On Kixote han zebilen, buruan bira-biraka, sorgindutako buruaren erantzunak zirela eta ez zirela, hainbat hitz eta hainbeste pitz egin eta egin, inodik inora ere iruzurraz ohartzeke; eta bere esaldi guztiak, bere gogoeta guztiak, hantxe, Dultzinea sorginen petik jalgiko zela esan zueneko haretan azkentzen ziren, bera, noski, erabat sinetsita baitzegoen. Hara-hona zebilen, bere baitatik pozezko adurra zeriola, laster sorgingetze hura ikusiko zuelako uste osoan. Santxo ere, jaurlari izaitea higuin zuen arren, lehenago esan bezala, artean, berriz ere jaurri edo agindu ahal izan nahitua zen, eta, batez ere, bere agindupekorik egoitea nahi zuen.
Bukatzeko, arratsalde haretan On Antonio Moreno arrotzaina, bere adiskide biekin, On Kixote eta Santxorekin itsasontziak ikuskatzera joan ziren. Ontzietako arduraduna, etorrera haretaz aurreohartua zelako, hain ospe handikoak ziren haiek biak, On Kixote eta Santxo, heldu bezain laster, galeretako oihalak eta ikurrinxkak zabaldu zituzten, zarramiolak hots egiten hasi ziren, ala edo potin bat uretaratu zuten, ileguri gorrizko xerri leunez, bururdiño bigunez estalia; On Kixotek alan oinak ipini zituenean, ontzi kapitainak aurrealdeko kainoiaz danba egin zuen, beste ontziek berdin, eta On Kixote zurubian gora hastean, marinel guztiek agur egin zioten, itsasontzi batera gizon handikiren bat sartzen deneko ohitura den eran, "Hu, Hu, Hu" hiru aldiz ohikatuz. Ontziko buruzagiak (honik aitzina honela daritzokegu) aitonseme handiki balentziarra bera, eskua eman zion eta besarkatu zuen, ziotsola:
Honako egun hau harri zuriz ozkatuko dut, nire bizialdi guztiko hoberenetako bat izanen baita, balinba!, On Kixote Mantxako jauna ikusi dudalako; hauxe, bai, zalduntza ibiltariaren kemen guztiaren ozke eta koska, ezagugarri inonerekoa.
On Kixotek halatsu erantzun zion, harek adinako gizalegez, harenak bezain esaldi gozoez, oso pozik jaun urenen legera hartua izan zelako. Ontziko txopara joan ziren, leku txukundua zen, eta albojarguetan eseri ziren; erdilerroko arraun-agintaria agertu zen, txilibitua jo eta arraunketariak irri-arra erantzi ziren, osoki hastu ziren eta Santxo harriturik, hainbeste gizakume biluz ikusiaz, areago hain arin eta berehalako baten ontzi-estalkia zabaldu zutela ikusiaz, hainbat tusuri edo Txerren lanean ibiliz gero ere ezinezkotzat jaitekoa zuen hango arintasuna; baina, gero esanen dudanaren aldean, hau guzti hau opil eta ogi izan zen. Santxo estanterolean eserita zegoen, bere ondoan eskuinaldeko aurrekoa zegoen (arraunetan lehena alegia) eta honek lehendanez bazekien zer egin behar zuen, eta Santxori heldu zion, besoetan oratu eta goratu zuen, eta hango arraunketariak zutik, erne, batagandik besteagana, besorik beso, bira-biraka, tostaz tosta, eman eta hartu, Santxo alde batetik bestera iraganarazi zuten, eta hain arin "garraiatu" ezen ikusmena galdurik, zorabioz itsu, txerren guztiek zeramatela uste izan baitzuen; eta batetik bestera, gelditu ez ziren eta geldirik ez zuten utzi, ezkerreko aldetik lehenengo lekura, besoz beso, txopara iraganarazi arte. Izerditan blai, arnasestuka, hezur guztiak hautsita bezala, etenik geratu zen, zer gertatu ote ezin antzemanik. On Kixotek hala, Santxo hegorik ez eta hegan, ikusi zuen eta buruzagi (haiek "jenerala" esaten zioten) hari galde egin zion ea halako zera, egitada hura ohiko ote zen lehen aldiz galerontzira sartzen zen nori-nahi jasanaraztea; zeren, hala izaitekotan (eman zion aditzera) berak ez baitzuen halakorik inondik inora nahi, halako ariketan bere burua erabilia ikustea ez ziola gogoak emaiten eta inork hel baliezaio, han zilipurdika ibilarazi asmoz, hantxe, bat-batean arima ostikoka erauz liezaiokeela, eta hau esan ondorean zutitu zen eta ezpata goratu zuen.
Une haretantxe, oihal-estalkia eraitsi zuten eta, zarata handia eginaz, oihal-haga goitik behera jaustean, Santxok ortzia bera gainera erorka zetorkiola uste izan zuen, eta beldurraren beldurrez burua bi zangoen artean "kukutu" zuen. On Kixote ere ez zegoen bere galtzetan lasai, izutu zen, uzkurtu zen eta aurpegia zurbildu zitzaion. Hango arraun-gatibu zirtzil haiek eraitsi bezain azkar goititu zuten oihal-haga, zarata betean, eta haiek beti isilik, mintzorik ez hatsik ez balute bezala. Agintariak (hotsemaile esatea hobe haien hizkuntzan "kómitre" badiote ere) esku-kuka batez, aingura jasotzeko, eta zartailua eskuan erdiko lerrora jauzi egin zuen, eta dzirt-dzart! arraunketarien bizkarrak berotzen hasi zen, ekin eta ekin; eta astiro-astiro itsasoratzen joan zen. Hainbeste zango gorri higitzen ikusi zuenean (arraunak ziren baina) bere buruari erran zion:
Hauexek bai, egiazki, sorgindu gauzak, eta ez nire nagusiak erraiten dituenak. Zer egin ote dute dohaingaitzok, horrela zigorkatuak izaiteko, eta nolatan gizon bakar honek, bere bakarrean, txilibitua joitez, hainbertze lagun joiteko, zigorkatzeko ausarkeria ote du? Hauxe bai, nik uste, "infernua", eburnia ziokek bertze zeinbaitek.
On Kixotek hala ikusi zuen, Santxo han gerta guztiari erne bai erne behatzen ari zela, eta esan zion:
Ai, Santxo adiskide, zein aisa eta zein laster egin hezake, nahi bahu, zera, gerritik gora erantzi, hemengo gizon hauen artean jarri eta, behin betiko, Dultzinearen sorginkeria amaiarazi! Honenbesteren apoita eta atsebagearekin bat, hik ez huke gehiegi sumatuko hire nekea; gehiago esanen diat, zeren, nagok, Merlin jakintsuak oso haintzat hartuko lukeela hemengo baten batzuen eskutik hartuko bahitu hire ukaldiak, esku onekoak dituk hauek mutilok, eta hik heure bizkarrari eman behar dituan hamarretatik hauen bat bakarra nahiko izanen dela uste baitut.
Buruzagiak' harako zigorradak edo harako Dultzinearen sorginkeria eta hura guztia zer ote ziren galdetzerakoan, marinel batek esan:
Monjuí-k oharki bat egin du itsasaldean arraun-ontzi bat dagoelako, Sartaldeko bandan.
Entzun eta buruzagiak erdi-lerroan jauzi egin eta esan zuen:
Ea, semeok, alde egin ez dagigula! Talaiatik ohartu eta horrek Argeleko itsas-lapurren mastabiko bat izan behar al du.
Beste hiru galerontziak berehala ontzi nagusira ondoratu ziren, zer aginduko. Bi itsaso zabalera irteiteko agindu zuen buruzagiak eta hirugarrenean bera joanen zela, lehorretik lehorrera, arraun-ontziak ihes eginen ez zien eran. Arraun-jopu purtzil haiek gogorki lotu ziren arraunari eta, hain azkar eragin zioten ontziari bultzaka, arraun! arraun!, hegan zebilela baitzidurien. Zabalera irten zutenek, milia bitara edo, ontzi bat urkusi zuten, hamalau-hamabost tostako zela antzeman zioten, ikustez; eta hainbestekoa zen bai; ontziak ikusi zituen eta ihesari eman zion, galerak baino arinago zela eta itzuriko zitzaien itxaropenaz; baina, oker; galerontzi nagusia itsaso guztietan zebiltzanetarik arinenetako bat zen, eta hala hurranduz joan zitzaion, eta mastabikoek argiro ikusi zuten ezin itzuri izanen zitzaizkiola. "Arraez" delakoak (mairuen artean honela esaten baitiote buruzagiari) arraunak bertan behera utz eta beren burua emaitea nahi ukan zuen, gure galerontzietako kapitainaren haserrea ez piztearren; baina, halabeharrak hala nahi eta, gure ontzi nagusia hurreratzean, arraun-ontzitik gure hitzak entzuteko bezain hur gengozenean, garaitia eman zezaten gure ontzi gainetik egiten zizkieten oihuak aditzen ari zirela, "toraki" bi, turku bi alegia, hordirik, beste hamabirekin ontzian zegozenak, zizpa-danbaka hasi ziren, eta gure itsasontzietan zetozen bi gudagizon hil zituzten. Hau zela eta, arraunontzitik hartu gizon bakar bat ere bizirik utziko ez zuela zin egin zuen gure buruzagiak; sutsuro "burrustu" zitzaion, joitera egin zuen, eraso zion, baina arraunen azpitik itzuri zitzaion. Galera aurrera joan zen, zati handi batean, ontzittokoek galdua ikusi zuten euren burua, oihalak berriz ere zabaldu zituzten, ontzi handia itzuli bitartean, eta atzera, oihalez-arraunez, iheska; ez zuten onik ukan, hale ere, erresaka ondo trebea izan zen baina ozarkeria hak kalte baizik ez zien erakarri; milia erdira baino gehixeago eta ontzi nagusiak atzeman zituen, arrauneria guztiari gainera erortzen utzita, denak bizirik harrapatu zituen. Arrendan, beste galerontziak bertaratu ziren, eta laurak bat harrapakinarekin atzera hondartzaratu; lagunoste handia zegokien hantxe begira ea zer zekarten. Lehorretik hur ditxoan gelditzeko agindu zuen buruzagiak eta hiriko erregeordea itsasertzean zegoela jakin zuen; ala bat uretaratu eta ontzira ekarteko agindu zien. Oihal-hagako haria eraisteko ere esan zien, gero arraeza eta arraunontzian atzemandako beste turkuak urkatzeko asmoz; guztira hogeita hamasei lagun, denak lerden askoak, eta gehienak zizpakari turkiarrak. Buruzagiak' ontziko arraeza nor zen itaundu zuen, eta gatibu haietako batek, gazteleraz, erantzun zion; geroago jakin zenez, antza, espainiar fedegaldu bat zen honela erantzun ziona:
Hau mutil hau, jauna, hementxe dakusazuna dugu arraez.
Gizakiaren irudimenak inoiz margo lezakeen mutilik ederren edo lirainenetako bat erakutsi zion; hogei bat urtekoa. Buruzagiak hauxe:
Esaidak, zakur gaizki aholkatu horrek, ihes egitea ezinezko izan duk eta nork bultzatu hau nire gudariak hiltzera? Hori al duk hik ontzi-nagusiari zor zaion bergirunea? Ez ote dakik izukaizkeria ez dela zangartasuna? Badaezpadako itxaropenak gizona ausart bihurrarazi behar dik, ez, ordea, izukaitz.
Arraezak ihardetsi nahi zion, baina buruzagiak ez zuen harengandik arean entzun, erregordeari harrera egitera aldendu baitzen, galerontzira sartu berri, bere sehi edo morroe batzuekin eta hiriko lagun xume zeinbaitekin zetorrelarik.
Ehizaldi ona egin duzu, jeneral jaun! – esan zion erregeordeak.
Bai, ona – buruzagiak erantzun – berorren bikaintasunak oraintxe goi-hari honetatik zintzilik ikusiko duena.
Zer dela eta, bada? – iharduki zion erregeordeak.
Bi gudari hilarazi didatelako, lege guztien gainetik eta gudatean ohikoa den ohikuntzaz bestera, galerontziotan datozenetarik onenetakoak biak; eta honegatixe gatibu hartutako guztiak urkatuko ditudala zin egin dut, mutil hau bereziki, arraunontziko arraeza delako.
Ordurako, eskuak loturik, soka lepo inguruan, heriotzaren zain zegoenari begirarazi zion; erregeordeak so egin eta, hain ederra, hain liraina, hain apala ikusirik, politasun hura nolabait begietsiz, haren heriotza ekiditeko gogoa piztu zitzaion, eta honela galdetu zion:
Esaidak, arraez, izaitez zer haiz, turku, edo mairu, edo fedebako?
Mutilak, gazteleraz ere bai, hauxe eman zion aditzera:
Ez naiz turkiarra izaitez, ez mairua ez fede-ukatzailea.
Zer haiz, bada? – erregeordeak atzera.
Emakumezko giristinoa – mutilak erantzun.
Emakumezko, eta giristinoa, eta horrela jantzia, eta horrelako zeratan zertua?. Sinesteak lan dik, harritzekoa bada ere.
Eten, otoi – mutilak esan zuen – oi jaunok! nire heriotza; zuen mendekua pitin bat berantzeagatik ez da ezer galduko, eta nik, bitartean, nire bizitza aletuko dizuet.
Hau entzunik, nork behar zuen bihotz hain gogorra, nor ez zen beratuko, harek mutil gaixo errukarri harek esan nahi zituenak entzun artean, behinik.behin. Barkamenik erdietsiko ez zuela baina nahi zuen guztia jaulkitzeko esan zion buruzagiak, errua ezagun zuela eta. Baimen hau harturik, mutila mintzatzeari ekin zitzaion, honela:
Egunotan zoritxar olde batek astindu duen herrialde zentzuzkoa baino zorigaiztokoa areago den haretan mairu-giristino diren gurasoek sortua nauzue ni. Halabehar gaiztoaren bidetik, nire osaba-izebek Berberiara eraman ninduten, eta ez dut batere on izan giristino naizela esatea; eta benetan naiz, ez itxurazkoa ez sasi edo aizuna, egiazko katolikoa naiz; egia hau ez zen ezertarako gure herbeste errukarrian gure arduradunen aurrean, nire osaba-izebek ere ez zuten sinetsi nahi, alderantziz, ni jaio nintzen lurraldean geratzeko asmoz asmaturiko gezurtzat hartzen zuten, eta hau honela, indarrez, ez nik nahita, eraman ninduten. Ama giristino nuen, aita zuhur bezain giristino, ez guti ez gehi: Fede katolikoa esnearekin batera edoski nuen; haztura onetan hazi ninduten; ez hizkuntzan edota ohituretan inoiz, ene gardiz, mairuxka agertu ez nintzen. Bada, honelako dohainekin -dohain onak direla uste baitut- batera, nire edertasuna hazi zen, baldin ederra banaiz; nire lotsa ona handia izanagatik, eta nire etxe barruan egotea luzea, ez ziren izan behar bestekoak, antza, ez, behintzat, gure etxetik gertu bizi zen kapare baten seme lehena den Gaspar Gregorio deritzonak ez ni ikusteko adinakoak. Nola ikusi ninduen, nola hitz egin genuen, nola nigatik burua galdu zuen, nola nik harengatik deus irabazi ez nuen, eta hori jaulkitzen edo aletzen luze litzateke; are luzeago lepo-eztarri inguruan zemai egiten didan soka hau dudan bitarte honetantxe; hau baino ez dut esango, beraz, hots, On Gregoriok gure herbestean lagun egin nahi izan zigula. Mairu-giristinoen artean nahasi zen, eta beste leku askotatik bilduak izan arren, berak hizkuntza ondo zekielako haiekin txit haietartu zen; joataldian nire osaba-izeben elaide egin zen. Nire aitak, zentzuzko gizon ernaia izanik, gure herbesteratzeko lehen agin-aldarria entzun orduko, lekutu zen eta gu abegiz har gintzan herrialde urrutiko baten bila joan zen. Nonbait lurperatu eta ostenduak utzi zituen, neronez beste inork ez dakien lekuan, hainbat harribitxi eta balio handiko beste harri ugarirekin diru-txanpon batzuk, bai "kruzadoak " bai urrezko "dobloiak "; bera itzuli aurrez gu atzerrira bidaliz gero, altxorra inola ere ez ukitzeko agindu zidan. Honelaxe egin nuen, eta nire osaba-izebekin, esan bezala, eta beste senide edo ahaide batzuekin Berberiaratu nintzen, eta Argelen jarri ginen, eta sulezean egin bagenu berdin. Erregeak nire ederraren berri jaso zuen, nire aberatsaren ahomena ere heldu zitzaion, nire erruagatik hein baten. Berarengana atotsi ninduen, Espainiako zein aldetakoa nintzen, zelako diruak eta zeinbat bitxi nekarren galde egin zidan. Nongoa esan nion, bitxi-diruak han lurperatuak geratu zirena ere bai; honela ere, ni joatekotan, erraz hartzekoak zirela adiarazi nion. Hauxe, zeragatik, nire ederrak ez baina haren diru-goseak itsutzen zuela beldur nintzelako esan nion. Halatan, bada, ari ginela, elkarrekin hizketan, nirekin, inoiz irudika litekeen mutilik ederren eta lirainenetako bat zetorrela aditzera ematen nor bat etorri zitzaion. On Gaspar Gregorioz esan ziola igini nion, beronen ederra benetan ederrenetan ederrentzat har baitaiteke. Zinez kezkatu egin nintzen, larriro, On Gregorio galbidean zela etsita, zeren, halako turku basa haien artean, mutil ederra neska baino, politik politena izan arren, oneritziago zein maitetsiago ohi baitute. Erregeak' berehala ekarrarazteko agindu zion, aitzinean ikustearren, eta mutil haretaz ziotena egia ote zen galdetu zidan. Bada, baietz esan nion, halakoxea zela, zeruak iradoki bezala esan ere nik; baina, zera, mutil ez zela, ni bezain neska zela esan nion esan; eta otoi eskatu uzteko niri haren janztera joaten, harexen edertasun osoan ager zekion, aitzinean den bezala-bezalaxe ikustearren. Bai, joateko esan zidan, eta beste egun batean, ni altxorraren bila Espainiaratzeko zer egin eta horretaz hitz egingo genuela. On Gasparrekin mintzatu nintzen, mutil agertuz gero zein arrisku larritan zegoen jakin eragin nion, neska mairuz jantzarazi eta arratsaldean Erregearen aitzinera eraman nuen; honek ikustea eta liluratzea bat izan zen; Jaun Handiari oparitzat emateko gordetzea erabaki zuen; eta bere beste emaztekien artean -haiek "serrallo" edo esaten dioten andere-jauregian alegia- galtzorian gerta litekeela eta arriskua galaraztearren, beste emakume mairu aitonalaba batzuen etxean jarrarazteko agindu zuen, zain zezaten, eta eraman zuten. Biok ala biok orduantxe "sentitu" genuena -maite dudala ezin ukatu nik eta- bego elkarrengandik alderatu beharra dutenen gogo-bihotzean, elkar maite badute. Gero, Erregeak ni arraunontzi honetan Espainiara itzultzeko bide egin zuen, turkiar bi lagun emanda, zuen gudariak hil zituztenok hain zuzen ere; nirekin espainiar fedebako hau -hitz egin zuen lehenengo ha ikusarazi zien- etorri zen; giristino osoa dela ondo dakit nik, estalian bada ere, Espainian geratzeko Berberiara berjoateko baino gogo handiagoa duena; gainerako zarpailok mairu-turkuak dira, arraunez boga egiteko baino ez direnak. Turkiar biok, miguru, askogura, ozarrok, agindua hautsiz, zeren, ni eta fedebakoa Espainiako lehen gunean, giristino janzkeradun, -hemen janzkiak- lehorreratzekoa baitzen agindua, itsasaldea orraztu nahi ukan zuten, harrapakinen bat lortze aldera, ahal izatekotan, beldurrez eta, gu lehorreraz gero, zerbait edo ezbehar zenbait gerta balekigu, beharbada, gure ontzittoa itsasoan ditxoan zegoela urkus edo igar lezaketela; eta, inguru alde honetan galerontziak ibiliz gero gurea atxilo har lezaketela. Bart, hondartza hau aurkitu dugu, eta lau galerontzi hauen albisterik jaso bagerik, aurkitu gaituzte, eta zuek ikusitakoa gertatu zaigu. Bukatzeko, On Gregorio emakumezkoen artean ema-jantzia, galtzeko zori larrian, eta ni eskuak loturik hemen, itxadaiten, edo hobeto esatearren, bizia galtzeko zori gaiztoaren zain, neke-neke. Hauxe, bada, jaunok, nire bizitza latzaren azkena, egiazkoa bezain ondikozkoa; giristino bezala hiltzea nahi nuke, honela hiltzen uzteko, otoi; izan ere, esan dudana legez, ni ez naiz inondik inora ere errudun, nire aberrikoak erori diren erruaren errudun.
Isildu zen, begiak malko xamurrez bustirik, eta aldamenean zegozen batzuk ere malkoak zerizkiela. Erregordea, xamur eta bera, hitzik esateke, harengana zen eta haren mairu ederraren eskuak lotzen zituen soka eskuz askatu zion.
Bien bitartean, neska mairuxka giristino harek bere edaskai harrigarria jaulkitzen zueino, agure erromes batek begiz joa zuen, begia kendu ez ziola, eta, neskak hitz-jarioa amaitu zuenean, erregeordearekin etorria zen zahar harek, beraren oinetara egin zuen, besartetu zizkion, eta hasperenka mintzoz, zinkurin eta negar-zotinka, honela esan zion:
Oi, Ana Felix, ene alaba doabagea! Ni hire aita Ricote naun, hire bila etorritakoa, hire bagerik ezin biziz, heu nire arima haunat eta.
Santxok begiak zabal-zabaldu zituen eta burua jaso zuen (bere osterattoaren amaiera txarraz gogoetatsu erdi-etzanda baitzuen), erromesari behatu bat egin zion eta, bai, Ricote, bera jaurlaritzatik ateratu zen egunean aurkitu zuena ber-bera zen; eta halaxe baieztatu zen, halaber, hura horren alaba zela; askatu eta aita besarkatu zuen, bataren zein bestearen malkoak nahasiz, eta aitak honela esan zien buruzagiari eta erregeordeari:
Hau, jaunok, nire alaba dut, izenez zoriontsu baina bizitzaz zoritxartsu, Ana Felix daritzo, abizena Ricote, ederrez bezain aberatsez aipu handikoa. Ni neure aberritik jalgi nintzen, urrutira, guri batzarri edo abegi ona egin ziezagun zeinbait herrialderen bila; Alemanian ediren nuen, eta gero, bi alemaniarrekin, erromes antzera jantzirik, nire alabaren bilatzen, eta lurpean utzi nituen ondasunak oro berreskuratu xedez. Ez nuen alaba ediren, altxorra bai, eta nire aldean dakart; eta orain, inguru-minguru ikusi duzuenez, ni gehien aberasten nauen altxorra aurkitu dut: nire alaba maitea. Gure erru ttikia eta gure bion negar-malkook, zuen zuzentasunaz bat, onberatasunaren atea irekitzeko gai badira, egizue gure alde, guk ez dugu nehoiz zuen kalterako deus egiteko gogorik ukan, gure gutarren asmoekin bat ez gatoz nehondik ere, ongi herbesteratuak izan dira, zuzenkiro.
Santxok orduan:
Ongi ezaguna dut Ricote, eta Ana Felix bere alaba dela eta dioen guztia egia dela dakit; bertze zer horietan, ezdeuskeria horietan, joan-jin eta xede ona edo gaiztoa eta horrelakoetan ni ez naiz sartzen.
Gertaeraz denak harritu eta buruzagiak esan zuen:
Zuen malkoek, banan-banan, ez didate nik egindako zina betetzen utziko: bizi zaitez, Ana Felix eder hori, zeruak zuretzat erabakiak dituen urteetan, eta okerkeria egin duten ozar harroek har dezaten beren erruaren zigorrada.
Turkiar biak goi-haritik esekitzeko agindu zuen, bi gudagizonen hiltzeagatik; baina erregeordeak ez urkatzeko, arren bai arren, galdatu zion, haien erruak ausardiatik baino erokeriatik areago zuela eta. Erregeordea eskatu bezala buruzagiak egin zuen, odol hotzetan apentzea ez da egin-ehia; eta On Gaspar Gregorio zegoen arrisku latzerean nola aterarazi asmatzen saiatu ziren; Ricotek honetarako, harribitxi nahiz txirlarritan zeduzkan dukatetatik bi mila eskaini zuen. Beste bitarteko ugari batzuk ere eskainiak izan ziren, baina denetan larriena lehenago aipatu espainiar fedegaldu harek eman zuen, zer eta bere burua eskaini baitzuen, ontzittoren batean Argelera itzultzeko; sei-zazpi tostako bat, arraunlari kristauekin, nahiko ei zuen, berak bazekielako non, nola eta noiz lehorrera ahal eta behar zuen, eta On Gaspar zegoen etxea zein zen ere bazkielako. Hala buruzagia nola erregordea ezbaian zegozen, entzindu nahi ezean deusik fedebako harengandik, ez arraunlari kristauak haren menpean bogatzen jarrarazteko gogorik ere; Ana Felixek haren hitza on egin zuen, eta Ricotek giristinoen, galduko balira ere, jaregin-saria ordaintzeko hitza eman zuen.
Denak bat etorrita, azkenik, erregordea ontzititu zen, lehorrera, eta On Antonio Morenok neskarekin aita eraman zuen; eta, erregordeak esan zion eran, ahalik ondoen, gozoen eta atseginen ibili zituen biak; hainbesterainokoxea izan zen, izan ere, Ana Felixen ederrak haren bihotzean egin zion zirrara, eragin zion onberatasun eta onginahia.