Jaurlari handia haserre gorrian eta uzkur utzi genuen, nekazari irudigile eta malmutz harekin; sehiburuak irakatsi zion bezalaxe egin zuen, eta honek Duke jaunaren asmakuntzari atxekita eginarazi zion, Santxori isekaz murrikaldi bat egitearren; berau, ostera, txotxolo, xakar eta marddul izanagatik, denak txundituak utzirik zegoen, harez gero, eta berarekin zegozen guztiei, Pedro Recio doktoreari ere bai, Dukearen agerkai haren nondik-norakoa bukatuz geroztik gelara itzulita, honela mintzatu zitzaien:
Orain bai, ongi ulertzen dut, epaileak eta jaurlariak brontzezkoak izan behar direla, arazodunen buruhauspenak ez jasaiteko, edozein ordutan, ezgaraian beti, entzun eta artatu behar zaizkiela uste baitute, beraien arazoari ez besteri gogo eman behar zaiola eta, datorrena datorrelarik; eta epaile gaixoak entzun-ebatzi ezik, haintzat hartzen ez badie, edo ezin duelako edo entzuteko ordurik onena ez delako, han doaz biraoka, erasian, haren azpiak jaten, gaitzerraiteka, arbasoen jatorria bera uhertuz. Arazodun buruzkin, "tratulari" txaldan, garazlari zuntzun, ez hadi lehiaka, iguriki ezak hire "tenorea", hire mugaldi ona, garatza egiteko, hire "garda" egiteko: ez hadi jin bazkal-tenorean, ez loaldian; epaileak hezur-haragizkoak dira izan ere, eta gorputzak galdatzen diona gorputzari eman behar dio; ez nik bezala, ordea, nireari jaten emaiten ez baitiot, Pedro Arrezio Atartefuera dotoreari eskerrak, hemen berean aitzin-aitzinean dudan honi beroni eskerrak, gosez hil nadin nahi baitu, heriotza hau bizia dela eta dagoelako, Jaungoikoak hari eman diezaiola bizi hori, hari eta haren antzeko guztiei; esan nahi baita, atxeter tzarrei; onak direnei esku-zarta, txalo eta goresmen.
Santxo Pantza ezagun zuten guztiak harri eta zur, haren hitz-jario hain txukuna entzunik, ez zekiten nondik ote zetorkion, zeri egotzi; lanbide edota eginkizun larriek, nonbait, adimendua ontzen dute edo bestela trauskiltzen dute. Azkenean, Pedro Recio Agüero de Tirteafuera sasi-sendagileak gau haretan abaltzen emanen ziola agindu zuen, nahiz eta Hipokratesen zuhurritz guztietaz at egon. Pozik jaurlaria, honenbestez, eta gaua noiz iritsiko zain, irrikitan, abal-orduaren begira. Aldia, haren irudikoz, ordea, geldi zegoen, beti bat, eta ez zitzaion berehala iritsi nahi zuen ordua edo orena; abaria, azkenik, heldu zen, eta zera eman zioten: behikizko txitxi-pitxi tipularekin eta txahal xahar xamarra izan zenaren esku egosiak. Aho betean ekin zitzaion, mauka-mauka, Milango txuluntak eman balizkiote baino jangurago, edo Erromako faisaiak, Sorrentoko txahalkia, Morongo eperrak edo Lavajosko antzarak izan bailiran, gose-belarraren gainean ibilia zen eta; abari edo auhari legea egin bitartean , sendagile ustezko hari buruz esan zuen:
Adizu, dotore jaun: hemendik aitzina, ez axolarik har niri jaki gozo, janari limikagarri, ahotik ezin utzizko hazkurririk emaiten, nire urdaila bere erroetatik ilkiko da eta; zeren, ahunzki, behiki, urdaiki, artxarki edo haragi gatzartuari ohitua baita, tipula eta arbiei ere bai; baina, jauregiko beste jakirik emanez gero menddere edo kutiposo jarten da jaterakoan, eta anitzetan higuin eta nardakor. Mahaizainak eltzekari lodia delako hori ekar liezadake, ustela omen da baina usaina gozoa du, zeinbat eta ustelago hainbait urrin gozoago; eta eltze barrenean nahi duen guztia sar lezake, nahi adina barrenera lezake, jatekoa baldin bada noski, bai eta nik eskerrak eman ere, eta egunen baten ordainduko diot; ez egin inork nire lepotik barre, bagara ala ez gara: bizi gaitezen oro eta jan dagigun, ongoan eta lagunartean, Jaungoikoak eguna argitzen duenean ororentzat argitzen baitu. Nik, uharte honen jaurlari izanik, ez diot inori bere eskua kenduko, nori berea da zuzenbidea, eta ez dut nire eskua koipez bustiko, ez nau ni inork erosiko, eta oro hemen erne, adi-adi begira, Addar Galtzagorri Kantillanan dagoela jakinarazten dizuet, eta aukera emanez gero nik mirariak ikusaraziko dizkizuet; bestela, ezti bihur zaitezkete eta euliek jango zaituztete.
Benetan, jaurlari jaun – sehiburuak esan zuen – berorrek esandako guztia zuzena da. Nik uharte honetako uhartear guztien izenean, berorri gure zerbitzua eskaintzen diot, guztizko maitasunez, ongiguraz eta zintzoro egingo dioguna. Orain arte labur honetan, berori jaurlari hasi denetik, onbera eta bigun agertu da jaurkeran, eta honexek berorren alde lagun egiterako gogoa berotu eta nahia bizkortu digu, bestela ezin zitekeen bezala.
Sinesten dut, bai – Santxok – bestela egin edo egitea bururatuz gero bai leloak zuek! Eta berriz ere, niri jaten eman eta nire astoari hazkurri bagerik ez uztea txit haintzat hartu beharrekoa duzuela diotzuet; gure langintza edo dena delako honetan biziki garrantzizkoa baita, axola larrikoa baita, ezinbestekoa baita; orain orena dugu eta goazen bazterrak ikuskatzera; uharte hau zaborkeriaz, jende auherrez eta nagiez erabat hustu nahi dut, oro xahutzeko asmoa dakart; badakizue, lagunok, nordin alperrak eta ezertarakoezak herri batean, are erresuma batean gehiago, kofoin edo erlauntzetan erlemandoen antzekoak direla, erle langile gorri, erdots eta maratzek eginiko eztia jaten baitute. Nik nekazarien alde egingo dut, gapareei lehentasuna zainduko diet, trebeak sariz apainduko ditut, eta guztiz ere, erlijioari -uskurtzari hots- begirunea eta erlijiodunen izen onari onerizkoa izango diot. Zer daritzozue honi, adiskideok? Deusik esan al dut ala neure burua hautsi baizik ez dut egiten?
Hainbeste esaten du berorrek, jaurlari jaunak – sehiburua mintzo – ni harriturik nadukala, berori gutti ikasia izanik, nik dakidala behintzat ezer ez baitu ikasi, eskolan esan nahi dut noski, hainbeste eta hain esaera nahiz ohar zuhur esatea guztiz zaigu harrigarri, batez ere, gu hona bidali gintuzten eta hona etorri garenok uste ez bezalako adimen zorrotza sumatzen dugulako berorrengan. Egunean-egunean zer berriak ikusten dira munduan: iseka egia bihurtzen da eta isekagilea isekatua.
Gaua heldu zen, jaurlariak abaldu zuen, Recio sendagile jaunaren baimenaz.Dendatu ziren, gero, bazter-ikerketan ibiltera joaiteko, eta sehiburu, idazkari eta mahaizainarekin batera jalgi zen; haiekin "koronista" ere bazihoan, haren gertakizun guztien berri oroipidean utzi behar zuena; eta gudaroste erditto bat osatzeko adina txinel edo "herrimutil" beste hainbat "eskribau" edo naskarirekin batera. Santxo erdian, makila eskuan, ikusgarri, eta karrika guti batzuk iragotakoan sastada batzuen hotsa entzun zuten; berehala hurreratu eta bi gizonezko borroka gorrian aurkitu; hauek, justizia zetorrela ikusita, gelditu ziren, tenk!, eta batek esan zuen:
Jaungoiko eta Erregearren! Eraman behar ote dugu, bada, herri-herrian lapurretan ibiltzea eta karrikaren erdi-erdian ostutzera ager dakiguna?
Lasai zaitez, gizon ontzale – esan zion Santxok – ea zer dela eta liskar hau, esaidazu; ni jaurlaria nauzu.
Beste liskarkideak orduan:
Jaurlari jaun, nik dena labur-labur jakinaraziko diot. Berorrek badaki, agian, aitonseme honek oraintxe hemen aurrean dagoen joko-etxe honetan mila erreal baino gehiago irabazi duela, eta batek daki nola. Ni aurrean egonik, nire barrenak agindutako guztiaren kaltetan, zer bat, zori era zerazkoa, zalantzazkoa, beti bere aldekoa susmatzen hasi naiz. Irabazi eta dena bildu du; ezkutu bat edo bat, gutxienez, emango zidalakoan egon naiz, saritzat, gizon handikiei emateko ohitura delako, eta ni honelakoa naiz, zeren gu haretarakoxe egoten baikara, onerako zein txarrerako, bakoitzari berea emateko eta atralakak galarazteko hain zuzen; baina honek dirua sakeleratu du eta etxetik alde. Ni atzetik etorri natzaio, eta hitz leunez, gizalegez beti, zortzi erreal gutxienez emateko eskatu diot; gizon zintzoa naizela badaki honek, ez lan ez jan bizi naizena, gurasoek ez zidaten irakatsi lanik egiten eta jateko lain eman ere ez zidaten egin. Malmutz honek, ostera, Santxiko baino lapurragoa eta Andradilla baino marrotsuagoa denak, lau erreal baino gehiago niri eman nahi ez. Zein lotsa gutxi, zein barren ustela, jaurlari jaun, ikus berorrek! Baina, berori agertu ez balitz, nik honi irabazia ahotik egotzi eragingo nion, jakingo zuen, bai, orduan, honek' zenbat sartzen diren arroa batean.
Zuk zer diozu honetaz? – galdezka Santxok.
Besteak egia zela erantzun zion, aurkariak esan bezala, eta lau baino gehiago eman nahi izan ez ziola, askotan emaiten ziolako; berera edo sari horren zain dagoenak beti neurritsu eta emaiten diotenarekin nahikoetsia behar duela, eman ahala pozik hartu eta kito, irabazleekin zeinbaketan ihardukitzeke, marro egile edo etekina iruzurrez irabazi duela eskierki ez badaki, batik bat. Bera lapurra ez zela, eta gizon zintzo-garbia zela ezagutzeko zantzurik zehatzena hauxe: areanik eman nahi izan ez diona; izan ere, iruzurti edo zimarkutsu dena beti ezagutzen duten begirazaleen zordun da.
Hala da – sehiburuak berriro – Berorrek, jaurlari jaunak, erabaki zer egin behar den gizon hauekin.
Zer egin behar den eta hauxe: zuk, irabazle, ona edo txarra edo erdipurdikoa, emaiozu ehun erreal sastadaka eraso dizun honi, eta espetxean dagozen behartsuentzat hogeita hamar gehiago banatu; zuk, berriz, ez lan ez jan egiten duzun horrek, uharte honetan alpeeerkerian zabiltzan horrek, har itzazu ehun errealak eta bihar irten ezazu uharte honetatik at hamar urtez atzerrira, eta agindu hau hautsiz gero beste bizitzan beteko duzu, nik urkamendian eseki zaituzket, edo nire aginduz borreroak; eta oro isilik, ez diezadala inork ihardets, bestela eskua gainean emango diot.
Batak sakelerean ateratu, besteak hartu, hau uhartetik jalgi zen eta hura bere etxera joan zen, jaurlaria honela mintzatzen geratu zeino:
Orain, edo nik ez dut indarrik edo joko-etxe hauek kenduko ditut, hagitz kaltegarri direla eta nagoelako.
Hau, bederen – naskarietako batek esana – ez du berorrek kentzen ahalko, handiki batena da eta; urtean galtzen duena' karta-jokoetan irabazten duena baino anitzez handiagoa bada ere, zalantzarik ez. Bertze joko-toki kaxkar zeinbaten aurka egin ahal izan duke, berorrek indarra erakutsi erran nahi baitut, horiexek dira, izan ere, kalterik gehien egiten dutenak eta lotsabagekeria gehienak estaltzen. Aitonseme edo kapareen etxeetan marrogile ospetsuak ez dira ausartzen beraien trikimailuen erabiltzera, eta jokorako grina gaiztoa ohikuntza orokor bilakatu denez, etxe nagusietan egitea hobe, ezen ez nor edo noren batenean, zeren honelako honetan arratsalde hobeko gixontto bat hartu ohi dute eta bizirik larrutu, soildu ohi dute, tturrin utzi arteraino.
Orain, naskari – Santxok – nik badakit horretaz esateko asko dagoela.
Une haretan, mutil bat atxekita txinel bat iritsi zen, eta esan zuen:
Jaurlari jaun, mutil hau gureganantz etorri da, eta justizia urkusi dueneko, atzera egin du, oreina laso apatx-aurtika: gaizkile den ezagugarria; nik haren atzetik jo dut, baina, egundaino harrapatuko ez nuen, haburikatu eta erori ez balitz.
Zergatik egin duk ihes, mutil? – galdetu zion Santxok.
Mutilak erantzun:
Jauna, justiziak asko itaunketan dau eta neuk erantzun gura ez.
Zein duk bizibide?
Ehule
Zer duk ehuten?
Azta-makilen burdiñak, berorren baimen onaz.
Zer, irri eta barre egin nahi duka? Txokarritan ote, edo alberdanian? Ongi zagok! Eta orain norantz joan haiz?
Egurasten, jauna
Non hartzen da eguratsa uharte honetan?
Haizea dabilen lekuan
Ongi, egokiro erantzuten duk, ile alde! Zuhurra haiz, morroxko; baina, demagun ni haizea naizela eta hiri gibelean putz egiten diadala, txopan edo ipurtaldean, eta "presondegirat" bulkatzen haudala. Atxek, ea, eta eraman! Gau honetan hantxe lo eginaraziko diot, haize-maldan!
Jaungoikoarren! – mutilak berriro – txakala-kortan lo eginarazo niri eta errege egitea bardin berorrentzat!
Zer, bada, zer dela eta ezin diat loeginarazi nik hiri gartzelan? Ez ote dut nik, bada, ahalbiderik edo "botererik" hi atxilo hartzeko eta askatzeko nik neronek nahi dudanean eta dudan eran?
Berorrek ahalik eta ahalbiderik ahaltsuena izanda ere – mutilak esan – ez da nahikoa izango niri espetxean lo eragiteko.
Nola ezetz? Eramazue, behingoan, eta bere begiez ikusiko du, zein oker dagoen ikusiko du, gartzelazainak eskuzabal har baleza ere. "Gorta" horretatik urrats bat landara egiten utziko balik bi mila dukaten isuna ezarriko niokek.
Hori guzti hori barregarri jat – mutilak berriro. Bizi direan guztiek ez deuste niri lo eragingo ziegan.
Esaidak, txerren horrek – Santxok berriz ere – ba ote duka aingeruren bat ateraraziko hauenik eta nik lotzeko ezarraraziko diadan oin-bilurra askatuko dianik?
Oraintxe, bai, jaurlari jaun – mutilak txairo-txairo erantzun zuen – harira gatoz, bai, eta bide onetik goaz. Dagigun, bada, berorrek gartzela edo espetxera bidalketan nauela, eta bilurrak edo kateak lotuz bertan, ziegan sartuta utzitzen nauela, eta alkateari isun larria emaiten jakola ni handixe kanpora ateratzen utziaz gero, eta berak agindu jakona legez bete egiten dauela; osterantzean' nik lo egin gura ez badot, gau osoan itzarrik nahi badot, betazala itxi bagerik, berori bere indar guztiagaz nahikoa izango ete da niri lo eragiteko, neuk gura ez badot?
Ez, hori ez, egia – idazkariak esan zuen – ; gizon honek berea du zuzena.
Beraz – Santxo mintzo – lo egiteari ez diok utziko hire nahiari atxekiz baizik, ez nire aginduari lotuz.
Ez, jauna – mutilak – ez dot pentsetan.
Ea, bada, hoa Jainkoarekin edo Jaungoikoagaz; hoa lo egitera heure etxera, eta Jainkoak damaiala lo on, nik ez diat kendu nahi; honik aurrera, baina, ez egin barrerik justiziaz, inoiz barreaz buruan joko hauen inorekin tupust egingo duk eta.
Mutila joan zen eta jaurlaria aurrera uhartean zehar. Handik ez urrun bi txinel agertu zen gizon bat atxilo ekarriz, eta esan:
Jaurlari jaun, gizonezko dirudien hau ez da, emakumezkoa eta ez itsusia da, gizonezko-jantzitan datorrena.
Bizpahiru giriseilu hurbildu zitzaizkion begietara, eta haien argiz emakumearen aurpegia agertu zen, hamasei urte inguruko, adatsa zeta orlegi eta urrezko saretto batez bildua, mila harribitxi bezain ederra. Gora-behera begiratu zioten, eta zeta gorrizko galtzerdiak zituela ikusi zuten, lokarriak tafetai zurizkoak ziren urrezko eta txirlarrizko hariz josiak; gergizkoak orlegiak, urre-mihisezkoak, soineko janzkiñoa ere gai berdinezkoa, eta honen azpian urrezko oihal mehe-mehe zurizko jipoi bat zedukan; oskiak zuriak ziren eta gizonezkoenak; ezpatarik ez zekarren aldean, traketa edo sastakai bat joriki apaindua bai; erietan eraztun asko eta aberatsak. Benetan, neska guztiek ederretsi zuten, politetsi zuten, nahiz eta ikusle haietako inork ez ezagutu, eta bertakoak zirenek nor zen ez zekitela esan; harrituenak hantxe Santxori egiten zizkioten iseken berri zutenak, zeren, gertaera edo agerkera hura ez baitzen haiek eratutakoa, eta zalantza zuten, ea hura guztia nola azkenduko zen zain. Neska haren edertasuna ikusiaz Santxo birloratu zen, sorgortu zen; nor zen galde egin zion, nora zihoan, zer zela eta hala jantzia. Neskak, begiak lurrari josita, lotsa garbi-garbiz, honela erantzun:
Ezin esan dezaket, jauna, honen agerian, estarian geratzea guztiz axolagarri zaidana; hauxe baino ez dut gogoan hartua izan dadila: ez naizela ohoin, ez ebasle, ez gaizkile, zorigaitzeko neskatxa baizik, espa gaiztoen indarrak garbi izaiteari zor zaion zintzotasuna urrarazi ziona.
Hau entzun eta sehiburuak Santxori:
Agin beza jaurlari jaunak gizatalde hau bazterrera dadin andereño honek nahi duena esateko leku egokia eduki dezan.
Jaurlariak hala agindu zuen, alboetaratu ziren denak, sehiburua, mahaizaina eta idazkaria izan ezik. Han, bada, neska mintzatzen hasi zen:
Ni, jaunok, Pedro Perez Mazorcaren alaba nauzue, inguruko artileen erosle-saltzailea, nire aitaren etxera askotan joan ohi dena.
Hori ez doa bide onetik – sehiburuak esan –, andereño; nik Pedro Perez ongi ezaguna dut eta haurrik ez duela dakit, ez arrik ez emerik; eta are gehiago, zuk aita duzula esan duzu, eta, gero, askotan zure aitaren etxera joan ohi dela diozu.
Horretaz ohartua naiz, bada, ni – Santxok.
Jaunok, oraintxe burua nahasia dut eta ez dakit zer diodan – neskak berriro – baina, egiaz, ni Diego de la Llanaren alaba naiz, beroriek guztiek ezagutzen al duzue, noski.
Hori ere ez doa bide onetik – sehiburuak beste behin –, nik Diego de la Llana ezaguna dut, kapare handi-aberatsa dela badakit, semea eta alaba dituela ere bai, eta alargundu zenetik inguruotan alabaren aurpegia inoiz ikusi duenik ez dagoela; barru-barruan daduka, eguzkiak ez du ikusten, eta hala ere, oso-oso ederra dela aipu da.
Egia da – neskak esan zuen – , eta alaba hori ni nauzue; aipuak egiak ala gezurrak diren, dagoeneko, jaunok, ikusi nauzue eta jakinaren gainean zagozte.
Une haretan, negarrez hasi zen, xamur-xamur, idazkariak ikusi, mahaizainaren ondora joan eta belarrira oso apalkiro esan zion:
Zalantza bagerik, neska gaixo honi garrantzizko zerbait gertatu zaio, zeren, hala jantzita, honelako orduetan eta hain handikia izanik, etxez atean baitabil.
Ez egin zalantzarik horretaz – mahaizainak erantzun zion – susmo hori haren malkoek berresten dute.
Santxok, ahal zuen eran, bihotza biziarazi zion, bere esaldirik onenez, eta zer gertatu zitzaion, beldurrik bage, esateko galdatu zion, oro zinez eta ahalez zuzentzen saiatuko zirela.
Bada, arazoa, jaunok, zera – hasi zen neska – nire aitak duela hamar urterik hona barruitxita eduki nau, nire ama lurra jaten hasi zenetik. Etxean meza otoizgu apain batean egiten da, eta nik aldi honetan guztion ez dut egun argiz eguzkia ikusi eta gauez ilargia eta izarrak ere ez, karrikak zer diren ez dakit, ez enparantzak ez "tenpluak" ere, nire aita eta neba bat izan ezik gizonik ez dut ikusi, Pedro Perez sal-eroslea ere tartean, etxera sarri sartzen zelako nire aita dela esatea otu zait, nirea nor den ez esatearren. Itxialdi honek eta etxetik ateratu ezin honek, elizaratzeko ere ez, bihotza gogorki hil zidan, urte eta egun askotan: lurbira ikusi nahi nuen, edo nire jaioterria behintzat, ene ustez, nahi honek ez baitzion kalterik ekarriko neska handiki garbiak bere buruari zor dion begirune onari. Noiz edo noiz, zezenak lasterkatzen zituztela edota kainabera-jokoak egiten zituztela, edo irri-antzerkiak emaiten zituztela entzuten nuenean, nire nebari, ni baino urte bat gazteago denari haiek guztiak zer ote ziren galde egiten nion, eta nik ikusi ez dudan beste zerarik asko; harek ahal zuen erarik onenaz azaltzen zidan, eta nire ikusmina areagotu baino ez zuen harek egiten. Labur bilduz, nire zorigaitzaren kondaira mozturik, nire nebari otoi eta otoi egin niola diot, ordu txarrean, agian egin ez banio inoiz otoi ez galde...
Berriz ere negarrari eman zion. Sehiburuak orduan:
Zoaz aurrera, andereño, eta zer gertatu zaizun esaten azkendu, zure hitzak eta zure malkoak gu guztion jakinminaren pizgarri ditugu.
Gutti dugu esankizun – erantzun zion neskak – malkorik asko eginkizun bai, ordea; nahikunde txarrek horixe dute ekartzen, kaltea eta hori.
Neskaren ederra sehiburuaren ariman sartua zen eta beste behin eskuargia hurrera zion ikusi nahi zuela eta, malkorik ez harribitxi edo larreko ihintza zela iruditu zitzaion haren negar-punpuila; gehiago, ekialde urruneko txirlarriak zirela, eta haren zorigaitza hain larri eta gaitz ez izaitea nahi zuen, haren malko eta hasperenek adiarazten zuten bezainbeste ez bederen. Jaurlaria berantetsita zegoen neskak bere kondaira jaulkitzen hastea luzatzen zuelako, eta berandu zela, herriko bazterrak ikertzen aurrera joan behar zutela eta beraien jakinmina asetzen amai zezan esan zion. Hats behera eta gora askoren artean, negar-zotinka, neskak esan zuen:
Nire zori gaitzaren hasera zein eta nire nebari beraren soinekoetako batez gizonen antzera janzteko eskatzea, eta gau batean herria ikustera jalgiaraz nindezan otoi egitea, aita lotan zegoelarik noski. Harek, ni eske eta eske, azkenean amore eman zidan, baietz, gogait eraginik; eta honako janzki hauek eman zizkidan, eta bera nire batzuez jantzi zen, egoki-egokiro gainera, zeren bizar-peitua baita, ez du kokotsean ile-izpirik, neskaren antz eder-ederra du, horregatio! Gau honetan, ordubetetsu dela, etxetik jalgi gara, gure mutila biderakusle eta gogoan lotsagalduko asmoa, herri osoa alderik alde zehartu dugu eta etxera itzultzerakoan, lagun saldo bat etortzen ikusi dugu, eta nire nebak zera esan dit: "Arreba, horiek, antza, gauzainak ditun: bizkor itzan oinak, emaizkien hegalak eta hator nire atzetik ariniketan, ezagut ez gaitzaten, bestela hizpide txarra", Esan eta bihurtu da, hasi lasterka, areago, hegan egiten hasi da; ni, sei oinkada baino lehen, erori naiz, izuaz, eta orduantxe zuzentzaina heldu zait, berorien aitzinera ekarri nauen hau; eta hementxe ni honenbeste nordinen aurrean lotsaturik, gaizto eta apetatsu izaitegatik.
Benetan, andereño – Santxo galdezka – beste okerrik ez al zaizu gertatu, ez esparik ere, zure kondaira honen haseran aipatu bezala, zure etxetik jalgiarazi zaituenik?
Ez zait ezer gertatu, ez nau espak etxetik jalgiarazi, lurbira ikusteko grinak baizik, herri honetako karrikak baino ez dena
Neskak zioena egia zela berresteko, hara, han agertu ziren txinelak haren neba atxilo harturik, arrebarengandik ihes egin eta gero haietako batek atzeman baitzuen. Gona motz ederki apaindu bat eta damaskoihal urdinezko mantelina urre mehezko xingoladuna zekartzan janzkera, burua bere adatsaz bitxitua, ilea hori-kizkurra. Jaurlaria, sehiburua eta mahaizaina harekin bakarrean bazterreratu ziren, arrebak ez entzuteko lekura, eta halako janzkeraz zer zela eta zetorren galdetu zioten. Arrebak esandako berdina adiarazi zien harek, ez lotsa bagerik ez ahalgerik bage, eta mahaizain maiteminberak ez zuen harengatik poz ttikirik jaso. Jaurlariak, ostera, esan zien:
Zin-zinez, jaunok, hau bai umekeria handia, eta zuzikakeria hau, ttuttakeria hau azaltzeko ez ziren beharrezkoak hainbat negar eta malko, hain hats beherapen eta gorapen luzeak; aski zuen esatea: "Urlia eta sandia gara, gure etxetik jolas-gale jalgi ginen, honelako xedearekin, jakiteko min hutsez, besterik bage", eta kito, ipuina amaitua, eta ez heiagorattorik, ez auriattorik, ez ñegarttorik, eta hori.
Bai, egia – neskak esan zuen – baina, jakizue, honek guzti honek burua nahasi didala eta nola nahasi, ixurbatu ere bai, behar dudan mugaz gain egin baitut.
Ez da deusik galdu – Santxok erantsiz. Goazen, zuen gurasoenean utziko zaituztegu, agian ez zuten haiek zuen huts eman. Aurrerantzean edo ekiz ez izan horren haur, lurbira ikusteko minaz; Abe Mariakoa joitean, esnea bertzean eta neska etxean; emaztekia edo oiloa etxetik urrun galdu doa; ikusi nahi duenak ikusia ere izan nahi du; eta oraingoz aski.
Mutilak eskerrak eman zizkion jaurlariari etxera itzularazteko mesedea egin nahi zielako, eta handik urrun ez zegoenez etxerantz bideratu ziren. Iritsi eta nebak harritto bat leiho batera aurtiki zuen, itxaroten zegoen neskame bat berehala agertu eta atea zabaldu zien eta sartu ziren. Denak harriturik, bai haien politasunaz bai ludia ikusteko zuten grinaz, gauez eta herritik lekora bagerik gainera; adinaren "aleka" zelakoan geratu ziren. Mahaizaina, aldiz, bihotza zulo eginik geratu zen, eta, hurrengo baten, haren aitari emaztetzat eskatzeko xedea hartu zuen, ezetz esanen ez ziolako ustean, izan ere bera Dukearen morroe zen; Santxok, bere aldetik, mutil ha Santxika bere alabarekin ezkontzea hartu zuen gogoan, eta garai onean agituko zuela ebatzi zuen, mugonean, zeren, jaurlari baten alabari ezein senarrek uko eginen ez ziola iradoki baitzion bere buruari.
Gau haretako karrika-zaintza edo bazter-ikerketa hura hantxe azkendu zen; eta harik bi egunetara jaurraldia amaitu zen, plast egin zuen, geroago ikusiko dugun bezala, haren asmoak oro zeharo eten eta suntsitu ziren.