Hau guzti hau hainbestean zoak; hoa aurrera – diotso On Kixotek. Bertaratu hintzen, bada, eta zertan ari zen edertasunaren erregina hura? Bere menpeko zaldun honentzat ari al zuan, nonbait, bitxiren batzuk txirikordatzen, edota ikurbururen bat urrezko hariz egiten, aurki.
Ez ba – darantzuio Santxok – zare bat gari bahetzen ari zen, etxeko barla batean.
Har ezak burutan, bada – On Kixotek – gari-ale haiek, haren eskuek ukiturik, bitxi-aleak zirena. Ekusi bahuen, adiskide, galtzuria zen ala galgorria?
Zahi-garia bertzerik ez zen – Santxoren erantzuna.
Egiatan dioat – On Kixote mintzo – hara, haren eskuetan baheturiko gariak ogi zuri-zuria emanen zian, zalantzarik bage. Baina, aurrera : nire gutuna eman hionean, mun egin al zion? Ipini al zuen buruaren gainean? Egin al zuen halako gutunari zegokion agur leunen bat edo? Edo, zer egin zuen?
Ni emaitera nindoakiola, gari-mordoxka handia bahean eta azken eragina emaiten ari zitzaion, eta zera esan zidan: "Ipini, lagun, gutun hori hango zaku haren gainean; hemen dadudakan gari-pila osoa bahetu artean irakurtzerik ez dut izango eta".
Bai zentzuduna anderea! – On Kixote berriro – astiro eta goxo-goxo irakurtzeko eginen zian. Aurrera, Santxo; eta haren eginbeharrean ari zen bitartean, zer-nolako solasaldia egin zuen hirekin? Zer esan zian nire galdez? Eta, zer erantzun hion hik? Ea, esaidak, den-dena bukatu arte, puxkarik pittinena ere ez utzi hor golkoan.
Ez zidan ezertto ere galdetu – Santxok diotso – baina nik bai, nik berori nola geratu zen erran nion, haren zerbitzurako nekealdia eginez, gerritik gora larrugorritan, mendi-zoko hauetan basati antzera, lur gorrian lo eginez, ogia jateko aukerarik ezean, bizarra orraztu ezinik, negarretan, halabeharra madarikatuz.
Nire halabeharra madarikatzen dudalako esaera horretan gaizki mintzatu hintzen – moztu dio On Kixotek – madarikatu ez baina bedeinkatu egiten baitut, eta eginen ere nire bizitza guztian, Tobosoko Dultzinea andere txit gorena maite izaiteko gai egin bainau, egin.
Zinez gora da, bai – Santxok harzara – niri arra-erditik gora kentzen dit, alafede.
Nolatan, gero, Santxo? Harekin neurtu haiz, ala?
Bada, honela izan zen : asto baten gainean zaku bete gari ipinterakoan, laguntzera joan nintzaion, elkarren ondo-ondoan egon ginen, eta arra luze bat baino gehiago kentzen didala ikusi nuen.
Egia duk bai – diotso On Kixotek – handitasun hori ez datorrela guztiz ondo ariman dituen mila milioika dohain edergarriekin! Baina, honegatik ez didak hauxe ukatuko: haren ondora heldu hintzenean, ez al huen usain gozo leun bat nabaritu, sabatarra alegia, halako urrin atsegintsu, halako nik ez zakiat zer on, zer eztitsu, nola esan ez dakidan zerbaitt? Zera, larru-langile txukun baten dendara sartu bahintz legezko usaina?
Nik, esatearren, gizon-sunda antzeko zerttobait nabaritu nuen, kikiri-usaina "entzun" nion, eta zer izanen, bada, bera anitz lan eginda zegoen, izerditan, lakar-xamartua, noski, lanaren lanez, eta hura izanen zen.
Ez zuan hori izanen – darantzuio On Kixotek – sudurrak itxita egonen hintzen, beharbada, edo herorren hatsa hartuko huen; nik ongi ezaguna diat hari darion usaina, arantza arteko arrosa hari, zelaietako lili hari, anbare urtu hari.
Dena izan daiteke – darantzu Santxok – maiz aski niregandik inotsi ohiko hats bera andere Dultzuneari zeriola iruditu zitzaidan, hango haretan; baina, ez da batere harritzekoa: txerren guziak bata bertzearen antzekoak.
Hara bada – aurrera On Kixote – garia garbitu eta errotara bidali zian, bai; eta, zer egin zuen nire gutuna irakurritakoan?
Gutunik ez zuen irakurri – dio Santxok – idatz-irakurtzen ez omen daki eta; puxka-puxka egin zuen, nehori irakurtzeko eman nahi izan ez zuela erraiteaz bat, haren isilpekoak auzoan zabal ez zitezen, aho-mihitan ez barraiatzeko, hots; nik errandakoa aski eta asko zuela erran zidan, hau da, berori harenganako maitasunaz eta harengatik hemen egiten ari zen ezohiko nekealdi horren berri emanez erran niona aski. Azkenik, berorri erraiteko hau erran zidan: esku-munak bidaltzen zizkiola, eta han geratzen zela, idazteko baino begiz ikusteko gogo biziagoekin; eta, eskatu ez ezik agindu ere agintzen ziola berorri, honez geroztik, sasiarte hauetatik jalgitzeko, erokeriak egiteari uzteko, eta, lehen bai lehen, Tobosora buruz, berarenganatz, ibilasteko, baldin eta garrantzi gehiago bertzerik ez bazuen, berori ikusteko oso egarriak zegoela eta, irrikitan "bixtan" da. Barrez-barrez egon zen, berorren izengoitia, Itxura Hitseko Zalduna alegia, aipatu nionean. Harako euskaldun hura berarengana ote zitzaion galdetu nion, eta baietz, xoil gizon sotila zela adiarazi zidan. Galeretarako haiei buruz ere itaundu nion, alabaina, ordura artean bat bakarrik ere ikusia ez zuela erantzun zidan.
Orain arte dena ongi zoak – dio On Kixotek. Baina, esaidak, bitxiren bat emanen zian, noski, alde egiteko agurrarekin, nire berriak eraman hizkiolako, nolako oparia zen? Aspaldiko ohitura zaharra duk, zaldun eta andere ibiltarien artean, tok nori edo nok tori, ezkutari, neskatxa edo epotx mezu-eramaileei, bitxi leunen bat albiste-sari pozgarritzat emaitea.
Badaiteke bai, hori horrela izaitea, eta ohitura ona da, nik uste; baina antzinako aldietan izanen zen: gaur den egunean, gazna eta ogi puska bat bertzerik ez ohi da opa; niri, behintzat, hauxe eman zidan nire andere Dultzineak, hestegiko orma-txapelen gainetik eman ere; eta, zehatzago erraitearren ardi-gazna zen.
Eskuzabala duk guzti-guztiz – dio On Kixotek atzera –; eta urrezko bitxiren bat eman ez bazian, eskueran ez zedukalako izanen zuan, eiki; alabaina, Bazko ondoan ere garizumako jantziak onak dituk: ni berarekin egonen nauk eta dena ordaindua izanen duk. Badakik, Santxo, zertaz txunditu naizen? Joan-etorria eguratsean egin huela iruditu zaidanaz, zeren, hiru egun baino gehittoagoz, doi-doi, egin baituk hara-honakoa, hemendik Tobosorainokoa, hogeita hamar legoa baino gehiago izanik; honexegatik, bururatu zaidak, hain zuzen, zera, harako hil-azti jakintsu harek nirekiko zerbait baduena eta adiskide zaidana, behar duk izan, izan ere, bestela ni ez nindukek zaldun ibiltari ona, eta , badioat, ibilten lagundu behar zian, hik sumatu ere egin ez arren; badituk, bai, izan, badituk, halako jakintsuren batzuk, zaldun ibiltaria ohean lotan datzala hartu eta, nola ez dakiela, ezuste oso-osoan, biharamun goizean bart lotan egon den lekutik mila legoatara eroaten dutenak. Honetaraxe ez balitz, zaldun ibiltariek elkarri ezin lagundu ez urgatzi izanen liketek, galorduetan, txitean-pitean ohi den eran; bata, esaterako, Armeniako mendi-lerroetan borrokan ari dela, apotororen batekin edo mamu ikaragarriren batekin edo beste zaldunen batekin, eta galtzorian zagok, herioren esku ia-ia, eta orduantxe, ustebagerik handienean, hara non agertzen zaion, hodei baten gainean, edo suzko zalgurdi batean, bestea, beste zaldun adiskideren bat, lehenttoago Ingalaterran egon zena, ozta-ozta herioren eskutatik onik aterarazten duena, eta arratsean ostatuan zagok, onik onenean, gogotik abari legea egiten; eta batarengandik bestearengana, batetik bestera, bizpahiru mila legoako tartea izaiten duk. Hau guzti-guzti hau, egin ere, jakintsu liluragarri sorgintzaile horietarikoek egin ohi ditek, asmoz eta jakitez, zaldun gementsu hauen zaindari antzo. Honelatan, bada, Santxo adiskide, ez zaidak harrigarri joan-etorria horren laburraroan egin huela uste izaitea; lehenago esana, hots, jakintsu adiskide zeinbaitek, hik sumatu ez arren, hegan eroan hinduen.
Hala beharko – dio Santxok – ; zeren, Rozinante, zin dagit, buhame baten astoaren antzera, urrezko bitxiak belarrietan baileramatzan, ibili baitzebilen.
Eta urrezko bitxiak bazeramatzaan, bai! Halako jendeak, mila txerrenekin legez, ibili eta ibilarazten dik, akitzeke, nahi duen guztia. Honela ere, hau bazter utzita, zer uste duk hik nik egin behar dudala orain nire andereak ekustera joan nakion bidalitako aginduaz? Agindu hau bete beharra dudala dakidan arren, gurekin datorren printzesa horrek hitz emandako dohaina ere hortxe zakusaat, eta zalduntza-legeak nire hitza nire nahia baino lehenago betetzera behartzen naik. Alde batetik, nire anderea ekusteko nahikariak, biska honek, erasoka bultzatzen naik, eta nekarazten naik, beste aldetik, eman hitzak, fedeak, zirika eta deika egiten zidak, eta jabekizun honetan erdiets nezakeen aintzak, batez ere. Egin eginen dudana, zera duk: azkar ibili eta erraldoi hori dagoen lekuraino lehen bai lehen iritsi; iritsi eta burua moztuko zioat, eta printzesa, bake-bakean, bere erresuman buru ezarraraziko diat; eta, berehala, nire zentzua argitzen duen argia ekustera joanen nauk; beharrezko aitzakiak nahiz estakuruak emanen zizkioat, nire berandu iriste hau uler dezan, eta onartu dagien, den-dena bere aintzarako edota osperako ongarri baita, nik bizitza honetan borrokaz lortu, lortzen eta lortuko dudan guztia berarengandik jasotako mesede eta berea izaiteagatik eskura baitut.
Atx! – dio Santxok – nola dagoen berori "kaskotik" egina! Erran, bada, jauna: bide honetatik aitzina alperrik ibiliko ote dea, eta alperrik galtzen utziko horren aberats, aberasgarriko ezkontza, eta, ondorioz, ezkon-saritzat emaiten dioten erresuma, nik aditzea ukan dudanez hogei mila legoa baino gehiagoko ingurualdea duena, gizona bizitzeko behar diren gauza guzietan oparoa, ugaria, joria omen dena, Portugal Kastillarekin batera baino handiagoa dena? Isil bedi, Jainkoarren, eta ahalge bekio erranikoa; har beza nire aholkua, eta barka, eta ezkon bedi apeza aurkitu eta bertan; edo, bertzela, hor dago gure Lizentziaduna, mugonez eginen duena.Ohar bedi ni neu ere aholkuak emaiten hasteko adinean sartua naizela, eta eman diodan hauxe berebizikoa duela, eta hobe dela txori bat eskuan saia hegan baino, zeren, ongia eskueran gaizkia aukeratzen duenak, sumintzen bada ere ez baitu mendekatzen.
Begira, Santxo, ezkontzeko eman didaan aholkua, gero, erraldoia hil ondorean, errege izan nadin, eta geroago, hiri hitzez emandako mesede, opari eta zer horiek eman ahal ukaiteko biderik edo aukerarik izaitekoa bada, jakik, ezkontzeke ere, hire nahia errazto bete ahal izanen dudala; zeren baldintza bat ezarriko baitut, borrokaratu aurrez, garaile gertatuz gero, ezkondu bagerik ere, erresumaren zati bat eman behar diezadaten, nik gero nahi izanen nukeenari opa diezaiodantzat; eta honetaraz gero, nori nahi duk nik emaitea hiri ez bada?
Hori argi dago – darantzu Santxok – ; baina begira ondo begira berorrek zati hori itsasaldekoa izan dadin, zerarako, bizieraz nire erara ez banengo, nire ogipeko beltzak ontzi batean sar eta lehenago erran dudan haiekikoa egiteko. Berori, oraikoz, ez bedi lehia nire andere Dultzinea ikustera joaiteko, erraldoia hiltzera joaiteko baizik, buka dezagun, azkenik, eginbehar hau; Jainkoak burutara emana badakit ohore handiko eta onura askokoa izanen dela
Zuzen hago, Santxo, eta hire aholkua haintzat hartuko diat, printzesarekin joanen nauk, Dultzinea ekustera baino lehenago. Dena den, ez esan inori, ez eta gurekin datozenei ere, hemen guk biok elkarrekin izan dugun hizketa; izan ere, Dultzinea hain urguria denez, izan, ez, ez duk bere gogoak jakinarazteko zale, eta honegatixe, ez duk on izanen ez nik ez niregatik beste inork jakitea.
Ba, hori horrela bada, nolatan agintzen du berorrek besoaren indarrez azpiratzen dituen guziak nire andere Dultzinearengana joaiteko, maite duenaren ezagugarri eta maitalea berori delako igargarri. Eta harenganakoak belaunikatu beharraz gainera hari berorren izenean doazkiola esan beharrean doaz men egitera, nola estali ahal dira bien arteko burubideak zein gogoak edo asmoak?
Oi, zein tentel, zein babalore zaren! – diotso On Kixotek – Ez duzu ekusten, Santxo, hori guzti hori haren goraipatze handiagorakoa dela? Jakin behar zenuke, honez gero, gure zalduneria-ohikuntza honetan andere batek beredin zaldun zerbitzari izaitea ohore handikoa dela, gogoak harago joaiten ez direlarik, haren menean egoitea baino harago ez, hura bera delako baizik ez, eta harek berak zalduntzat onartzeaz beste saririk itxadon bage, nahikari asko eta zintzoen ordain.
Horrelaxe maite behar omen dugu – Santxo mintzo da – Gure Jauna, predikuren baten entzun dudanez, ez aintzarik ez zigorrik dela zio. Nik, baina, zer gerta ere, maite eta amen egiten diot.
Txerrenek joko al zaitu, doilorrarren!, eta nolako gangarkeriak erraiten dituzun sarri! Ikasi duzula dirudi.
Bada, ez dakit irakurtzen – darantzuio Santxok – , alafede!
Une honetan, maisu Nikolak hots egin zien, apur baten itxadaiteko; bertan zegoen iturriño batean edateko gelditu nahi zutela eta. Trikatu zen On Kixote, geldi ere Santxo gogara, nekatua baitzen hainbat gezur esateaz, eta beldur zen ez ote zuen harrapatuko nagusiak halako gezurren baten; zeren berak bai baitzekien Dultzinea Tobosoko nekazaria zela, nahiz eta bizitza osoan ikusi ez.
Bitarte honetan Kardenio' Doroteak aurkitu zutenean zekartzan soinekoez jantzia zen, oso onak ez baziren ere, bertan erantzi eta utzitakoak baino askoz hobeak bai. Iturri ondoan oingainetu ziren, eta Apaizak ostatuan hartu zuenaz, denek zekarten gose handia, poxi bat, ase zuten.
"Legea" egiten ari zirela, bidean zehar zetorren mutiko bat agertu zen, iturrikoei begira jarri eta berehalako baten On Kixoterengana jo zuen eta, zangoak besarkatuz, negarrari eman zion, biziki, zioela
Ai, ene jauna! Ez al nau berorrek ezagutzen? Begira ondo; Andres nau ni, lotuta zegoen arte haretatik berorrek askatu zuen mutiko ha.
Ezagutu zuen On Kixotek, eskutik heldu zion, eta han zegozenei behatzera bihurturik, esan zuen:
Ekus dezazuen zein garrantzizkoa den munduan zaldun ibiltariak izaitea, okerrak zuzentzen, lurbiran bizi diren gizatxarrek egin irainak apentzen ibilten direnak, jakizue, lehengo batean, basoan barrena nenbilela, garrasi eta intziri batzuk entzun nituela, nolabaiteko lagun mintsu edota behartsuren batek eginak nonbait; hurrandu nintzen laster, nire eginkizuna zelako, entzun uste nituen lekurantz, eta arte bati lotuta hemen dugun mutiko hau aurkitu nuen. Pozten naiz oso, lekuko honek ez dit gezurrik esaten utziko eta. Arte zuhaitz bati lotuta zegoela diot, gerritik gora biluz, eta zigorka, behor-uhal batzuez larrua urratzen zital bat ari zitzaion, geroago jakin nuenez haren nagusia berau; ekusi nueneko hain zigorketa ankerraren zioa galdetu nion; bere morroea zelako zigorkatzen zuela erantzun zidan aketo harek, eta batzuetan antsibagea baino areago lapurra zela. Hauxe entzueran, muttikoak "Jauna, nire lansaria eskatzen natzaiolako zigortzen nau" esan zuen. Nagusiak, ez dakit zelako aitzakiak eta erauntsiak zerauntsozan, entzun nizkion "txaplatak" izan ziren, onartu ez nizkionak baina. Laburbilduz, nik askarazi nion, eta aketo hari zin eragin ere nion, berarekin eroango zuela eta errealik erreal ordainduko ziola, bata bestearen gainean eta areago kez umatuak bezala. Ez al da egia hau guzti hau, Andres seme? Ez ote zenuen nabaritu zein ahaltsuro agindu nion, eta zein apalkiro hitz eman zidan, nik agindu, behartu eta eginarazi nahi nion guztia burutuko zuela oso eta bizi? Erantzuizu; ez lotsa ez enura, ezertan ere ez; esaiezu jaun hauei zer gertatu zen, ekus dezaten zein onuragarri den bideetan zehar zaldun ibiltarien ibiltzea.
Berorrek esan duen guztia egia osoa da – erantzun zuen mutikoak – ; baina arazo haren azkena guztiz bestelakoa izan zen, berorrek buruan duenaz bestelakoa zeharo.
Nolatan, bestela? – On Kixotek. Horretaz, ez zizun ordaindu zital harek?
Ordaindu ez, eta gehiago – mutikoak berriro – ; berori basotik alde eta joan zen bezain laster, gu biak bakarrik, berriz ere lotu ninduen arte ber-berari eta atzera hainbat zigorkada eman zidan, San Bartolome bezain larrutua geratu nintzen arte; eta zigorkada bakoitzean, sesto eta ziri, berorri iseka egiten zion, nire oinazeak utziz gero neronek ere barre egiteko modukoa. Benetan, hain ihailita utzi ninduenez, orain berri arte erietxean sendatzen egon naiz, harako haretan halako zital harek egin zidan zeratik. Eta honetz berorrek du errua, bidean aurrera egin balu, inoren arazoetan eskurik sartzeke, deitzen ez duten lekura ez joanez, nire nagusiak hamar bat edo bi zigorkada baino ez zidan emango, eta geroenean, ordaindu egingo zidan, zor zidan guztia ordaindu ere. Baina berorrek, ordu txarrean, itsusitu zuenez gero, hainbat txorakeria esan zionez gero, sumindu zen oso, eta berorri aspertu ezin izan zitzaiolako, bakarrik geratutakoan niregan lehertu zuen bere "erauntsia", halako moldez gainera, ezen, nire bizitzan gehiago gizon izango ez naizena iruditzen zaidala.
Kaltea hortxe zegoen – On Kixotek esan zuen – ni handik joaite haretan, xa; ordaindu arte ez nuen joan behar izanen; izan ere, eta lehengo batzuetan ikasitakoa naiz, ez da zitalik emandako hitza bete duenik, betetzea on duela ekusi ezean, noski. Baina, gogoan duzu, Andres, zin egin nizula, zure saria eman ezik haren atzean jonen nintzela, eta idoro beharko, balea baten sabelean ostenduko bazen ere.
Bai, hori egia da – Andresek – ; baina alperrik.
Oraintxe ekusiko duzu alperrik denez – On Kixotek berriro.
Hau esan eta jaikitzea bat, arin baino arinago, agindu zion Santxori Rozinante, haiek bazkari-legea egin bitartean bazkatzen ari zena, uhalez eta bestez janzteko.
Doroteak zer egin nahi ote zuen galdetu zion. Zitalaren bila joan nahi zuela erantzun zion, zehatu behar zuela gogorki, Andresi azken marai arteraino ordain diezaion, nahi eta nahi ez, eta munduan diren zital guztiak gora-behera; neskak' ezin zezakeela ohartarazi zion, berari agindutako mesedeagatik, berearekikoa bukatu arte ezein eginkizunetan eskurik sar; eta beste inork baino hobeki zekien gaia zelako, bere erreterritik itzul zedin arte lasai egoteko esan zion, patxadaz egoteko.
Egia da – erantzun zion On Kixotek – , eta Andresek egonarria behar du itzuli artean, berorrek, andere, dioen bezala; nik berriz ere zin eta zin dagiot, zorra kitatu, ordaina jasoarazi, apendu arte ez naizela geldituko.
Ez dut zin hori sinesten – esan zion Andresek – ; oraintxe bertan Sibiliaraino iristeko zerbait nuke nahiago, munduko mendeku guztiak baino: eman, baldin badaduka, jateko edota eramateko zer edo zer, eta bego Jaungoikarekin berori eta beude zaldun ibiltari guztiak, eta niretzat bezain ibiltari onuragarriak izan daitezela beraientzat.
Atera zuen bere ziskutik Santxok ogi zati bat, eta gazta puxka bat, eman zizkion mutikoari eta esan zion:
To, anaia Andres; denok hire zorigaitzaz ukituak eta hunkituak gaituk eta.
Zuri zer doakizu, bada? – Andresek galde.
Eman dizkiadan ogi-gaztaok, Jainkoak Berak zakik behar izanen ote ditudan ala ez; jakin ezak, adiskide, zaldun ibiltarien ezkutariak gose handiak eta zori txarrak, eta erran baino sumatzeko errazago diren bertze zer batzuek inguraturik ohi gabiltzala.
Andresek ogiarekin gaztari heldu zion eta, inork besterik emaiten ez ziola ikusiki, burua makurtu zuen eta bideari jarraiki zitzaion. Ibilten hastean, On Kixoteri:
Jaungoikoaren "amorearren", zaldun ibiltari jaun, beste behin aurkituko banindu, nahiz eta puxka-puxka egin behar nautela ekusi, ez bedike nire alde, niri laguntzera, hurbil ez gertura; alderantziz, utzi ni bakean nire zorigaiztoarekin; handia izanik ere, ez da berorren laguntzatik etorriko zaidana baino handiagoa izango. Madarika beza Goiko Jaunak berori, eta munduan jaio izan diren zaldun ibiltari guztiak berorrekin bat.
Jaikitzera egin zuen On Kixotek, dzirt-dzart, zigortzeko; baina arinik arin ihesari eman zion eta inor ez zen ausartu mutikoaren atzetik joaitera. On Kixote, Andresen hitzoz haserre zen hagitz, samur zen, eta besteek barreari eutsiz nahiko lan, are bizikiago berdatuko ez bazuten.