspoz putz eta putz ari bailiran
Eta hala zen, izan ere; auspo handi batzuez haizea egiten ari ziren: halaxe zegoen asmatua hango jazoaldi hura, duke jaunak eta andereak morroe-nagusiarekin batera hain ederki taxutua, hain moldatua, ezen, dena ezin hobeki gertatzeko zertzelada guztiak baitzituen.
On Kixotek putza sumatu zuen eta esan:
Santxo, zalantzarik ez, honez gero bigarren eguratsaldera iritsiak gaituk, txingorra edota elurra sortzen den aldera; ihurtziriak edo ortzantzak, oinaztarriak eta txismistak hirugarren ortzialdean sortzen dituk; eta honela gora eta gora bagoaz laster suaren aldean izanen gaituk, eta ez zakiat nola neurrira ekarri kabila hau igo ez gaitezen, kiskaliko garen lekutara ez gaitezen.
Hau zioen bitartean, kainabera batetik zintzilik, mulu batzuk, pizteko eta iraungitzeko errazak, suturik hurreratu zizkieten eta aurpegiak berotu. Santxok beroa sumaturik, hitz egin zuen:
Hil nagitela sualdean ez bagagoz, dagoeneko, edo hurbil, nire bizarraren zati bat ziligarratu zait eta; jauna, nire estalki hau edekitzeko gogoz nago, ea zein aldetan gagozen ikusteko.
Zeegik horrelakorik – agindu zion On Kixotek – gogora ezak Torralba lizentziadunaren ipuin egiazkoa, Txerrenek eguratsean zehar hegan eroan zuena, kainabera baten gainean zaldun antzo, begiak itxita, hamabi orduz Erromara heldurik; Nonako Dorrean jaitsi zuan zamaritik, hiriko kale batean alegia, eta bertan Borbon-en porrota, erasoa eta heriotza ekusi zian, eta biharamun goizean atzera Madrilera bihurtua zegoan, ekusitako guztiaren berri emaiteko gerturik. Berak esandakoa duk, zera, eguratsean zehar zihoala, Txerrenek begiak irekitzeko agindu ziona, eta ireki zitian, eta ilazkiaren mamitik bere burua hain hur ekusi uste zuelako, ia-ia eskueran zuela iruditurik, lurrari so egiteko kalipurik ez zian izan, konortea galduko zuelako ustetan. Honela beraz, Santxo, ez zagok estalgetu beharrik, bere gain garamatzanak guganako ardura beretzat hartuko dik; beharbada, goiti eta beheti goazak halako baten Kandaia erresuma gainera erortzearren, aztore handiak koartza harrapatzerakoan egin ohi bezala. Loretegitik hona ordu erdia baino ez badirudi ere, sinets iezadak, bide luzea eginak gagozela nagok.
Nik ez dakit – Santxo Pantza berriro mintzatuz – baina zera badakit, hots, Magallanes edo Magalona anderea hanka hauetan eroso egon bazen, ez zela, eiki, haragi xamurrekoa txit.
Ausart bien hitz eta pitz hauek guztiak entzun eta Duke jauna, anderea, loretegiko guztiekin bat, pozez gainezka zegozen, barreari eutsi nahi eta ezinean. Jazoaldi harrigarri hura amaitu nahian, benetan ongi baino hobeki asmatutakoa bera, Kabilegurri buztanetik su eman zioten, mulu batzuez, eta berehala, zaldia bete suziri burrunbari, lehertu egin zen, eztanda batean, zarata harrigarriz, eta bai On Kixote bai Santxo Pantza lurrera joan ziren, erdi-txigortuak.
Ordurako loretegian egoniko bizardun etxandere-saldo osoa aienatua zen, eta Trifaldi hura beste guztiekin lurrean, engoxatuak antzo, alditxartuak bezala etzanik. On Kixote eta Santxo hebainduta jaiki ziren, hara so hona so eta harriturik oso abiatu ziren loretegi berean zegozela ohartuki, eta lurrean etzanda hainbat lagun ikusirik; harrituago ziren, hara, loretegiaren alde batean lurrari josita aztamakil bat ikusi zutenean; beronetik esekita, zeta orlegizko bi kordelez, larrutx leun eta zuri bat, eta urrrezko hizki handiz idatzita hauxe: " On Kixote Mantxako zaldun ahotua hil zen, eta Trifaldi Kondesa beste izenez Dolorida Etxanderea, eta aizaren jazoaldia amaitu zen, saiatu hutsez amaitu ere. Malanbruno pozik dago bere nahi guztia beterik, eta etxandereen kokotsak leun eta moztuak dira, On Klabijo eta Antonomasia errege-erreginak, berriz, beren lehengo izaera garbia itzulita. Ezkutari-zigorketa osorik bete ondorean, uso zuria bere etsai jarraikile arrano kirastunengandik gaizke eta aske izanen da, eta Merlin jakintsuak, sorgintzaileen lehen-sorgintzaileak agindu bezala, bere maitale kurrukariaren besoen artean geratuko da".
On Kixotek larrutxeko hizkiak irakurri eta, behingoan, sorginkeria aipatuaz Dultzineaz mintzo zirela argiro ulertu zuen; zeruari eskerrak eman zizkion, hain egitandi larria burutu izaiteagatik hain arrisku gutiz. Etxandere agurgarrien aurpegiak lehengoraturik, Duke jaun-andereenganantz jo zuen, ez baitziren hauek beren onera etorriak artean, eta Dukeari eskutik heldu zion, esanez:
Ea, jaun on, gora bihotza, izan adore, dena ezer ez da eta! Arriskukizun hau amaitua da, kalterik ez, han ipinita dagoen zerrenda haretako idazkiak argi eta garbi adiarazten duenez.
Dukea, pitinka-pitinka, lohordi batetik zerttobait gogoratzen hasi dena legez, bere onera bihurtzen izan zen, Duke anderea era berean eta loretegian etzaniko guztiak berdin hasi ziren, hain harritu-itxurak eta izu-imintzioak eginez hura guztia benetan gertatua zela irudikatzen, dena ihakin hutsa zelarik, iseka baino ez. Dukeak idazkia irakurri zuen, begiak erdi-itxita, besoak zabaldu eta On Kixote besarkatzera joan zen, inon inoiz ikusitako zaldunik onena zela ziotsolarik. Santxo han zebilen Doloridaren bila, ea zelako aurpegia bizarpeiturik zuen ikusteko gogoz, ea haren tankera harroak erakusten zuen bezain ederra ote zen; baina, Kabilegur sutan eguratserean lurrera eroritakoan etxandereak oro, Trifaldi hura ere bai, aienatua izan zela esan zioten. Duke andereak bidaldi luze haretan zer moduz ibili zen galde egin zion Santxori, eta beronek honela erantzun:
Ni, andere, nire jaunak erran zidanez, suaren ortzialdean gaindi gindoazela sumatu nuen, eta begiak xortaño bat ireki nahi izan nituen; nire jaunak, ordea, ez zidan baimenik eman; baina, ni neronez jakinmintsua izanik, poxi bat bederen, zer dudan poxelu edo beti jakin nahitua xoil, hara, polliki-polliki, ezarian bezala, itzalgaizka, begiko zapiñoa ireki nuen, sudur ondotik ahal nuen mikoño bat, eta lurrari beha, eta ziape edo "mustarda" bikor batto baino handittoagoa ez zela iruditu zitzaidan, eta han zebiltzan gizonak, hurra baino handittoagoak; honatx zein garai genbiltzan gu.
Dukemeak esan zion:
Santxo adixkide, kasu zer diozun; dirudienez zuk ez zenuen ludia ikusi, lurraren gainean zebiltzan gizakiak baizik; beraz, ludia ziape-bikor edo ale iruditu bazitzaizun, eta gizaki bakoitza hur, argi dago gizon bakarrak lur osoa estaliko zuela.
Egia da – erantsi zion Santxok – , horrela eta guziz ere, alde battotik estalgetu nuen eta osorik ikusi nuen.
Begira, Santxo – dukemeak berriro – alde battotik ezin ikusi izaiten da behagai den osoa.
Nik ez dakit behako horretaz deusik – ihardetsiz Santxok – baina berorrek ulertu behar lidake, ezen, sorginkeriaz hegaldatuak izan bagina sorginkeriaz nik lurbira osoa eta, non nahi so egin ere, gizon guztiak ikus nitzakeela; hauxe sinetsi ezik ezin sinets diezadake berorrek nola, bekainetik zapiñoa irekita, neure burua ortzi ondoan ikusi nuen, nigandik bertara zehe betea ere ez, eta ikusi nuenagatik, zin egin dezaket, ene andere, biziki handia dela. Joan ere, zazpi ahuñak dagozen lekuan aitzina gindoazen, eta Jainkoarren, ni umetan nire herrian ahuntzain izan nintzelako, ikusi nituenean, haiekin astialdiño batez solasean egoiteko gogo handiak eman zidan! Egin izan ez banu lehertu eginen nintzatekeen. Zer egin eta, hara, zera; zertu egin nintzen; eta, nehori ezer erran ez, nagusiari ere ez, polliki, emeki, Kabilegurren gainetik jaitsi eta ahuñekin atsegin bat hartu nuen, ahunzpraka edo lore batzuen antzekoak baitira, hiru oren laurdenetan doi-doi; eta Kabilegur ez zen lekutik higitu, ez aitzina urrats bat ere.
Eta Santxo txintxoa ahuñekin solasean ari zeino – Dukeak galdezka – zertan ari zen On Kixote jauna?
On Kixotek honela erantzun zion:
Halako zerak eta halako gertakariak hain ez-izaitezkoak direnez gero, ez da asko Santxok erraiten duena erraitea. Nire aldetik, ez goitik ez behetik ez nuela estalkia ireki, ez nuela zerua ez lurra, ez itsasoa, ez hondartzarik ere ekusi esan dezaket. Eguratsaren ortzialdean zehar gindoazela sumatu nuela egia da, sualdea ere ukitu genuela ere bai, baina handik hara joanen ginelakoa ezin dut sinetsi; zeren, suaren aurkientza hori ilazkiaren ortzi eta eguratsaren azken aldearen artean dagoenez, Santxok aipatu zazpi ahuñen ortzialdera iristerik ez baitzegoen, gu erre bagerik, txigortu ez ginen, ordea, ez ginen kiskali, eta, edo Santxok gezurra dio, edo Santxok amets dagi.
Ez gezurrik ez amentsik – Santxok iharduki zion – ; bertzenaz, galde egin niri harako ahuñen berri, eta egia ala gezurra diodan jakinen da.
Esan, bada, Santxo – esan zuen Duke andereak.
Bai, hona hemen – Santxok berriro – biga orlegiak dira, bertze bi gorriak, urdinak ere bi, eta bertzea nahasia.
Ahuntz-mota berriak dituzu horiek – Dukeak esana – eta gure ludi-alde honetan ez dira ohikoak margo horiek, margo horietako ahuntzak, esan nahi dut.
Hori argi dago – Santxo atzera – bai, noski, ezberdinak behar dira ortziko eta lurreko ahuntzak.
Esaidazu, bada, Santxo – Dukeak galdetu zion – ahuntzen artean akerrik bai?
Ez, jauna – Santxoren erantzuna – ilazkiaren adarretatik hara ez zela bat ere iragaiten, entzuna dut.
Gehiago ez zioten galdetu nahi izan, bidaldi haretaz, haritik harira Santxo ortzi guztietan zehar ibilteko hari luzea zuelako ustean, eta loretegitik atera bagerik hango guztien berri emaiteko adina mataza bazuelakoan.
Azkenean, hauxe Dolorida Etxanderearen jazoaldiaren amaia, Dukeentzat guztizko barregarria, une haretan ez ezik bizitza osoan ere bai; Santxok ere, bizi izaitekotan, mendez mende zer jaulkirik ukanen zuen. On Kixotek Santxori, belarri ondora, hau esan zion orduan:
Santxo, hik nahi duk, bai, denok sinestea ortzian ekusi duana, nik, berriz, Montesinosen lezean niri gertaturikoa hik sinestea nahi diat; besterik ez.