On Kixote handia bere gogoetan, buru-belarri, nahasirik utzi genuen, Altisidora neskatxa maitez minduaren soinuaren ondorioz. Gaua gogaieren ama ei da, baina gogaiera haiekin oheraturik, arkakuso edo ahardiak laso, ez loak har ez pittin bat lasaitzen utzi ez zioten; eta gainera bere galtzerdien arazoa; aldia, aldiz, llaburra ohi da, eta ez du berau ezein erroitzek geldiarazten, eta arinik arin, orduz ordu, zalduna zaldiz bezala, gaua joan zen eta goiza heldu zen. On Kixotek, egunaren argia ikusi orduko, lumatxa biguna utzi eta bat ere nagirik ezean, soineko "arkabuz" tankerakoa jantzi zuen, eta bideko bortzegiak oinetaratu zituen, galtzerdien urratua estaltzearren; kapusai gorria leporean behera, buruan ileguri orlegizko gerizgarri bat, zilarrezko zerrenda apaingarriduna; sorbaldatik esekita "taheli" eta barruan bere ezpata zorrotza jantzi zuen; eskuan beti aldean ohi zeraman errosarioa hartu zuen, eta di-da! hor doa, eratsu-eratsu, haize handiak dituela, zalu-zalu, farata itxurak eginez, Duke jaun-andereak itxaroten bezala zegozkion aretorantz. Arteka baten zehar irago zenean, hantxe, beren-beregi, Altisidora eta beste neskatxa laguna haren begira; On Kixote ikusi eta bat, Altisidorak alegia eta txorabioa gertatu zitzaiona egin zuen, gezurrez noski, eta lagunak altzoan jaso zuelakoa egin zuen; ondoeza arintzearren edo paparreko zera "laxatu", aleak askatuz, nahi izan zion, eta On Kixotek ikusi zueneko, haiengana heldu eta esan:
Badakit nondik edo zertatik datorren ondoez hau.
Ez dakit nik zertatik – lagunak ihardetsi zion – , izan ere, Altisidora etxe honetako neskatxarik zindoena, osasuntsuena da, nik ez diot egundo atx! bat entzun, ezugun dudanetik; madarikatuak lurbiran dabiltzan zaldun ibiltari guztiak, denak eskertxarrekoak izanki. Bihoa hemendik berori, On Kixote jaun, hemen dagoen bitartean nexkatto hau ez da bere onera etorriko eta.
On Kixotek erantzun:
Gau honetan nire etzanguan arrabita bat nahi nuke eta berorrek, andere, ekarraraz diezadala; minez dagoen nexkatxa honi atsegin pixka bat emanen diot, ahalik hobekien; maite-hasi berriengan etsipena laster sendatzekoa izan ohi da, izan ere.
Hau esanik, alde egin zuen, inork ikus ez zezan. Alderatuxea zenean, Altisidora bere onera eta lagunari mintzo:
Arrabita eraman behar zaion; On Kixotek musika egin nahi zigun eta; txarra ere ez dun izango, harena izanik.
Duke andereari, aurki, non-ze-berri joan zitzaizkion, arrabitarena ere azaldu zioten, eta berak, pozez gainezka, duke senarrarekin bat, eta neskatxak tartean, barregarrizko isekaren bat egitea erabaki zuen, kalterako ez baina irri eragiteko; gauaren zain geratu ziren, eta heldu zen, eguna heldu bezain arin, On Kixoterekin ele-mele goxoetan eguna arin etorri eta arin joan zitzaielako. Duke andereak bere sehi bat bidali zuen, benetan bidali, Teresa Pantzarenganantz (lehenago basoan sehia sorgindutako Dultzinearena egina zen); Santxo Pantza senarraren gutuna zeraman, eta bidenabar, utzitako janzki-moltsoa ere bai; itzuleran haren berri ekarteko agindu zion. Egina eginik, gaueko hamaikak jota, On Kixotek logelan ttiple bat aurkitu zuen, leundu zuen, leihoa zabaldu eta loretegian norbait bazebilela sumatu zuen; ttipleko zer guztiak ukitu, ahal bezain ongi gozatu , tu egin zuen, bularra xahutzeko urruma egin zuen, eta ahots lakartto baina hots-taxutuaz, honako erromantze hau abesten hasi zen, egun haretantxe berak osatua zena:
Maitasunaren indarraz
arimak ohi dira erraz
okertu bide okerraz
alperra legez alperraz
Jostetan ez baina joste
zein soroko mokil-joite
lanak dirade, ez ote?
Maitakerien "garrote"
Ezkon-gogo duen neska
ezin ibil jai 'ta "festa"
zertan joan behar ez da
hemen eskain hor-han eska
Beti zaldun zaldun dena
orotan da nabarmena
emakumezko ben-bena
emazte nahi duena
Neska hutsekin zirrika
bada har eta utzika
dabilena ijutika
esku biak lika-lika
Bart arratsean hasia
goiztirian eguzkia
sortu orduko utzia
amodio gaitzetsia
Ederraren gainekoa
den apaingailu harroa
jauregian huntz-ostoa
bezala gertatu doa
Tobosoko Dultzinea
nire baitan dut gordea
ez har-uzkako maitea
betiko baizik, ordea
Maite zintzoa denean
Maitasunak du txitean
mirariz eta pitean
suz sutzen maite-biltzean
On Kixote bere kantuaz ari zen une honetan, entzuleak duke jaun-andereak, Altisidora eta gazteluko ia lagun guztiekin bat, ezustean eta bat-batean, zegoen leihoaren gaineko solairu edo irago-leku batetik soka bat eseki zuten, ehun arran edo bulunba baino gehiago lotuak zituena; hauez gero, zaku handi bete katuz aurtiki zuten, buztanetan loturik txintxarri batzuna denak. Zarata handia baino handiagoa arranena, eta mizina haiek guztiak marraoka eta zurrungaka han zen azantza, han kalapita, han zen iskanbila!, dukeak berak ere iseka haren asmatzaileak izan arren han atera zuten zaratara jorik geratu ziren, eta On Kixote, beldurrez, harri eta belarri eginda. Halabeharrak bizpahiru katu etzanguko leihorean barrura sartu eragin eta, hara-hona zoro antzera, han zebiltzan txerren-saldo bat irudiz; logelako kandelak itzali ziren eta nondik ihes asmatu behar gorrian zebiltzan, suak hartuak bezala. Joare handi haiekiko soka gora eta behera zerabilen, geldi bagerik; gazteluko lagun gutiz gehienak hango haren berririk ez eta ahoa bete hortz. Zutitu zen On Kixote, ezpatari heldu zion, eta dzirt-dzart! ezpataka hasi zen, leihotik batera eta bestera, oihuka zioela:
At, sorgintzaile galgarriok! Aiufu! Kanpora sasiazti zitalok alaenok; ni On Kixote Mantxako nauzue, eta zuen asmo maltzurrak ez dira ezertarako, hutsalak dira nire aurrean!
Bihurtu zen gibelera etzangu barruan zebiltzan katuei erasoka, oldar bizian, aiztokadaka; haiek leiho aldera jo zuten eta ihes egin, batek ez beste guztiek; honek, inguraturik eta bere burua sarritxia ikusi orduko, On Kixoteren sastadak saihestu beharrez, jauzi hara jauzi hona, bat-batean aurpegira, eta aztaparrez eta hortzez sudurretik heldu zion, eta han zen mina han zen zina On Kixoterena, egundainoko garrasiak egin ahala egin zituena! Entzun zuten, bai, dukeek, zer zen berehala igarri edo antzeman ere zuten eta laster baten gelaratu; ireki zuten atea euren eskupeko giltz batez, ikusi zuten zaldun gaixoa haren aurpegitik katua erauzi eta iraitzi behar latzean indarka eta borroka. Sartu ziren argiekin, ikusi zuten guduka lazgarria, joan zitzaion Dukea banantzera, eta On Kixotek ahots handiz:
Ez kendu, ez biezat inork edeki! Utzi niri, eskuz esku, txerren honegaz, azti honegaz, sorgintzaile honegaz; neuk irakatsiko diot, neronek, nor den On Kixote Mantxako!
Mizina, ostera, zemaion beldurrik ez eta han ari zen marraoka eta geroz eta tinkiago estutzen, marraskaz amorratuki; baina, azkenean Dukeak brast! txurruxtakatu zion, erauzi zion eta leiho-saretik lekora aurtiki zuen.
On Kixote aurpegia "sakailatua" gelditu zen, triskatua oso sudurra, zauriz josia, eta gainera haserretua txit borroka bukatzen utzi ez ziolako, hain sorgintzaile maltzur harekin lotua zuen borroka. Goipea ekartzeko agindu zion Dukeak, Aparizioko olioa haretan ere, eta Altisidorak berak bere esku txuri-txuriez zaurituriko alde guztietan senda-zapiak ipini zizkion, eta ipintean, ahots apalez esan zion:
Zure bekatua, zaldun temati, gogor izaitea duzu, buru eta kasko gogorra, setatsua zarelako gertatzen zaizkizu honelako harriabarrak; ailiotsa Jainkoari ahantzaraz diezaion Santxori, zure ezkutariari, zigorka egitea, zure maite hori, Dultzinea delako hori, sorginkeriatik inoiz atera ez dadin, eta zu harekin ezkonohean inoiz ere gozaro ez zaitezen, ez, behintzat, ni bizi naizeino, zu maite-maite zaitudan ni hau bizirik nagoen bitartean.
Hasperen sakon bat, beste erantzunik ez zion egin On Kixotek, eta bere ohantzean etzan zen, dukeei eskerrak eman eta gero, ez berak harako txintxarridun katutxar-oste haren beldur zelako, baina bai berari lagun egitera jiteko haien asmo zintzoa ezagutu zuelako. Hantxe lasaitzen utzi zuten eta joan ziren, isekaren gertaldi harengatik damukor Dukeak; ez zuten, noski, usterik asko izan hain larri jazoko zitzaionik On Kixoteri; halako moldez, ezen, bost egunez ohean eta gela barruan egon baitzen. Beste jazoaldi aurrekoa baino atsegingarriago bat izan zuen, baina edaskaigileak ez du orain jaulki nahi, Santxo Pantzarengana joaitearren, haren jaurlarigoan guztiz ardurati bezain irri-eragingarri saiatzen ari eta ari zelarik.