On Kixote Mantxako

25. atala

Sierra Morenan Mantxako zaldun gementsuari gertatu zitzaizkion gauza harriegarriez, eta egin zuen Beltenebrosen penitentziaren antzerapenaz.

Ahuntzainari agur egin zion On Kixotek eta, berriro Rozinanteren gainera igorik, Santxori gibelean jarraitzeko agindu zion, bai honek egin ere, oso gogo txarrez. Geldiro-geldiro zihoazen mendiko malkarrune sarrienera sartzaiten, eta Santxo nagusiagaz mintzateko gogo biziarekin zihoan, harek hizpidea eman zezala nahi zuen, berak emandako hitzari uko ez egitearren ; baina isilean ezin luzaro burutuz eta esan zion

On Kixote jauna, eman biezat berorren bedeinkapena eta aldi berean baimena; hemendik etxera itzuli nahi dut, nire emaztearengana, seme-alabengana, hauekin, behintzat, hitz eginen dut, nahi dudan guztiaz mintzatuko naiz; alta, berorrekin joan nadila, gau eta egun, bakarralde hauetan zehar, eta gogoak emaiten didanean hitzik ezin egin diezaiodala nahi badu, bizirik ehortzia bezala da. Baldinetan, abereak mintzatuko balira, Guisopeteren garaian egiten ei zuten bezala, gaitz erdi! nik hitz egiteko aukerarik ukanen bainuke, zeinbat-nahi, eta honezaz nire ondikoa nolabait arinduko nuke; gogorra da, gero, ez patxadaz eramaitekoa, bizitza osoan arriskuen bila ibiltze hau eta ostikadak baino ez aurkitu, ukabilkadak non edo non, harri-ukaldiak han ez bada hor, burusian gora-behera hegan egitea bertzerik irabazi ez; eta guti balitz bezala, horrez gainera, ahoa josita eraman behar da, bat-bedera bihotzean duena erraiteko eskubiderik bage, mintzul bezala.

Ulertzen diat, Santxo: mingainean ezarri nian debekua ezereztu behar diadala esan nahi didak. Ezerezean duk, beraz, honez gero, esan ezak, bada, nahi duana; honela eta guztiz ere, mendi-lerrootan zehar gabiltzan bitartean baizik ez dik iraunen.

Hala bedi – erran zion Santxok – ; mintza nadin ni orain, gero Jainkoak jakinen du zer izanen den; eta baimen horrezaz itoindu nahiz, zera diot, zer ote doakio berorri harako Magimasa edo zein-nahi izen duen erregina hura, haren alde bihurtzeko? Edo, zelako axola zuen Abade hura haren adiskide izaiteak ala ez? Nire iritziz, berori haretaz entzungogor izan balitz, ez baitzen epailea, zoroak bere kondairan aitzina eginen zukeen eta, beraz, ez genuen hartuko dohainik edo urririk harrikadarekin ostikadarik, eta are sei zipli-zapla baino gehiagorik.

Hala fede, Santxo – erantzun zion On Kixotek – hik baheki, nik dakidan bezala, zein dedu handikoa zen, zein zen prestua Madasima erregina, bazakiat erranen hukeela egonarri handia, arte zabala, ukan nuela, irain hura atera zuen ahoa hautsi ez nuenean. Irain handia duk, izan ere, bai esatea bai burutan hartzea, erregina bat osagile baten ohaide dela. Ipuin haren egia bestelakoa duk: Elisabat zoroak aipatu zuen maisu hura oso gizon zuhurra zuan, onu onekoa hagitz, eta erreginaren atxeterraz gainera haurtzaina izan zuan; haren ohaide zela pentsatzea burugekeria duk, eta zigor gogor bat merezi dik. Eta Kardeniok zer zioen ez zekiela ekus dezaan, gogotan har ezak esan zuenean zentzurik bagetua zela.

Horixe diot nik, bada – Santxok berriro – : ez zen zertan haintzat hartu zoro baten hitzik; asturu onak urgatzi ez balio berorri, eta harria burura bagerik paparreratu ez balu, ederrak ginen gu! Jainkoaren abaroan egon dadin andere haren alde bihurtu izaiteagatik. Kardenioren zoroa!

Nahiz zentzudun baten aurka nahiz zoro baten aurka, edozein zaldun ibiltarik emakumezkoen alde egiteko beharkizuna dik, nor edo nor dela ere, are gehiago, erreginen alde, eta Madasima bezain goi-mailako baten areago. Beroni neu aiher on natzaiok, eraspen era bat zioat nolabait, beronen alderdi on askorengatik; ederra izaiteaz gain biziki zuan zuhurra, atsebageetan eraman handikoa, honelako anitz jasan behar izan baitzuen; Elisabat maisuaren laguntza eta aholkuak onuragarri bezain aringarri gertatu zitzaizkioan, egin beharreko lanak aurrera, zuhurkiro eta eroapenez, eramaiteko. Hona nondik hartu zuen jendexkila kiskil etxakinak, gaizki esaka eta gaizkiago pentsaka, hura honen ohe-laguna zena; gezurra ziotek, behin eta berriz zioat, eta beste berrehun aldiz gezurrra erranen ditek, hori buruan eta aho-mihitan erabiltzen dutenek.

Nik ez diot ez pentsatu ere – Santxoren hitzak – ; bortz axola niri; hor konpon, ohekide baziren ala ez baziren Jainkoari emanen al zioten horren berri; nik neure ogitik jaten dut: ez dakit ezer; inoren bizitzan eskurik sartuzalea ez naiz ni; erosi eta gero gezurra, ziskua mehe, hanka laburra. Areago, atzamarrekin jaio nintzen eta hamar atzekin bizi naiz: on-gaitzik ez dut nik hor, hala baziren ez baziren niri ez doakit. Txitxi dagoela uste du askok eta ez dago burduntzirik. Baina nork itsasoan aterik ipini? Are gehiago erran baitzuten Jainkoaz.

Jainkoarren – On Kixote harriturik – zeinbat lelokeria txirikordatzen duan, Santxo! Zer doakio gure arazoari albaintzen duan horrenbertze esaera zahar? Isil hadi, arren, hire biziagatik, Santxo, eta aurrerakoan ez hadi sar hiri ez doakianera. Uler ezak, bada, hire bortz zentzuez, neronek egin, egiten eta eginen dudan guztia, oso zuzen doala, zalduntza-legeei atxekia dela, lurbiran inoiz izan diren zaldun guztiek baino hobeki baitakizkit nik legeok.

Jauna, eta, zalduntza-lege ona ote da gu hemen mendiotan galduki ibiltzea, ez biderik ez zidorrik, zoro baten bila, eta edirenez gero ere, beharbada, beronek amaitu bagerik utzi eragin zion egitekoa bukatzeko gogoak emanik, ez kondaira jaulkitzekoa berorren burua eta nire saihets-hezurrak apurtzekoa baizik alegia, oldartuko zaigun arriskua dugunean?

Hago ixilik, berriz ere dioat, Santxo; ez nabilak ni bazterrotan soilik zoro baten atzetik, egite handi baten burutzeko gogo bizia den biska batek narakarrak, lurgain mugagean betiereko izen eta entzute gora bat irabazteaz sarituko didana; eta hain handia izanez, zein edo zein zaldun ibiltari ospetsuz gain hobezintzat hartua izaitera goratzen duen ikurratza ezarriko zioat.

Egitandi hori arrisku handikoa al da? – galdetu zion Santxok.

Ez, gerta bailiteke gerta, guk aurkitu bagerik zoriak guregana ekartea, dena dela, baina, dena hire izapidetik hara joanen duk.

Nire esku, otean? – Santxo txunditu eta.

Bai – erantzun zion On Kixotek – ; bidaliko haudan lekutik laster itzultzen bahaiz, nire beheraldi hau laster goraldi bihurtuko duk. Eta hor balditua luzazago egon ez hadintzat, nire asmoa zertan den jakin nahiz erpai, jakin dezaala nahi diat, Santxo, Amadis Gaulako ospetsua zaldun ibiltari bikainenetako bat izan zela. Ez diat ongi erran bat izan zen : bakarra izan zuan, lehena izan zuan bera, bere garaian munduan izan ziren guztien jauna. Ut! On Belianis eta haren berdintsua zela esaten zuten guztiek euren buruari iruzur egiten ziotek, zin-zinez. Hainbatenaz ere, ezen, nik zioat, margolariren batek bere antzegintzan ospea irabazi nahi duenean, berak dakien margolari bikainen baten, edota batzuen, jatorrizko margo-lanak antzerakotu ohi ditik, edo egiten saiatzen duk bederen; bada, bertze langintza guztietan, herrialdeen apaingarrirako iharduera orotan, arau ber-bera erabili ohi duk, eta honela egin behar dik, eta egin ohi dik zuhur eta jasankor izaitearen ospea irabazi nahi duenak, Ulisesen antzera, beronengan Homerok zuhurtasuna eta jasankortasuna iruditu baitzituen, Birgiliok Eneasengan egin zuen bezala, seme errukior baten adorea, kapitain aditu eta gementsu baten ernetasuna beronengan iruditu zituenean; ez zitiztean irudiztatu ez tipildu edo zehazkiro marraztu haiek ziren bezalakoak, izan behar zuten bezalakoak baizik, etorkizuneko gizonentzat eredugarri izan zitezen, euren onbideekin, alderdi on-onekin. Honelaxe, Amadis iparraldea izan zuan, zaldun maiteminbera eta bihoztunen goizeko izar, eguzki izan zuan, zaldunerian iharduten dugunok, maitasunaren ikurroihala goi daramagula, antzerakotu behar duguna izan zuan. Zaldun horrek bere zuhurtasuna, adorea, gemena, jasankortasuna, sendortasuna eta maitasuna erakutsi zitian, ondo baino hobeto, bazterreratu zenean, Oriana bere anderea arbuiaturik, Haitz Landerrera damukioa penitentzia egite aldera, bere izena bera aldatu eta Beltenebros izen berria hartu eta gero; hauxe, hain zuzen, berak hartu nahi zuen bizimodu haretarako beren-beregi eta adiarazkorra oso. Honetan, beraz, haren antzera egitea niri errazago zaidak, erraldoien azpiratzean baino, sugeen buru-moztean baino, edota bidutzien hiltzean, gudarosteen banantzean, erasoaldien porrot eragitean, sorginkerien suntsitzean baino. Hemengo lekuok egoki-egokiak direnez gero, nahi dudan horretarakoxe noski, ez duk zertan aukera hau hutsik iragotzen utzi, aukerari tximarrotik eutsi behar zaiok eta. Badakik, Santxo, anbiolako supitak zer zioen: galdu zeegik aldia, eta idoro dagik nahia.

Horixe baietz – Santxok – zer nahi ote du egin berorrek honen leku urruneon?

Ez al diat erran, bada, Amadis bezalakatu nahi dudala, etsituarena eginez, alegia eta tentela eginez, suminduaren antzera eginez, oro, zehazki, Errolan zangarraren antzeratu nahiz?; honek, iturri batean, Angelika Ederrak Medorogaz putruskeria egin zuelako zantzuak aurkitu zituenean, tamalaren tamalez, burua galdu zian, eta zuhaitzak errotik erauzi zitian, iturri gardenetako ura uhertu zian, artzainak hil zitian, kalitu abereak, etxolak erre, etxeak eraitsi zitian, behorrak narraztu zitian, eta bertze heuragi ozarkeria, lotsabagekeria asko eta asko burutu zitian betiereko izen eta idatziak izaitea irabazi dutenak Nik, ostera, ez diat Errolan, edo Orlando, edo Errotolando -hiru izenok bai baitzituen- bezalakatuko, zehatz-mehatz, egin zituen, esan zituen eta bururatu zituen erokeria guztietan; gutti goiti-behetiko bat baizik, ahalik hobekien, eginen diat, nire irudiz funtsezko diren zeratan, handi-handika. Gerta ere litekek, bai , gerta, azkenik, Amadisena baino ez egiteaz aski etsi nik, min-eragingarrizko erokeriarik egin bage, zeren, negar eta auhen eta erostazkoak soilik eginez inork bezainbeste ospe erdietsi baitzuen.

Ene irudiz – Santxok hitza hartuz – halakorik egin zuten zaldunek bazuten zergatik, noski, halako erokeriak, tentelkeriak eta penitentziak egiteko bazuten zerik, zioren bat edo, egiteko eragin egin zieten, aurki; baina, berorrek, zeren kariagatik zoratu edo erotu behar du? Zein anderek gutietsi ote du berori, edo zer-nolako zantzurik aurkitu ote du aditzera eman diezaiokeenik Tobosoko Dultzineak ezein umekeriarik egin duenik mairurekin nahiz kristaurekin?

Hortxe zagok koxka – On Kixotek berriro –, eta horra hor nire garatzaren printzeltasuna; zaldun ibiltariren bat zio bategatik erotzea, ez erdu eta ez merdu: koxka hortxe zagok, ziorik ez eta itxurak egitean, eta nire andereari hau ekusaraztean, hots, lehorrean hauxe egiteko gai banaiz, zer ez ote naiz izanen bustian? Areago, luzaz egon bainaiz urrundean, nire betiko anderea den Tobosoko Dultzinearengandik, eta, harako artzain hari entzun hiona legez, Anbrosiori alegia, urrun dagoenak oro gaitz oro beldur, dena nekagarri ohi zaiok, omen, dena susmo. Beraz, Santxo, adiskide, ez gal astirik hain itxurapenaldi harrigarri, zoriontsu eta guttitan ez bezalako hori bertan behera utz dezadan aholkurik emanez. Ero nauk, erorik izanen nauk hi itzul hadin arte eta hirekin Dultzinea nire andereari bidaliko diodan gutunaren erantzuna ekar diezadaan arte; eta nire fedeari zor zaionaren heinekoa baledi, amaituko lukek nire tentelkeria eta nire nekaldi hau; bestelakoa baledi, zin-zinez zoratuko nauk, eta zoroaren zoroz ez diat deusik sumatuko.Honela, bada, erantzuna zein edo zein dela ere, utziko nauan lan, iharduera eta estualditik irtenen diat, ekaren didaan atzerako onaz gozorotuz neure senenan, edo osterantzean, ekar diezadaan txarraz ez ohartuz, neure senetik ateratuta. Erraidak, bada, Santxo, Manbrinoren buru-kroskoa, lurretik jaso huela ekusi niana, harako eskertxarreko harek apurtu nahi izan zuenean, ba al dakark ondo gordeta? Orduan, bai, ezagun dik gain-gaineko metal ongi suberatuzkoa dela, gogorra baino gogorragoa.

Santxo honi honela esan zion:

Jainkoarren, Itxura Hitseko Zaldun jauna, ezin dut patzorraz eraman edo jasan berorrek erran ohi duen zenbait zer, eta honegatixe iruditzen zait zalduneriaz erraiten duen guzia, eta erresuma edo inperio batzuen erdiesteaz, eta uharteren bat emaiteaz, eta bertze hainbertze mesede, onura, handitasun eta antzekoez, zaldun ibiltarien ohikuntza legez edo errranikoak, guziak kasketaldiak direla, uxuarra hutsak, gezurrak nahiz asmakeriak direla, guk erran bezala eroxkakeria, berorrek nabarmenkeria erranen bailuke, alta. Nehork entzunen balio, ai ene, bizargin baten ontzia Manbrinoren buru-kroskoa dela, eta lau egun baino gehiagoren buruan oker horretatik jalgi ez dela, zer ote du gogoetatu behar, hori dioena eta behin eta berriz erraiten duena, eta berresten duena zentzubage hutsa dena bertzerik? Txoleta zakuan daramat, biziki makatua, oso maspildua, koska-koska eginda, eta nire etxean konpontzera daramat, eta gero bizarra egiteko erabiliko dut, Goiko Jaunak noizbait nire emazte eta seme-alabekin berregoiteko dohaina eman baliezat.

Begira, Santxo, hik esan duan bezala, Jainkoarren! – Nagusiak erauntsi – lurbiran ez zagok hi bezain buruz ments, inozo eta zuntzuna izan den eta den ezkutaririk, bat ere. Ba ote da, ba, nirekin aspaldi habilela, eta oraindik ez duk buruan hartu zaldun ibiltarien zer guztiak ameskeriak, zentzugekeriak, behar-ez-direnkeriak iruditu arren, denak bestelakatuak direna? Ez berez halakoak direlako, gure artean sorgintzaile andana bat ohi dabilelako baizik, gure zer guztiak aldarazten, nahasten dituztenak, goi-beheratzen eta azkenik lardaskatzen; eta euren beren gogara iraultzen ditiztek, gogoak eman ahala gu norbaituz edo bestenaz inoreztatuz. Honatx, zeren kariaz hiri bizar-ontzi iruditzen zaian horrek niri Manbrinoren kroskoa dirudisdan, eta beste bati bestelako zera irudituko zaion, behar-bada. Nire alde dabilen jakintsuak, zorionezko arreta onaz, ebatzi zian, agidanean, orok txolet ekustea egi-egiaz Manbrinoren buru-kroskoa dena; zeren, hain ederretsia denez gero denak nire atzetik etor bailitezke, kendu asmoz; baina, bizar-ontzi bat besterik ez dela ekusten dutelako, ez dik inork beretu nahi, gogora bestela apurtu nahi izan zuena eta lurrean utzita eraman ere bagerik joan zena, jakin balu, jakin, zer den, ez zikean, ez, bertan behera utziko. Gorde ezak, adiskide, oraingoz ez diat horren premiarik; lehenago iskilu eta guda-soineko hauetaz guztioz hastu behar diat, erantzi soin osoa, jaio nintzen bezain biluzik gera nadin, ene penitentziagaz aurrera joaiteko gogoak eman baitit, Errolanen antzerago Amadisen baino.

Honakoxe berriketaz, mendi garai baten barrenera iritsi ziren, burkaitz ebaki baten antzeko haizpurua zen hau inguruko beste mendi batzuen artean bakarrik zegoena. Bere hegaletik behera lats bare bat zihoan eta barano osoan, larre heze, gizen bat biribiltzen zen, begien gozagarri. Zuhaitz asko, anitz tantai, landareak loreekin, hantxe bazegozen, lekua atsegintsua. Bada, hau berau hartu zuen Itxura Hitseko Zaldunak bere damukioa egiteko tokitzat, eta ikusi zuen bezain sarri, ozenkiro, bere senetik at bailegoan, esaten hasi zen:

Hauxe dut lekua, ai ene zerua! hautatu dudana, zuek zeuek jarrarazi nauzuen zorigaitzaz negar egiteko. Hauxe dut lekua, nire begien malkoek ur xirripa honen ura ugarituko dutena, eta hementxe nire hasperen sakon taibageak entzunez garrazta hauen ostoak geldi-geldituko dira, nire bihotz urratuak pairatzen duen nahibagearen erakusgarri.Oi zuek, nor-nahi zaretela ere, leku basa bizigaitz honetantxe zuen bizitokia duzuen jainko oihandarrok, entzun ezazue maitemindun ondikotsu honen arrangura, adi ezazue ene zinkurina! Izan ere, neu nauzue, urrunaldi luze baten ondorioz eta buruan ernetako espa batzuek honetaraturik, malkargune hauetan negarrez urtzera eratorritakoa, eta harako eder eskertxarreko haren izaera gogorraz aieneka diharduena, huraxe baita, izan, giza edertasun guztien gain-gainekoa. Oi, zuek, basalaminok, baso usuen barruetan bizitzeko ohitura duzuenok, lagun iezadazue nire zoritxarra deitoratzen, edo, bederen, ez zaiteztela nire erostak entzuten aki, eta zuen atsedenaldi eztitsua ez dezala inoiz artega ez nahas zuen maitale nahi duen, alperrik baina, ezein aker-gizon likits, lizun, kaskarinek! Oi Tobosoko Dultzinea, nire gauaren eguna, nire nekeen aintza, nire bideen iparraldea, nire zoriaren izarra, zeruak ailiezazu on egin eska zakizkion guztian, eta ohar zaitez zuregandiko urruntasunak ekarri nauen lekuaz zein egoeraz, eta nire zureganako fedeari zor zaion ongiaz sarizta diezadazula! Oi zuhaitz bakartiok, ekiz nire bakartasunean lagun izanen zaituztedanok, emaidazue aditzera, zuen adarren firfiraz, ni hemen zuen artean egoiteaz atsegin hartu duzuela! Oi hi, ezkutari neurea, nire jazoera on-gaitzetan adiskide atsegingarri izan haudan hori, har ezak ongi oroimenean hemen egiten ekusiko didaana, non-nahi heda dezaan, zabal-zabalkiro, eta honen guzti honen zergatia eraulki dezaantzat!.

Hau esanik, Rozinanteren gainetik jaitsi zen, zela erantzi zion, ahokoa kendu, eta, gidail-gainetan zapladattoa emaitean, esan zion

Askatasuna damaizu, berau bageturik geratzen den honek, oi zaldi zure egindakoetan langile porrokatua bezain halabeharretan malder ondikotsua! Zoaz nahi duzun lekurik hara. Bekokian beti idatzita daramazu, bai, zure berdinik ez zela izan, arintasunean, Astolforen Hipogrifo, ez Frontino entzute handikoa, Bradamanteri hain garesti izan zitzaiona.

Santxok hau ikustean, esan zuen:

Izan dadila ongi astoa bastaz erantzi beharreko lana kendu ziguna; ez zen, ez, alafede! zapladattorik jaso bage joanen nire "belarriluze", ez bere omenezko hitzik bage ere, baina hura hemen balego ez nioke nik inori utziko bastaren eranztea, ezertarako ere ez; harekin ez zegoen ez maiteminduen araurik ez etsituenik ere, ni nerau haren jabea eta ugazaba nintzen Jainkoak nahi zueino, eta ez maitez mindurik ez etsiturik negoen. Benetan, Itxura Hitseko Zaldun jauna, nire joaera berorren gogokoa baldin bada, eta zoroa egiazkoa, Rozinante berriz ere jantzi behar dugu, bastatu erran nahi dut, nire astoaren ordezkoa izan dakidan, nire joan-etorrian ahalik lasterren ibiltze aldera; zeren eta, oinez eginez gero, nik dakita noiz itzuliko naizen! noiz helduko naizen ez baitakit; ibiltari txarra naiz eta.

Zera dioat, Santxo, izan dadila hik nahi bezala, ez zaritzoat txarra hire asmo horri; hiru egun barru joanen haiz, bien bitartean, harengatik zer egiten eta esaten dudan ekus dezaala nahi diat harengana iritsitakoan esan dagioan.

Bai eta, zer gehiago ikusi behar ote dut, bada – esan zion Santxok – ikusi dudana baino? - Ona hago hi, gero! – On Kixote mintzo zen – Orain soinekoak zarrastatu behar ditiat, iskiluok ihaurri, harkaitz hauetan gaindi kaskarreko gogorrak hartu, eta zurri honetako beste gauza hi liluratuko hauten batzuk egin behar ditiat, egin.

Jainkoaren maitasunagatik! – Santxo berriro – begira ondo begira berorrek nola hartzen dituen kaskarreko horiek; hain harkaitzetara daiteke eta hain modutan, ezen, behin eta betiko amai dakiokeela honako penitentzia hau. Eta, zera, nire iritziz, berorrek kaskarrekook hartzea ezinbestekotzat joiten badu, eta hartu bagez ezin daitekeela egitekorik egin, nahiko behar luke berorrek, hau guzti hau antzerapena denez gero, iseka eta ihakina bertzerik ez, itxurazkoa alegia, nahiko behar luke berorrek diot berriz ere, uretan gaindi hartzea kaskarrekorik, edo gauza bigunen batean gaindi, kotoia edo, erraiterako. Utz nire gain, bertzalde, nik neure andereari adiaraztekoa, harkaitzik gogorren, diamante baino gogorragoko harmokarik gogorrenaren aurka egin duela eta egin duela adiaraziko diot.

Hire asmo on hori eskertzen diat, adiskide Santxo, baina jakinaren gainean jarri nahi haut eta jakin ezak egiten ditudan zerok guztiok txantxetakoak ez direla, txit egiazkoak baizik; bestela, zalduneriaren legea hautsiko nikek, gezurrik ez esateko agintzen diguna batik bat, eta baten itxuraz bestearena egitea gezur esatea bezala duk. Honetaz, bada, nire kaskarrekoak egiazkoak izan behar dituk, sendo eta indardunak, gezurrezko nahiz itxurazko nahiz irudizko ezer bageak hain zuzen. Sendatzeko hariren bat edo eman behar didak, halabeharrez gure gantzukia galdu genian eta orain ez zadukaagu.

Astoarekin gehiago galdu genuen – Santxok erantzun zion – berarekin hariak eta guzi-guzia galdu zirelako. Otoi, jauna, ez dadila berori harako edabe madarikatu haretaz gogora, aipatze hutsak arima ere, urdaila ez ezik, nahasten dit. Otoi, berriz ere: egiten dituen zorakeriak ikusteko eman zidan hiru eguneko epea irago da; ikusiak ditut eta nire andereari egundainokoak erranen dizkiot horretaz; idatz beza, bada, gutuna eta bidali nagi harengana, sarturik utziko dudan neketoki honetatik berori irtenarazteko lehen bai lehen itzultzeko gogo biziarekin nago eta.

Nekatoki diok, Santxo?. Gaiztoki erran behar huke, suleze edo "inpernu", edo are gaiztoago, gaiztoagorik baldin balitz.

Infernu nula es retencio erran ohi da – Santxok.

Zer duk "retencio" hori? – Nagusiak.

Infernura doana ez dela nehoiz itzultzen, ezin elki handik. Berori ez bezala, toki honetatik jalgi liteke eta, Rozinanteri akuilatzeko ezproinak badaramatzat are arinago; Toboson, nire andere Dultzinearen aitzinean, banan-banan jantziko ditut orpoetan; eta hala mintzatuko natzaio, hitzez hitz, berorrek hemen egin eta egiten eta eginen dituen zorokeriez eta erokeriez, oro bat baitira, eta hala entzunez halakatuko da, esku-larrua baino bigunagotuko da, artelatza baino latzago agertu arren; emanen didan erantzun eztitsua dakardala sorginen antzera hegan itzuliko naiz, eta berori nekatoki honetatik ateraziko dut. Infernua dirudi baina ez da, jalgitzeko itxaropenik bada eta; ez dut uste berorrek bertzerik erranen duenik, eta lehenago erran bezala infernurik hara ez dakit baina infernurik hona ez da itzultzen.

Egia duk – esan zion Itxura Hitsekoak – ; baina zer eginen dugu gutuna idazteko?

Astoen ordain-agindua ere hor ote?

Bai, oro batera hor. On lukek, paperik ez dagoenez, antzinatarrek egin ohi zuten eran orrietan idatziko bagenu, edo ezkoz eginiko oholtxa batzuetan; dena dela, hauek kausitzea paperik eskuratzea bezain zaila izanen diagu. Alegia! Arnasan etorri zaidak, oraintxe gogoratu zaidak non izanen dugun ondo idazterik, eta are ondo baino hobeto: Kardeniorena izan zen oroi-liburuxkan, eta gero mutilen eskola-maisuren bat edireiten duan lehenengo lekuan, liburuxkatik paperera, hizki ederrez, irauli eragiteko ardura hartuko duk, edo bestela, edozein eliz-mutilek papereratuko dik; baina ez eman honen egiteko ezein naskariri, hizki traketsa egin ohi baitute eta ez dik Txerrenek ere ulertuko.

Hori, eta, izenpea nork ibeniko?

Amadisen gutunek ez zitean inoiz izenperik eramaiten.

Ongi da, baina astoen ordain-agindua, ezinbertzez, izenpetua behar dut, zeren, bertzela gezurrezkoa dela erran baitezakete, eta ni asto bagerik.

Agindua, bai, liburuxka berean eroanen duk, izenpea eta guzti; nire ilobak ekusten dueneko ez dik betetzeko eragozpenik ezarriko. Maitasun-gutunaz den bezainbatean, izenaren pean hauxe ezarraraziko duk: "Hil arte zerorrena, Itxura Hitseko zaldun hau". Ez ziok axola handirik inoren eskutik eramaiteak, zeren, nik gomutan dudanetik bai baitakit Dultzineak ez dakiela idazten ez irakurtzen, eta bizitza guztian ez dik nire hizkirik ez gutunik ekusi, gure arteko maitabideak platonikoak izan baitira, urrundikoak esan nahi diat, begirada zintzo batetik haragotu ez direnak. Hau berau ere, noizetik noizera, eta zin zagikeat egi-egiaz, lurrak irentsi behar dituen bi begion argia baino maiteago dudalako hamabi urte hauetan ez dudala lau bider baino gehiagotan ekusi; eta laurotan, balitekek, ezen, berak nire begirada behin baino ez sumatu izana, honakoxe lotsa eta eratasunaz, hertsiro hazi ditek bere aita Lorentzo Corchuelok eta ama Aldontza Nogalesek.

To! – Santxo hitz egiten – Lorentzo Corchueloren alaba Tobosoko Dultzinea anderea ote dea, bertze izenez Aldontza Lorentzo?

Horixe – On Kixotek – eta unibertso osoko andere izaitea irabazi dik, irabazi.

Ontsa ezaguna dut – Santxok azaldu zion – eta badakit palanka aurtikitzen herriko edezein morroskok bezain ongi dakiela. Jainko maitea! zentzu beteko neskatxa da, beti zuzenetik emaiten duena, paparra bete ilekoa; inongo aldetik lakatzik ez duen horrek zein edo zein zaldun ibiltari edota ibilkizun, anderetzat hartua ukanagatik ere, bizarretik ten eta lokatzetik aterarazi ahal lezake! Oi, putakume! baina nolako gotortasuna eta nolako ahotsa! Behin, herrixkako eliz-dorrera igo zen, bere aitarena zen luberri batean zebiltzan mutilko batzuei dei egiten hasi zitzaien, eta handik legoa erdira baino urrunago egon arren, kanpandorre ondo-ondoan egon balira bezain ongi entzun zioten. Hori ez da menddere bat, ez milika edo gupera, limurkorretik anitz badu ere: oro da iseka, ororekin imintzio eta parizta, hemen txantxa han ihakin. Zera diot, berriz, orai, Itxura Hitseko Zaldun jauna, horrexengatik zorokeriak egin ahal eta behar dituela ez ezik, etsia har eta berorren burua urka ere ahal diro, eta honen jakitun izan dadin edonork ongi baino hobeki egin duela erran lezake. Neskatxa hori ikustearren, bertze zerarren ez bada ere, bidean bertarantz nahi nuke oraintxe; aspaldi da ikusi ez dudala, eta dagoenekoz aldatua izan daiteke; izan ere, emakumeen aurpegia xoil du higatzen, hagitz ihartzen, beti landan ibilteak, eguzkitan nahiz haizetan maiz azaldu beharrak du biziki maskaltzen. Egia bat berorri aitortuko diot, On Kixote jauna: hona artean jakinaren gainean ez jakinaren azpian egon naizela, honako neu etxakin hau; ondo eta zintzo sinetsirik nengoen Dulzinea halako printzesaren bat berorrek maitte-maitte zuena zela, edo berorrek igorri dizkion esku-erakutsi -berorrek bezuza erran lezake- aberatsen merezimendua zuen halakoxeren bat zela; hainbertzekoak ziren, izan ere, opariak, hala euskaldunarena nola arraun-atxilotuena, eta bertze anitz, hainbat gurenda eta hainbat garaipen berorrek burutu zituen eta dituenetan irabazi ahala hari bidali edo eskainitakoak, are ni artean ezkutari ez nintzaion garaietako asko eta asko. Baina, gogoan ontsa erabilita, zer doakio Aldontza Lorentzo andereari, Tobosoko Dultzinea andereari erran nahi dut, berorrek bidali eta igorriko dizkion azpiratutakoak bere aitzinean belauniko jartea? Gerta daiteke, zera, berorren menpeko hauek harengana iristean hura lihoa garbatzen edo larrainean eultzitzen ari dela, eta hauek ahalgez gorritzen direla hura ikusirik, eta hura, berriz, barre egiten duela, eta bezuzagatik haserretzen edo samurtzen dela.

Orain baino lehenago askotan esan izan diat, Santxo, berritsu handia haizena eta, adimenez motx bezain llaburra izan arren, sarritan zorrotzetik joten duala zorrozki; honela ere, zein leloa haizen hi ni zogi naizen ber, ekus dezaan, ipuin labur bat entzun diezadaala nahi diat. Behin, alargun eder, gazte, aske, aberats bat, eta harroxkoa batez ere, mutil kaskamotz, mardul eta funts handiko batekin maitemindu zuan; haren nagusiak, jakinaren gainean eta egun batean, neba-arreba antzo, agiraka "oleki" egin zioan, alargun zintzoari esanez: "Harrituta nagon, andere, ez zio handi bagerik, hi bezalako emakume horren behinena, horren ederra eta horren aberatsa urlia bezalako hain gizonezko zirtzil, hain doilor eta hain ergel batekin maitez mindu izanaz, areago, etxe honetan hainbat irakasle, hainbat teologo edo urtzi-ikasle, hainbat askogai dagoelarik, hik nahierara, madari artean bezala, aukeran hautatu ahal dezanan, eta esan ahal daginan: "hauxe nahi dut, hori ez dut nahi". Harek, berriz, aisa eta sonatsu ihardetsi zion: "Hi, ene jaun hori, oso oker hago, lege zaharrekoa haiz nik urlia txarto hautatu dudala pentsatzen baduk, ergela badaritzok ere; nik nahi dudanerako horrek Aristotelesek adina filosofia bazakik eta are gehiago ere". Horregatik, Santxo, nik Tobosoko Dultzinea nahi dudanerako, lurbira osoko printzesarik gorena bezain duina duk. Bai, olerkariek usu goresten dituzten andereei berek nahi duten izena, beren nahitara, emaiten zietek, baina ez honegatik dituk egiazkoak andereok. Hik uste al duk harako Amarili, Fili, Silvia, Diana, Galatea, Filida eta beste hainbesteak, liburuetan, erromantzeetan, bizarginen dendetan, antzokietan sarri-sarri agertzen izan direnak, benetan egiazko andere hezur-haragizkoak direla, eta goretsi edo goresten dituzten haienak zirela? Ez, ez horixe, gehienak ametsezkoak dituk, olerkiak halakorik, halakoxe lehenkoi bat behar duelako, eta bestalde, olerkariek maitez minberak nahiz min hartzeko gai diren gizontzat hartuak izan daitezela nahi dutelako. Honelatan bada, nahikoa diat nik uste bezala sinestea Aldontza Lorentzo zintzoa ederra eta garbia dela; jatorriari gagozkiola, berriz, axola gutti; ez duk horretaz zertan arakatu ezein handiki-agiririk eman asmoz, eta nik, neuretzat, munduko printzesarik gorena dela irudikatzen diat. Jakin behar duk, Santxo, baldin ez badakik, bi zer direla, beste ezer bainoago, maitatzera "zagitatzen" eta gilikatzen dutenak; bata edertasuna duk bestea ospe ona, eta zer biok Dultzinearengan bete-beteak zagozak, ederretan berdinik ez dik, ospe onaz den bezainbatean guti beralakorik. Eta dena azkentzeko, nik diodan guztia honelakoxea dela irudikatzen diat, ez gehiago ez guttiago, eta nire irudimenean opa egiten dudan bezala marrazten diat, hala edertasunez nola handikitasunez, eta ez Elena, ez Lukrezia, ez antzinate zaharreko beste ezein emakume ospetsu, ez greziarrik, ez latindarrik, ez beste atzerritarrik heltzen zaiok berari. Esan dezala bakoitzak nahi duena; etxakinen batek lotsak emanen balizkit honegatik, ezein zorrotzek ez zidak, ordea, zigortuko.

Horretan guzian zuzen dago berori, nik uste – Santxo erantzunez – ni bai astoa. Baina, ez dakit nik zer dela eta hartzen ote dudan ahotan astoa, ez da soka urkatuarenenan aipa behar eta. Betor, berriz, gutun hori, eta ni banoa, Jainkoaren izenean.

On Kixotek oroi-liburuxka atera zuen, eta bazter batera eginik, trentin handiz gutuna idazten hasi zen; bukatu zuenean Santxori dei egin zion irakurri nahi ziola esanez, buruz ikas zezan, bidean galduko balitz ere, zori hain txarrekoa izanik hori lekioke gerta eta beldurrak. Santxok honi honela ihardetsi zion:

Idatz beza berorrek bizpahiru aldiz liburuan, eta bemait, nik ontsa gordea eramanen dut; neronek buruz ikasi behar dudala bururatzea burubagekeria hutsa da, honen buru txarra dudanez usu neure buruari nor naizen galdetzen diot eta. Dena den, erran biezat berorrek, entzutean barre aldetik hartuko dut, egoki-egokia izanen baita.

ON KIXOTEREN GUTUNA TOBOSOKO DULTZINEARI

Guztiz gaineko andere gorena:

Urrundeaz zauritua eta bihotz-oihalean sakiez josita dagoen honek, Tobosoko Dultzinea ezti-eztitsu hori, beronek ez duen osasuna igortzen dizu. Zure ederrak gutiesten banau, zure gemena ez bada nire aldekoa, zure arbuioak jomuga nigan badu, ni hau eraman handikoa izan arren, atsebage hau ezin jasan izanen dut, gogorraz gain iraunkorra baita tint. Santxo nire ezkutari onak zehatz eta mehatz azalduko dizu, oi, eskertxarreko eder, ene etsai maitte-maitte hori! zuregatik nola geratu naizen: urgatzi nahi banindezazu, zure nauzu; bestela, gogoak agintzen dizuna egin dezakezu, nire bizia amaitzeaz zure ankerkeria eta nire nahia aseak izanen baititut.

Heriotza arte zurea,

Itxura Hitseko Zalduna

Nire aitaren biziagatik – Santxok gutuna entzunda esan zuen – nehoiz entzun dudan zerarik garaiena da eta. Arranopola, eta nola diotson berorrek hor nahi duen guzia, eta zein ongi sartzen den izenpean Itxura Hitseko Zalduna! Berori tusuria bera da, ez dago ez dakien ddeusik.

Dena behar – On Kixote mintzatzen – nire langintzan.

Ea, bada, ezar beza berorrek bertzee orrialdean hiru astoen eman-agiria, eta argiro izenpetu, ikusteaz bat nabari dezaten.

Atsegin zaidak – esan zion On Kixotek.

Idatzi eta berehala, honela irakurri zion:

"Asto-agiri honen aginduz, iloba andere hori, Santxo Pantza nire ezkutariari etxean utzi eta zure pentzutan dagozen bost astoetatik hiru eman behar zaizkio. Hiru astook emaiteko agintzen dizut, beraz, beste hiruren truke dagoeneko jasoa den ordainez, eta gutun honezaz batera ordain-agiria jasotakoan ondo emanak izanen dira. Sierra Morenaren erraietan, aurtengo agorrilaren hogeita bian emana."

Ondo dago – Santxo mintzo – izenpe beza berorrek.

Ez duk behar, nire zirrimarra nahikoa dik, izenpetzea bezala duk eta hiru astorentzat zein hirurehunentzat aski.

Hala bada hala da, berori sinesten dut, entzindu egiten dut, berorren hitzez erraiteko – Santxok esana. Utzi niri, Rozinanteri zela janztera noakio, gertu bedi berori bedeinkapena egozteko, gero alde eginen dut, egin behar dituen ergelkeriak ikusteke, nik hainbat eta hainbat egin zituela erranen dut eta asko eta aski ere izanen dira.

Hala behar eta, Santxo, zeratan, larrugorritan, behintzat, ekus nazaala nahi diat, eta zorakeriaren bat edo hamabi bat egitean ere nahi diat, ordu erdi baino arinagoz eginen ditiat, bai, eta hire begiez ekusiz gero zin egin dezakek eta besterik erantsi nahi izaitera hire esku dukek; hik erran ahal baino gehiago eginen baitut.

Jainkoaren maitasunagatik! ene jauna, ez al dut nik ikusiko berori larrugorritan, tamala emanen dit eta ezin negarrari eutsi izanen diot; bart negar eta negar egin dut astoagatik eta burua hala-hola dut, ez bertze negarraldi batean aritzeko.Berorrek nahi izanez gero, nik zorokeriaren bat ikus dezadan, egin bitza jantzita, laburzki eta harira datozenik egokienak, izan ere, niretzat ez da horren ezeren beharrik, eta lehenago esan diodana, lehen bain lehen itzultzeko asmoz, berorrek nahi eta merezi duen berria dakarkiodala itzultzeko. Bertzela, egon bedi gerturik Dultzinea, zeren eta, behar den bezala erantzun ez baleza, zin dagiot zin-zinez ahal diodanari, erantzun ona ateraraziko diodala, urdailetik bada ere ostikoka nahiz zapladaka. Zeren, non ikusi ote da, bada, berori bezalako zaldun ibiltari ospetsuren bat, burutik egina egon beharra, zerik zertara, halako baten...? Ez dut erran nahi gehiago ez gehiegi emazteki hari buruz, zeren, hasten banatzaio hasi, Jainkoarren, gaizki erranka, den-den-dena merkezurrian ez bainuke inoiz dena salduko. Ona naiz ni, bada, horretarako! Ez nau ongi ezagutzen emazteki harek! Ezagutuko banindu, alafede, alde eraginen lidake, bai!

Bai fede, Santxo, dirudienez, hi ez hago ni baino osoagorik.

Ez nago hain zoro – ihardetsiz Santxo – bai, aldiz, amorratuago. Baina hori bazter utzita, zer janen dua berorrek ni itzuli artean? Bide erdira jalgiko ote da, Kardenio bezala, artzainei kentzera?

Ez har horregatik axolarik, zeren, ezer baneduka ere, ez bainuke janen belarrik baizik, larre honek eta zuhaitz hauek emaniko igalirik baino; nire ihardueraren printzeltasuna horretantxe zatzak, hots, ez jatean eta beste antzeko lazkeriak egitean hain zuzen. Hoa Jaungoikoarekin, bada.

Baina, badaki berorrek zeren beldur naizen? Leku honetara, orai utziko dudan leku honetara, bazterrik baztertuenean dagoela eta, itzultzen jakinen ote dudanez.

Har ezak ondo helbidea, ni, berriz, inguru honetatitsu ez nauk urrunduko, eta, harkaitzik garaienotara igoko nauk, hire itzuleran urkus hazadan. Dena dela ere, agian, bidea ez galtzeko edo okertzeko, joan ahala, isats ugari zagok han-hor-hemen bai, txitean pitean isatsen bat moztu eta zuin antzo ipintea onena dukek, basotik soilera arteraino guttienez, eta hor izanen dituk, mugarri bezala, itzultzerakoan ediren nazaan, Teseoren labirintoko hariaren antzera.

Horrelaxe eginen dut – erantzun zion Santxo Pantzak.

Isats edo isuski batzuk moztu zituen, nagusiari bedeinkapena eskatu zitzaion, eta, elkarren arteko negar malkorik asko zeriela, agur egin zion. Igo zen Rozinateren gainera, hasi zen aitzina bide lauean, ihaurten zituen tartean-tartean isats-adarxkak nagusiak esan bezala. Honek, Rozinante ondo zaintzeko, bera balitz bezala arduraz erabiltzeko eta, urrunduz zihoan heinean, ikusteko eta ikusteko berak egin behar zuen zorakeriaren bat. Ehun urrats egin ez, eta atzera bihurtu zen, ostera, eta erran zion:

Zera diot, jauna, berorrek ongi esan duela: zin egin ahal dezadan, gogo-barrenak edo kontzientziak egin ausikiaren beldurrik bage, nire larruan goxo alegia, zorokeriak egiten ikusi dudala, batto guttienez ikustea hobe dut, nahiz eta ikusi dudan handiena berori hemen geratzea izan.

Ez diat, bada, nik esan? Itxadon, Santxo, jesus baten egingo ditiat. Erantzi zituen berehala galtzak, larru huts geratu zen, ator-pilda baino ez, eta, besterik ezean, itzulipurdi bi egiten, oski-ukaldika ekiten, buruz behera oinak goian zituela ibilten hasi zen; agerian utzi zituen gauza batzuk ez ikustearren Santxo Rozinanteri uhaletik ten eta bihurtu zen bitartean; nahikoa zuen ikusia, ase eta bete geratu zen, nonbait, bere nagusia bertan zoro-zoro eginda geratu zela zin egin ahal izaiteko. Honela, beraz, bidean aurrerantz joaiten utziko diogu, itzultzen den arte, ez oso berandu hala ere.