Nire ustetan, jauna, egunotan gertatu izan zaizkigun ezbehar hauek guziok, zalantza bagerik, berorrek zalduntzaren legeari egin hogenaren ordaina dira, ez baitu zintzo bete emaniko hitza, mahaiko zamauen gainean ogirik ez jatekoa, alegia, eta erreginarekin atseginetan ez ibiltekoa, eta honek bere ondorean dakarren gainerakoa, berorrek betetzea zin egin zuena, harik eta Malandrinori edo zena zelako mairu hari -izenik ez dut gogoan- buruko almetea kendu arte.
Arrazoi handia duk, Santxo, baina, egia esateko, erabat ahaztu zitzaidaan; eta hik garaiz gogorarazi ez hidalako burusiarekiko hura gertatu zitzaian. Nik zuzenduko diat, bai, zalduneria elkargoaren baitan den-dena zuzentzeko, konpontzeko erak bazagozak eta.
Baina, zin egin ote nuen nik, baldinba? – Santxok.
Ez ziok axola zin egin ez izanak – On Kixotek darantzuio; ez hago horren ziur horrekiko harremanetan, nik dakidanez, eta badaezpada, neurriak hartzea, ihespide bat ez diagu kalterako izanen.
Hori horrela baldin bada, begira berorrek ea hau ere berriro ahazten zaion halako zinarena bezala: beharbada, berriz ere nire lepotik barre eta jolas egiteko gogoa berrituko zaie mamuei, bai eta berrorren lepotik ere hain setati ikusten badute.
Eleketa honetan, mintzo eta mintzo zihoazela, bide-erdian gauak harrapatu zituen, non bilduko ziren non gau haretan hartuko zuten ostatu aurkitu bagerik, eta txarrena goseak hil beharra, bide-zorroak galduta sakote bagetuak, zer janik ez zutela ziren eta. Ezbehar hau lehenez gain osatzeko, beste gertakizun bat aiargatu zitzaien, berez etorria zirudiena, inork eragin bage. Gaua aski ilundu zuen, belztu, baina, honela ere, aurrerantz ibilian zihoazen, errege-bidea zela eta Santxoren ustetan, bizpahiru legoaren buruan edo, ostaturen bat idoroko zutelakoan, noski. Bazihoazen, bada, halatan, gaua ilun, ezkutaria goseak jota, nagusia jateko gogoarekin, eta bide berean zehar eurenganatz zetorrela zuzi-multzo handi bat ikusi zuten, izar ugari dantzan zirudiena. Harriturik gelditu zen Santxo ikusi zituenean eta zertara ezean On Kixote: heldu zion, tink!, batak musturrekotik astoari eta besteak bere zaldiari gida-hedetik ten egin zion, geldi-geldi egon ziren, erne begira zer izan ote zitekeen; zuziak beraiengana hurrantzen zetozela ikusi zuten, zeinbat eta hurbilago orduan eta handiago ziruditen. Santxori lurra ikaran zebilkion, dardaraz hasi zen, On Kixoteri buruko ile guztiak laztu zitzaizkion, zut-zutitu. Honek, pixka bat susperturik, esan zuen:
Hauxe bai, Santxo, zalantzarik ez, arrisku txarreko borrokaizun larriren bat diagu. Agertu beharko dituk, bada, oraintxe, nire besoaren latza eta gemena.
Bai dohabagea ni! – Santxok – Borrokaizun hau, horregatik, mamuekikoa baldin balitz, eta honelatsu dela uste dut, eiki, nehon izanen al da horrenbertzerako saihets-hezurrik?
Mamutzarrak izanik ere – On Kixotek Santxori – ez zieat nik utziko hire zamarrako ile bakar bat ere ukitzen; lehengo haretan iseka egin baziaten, zeragatik, hestegiko horma gainetik jauzi egiteko gauza izan ez nintzelako izan zuan, baina orain zelai soilean gagozak eta nik nahi bezala astindu ahal izanen diat nire ezpata.
Eta guneko haretan egin zuten bezala, sorginduz zurrundu eta sormindu egin balezate berori, zein axola litzaioke zelai zabalean egon ala ez?
Hala eta guztiz ere, arren eta arren, Santxo, izan ezak albirik, kalipurik, ekusiak erakutsiko baitik nire adorea nolakoa den.
Ukanen dut, bada, Jainkoak hala nahi badu – Santxok erantzun.
Eta biak bide ertzera baztertuta, begira-begira egon ziren, harako zuzi ibiltari haien hura zer izan ote zitekeen; eta, handik oso guttira, talde ugari bat begiztatu zuten atorra luzez jantzita zetozen gizonez osatua. Ikusteaz beldurrak jo zuen eta Santxo Pantzari gemena erabat erauzi zion; han hasi zen, hortza hortzari, kaz-kaz-kaz, elgaitz-laureneko sukarrak eragin hotzak hartua dagoenaren antzera; areago eta karraska azkarrago, garrakotsa biziago, zer zen garbi ikusi zutenean: hogeiren bat kristau ziren, atorra-jantzitan zetozenak, zaldizkoak denak, zuzi piztuak eskuetan, eta berauen atzetik baiarte beltzaz jantzi bat zetorren, eta honen gibelean beste seiren bat zaldizko beltz-beltzez jantzita euren mandoen beso-gidailetaraino, mando baitziren ez zaldi haien ibilera motelagatik aurki antzeman zietenez. Atorradunak beren artean marmarka zetozen, ahopean errukitsu mintzatuz. Ezohiko agerkari hau, halako ezordu eta harako ezleku soil bakarti haretan, aski eta asko zen Santxoren bihotzean izu-lauorria sortzeko, eta, arean' nagusiarenean ere bai; eta izutuko zen, ba, eiki, On Kixote, Santxo zeharo erorita zegoenerako, gemen, bihotz eta guzti erorita. Batekoz beste gertatu zitzaion, berriz, nagusiari, bat-batean eta berehala bere liburuetan irakurritako borrokaizunen bat zela gogoratu zitzaion. Irudimenean bizi-bizi, zaldunen bat zekartela iruditu zitzaion, baiarte haretan edo zauritu gaiztorik edo hilotzik, eta berari ez besteri zegokiola mendekua. Beste bagerik, tinkatu zuen bere lantza aurrerantz, egokitu zen ondo jarlekuan, eta gizabidez eratsu eta errutsu, lerden jarrita, nahitaez irago behar zuten bide erdira atera zen, bertan tenk!, erdi-erdian, eta atorradunak hurretik ikustean, ozenki esan zuen
Geldi, zaldunok, edo nor-nahi zaretenok, geldi bertan, eta esaidazue nortzuk zareten, nondik zatozten, nora zoazten, zer daramazuen baiarte horretan. Itxurak direnez, ezegitekoren bat egin duzue zuek edo egin dizuete zuei, nik jakitea bidezko eta beharrezkoa da; edo zuek egindako kalteagatik zigor zaitzatedan edo zuei egina mendekatu diezazuedan.
Iradu goaz – erantzun zion atorradun haietako batek – eta ostatua urrun dago; ezin geldi gaitezke horrenbeste berri zuri emateko.
Mandoari eraginez, aurrera jo zuen. Min eman zion On Kixoteri erantzun honek, eta aho-uhaletik helduz, esan zion:
Egon, egon geldi, eta jendetasun apur bat gehiago, ea, erantzuidazu, zehatz erantzun nik egindako galderei, bestela' borrokan nauzue ni, zuen guztion aurka.
Mandoa izutia zen eta uhaletik heldutakoan asaldatu egin zen, jaiki gidailetan eta jabea lurrera eratsi zuen ipur-konkorren gainetik. Oinez zetorren mandamutil bat, atorraduna erortzen ikusi zuenean, On Kixoteri gaizki esaka ekin zitzaion; hau sututa zegoen, eta gehiago bage, aztatzarra tinkaturik eraso zion beltzez jantzitako bati eta larriki zauriturik lurrera eragotzi zuen. Besteen artera sartu zen, nahas-mahas baten, eta ikustekoa zen, itzulinguruka zein azkar esetsi zein bizkor banandu egiten zituen, halatan, Rozinante harro bezain arin zebilen, hantxe orduantxe hegalak jaio balitzaizkio bezain zalu. Atorradun guztiak beldurtiak ziren eta iskilu bagekoak, beraz, borroka berehala aisa utzi zuten eta landan barrena lasterka hasi ziren, suzko zuziekin, gau-jaietako jolasetan ohi diren txantxoak ziruditela. Doluzko jantzi beltzeko haiek, era berean, beren gonatzar eta sotanetan, zarrapastaka, murdukaturik, nahaste-borraste batean ezin inoratu izaiten ziren, eta honegatixe, batere arriskurik ezean, On Kixotek ziren guztiak zartakatu zituen, makilkatu, eta nahi ez bazuten ere, handik haizatu eta ohildu zituen; gizonezkoa ez baina inpernuko etsaia zela uste izan baitzuten, baiarte haretan zeramaten gorpua kentzera irtendakoa, hurrean.
Santxo den-dena ikusten egon zen, bere nagusiaren beroaldiaz harriturik, bere baitan zioela:
Ezbairik bage, nire nagusi hau berak dioen bezain azkar eta gementsua duk.
Zuzi bat pizturik lurrean zegoen, mandoak bere gainetik erauzi zuen lehenengo haren ondoan, eta horren argira On Kixotek ikusi ahal izan zuen; berarengana jo zuen, lantza-musturra aurpegian ipini zion eta txil eragiteko "erauki" esan zezan agindu zion, amore emaiteko behingoz, edo, bestela hilko zuela. Erorita zetzanak honela ihardetsi zion:
Aski mendean nago, bai, ezin higiturik, hanka-hezurra hautsia dut eta: zaldun kristaua baldin bada berori, arren, ez nagi hil, sakrilegio larria egingo luke eta; lizentziaduna naiz eta Elizaren lehen ordenak hartua nago.
Baina, zein arraiok ekarri zaitu hona – On Kixotek – elizgizon izanik?
Zeinek, gero, jauna? – eroriak erantzun – Nire zoritxarrak, ausaz.
Bada, txarrago bat izanen duzu, nik galde egindako guzti-guztia garbitzen eta argitzen ez baduzu.
Ba, oso erraz aseko dut, jauna, berorren jakingura – lizentziadunak erantzun – jakin begi berorrek: lehenttoago, lizentziaduna naizela esan diodan arren, batxillerra baino ez naiz; Alontso Lopez darizt, Alcobendas-en jaioa, Baeza hiritik nator, beste hamaika apaizekin batera, zuziakaz hanka egin duten horietxekin, hain zuzen ere; Segobia hirira goaz, zerraldohe haretan gorpu bat eroanez, Baezan hildako zaldun batena dena, berton utzita egon ondorean, diotsodan moduan, hezurrak Segobiara daroatzagu, bertakoa zenez gero hilobia hantxe bertan du eta.
Nork hil zuen? – itaundu zion On Kixotek.
Jaungoikoak, sukar kiratsu batzuekaz – erantzun zion batxillerrak.
Horrela bada – esan zuen On Kixotek – gure Goiko Jaunak horren heriotza mendekatzeko lana kendu dit, beste batek hil balu hartu behar izanen nukeena; baina hil zuenak hil zuenez gero, ez dago sorbaldak jaso eta ixilik egotea baino, zeren berdin eginen bainuke ni neu hilko banindu. Jakin beza berorrek ni Mantxako zalduna naizela, Kixote darizt, eta bizibidez edota ihardunbidez munduan zehar nabil okerrak zuzentzen eta bidebagekeriak onbideratzen.
Nik ez dakit zelan izan daitekeen okerrrak zuzentze horrena – batxillerrak esan zion – neu zuzen izatetik oker bihurtu nau eta, zelan eta hanka bat hautsiz, gaurgehiago, atzera arteztu ezin izango dena; neugan onbideratu duen bidebagekeria bakarra, ostera, betiko hankamotz utzi izana, kadera-txango ibiliko naizela; nahikoa ezbeharra izan dut berorregaz topa izana, halakoxe beharren kusan dabilen berori-lako bategaz.
Gauza guztiak – erantzunez On Kixote – ez dira era berdinean gertatzen..Okerra, Alontso Lopez batxiller jaun, zeratan egon zen, agertu zineten itxura haretan, gauean, eliz-atorra horietaz jantzita, zuziak pizturik, otoizka, dolu-soineko beltzez estalita, itxura gaizto eta beste mundu batekoak zeniruditen txantxoen antzera. Halatan bada, nik ezin utzi izan nuen nire eginbeharra betetzeke, eta eraso egin nizuen, eta benetan inpernuko txerrenak zinetela jakin banu ere eraso eginen nizuekeen, halakotzat hartu zintuztedan eta.
Nire aduak horrela nahi izan duenez gero – batxillerra mintzo zen – arren eta arren, zaldun ibiltari jaunak -honen txarto erabili nauena- lagundu begit, mesedez, mando honen azpitik irteiten, hanka bat oin-burdina eta zelaren artean kateatua nagoelako.
Arraioa, eta nik biharraz hitz egiten! – On Kixote harriturik – eta, noiz arte itxadon behar zenuen, bada, zure zer hori esateko?
Santxo Pantzari deiadarka deitu zion etor zedin, baina ez zen etorri, han ziharduen, gizon zintzo haiek ekarritako zamari oso bete batetik ekinahalean ebasten, zorroa janariz ondo hornitua zekarrenetik, hain zuzen. Longaina zaku bihurtu zuen Santxok eta, ahal zuen guztia bilduz eta takela ailadin betez, bere astoa zamatu zuen; geroago, nagusiaren deiadar hotsetara joan zen, batxiller jauna mandoaren azpitik askatze aldera. Ipini zuten bizkar gainean, eman zioten zuzia eta lagunen atzetik joan zedin esan zion On Kixotek, eta bere aldetik, barkamena eskatzeko egin zien makurkeriagatik, egiteke uztea bere esku egon ez zela eta. Santxok ere esan zion:
Jakin nahi balute jaun horiek nor izan den halakatu zituen zaldun bipila, erran biezaie berorrek On Kixote Mantxako ospetsua dela, bertze izenez Itxura Hitseko Zalduna daritzo.
Honekin, batxillera joan zen, eta On Kixotek Santxori galde egin zion ea zeren kariaz, orduan inoiz bainoago, erizten zion Itxura Hitseko Zalduna.
Erranen diot, ba – Santxok hitza hartuz – zati baten begira-begira egon natzaiolako han, "txainku-txainku", herrenka doan haren zuzitiko argiaz, eta, zinez, nehoiz ikusi dudan itxurarik hitsena du berorrek, "aurtemeindanik"; zerk eragin ote dion, edo borroka honen ondoreango nekadurak edo hortz-haginen galerak?
Ez duk hori; nire egite handien kondaira idazteko ataza bere esku hartu bide-duen jakintsuak, nonbait, on eritziko zioan nik izengoitiren bat eramaiteari, antzinako beste zaldun guztiek ohi zeramaten bezala: urlia Ezpata Gorikoa zuan, sandia Adarbakar, hari Neskagaztena zeritzoan, honi Fenix Hegaztirena esaten ziotean, batari Grifodun Zalduna ezizena eman ziotean, besteari Heriorena, eta lurbira osoan izenorde edota guda-ikur horietaz zituan ororen ezagun.Honela bada, zioat nik, lehengo jakintsu harek ezarri dik hiri hori mingainean eta burubidean, Itxura Hitseko Zalduna izengoiti hori niri erants hiezadan, eta gaurkiz, izen hori eramanen diat nirearen gainean, eta nire izanarekin baterago egokitzearren, ahal denean, nire ezkutuan irudi oso hits bat margoaraziko dudala erabaki diat.
Ez dago zertan astirik ez dirurik xahutu irudi hori egiteaz – esan zion Santxok – berorren irudia agertzea nahikoa, behatzaileei aurpegia erakustea bertzerik ez du egin behar, hortakoz, eta bertze irudirik bage Itxura Hitsekoa daritzoke. Eta sinets biezat zinez egia diotsodala; zin-zinez, berorri, jauna, -eta hau txantxetan diot- begitarte tzarra, higatua eragiten dio goseak eta hagin bagetzeak, halako moldez, ezen, lehenago erran dudan bezala, irudi hits baten margotze hori gaintzuri litekeela.
Barre egin zuen On Kixotek Santxoren tortiko hori, hitz gozo horiek entzunda; baina, hala eta guztiz ere, izengoiti hura hartuko zuen bere ezkutu edo erredola margotu ahal izandakoan, bururatu zitzaiona legez, eta esan zion:
Nik dakidanetik, Santxo, eskomikatua nauk, honez gero, gauza sakratu baten gainean eskuak odolgaizki ezarri ditudalako, juxta illud, si quis suadente diabolo, eta abar, eskuak ez ditiat ezarri, hala ere, aztatzar hau baizik; areago, ez diat uste izan apez edota eliz-gairen bati irain eginen nionik, katoliko eta kristau zintzoa naizenez begirunearekin elizari gur egiten baitiot; osterantzean, mamu edo beste munduko zerbaiti erasoko niola uste izan diat. Dena dela, hori horrela balitz, gogoan diat Cid Rui Diaz-i zer agitu zitzaion, Aita Santuaren aurrean harako errege haren enbaxadorearen aulkia hautsi zuenean, eskomikatu baitzuen, eta egun haretan Rodrigo Vivarko zaldun bipil eta txit ohoretsu baten antzo ibili zuan.
Batxillerrak hau entzunda, joan egin zen, esan dugun bezala, txintik ihardesteke. On Kixotek baiartean zekarten hilotza hezur hutsak ote ziren ala ez ikusi nahi izan zuen, baina Santxok ez zion bide eman, esanez:
Jauna, ikusi ditudanetan borroka honetan hobekienik elki da berori, gaizke behintzat; jende hau, azpiratu eta sakabanatua izan den arren, ohar liteke, alta, lagun bakar batek jo duela, eta honegatik lotsatu bezain ahalgetua, berriz ere susper liteke, piztu eta gure bila bihur liteke, eta gero gerokoak. Astoa prest dago, mendia hurran, gosea jaten ari zaigu: alde egitea bertzerik ez dugu, txairo-txairo urratsez urrats eta, errana den bezala, hila hobira eta bizia ogira.
Astoari aurretik heldu zion, nagusiari jarraitzeko otoitu zion, eta honek Santxoren atzetik jo zuen, tutik ihardetsi bage, hura zuzen zegoelako ustean. Bi mendixkaren artean ibilian zebiltzalarik, urrunera bagerik, zoko egiten den ibar zabal batera iritsi ziren, zamarien gainetik jaitsi eta Santxok bere "belarriluze" arindu zuen. Belar hezearen gainean eseri ziren, gosea bera jaki eta bertan gosaldu, bazkaldu, askaldu eta apaldu zuten, hantxe bertan, urdailak ase arte, hilotza zekarten eliz-gizon haien zamari zama-eroale haietako baten zorrotik hartutako sakote batzuez ase. Holakoek jakina da ez dutela gosea ogi hutsez hiltzen. Alabaina, beste zorigaitz bat gertatu zitzaien, Santxok denetarik gaiztoentzat hartu zuena, zera: ardorik eza; edateko urik ere ez zedukaten baina. Egarriak jota, beraz, belartza hezea eta belarra motza zela ikusita, Santxok hurrengo atalean azalduko dena esan zuen.