Apaizak bukatu ez eta Santxok esan zuen:
Alafede! Lizentziadun jauna, "balentria" hori egin zuena nire nagusia izan zen, ez nik aurretik erran ez niolako begira zezan zer eginen ote zuen, bekatua zela haien askatzea, denak han zital-zitalak zirelako zihoazela.
Kaikutzar hori – esan zuen On Kixotek behingoan – zaldun ibiltarioi ez zoakiguk bideetan zehar aurkitzen ditugun atxilotuak, kateatuak, atsebagetuak zer dela eta doazen hala aztertzea, ez zagokiguk horren jakitea, edo zergatik ote den edo haien erruagatik edo haien zoritxarragatik; behartsuak diren neurrian laguntzea zagokiguk, haien oinazeei eta ez haien zitalkeriei begiratuz. Nik halako jende andana batekin buruz-buru egin nian, errosario-gonderak bezala txirikordatuak zetozen zorigaiztokoak eta bihotzilak zituan eta nire erlijioak agintzen didana egin nian, eta gainontzekoa hor konpon; eta inork txar erizten badio, Lizentziadun jaunaren duintasun santu eta ohorezko nordinaz landara, zalduneriaz gutti dakiela zioat, eta putakume gaizki-jaio baten antzera gezur esaten duela; eta hau honakoxe hau nire ezpataz irakatsiko zioat.
Hau esateaz bat eskalapoinetan tinkatu zen, buruko babesa ondo sartu zuen, bizargin-txolet, alegia, bere ustez Manbrinoren buru-kroskoa zena aurreko artzoitik dingilizka baitzeraman, galeretarakoek, hain zuzen, egin matxuraz zaharberritu arte.
Dorotea, urguria bezain hitz gozozalea zelako, On Kixoteren aldarte urriaz jakinaren gainean zegoenez, eta Santxo ez beste guztiak haren lepotik isekan ari zirela, ez zen gutiago izanen, eta, hain haserre ikusita, esan zion
Zaldun jauna, niri agindu mesedea gogora dakizula, eta, horrenbestez, ezin sar daiteke ezein jazoeratan, larria izanagatik ere : har beza berorrek arnasa lasai, Lizentziadun jaunak jakin izan balu horren beso garaitezin horrek askatu zituela, ahoa itxita edukiko zukeen eta; mingaina hirutan ausikiko zukeen, berorren amorragarri izan zitekeen deusik esan baino lehen.
Horixe zin dagit, zeharo – esan zuen Apaizak – bai eta sudurpeko bat moztu ere nik.
Ni isilduko naiz, ene andere – On Kixotek – eta nire golkoan piztu den sumindura xuxena hertsatuko dut, eta bare-bare bezain geldirik joanen naiz agindutakoa bete diezaiodan arte; baina, gurari on honen truke, otoi, esan biezat, txarto ez badu, zein den berorren helgaitza, eta zeinbat diren, nortzuk eta nolakoak, mendeku osoa eta betea egin beharrez apenduko natzaien gixakiak.
Gogotik egingo dut, bai – erantzun zion Doroteak – zinkurinak eta zoritxarrak entzunez haserre ez badadi.
Ez du haserraraziko, ene andere – On Kixotek esana.
Doroteak honela azaldu zion:
Horrela bada, egon bitez adi beroriek.
Hau esan eta bertan, Kardenio Bizarginarekin bat ondoan jarri zen, Dorotea urguriak bere kondaira gezurrez nola itxuratuko ote ikus irrikitan, Santxok ere berdin egin zuen, bere nagusia bezain ttuttulikatua baitzihoan neskaz denaz bezainbatean, osotoro atzipetua. Hasi zen, bada, jaulkitzen, aurretiaz bere aulkian ondo jarri, sasi-eztul eta beste imintzioren batzuk, txairoki, egin ondorean, eta honela esan zuen:
Lehenik eta behin, beroriek jakin dezaten, niri izenez...
Eta takada batean gelditu zen, Apaizak ezarri zion izena ahaztua zitzaiolako; honek, baina, berehala zer zuen ulertu eta lagundu zion esanez:
Ez da harritzekoa, ene andere, berori zorigaitzon jaulkitzean nahas eta poto egiteaz gelditzea, hain baitira larriak gaitzok, ezen, askotan gaiztunen oroimena hutsitu egin dutela, euren izena bera ez gogoratzeraino, berorrekin egin duten bezala, ahaztu eraginez Mikomikona printzesa esaten diotela izenez berorri, Mikomikon erresuma handiaren legezko jabegaia; ohartto honen ondorean, bada, ahaltsu horrek berorrek jaulki nahi duen guztia erraz bil dezake bere oroimen mintsuan.
Horixe bai egia – neskak atzera – eta honik aurrera ez dut uste inolako oharttoren beharrik izango dudanik, nire egiazko kondairarekin kai onera helduko naizela uste dut. Hau da, bada, nire aita errege jauna, Tinakrio Jakilea zeritzona, azti-antze delako horretan xoil ikasia zela eta bere jakintzaz, nire ama, Jaramilla izenekoa, bera baino lehenago hilko zela ikasi zuen, eta luzaro gabe bera ere bizitza honetatik at joango zela, ni, ondorioz, umezurtz geratuko nintzelarik. Aitak zioenez, ostera, honek ez zion kezka handirik ematen, handiagoa zuen nahasmendua ziurkiro zekielako erraldoi gaitz "alimaleko" bat, nure zurztasunaren berri ukanik, nire erresumaren gainetik iragoko zela, ahaltsuro bai ahaltsuro, eta oro kenduko zidala, baserrixka bat ere ez utziko niri bazter-bil nendin. Erraldoi hori uharte handi bateko jauna da, gure erreterriaren ia mugakide dena, Pandafilando Ikusmen Lanbrotsukoa deritzo, begiak behar den lekuan eta zuzenak dituen arren, beti zeharretara behatzen duelako, ezkela edo betokerra balitz bezala, eta honek halako gaizto itxuraren bat ematen dio eta begiz joten dituenak izu-izutzen ei ditu, soz beldurtzen. Nire etorkizuneko zorigaitz larri hori, ordea, erraldoiarekin ezkondu nahi banu ekidin nezake; aitak ez zuen uste, baina, halako ezkontza hain ezberdin baten gutarra edo nahi bizia niregana etorriko zenik, eta honetan egia osoa esan zuen, zeren, niri ez zait inoiz burutik irago harako erraldoi harekin, ez beste inorekin ere, ezkontzea, handia eta gaitza izanagatik. Nire aitak besterik ere esan zuen, hots, bera zendu eta gero, eta Pandafilando nire erreterriaren gainetik iragoten hasia zela ikus nezanean, neure burua zaintzen ez saiatzeko, hondamendi hutsa baino ez zen izango eta, aitzitik, erresuma hustu eta leku egiteko, nire zergapeko on eta zintzo guztien sarraskiarekin heriotza saihestearren, erraldoiaren indar txerrenezkotik begiratzea guztiz ezinezko izango nuelakoan. Honez geroztik, nire aldeko batzuekin batera, Espainiarantz jo nezan esan zidan aitak, zaldun ibiltari bat jarrugita nire gaitzen sendabidea idoroko nuela, zaldun izen handiko bat garai honetan beraren ospea zeharo zabaldua dena erreterri honetan, oker ez banago, On Azote edo On Xigote omen deritzona.
On Kixote esan al zuen, andere – Santxo Pantzak hitza tartean sartuz – edo, bertze izen batez, Itxura Hitseko Zalduna.
Horixe – ihardetsi zion Doroteak. Gehiago ere esan zuen: soinez lerdena, iharra begitartea, eskuin aldean ezkerreko sorbaldaren azpian, edo galtzarbean, edo hortsu, orinen bat duena, nabar-karakoa bilo irudiko ile batzuekin
On Kixotek hau entzun zuenean bere ezkutariari:
Hona, Santxo, seme, lagun iezadak eranzten, errege jakintsu harek iragarri zuen zaldun hura neu ote naizen ekusi nahi diat.
Baina, zertarako nahi ote du berorrek erantzi? – Doroteak.
Berorren aitak aipatu zuen orin hori ote dadukadan ekusteko – erantzun zion On Kixotek.
Ez dago zertan erantzi – Santxok berriro – nik badakit berorrek orin bat duela, halakotsua edo gutti goiti-beheti, bizkar-hezurraren erdi aldean, gizon indartsuaren ezagugarri.
Horrenbestez nahikoa – Dorotea mintzo – adiskideekin ez da xehe-xehe begira behar, sorbaldan egon ala bizkarrean egon, bost axola : orin bat aski da, non nahi egon ere, oro haragi bera da eta; nire aita onak denetan asmatu zuen eta neronek asmatu dut On Kixote jaunari neure burua egozteaz; berau da, izan ere, nire aitak iragarri zuena, aurpegiko marrak bat datoz, etorri, zaldun honek Espainian ez ezik Mantxa guztian ere duen ospearekin, Osunan lur hartu nuen bezain laster, horren egitandi askotaz hainbat gauza entzutean, gogoak eman zidan, arimak eman, bila nentorren ber-bera zela.
Baina, nola hartu ote zuen lur berorrek Osunan, ene andere – On Kixotek galde egin zuen – itsas-kaia ez da eta?
Doroteak erantzun aurrez, Apaizak esku hartu zuen, eta esan:
Printzesa andereak Malagan lehorreratu ondorean, berorri buruzko lehenengo berri Osunan entzun zuela esan nahi du.
Ahori esan nahi izan dut – Doroteak berriz ere.
Eta hau luze doa – Apaizak – ; eta bihoa aurrera andere erregina txit goren hori.
Ez da aurrera joan behar – Doroteak ihardetsiz – azkenean, nire asturu onak On Kixote jauna idorotera erakarri nau, honen harira, beraz, nire erreterri osoko erregina eta anderetzat hartzen dut neure burua, zeren, berak, adeitasunez eta esku-zabalkiro, nik daramakedan edozein tokitara nirekin joateko mesedea agindu baitit. Nora eraman eta Pandafilando Ikusmen Lanbrotsukoarengana eramango dut, aurrez aur jartzera hain zuzen; hil dezan eta honetara niri bidegabeki ebatsitako guztia bihurtaraziko dit; hau guzti hau nire gogara, ezin hobeki gauzatuko da, Tinakrio Jakileak, nire aita onak iragarri zuen antzera. Besterik ere utzi zuen esanda eta idatzita, kaldear edo gerkerako hizkietan nik irakurtzen ez jakinki, ezen, zaldun hau, erraldoiari lepoa moztuz gero, nirekin ezkon-bidean jar baledi, nik neuk baietz, emateko, ezbairik gabe, legezko emaztetzat ene burua, eta honegaz bat, nire neu honekin, nire erreterriaren jabetza berari emateko ere bai.
Zer daritzok honi, Santxo adiskide? – orduan On Kixotek – Ez al dantzuk? Ez nian nik esan? Honatx, badiagu erresuma bat agintzeko eta ezkontzeko erregina bat.
Hori zin dagit – Santxok esan zuen – eta bai putakumea Pandahilado jaunari txintxur egin baikoz horrekin ezkon ez baledi! Alajaina, txarra ez, gero, erregina! Ailekizkit arkakusoak ohean itzul!
Hau esandakoan, jauzika, zapata-ukaldi bi jo zuen, pozaren pozarren, eta, gero, Dorotearen mandoari hedeetatik heldu zion, geldiarazi zuen, aitzinean belaunikatu zen, eta otoi egiteaz bat eskuetan mun egin zion, andere eta erreginatzat hartzen zuelako ezagugarri. Nork ez zuen barre eginen harako halakoetan, nagusiaren zoroa eta morroearen leloa, inozoa, ikusita? Benetan, Doroteak eskuak emanda, bere erresumako jaun handi egingo zuela hitz ere eman zion , zeruak hain on handia eginez gero, erreterria irabazita gozatzearren. Santxok eskerrak eman zizkion, ziren guztien barrea eragin zuten halakoxe hitzez.
Hau da, jaunok – Dorotea mintzatzen – nire kondaira. Ez dut besterik esatekorik, hauxe baino: nire erreterritik nire jarraigoan ateratu nituen lagunetarik bat bakarra, bizardun ezkutari zintzo hau alegia geratu zait, beste guztiak ekaitz handi baten pean kaia ikusterrean gengozela ito ziren, berau eta biok ohol banari eutsiz lehorreratu ginen, mirariz bezala. Honelaxe, bada, nire bizitza: dena mirari, dena misterio, nabaritzea ukan duzuenez. Eta ezertan, ez behar bezain zuzen edo gehiegiturik ibili banaiz, egotz iezaioze errua Lizentziadun jaunak nire kondairaren hasieran esan zuenari: etengabeko eta ezohiko neke-lanek jasan behar dituenari oroimena urritzen diotela.
Hori ez didate niri urrituko, oi andere goi eta bihoztun! – esan zuen On Kixotek – zerbitzuetan jasan behar ditudanek, larriak eta egundainokoak izan arren: honela, bada, berriro hitz emandako mesede hori berresten dut eta berorrekin munduaren azken muturreraino joanen naizela zin dagit, berorren etsai izugarri horrekin buruz buru egin arteraino. Jaungoikoaren eta nire beso indartsuaren laguntzaz, buru burgoia sakitu, sakailatuko dut honen sorbatzez, zeraren...ezpataren, baina ez dut ezpata ona esan nahi, Gines Pasamontekoak nirea eraman zidan eta.
Azken hau ahopean esan zuen, eta gehiago esanez:
Burua ebaki eta gero, berorren erresumaren jabetze baketsuan jarrita, nahi duena egin ahal izanen du, gogoak agindurik, berorren buruaz; zeren eta, nire oroimenean sartu-sarturik, nire nahiaren jabe, nire zentzuaren galdu eragile den hura...dagoen bitartean, eta ez diot gehiago, ezin baitut, inondik inora, ezergatik ere ez, uztartzeaz edo ezkontzeaz pentsatu, fenix hegaztiarekin balitz ere ez.
Hau esan bazuen esan zuen, eta Santxori ez zitzaion fitsik atsegin izan, zeharo gaitzetsi zuen, eta haserre gorritan, oihuka, esan zuen:
Alajainkoa, eta ziiinez zin dagit, berorrek, On Kixote jaunak, ez du zentzurik, nolatan, arranopola, egon daiteke zalantzan honen printzesa goren honekin ezkontzeko? Uste ote dua berorrek halabeharrak honelakoxe zorion oraingo honetako hau bezalakorik txitean-pitean eskaini eta opa behar dionik? Ederragoa ote dea, ote, Dultzinea nire anderea? Ez horixe, erdia ere ez, eta are gehiago erraitekotan nago, aitzinean dagoen honen zapatara ez dela iristen. Honela ez dut nik, ez, inoiz erdietsiko igurikitzen dudan konderria, berori itsasoan gaztain bila badabil. Ezkon bedi, alajainkoa, eta har beza erresuma hori, esku-eskura etorri zaion hori, eta errege izanez gero, egin naza ni markes, edo aitzindari, eta geroenean Txerrenek oro eraman ailu!.
On Kixote, bere andere Dultzinearen kaltetan halako irainak entzunda, ezin jasanez, aztatzarra jaso eta Santxori, tutik esan aurrez, txintik esan baino lehen, makilka ekin zitzaion, ekin, eta bi ukaldiz lurrera egotzi zuen, eskerrak Dorotea oihuka hasi zela gehiago ez joteko aginduz, bestela hantxe bertan bizia kenduko zion .
Uste al duzu – gerottoago esan zion – , oihes doilor horrek, nire izter-artean eskua sartzeko baimenik duzula, eta dena zuk oker egin eta nik barkatua izan daitekeela? bada, ez ezazu uste, zital huts eskomikatu hori, eskomikatua zara bai, zure mingain zikina Dultzinea berdingegan ezarri duzu eta. Ez al dakizu lur-jopu horrek, fardelkari, txori-galdu horrek, harexek nire besoari isurtzen dion adoreagatik ez balitz, ez nukeela nik kukuso bat ere hiltzeko albirik? Esan egizu, malmutz suge-mihidunak, eta, nork uste duzu irabazi duela erresuma hau, eta moztu diola burua erraldoiari, eta zu markes egin zaituela -hau guzti hau egindakotzat hartzen baitut, honez gero-, Dultzinearen adorea ez bada, nire besoa tresna huts delarik, beraren egitsari handietan? Bera niregan borrokalari da, niregan garaile da, eta ni berarengan bizi naiz, hats hartzen dut, berarengan ni naiz. Oi putakume zital hori, zein eskergaizto zaren: lurraren hautsetik izenburu duen jaun izaitera jaiki zara, eta hau onez onean gauzarazi duenaz gaizki esaka ordaintzen duzu, ongia gaizkiaz saritzen duzu!
Santxo ez zegoen hain hebainduta eta nagusiak zerauntson guztia aditu zuen, berehala jaiki zen eta Dorotearen zamariaren ostean jarri zen, bertatik nagusiari honela ihardukitzeko:
Erran, jauna: berorrek printzesa handi honekin ez ezkontzea erabaki badu, erresuma ez da berorrena izanen, jakina; eta ez bada, zer-nolako hobaria eman diezadake? Honetaz naiz ni kezkatzen. Ezkon bedi berori, lehen bai lehen, erregina honekin, oraintxe hemen zerutik jaitsia bezala dugunez gero, eta, honik aitzina, nire andere Dultzinearekin itzul daiteke, mundua mundu denetik izan al da erregerik ohaideren batekin batu denik, noski baino noskiago. Edertasunaz den bezainbaitean, ez naiz sartuko, egia erraitearren, biak ala biak ederrak iruditzen zaizkit, nik ez dut, gainera, nehoiz ikusi Dultzinea.
Nolatan diozu ez duzula ekusi, biraoti saltzaile horrek? – On Kixotek – Ez al didazu, orain berriki, beraren aldetiko mezu bat ekarri?
Zera diot, ez dudala ikusi hain astiro – Santxo mintzo – beraren edertasuna bereziki nabaritzeko eta bere alderdi onak, zehatz-mehatz, antzemaiteko, baina, hala, handigoz, edo gutti goiti-beheti, eder irizten diot.
Barkatzen dizut, bada – On Kixote berriro – eta barka iezadazu eragin dizudan narda; gizakiak ez ohi du bere esku lehenengo oldarra.
Badakusat – erantsi zion Santxok – eta honegatixe, niregan beti lehen oldarra, hitz egiteko gogoa, eta ezin utzi izaiten dut esan bagerik, behin ere ez, mingainera ohi datorkidana.
Horrenbestez – On Kixotek atzera – , Santxo, begira zer diozun, zeren, pitxer ibilia hautsi doa, eta aizkorak jo eta jo eta jo eta azkenean girtena zartatu...eta besterik ez dirautzut.
Dena dela – ihardetsiz Santxo- Jaungoikoa zeruetan dago, amarruak ikusten, eta gaitz egilearen epaile dateke: ni gaizki hitz egitean edo berori ez egitean.
Aski da – esan zuen Doroteak – : arin, Santxo, emaiozu mun zure nagusiari eskuan, eska zakizkio barkamena, eta, ekiz, ibil zaitezke erneago zure gaizki eta ongi esanetan, dela zurikeria dela belzkeria, eta ez esan deus gaitzik Tobosa delako andere horretaz, nire ezezaguna bada ere neu zerbitzari nauke, euzu itxaropena Jainkoarengan, ez zara, izan ere, erresuma baten peitu izango, printze baten antzera bizi zaitezenekoa.
Burumakur joan zen, eskatu zitzaion eskua nagusiari, eman ere honek gizabidez eratsu, eta mun egindakoan, bedeinkatu zuen eta aurreratto joaiteko esan zion, zerbait galdetu behar ziola eta garrantzizko gai batzuetaz mintzatu beharra zuela. Santxok hala egin zuen, biak aurrerantz baztertu ziren pittin bat, eta On Kixotek esan zion:
Itzuli haizenaz geroztik, ez diat erarik ez aukerarik hiri itaun batzuk egiteko, eraman huen mezuaz, batik bat, eta ekarritako erantzunaz, bereziki. Orain, asturuak honela nahita, bada astirik eta lekurik, horren berri onez eman diezadakean zoriona ez niri ukatu.
Itaun biezat berorrek nahi duena – Santxo hizketan – ; dena erosi bezala salduko dut eta. Baina, ez bedi, otoi, izan berori, ene jaun, horren aspertzaile, apenkor, eta ez sapotsu, gaurgero.
Zer dela eta diok, Santxo? – On Kixotek.
Zeragatik, bada, diot, oraiko makilkada hauek, lehengo gauean Txerrenek bion artean piztu zuen liskarragatik izan direlako, ez nire andere Dultzineaz esan dudanagatik, berau oso maite dut, erlikia bati legez gur egiten diot, bera ez beragan horrelakorik ez bada ere, berorren kutuna dela eta.
Bego berriketa hori, ez itzul lehenekora, Santxo, hire bizitzarren; hitzok tamala emaiten zidatek: barkatu egin banian, orduan, eta badakik: Bekatu berri, penitentzia berri, edo niri legokidakeenaz errege berri, lege berri.
Hau gertatzen zen bitartean, zihoazen bide beretik zamari baten gainean itzeragoz gizonezko bat zetorrela ikusi zuten eta hurbildu ahala buhameren bat edo "ijito" iruditu zitzaien, baina, Santxo Pantzak, asto bat ikustean begiak galtzen eta arima bera ere joaiten zitzaionak, gizonezko ha ikusi ordukoxe, Gines Pasamontekoa zela ezagutu zuen. Buhamearen haritik bere astoaren harila, mataza alegia, atera zuen, egiari jarraikiz noski, izan ere, bera zen, Pasamonteren izterren artean zetorren astoa. Ijito janzkera ezezagun izaiteko hartu zuen, eta astoa saltzeko; ijitoen hizkuntza, eta beste asko ere bazekien, bere berezkoak bailiran. Ikusi zuen Santxok eta ezagutu egin zuen, eta egin zuenean bertan, oihuka ekin zitzaion:
A, Ginesillo lapurra! Utzi nire bitxia, aska nire bizia, ez zaitez ase nire atsedenaz, utz ezazu nire astoa, utz nire bezuza! Ihes egizu, putakume, alde, alde, lapur, eta utz bertan zurea ez dena!
Ez zen beharrezko izan hainbeste hitz eta irain, lehenengoan Ginesek jauzi eta, ariniketan, ia-ia ziztu bizian, alde egin zuen, urrundu zen. Santxo bere astoaganaturik, besarkatu zuen, ziotsola
Nola ibili haix, ene txintxo, nire begi bietako astto, ene llagun?
Honela esateaz batera, musu emaiten zion, laztan egiten, nordina balitz bezala, hots pertsona. Astoa isilik, musu-laztanak otzando hartuz, txintik esan bage. Denak heldu zitzaizkion eta zorionak eman zizkioten astoa ediren zuelako, On Kixotek xa, berezi-bereziki, eta hiru astokumeren truke-txartela baliogetuko ez zuena ere esan zion. Santxok eskerrak eman zizkion.
Biak berriketan zihoazela, Apaizak Doroteari oso urguri, zuhur, ibili zela esan zion, ala ipuinaren jaulkieran ala zalduntza-liburuen antzera nahiz laburzki egitean. Neskak, sarri baino sarriago halakoen irakurketan ihardun izandakoa zela erantzun zion, baina ez zekiela non ziren lurraldeak, non itsas-herriak, eta honegatik, Osunan lehorreratu zena, alde-aldean, esan zuela, zirriki-marraka asmatu zuela.
Nik horrela ulertu nuen – Apaizak – , eta honegatik, hain zuzen, esan nuen esan nuena, dena zuzenaraziz. Baina, ez ote da harrigarri ondikozko zaldun honek, gezur eta asmakeria hauek guztiak zein erraz sinesten dituen ikustea, soilik, bere liburuetan irakurritako ergelkerien era eta tankerakoak direlako?
Bai, bada – Kardenioren hitzak – hain harrigarri, hain bakan eta egundaino ikusi bagea, ezen, nahita, gezurrez asmatu eta ekaitu nahiaz, nik ez dakit egon ote ziteken horrelakotsuaren asmatzaile hain burutsurik.
Ba, bada besterik horretan – Apaizak atzera hitz eginez – ; zaldun honek bere zoroari dagokionaz esaten dituen txotxolokeriez gain, beste ezertaz ihardunez gero, hizpide ona du, esakuntza egoki-egokiak ditu, eta adimena argi bezain barea orotan; honetara beraz, bere zalduneria ukitu ezean, inork ez luke esango zentzu zintzokoa ez denik.
Berriketa honetan batzuk, eta On Kixote hitz eta pitz, Santxori esanez:
Pantza adiskide, joanak joan, bihoaz gure arteko liskarrak, eta esaidak orain, ez nardarik ez herrarik : Non, nola eta noiz idoro huen Dultzinea? Zertan ari zen? Zer esan hion? Zer erantzun zian? Nolako begitartea egin zitzaion nire gutuna irakurtzean? Nork itzuli zian? Eta honetaz jakiteko, galdetzeko, ase-betetzeko dina eta duina daritzoan guztia, niri atsegin egiteko ezer ere asmatu edo gezurrez gehitu bagerik, eta are guttiago, ezer ere laburtu bagerik niri atsegina ez urritzeko.
Jauna – erantzun zion Santxok –, egia esateko, gutuna ez zidan inork itzuli, nik gutunik ez nuen eraman eta.
Bai, horrelaxe duk, hik dioana legez, nik gutuna idatzi nuen oroitzapen-liburuxka, hi joan eta bi egunetara, nire esku aurkitu nian; honek nahibage handia eragin zidaan, ez bainekien zer eginen huen hik gutun-peiturik, eta gutuna huts emaitetik atzera bihurtuko hintzelakoan nengoan beti.
Horrela izanen zen, bai – Santxo berriro eleketan – berorrek irakurreran nik buru-oroimenean hartu ez banu. Eliz-mutil bati eman nion eta, hitzez hitz, nire adimenetik harakoa egin zuen, itzuli alegia, eta zera esan zuen, bere bizitzako egun guzietan, eskomikatze-gutunik asko irakurrita zegoen arren, hura bezain gutun pollitik, edderrik, nehoiz ikusi bagekoa zela.
Eta, oraindik buruan duk, Santxo?
Ez, jauna, eman nionaz gero, gehiago ezertarako izanen ez zelakoan, ahantzi egin nuen; zerttobait gogoraz gero, harako hura da, zera, "gutiz", ez , "guztiz andere gorena", eta azkeneko hitzak: "Heriotza arteko zurea, Itxura Hitseko Zalduna". Zera, bien artean nik hainbat arima, hainbat bizitza, hainbat ene begi, eta hainbat zer zertu nion.