Aurreko elkarrizketa irrigarria, Santxo Pantza eta Teresa Zaborra bere emaztearen artekoa, egin bitartean, On Kixoteren Iloba eta Etxanderea ez ziren egonean geldi egon, ikusi ere argiro ikusten baitzuten, gero eta argiroago, osaba eta nagusi jauna, hirugarrenez, alde egiteko asmoz zebilela, eta berriz ere, beraien eritziz donge zen ibilatarien zalduntzara itzultzekotan zegoela: ahal zuten eraz, halako asmo gaizto haretatik aldendu nahi zuten, eta nondik edo handik ekin eta ekin zitzaizkion; burdina hotza landu nahi bezala, ordea, basamortuan oihuka aritzea zen. Honelatan, bada, harekin hitz eta pitz ari zirela, Etxandereak esan zion:
Benetan, ene jauna, berori oina geldi eta etxean ekuru geratzen ez bada, hor zehar, mendiz mendi nahiz ibarrez ibar, arima herratua bezala, jazoera esaten omen dieten zer horien bila, nik zorigaitz esaten diedana alegia, berjalgi baledi, nik, kezkatan, garrasi baten, bai Jaungoikoari bai Erregeari, goraki otoi eginen diet, berori zentzatu egin dezaten.
On Kixotek hau erantzun zion:
Etxeko andere, nik ez dakit Jaungoikoak zer erantzunen dizun, ez eta Errege jaunak ere, zure zinkurin entzunik; badakit, ostera, ni errege banintz, egunean-egunean egiten dioten hainbat milikeriari erantzun beharrean estakururen batez isilduko nintzaiokeela; erregeek ohi dituzten lanen artean nekagarrienetako bat, besteak beste, orori entzun beharra da, eta orori erantzun beharra da; nik, beraz, ez nuke nahi nire edo nirekiko zer horiek lanik asko emaiterik erregeari.
Andereak berriz ere honela:
Esan, jauna, Erregearen etxean , ez al dago zaldunik?
Bai – erantzun zion On Kixotek – eta heuragi, eta egon behar noski, printzipeen handitasunaren apaingarri, eta erregearen gorentasunari faza handia, hoila handia gehitze aldera.
Horrela bada, horretaz – ihardetsi zion emakumeak – berori ez litzateke horietarik bat, bere errege eta jaunari Erretetxean geldi, inora bagerik, mirabe zaizkionetako bat?
Begira, adixkide – erantzun zion On Kixotek – zaldun guztiak ezin izan daizteke erretetxeko, ez erregearen etxeko guztiak zaldun ibiltari ere, ezin eta behar ere ez: denetarik egon behar da ludian; eta denak zaldun izanik ere, batetik bestera, batzuengandik besteakana, alde handia dago, tarte zabala; erregearen etxetiarrak, beren geletarean irten bage, Gorteko ate-alartzetik kanporatzeke, mundu osoan zehar dabiltza, lurtamu edo mapa bati behatuz, sosik xahutu beharrik ez, hotz ala bero bost axola, egarri dela gose dela berdin; gu, ordea, egiazko zaldun ibiltariok, eguzkitan, hotzetan, egurats hutsean, ortzantz gogorren pean, gau eta egun, oinez edo zaldiz, gure oinez berez lurbira osoa neurtzen dugu; etsaiak irudietan ez ezik ben-benetan ere ezagutzen ditugu, aurrez aur, diren bezalakoxeak ekusten, eta nola nahi den ere, noiz nahi, beti erasotzen diegu, esesten diegu, umekerietan gelditu bagerik, ez diogu axut-legeari ere begiratzen, ezpata ala lantza, laburrago ala luzeago daraman gogoan hartzen ez dugu; ez digu axolarik aldean ostenduta kutunen bat edo azti-gailuren bat ote daroan, amarru egiteko, izan ere, halako axutaldietan, buruz burukoetan batez ere, eguzkia zatitu egin ohi da, xerrak egin ohi dira, eta honen antzeko txirrimarrak nik dakizkit eta zuk ez dakizkizunak egin izaiten dituzte. Gehiago ere jakin behar duzu: zaldun ibiltari ona ez da inola ere izutzen, ez beldurtzen, nahiz eta hamar erraldoi buruaz hodeiak ukitu ez ezik hodeietatik gorako, dorre luze bina zangoko, besoak zabalik itsasontzi handi-handien zuhaitz lodien antzeko, eihera-errotaren neurriko begi labe goria baino sutsuagoko ekusi; alderantziz, gizabidez eratsu-eratsu, bihotz izukaitzez, oldartu behar zaie, eraso eta esetsi, ekin behar zaie, eta ahalaz, garaitu, mendean hartu behar ditu, takada baten banandu behar ditu, harribizia baino gogorragoak omen diren zeinbait arrainen maskorrez soinekoturik baletozkio ere, edota ezpataren lekuan damaskoar altzairuzko aizto zorrotzak balekartzate, edo, nik behin baino gehiagotan ekusi izan ditudan burdinazko ziak dituzten aztak edo maketak erabiliko balituzte. Hau guzti hau esan badut, ene etxeko andere, zaldun batzuetatik besteetara doan aldea ekus dezazun esan dut, banai handia dago eta. Bada, zalduntzaren bigarren molde hau, edo hobeto esatearren lehenengoa, zaldun ibiltarien mota hau lehenengo hau gehiagotzat hartzen ez duen printzerik ez izaitea bidezko eta zuzen litzateke; izan ere, beren kondairetan irakurria dugunez, haien artean halakoxeak izan dira, izan, erresuma bat bakarrarentzat ez ezik askorentzat ere osasun eta osagarri izan direnak; hara, honenbesterainokoak.
Ai, ene nagusi! – esan zuen orduan Ilobak – ohar bedi berori zaldun ibiltariei buruz dioen guztia ipuina eta gezurra dela; horiexen kondairak, alegiak hobeki esateko, ez erretzekotan, "sanbenito" bana guttienez ipintea merezitakoak dira, ohikuntza onen galtzaile, purtzil eta matxarrak direlako ikurren bat, denen ezagugarri den bat, aldean eramaitea irabazten dute.
Ai baina ene Jaungoiko biziarazten nauena! – erran zuen On Kixotek – hara eta, zera, nire iloba ez bahintz, nire arrebaren beraren alaba haizela eta, esan dunan birao horrengatik, lurbira osoan burrunba egiteko ahal adinako zigorrada emanen ninake. Nolatan daiteke, baina, sarehuna ehundu edo bilbatzeko hamabi txotx, doi-doi, batera erabiltzen ez dakien nexkatto sostor bat, mingaina harrotuta, zaldun ibiltarien kondairak maiseatzen ausartzea? Zer esanen luke Amadis jaunak entzunen balu? Barkatu eginen linake, errazki, izan ere, bere garaiko zaldunik apalena eta gisatsuena izan zunan eta; andereñoen jagole eskergea gainera. Honela ere, beste halakok entzun izan balin, ez hukeen onik izanen, nola ere, haietarik guztiak ez baitira, gero, ez adeitsu, ez goxo, ez begirune onekoak; borrokazale eta zarpailak ere baditun batzuk. Zaldun izena daramaten guztiak ez ditun beti guztizkoak orotan; batzuk urre-urrezkoak ditun, beste batzuk krisopeia-urrezkoak ditun, diren-direnek zaldun antza diten, baina egiaren iker-harrian orok ezin iraun zezaketen. Behe mailako gixonak baditun zaldun itxurak hartzeagatik lehertzerainoko ahaleginak egiten dituztenak; eta goi mailako zaldunak baditun beheko gixonen antza hartzeagatik, beren-beregi antza, hantxe eta hantxe hil behar direla diruditenak: harakoak, edo goranahiz edo onbidez, goititzen ditun, jaikitzen eta nagusitzen; honakoak, aldiz, dela zabarkeriaz dela gaizpidez dela ohitura gaiztoz, behetitzen ditun, azpiratzen ditun; adimen zorrotzez, zentzu argiz, ibili behar dun, bi eratako zaldunak elkarrengandik bereizteko, izenez hain elkarren antzekoak izanki, izanez eta eginez hain elkarrengandik urrun baitira.
Lagun dakidala Jainkoa! – berriro Ilobak – Nire osaba hori berori, horrenbeste jakin dakiena, premia balitz, behar-beharrenean, pulpitura igo litekeena eta sermoi egiten kaleetan zehar joan ere litekeena, eta honela eta guztiz ere, horren itsumen horretan eta kaiku-uste tentel horietan erortzea ere, bada, berori; zahartua izanik kementsu dagoela uste, gaisorik egon eta indartsu dela, urteek makurtua edukita okerrak zuzentzen dituela uste, zalduna ez izan eta zaldun delako uste ustela; kapareak izan badaitezke ere txiroak ezin izan baitira...!
Horretan oso zuzen hago, iloba, dionan horretan – On Kixoteren hitzak – eta etorkiei buruz, jatorriez eta, hainbat gai hi harritzeko esan niezanake; ez dizkinat esanen, ordea, zerukoak eta lurrekoak ez nahasteagatik. Begira, enettoak, eta adizue adi-adi: munduan diren etorki guztiak lau jatorri-eratan bil litezke, honako hauek: batzuk hasera apaletan hasita, zabalduz eta hedatuz joan ziren, handitasun goienekora iritsi arteraino; beste batzuk, hasera handitan hasita, beren handitasunari eutsi eta eutsi irauten dutenak; beste batzuk, haseran handi-zabalak, bai, baina piramide edo txondorra bezala, gorago eta estuago, haserako zabala amaierako estua eta azkenean txuntxur-musturrean hutsa, askotik ezerezera; beste batzuk badira, eta gehienak dira, ez oin onik, ez soin hoberik ez bururik, haseratik amaiera bitartean izenik ez, beheko jende xehe arruntari gerta ohi zaiona. Lehenengoetarik, apaletik handitasunera igo eta goian direnetarik Otomandarren Etorkia duzu adibide, goi-goian dakusagun arren artzain apal eta xume batengandik datorrena. Bigarrengoetarik, handitik hasi eta handi baina ez handiago direnetarik hainbat eta hainbat printze dagoz, jatorriz oinordeko izanik direnak direlako, eta hortxe diraute, ez gora ez behera, beren heinaren mugan egonarri ederrean. Handiki hasi eta tini edo zi estuan azkendu zirenetan milaka adibide dago; hara, Egiptoko Faraon eta Ptolomeo guztiak, Erromako Zesarrak, eta beren inguruko eli guztia -honela esaterik baldin bada- zeinbatu ahala printze, monarka, jaun, mediar, asiriar, pertsiar, greziar eta barbaru guztiak; honako etorki edo jaurgoak oro musturrean amaitu dira, ezerezean, bai haiek bai haien ondoreangoak, oinordekorik bat ere gaur den egunean idoroterik ez da, eta, aurkituz gero ere, beheko mailan egoera kaxkarrean legoke. Jende xehearen etorkiaz den bezainbatean, ez dut zer esanik, bizi direnen kopurua gehitzeko baino ez direla baizik; beste izenik ez omenik handikiro irabazi ez dutela baino ez. Esan berri dudan honetatik, ene txotxoloak, etorki edo leinuekiko horietan nahas-mahas larria dagoena buruan sar dezazuela nahi dut, eta jaunen ontasunean, aberastasunean edo eskuzabaltasunean agertzen eta bereizten direla zinez handiak eta garbiak direnak. On, aberats eta eskuzabal esan dut, jator alegia, zeren, handia bai baina gaizpera bada gaizpera handia izanen baita, aberats eskuzabal ez dena zikoitz eskale izanen baita; aberats izaiteak ez dakar berarekin zoriona, ez eduki hutsez, eralgiz baizik, eta ez nola edo nola eralgiz, ondo eralgitzen jakinez baizik. Zaldun txiroak zaldun dela agerrarazteko onbidea beste biderik ez du, adeitsu eta apatz behar du, ongihazia izan behar du, gisatsu, neurritsu eta lanbidetsu behar du; ez hanpurutsu, ez harro, ez mihigaizto, eta, onbera behar du, batez ere; behartsuari bi sos alaikiro emanez kanpai-joiten arrapailots aurtikika irri-marra ari dena baino eskuzabalago, emankorrago agertuko baita; eta honelakoxea dela ekusi eta, ezagutu ez arren, jatortzat hartuko ez duenik ez da izanen, eta hazi onekoa ez bada miraria litzateke; onbidearen sari goraipamena beti, onbidekoiak goraki aipatua izaitea irabazten du. Bide bi dago, alabak, gizonak aberats eta ohoredun izaitera iristeko: bata hizkien bidea, bestea iskiluena. Nik hizki baino iskilu gehiago dadukat, eta jaio, iskiluetara dudan jorana, dudan jita, lera dudanez, Marte planetaren eraginpean jaio nintzen, arauez; honetaz bada, ia nahi eta nahi ez, bide horretatik jo beharra dut, eta, mundu guztiak nahi ezik ere, hortixe joan behar dut; beraz, alperrik da Maria makilatu, bai, eta alperrik nekatuko zarete ni hau zuen eritzietara bil nahiaz, zeruak nahi duenari nik uko egin diezaiodan, halabeharrak agintzen duena eta zentzua eskatzen zaidana egin ez dezadan alperrik nekatuko ni zuritzen, azken baten, nire gogoak nahi duena dut, guztiz ere. Jakin badakit, ibiltarien zalduntzari doazkion nekeak amaiezinak direla, badakit, jakin ere, halaber, horrexetatik erdiesten diren onurak ezin zeinbatu ahalakoak direla, badakit onbidea inda edo zidor estu, meharra dela oso, gaitz-bidea, ordea, zabal eta leuna; eta bien bideburuak, bien azkenak oso lekutan dagozela elkarrengandik!; gaizpidea, zabal eta lasaia, heriotzan azkentzen da, ahitzen eta azkenean hiltzen; onbidea, mehar eta neketsua, bizian bukatzen da, ez amaitzen den bizian, amairik ez duen bizian baizik; eta jakin ere badakit, gure olerkari gaztelarrak dioena legez, ezen:
Oso dela bide latza beti goranzkoa
heriotza bageko bizilekurakoa
beherantz doanak iritsi ezinezkoa
Ai ene honen errukarri ni! – esan zuen Ilobak – ; olerkari ere badut nire jauna! Oro daki, orotan aditua da: lepoa egingo nuke, hargin edo izan nahi balu, etxe bat kaiola bezain arin eraikiko lukeela.
Bai, Iloba, hitz damainat – On Kixotek erantzunez – hara, zentzu guztiak zaldunezko burubide hauetan barrena sartuak edukiko ez banitu, neuk egin ezinik ez legokeela, batere, nire eskuetatik harako bitxikeriarik, apainkirik ezin nukeenik ere ez, kaiolak diratekeela, hortzetako txotxak diretekeela.
Une honetan, ate joka norbait, eta nor zen galdeturik, Santxo Pantzak bera zelako erantzuna; etxeko anderezkoak aditu orduko, ez ikusi guran, antxintxika bere burua "kukutzera" eraman zuen: halakoxe higuina zion. Ilobak ireki, eta On Kixote bere jaunak, besoak zabalik, harrera egin zion. Gelara sartu ziren biok, eta beste elkarrizketa bat egin zuten, lehengoari batere zorrik ez diona.