Bartzelonatik irteitean, On Kixotek lur jota gelditu zen guneari so egin zion, eta esan:
Hementxe Troia izan zen! Hementxe nire zori gaiztoak, ez nire koldarkeriak, lorturiko nire aintza guztiak eraman zizkidan; hementxe asturuak nahas-mahas ibilarazi ninduen; hementxe nire egitandiak txikitu, hementxe, azkenean, nire eskualdia betiko erori zen inoiz ere ez berjaikitzeko!
Santxok entzun eta erran zion:
Bihotz zangarrek, ene jauna, zorigaitza eramaiten bezain zoriona gozatzen dute jakiten; eta hauxe niregatik diot, bereziki: jaurlari nintzenean botzik nengoen, urus nintzen, orain oinezko ezkutari naiz eta ez naiz ilun ez goibel; nonbait entzuna dut, ezen Asturu delako hori emazteki hordia eta lakrikuna dela, eta itsua guziz ere; ez daki, honetaz, nor erorarazten duen, ez dakusa zer egiten duen, ez daki nor gailenarazten duen.
Filosofo hutsa haiz, Santxo, edo sofofilo, edo jakintzale – On Kixotek – ; hori eritzi-jario zentzuzkoa, ez zakiat nork irakasten dian. Bazakiat, baina, lurbiran ez dagoela halabeharrik, zer edo zer gerta ere, on ala gaitz, zeruak nahi ez duenik, eta honegatixe esaera hori: nor bere halabeharraren egile dela; nik neure honelabeharra bezala hik heure horrelabeharra duk. Ni neureaz ez nauk behar bezain zuhur ibili, eta nire harroak apaldu dituk; lehendik bururatu behar izan zitzaidaan ezinezkoa zela Ilargi Zurikoaren zalditzar sendorraren aurrean Rozinante ahulak gogor egitea. Azarri ninduan, azkenik; ahal nuen guztia egin nian; eraitsi nindian; eta ohorea galdu banuen ere, ez nian galdu, ezin nian galdu, nire hitza betetzeko dohaina. Zaldun ibiltari nintzenean, bipil eta bihoztun, nire egiteez, nire eskuez nire eginkizuna betetzen nian; orain, oinezko ezkutari naizenean, nik emandako hitza nire hitza betez bermatuko diat. Ibil hadi, bada, Santxo adixkide, goazen gure herrian urtebeteko asperrialdia egitera, apaizgai bagina bezala, eta sarritxita egon ondorean, berriro nik ahantzi ezin dudan iskilu.iharduerara dohain eta gogo berriez itzuliko gaituk.
Jauna, oinez ibilte hau ez da batere atsegingarri, ez ibilaldi luzeak egitera eiatu ez gogoa berotu egiten dit. Utz ditzagun iskiluok zuhamu baten adar batetik zintzil, urkatu baten lekuan, eta ni astoaren bizkarrera igoko naiz, oinak lurretik eraikiz, eta ibilaldia berorrek nahi bezala, neurtu bezala, eginen dugu; oinez ibiliz eta luzez egin behar dudala gogoratu hutsez gogorik bage gelditzen naiz.
Ongi esan duk, Santxo, edo erran; eseki ditzagun nire iskiluok garaikur baten antzera, eta haien azpian, edo aldamenean, Errolanen iskiluen "trofeoan" idatzita zegoena guk zuhaitzetan irarriko diagu:
Ez bitza nehork uki
Errolanen aitzinean ezin badu iharduki
Hori guzia berebiziko iruditzen zait – Santxok erantzun berriro –; eta, biderako behar ez bagenu, Rozinante bera era hor zintzilik utz bageneza on lekiguke.
Ez horixe, ez eta iskiluak ere – ihardetsi zion On Kixotek – ez ditiat urkatu nahi, ez dezala inork esan mirabe onari sari gaiztoa!
Ederki errana du berorrek hori, astoaren errua ez omen zaio bastari egotzi behar, zuhurren errana hauxe: eta gertaera honetaz errua berorrek duenez gero, zigor beza berorrek bere burua; ez dadila leher berorren aiherra edota herra iskilu eten eta odolduen aitzi, ez Rozinanteren otzanagatik, ez nire oinen uxterraren kaltetan, nahikoa baino gehiago ibil daitezelako nahikeriaz.
Ibilian-ibilian, egun hura guztia, horrelakoxe ele-mele edo solasetan eman zuten, eta egun bakar bat ez, beste lau ere baizik, ibilera okertzeko deus berezirik gertatu ez zitzaielarik; bostgarrenean, herrixka bateko sarraldean, txiriboga edo "jatetxe" baten ondoan, atarian, lagun ugari aurkitu zuten, jaia zela eta hantxe irri-mirri. On Kixote hurrerakoan, nekazari batek goraki esan zuen:
Hor datozen jaun bietako baten batek, alderdiak ezagutu ez eta, gure "apostu" honetan zer egin behar den esango digu.
Bai, esanen dut, bai horixe – erantsi zion On Kixotek – guztiz zuzenkiro, nondik nora doan ikasiz gero, noski.
Ba, zera, hauxe da – nekazaria mintzo – jaun zintzo, hemen auzo batek, hamaika arroa lodi denak, beste auzo bati, bost baino gehiagoko "pisua" ez duenari, lasterka egiteko erronka egin ziola. Baldintza hauxe zuen, hala ere, hots, ehun urratseko lasterraldi bat egin behar zutena, baina "pisu" berdinarekin; axut egileari hori nola egin galdetu eta erronka hartzaileak, bost arroakoak, gainean sei arroa burdina eroanez egiteko, eta honela lodiaren hamaikekin bat mehearen hamaikak.
Hori ez – sartu zuen hitza Santxok, On Kixotek erantzun aurretik – Niri dagokit, duela egun guti jaurlari eta epaile izaitetik jalgi bainaiz, mundu guziak dakien bezala, zalantza hauek argi eta auzi guzietan ebaztea.
Erantzun, bai, Santxo, ordu onean – On Kixotek esan zion – ni ez nagok mitxinari apurrik emaitekotan, honen bainator burua kezkaturik, zentzua nahasirik.
Baimen hau jasorik, Santxok nekazariei, inguruan ugari eta denak ahoa zabalik honen ebazpenaren zain zegozenei, hauxe:
Haurrideok, lodiak edo gizenak nahi duena ez da bidezkoa, ez da zuzentzaren hatzik ere; erronka hartzaileak bere iskiluak hautatzeko aukera omen du, agidanean, beti, eta, honengatik, ez du egoki garaile gertatzeko debeku edo eragozgarri izan litezkeen zerak hartzea bere gain; honen kariaz, alta, lodi axutariak behar luke mehetu, argaldu eta mehastu behar luke, krokaildu, han moztu hemen moztu, bere soinetik sei arroa edekitzearren, ahal edo nahi lukeen erarik hoberenaz, eta honela, bortz arroa hazta geraturik, bertzearen bortzekin berdindua, lasterka egin ahal izanen dute.
Arranoa! – Santxoren ebazpena entzun zuen nekazari batek esan zuen – bai ondo hitz egin duela gizon honek, bai kalonje baten antzera ebatzi ere! Lodiak, alabaina, ez dut uste bere haragitik apur bat ere moztu nahi lezakeenik, sei arroa are gutxiago.
Onena lasterkarik ez egitea dute – beste batek gehitu – , mehekoa, zama gainean, aunatu egin ez dadin, eta ez gizena mirriztu; bota apostuaren erdia ardotan, eraman ditzagun hauek jaunok garestiko ardanetxera, eta nire gainean... euria egiten duenean kapusaia.
Eskertzen dizuet, jaunok – On Kixotek – baina ezin trika naiteke, ez eta gesu baten ere geldi, zeren, burutapen eta gertaera ilunak baititut gogoan eta arintto ibili beharra dut, bidean aurrera, gaizki-ikasia dirudidan arren.
Rozinanteri orpokada bana eman zion eta aurrerantz joan zen, han ziren guztiak harrituta utzirik, hala haren itxura bakana ekusita nola haren morroetzat hartu zuten Santxoren zuhurtasuna ikasita. Nekazari batek orduan:
Morroia horren zuhurra bada, nolakoa behar du nagusiak? Lepoa egingo nuke, horiek Salamankara ikastera joanez gero, aurki Gorteko alkate, biak; den-dena hutsa da, ikasi eta gehiago ikasi egin ezean, eta halabeharra ondoan beti aldeko; eta honela, usterik gutxienean gizonak makila eskuan, edo buruan "mitra".
Gaua nagusi-morroeek bide erdian eman zuten, landa zabalean, oskarbipean, eta biharamunean, bideari berriz ere lotu eta laster, gizon bat oinez, lepoan zorroak, azkona eskuan, beraienganantz zetorrela urkusi zuten; itxuraz oinezko "postaria" edo mezulariren bat. On Kixoteren aldera orduko, urratsa arinduxe zuen, eta antxintxika ondoratu zitzaion; eskuineko izterra besartetu zion, gehiago ezinik eta, alai baino alaiago:
Oi, ene jaun On Kixote Mantxako, zein pozik jarriko den nire jaun Dukearen bihotza, berori gaztelura itzultzen dela jakinik, bertan nire andere Dukearekin dagoena!
Ez zaitut ezagun, elaide – On Kixote mintzo – ez dakit nor zaitudan, zuk esan ezik.
Ni, On Kixote jaun – mezulariak erantzun – Tosilos naiz, Duke jaunaren zamaltzaina; zera, berorrekin Rodriguez etxanderearen alabaren ezkontzagatik, zertu nahi izan ez nuena.
Jaungoikoari! Zu ote zarea nire etsai sorgintzaileek zaltzain bilakatu zutena, borroka haretako aintza niri kentzearren?
Isil, jaun ona; han ez zen gertatu inolako sorginkeriarik, ez inoren antzaldaketarik: Tosilos zaltzain nintzen eta Tosilos zaltzain borroka-toki haretatik irten. Neska politetsi nuen eta gatazkarik bage ezkondu gogo nintzen, baina nahiaz beste gertatu; berori gaztelurean aldendu bezain laster Duke jaunak oloak eman zizkidan, ehun makilkada emanarazi, borroka baino lehenago berak agindu zidana doi-doi bete ez nuelako; azkenean, neska lekaime sartu da, Rodriguez etxanderea Gaztelara itzuli, eta ni Bartzelonara bidean, erregeordeari gutun-mordo bat nire nagusiagandik eramaitera. Berorrek xurrupadatto nahi badu, hona hemen, bero badago ere, edan-kui bat bete ardo garesti, eta Trontxon-go gazta zati batzuk, egarria iratzartzeko ona, baldin egarria lotan badago.
Nahi dut – esan zion Santxok hitzetik hortzera – begoz geldi gurrak eta agurrak, isuri Tosilos zintzoak nahi adina, eta hor konpon Indietako sorgintzaile guziak.
Hondarrean, Santxo – iharduki zion On Kixotek – hi haiz ludiko sabeldarraiorik handiena, eta lurbirako ezikasiena, ez ohartzea, gero, mezulari hau sorginduta dagoenik, Tosilos hau zeharo itxuraldatua dela ez ekustea, gero, hik! Gera hadi horrekin, ase hadi; ni, ttaka-ttaka, aitzina noak, etorriko hatzait.
Zaltzainak barre egin zuen, kuia eskuan hartu, gazta-zatiak zorrotitu zituen, eta ogitto bat ateratu zuen; bera Santxorekin belar hezearen gainean eseri, eta bare-bare biak elkarrekin on-onean dena irentsi zuten, zorroetako hondarkinak eta guzti, den-dena ustiratu zuten, hain zapa-zapa mizkindu, ezen, azkenean gutunen azalak ere, gazta-usaina zutelako, miazkatu zituztela. Tosilosek Santxori:
Hire nagusi horrek, Santxo adiskide, zoro behar dik
Nolatan behar dik? – erantzun Santxok – behar, beharrik ez dik horrek, oro nahi, oro ahal dik, zeinbait zorokeria bada, areago. Nik ongi ikusten zioat, eta erran ere erraiten zioat; baina, zertarako? Orai are txarrago, guziz burutik eginik zoak eta, Ilargi Zuriko Zaldunak menpean hartu duelako
Gertaturiko guztia aletzeko eskatu zitzaion Tosilos; Santxok' hantxe bere nagusia aitzina joanez bakarrik uztea gizalege oneko ez zela adiarazi zion, eta beste egun batean jaulkiko ziola, baldin beste behin elkartzeko aukerarik egon baledi. Zutitu ziren lurrerean papar eta bizar aldeak apurrez garbitzeko astindu zituzten, astoari ahokotik heldu zion, eta "adio" esanda, Tosilos bertan utzi zuen; nagusia zuhaitz baten gerizpean itxaraiten zegoen eta hara bildu zitzaion.