Mantxa aldeko herri koxkor batean, izenik gogoratu nahi ez dudana, aspaldi ez dela gapare bat bizi zen, lantza altxatokian, adarga zahar, zaldi zingil eta erbi-zakur lasterkari daduzkaten horietarikoa. Bere ondasunaren herena' egunoroko eltze bete ardikiz baino gehelikiz ugariago, ia gauoro zitziki gatzartua, arrautza-zingar koipatsua larunbatez, dilistak ostiraletan, igande batzuetan goxagarri usakumeren bat edo beste, eta honakoetan zihoakion. Gainerako guztia belartzezko atorraz, jaietan ilegurizko galtzak gai berezko txinalekin, eta astegunetan, berriz, oso belori mehez jantzirik bere burua ederretsiz xahutu ohi zuen. Bere etxean berrogei urtetik gorako etxanderea eta hogeira heldu bageko nexka iloba zituen, eta, lur lanerako nahiz kalerako, mutil bat zaldia txalmatzen bezala inauskailua erabilten zekiena ere bai. Gure gaparea berrogeita hamar urte ingurukoa zen, alde-alde, artean; soinez azkarra, iharra, aurpegiz meharra, goizik jaiki eta ehiza-zalea. Izengoitia Kixada edo Kesada omen zuen, honetaz idatzi izan dutenak ez baitatoz bat; baina egia-itxurak liokeenez, Kixana zeritzon. Honek ordea, gure ipuinari ez dio axola handirik: arian-ariagatik egiaren biderean batere ez irteitea nahikoa du.
Hara bada, aipaturiko gapare honek, zereginik bage egoiten zenetan (urte guztian gehienetan, noski) zalduneriazko liburuak irakurten iharduten zuen, gogo eta grinaz beterik, eta ia zeharo ahantzi zitzaion ehizan egitea, eta bere ondasunen eraentzea ere bai; eta honela, gai haretarako zuen jakin-mina edo eromena hainbesterainotu zitzaionez, lur oneko hainbat golde soro edo alor saldu zuen, zalduntza-liburuak eroste aldera; eta honela eskuratu ahal izan zituen guztiak etxera eraman zituen, eta zirenetan hoberenak, besterik ez bezala, Feliciano de Silvak eginikoak iruditzen zitzaizkion; zeren, honen hitz lauaren garbiari eta esapide bihurriei bitxi politak baitzeritzen, areago horren maita-goxozko nahiz aupadazko hizketak irakurten zituenean, han eta hemen, non-nahi idatzirik honelakotsuak aurkitzen baitzituen: "Nire adimenari egiten zaion adi ezaren adi-indarrak hainbesteraino nire adi-kemena ahuldu dit, ezen, adi osoz aieneka baitiot zure edertasunari". Bai eta irakurten zuenean: "Zure jainkotasuna jainkoarazten duten zeru-goiek jainkozki izarrez gotortzen zaituzte, eta zure goitasunak merezi duen merezimenduaren duin egiten zaituzte".
Honakoxe adi-gaietan galtzen zuen zaldun gaixoak burua, eta haien zentzua edo barren-muinak azaltzen eta ulertzen atsedenik ez zuen, Aristotelesek berak ere halakorik ez baitzuen azaldu ez ulertu ere eginen, huts-hutsik haretarakoxe berriro jaioko balitz ere. Ez zegoen oso guztizko On Beleanisen zauriak zirela eta (emanak nahiz hartuak) zeren, ezinezkoa iruditzen baitzitzaion, sendagilerik onenen eskuz sendaturik izanda ere, aurpegia eta soin guztia ebakiondo edo orbain bagerik izaitea. Baina, hala eta guztiz ere, amaiezinezko urrun-ibilte haren eskaintzaz idazlearen liburu-amaitze hura onesten zuen; maiz aski bai, luma hartu eta han agintzen zen bezalaxe hitzez hitz bukatzeko gogoa egin izan zitzaion, eta egin ere eginen zuen amaitu arte, beste handiagoko eta etenbageko gogarteek galarazi izan ez baliote. Askotan herriko apaizarekin (gizon ikasia eta Siguenzako unibertsitatean graduak hartua zen hau) eztabaidan ihardun izan zuen zein ote zen zaldunik jatorrena: Ingalaterrako Palmerin ala Amadis Gaulako; baina maisu Nikola herri bereko bizarginak zera esaten zuen, inork ez ziola Febo Zaldunari hurrik emaiten, eta inor izaitekotan On Galaor zela, Amadis Gaulakoaren anaia, denerako oso egokia baitzen, ez zaldun negarrontzi, gupera horietakoa, ez anaia bezain negartia, eta zangar aldetik uzkur gelditzen ez zitzaiona.
Hala bada, hainbesteraino sartu zen irakurte haretan, gauak argirik argi eta egunak ilunik ilun irakurtean emaiten zituela; eta honela, lo gutti eginaz eta asko irakurriaz garuna ihartu zitzaion, zentzua galtzeraino. Liburuetan irakurten zituen haietaz, aztiegintzak zirela, atralakak edo borrokak zirela, aharrak nahiz aupadak edo norgehiagokak, zauriak, maitekeriak, ekaitzak edota ezinegiteko guztiak zirela, irudimena ase eta bete zitzaion, eta hain aseturik zegoen sinetsita, irudimenean itsatsia, katramila haiek guztiak egiazkoak zirelako uste osoak jorik, ezen, beretzat ez baitzen munduan beste istorio haiek baino egiazkoagorik. Hala zioen berak, Zide Rui Diaz txit zaldun ona izan zela, baina Ezpata Beroko Zaldunaren antzik ere ez zuela, ezta urrundik ere, beronek beso bakarraren oker-ukaldi batez ikaragarrizko bi erraldoi latz eskerge erdibitu zituen eta. Karpioko Bernardoren ondoan hobeki legoke, honek Orreagan Errolan ameslaria hil baitzuen, Herkuleren eskudantza berdinaz, Anteo, Lurraren semea, esku artean ito zuen haretan, alegia. Morgante erraldoiaz ondo asko mintzatzen zen, izan ere, erraldoi haien balunaldikoak oro burgoi oro neurribageko zakar-ipurdi ziren arren, hura adeitsua eta ongi-hazia zelako. Baina, guztien gainetik, Montalban-go Erreinaldorekin zetorren batik bat, ondo, eta areago gaztelutik irteiten eta aurkitzen zuen guztiari ostutzen ikusten zuenean, eta, uraz haraindian, Mahomaren irudi sakratua, erabat urrezkoa irudia, bere kondairak dioenez, lapurtu zuenean. .Zer ez zuen emanen, Galalon saltzaileari ostiko sorta bat emaiteagatik, bai eta beronen etxeko andereari, eta, bide batez, honen neska ilobari ere.
Izan ere, burua erabat galdurik, inoiz lurbiran ezein zorok izan ez duen asmakizunik txundigarrinera etorri zen, honetaraxe, hots: bidezko eta beharrezko iruditu zitzaion, bai bere ohorearen handitzerako bai bere herriaren zerbitzurako, zaldun ibiltari egitea, eta munduz mundu bere iskilu eta zaldiarekin joaitea, arriskuen bila, eta berak irakurri bezala zaldun ibiltariek egin ohi zuten guztia egiten ihardutearren, gaiztakeria mota guztiak zuzentzeko, galbide nahiz ataka estuetan zehar ibiliz, onik eta gailen ateraturik, harik hara betiko izen eta omen ona irabazteko. Gizajoak bere burua buruntzaz jantzita bazekusan ordurako, Trapisondako erresuma nagusiko koroaz guttienez, bere besoaren indarraz irabazirik noski; irudipen hauek zemaioten gozamenak bultzaturik, ohi ez bezalako atsegin harek eramanda, iradu zihoan bere nahira, hots, bere egitasmo hari ekin zitzaion. Eta lehendabizi, bere birraitonarenak izan ziren iskilu-janzki zahar batzuk garbitu zituen, herdoilak uherturik eta lizunaz beterik, aspaldiko urteetan hantxe zoko batean utzi eta ahantzita zegozenak. Ahalik ondoen garbitu eta txukundu baina hutsune txar bat zutela ikusi zien: farfailazko kaskarik ez zutela, morrioi soila baizik; baina hau ere bere igurdiziaz arteztu zuen, eta kartoiz halako kaska erdiaren antzeko zerbait egin zuen, morrioiarekin batera ipinita, kaska osoa zirudiena. Egia esateko, gogorra ote zen eta aiztokada baten arrisku-babesean ote zegoen hauteman nahian bere ezpata atera eta bi ukaldi eman zizkion, eta lehenengoaz eta behingoan astebete osoan eginiko lana egingetu zuen; zein erraz hautsi zuen ikusita ere ez zitzaion hain txarra iruditu, eta arrisku honetatik babestearren berriz ere egin zuen, barru aldean burdina-zanka batzuk ipinita, honela haren gogorraren gogorraz lasaitu zen, eta, berriro hauteman nahi begerik, farfaila mehe-mehezko kaskatzat onartu eta baietsi zuen.
Gero bere zaldia ikustera joan zen, lau zango mehe baino ez zuen arren, eta Gonelaren zaldia baino akats gehiago izanagatik ere, hezur-ile hutsa alegia, tantum pellis et ossa fuit, Alexanderren Buzefalo edo Ziden Babieka bainoago iruditzen zitzaion. Lau egun eman zituen zein izen ezarriko ote zion asmatzen; zeren (bere buruari esaten zionez) ez baitzen lege, honen zaldun ospetsu honen zaldiak, eta berez hain ona den zaldiak, ezagun izaiteko izenik ez ukaitea. Eta honetara, moldatu nahi izan zion, zaldun ibiltari izan baino lehenago nolakoa izan zen ikusarazita, geroago nola bilakatua zen erakuts zezan; zeren, bere eritzi osoan, haren jabea bestelakaturik harek izena ere behar zuen aldatu, eta entzutetsu eta ospetsua izan behar zuela uste zuen, izaera berrirari zegokion bezala eta ekiten hasia zitzaion iharduera berriak galdatzen zuena legez; eta honela, bere irudimen nahiz oroimen opatsutik hainbat izen egin, ezabatu eta kendu, erantsi, suntsitu eta berregin ondorean, azkenik, Rozinante ezarri zion izen. Bere eritziz, izen hau ozen, zoli eta adierazkorra zen, lehen zaldi izan zen batentzat eta gaurgero munduko zaldietan lehen eta nagusi denarentzat.
Bere zaldiari izena (eta hain egokia) eman eta gero, bere buruari eman nahi izan zion; eta zortzialdia asmakizun honetan iragota, azkenik, On Kixote izena aukeratu zuen; honik hara noski, esan dugunez, egiazko kondaira honen idazleek harako hura asmatu zuten, hots, bere jatorrizko izena Kixada zela, eta ez Kesada, beste batzuen batzuek nahi izan dutena bezala. Baina, Amadis ausarta Amadis izen hutsarekin nahikoetsita geratu ez zela eta, bere aberriaren edo jaioterriaren, ospe-zurrian, izena ere, haretaz gain, erantsi ziola, Gaulako Amadis alegia, oharturik, hala nahi izan zuen, zaldun jatorra zenez, bere jaio-izenari bere aberriarena ere erantsi eta On Kixote Mantxako izen osoa hartu zuen; eta honela, bere eritziz, bere jatorrizko etorki eta aberria garbikiro aitortzen zuen, eta bai zinez goraipatzen ere, honen abizena eramanez.
Horra, bada, iskiluak garbi, morrioiaz kaska egina, zalditzarrari izena ezarria, eta berean sendo, zera bururatu zitzaion: anderauren bat behar zuela, uren edo guren den anderea, besterik ez, min-minez maitatzeko, zeren, maiteminik bageko zaldun ibiltaria orri edo osto eta igalirik bageko zuhaitza, arimarik bageko soina edo gorputza bezalakoa bailitzateke. Hala zioen berekiko: "Nik, neure hogenen erruz, edo neure zorionaz, hor nonbait, erraldoiren bat aurkitzen badut, zaldun ibiltariei maiz gerta ohi bezala, eta lehenengo joaldian lurreratzen, uzkailtzen badut, edo soina erdibitzen badiot, edo, azkenean, garaitzen banatzaio eta menderatzen badut, ez al da ederra izanen nire bidali bat harengana joan izaitea eta ene andere laztanaren aurrean belaunikaturik, ahots apal eta leunkiro mintzatuz, hari esatea: "Ni, andere, Karakulianbroko erraldoia nauzu, Malindrania uharteko jauna, ezohiko borrokan On Kixote Mantxako irabazia duen bezainbesteko ahomena behar bezala inoiz jaso ez duen zaldun ospetsuak mendean hartu nauena, eta berak berorrengana bidali nau, nitaz neronetaz berorren ahaltsutasunak nahi duen eran agin dezan". Oi nola ase zen pozaren pozez gure zaldun ona hitzaldi hau egindakoan, eta areago bere anderauren haren izena nori eman ediren zuenean! Izan ere, agidanean, bazen handik bertako herri koxkor batean neska nekazari itxuraz hagitz ederreko bat, aspaldi baten maite izan zuena, beronek halakorik inoiz jakin edo ikasi ez bazuen ere. Aldontza Lorentzo zeritzan eta hauxe hautatu zuen bere amets guztien anderetzat aitortzeko; eta honen izena berearen maila edo hein berdintsukoa izan zedin, printzesa edo anderauren izaiteko bidean ohi den antzeko zerbait alegia, Dulzinea Tobosoko izen-abizenak eman zizkion, Toboson jaioa baitzen: izen gozoa, bere ustez, hots handikoa, gutti entzuna eta esanahi bizikoa, beretzat eta bere gauzentzat aukeratu zituen beste izenak bezalakoxea.