Alde batetik gogoetatsu, bestetik oso alai zihoan On Kixote oinperatua, porrokatua, barregarri erabilitakoa. Mendean hartua izanak goibeldura eragiten zion; alabaina, Santxoren dohainak alaitasuna emaiten zion, Altisidora berpiztean erakutsi zuena, nahiz eta neskatxa maitemindua benetan hila zela sinesteak lan pittin-pittin bat eman. Santxo, berriz, ez zihoan batere pozik, zergatik eta, Altisidorak hitz eman bai baina agindutako atorrak eman ez zizkiolako; bada, honetan-haretan ari zela, nagusiari honela erran zion:
Jauna, zinez, munduan den atxeter edo sendatzailerik ondikozkoena nik behar dut; bada "fisikaririk" sendatu behar duen gaisoa hil arren, bere lanaren saria jasotzen duena, eta bere lana txarteltto batean sendagai batzuk idaztea bertzerik ez da, berak ez, sendagaigileak edo "botikarioak" osatzen dituenak gainera, eta niri hogotxineko bat ere ez didate emaiten, alderantziz, bertzeren osagarria edo osasuna nik ordaindu behar, odol-tantaz, bizarreko ukituez, zimikoez, orratz-sistadez eta zigorkadez. Bada, bertze behin, zeinbait eri, sendatze aldera, eskuetaratzen badidate, sendatu aitzin eskuak ongi busti beharko dizkidate, gantzez ala goipez; nondik lan handik jan, ez dut uste zeruak niri eman dahaina bertzeekin musu truk banatzeko eman didanik.
Zuzen hago, Santxo adixkide – On Kixotek – Altisidorak gaizki egin dik hiri agindutako atorrak ez emaiteaz; hire dohaina, berriz, dohainik jasoa denez gero, gratis data alegia, ikasi beharrekorik bage hartu duala esan nahi diat, hiri ikastea ez baina oloak hartzea dagokik, martiri izaitea hots, edo bestela esanez odol-aitortzaile. Nire aldetik zera dioat, Dultzinea sorgingetzeko zigorraren ordain saririk nahi baduk, nik ontzat eta ona emanen diat, alabaina, ez zakiat sendapena sariarekin bat ongi datorren eta ez nikek sariak sendagaia galarazterik nahi. Dena dela, ziurpetzen badugu ez diagu ezer galduko: horra, Santxo, nahi baduk, emaizkiok heure soinari makilkadak, eta gero har ezak ordaina heure eskuz eta dirutan, nire diruak heuk daduzkak eta.
Zabaldu zituen Santxok begi-belarri guztiak, arra bete bai, eta baietza eman, bertatik bertara, bihotzean, gogo onez zigorra hartzeko, eta nagusiari honela esan zion:
Orai bai, jauna, berorrek nahi duenaz atsegin eman gogo naiz, beti ere mozkinak enetzat izaitekotan, nire seme-alaben eta emaztearenganako maitasunak horretara behartzen bainau. Erran, bada, zigorkada bakoitzeko zeinbat emanen dit?
Santxo, sendagarri honen handitasuna dela eta ontasuna dela, ordaindu behar banik, Beneziako altxorra edota Potosiko meatzak guti lituzkek hire sarirako; har ezak heuk dadukaan neurearen kontu eta ezar ukaldi bakoitzeko jo-saria.
Hirur mila eta hirurehun eta hainbat dira emaitekoak – Santxo mintzo – bortz emanak ditut dagonekoz, garaitikoak emankidin, sar ditzagun bortzok hainbat horien artean eta goazen hirur mila eta hirurehunetara, txanpon bana -guttiago ez dut jasoko mundu guziak aginduko balit ere-, eta orotara hirur mila eta hirurehun txanpon izanen ditut; hirur milok, mila eta bortzehun erreal-erdi dira, zazpiehun eta berrogoita hamar erreal, beraz; hirurehunok' ehun eta berrogeita hamar erreal-erdi, hiruretan hogoi eta hamabortz erreal, eta hok, bertze zazpiehun eta berrogoita hamarrokin batera, orotara zortziehun eta hogoita bortz erreal ditut. Nik daduzkadan berorrenetatik horiexek edekiko ditut, eta aberats okitu eta botzik etxeratuko naiz, zeharo talikatua hala ere, zeren, amuarrainak ez baitira harrapatzen... eta ez diot haboro.
Oi Santxo dohatsua! Oi Santxo maitagarria! – erantsi zuen On Kixotek – zein behartuak gaituzkek bai Dultzinea bai nerau zeruak emanen digun bizialdiko egun guztietan hire mirabe izaiteko! Hura bere galdutako izaerara itzultzen bada -ezin bestela izan daitekeelako-, bere zori txarra zori on izanen duk, eta nire azpiratzea gurenda zorion-zoriontsua. Ea, Santxo, heuk ekus noiz hasi nahi duan zigorkaldia; lehen bai lehen egitekotan ehun erreal gehiago gehituko diat.
Noiz? Gauon, bertzerik bage. Landan, izarpean egiteko begiz berorrek antolak; nik neure haragiak urratuko ditut.
Gaua heldu zen, egundainoko "egarriz" eta txirrintaz itxaroten zuena, Apoloren gurdiaren gurpilak etenik zegozela ziruditson, eguna ohi bezain arin argitzen ez zuela eta berantetsirik, maiteminduei gertatzen zaienaren antzera, beren nahi edo gurariak ezin egokituz ibili ohi direnak. Azkenean, bidetik bazter xamar zegoen zuhaizti atsegin batera sartu ziren, Rozinanteren aulkia eta astoaren basta hutsitu zituzten, belar hezearen gainean eseri eta Santxoren zorroko janaritik abaria hartu zuten (ahonek "auharia" esan zuen). Hartu ere zuen honek astoaren buruko uhala; zigor zalu gogor bat bazedukan, eta bere nagusiagandik hogei bat urrats aldendu zen, pago batzuen artera. On Kixotek, hara, hain gogotsu eta azkar zihoala ikusi zuen eta esan zion:
Kontuz, adixkide, ez egik porroskatu: ukaldi batetik bestera har ezak astirik, ez hadi lasterregi ibil, eta gero, lasterketaren erdian, arnasestuka; zera esan nahi diat, edo erran, ez emaiteko dzartada gogorregi eta eman nahi duan kopurura baino lehen bizia gal. Eta ez gutiago ez gehiago eman ez dezaan, ni bazterretik, nire errosario honezaz, eman-hartzen dituan zigorkadak zeinbatzen ari izanen naiz. Zerua lagun dakiala, hire asmo horren onak merezi duena legez.
Ordaintzaile onak berak urratzen ditu espartinak ; hil ez baina oinaze bai, honela joiteko asmoa dut, mirari honen gako guzia, nik uste, horretan datza eta.
Larrugorritan jarri zen, gerritik gora, hartu zuen bixi-bixi uhala edo hedea, eta han hasi zen jo eta jo, On Kixote banan-banan, aldi berean, joiteak zeinbatzen. Sei edo zortzi izanen zuen harturik Santxok eta halako iseka astun samarra zela otu zitzaion edota ordaina merkeegia iruditu, eta gelditu zen, pixka baten, bere nagusiari oker erabakia zegoela adiarazi zion, zeren, zigorkada bakoitzak txanponetan bagerik erreal erditan jasotzea uste baitzuen.
Ez etsi, Santxo adixkide, jarrai hakio aurrera; lehen esandako saria bere horretan bikoiztuko diat.
Horrela bada – Santxok berriz ere – Jainkoaren esku izan dadila eta betoz erasoka zigorkadak!
Baina, maltzur alaenak, bere bizkarraldean emaiteari utzirik zuhaitzei emaiten hasi zen, eta noiz-behinka halakoxe zotin-hasperenak egiten zituen zartako bakoitzak arima erauzi behar ziola baitzirudien. On Kixote bera-bera egina zegoen, bigundurik, Santxok hala bere bizia amaituko ote zuen beldurrez, eta, haren gehiegiaz, halaxe, bere asmoa erdiesteke geratuko ote zen, haren kaskarinagatik; honela esan zion:
Adixkide, hire biziagatik, geldi dadila egiteko hau bere honetan; sendabide honi oso latz erizten zioat, eta on izanen duk geroari ere berea uztea, aldian aldikoa; ez zuan izan ordubetekoa Zamorakoa. Mila ukalditik gora badituk hartuak, dagoeneko, nik oker zeinbatu ez baditut; aski dituk oraingoz; astoak ere -zakar antzean mintzatuz- bere neurriko zama ongi hartzen dik, ez, ordea, handik gainekoa.
Ez, jauna, ez; ez dadila enegatik halako hura erran: "aitzinetik jan eta gero ez egin lan". Urrutira bedi berori bertze pittin bat, eta utz biezat bertze mila ukaldi gutienez hartzen; honelako bertze bi ekitaldi eginaz nahikoa sail hau osatzeko, eta gainez egin ere honenbertzez.
Horren aldarte oneko bahaiz, bada – On Kixotek esan – zerua lagun izan dakiala eta hakio jaiteari, ekin; ni harantzaxeago banoak.
Berrekin zitzaion Santxo berriz ere bere ataza edo zereginari, eta hain gogotsu ekin ere, ezen, laster zituela inguruko zuhaitzak oro azal-zurituak, hain gogor ari baitzen jo eta jo. Halako baten, ahotsa goraki, eta pago bati zigorkada latz bat emanik, gerri-gerrian dzart!, zera esan zuen:
Hementxe Sanson da hilko, eta bere ondoko guziak harekin betiko!
Ahots minbera eta zigorrraren firrinda lazgarri ha entzunik On Kixote berehala joan zitzaion; heldu zion zigortzat hartua zuen uhaletik Santxori, eta esan:
Ez dezala nahi halabeharrak, Santxo adixkide, niri on egiteagatik hik heure bizia galtzerik, hauxe hire emazte eta seme-alaben hazbiderako beharrezkoa duk eta: egon dadila Dultzinea beste aukera hobe baten zain; ni ere itxadopenean egonen nauk, laster bukatzeko uste-irrika horretan aiduru; indarberrituko haizen arte itxadonen diat, gure eskuarteko lan hau, lehen bezain lehen, burutua izan dadin, ororen atseginez.
Horra bada, bedi horrela zorionean, ene nagusi jaun, berorrek hala nahi duenez gero; eman biezat bizkarraren gainean berorren longain motxa, izerditan nago eta ez nuke hoztu nahi; zigor-hartzaile berriek arrisku hau baitute.
On Kixotek hala egin zuen, larrugorritan bera eta Santxo berokitua, eta berehala hauxe loak hartu zuen, eguzkiak iratzarri arte; gero euren bideari jarraiki zitzaizkion eta handik hara, hiru legoa eginik, zegoen toki batean gelditu ziren. Mahai handitzar batzuk egon ohi direlako "mesoi" esaten dieten halako ostatu haietako batera sartu ziren, txiriboga batera alegia, eta oraingo honetan (edo orduko haretan) On Kixotek ez zuen hartu gaztelutzat, ez inguru-lubaki sakona, dorreak, burdin-sarezko atetzar astunak eta zubi jasogarria dituzten horietakoa; azpiratua izan zenetik, oraintxe azalduko den eran, zentzu edo buru pixka gehixeagorekin zebilen. Beheko gela batean aterpe hartu zuten, hango baserrietan ohi-lako larru marratz batzuk, zirrikiton margotu zaharrak zehazki, estalki zuen gela edo etxakian. Margoz marrazkitua Helenaren bahiketa zegoen, Menelaori arrotzain lotsageak eraman zionekoa, esku txarrez margoztua hala ere; Dido eta Eneasen kondaira zegoen, beste alde batean, no dorre garai baten gainean, zapi batez, maindire erdi bat edo, kukak egiten ari bezala, to ihesean, itsasoan gaindi, injiman, edo ausaz briguleta zen, batean zihoalarik. Kondaira bietan Helena oso gogo txarrez ez zihoala ohartu zen, barrez baizen, ezarian edota murrikari antzean; baina, Dido ederrak, ordea, begietan beheti intxaurraren neurriko malkoak isurtzen zituen, eta hau ikusirik On Kixotek esan zuen:
Andere biok biziki dohabageak izan ziren, garai honetan jaio ez zirelako, eta ni orobat zorigaiztoko, haien garaian sortua ez naizelako, hara, jaun hauek nik atzeman izan banitu, ez zatekeen Troia errea izanen, ez Kartago suntsitua, aski izanen nukeen nik Paris hiltzea hainbesteko ezbeharrak ekiditeko.
Lepoa eginen nuke nik, alta – Santxok orduan – luzaro bagerik ez dela izanen ostatu-etxerik, ez benta edo txiribogarik, ez jatetxe edota ardanetxerik, ez "meson" edo "mansion" edo bizargin-dendarik edo dena delakorik, gure bion egitandi larrien margokiak non-nahi marrazturik edukiko ez dituenik. Dena den, hemengo hauexek egin dituen baino margolari hoberen baten eskuek eginak nahi nituzke.
Xuxen hago, Santxo: hau margolari hau Orbaneja bezalakoa duk, Ubedan zegoen hura eta zer marrazten ari zen galdetzen ziotenean hau erantzuten zian: "Sortzen dena"; eta, demagun, oilar bat marrazten zuela, eta, azpiko aldean: "Hau oilarra da" idazten zian, azeria edo zela burura ez zekion inori. Bada, horra, honelakotsua dela iruditzen zaidak, Santxo, horrako margolari edo idazle hori, bat bakarra baita bietan, On Kixote berri horren kondaira argitara eman duena, zeren, sortu ahala sortu dena margotu baitu; edo Errege-etxean aspaldiko urteetan ibilitako olerkari, Mauleon zeritzona, bezalakotsua duk; honek zer-nahi itaundu ere hitzetik hortzera erantzuteko ohitura zian, eta, behin batek Deum de Deo esaerak zer esan nahi zuen galdetu zionean, erantzun: Deun Dedu, esan nahi baita "Ohore Santua" edo antzeko zerbait. Baina bego hau bazter, eta erraidak, Santxo, gauon beste edo bertze jokaldi bat eginen duan, eta sabaipean nahi edo izarpean, ortzipean, nahi duan.
Ene bada eta, jauna; nik egiteko asmoa berdin dit landan egiteak nahiz etxen egiteak; dena den, zuhaitzen artean egin nahi nuke, lagunak ditudala uste baitut, nire egitekoa behar bezain ongi egiten ederki laguntzen didatenak.
Bada, ez duk horrela izanen, Santxo adixkide; indarberri hadin gure herrixkan egiteko utziko diagu, beranduenez bihar-etzi bertaratuko gaituk eta.
Hala izan zedila ihardetsi zion Santxok, haren nahierara egiteko; baina eginbeharreko hura ahalik arinen amaitzeko gogoa zuela esan zion, odol beroan eta eihera bira-bira hasita zegoelarik, askotan geroko uzte horretan arriskua eta galtzoria egon izaiten dela; eta saiatzen denari Jainkoak laguntzen, eta "to" bat bi "eik" baino hobe, eta arranoa hegan baino amandi edo epetxa eskuan hobe.
Ez atsotitz gehiagorik, Santxo, Jaungoiko bakarrarren, sicut erat delakora itzultzen haizela zirudik eta: mintza hadi leunkiro, xeheki eta xumekiro, ez inguruka-minguruka, sarri esan diat hau, eta ekusiko duk ogi baaakar bat asko duala.
Ez dakit, bada, zein zori txarra den dudan hau nire hau – Santxoren hitzak – ez baitakit erranik deusik erraiten erranairuren bat edo bertze erran bage; eta, erranak erran, denak erran beharrekotzat hartzen ditut; honela ere, zuzenduko naiz, ahalaz.
Elkarrizketa amaitu zen.