Zide Hametek dioenez, herrira sartzean, larrain batean, On Kixotek bi mutil mokoka ikusi zuen; matraka betean, eta batak besteari hau esan zion.
Ez nekatu, Peruko; ez duk hire bizitzako egun guztietan ere ikusiko eta.
On Kixotek entzun eta Santxori:
Ez duk aditu, adixkide, mutil harek esan duena: "ez duk hire bizitzako egun guztietan ere ikusiko".
Bai, eta zer – Santxok erantzun zion – zer axola du mutil harek hori erranak?
Zer? – On Kixotek berriro – Ez haiza ohartzen hitz horiek nire asmoarekin lotuz, Dultzinea inoiz ekusiko ez dudala esan nahi dutela?
Santxok ihardetsi nahi izan zionean, hara, landan ihesi erbi bat ikusi zuen, atzetik erbi-or ugarirekin ehiztariak; kastaz du erbiak lotsor izana eta, ostendu beharrez astoaren oinetara bil eta uzkurtu zen. Harrapatu zuen Santxok, esku hutsez, eta On Kixoteri eskaini zion; honek zera erauntsi zuen:
Malum signum! Malum signum! Erbiak ihes, zakurrak atzetik: Dultzinea ez da ageri!
Harrigarria berori – Santxo atzera – ; demagun erbi hau Dultzinea Tobosoko dela, eta or jarraikile horiek noizbait nekazari bilakarazi zuten sorgintzaile galutsak direla; harek ihes egiten du, nik atzeman eta berorren eskuetara eman, besoetan daduka eta opari egiten du: hau ote dea zantzu gaiztorik, zori txarrik antzeman ote daiteke hortik?
Etiketan iharduniko mutilak erbia ikustera hurreratu ziren, eta bati Santxok ahakarrean zer zela eta ari ziren galde egin zion. "Hire bizitza osoan ikusiko ez duk" esan zuenak erantzun zion eta berak kirkir-kaiola bat kendu ziola, bizitza osoan itzultzeko asmorik ez zuena, adiarazi zion. Hartu zuen Santxok sakeletik lau otxin, eta kaiolaren ordain mutilari eman zion, eta gero On Kixoteri eskura eman esateaz bat:
Hona hemen, jauna, zantzu edo zori horiek hautsi-suntsituak, gure gertakariekin zerikusirik ez dutela, nik uste, inozoa izanagatik ere ni, antzinako hodeiak baino axola gutiago. Oker ez banago, gure herriko apezari entzuna diodala uste dut, giristino denak eta zuhurrak halako umekeriak sinetsi behar ez dituela; berorrek ere erran zidalakoan nago, halako zantzuei begiratzen dietenak zentzubagekoak direla. Honenbatenaz ere, ez da zertan gogor egin horretan eta goazen aitzina, sar gaitezen gure herrira.
Ehiztariak heldu ziren, erbi eske, eta On Kixotek eman zien; aurrera joan ziren eta herriko atalde ondoan, zelaitto batean Apaiza eta Carrasco batxilerra otoitz egiten aurkitu zituzten. Santxo Pantzak, astoaren gainean eta iskiluak bildurik zeduzkan pardelaren estalki antzo, harako bokazizko janzki su-garrez margotu hura Dukearen gazteluan Altisidora bere onera etorri zen egunean eman ziotena, janari-bilgarritzat ipinia zuen; buruan klixketa edo txuntxurro hura jantzia zion, eta halakoxea zen astoaren irudia inoiz ere lurbiran ikustekoa den astoaren antzaldatze edota apaintze ikusgarria.
Apaizak eta Batxilerrak berehala ezagutu zituzten; besoak zabal-zabalik haienganatu ziren. On Kixote zaldi gainetik jaitsi zen eta estu-estu besarkatu zituen; mutilkoak, basakatuen antzekoak beti, astoaren gerizgarria urkusi orduko, ikustera gerturatu, eta elkarri honela ziotsoten:
Zatozte, mutilok, ikus Santxo Pantzaren astoa Mingo baino arrulloago, eta On Kixoteren kabalea, berriz, behiala baino are meheago, zingilago.
Azkenean, nexka-mutilkoez inguratuak, Apaiza eta Batxilerra lagun, herrira sartu ziren eta On Kixoteren etxera joan ziren. Atean Etxanderea eta honen iloba zegozen, aurretiaz haien etorreraren berri jasotakoak, noski. Teresa Pantzari ere berria laster iritsarazi zioten, eta, arinik arin, tximak harro eta erdi-biluzik, Santxika alaba eskutik zekarrela, senarragana jin zen; jaurlari antzean apaindua ikusi uste zuen baina oso bestelakoa, ez hain adertua, aurkitu zuenez esan zion:
Nolatan hator horrela, ene senar, oinez eta beheak galdurik hatorrela zirudik eta, jaurlari baino ihaurki egina iduri duala?
Isil hadi, Teresa – Santxok esan zion – ; paldoan.-paldoan ez zagon zingarrik edo urdairik; goazen geurerat, liluragarrizkoak entzunaraziko dizkinat. Sosak heben zakartzanat, bai, eta hauxe dun garrantzizkoena, neronen trebetasunaz irabaziak eta nehori kalterik egiteke jasoak, noski.
Ekar sos horiek, ene senar zintzo horrek, handik edo hebendik irabaziak bortz axola; nola nahi den irabazirik ere, ez duk hik irabazpide berririk asmatu, mundua mundu.
Santxikak aita besarkatu zuen, eta ea ezer ote zekarkion galdetu zion, Maiatzeko euriaren bezala begira baitzegoen; gerrikotik heldu zion, emazteak eskutik, astoari ten alabak eta denak elkarrekin etxeratu ziren, On Kixote berarenean utzirik, etxandere eta ilobaren esku, nonbait, beti Apaiza eta Batxilerra lagun.
On Kixotek, gerorako bagerik, une haretantxe Batxiler eta Apaizarekin bakarka biltzera egin baikoz, laburzki, bere borroka-galtze haren berri eman zien, eta azpiratze haren ondorioz hitza emana zuela, urtebetean herrirean ez ateratzekoa; zehatz-zehatz bete eginen zuela adiarazi zien, zipitzik ere ez zuela hitza hautsiko, zaldun ibiltari dena legez, ibiltarien zalduntzak horrek baitu, ukan ere, lege edo arau; urtebete horretan artzainduko zela esan zien eta landetako bakartasunaz arinagotuko zuela, bere maitasunezko gogaiei ate guztiak zabalduko zizkiela eta; artzain-biziera zindoan bizi bitartean; beste zerbait gehiago egiteko beharrik ez bazuten hantxe bertan azalduko ziela, eta ea haiek ogibide berrian laguntzaile izan nahi zuten; berak ardiak eta erosiko zituela artzain izena irabazteko lain gutienez; eta zeregin berrirako beharrezkoena egina zuela jakinarazi zien, bakoitzari zegokion izena hautatua zuelako. Apaizak izenok esateko; On Kixotek banan-banan eta berak Kixotiz artzaina hartuko zuela izen; Batxilerrari Carrascon artzaina esanen zioten; Apezandi artzaina Apaizaren izen berria, eta Santxo Pantzari Pantzino artzaina eritziko zioten. Harri eta belarri eginik geratu ziren guztiak On Kixoteren zorakeria berria ezugututa; baina, berriro ere zaldun-ibileretan herritik joan ez zedin, urtebetean sendatzea ukanen zuelakoan, haren asmo berriari men egin zioten, alegia eta haren zoroa zuhurtzat jo zuten, eta haren artzaingoan lagun izanen zitzaizkiola esan zioten.
Eta gainera – Sanson Carrascok esan zuen – , jende guztiak dakiena, ni olerkari bikain-bikaina naiz, eta, noizean behin, artzain-bertsoak osatuko ditut, edota erregealdeko olertiak, noiz nola den, gozaro ibil gaitezen ibiliko garen landa-baso horietan zehar; eta beharrezkoena, ene jaunok, nork bere artzain-neskaren izena hautatzea, bere olerkietan gozoetsiko baitu, eta maitedun artzainen artean ohikoa dena legez, ez dugu zuhaitzik utziko, gogorrarren, haren izenaz ozkarratu bagerik.
Hori ederki dago – On Kixote mintzo – ; nik, aldiz, ez dut zertan sasi-artzain neska baten izenik aukeratu, hortxe dut, ukan ere, Dultzinea Tobosoko iderik ez duena, ibar hauen aintza, larre hauen apaingailu, edertasunaren iturri, liraintasunaren gaina, hitz batez esateko, zein edo zein gorespen, zein-nahi gorazarre edo ederkadura berebiziko duen gizakia, hiperbole balitz ere.
Horixe baietz – Apaizak orduan – , guk, berriz, artzain-izen erabilerrazak bilatuko ditugu, hor nonbait, guretzakoak ez izan arren, gurekikoak, bederen, izan litezkeenak.
Sanson Carrascok hau gehitu zuen:
Eta horrelakorik ez balego, hor zehar irudietan eta dabiltzanen izenak emanen dizkiegu, lurbira osoa haietaz beterik dagoelako, hots: Fílida, Amarilis, Diana, Férida, Galeta, Belisarda...; azoketan saltzen dituzte, bai, eta guk eros ahal ditzakegu eta guretzako. Nire anderea, edo hobeki esateko, nire artzainemea' Ana izenekoa balitz, nik Anarda esango nioke gorets-izenez; Pantxika balitz nik Pantxene neritzoke; Luzia balitz Luzinda, eta honelatsu dena ongi; Santxo Pantzak, botigo honetan sartuz gero, bere emazte Teresa Pantza gorets lezake, Teresina izenez.
On Kixotek irribarre egin zuen, izen emaiteaz, eta Apaizak haren erabaki zintzo bezain ohorezko hari gora handiak eman zizkion, eta egiteko haretan behar bezala, luzaro bazen luzaro, lagunduko ziola agindu zion, bere lanari zor zion aldiaz beste. Harenbestez, elkarri agur egin zioten, eta haren osasuna zaintzearren, ahalik ondoen elikatzeko aholkua eman ere bai, otoika eman hala ere.
Hiruren arteko elkarrizketa, halabeharrak hala nahita, Etxandereak eta honen Ilobak entzun zuten, eta haiek aldendu ondorean beraiek On Kixoteganatu ziren, eta Ilobak honela esan zion:
Zer du hori, ene osabak? Orain, berori etxeratu eta bertan geratzeko asmoarekin itzulia zela, bizitza lasai eta behar bezalakoa egiteko zela uste genuenean, beste behin ere berriro galbideetan barrena sartu nahi du,
Artzaintto, zu bazatoz
Artzaintto zu bazoaz?
Tira bada, alabaina garagar-belarra dagoeneko zimel dago txilibitua egiteko.
Etxeko Andereak hauxe erantsi zion:
Berorrek eraman ahal izanen ditu landa zabalean udako eguarteak, neguko bisustuak, otsoen ahuriak? Ez, ez horixe, lantegi hori gizon zail, errotsu eta horretarakoxe ia-ia sehaskarean haziak direnentzakoa da; are gehiago, txarretik txarrera, zaldun ibiltari artzain baino hobea da. Begira, jauna, har beza nire aholkua; baraurik emanikoa da, ez ogi-ardoz aserik, eta nire berrogeita hamar urteen gainean eman ere: bego berorren etxen, ukan beza berorren ondasunaz ardura, aitortu begi sarritan, lagundu behartsuei, eta gaizki balitzaio datorrela nire arimaren gainera ondorioa.
Isildu, alabok – erantzun zien On Kixotek –; nik badakit zer dagokidan. Eroan nazazue ohera, oso ondo ez nagola uste dut eta. Hori bai, zagozte lasai, zeren, ni zaldun ibiltari izan ala artzain oinkari izan, ez baitut inoiz ere zuen oparinari sorotsi bagerik utziko, zuen beharrizanari beti ni urgazle, eta esanak ez ezik eginak erakutsiko dizue.
Alaba zintzo haiek (halakoxeak ziren izan ere, zalantzarik ez, bai Etxandera bai Iloba) oheratu zuten, jaten eman zioten eta ahalik ongien ehenatu zuten.