Azkenean, Duke jaun-andereek, lehengo baten aipatu zioaren haritik, On Kixotek beraien menpeko bati egin zion erronka gauzatzea erabaki zuten. Mutila Flandrian zegoen, Rodriguez etxanderea auba edo amaginarrebatzat nahi ez zuela eta ihesari emana hain zuzen, eta haren lekuan beste zaltzain bat ipintea erabaki zuten, gaskoina bera Tosilos zeritzana; esan beharrik ez aldiz aurretik zer egin behar zuen ondo irakatsita zegoela. Harik bi egunetara, Dukeak On Kixoteri jakinarazi zion, ezen, lau egunen buruan aurkaria etorriko zitzaiola, eta guda-zelaian agertuko zela, zaldun antzeko jantzita, neskak gezurra esaten zuela, erdizka guttienez eta ia-ia osotoro, baieztatzeko asmoarekin, baldin berak ezkon-hitza emana ziola berresten bazuen. Etorreraren berri honek poz handia eman zion eta bere buruari zin egin ere On Kixotek egundainokoak eginen zituela; guztizko zoriontzat hartzen zuen haiek jaun haiek guztiek bere besoaren indarra ikusteko aukera bere esku uztearen eskaintza hura; hala, bada, pozez txoratzen, lau egunean itxaroten egon zen, eta hain berantetsita lau bai baina egunak izan ordez mendeak, laurehun mende iruditu zitzaizkiola.
Guk egunok etor eta joaiten utzi (beste zer batzuei iragaiten uzten dieguna legez), eta Santxorengana joko dugu, berriz ere, astoaren gainean, kopetilun bezain kopetargi, nagusiaren bila (munduko uharte guztien jaurlari baino nahiago harekin egon) zetorrelarik. Uharte haretatik urrutira bage (berak ez zuen inoiz aztertu uharte, hiri, hiribildu edo zer zen bera jaurlari zuen hura) bidean aurrera zihoala, sei erromes beren bordoi edo bide-uheak eskuetan, atzerritik erremusina eskean kantari ohi datozen horietakoak zetozela urkusi zuen. Aldamenera iritsirik, denak inguruan, ahotsak goraki, oro bat, beraien hizkuntzan abesten hasi ziren; Santxok hitz bat baizik, erremusina alegia, ez zien ulertu, eta honen hariaz erremusina edo haien hizkeran "amoinaren" eske-xaramela zela ohartu zen. Gizon emankorra zen, Zide Hametek hala dio behintzat, eskuzabal eta bihozpera esatea bezala, eta zorrotik ogi erdia eta gazta erdia ateratu zituen, eman haiei, besterik ez zedukala imintzioz egiteaz batera, eta bai haiek gogotik hartu ere, esanez:
Guelte! Guelte!
Ez dut ulertzen – erantzun Santxok – zer galdatzen didazuen, gizon zintzook.
Haietako batek golkorean zisku bat atera, Santxori erakutsi, eta honek berehala diru-hotsean ari zirela ulertu zuen; eri-beratza edo erkoroa eztarri ondoan ipini eta eskua gorantz zabalduz sos zotzik ez zedukala adiarazi zien, astoari eragin zion, sast! eta haien artetik jo zuen. Haietako bat, begira-begira egon zitzaion bat, jauzi, besoez gerritik heldu eta ahots ozenaz, gaztelera hutsez, honela mintzo:
Arranopola! Ostera! Zer dut ikusten? Ba ote nire besoen artean nire adiskide maite, nire auzo zintzo, Santxo Pantza edukitzea nik? Bai, hauxe, zalantzarik ez, ez nago lo-ametsetan, ez oraintxe hordirik.
Bere izena entzun eta Santxori harritu zitzaion, hala, atzerritiko erromes baten beso artean egonik, lehenttoago begira-begira, tutik esan bage, erne bai erne egon arren ezagutu ezin izan zuena; haren harridura sumatu zuen eta erromesak hau esan zion:
Nolatan, bada, ba ote liteke, alta, Santxo Pantza anaia, hire auzoko Ricote mairu-kristaua, hire herriko dendaria ez ezagutzea?
Santxok so egin zion, lehen baino erneago soz, irudiz irudi nor zen irudikatzen saiatu zen, eta, azkenik, ezagutu zuen, erabat antzeman zion, eta, asto gainetik jaisteke, besoak lepora zabaldu zizkion, ziotsola:
Nork arraio ezagutu behar hinduen, bada, Ricote, soinean daramaan txingote-mozorro mamarratxo horrekin? Erraidak: nork egin hau frantximenta, nolatan duk Espainiara itzultzeko kopeta, atzeman eta ezagutzen bahaute hondar gaiztoa ukanen duk eta?.
Heuk salatzen ez banauk, Santxo, ezagutarazi erran nahi diat, ez diat uste janzkera honekin inork ezagutuko nauenik. Goazen bidetik hara, zumardi haretara, nire lagunok bertan jan eta atseden hartu nahi dutelako; elkarrekin janen diagu, lagun otzanak dituk, eta bien bitartean niri gertaturikoa aletuko diat, xehe-xekiro. Badakik, entzuera ukan huelako, Errege Gorenak harako zera, agintaldarri hura hedatu zuenean, gure herrialdeko behartsuen kalte latzerakoa izan zen hura zela-eta men eginik, herritik joan nintzela.
Santxok hala egin zuen, Ricotek beste erromesei hitz egin zien, eta errepidetik bazter zegoen zumardiratu ziren. Uheak bertan behera utzi zituzten, bizkarrekoak erantzi eta larrugorritan geratu ziren; denak mutilak eta galantak ziren, Ricote izan ezik xahar xamarra zelako. Bide-zorro bana zekarten eta, ondo beteak, antza, horni pizgarriez beteak bederen bai, egarria urrundik erakartzen duten horietakoak. Lurrean zabal-zabal etzan ziren, belarra zamau eta ogi, gatz, aizto, intxaur, gazta-xerrak, urdaiazpiko hezur soilak ipini zituzten gainean, mamurtu edo karruskatu ahal izaitekoak ez baziren, murtxatu edo miazkatzekoak bai. Jaki beltz bat ere ipini zuten, "kabial" omen daritzona (beste batzuek arrauki esaten ei diote) arrain batzuen arrautzez osatua dena, dirudienez, larruaren bizkorgarri bizia. Olio-aranak edo "olibak" ere ugari, nola ez, lehorrak eta gatzundu bageak alabaina gozo bezain atsegingarri. Baina hango jan-zelai haretan zehar hara-hona gelditzeke ibili zirenak ardo-zahatoak ziren, nork bere zorrorean berea ateratu baitzuen: Ricotek berak, mairu kristaua izaitetik aleman edo tudesko bihurtua zenak, berea atera zuen, handitan beste bostekin alderatzekoa.
Mauka-mauka hasi ziren, astiro bai astiro, ahomen bakoitzean ahogozatuz, piltzika-piltzika janez, aiztoaren mustturraz jasotako pixkak ahoratuki; behin eta behin, orok batera, besoak gora, zahatoak burutik goiti, ahoak zabalik, begiak ortzian josita, xurruxt egiten zuten, burua albo batera eta bestera higitzen, hartzen zuten atsegina handia zela erakusten; halaxe luzaro egon ziren, pitxerren erraietako "mama" euren sabeleteratuz. Santxo, hantxe, orori begira, ez zuen batere minik; berak ongi zekien esaera zaharrari eutsiz, harako Gorostian gorosti eta Donostian Donosti alegia, astoaren artean arrantza egin behar dela eta begibakarren artean begi bat ixtea "komeni" dela, Ricoteri zahatoa (xahakoa erran zuen) eskaritu zitzaion, eta terreilka hasi zen, ahora ardo xirrixta sartu beharrez itua jo nahian, eta ez zen ito, ez, beste haiek bezain esne (ardo esatea hobe) bitsetan ibili zen hantxe egonean.
Bost alditan bai zahatoak goratu izan ziren, seigarrena, aldiz, lar arin igo zen, mehe-mehe eginak zirelako, mehatsak eta mirrizak zirelako; eta orduko alaitasuna goibeldu zen. Noiz edo behin, haietako batek eskumako eskuaz Santxorena ukitzen zuen eta: "Españoli y tudesqui, tuto uno: bon compaño" ; Santxok erantsi: "Bon compaño, jura Di! " eta barre-santzoka hasten zen ordubetean amaitu ezinik; ez zuen gogoan, guneaz gero, bere jaurlaritzan gertaturikoa, inondik inora; oturuntza ederrean jan-edanean ari bitartean, ardura guti, axolarik ez. Azkenean, ardoa ahitua, denak loak hartu zituen, eta, hantxe, mahai-zamauen gainean lotan gelditu ziren; Ricote Santxorekin ez, asko jan eta gutiago edanak zirelako biok ala biok, eta pago baten azpian eseri ziren, beste erromesak amets gozoetan ehortzita utzirik. Ricotek honela esan zion, gaztelera huts eta garbiz, mairu hizkuntzan mordoilo egin bage (esan beharrik ez hemen Zide Hametek itzulita agertuko zaigula) :
Ongi dakik, Oi Santxo Pantza auzo eta adixkide!, nola Errege Gorenak gure jendearen aurka hedatu zuen agindu eta aldarria gu eta gutar guztiontzat sarrakioa sargarri gertatu zitzaigun, izu eragile ikaragarria hain zuzen; ni neu, behintzat, lauorrian geraturik nengoan, eta Espainiatik alde egin baino lehen bai nire baitan bai nire seme-alaben baitan zigorra ezarria nuela ikusi nian. Hala izanik, beraz, zuhur-zurrian ene eritziz -ongi jakinaren gainean bainengoen ordurako bizi nintzen etxea kenduko zidatela eta beste baten bila hasi behar nuela- ni bakarrik, seniderik ez, herritik joaitea erabaki nian, sendia geroago nora eramanen tokiren baten bila, eroso, eta ez beste anitz bezala itolarrian, alde egin beharreko eguna iritsiko zelakoan; nik argiro ikusi nian, eta gure agure guztiek ere hala ikusi zitean, agintezko aldarri haiek zemai hutsak ez zirena, zeinbaitek zioen eran, egiazko agindu edota legeak baizik, beren garaian gauzatu eta agiaraziko zituztenak; egia hau zer zela eta sinesten nuen nik, hara, gure artekoek zein asmo doilor eta zentzubageak zituzten banekiela eta; halakoak zituan, izan ere, asmo haiek, ezen, Errege Gorenak ezarritako erabaki bihoztun hura jainkozko iradokizuna izan zela, ene gardiz; ez, noski, oro errudunak ginelako, batzuk kristau zindo egiazkoak baitziren; baina, honelakoak gutti eta ezin aurre egin gehienei, eta ez duk egokia sugea golkoan haztea, etsaiak etxe barrenean edukitzea. Azkenean, ondo bidean, bai, zuzenez, herbesterako zehapenaz zigortuak izan gintuan, erru-ordain bigun, xamur eta beratza zeinbaiten eritziz; baina gure irudikoz ezar ziezaguketen gogorrena. Non nahi garelarik ere beti gu Espainiagatik negarrez; azken baten, bertan jaio gintuan, gure geurezko aberria diagu; inon ez gure zoritxarrak adinako abegirik; Berberian eta Afrikako leku guztietan, harrera ona eginen zigutela uste genuenetan, ez abegirik, ez begitarte onik, irainak eta begi iluna baizik. Galdu arte ez diagu gure ona ezagutu; Espainiara itzultzeko ia denok dugun nahia biziki handia duk eta gehienok -anitz dituk- nik bezala hizkuntza dakitenok, itzultzen dituk, han, atzerrian beren emazteak eta seme-alabak zurtz utzita: halakoxea hari dioten oneritzia, maitasuna, eta oraintxe nik bazakiat zera, erran ohi den hori: aberriarenganako maitasuna gozoa dena. Joan ninduan, bada, noizbait, gure herritik, Frantziara sartu ninduan, eta harrera ona egin ziguten arren, dena ikusi nahi izan nian; Italiaratu ninduan, Alemaniara heldu eta askatasunez bizi ahal zela eritzi nioan, hango bizilagunek ez diotelako inori zertzen, bakoitza nahi duen bezala bizi duk, hango lekurik gehienetan gogo-askatasun osoan bizi daitekek. Augusta ondoko herri batean etxea hartu nian; gero erromes hauekin batu ninduan, Espainaratzeko ohitura ditek eta askok, urtero, hemengo santutegiak ikustera joaitekoa dik, izan ere, haientzat India duk eta etekin oparoak biltzeko lekutzat joiten ditek, egiazki. Alderik alde, abantzu, zeharkatzen ditek, eta ez zagok herririk ongi jan-edanak bage uzten dutenik, eta dirutan ere erreal bana, guttienik, eskuratzeke ere ez; joan-etorraldia bukatzean, ehun bana ezkutu bai gaindizko; eta urre eginak, edo uheetako zuloan, edo bizkar-soinekoen adabakien artean, edo haiek ahal duten eran, erresuma honetatik ateratzen ditiztek beraien herrialdeetara eramaite aldera, nahiz eta mugateetako zaindariek arakatu. Orain, Santxo, lurperatua utzi nuen altxorra ateratzeko asmoa diat, herriaz lekora dago eta arriskurik ezean egitea bazadukaat; Balentziatik, edo ni iraganez edo idatziz, alaba eta emaztearengana joan nahi diat, Argelen dagozela bazakiat eta Frantziako itsasate edo "porturen" batera ekarri asmoz, Alemaniaratzeko, Jainkoak gurekin zer nahi duen itxadon bitartean. Azken baten, Santxo, bai nire alaba Ricota bai nire emaztea Frantziska Ricota kristau katolikoak dituk, eta ni neu haien bezain ez banaiz ere, kristautik mairutik baino gehiago diat, eta Jainkoari adimenaren begiak ireki diezazkidan otoitz egiten zioat, nola mirabetu behar dudan irakats diezadan. Ez zakiat ongi, eta harritzen zaidak honegatik, zer zela eta nire emaztea alabarekin Frantziara bagerik Berberiara joan zen, beronetan ez bezala beraretan kristau legez bizi zitezkeelako.
Santxok honela erantzun zion:
Adizak, Ricote, hori ez zuan egonen haren esku, Juan Tiopieyok eraman baitzuen, hire emaztearen anaiak, eta mairu ben-benetakoa delako ongi joana duk, eiki; bertzerik ere erranen diat: alperrik hoala hertsirik utzi huenaren bila, zeren, aditzea ukan dudanez, hire emazteari eta ezkonanaiari hainbat harribitxi eta urrezko anitz diru kendu baitzizkieten.
Balitekek hori – Ricotek berriro – baina nik bazakiat nik utzitakoa ez zutela harrapatu, non ostendu nuen ez niean esan eta, halako zeraren baten beldurragatik; honelatan bada, hik, Santxo, nahi baduk nirekin etorri eta ateratzen lagundu, eta estaritik agerrarazten niri esku luzatu nahi badidak, nik berrehun ezkutu emanen diat, hire beharren asegarri, oparin asko eta beredin duala bazakiat eta.
Eginen nikek, bai, baina ez nauk batere urre-goseti, izan ere, izan banintz, goizeon bertan behera utzi dudan biziera ez nikean utziko, nire etxeko hormak urrez egin ahal izanen bainituen, eta sei bat ilen ondoan zilarrezko erretiluan janen nian; honegatik beraz, eta, bertzalde, nire erregearen etsaiei eskurik ez emaiteagatik, ez nauk hirekin joanen, hala berrehun ezkutu agindu nola heben berean eskutik eskura laurehun eman arren.
Zein biziera edo dena delako hori duk utzi, Santxo?
Uharte bateko jaurlaria izan nauk, eta, alafede, ez diat uste haren antzeko edo heineko bat hebendik urrutian nehork ediren lezakeenik.
Non ote uharte hori? – galdetu zion Ricotek.
Non? – Santxok atzera – Hemendixe bi legoatara, Barataria uhartea zaritzok.
Isil hadi, Santxo; uharteak, han, itsasoaren erdian zagozak eta, lehorrean ez zagok uharterik edo "irlarik".
Nola ezetz? – Santxok galde – Badioat, Ricote adixkide, egun goizeon bertatik alde egina nauk, atzo, aldiz, hango jaurlaritzan egon ninduan, neu buruzagi; honela eta guziz ere, bertan utzi diat, jaurlarien bizibideari galgarri eritzirik.
Eta, zer irabazi duk jaurlaritzan? – Ricotek berriz ere.
Irabazi, zera, jaurlari izaiteko ona ez naizela ikastea irabazi diat, eli-saldo baten jaurlari ez bada; halako jaurlaritza mota haietan irabazten dena bai atsedena bai loa, eta bai hazkurria ere, galduz irabazten dela ikasi diat; zerendako eta, uharteetan jaurlariek, eta hauexen osagarriaz arduratzen edo axola duten atxeterrak baldin badituzte bereziki, urri baino urriago jan behar dutelako.
Ez diat ulerretan, Santxo – Ricotek berriz eta berriz ere – , dioan guztia zentzugea dela iruditzen zaidak; nork emanen ote zian hiri uharterik herorrek jaurtzeko asmoarekin? Hi baino gizon iaioagorik ez ote ludi osoan jaurlari izaiteko? Isil hadi, Santxo, itzul hire onera, ea, hator nirekin, erran diadan bezala, ostendurik utzi nuen altxorra ateratzen laguntzera -hain handia denez benetan altxorra erran dakiokek- eta agindu legez hiri ongi bizitzeko lain emanen diat.
Ez diat nahi, alta, Ricote, erran diat; aski duk nik salatua ez izana, hoa, beraz, hire bidetik aitzina, onez onean eta utz niri niretik joaiten; zera bazakiat nik, ongi irabazia galdu ohi dena, eta gaizki irabaziak bera gal eta jabea galtzen dik
Ez diat eztabaidatu nahi, Santxo. Erraidak, bada: nire emaztea, alaba eta haren anaia edo neba urrutiratu zirenean hi gure herrian izan al hintzen?
Bai, han ninduan – erantzun zion Santxok – eta hire alaba hain jalgi zuan eder, ezen, herrian zegozen guziak ikustera ateratu zitzaizkiola, eta munduko umerik ederrena zela ziotean. Negarrez zihoaan, denak besartu nahian, adiskideak eta elaideak laztanduz, denei otoi galdatzen ziean Jainkoari otoitz egin ziezaioten bere alde, eta halaber Andere Dona Maria bere amari, eta galdatu ere hain minberatsu niri neuri negar eragin zidala, neronez negartia ez naizen arren. Anitzek, alafede, hartu eta altxatu nahi izan zitean, non edo non, atzeman eta ostenarazi alegia, baina Erregearen aginduari aitzi egiteaz beldur zituan, eta geldi. Haietan bat grinatsu agertu bazen, On Pedro Gregorio agertu zuan grinatsuen, hik ezaguna duan mutil "premu" aberats huraxe, biziki maite omen zian, eta no joan zenaz geroz to ez duk ageri herrian, haren gibeletik edo atzetik zihoala uste izan duk baina deusik jakin ez.
Banengoan, bada, ni, susmo gaiztoan – Ricotek esan – zaldun hori nire alaba zuritu nahian zebilela, flañukatzen; nik, baina, nire Ricotaren adoreaz "fidaturik" nengoan eta ez zidaan haren limurkeriak kezkarik emaiten; noizbait entzun duk, noski, Santxo, neska mairu kristauak ez direla kristau zaharrekin maitez nahasten, eta nire alaba, nik uste, maitebera bai baina are kristauago izanik, jaun premu horren eskari zein eskaintza haintzat hartzeko erraza ez zuan izanen.
Jainkoak hala egin dezala – Santxo mintzo – bien artekoa ez zuan ona izanen eta. Ea, bada, Ricote adixkide, utz iezadak hebendik joaiten; gaua baino lehen On Kixote nire jauna dagoen lekura iritsi nahi diat.
Jainkoa hirekin, Santxo anaia; nire lagunok ganditzen hasiak dituk, higitzen zakusatzaat, bai, gure bideari jarraikitzeko ordua ere badiagu.
Elkar besarkatu zuten eta Santxo bere asto gaineratu zen, Ricote uhea eskuan eta bakoitza bere aldetik aldendu zen.