Goiztiriko ordua izanen zen On Kixotek txiribogatik irten zuenean, hain alai, hain jaso, hain gartsu eta pozez beterik bere burua zaldun iskilutua ikusi eta, ezen, pozgarriundea zaldiaren uhaletatik lehertzen zitzaiola. Alabaina, txiriboginaren aholkuak bururatu zitzaizkion, berarekin eraman beharreko bizigaiez alegia, diruak eta alkandorak batik bat, eta etxera itzultzea erabaki zuen, eta guzti-guztia atontzea, baita ezkutari bat ere, eta honetarakoxe bere auzoko nekazari bat bereizi zuen bere baitan, txiro eta seme-alabak zituena, baina zalduneriaren ezkutaritarako oso egokia zena. Hau guzti hau buruan zerabilela, Rozinante bere landerrirantz gidatu zuen, honek jitea antzeman zion eta hain gogotsu ibilten hasi zenez gero oinak lurrean ipinten ez zituela zirudien.
Ez zen luze ibili, hala ere, eta eskuin aldetik, hango oihanarte barrurean mintzo mehe batzuk ateratzen zirela iruditu zitzaion, aieneka ari denaren antzekoak edo, eta entzun zitueneko honela esan zuen:
Eskerrak bai zeruari egiten didan ongiagatik, zeren, honen laster nire bizilegeari zor diodana betetzeko egokiera aur-aurrean eman baitit, eta nire gogo zintzoen ondoreango emaitza jasotzekoa ere bai. Hitzaro hori behartsuren batena da, zalantzarik ez, gizonezko nahiz emakumezkoren bat nire laguntza edo babesaren beharrean da.
Eta gida-uhalari eraginez, ahots haiek jalgitzen bide-ziren alde haretara buruz joanarazi zuen Rozinante. Basoan barrena urrats guti batzuk egin orduko, arte bati lotua behor bat ikusi zuen, eta beste bati mutiko bat era berean, gerritik gora larrugorritan, biluzik, hamabost bat urtekoa, aieneka ari zena haxe zen eta ez, noski, ziorik ezean, nekazari handikote bat zigorka ari zitzaion eta; zigorkada bakoitzarekin aholku-ahakarrak zemaizkion, a zelako olandrikoa!, honela zerauntsola
Begiak erne eta mingaina motel.
Eta mutikoak zerantzuion
Ez dut berriz ere eginen, ene nagusi, Jainkoaren pasioagatik ez dudala berriro holakorik egingo; hitz emaiten dizut, hara, honik aurrerakoan, artaldearekin ardura handiagoa izanen dudala.
Zer gertatzen ari zen ikusirik, On Kixotek mintzotzar haserrean esan zuen
Zaldun lotsabage, bere burua zaindu ezin duenari erasotzeak itsuskeria dirudi. Igo zaitez zure zaldiaren gainera, har ezazu zure lantza (artearen ondoan, behorra loturik zegoen haretan, zarta edo makila bat zedukan) nik irakatsiko dizudalako, zuk dagizun hori koldarrek ez bestek ohi dutela.
Nekazariak, bere gainean halako itxura traketsa, txingote iskiluz betea, bere aurpegirantz lantzari zeragiona ikusi zuenean hiltzat etsi zuen, eta on-onean ihardetsi zion:
Zaldun jaun hori, zigorka ari natzaion mutil hau nire morroea da, inguruotan dudan artaldearen zaintzan ari izaiten zait; axolabage hutsa izanki, ordea, egunoro baten bat galtzen zait; eta nik honen zabarkeria edo bihurrikeria zehatzen, astintzen dudala eta, zuhurkeriaz egiten dudala dio, zor diodan lan-saria ez ordaintzearren, alegia; eta alajainkoa, gezurretan ari da, alafede!
"Gezurra" diozu, aipatzea ere, nire aitzinean kaldar makets horrek? – On Kixotek – Argi egiten digun eguzkiagatik, alderik alde lantzaz zulatuko ote zaitudan nadukazu. Ordaindu egiozu, oraintxe bertan beste hitzik bage; bestela, gure jabe den Jaungoikogatik, hementxe bertan zureak eginen ditut. Ken iezaiozu lotura.
Nekazariak, buru makur eta txintik esateke, morroea askatu zuen, eta honi On Kixotek ea nagusiak zeinbat zor ote zion galdetu zion. Bederatzi ilbete, honek erantzun, ilorokoa zazpi erreal izanik. Kontuak egin zituen On Kixotek eta hirurogeita hiru kopuratzen zela kausitu zuen, eta berehalaxe emaiteko agindu zion nekazariari, baldin horregatik bizia galdu nahi ez bazuen. Maltzur beldurti harek, ataka estu haretan egonik eta egindako zina egina izanagatik (bat ere ez zuen egina, baina) hainbeste ez zirela erantzun zion; zeren, zorretik eman zizkion hiru oski-bikote, zapatak nahiz abarkak edo betseak izanki, bere alde kendu behar baitzizkion, eta gaixorik egon zenean egin zioten odol-edekitze bateko erreal bat ere gutitu behar zitzaiolako.
Ongi dago hori guztia – berriz ere ihardetsi On Kixotek – alabaina, gera bitez oskiak eta odol-ateratzeak, ezeren errurik ezean eman dizkiozun zigorkaden truke, ordainetan; harek zuk ordaindu zapata-larrua urratu zuen, bai, baina zuk soineko larrua tarratatu diozu; eta bizarginak odola edeki bazion gaixo zegoenean, zuk onik dagoela ateratu diozu; honela, bada, hemendik ere ez dizu ezeren zorrik.
Hemen, ordea, ez dadukat dirurik, zaldun jaun hori, honatx okerra; betor Andres nirekin etxera, bertan emanen dizkiot erreal horiek, bata bestearen gainean.
Ni horrekin joan – mutikoak – lehenez gainera? Madarikatua! Ez jauna, ez, ezta zeragatik ere; bere burua bakarrik ikusi orduko, Bartolome Deuna bezalaxe larrutuko nau eta.
Ez du holakorik eginen – erantzun zion On Kixotek – aski du nik agindu izana nireganako begirunea ukan dezan; eta hartu duen zaldun-legeagatik zin egiten badit, besterik bage, joaiten utziko diot, eta ordainketa ziurtatuko dut.
Begira, jauna, zer dioen berorrek – esan zuen mutikoak – nire nagusi hau ez da, gero, zalduna, ezta inongo Zalduneria-Elkargokorik ere, ez hitz eman ez harturikoa ere; Juan Haldudo aberats Quintanarren bizi dena, besterik ez da eta.
Horrek axola gutti du – On Kixotek beste behin – Haldudotarrak zaldun izan litezke, azken baten, nor bere eginen ume baita.
Hori egia da – esan zuen Andresek – baina nire nagusi hau zein on-eginen seme izan daiteke, nire lan-saria, izerdi eta lanak ukatzen dizkit eta?
Ez dut ukatzen, anaia Andres – erantzun zuen nekazariak – eta zatoz nirekin, otoi; munduan diren Zalduneria-Elkargo guztiengatik hitz emaiten dizut, esan bezalaxe, ordainduko dizkizudala erreal guztiak, bata bestearen gainean, eta lurrinduta goxa-goxa eginak, gainera.
Usain gozotan goxatze hori asketsiko dizut – On Kixote mintzatu zen – emaiozu errealetan, hau askietsiko dut eta; kontuz gero, ea emandako hitza betetzen duzun, bestela, zinetan emandako hitz bera emanen dizut, zinez, bilatuko zaitudala eta zigortuko; eta idoroko zaitut idoro, baita sugandila bezala ostenetan bazara ere. Badakizu : gaiztoto ohi denari beldurra jarraiki eta kaltea jarrugi. Eta agindu hau nork damaizun jakin nahi baduzu, betetzeko benetan are behartuago gerta zaitezen, jakin ezazu, bada, On Kixote Mantxako adoretsua nauzula, kalte-okerren zuzentzailea; eta hor Jaungoikoarekin, baldinba, ez al zaizu gogotik galduko zinez emandako hitza; hitzartutako zigorra ,noski, zor dukezu, ostera.
Eta hau esanda, Rozinanteri eragin zion, orpoka, eta gesu baten, haiengandik alderatu zen. Nekazaria ondotik begira jarraitu zitzaion eta basotik harantza joana zela eta ageri ez zela ikusi zuenean, bere morroe Andresengana bihurtu zen honela ziotsola
Zatozkit hona, ene seme, zatoz, nire zorra kitatu nahi dizut eta, oker-zuzentzaile harek agindurik utzi didan bezala.
Horixe bai, zin-zinez – esan zion Andresek – horretara asmatuko du berorrek, zaldun zintzo haren agindua beteaz alegia; bizi bedi mila urtez, hain baita epaile on eta adoretsu; hara, Errokeren arimagatik, baldin ordainduko ez baliezat ailitz etorriko berriz ere atzera eta esandakoa eginen al luke, agian egin!
Nik ere zin-zinez, era berean diot – nekazariak ihardetsiz – baina honen maite-maite zaitudanez, zorra handitu nahi dut, gehiago ordaintzearren, jakina.
Eta besotik helduta, artera berriro lotu zuen, eta zigorka jo eta jo egin zion, beste behin eta behin, hiltzat uzteraino jo ere.
Dei egiozu orain, jaun Andres – zerauntson nekazariak – oker-zuzentzaileari, ikusiko duzu nola ez duen hau zuzenduko, ikusiko duzu; honela ere, nago, egin beharreko hau erabat egiteke ote dagoen, honez gero, eginkizuna oraingoz bukatu ez dudala daritzot, zu bizirik larrutzeko gogoak emaiten dit-eta, zeu beldur zinen bezala.
Azkenean, horratik, askatu zuen eta baimena eman ere eman zion bere epailearen bila joan zedin, emandako sententzia, erabaki hura betearaz zezan. Andres uzkur xamar abiatu zen, On Kixote Mantxako adoretsua ediren behar zuela zin-eginka, eta gertatu zena, ipi-apa, zehatz-mehatz esanen ziola, eta zazpi halakoak ordaindu beharko zizkiola. Baina, honela eta guztiz ere, bera negarrez bideratu zen eta bere nagusia, berriz, barrez geratu. Honela, bada, zuzendu zuen On Kixote ausartak harako okerra; eta, eginagatik pozez betea, zaldun izaite hari hasera zoriontsu bezain jasoa eman ziola sinetsita, bere buruaz harro bai harro, bere landerrira zihoan joan, ibilian-ibilian, mintzo apalttoz zioela
Oi ederretan ederrena, Tobosoko Dultzinea! Lurbira osoan bizi diren ororen gainetik zoriontsu zu! Zeren, On Kixote Mantxako, honen bihoztun eta izen handikoa den zaldun hau, zure nahi guztietara bai zure aginduetara biziki menperaturik nagoen nerau jaurritu bainatzaizu; berau, mundu guztiak dakiena legez, atzo zaldun izendatua izan zen, eta, egun, zentzubagekeriak ekarri eta ankerkeriak burutu duen okerrik larriena, eta bidegekeriarik okerrena zuzendu du: egun, ume minbera zigorka, honetarako ziorik ezean, astintzen ziharduen etsai bihozkogor haren eskutik zigorra kendu du.
Honelakoekin zihoala, bide-gurutze batera, lau bideren burura hain zuzen, heldu, eta halako bidarte haiek etorri zitzaizkion gogora, zaldun ibiltariek zein bidetara joko ote zuten oldozketan gelditzen zirenekoak; eta halakotzeko asmoz edo, unekada baten geldi egon zen, eta ondo hausnartu zuenaz geroztik gida-uhala jaregin zion Rozinanteri, zaldiaren jitearekin bat egin nahiaz, eta honek berehala, lehen-lehenik, bere zaltegirantz jo zuen. Bi milia inguru ibili ondorean, On Kixotek jende andana handi bat aurkitu zuen, geroago jakin zenez, merkatari toledoarrak ziren Murtziara zirikoa erostera zihoazenak. Sei ziren, euren ekitakoak zeramatzatenak, lau zaldizko otseinekin eta hiru oinezko mandamutilekin. Urrundik ikusi, begiztatu, eta berehalaxe, On Kixotek beste arrisku edo jazoaldi berri bat hartu zuen irudimenean; eta liburuetan irakurria izan zuen guztia antzeratu nahiz, ahalaz, egin nahi zuen bat egitearren bertantxe berebiziko aukera zetorkiola iruditu zitzaion. Eta hala, gizabidez, eratsu-eratsu, eta adoretsuki, eskalapoinetan tinko, azta-makila estutu zuen, erredola bularraren aitzinean eman zuen, eta bidearen erdian jarrita, zaldun ibiltari haiek irits zitezen itxaraiten gelditu zen, ordurako harako haiek halakotzat jota bai baitzituen, eta entzun-ikusterrean egotera heldu zirenean, On Kixotek ahotsa ozendu eta harro baino harroago esan zuen :
Geldi biz mundu osoa, mundu guztiak airtotzen ez badu mundu osoan ez dela Mantxako Enperatriz Tonbosoko Dultzinea berdingea baino ederragorik.
Merkatariak tenk! gelditu ziren, zerok entzunda, eta aldarrika ari zenaren itxura harrigarria ikusirik, bai itxuragatik beragatik bai esapideongatik ahoskatzailearen zoroa antzeman zuten; alabaina, eskatu zitzaien aitorpen hura zertan zen astiro aztertu nahi izan zuten, eta haietako batek, murrikaz, txoskalari xamarra izanki, eta hagitz xuhurra ere bai, esan zion
Zaldun jaun, guk ez dugu ezagutzen aipatu duen andere eder hori: erakutsi begigu : zerorrek agertarazi bezain ederra bada, guk, gogo onez eta xabal-xabal, eskatu egia hori aitortuko dugu.
Erakutsiko banizue – On Kixotek esanez – zuek zer dukezue egia hain nabaria aitortzean? Garrantzia honetan datza, hain zuzen; hots, ekusteke, sinets, aitor, baiets, euts eta zin egitean; osterantzean, nirekin zarete, gero, borrokan, izugarrizko jende "alimale", hanpurutsu hori. Nahiz banan-banan etorri, zalduneriaren legeak agintzen duen eran; nahiz zaretenak oro batera, multzoka, zarrapastaka, zuetarikoek, ohitura gaiztodun zurrietakoek egin ohi duzuen bezala, hementxe nadukazue, aiduru, nire aldean arrazoia daramadala.
Zaldun jaun – erantzun zion salerosleak berriz ere – hemen gagozen printze hauen guztion izenean, otoi dagiot berorri, inoiz ez ikusi ez entzun dugun zer bat aitortzeaz gure bihotza, gure "kontzientzia" arduraz ez betetzearren, eta areago, Alcarria eta Extremadurako enperatriz zein erreginen kaltetan delarik, erakuts diezagula andere horren irudiren bat, gari-bihi baten neurrikoa bada ere, zeren, haritik harila eta honekin aski eta egietsita geratuko baikara, eta berori, berriz, pozik eta kito; eta, dagoeneko, berorren alde egon gagozela uste dut, eiki, eta haren irudiak begiokerra edo ezkela dela erakutsiko baligu ere, eta beste begitik odola dariola edo sufre-harria duela, hau guzti hau gora-behera, berorren atsegina egitearren, nahi lezakeen guztia berorren alde erranen genuke.
Ez dario, donge zantar – erauntsi zion On Kixotek suturik – ez dario, diotzut, zuk esan duzun hori, kotoi artean anbare eta algalia baizik; eta ez da betokerra ez lepokerra, Guadarramako ardatz bat baino zuzenagoa baizik. Baina, nire anderearen edergoari egin diozuen laidoa ordainduko duzue! Hau esan eta behingoan, lantza beherantz, hitz egileari eraso zion, hain errutsu eta suharki, ezen, halabehar onak , bide erdian behaztopo egin eta Rozinante lurrera erorarazi ez balu, atarramendu txarra izango zukeela merkatari nabarrak. Erori zen Rozinante, itzulipurdika, dingilin-buztan joan zen landan barrena zati batean jabea eta jaiki nahi izan zuenean ezin: lantza, adarga, aztalekoak, kaska eta iskilu zaharron astuna! Eta, nahi eta ezin, nola edo hala jaiki beharrean, inkan, zerauntsen
Ez egin ihes, jende koldar; adi, jende gatibu; ez nire erruagatik, zaldiarenagatik baino, nago hemen erorita.
Mandamutil haietako batek, oso zintzoa ez zena, agidanean, hainbeste harrokeria ziotsela entzutean erori gizagaixoari saihetseko bat emanez erantzuteke ezin gelditu izan zen. Eta harengana hurreraturik, lantza hartu zuen, eta puska-puska eginez, zartatu ondoan, zati batez, zirt-zart, On Kixote gurea jo eta jo hasi zen, berau, amorruz eta iskiluei jaramonik bage, bihia bezala eho, birrindu zuen arte. Bere nagusiek hain gogor ez joteko eta bertan uzteko hots emaiten zioten; baina mutila teman sartuta zegoen, eta ez zuen jokoa utzi nahi bere sumindura guztia "enbidatu" arte; aitzitik, azta-makilaren beste puskak hartu zituen, gizagaixo harengan txikitu, dinbi-danba, eta bere gainera halako makil-erauntsia jausten zekusalako, ez zuen ahoa ixten, alajaina!, zeruak eta lurrak zemaituz, gaizkin haiei (honelakotzat hartuak baitzituen honez gero) induriaka heti.
Nekatu zen mutila, eta joan ziren salerosleak aitzina, zer esana zer jaulkia zeramatela, bide osoan zehar, makilkatua izan zen gizagaixo hari buruz. Berau, bakarrik geratu eta gero, jaikitzeari ekin zitzaion, ostera, ahalaz; baina, onik edo zegoela ezin izan bazuen, nola eginen zuen, alta, eho eta birrindurik zegoenean? Honela eta guztiz, zorionekotzat jo zuen bere burua, harako hura zaldun ibiltariei jazo ohi zaien zoritxarra zelako uste osoan, eta dena zaldiaren okerra izan zela. Ezin zen jaiki, gorputza, oso abaildua, lur jorik zuen eta.