Leongo Mendietako herri koxkor batean sortua da gure etorkia, ontasunez onasunez baino hobeto jantzita, izenagaz izana bai baina edugia ez; baina hango herri txikerretan gure aitak aberats-hotsa euan, eta izango zan, bai, benetan, ogasuna parra-parra banatzen baino batzen esku-zuhurragoa izan balitz. Gaztetan gudari izaiteti etorkon emoiten zabala eta hondatzaille izaite haxe; gudarietan ohiko da hori: eutsia emoile, eta emoile hondatzaille bihurtzea; eta txitean-pitean zekenen bat edo ikusten bada, mamarro hutsa da, oso bakanetan ikusten dana. Eskuzabala, gure aita, eta areago, zarrastela, esan dodana legez; ezkonduta dagoan gizonari ez ddako on hori, seme-alabak baditu txarrago, izena eta izanaren galgarri azkenean, onurarik ez eta etxea jan. Gure aitak hiru seme zituan, eta, ordurako, bizimoduren bat ala beste hartzeko adinean. Itsuak ere ekusiko euan, bada, eta gure aitak, noizbait, ekusi euan, bai, ezin euala, bera halakoxea zan eta, ezin euala burutu bere buruagaz; bere ogasuna bertan behera utzitzea bururatu ddakon, eskuartea hutsituz gero zer irazi ez eta zelan bere ez, ez euan eskua galduko, beraz, harik aurrerantzean, Alejandro handiak berak ogasunik edugi ez baleu eutsia izango zan, gura eta gura ez. Egun baten hiru semeoi deitu euskun, gela batean danok, eta honakoxe berba batzuk egiteko: "Semeok, onerixten deutzudala esateko nahikoa da nire semeak zerela jakitea; eta gatxerixten deutzuedala, barriz, jakiteko, zeuena dan ogasunari eusten nire eskua ikaran ddabildala ekustea baino ez dago. Honik aurrera, beraz, aita nazan aldeti maite zaitudala buruan sartu dakizun, eta aitatorde baten antzera hondatu gura ez zaitudala ulerrarazoteko, aspaldian buru barruan darabildan gauza bat egin gura dot zugaz, ondo baiño hobeto pentsauta. Bakotxa bere bizimoduari eusteko adiñean zagoz, edo, arean, zer izan gura dozun jakiten hasteko urteakaz, gero nagusi izaitean bide oneti eta eskua betez ibili zaitezan. Zer egingo dot, ba? hauxe: nire ogasuna lau zati egingo dot, hiru zuretzako, bakotxari berea, ez gitxi ez lar, eta beste zatia neuretzat, zeruak emoiten deustan aldian bizi ahal izaiteko. Hil arte bizi beharra da eta. Bakotxak bere zatia edugita, neuk esango deutsodan bidetarik bat hartu beharko dau. Espainian badago anbiolako supita bat, egia diñoana, nire eretxiz, danak legez, danak euren laburrean aldi luzeko zuztar sendoak ditue, eta neuk hona dakardanak hauxe diño:"Eleiza, edo itsasoa, edo errege-etxea", argiago ezin da, baiña, ahemen: Aberats edo edugi asko eta handikoa gura dauanak jo begi eleizaren atzeti, edo joan biz itsasoan zehar, han erosi hemen saldu, edo, osterantzean, sartu bidi erregeren baten etxean morroe. Esaera zaharra da hau: Erregeren apurra jaunaren otzurra baiño hobea. Neuk gura neuke, bai, zuetarik batak letrak hartuko balitu, beste batak saldu-erosketan egingo baleu, eta besteak erregeari lagunduko baleutso guduan, etxean morroe sartzea ez da erraza eta; guduak ez deutso emongo asko aberastasun, baiña erru ona eta izen hobea bai. Zortzi egun barru zeure zati bana esku-diruz emongo deutzut, ardit bat gitxiago bagerik-i!. Esaistazu, bada, orain, neure asmoari jarraitu gura badeutsozun, neure onuaren atzeti". Lehenengo semea neu eta nik erantzun behar; ogasuna ez emoiteko esan neutson nik, gura euan guztia irazi edo banatu egian, gu mutilak giñala eta irabazten jakingo genduala; atzenean, bere onua beteko neuala eta neure asmoa iskilu-lanera etsigiagoa zala adiarazo neutson, Jaungoikoa eta Erregeren alde beti. Bigarren anaiak bardintsu egin euan, eta Indietara joaitea erabagita, berari ddagokon ogasun-zatia eroango euala esan eutson.
Txikerrenak, zuhurrena nire eritxiz, Eleizagaz bat egin gura euala esan eutson, edo hasitako eskola Salamankan amaitu.
Hala, bada, bakotxak bere bizibidea harturik, aitak, besarkada handia emonaz bat, agindutakoa ahalik ariñen bete euan; bakotxari bere zatia emon eutson, oker ez banago, hiruna mila dukat izan zan -dirutan, ze, gure osaba batek onasun guztia erosi eutsolako, esku-diruz, oiñ-etxeti atera ez eiten- eta, egun ber-berean, aitari agur eginda hiru anaiok handik alde egin genduan. Gure aita ona hantxe, agure eta diru apur bat baiño ez edukala, utzitzeaz errukitu nintzan, eta, behingoan, neure hiru milati bi mila dukat hartzeko agindu neutson, niretzako nahikoa zan enparadua, gudari batek behar euanerako nahikoa, arean. Nire anaia biek, neureari begituta, bakotxak mila dukat emon eutson; guztira, lau mila dukat dirutan eta beste hiru mila, berari ddagokon zatia, saldu gura ez euan ondasunean edukana, oiñordekoa zala eta, antza, gorde gura izan euan. Agur egin geuntson aita onari eta horrako osabari bere bai, danak negar-malkotan tamalaren tamalaz. Ahal daitezen guztietan gure barri, ertuna ala atsegiña, bidalduteko agindu euskuen biek. Baietz guk, sarritan helduko ddakela gure barririk, eta besarkatu eta bedeinkazioa bota euskuen, eta batak Salamankarantz jo euan, besteak Sibiliarantz, eta neuk Alakanterantz, bertoti Genua Italiakora joaiteko itsasontziren batek urtengo euala entzun neuan, heldu eta laster.
Aurten hogeta bi urte aitaren etxeti atera nintzala, eta honeetan guztiotan, gutun batzuk edo eskutitzak bidaldu arren ez dot jaso harexen ez anaiengandiko berririk, eta bitarte honetan jazo dana labur-labur esango dot. Alakanten ontziratu nintzan, itsaso barean Genuara heldu eta Milanera joan nintzen, iskilluz hornidu, gudari soinekoak hartu eta Piamonte deritxonera jo neuan, berton lanbideren baten ustean; harantz joan nindoiala, Pallako Alejandriara bidean Albako Duke handiaren barririk jaso neuan, Flandesera ddoialakoa hain zuzen bere. Asmoa aldatu eta beragaz joan nintzan, burruka guztietan berari lagunduten inardun neuan, Egemon eta Hornos-ko Kondeen heriotzetan hor nengoan, Guadalajarakoa zan kapitain hots handiko baten alfereza izaitera heldua nintzala, Urbinako Diego eritxona, eta Flandeseraz geroago, Pio Bosgarrena Aita Santuak Benezia eta Espainiagaz eginiko alkartasun baten berri ona heldu ddakun, Turku arerio guztiona zanaren aurrean alkarregaz joteko; orduantxe beretua euan horrexek, indarrez jakiña, Txipre ugarte izen handikoa, Beneziarena edo honexen esku egoana eta zoritxarrean galdua.
Alkartasun haren buru, Austriako On Joan etorrela egiatzat emon neuan, On Felipe gure erregearen anaia zan bera; gudurako oste handiak batu eta zabal-zabal banatu zirean, han-hor-hemen, bizkortu giñean danok, bularrak handitu ddakuzan, eta laster egin beharreko burrukan sartu guran gose-egarriaz nenbillan; susmoa bai, eta susmoa baiño gehitxuago bere baneuan, lehenengo baten kapitain izaiteko eretia etorriko ddatala, eta honegatixe, dana bertan utzita, Italiara jo, eta berton Austriako On Joan jaunagaz egin neuan bat, zorionez, Genuara etorparri zanean; Napolira ddoian Beneziako gudarosteagaz alkartuteko, gerotxuago Mezinan egin euana. Azkenean, badiñotzuet, burruka egun zoriontsu haretan hantxe nengoan ni, oiñezkoen kapitain barri, zoriona lagun, neure merezimendu baiño areago. Egun haretan, bada, kristauontzat hain onuratsua izan zan haretan, munduak eta munduko herri guztiak, oso oker egozala eta turkuak itsasoan bere azpian hartuteko eziñak ez giñala ekusi euen, egun haretantxe, bai, otomanoen harrokeria apaldu zan, eten zan betiko; eta han zorioneko asko eta asko egon zan -zorionekoak hantxe hil zirean kristauak, bizirik eta goian geratu zirean baiño zorionekoago-, eta zorioneko haen guztien arteti neu bakarra izan nintzan zoritxarreko; zergaitik eta, uste ez legez, erromatarren aldietan erregeren baten ontzirik gora-behera, ni egun haren ondoko gauean orkatilletan kateak eta eskuturretan lotzaikiak nengoalako. Eta zelan izan, bada, hona hemen: Utxali Argeleko erregeak , itsas-lapur ondo aurrera eta azarria zanak, Maltako ontzi buruari eraso eutson eta bai hartu bere, eta hiru zaldun bizirik eta ganera larri zaurituta baiño ez euan utzi; heldu ddakon Joan Andrearen ontzi burua lagun egitera, eta berton neu, neure mutilakaz. Egin beharrekoa egin zan, aurreko ontzira sartu nintzan, baiña alboratu zan, behingoan, erasotako beste haretatik alde bat, eta nire gudariak ezin etorri izan zirean nire atzeti; halantxe, bada, arerioen artean bakarrik neu, hortik eta hemetik asko eta asko, eta guztiakaz zer egingo nik?; atzenean, harrapatu ninduen, eta zauriz josita eroan. Honez gero bada, badakizue, jaun-andreok, Utxali onik atera zan handi, bere ontziteria guztiagaz bat, eta ni beraren esku azpian nengoan gatibu, hainbat alaien artean neu gogoillun eta hainbat lotzaga artean neu gatibu; hamabost mila kristau askatu zirean egun haretan, turkuen ontzietan arraun-kateetan lotuta ebilzanak.
Konstantinoplara eroan ninduen, Selim Turku Handiak nire jaube barria "itsas-keneral" izenaz saritu euan, burrukan egin beharrekoa ondo egin eualako, Maltako erlexio-zapitzarra ostuta joan zala ta. Bigarren urtean, hirurogeta hamabigarrena, Navarinon nengoan, hiru gau-argiko ontzi nagusian arraunlari. Han galdu zan, bai, galdu, ereti ona, portuan bertan turkuen ontziteria guztia harrapetako! Han egozan "lebente" eta "kenizaro" guztiak portu barruan bertan erasoko eutselakoan egozan eta iges egiteko aginean, "pasamake" edo euren zapata zaharrak eta soiñekoak prest zituen, legorrean zehar joaiteko asmoagaz, erasoa baiño lehenago: halangoxe bildurra sartu eutsen guztiai gure ontziteriak. Baiña, zeruak bestetara agindu euan, ez gure ostea artez-artez ekarran "keneralaren" okerragaiti, kristauen bekatuakaiti baiño, eta Jaungoikoak gura daualako gu makillaka erabilten gaituan borrerua gure atzeti ebiltea. Harean hara, Utxali Modonera joan zan, Navarino ondoan dagoan ugartea da hau, eta jende guztia legorrrera orduko, portuko atea harrizko hesiaz itxiteko lanari ekin ddakon, eta gero, han geldi egon zan, On Joan jauna bihurtu zan arte. Eraso baten, La Presa eritxon galera-ontzia harrapatua izan zan, Bizargorri itsas-lapur ospetsuaren seme bat kapitaina zala. Napoliko ontzi nagusiak hartu euan mendean, Otsoemea eritxonak, Santa Kruzeko markesa zan Alvaro Bazan-go, iñozko kapitainik larriena, gudarien aita, behin bere azpiratua izan ez zana, guda-oiñaztarria zana, agintari etorrala. Ez dot utzi gura esan bagerik La Presa harrapatukeran jazotakoa. Bizargorri haren semea hain ankerra zala ta, gatibuak txarto baiño txartoago erabilten zitualako, Otsoemea baetorrala eta erasoko eutsola eta ganean egoala ekusi ordukoxe, gatibu guztiak batera, arraunak askatu eta kapitaina oratu, eutsi eutsoen gogor, boga eta boga oihu egiten han estanterol eritxon tokian egoanez; hartu euen, tostarik tosta eroan, txoparean brankara erabili euen, eta grausk! batek, grausk! besteak, usigi ta usigi, eta mastara, ozta-ozta heldu zaneko bere arima inpernuan baegoan: halangoa haren ankerra eta halangoxea besteen harenganako gorrotoa. Konstantinoplara bihurtu giñean, eta hurrengo urtean, hirurogeta hamairugarrena, On Joan jaunak Tunez beretu euala jakin genduan, turkuak bertati botata, Muley Hamet buru ipiñiazo euala; Muley Hamidak barriro atzera errege etorri gura euan arren, hauxe bai munduan izan dan mairurik ankerrena eta errutsua!.Turku Handiak tamal handia hartu euan galtzai hagaiti, eta, bere etxeko guztien antzeko malmutza, axeri zaharra zalako beneziarrakaz bakea egin euan, honeik bere bake gurago egozan, eta hurrengo urtean, hirurogeta hamalaugarrenean, Goletari eraso eutson, eta Tunez ondoan erdi eraigita On Joanek utzitako gazteluari bardin. Erasoaldi guztiotan, ni arraunari lotuta ibili nintzan, askatasun usterik batere bagerik; ez diru truk, gitxienez, gure aitari zoritxarren barririk ez emoitea erabagita nengoan eta.
Goleta, orduan, galdu zan, atzenean, gaztelua bardin, ez jende gitxi egon zalako, ostera!, gudari turkuetan hirurogeta bost mila diru-jasotzaille, mairuetan eta Aprika osoko arabiarretan laurehun milatik gora bai; eta hutsik ez, baeuken tresnetan edo guda-tramankulutan aldra bat itzela, lurra bera ikaran egoten zan haek iragotean; eta ez gitxiago zirean gudari bidegilleak, eskuz egin arren, eskukada lurrez Goleta bera gazteluagaz batera zarratu ahal izango euenak.Goleta ez zan galdu, galdu ezina zalakoan egon arren, jagoleen hutsagaitik, ez -ahal izan zan guztia egindakoak-; basamortuko hondarrean lubakiak edo lubanak sakontzea erraza zan, arra bi sakondu eta ura egoan, eta hondarra zakuetan meta egiñaz, gora ta gora, azkenean, gazteluko harrizko hesia baiño goragoko lubakia eraigi euen; ezin, beraz, erasoari aurre egin ezelan bere, nork eutsi?
Askoren eretxiz, gutarrak Goleta barruan txarto ibiliko zirean, landan itxadaitea hobe, erasoari eraso egiteko; hau diñoana urrun dabil, ez daki zer diñoan, halangoren baten ez da iñox egon; ze, Goletan eta gazteluan zazpi mila gudari, hor-hor, egoan, eta , zelan, hain gitxi dulabre asko izan arren, joan landara eta hainbat eta hainbat areriori aurre egin? Eziñezkoa zan. Eta laguntzarik jasoten ez dauan indarra zelan ez da galduko, bada, arerioak hainbeste eta hain setatsuak izanik, eta, ganera, euren lurrean badagoz? Askoren eritxi da, neurea bere bai, zeruak on handia egin eutsola Espainiari, mesede ederra, hango, zera, gaiztokeria guztien zirkillu ha triskatu eta birrindua izaiteko baimena emon euanean, halango diruaren sitsa, dirua parra-parra eta ezertarako bere ez, zurru ta purru iruntsi egiten euan "belakia" baino ez zana; Karlos V.-a menperaeziñak irabazi euan eta gomutagarri izaiteko baiño ez zan, betiko gumutan egoiteko, egon badago eta egongo da beti, hango harri haek zutunik iraunarazo beharra bailegoan. Gaztelua bere galdu zan, apurka-apurka halan da bere, arrarik arra, barruko jagoleak, jo ta ke, inardun euelako burrukan, arerioari aurpegia kendu bagerik, baiña bizia, ostera, hogeta bost milari bai kendu, egindako hogeta bi ekinalditan. Bizirik hirurehun, eta bat bakarrik bere ez euen atxitu onik; hona, bada, zelan inardun euen, errutsu baizen gogorto, bakotxak bere tokia gordetzearren. Erdian baegoan torre edo gaztelutxu bat eta lehenengoa jausi zan , On Joan Zanogera zaldun balentziar eta gudari entzuna bertako agintari egoan arren, gero, On Pedro Puertocarrero gatibu hartu euen; hau Goletako nagusi goiena zan, bereak eta bi eginagaiti galdu eta galdu eualako hainbesteko tamalak jota, Konstantinoplara bidean, gatibu eroiela, kaden-kaden hil zan. Gazteluko agintari nagusi zan Gavrio Cervellón izeneko zaldun milandarra, "inkineru" handi eta gudagizon bihotz-bihoztsua atxitu eta gabitu ipiñi euen. Asko lagun aintzatsu hil zan, bai, Pagan Oriako besteak beste, Donibaneren Ordeako zalduna, eskuzabala gizona, Joan Andrea Oriako bere anaiagaz zabal-zabal izan zanean erakutsi euana legez; eta zelan hil zan, bere, esatekoa da, tamalez, ze, arabiar batzuen eskuetan gogortu zan betiko, zera, gaztelua galdurik, Tabarkara, mairu soiñekoz jantzita, eroango euelako berba emon eutsoen; emon bai bete ez, ostera; leku hori portutxu bat edo etxe antzeko bat zan genuarrak hango ur-bazterretan korala arrantzuan ebilteko eukena, eta bertaranzkoan, buru moztu eutsoen eta trukuen gudarosteko nagusiari eroan eutsoen; honek haekaz gure esaera zaharrak diñoena egin euan: "saldukeria ontzat hartu arren, saltzaillea begitan"; eta eguzkitan soka onetik esegi eragin eutsezan, bizirik ekarri beharrean hilik ekarri eutsoen atxakiaz.
Gazteluan hildakoen kristauen artean, On Pedro Agilar-eko izendun bat egoan, Andaluziako ez dakit zein herritakoa, alfereza izan zana, gudari gitxi legezko burutsua, bertsoak osatzen berebiziko sonaduna. Olerki deritxon horretan maisua. Ondo dakit nik hau, halabeharrak ni galera-ontzira ekarri euanez, nire tostara, nire antzera jaube beraren gatibu; portutik hara baiño lehenago soneto bi eginaz hobi-hitz, berak esan legez, bat osatu euan, bata Goletaren ganean, bestea gazteluari ddagokona. Buruan dadukadaz eta esan egingo ditut, atsegin pixka bat emaitearren.
Gatibuak On Pedro Agilarreko aipatu zuenean, On Fernandok bere lagunei begiratu zien, eta irri egin hauek: hamalaurkunak esaten hasi zenean, batak esan zuen:
Berori aitzina joan baino lehen, otoi, azalduko al dit Pedro Agilarreko eritzi dion horrek zer egin zuen azkenean?
Nik dakidanez – Gatibuak erantzun – urte biren buruan, Konstantinoplan egon ondorean, iges egin euan, "arnaute" janzkeraz, espioi zan greziar bategaz, ez dakit bere buruaren jaube egin ete zan, baietz uste dot; nik-i, greziarra, harean urtebetera, Konstantinoplan ekusi neuan, baina ezin itaundu neutson zer izan zan harako igesaldi harena.
Bada, bere buruaren jabe da – azaldu zion zaldunak – ; On Pedro hori nire anaia da, eta orain gure etxean dago, onik eta aberatsik, ezkondua hiru seme-alabadun.
Eskerrak, bada, Jaungoikoari – Gatibuak atzera – egindako mesede askogaiti, ez dago, nire eritxian, poz handiagorik, galduriko askatasuna jadetsi ordukoa baiño.
Horixe – zaldunak berriro –, nik ongi ezagunak ditut anaiak egindako hamalaurkunak eta.
Esan, bada, berorrek – esan zion Gatibuak – neuk baiño hobeto jakingo dau eta.
Bai pozik ere – erantsi zaldunak – ; Goletakoa honela dakit: