Zezenen astrapaladaz eta sorturiko tarrapata haretatik, bai On Kixotek bai Santxok hautsarekin batera, uspel edo odoluriak beste ezer onik bat ere ez zuten lortu eta hauen sendagarri hara non iturri bat garden-garbia zuhaizti heze baten barruan aurkitu zutena; heldu eta bertan, astoa Rozinantegaz aske utzirik, ez bastarik ez uhalik, bi hebaindutako haiek, nagusi-morroe alegia, lurrean eseri ziren. Santxo bere zorroetako jaki-tokira gerturatu zen, eta berak apairu erraiten ziona eskuratu zuen; ahoa irakutzi, aurpegia garbitu On Kixotek eta oturuntza eginguruan, barrenak berdindu eta gero, azkortu ziren haien gogo eroriak. Ez zuen askorik jan On Kixotek, damuaren damuz nonbait, ez zuen Santxok' harek utzitako janaria, aitzinean eduki arren, neurritsua gizona, har eta jateko ausardiarik, nagusiak emanen ziolakoan edo; agur-hitz bat edo beste eginen zuela eta geldi zegoen, begira, baina nagusiak bere gogoetan edo ametsetan buru-belarri sartuta tutik esateko asmorik ez zuela ohartu zenean, di-da, ahoa beteka ekin zitzaion, mauka-mauka, ongi ikasitako guztia atzendurik, ahal zuen ogi guztia gazta guztiarekin urdaileratuz, galkaka irentsiz.
Jan, Santxo adiskide, jan egik: elika ezak heure bizia, niri baino ardura gehiago emaiten dik eta; utz niri neure ametsen eskuez hiltzen, nire zori gaitzen indarrek hil nazaten. Ni, Santxo, hilez bizitzeko jaio ninduan, hi, berriz, janez hiltzeko. Egia duk hau, Santxo, hemen ni, kondaira-liburuetan irarria, iskilu-ihardueretan herots handikoa, nire eginetan neurritsua, handikiek begirunez behatzen naitek, neskatxak nire bila, eta azken hondarretan, txalo edo esku-zarten hotsak nahi nituenean, gurenda edo garaipen itzelen ustea nuenean, nire egitandi larriengatik ondo irabazitako buruntzak ipiniko zizkidatela eta nengoenean, honatx, goizeon zer gertatu eta zanpatua gertatu nauk, ostikopetua eta zeharo porroskatua gertatu nauk, zerk eta abere basa, satsu, batzuen apoek. Gogorapen honek hortzak kamusten zizkidak, haginak zurruntzen, eskuak sumintzen eta "txindurritzen", jateko gogoa moteldu, jangartzutu eta azkenean kendu egiten zidak; honegatik, bada, neure burua gosez hilko diat, heriotza guztien artean heriotzarik ankerrena.
Horrela, jauna – iharduki zion Santxok hil-itoka jateari uzteke – harako erranairu zahar hura ez du berorrek ontzat hartzen, noski, zera, Hil bedi Elizabete baina hil bedi ase eta bete dioena. Nik, behinik behin, ez dut neure burua hiltzeko asmorik; nik oskigile edo zirolarena eginen dut, hots, larrua hortzez ten eta ten egin berak nahi duen guneraino hedatu arte; nik neure bizitzatik luza eta luza eginen dut zeruak erabakia duen azken mugaraino iritsi arte, janez eta janez; jakin beza berorrek, jauna, zoro zoroagorik ez dela berori bezala etsiturik bizi nahi duena baino; sinets biezat, jan baikoz egin beza lo-kuluxka bat, belar hezeon lastaira gainean etzanik, eta itzarri edo esnatu ondoan zein suspertua den, zein arindua eta goxatua den ikusiko du.
On Kixotek, azkenean, hala egin zuen, Santxoren esaera haiek ganorabako batenak ez baina "filosofo" edo "sofofilo" batenak areago zirela eritzirik. Eta honela esan zion:
Oi Santxo!, nahi bahu nik esanen diadana egin, arinduko nindukek bai ni arindu, nire atsebagea arinduko huke; eta hauxe duk egin beharrekoa: ni lotan nagoen bitartean, hire aholkuari jairraikita, hi hemendik urruntto aldendu eta Rozinanteren uhalak eskuan, hire bizkarraldea hasik, larrugorritan, dzirt-dzart, hirurehun edo laurehun zigorkada heure horri emaitea; zeren, oraindik, hiru mila eta gehiago eman behar baitituk, Dultzinea sorgingetua dela eta ez dela; izan ere, tamalgarri duk, ez ttikia, hire ezaxolagatik, hire baldankeriagatik hain andere gaixoa oraindik sorginduta izaitea.
Horretaz den bezainbatean, anitz dago erraiteko – Santxok – Dagigun lo, oraikoz, elkarrekin, eta gerora Jainkoak erranen du. Jakin beza berorrek' gizon batek bere soinaren, horrela, odol hotzean, zigorkatze hori gogorra dela, eta are gogorrago gaizki elikatu eta gaizkiago jandakoa den gorputz baten gainean: har beza arte, egin beza bati ene Dultzinea andereak, bego patxadan; uste ez dezanean ni bahe egina ikusi nauke, zigor-ukaldiz, eta hil arte bizi, erran nahi baitut, ezen, nik oraindik bizia badudala, bai, eta eman nuen hitza betetzeko asmoa ere bai.
On Kixotek eskerrak eman zizkion, milatan, eta zerttobait jan zuen, eta Santxok zerbait baino gehiago, eta biak ala biak lotara; bitartean, Rozinante bere adiskide eta lagun zuen astoarekin, hantxe, lasai asko, larre haretako belar ugari-gozoa jaten, bazkatzen, zarrast-zarrast!. Noizbait itzarri ziren, belu xamar, zamarietaratu ziren berriro eta bidean aurrerantz; txiriboga batera iristearren arintto, handik legoa batera edo, agidanean, bat omen zegoen eta. Txiriboga zela diot, On Kixotek berak hala esan ziolako, ostatu-etxe guztiak gaztelu izendatzeko ohitura zuela badakit ere.
Heldu ziren, bada, bertara eta txiriboginari arrotz-lekurik zegoen galdetu zioten; baietz erantzun zien, Zaragozan bertan egon zitekeen erosotasun eta egokierarekin. Zaldi-asto gainetik jaitsi ondorean, Santxok bere horniak gela batean bildu zituen, ostatariak hango giltza eman eta gero; zamariak zaltegiratu zituen, "pentsuak" eman zizkien eta On Kixoterengana jalgi zen, egonarri batean eserita zegoena, ea zer agintzen zion; nagusiak txiriboga edo "benta" hura gaztelutzat hartu ez izanagatik zeruari eskerrak eman zizkion. Abalordua iritsi zen, jatokian batu ziren, Santxok txiriboginari "gauaria" egiteko zer emanen zien galde egin zion. Ostatuko gizonak ahoa beterik emanen ziela esan zion, ahoaren neurriz; nahi beste eskatzeko; eguratseko txoriñoetatik, lurreko hegaztietatik, itsasoko arrainetatik zeinbat-nahi eta gehiago bazedukala etxean.
Horrenbertze ez da behar – Santxok adiarazi –, bi oilasko erre nahikoa dukegu, nire jauna ligaina da, milika da, urri jan ohi du, eta ni ere ez naiz bereziki sabeldarraio.
Oilaskorik ez zedukala erantzun zion txiriboginak, miru oilojaleak sarraskitu zituelako.
Bada, oilanda xamur bat erretzeko agin ezazu, ostatari – berresan zion Santxok.
Oilanda? Ene asabaita! Benetan, atzo berrogeita hamar baino gehiago hirira saltzeko bidali nuen; oilandaz besterik eskatu nahi duzun guztia.
Horrela bada, txahalik edo ahuntzumerik izanen da.
Etxean orain ez, ez dago – txiriboginak – hori ahitu egin da; datorren astean nahi beste eta gehiago egongo da.
Ederrak gagoz, alta, horrela! – Santxok atzera – urdai edo xingar eta arrautzetan bertzeetan ez dagoena eta haboro egonen dela uste izan nahi dut.
Jaungoikoarren – arrotzainak esan zion – murrika goxoa du nire arrotz honek! Ez oilorik ez oilandarik dadukala erran diot eta arrautzik nahi ez du, bada? Ea, gogora ezazu bertze gurikirik, eta utz mizkinkerien eskatzeari.
Ene bada eta ai ene gorputza – iharduki zion Santxok – erabaki dezagun, behingoz, ea, erran zer dadukazun eta utz ele-mele horiek, bentari jaunak.
Trixiboginak honela:
Eduki, zera badadukat, behi-apo bi txahalaren esku diruditenak, edo bi txahal-esku apo diruditenak; egosita daude, txitxirio, tipula eta urdaiarekin, eta oraintxe bertan "Jan-nagizu! Jan-nagizu!" diote.
Bada, koska egizu, nireak dira eta – Santxok berriro – ez nehork uki, bertze edonork baino hobeki ordainduko dautzut, jaki gozoagorik ez niretzat bertzerik, eta berdin eskuak izan edo azkazalak izan.
Ukituko ez ditu inork – erantsi Txiriboginak – ; bertze arrotzek, handikiak izanki, eurekin sukaldari, janarizain eta hornidura guztia ekartzen dituzte.
Handiki bada inor, nire nagusia baino handiagorik bat ere ez; baina beronen eginkizunak ez du zilegi hornidurarik ez edari-ontzirik garraiatzea: larre-larrean eseri eta bertan ezkurrez edo mizpirez ase arte egoiten gara.
Horixe Santxok txiribogako jabearekin egin zuen solasaldia, gehiago zehaztu nahi ez zion, une haretan galdezka hasi baitzitzaion ea zelako langintza edo nolako biziera ote zen beraren nagusiarena eta. Abaria egiteko ordua heldu zen, bada, gelaratu On Kixote, ekarri zuen ostatariak lapikoa, zegoen zegoenean, eta abaltzen hasi. Beste ondoko gela edo etxaki batean, alboko horma trenkadura mehe bat baizik ez zen eta zer esaten ari ziren entzun bide-zuen:
Berorren biziarren, On Xeronimo jaun, auharia eraugi bitartean, irakur dezagun On Kixote Mantxakoaren bigarren zatia.
Bere izena entzun zuenekoxe, On Kixote zutitu zen, belarriak zaabal-zaabalik berataz zer zioten aditzeko irrikatzen, eta hango On Xeronimo zelako harek zer erantzun, eta hauxe:
Zertarako nahi du berorrek, On Joanes jaun, horrelako zentzugekeriak irakurtea, On Kixote Mantxakoaren kondairaren lehenengo zatia irakurri duenak bigarrena irakurteko gogorik.ezin ukan dezake eta?
Horrela eta guziz ere – Joanes jaunak ihardetsi zion – irakurtzea on da; ez da libururik hain txarra denik deus onik ez duenik. Honetan niri behintzat harrigarrien zait egiten On Kixote dagonekoz Dultzinea Tobosoko haren baitako maitasunaz sendatua dena, maitegetu da, hoztu da behintzat.
Entzun On Kixotek eta herraz bete, amorratu zen, eta erresuminez ozenkiro iharduki zien:
Nor nahi den ere esan duena On Kixote Mantxakok bere Dultzinea anderea ahantzia duela edo atzendu eginen duela, nik, iskilu berdinez, egiatik oso urrun dagoela iginaraziko diot; Dultzinea Tobosoko idebagea ezin ahantzizkoa da, izan ere; eta On Kixote, berriz, ez da ahanzten dutenetakoa: zintasuna dut armarri, eta eginkizun haren zaintzea, beti bigunkiro eta indarka inoiz ere egin bagerik.
Nor dugu ihardesle? – alboko gelakoek galdezka.
Nor, bada, izan daiteke – Santxok erantzun zien – On Kixote Mantxakoa bera ez bada? Erran duen guzia egiazta dezakeena, eta halaber erranen duen guzia; ordaintzaile onak, berak urratzen ditu espartinak.
Santxok hori esaten amaitutakoan, gelako atean zehar bi gapare han sartu zen, antza bederen bazuten, eta biotako batek On Kixoteri heldu zion, besoak lepoan, eta esan:
Hona hemen, berorren itxurak ezin uka dezake berorren izena, ez berorren izenak berori hemen dagoela ez egiatzat eman: enurarik ez, berori, jauna, egiazko On Kixote Mantxako da, inondik ere, zalduntza ibiltariaren ipar eta artizarra, nahiz eta berorren izena ostuz beretzakotu nahi izan duenari amorru eragin, berorren egitsari handiak ezabatu nahi izan dituenari gorromioa sarrarazi, horixe baitu egin, egin ere, hauxe liburu hauxe idatzi duenak.
Eman zion liburua eskura, hartu zuen On Kixotek, tutik esan ez eta orri-begiratu bat eman zion, gesu baten buruan haiei buruz bihurtu eta esan zien:
Irakurri dudan apur honetan egileari hiru zer esateko aurkitu ditut, agiraka egiteko modukoak: lehena, hitzaurrean irakurri zeinbait hitz; bigarrena, hizkera aragoitarra duela, hainbat hitz edo ele edo, nahi baduzue, "berba" arrotz eta bakan erabiltzen dituelako; hirugarrena, etxakin hutsa dela erakusten duena, kondairaren mamian egiatik hagitz urrutira doala, bazter eta okerreko bidetik, zeren, hemen Santxo Pantza nire ezkutariaren emaztea Mari Gutierrez dela baitio, eta ez da hala, Teresa Pantza daritzo; eta honelako zer garrantzizko batean oker egiten duenak beste guztietan ere huts eginen duelako beldur izaitekoa da.
Santxok hitza sartu zuen:
Historialariaren barregarrizko zera! Ederra behar du gure jazoerezko ipuin horrek nire emazte Teresa Pantzari' Mari Gutierrez erraiten badio! Har ezazu atzera, jaun, liburu hori eta ea, ikus, ni ote nabilen hor zehar, eta niri ere izena aldatu ote didan.
Aditzea ukan dudanez, adiskide – On Xeronimok erantzun zion – zu Santxo Pantza al zaitugu, On Kixote jaunaren ezkutari edo jagolea.
Bai, neu naiz, eta harro nago horretaz.
Bada, alafede – zaldunak beste behin – egile egundar honek ez zaitu' ageri zaren bezain garbiro hartzen: jatunaren itxura ematen dizu, kaskaltzat jotzen zaitu, ez batere sonatsu barregarri izan arren, oso bestelako Santxo agertzen du, zure nagusiaren kondairaren lehenengo zatian agertu zenaz.
Jainkoak barka diezaiola – Santxok esan zuen – Nire xokoan utzi beharko ninduen, nonbait ahantzia; jakina da, dakienak joiten du ezkila, eta ongi dago Done Petiri Erroman.
Zaldun biek beren gelara elkarrekin abaltzera "gonbidatu" zuten On Kixote; bazekiten txiriboga haretan horrentzako gauza askorik ez zegoela. On kixote, beti neurritsu, haien eskaerari baietz eta biekin abari-legea egitera joan zen; Santxo bakarrik lapikoarekin, jaun eta jabe legez: mahaiaren buruan jarri zen, eta ondoan txiribogina, berau ere Santxo bezain esku-azkazal haien jangale zen eta.
Japitartean, abaria aurrera ahala, On Joanes tzitzi-pitzi, ea Dultzinea Tobosoko anderearen zer berri zuen itaundu zion On Kixoteri: ezkondu ote zen, haurrik egina ote edo izor ote zegoen, hezur berrietan alegia, edo bere onik onenean egonik, gogoratzen ote zituen On Kixoteren gogo maitekoiak (beti ere bere garbitasuna eta ohorea zainduz, noski). Honela erantzun zion:
Dultzinea osorik dago, eta nire gogoa inoiz baino tenkorrago; harremanak, aspaldi bezain elkorrak; haren ederra, nekazari zantar baten itxuraldatua.
Gero, zehatz-mehatz, Dultzinea anderearen lilura edo xarma azaldu zien, eta Montesinosen lezean gertatu zitzaiona, eta Merlin jakintsuak hura sorgingetzeko eman zion agindua zehaztu zien, Santxok bere soinari zirgorka egin behar ziona alegia. Ez ziren gutti alaitu gapare bi haiek On Kixotek bere bizialdiko jazoera harigarriak jaulkitzen zizkien bitartean; alde batetik haren zentzubagekeriak eta bestetik haren jaulkitzeko hizkera txukuna, biak ala biak harri eta belarri eginik geratu ziren. Batean, zuhurtzat hartzen zuten, bestean burubakotzat jaiten zuten, zein neurritan zen batekoa edo bestekoa ezin erabaki.
Santxok auhari-legea egin zuen, dena amaitu zuen, ostataria "xantxorekin" utzi eta bere nagusiagana zen, gelara sartzerakoan esan zien:
Hil nazatela hementxe, jaunak, horren, beroriek duten liburu horren egileak nahi ez badu guk elkarrekin ogi-papurrak jan ez ditzagula; sabeldarraio naizela omen dio, beroriek errana, baina ez nuke nahi hordi erraiterik niri.
Bai, hori ere dio – On Xeronimok adiarazi zion – ; baina ez dut gogoan zein heinetan edo nola dioen, badakit esaera biraotsuak edo zikinak darabiltzala, gezurtiak izateaz gain, ene eritziz, Santxo ona, hemen dagoena, egiazkoa eta haragizkoa ikusita.
Sinetsi begidate beroriek – Santxok harzara –, kondaira horretako Santxo eta On Kixote bertze haretakoak ez dira, Zide Hamete Benengelik idatzi edo osatu zuenekoak gu gara: nire nagusia, bihoztun, zuhur eta maitemindua; ni, berriz, sonatsu hutsa, ez jatun edo edatun.
Nik bai, sinesten dizut – esan zion On Joanesek – ; ahal balitz, agindu beharra legoke, bai, On Kixote handiaren joan-etorriez inork deusik idatz ez dezan, Zide Hamete lehen egileak egin ezik; halatsu egin zuen Alexander handiak, ez baitzion inori baimenik eman bere soin-irudia margozten ausart zedin, Apelesi ez beste inori hain zuzen.
Nire aurpegia nahi duenak margoz dezala – On Kixotek orduan – ez akatseztatu ordea; egonarria maiz irainen zamaz lehertzen da eta.
On Kixote jaunari ezin egin dakioke irainik bat ere, areanik ez, berak geroago apendu ezin dukeenik, mendekupean har ez lezakeenik; bere egonarrizko erredola, nire irudipenez, sendorra eta handia da.
Gaua aurrera eta haiek tar-tar-tar; On Joanesek liburutik gehixeago irakurtea nahi zuen ea On Kixotek zer zioen edo igarri asmoz; baina ez, ez zuten ahal izan, irakurritakoa irakurrita guztiz barbuilo zela, ez hankarik ez bururik zuela esan baitzuen, ez zuela gehiago irakurri nahi, baldin egilarengana albistea irits baledi, eskuen artean eduki eta alderen alde irakurri zuela pentsatuta, hura egile hura poz edo alaitzerik ez zuela nahi; alderantziz, likits eta zantarkerietatik gogoa bazterrarazi behar dela, eta begiak ere, halaber, kendu. Nora zihoan galde egin zioten. Zaragozara erantzun zien, hiri haretan urtero egin ohi diren zaldun-borroketara. On Joanesek adiarazi zionez, edaskai berri haretan On Kixote, nor nahi zen ere, nolabait uztai batek inguratua bezala agertzen dela, asmamen urriko, hitzetan murritz, morroeen janzkeraz txiro, txaldankerietan baina aberatsa.
Bada, horregatixe – erantzun zien On Kixotek – ez naiz Zaragozaratuko; honela kondairagile oraindar horren gezurra mundu osora jalgiaraziko dut, eta hor agertzen den On Kixote hori ni ez naizela mundu guztiari ekusaraziko diot.
Ongi egingo du – On Xeronimok – ; Bartzelonan ere zaldun-jokoak egongo dira, bai, eta On Kixote jaunak hor bere adorea erakutsi ahal izango du.
Horrela eginen dut; eman biezadate beroriek baimena oheratzeko ordua dudalako, eta har nazate berorien adiskide nahiz mirabe handien kopuruan.
Ni ere bai – gehitu zuen Santxok – : zerbaitetarako on naizate.
Honenbestez, elkarri agur egin eta On Kixote Santxogaz etzangura, hala On Xeronimo nola On Joanes txundituta utzirik, haren zuhur-ero hura ezin bereziaz batik bat, eta benetako On Kixote eta Santxo haiexek zirelakoan, ez aragoitar idazleak hitzirudituak.
On Kixote goizetik jaiki zen, eta alboko hormari ukaldika, arrozkideei agur egin zien. Santxok txiriboginari eurrez ordaindu zion, eta hori bai, etxeko hornidura ugaritzeko aholku eman zion, ugaritzeko eta ez hain ugaritzat hartzeko.