On Kixote Mantxako

26. atala

Sierra Morenan On Kixotek egin zituen maiteminezko zurikeriak aurrera doazenean.

Atzera, Itxura Hitsekoak bakarrik egon zenean zer egin zuen jaulkiz, kondairak dioenez, On Kixotek azken itzulipurdiak eginda, erditik behera erantzita, erditik gora jantzita pinpoilka ibili ondorean, eta Santxo ergelkeria gehiago ikusi nahi izaiteke alde egina zela ohartutakoan, harkaitz handixko baten tinira igo zen, eta bertan bertze hainbat aldiz hausnartu izan zuen, eta inoiz ebatzi ezin izan zuenaz gogoeta egitera bihurtu zen: zein ote zuen hobe eta zein zegokion hobeki bere kondairari, Errolanen antzera egitea, burutu zituen zorakeria neurriz-gainekoetan ala Amadisen antzera, gogoilun edo uzkur; eta bere golkorako ahopean zioen: "Errolan' orok dioten bezain zaldun ona eta hain adoretsua izan bazen, zer zuen miresgarri?, azken baten sorgindua zen eta inork ezin zuen hil, oin-muturrean orratz bat sartzen ez bazion, eta berak beti oskiak burdinazko zazpi zolaz gogortuak zekartzan. Hala ere, alperrik izan zituen amarruok Karpioko Bernardoren aurka, honek igarri eta Orreagan besoen artean irato zuen. Harengan adorea alde batean utzirik, gatozen zentzua galdu zuenekora, galdu zuena egia baita, iturrian aurkitu zituen zantzuakatik eta artzainak eman zizkion berriengatik, hots, Angelika bi lo-kuluxka baino gehiagotan Medoro mairutto ile kizkur Agramanteren gela-sehiarekin etzan izan zela; hau egiatzat jo zuen eta bere andereak lotsagekeria egin zuela sinetsi zuenez geroztik, aurki, burutik nahasi zen; nik, ordea, nola antzekotu ahal dut zorakerietan, zorakerien zioetan egiten ez badut? Nire Tobosoko Dultzineak, zin egitera ausartuko naiz, ez du bere bizitza guztian mairurik ezagutu, berau den bezala, beronen larru beltz hutsean, eta bera beraz amak mundura ekarri zuen bezalaxe dago; irain eginen nioke, honegatik, bada, bestela irudikatuko banu eta honen ondorioz burutik egingo balitzait, Errolan suminkorraren zorakeria berdina antzekotuko banu, alegia. .Beste aldetik, Gaulako Amadis ikusten dut, zentzua galdu bagerik eta zorakeriarik egin bagerik, maiteminetan ospetsuena bezain ospetsu agitu zen; zeren, egin zuena, bere kondairak dioenaren arauera, Haitz Landerreratu, padar bat lagun zuela, bertan negarrari ase arte eman eta Jainkoari damukioz bere burua egoztea besterik ez baitzen izan , eta hantxe bertan, atsebagerik larrienean behar-beharra zuen unean, zeruak urgatzi zion arte egon zen; eta dena bere maitea zuen Oriana andereak arbuiatu zuelako eta berak nahi izan arte bere aitzinean ager ez zekion agindu ziolako. Eta hau egia bada, eta egia da, zertarako biluzi behar ote dut nik oso-osorik, eta hemengo zuhaitzoi, kalterik egin ez didatenoi, bihozminik eragin, zertarako uhertu behar ote dut lats hauetako ura, egarri naizenetan edaria emaiten didaten latsotako ura? Bizi bedi beti Amadisen oroitzapena , eta On Kixote Mantxakok antzera dezala, ahal duen guztian; beronetaz harexetaz esan zena esanen da: gauza handirik burutu ez bazuen ere ekinaren ekinez hil zen; eta ni Tobosoko Dultzineak arbuiatua edo gutietsia ez banaiz ere, aski dut harengandik urrun egoite hau, esan dudana legez. Ea, bada, nakion zerari: zatozte nire oroimenera Amadisen gauzak, irakats iezadazue nondik jo behar dudan zuen antzeratzeko. Badakit harek egin zuen gehiena otoitza izan zela, Jaungoikoari bere burua egoztea izan zela; baina, arrosariorik ez dadukat eta zer erabiliko dut?"

Bat-batean, nola eginen zuen otu zitzaion, eta urratu zuen, haretarako, bere atorraren hegaletatik zerrenda luze bat, zintzil baitzerizkion, eta hamaika korapilo egin zion, bata besteak baino lodiagoa, honela han egon zen epe guztian arrosario bezala erabili zuen, milioi bat agurmaria otoitz egin zuen aldian. Nahibage bat bazuen, hala ere, handia, han inguruan beste padarren bat ez aurkitzea hain zuzen, aitortza har ziezaion, eta harekin asaskatzeko. Honela zebilen, bada, zelaittoan zehar zutibiliz, zuhaitzen azaletan irarriz, eta hondar mehe-mehean ere berdin, beredin bertso, denak bere goibeldurari zegozkionak, batzuk Dultzinearen goretsi nahizkoak, idatziz emaiten zuen asti. Harez geroztik, orduko bertso batzuk, bertan zegoela, hari jarrugi zitzaizkion; osoak eta irakurtzekoak zirenak, honako hauek ziren, ez besterik:

Zuhaitz, berar, landareok
baso-larre guztietan
goi, heze, jori zaretenok
nire minaz bai jostetan?
Entzun nire atx! santuok

Ez nire minaz alaitu
hau, atx! hau da oinazea!
On Kixote da amaitu
zu beretu ezin baitu
urruneko Dultzinea
Tobosoko

Hemen nago ni zugandik
urrun maite-minez hiltzen
nola jin naizen -da- nondik
ez dakidala argitzen
utz ezin zaitut inondik

Harkaitz-sasien artean
ai arrisku bila! ea
non ediren dezakedan
non maite-maite bakean
hain urrun den Dultzinea
Tobosoko

Maiteak oker narabil
urtzen ari naiz negarrez
malko lats bat bil eta bil
ibai handitua garrez
nire minaz sutsu dabil

Maite duenaren latza!
Zein malkar maite-bidea!
Mendi lakarrotan datza
oihuz honela bihotza:
zein urrun den Dultzinea
Tobosoko!

Ez zuen barre guti eragin aletutako bertso hauek aurkitu zituztenengan Dultzinea izenari Tobosoko eranskinak., zeren iruditu baitzizaien On Kixoteri irudituko zitzaiola, ezen, Dultzinea aipatuz gero Tobosoko esan ezik, bertsoa ezin ulertu izanen zela, eta honelakoxea egia, harek geroago aitortu zuenetik dakigunez. Beste asko ere idatzi zuen, baina, esan bage doa, ezin garbira atera, ez osorik, ahapaldi gehiagorik. Honetan, eta hasperenetan, eta oihan haretako basajaun nahiz basagizonei deietan, ibaietako maitederrrei deiadarretan, Oihartzun minbera bezain hezeari hotsetan asti emaiten zuen entzun eta erantzun ziezaioten, pozkor zezaten. Eta Santxo itzuli artean zerez elikatu eduki ahal izaiteko belarren batzuk bilatzen ibilten zen; hiru egunen buruan itzuli zen bera , eta gaitz erdi, hiru ilbeteren buruan itzuli balitz, ostera, Itxura Hitseko Zalduna hain maskal, merro eta itxurge geratuko zatekeen, sortu zuen amak berak ere ezagutuko ez zukeela.

Hobe dugu, eiki, haren hasperenetan eta bertsoetan bildurik uztea, Santxo Pantzari bere mezu-bidean zer gertatu zitzaion jaulkitze aldera; eta errepidetik irten ondorean Tobosorako bidea bilatzeari ekin zitzaion; egun baten buruan, burusiarena jazo zitzaion ostatu haretara iritsi zen, ikusi eta bertan, berriz ere, orduko hegalaldi hura burura etorri zitzaion, bai, eta ez zuen sartu nahi izan, sartzeko oren egokia izan arren, izan ere, jatordua zen eta zerbait bero murtxatu gogoarekin zihoan, aspaldi baitzen jaki hotza besterik ahoratzen ez zuela.

Beharrak zaharra azokara, eta beharrak txiriboga ondora eroan zuen, sartuko zen ez zen zalantzan, eta bertarakoan lagun bi jalgi ziren ardanetxetik eta ezagutu zuten. Batak besteari esan zion

Esaidazu, lizentziadun jaun horrek, zaldiaren hura, ez al da Santxo Pantza gure arriskuzalearen etxandereak bere jaunarekin ezkutari bezala irten zuela esan ziguna?

Bai, bada – esan zion lizentziadunak – ; eta dakarren zaldia gure On Kixoterena da.

Ondo baino hobeto ezagutu zuten, noski, hango bi haiek haren herriko Apaiza eta Bizargina zirelako, liburuen azterketarekin erreketa orokorra egin zutenak. Hauek, Santxo Pantza eta Rozionante ezagututakoan, On Kixoteren berririk jakin minez, harengana hurreratu ziren, eta Apaizak haren izenez deitu zion, ziotsola

Santxo Pantza adiskide, non dago hire nagusia?

Santxo Pantzak berehala ezagutu zituen eta berehala erabaki zuen bere nagusia non-nola zegoen isilperatzea; erantzuna halakoxea asmatu zuen, honetaz, eta bere nagusia garrantzi handiko zerbait egiten, nonbait geratu zela jakinarazi zien, baina bertzerik ezin zuela, aurpegian zituen bi begiengatik.

Ez, ez – esan zuen Bizarginak – Santxo Pantza, non dagoen hik erraiten ez badiguk, irudikatuko diagu, dagoeneko irudikatzen diagu, hik heuk hil duala eta ostu, haren zaldiaren gainean hator eta. Egiaz, zaldiaren jabea nor den erran behar diguk, edo bertzela, galdua haiz.

Nirekin ez da zertan mehatxurik, ni ez naiz inor hil edo ebasten duen gizonik: bakoitza bere zoriak hil dezala, edo jaioarazi zuen Jainkoak dezala hil. Nire nagusia damukio egiten mendi honen barruan geratu da, guztiz bere gogara.

Gero, tarrapataka, hitzetik hortzera eten bagerik, nola zen geratua, zer-nolako jazoaldiak gertatu izan zitzaizkion eta besteak jakinarazi zizkien, eta nolatan zeraman gutun bat Tobosoko Dultzinea andereari emaiteko, Lorentzo Corchueloren alaba zela eta beronetaz bere nagusia biziki maitemindurik zebilela. Santxok jaulki ahala biei harritu zitzaien, On Kixoteren zorotasunaz bazekiten arren, entzuten zuten bakoitzean berriro harri eta zur geratzen ziren. Dultzineari zeramakion gutuna erakusteko eskaritu zitzaizkion. Oroi-liburu batean idatzita zegoela esan zien eta nagusiak aginduta, iritsi lehen lekuan papereratu behar zuela; Apaizak erakusteko esan zion, berak itzuliko zuela paperera eta oso hizki txukunaz. Sartu zuen eskua golkora Santxo Pantzak, bilatu liburuxka, ezin idoro baina, eta ez zuen idoroko orain arte bila eta bila ibiliagatik ere, zeren On Kixotek ez baitzion eman, harekin geratu zen, eta Santxo eskatu ez.

Liburua edireiten ez zuela ikusi zuenean, Santxori hilaren aurpegia margotzen hasi zitzaion, soina albo guztietan haztatzen, hemen uki hor uki, hasi zen, odolestu, ez zuela edireiten berriz ere ohartu zen, eta ez bat ez bi, esku biez bizarrari ten eta ten ileen erdiak erauzi zituen, gero, tarrapataka, nola musturrean hala sudurrean seizpazazpi ukabilkada eman zituen, odoletan utzi arte. Hau ikusi zutelako Apaizak eta Bizarginak zer gerta ote galdetu zioten, hala jarteko, bere burua hain mutiriki erabiltzeko.

Zer gerta behar ote dit, bada – ihardetsi zien Santxok – eskutik eskura, lipar batean, hiru asto, bakoitza gaztelu baten adinakoa, galdu dudala?

Nolatan, bada, hori? – Bizarginak galdezka erantzun zion.

Oroi-liburuxka galdu zait – Santxo berriro – Dultzinearentzako gutuna zekarrena, eta honekin batera nire nagusiak izenpetutako agindu bat, bere ilobak niri etxean daduzkan lau edo bost astoetatik hiru eman diezazkidan.

Bere astoa nola galdu zitzaion jakinarazi zien. Apaizak pozkari pixka bat emaitearren, nagusiarekin bat egin eta gero berak agindua berretsaraziko ziola adiarazi zion, eta berriro paperean idatzi behar ziola, ohitura edo ekandua zena legez, zeren, oroi-liburuetan egiten zena inoiz ez baitzen onarturik ez beterik izaiten.

Honez gero Santxok poz hartu zuen, eta hura hala izaitekotan, tamala handirik hartuko ez zuela esan zien, Dultzinearentzako gutuna galdu izanagatik, berak buruz bai baitzekien, abantzu, eta honetatixe non edo noiz-nahi iraul litekeela paperera.

Erran ezak, bada, Santxo – Bizarginak – ; gero irauliko diagu eta.

Gelditu zen Santxo Pantza buruan atz egiten gutuna burura erakarri nahiz edo, eta behin oin baten gainean, behin bestearen gainean, batean lurrari begira bestean ortziari, atz baten mamiaren erdia higatuxea zuenean, gesu luze-luze batez geroztik, zer esango zain zegozenak adi-adi zituelarik, esan zien:

Jainkoarren, lizentziadun jaun hori, gutunetik burura ekarri nahi dudan guztia tusuriek eramaiten didate; badakit, zera, haseran honela zioela: "Andere garai eta apala"

Ez zian erranen – Bizargina Santxoren elez mintzo – apala, zabala edo baizik, andere zabala edo.

Bai, horrela. Gero, oker ez banaiz, zera, nire oroimenak gezurrik ez badiost: "lo-bageko honek, ezikasi honek, zauritua den honek berorri eskuetan mun egiten dio, eskertxarreko eta oso ezezagun eder horri", eta ez dakit zer zioen igorten zion osasunaz edota gaisotasunaz, eta honelatsu gehiago, amaitu arte, bere izena honela ezarriz: " Heriotza arte zurea, Itxura Hitseko Zalduna"

Poza hartu zuten bai, biek ala biek, eta ez ttikia, Santxo Pantzaren oroimen ona ikusita, tint goraipatu zuten, eta gutunekoa berriz ere, beste birritan, erraiteko agindu zioten, beraiek, halaber, buruz ikasi eta beharko zenean papereratzeko. Berriz eta berriz, hiru aldiz jaulki zuen Santxok eta beste hainbeste aldiz beste hiru mila burubagekeria gehiago esan zuen. Honen ondoan, bere nagusiaren zerak ere, aldi berean, jaulkita, ez zuen tutik aipatu hango txiriboga haretan, inola ere sartu nahi ez zuen haretan gertatu zitzaion burusi-jolasaz. Besterik ere esan zien, hots, bere nagusia, Tobosoko Dultzinea anderearen erantzuna ekarten zionean, ekarri, berehala bidean aitzina joaitekotan zela, enperadore edo errege behintzat izaiteko asmoarekin; biak honetarako hitz emanak zegozela, eta haren ahalmena eta haren besoaren indarra nolakoak ziren ikusiz gero aisa agitzeko eta burutzeko eginkizuna zela; eta horretara heldutakoan, bera alargun izanen zela ordurako noski, eta ezkonaraziko zuela erreginaren hurreneko andereñoren bat emaztetzat opako ziolarik. Lehorreko erresuma handi aberatsen baten oinordekoa izan hori eta, berak ez zuela, gero, ez uharterik ez uharteondorik gehiago nahi izanen. Astiro ari zen Santxo esan eta esan, noizean behin sudur-zuloak garbitzen, hain zentzu guttirekin ari zen ari, entzule biak berriro harriturik geratu zirela, beren baitan galdezka, norainoko indarra ote zuen On Kixoteren zoroaldiak, gizagaixo haren zentzua berearekin batera atzetik eroan baitzuen. Ez zuten alperrik nekatzeko gogorik ukan haren uste ustelak garbitzen, bere haretan uztea erabaki zuten, hobe beharrez, azken baten, haren usteak ez zion gogo-barrenari kalterik egiten eta; halako txorakeriak entzunez beraiek ere barre-pixka bat eginen zutelakoan. Hala, bada, bere nagusiaren osasunerako Jainkoari erregutzeko esan zioten; enperadore izaite hura, aldiaren joan-etorrian (joan-jinean erran zioten haiek) aldiz, gerta litekeena zela, erraz agi lekiokeena alegia, berak zioen bezalaxe, edo, guttienez, artzapezpiku edo halakotsu maila handiko ohore-agintaulki baten jabe izanen zela ziotsoten.

Santxok honela erantzun zien:

Jaunok, halabeharrak haretara erakarrita, nire nagusiak gogotik enperadore ez izaitea erabakiko balu, artzapezpiku baizik, hauxe jakin nahi nuke nik orai: zer eman ohi diete artzapezpiku ibiltariek beren ezkutariei?

Eman ere, eliz-opideren bat edo, soil nahiz ez hain soil, eman ohi zietek – azaldu zion Apaizak – edo sakristautzakoren bat, edo zaintzakoren bat, mozkin edo errenta baliotsua ekarriko diona, aldare-sariarekin batera, noski, beste hainbeste balio dukeena.

Horretarako – ihardetsi zuen Santxok – ezkutariak ezkonbagea beharko du, eta meza laguntzen jakin behar izanen du, guttienez, beraz, hau honela, dohabagea neu, ezkondua izanki eta ABD-ko lehen hizkiak ez jakinki! Zer egin behar ote nuke nik nire nagusiari artzapezpiku izaitea apetaz burura sar balekio, eta ez enperadore, zaldun ibiltarien ohitura eta ekandua dena legez?

Ez izan bihotz-esturarik, adiskide Santxo – Bizarginak harzara – guk hire nagusiari otoi eta aholku eginen zioagu enperadore eta ez artzapezpiku izan dadin, errazago izanen baitzaio, bera bihoztuna ikastuna bainoago duk eta.

Bai, horrela dut nik ere uste – Santxo mintzatzen – deneratako trebea dela esan daiteke, baina. Nire aldetik, gure Goiko Jaunari otoi eginen diot' hari egokien edota berebizikoen zaion lekuren bat eman diezaion, niri, bide batez, onura gehien opa liezadakeen lekua.

Zuhur antzo mintzo haiz – Apaiza orduan – eta giristino on baten antzera eginen duk. Orain, berriz, hire nagusia damukioa alperrik egiten geratu dela dioan lekutik aterarazteko agindua eman beharra duk; nola egin behar dugun hausnartzeko, eta jateko, jatordua baduk eta, txiriboga honetara sartzea on izanen diagu.

Santxok' haiek sar zitezen erran zien, bera kanpoan itxaroten geratuko zela, zergatik ez zen sartuko, ez zitzaion on izanen, gero esanen ziela; honela ere, jateko zerbait ekar ziezaioten otoi egin zien, zerbait bero, eta bide batez Rozinanterentzat oloa. Haiek sartu ziren eta utzi zuten; gerottoago, Bizarginak janaria ateratu zion. Gero, haiek biek nahi zutena lortzeko erarik egokiena zein ote ondo asmatu ondorean, Apaiza On Kixoteri gogara zetorkiokeen, eta beraien nahierarako burutapen batek jo zuen, eta Bizarginari adiarazi zion: bera neska ibiltariaren soinekoz jantziko zen eta hura ahalik ondoen ezkutariz jantzi zedin: Honela On Kixote zegoen lekura joanen ziren, bera alegia eta neska dohabage, behartsu bat zela, eta mesede edo eskerren bat eskatuko zitzaion, emaiteari uko ezin ziezaiokeena, zaldun ibiltari gementsua izanik. Galdatu nahi zion eskerra' berak eraman nahi zuen lekura berarekin etortea zen, zaldun gaizto batek egin zion okerkeria zuzentzera; aurpegi-ordekoa ez kentzeko, eta bere ondasunetik ezer ez eskatzeko ere otoi egingo zion, zaldun gaizto harekikoa burutu arte. On Kixotek orotan sinets, zalantzarik ez, eta bere eskari guztietan men eginez, zegoenetik jalgiaraziko zutela uste zuen, eta honela harenera eroanez geroztik haren zoro bitxia sendatzerik edo ba ote zegoenetz aztertzen ahaleginduko zirela.