Higitu ezinean, beraz, bere ohiko sendagailuari eutsi zion, hau da, bere liburuetan ikusia zuen osagairen bati, eta bere zoroak zeroalako Valdovinos delako lekura eta Mantuako Markesarenera heldu zen, oroitzapenez noski, Carlotok zauriturik utzi zuen mendira hain zuzen; kondaira ha haurrek bazekiten, neska-mutikoek ez zuten ahantzia, zaharrek ospatu ez ezik sinetsi ere egiten zuten, eta honela ere, Mahomaren mirariak baino egiazkoagoa ez zen. Hauxe, bada, berebizikoa iruditu zitzaion, zegoen egoeran zegoelarik, egon; eta gaitzi handiz, lurrean iraulka hasi zen, eta, arnasestuka bezala, oihaneko zaldun harek esaten omen zuena esaka hasi
Non zara ene andere,
ez duzu ene minik?
Ez ote jakin ala ez
zaitut eneganako zinik
Eta honela erromantzeari jarraikiz, honako bertso hauetara arteraino
Oi, Mantuako Markes mazala
ene osaba jaukala!
Halabeharrez, bertso honetara iritsitakoan, bere herriko nekazari auzokide bat, bertatik bertara, agertu zen, eiherara zorrotada bete gari garraiatzetik zetorrena, eta gizon ha bertantxe erorita ikusiaz batera harenganatu zen; nor ote zen, nolako mina zuen galdezka hasi zitzaion, aieneka ari zen eta. On Kixotek, zalanza bagerik, hura Mantuako Markesa bera zelakoan, bere osaba alegia, erromantzeaz ez bestez erantzun zion, haren zoritxarra eta haren emazteagaz Enperanteren semeak zituen maitakeriak aitortuz, ohartaraziz, erromantzeak eralkitzen duen era berean.
Nekazaria harrituta zegoen halako burugekeriak entzuten; eta kaska-hegala, makilkadaz hautsita zegoena, edeki zion, begitartea garbitu, hautsez estalita zuena, eta berehalakoan ezagutu zuen, eta esan zion
Kixana jauna (hala ei zeritzan zentzuz onik zegoenean eta gapare lasai izaitetik zaldun ibiltari izaitera iragoa ez zenean) nork utzi du berori horrela?
Baina hura bere erromantzearekin, zer-nahi galdetu ere. Gizon onak hau ikusita, ahal zuen hobekien, bularreko eta bizkarreko babesak erantzi zizkion, ea zauriren bat edo ote zedukan aztertzeko; ez zuen, aldiz, odolik ez zantzurik ikusi. Lurretik jaso nahi izan zuen, eta, ez neke guttiz, bere zamariaren gainera igo zuen, otzanagoa zirudiela eta. Iskiluak bildu zituen, lantzaren ezkailak eta guzti, eta dena Rozinanteren gainean lotu zuen, uhaletik eutsi zion eta astoari lepoko sokatik, hasi zen, haretara, bere herrirantz, On Kixotek esaten zituen zentzubagekeriak aditzen, gogoetan ernari zihoala. Ez zihoan hobeto On Kixote, eho eta hautsita, astoaren gainean zutik egon ezinik, eta, noiz edo noiz, hasperenak zeruetaraino bidaltzen zituen; honegatik, behin eta berriz, nekazariak ea zer-nolako mina ote zuen galdetu behar izan zion; Txerrenek, baina, ez bide-zion gogora ekartzen berak nahi zituen gertakizunei egokitu ipuinak baino; honetaz, Valdovinoskoa ahaztuta, Abindarraez mairua gogoratu zitzaion, Antequerako Gotortzainak, Rodrigo de Narvaez-ek harrapatu eta gotorlekura gatibu eroan zuenean. Honetara, bada, berriz ere nekazariak nola zegoen eta zerk mintzen zuen galdezka erasan zionean, "abindarrak" Rodrigo de Narvaez-i esaten ei zizkion hitz eta esaldi ber-beraz erantzun zion, berak Jorge Montemayorren Diana-n irakurritako kondairan ikasia zuena legez; hain nabarmenki berrizkatzen zituen harako haiek, ezen, nekazaria berdatzen hasia zela, haserre-gorritan, hainbeste erokeria zentzuelako; eta honegatixe, bere auzoa zoratuta zegoela ohartu zen, ohartu ere, eta herrira lehen bai lehen iritsi baino ez zuen nahi, On Kixotek kalaka luze haretaz eragiten zion haserredura bere burutik egozteko. Txor-txor ziharduen eta "kalamatika" hura amaitzeko zera esan zuen:
Jakin beza berorrek, Rodrigo de Narvaez jauna, aipatu dudan Jarifa eder hau orain Tobosoko Dultzinea totila dela, eta, beronen alde, nik neronek, zaldunerian inoiz, lurbira osoan, ez ekusi ez ekusiko diren egitandirik ospetsuenak egin, egiten eta eginen ditut.
Honi nekazariak honela ihardetsi zion:
Begira berorrek, jaunak, ni bekatari naizen hau, ez naizela On Rodrigo de Narvaez, ez Mantuako Markesa, Pedro Alonso baizik, berorren auzokoa; ez da berori Valdovinos, ez Abindarraez, Kixana jaun gapare ohoreduna baino.
Nik badakit nor naizen – On Kixotek berriro – eta badakit aipatu izan ditudan guztiak ez ezik, Frantziako hamabi Pare guztiak ere izan naitekeela, eta are gehiago, Ospeko bederatzi guztiak ere bai; haiek guztiek, elkarrekin edo bakoizka, burutu izan dituzten egitsari guztien gainetik nire eginkizunak gailenduko dira.
Hizketa (edo txilimala) hauekin, ihardun eta ihardun, herri koxkorrera iritsi ziren, ilunabarrean; baina nekazariak pixka bat ilunago izan arte itxaron zuen, gapare makilkatua hain itxura txarreko zaldun antzo inork ikusi ez zezan. Heldu zen, bada, berak nahi izan ordua, sartu zen herrira, eta On Kixoteren etxeratu; etxe barrua, zirri-parra baten, zeharo gahullatua, guztiz murdukatua, aurkitu zuen; eta bertan herriko apaiza eta bizargina, On Kixoteren adiskide handiak biak, etxandereak, oihuka, honela zerauntsela:
Zer daritzo berorrek, Pero Perez lizentziadun horrek (Apaizaren izena) nire jaunaren zorigaitzari? Hiru egun dira agertu ez dela, ez zaldia, ez erredola, ez lantza, ez iskiluak ere. Oi ene ondikoa, ene zoritxarra! hiltzeko jaio nintzen, bai, egia, badut ongi buruan hartua hau; zaldunen liburu madarikatuok, hemen daduzkanak eta hain sarri irakurtzen izan dituenak orok zoratu dute; askotan entzun izan nion, oraitxe datorkit burura, bere baitarako hizketan bakarrik, zaldun ibiltari izan nahi zuena eta munduz mundu arriskuen bila joan nahi zuena. Opa bekizkie Santan eta Barrabas-i halako liburuak, Mantxa osoan izan den adimenik zuhurrena alperrik galdu dutenak, nahasi dutenak.
Neska ilobak berdin zioen, eta are gehiago ere:
Jakin ezazu, maisu Nikola – Bizarginari hala zeritzan – askotan gertatu izan zitzaiola nire osaba jaunari, hots, zoritxarreko liburu arimabage hauek, bi egunez bi gauekin, irakurtzeari ekin eta ekin ari izan eta gero, liburua eskutik egotzi, eta ezpata hartu eta, dzirt-dzart, ezpatakadaz hormari aurka egiten ziola; eta neke-neke eginaz gero, lau dorreren antzeko lau erraldoi hil zituela esaten zuen, eta nekaduraren izerdia borrokan jasotako zaurien odola zela esan ohi zuen; gero, pitxer handi bete ur hotz edaten zuen, eta onik bezain lasai geratzen zen, ur hura Esquife jakintsuak, azti handi eta bere adiskideak, ekarria zion edari txit baliotsu bat zela esanik. Erru guztia neuk dut, hala ere, ez bainizuen ohartarazi nire osaba jaunaren buru-menskeriez, heldu dena heldu baino lehenago osatze aldera, eta liburu madarikatu guztiok erre zenitzaten; askok eta askok, hereseak bezala, erretzea, kiskaltzea, besterik ez dute irabazi eta.
Bai horixe, nik ere horixe diot – Apaiza mintzo – eta fedeagatik! ez al da biharko eguna joango beraietaz jendaurreko epaiketa egiteke, eta sutara galduak izan bage, aurrerantzean, ezein irakurleri erakar ez diezaioten nire adiskide zintzoak egin izan omen duen beharrezten hori egiteko gogorik.
Nekazariarekin On Kixotek hau guzti hau zentzuen, eta , honetaz, nekazariak bere auzokoaren gaitza ikasi zuen, azkenik, eta honetara, ozenki esaten:
Ireki iezaiozue atea Valdovinos jaunari, eta Mantuako Markesari, larri zauriturik baitator, eta Abindarraez mairu jaunari, Rodrigo de Narvaez Antequerako gotortzain adoretsua gatibu dakarrenari.
Guztiak ahots hauetara hurrandu ziren, eta batzuek adiskidea ezagutu zutelako, emakumeek euren nagusi eta osaba zutelako, astoaren gainetik jaitsi aurrez, ezinean zegoela-eta, besarkatzera joan zitzaizkion antxintxika. Harek esan zien
Geldi guztiok; larri zauriturik nator eta, nire zaldiaren erruagatik; eraman nazazue nire ohatzera, eta dei egiozue, ahal bada, Urganda andere jakintsuari, nire zauriok iker eta senda ditzan.
Honatx, ordu txarrean – esan zuen Etxandereak tanpez – nire bihotzak ongi erraiten zidan zein zangotatik egiten zuen herren nire jaunak! Igo bedi berori, ordu onean; urdanga hori etortzeke ere badakiguke hemen sendatzen. Madarikatuak, badiot, izan bitez behin eta berriro, eta ehunka aldiz zalduneria-liburuok, berori horrelakatu dutenak!
Ohera eroan zuten, eta, zauriak ikertuz, bat ere ez zioten kausitu; eta berak' dena leherdura zela zioen, Rozinante bere zaldiarekin eroriko handi bat jasan zuelako, hamar sendor zozkotsurekin borrokan ziharduen bitartean, eguzkiaren azpian aurki litezkeen neurriz-gaineko ozarrenak.
To, to! – Apaizak – sendorrak dantzan? Aitaren eta semearen eta...bihar bertan, gautu baino lehen, neronek erreko ditut.
Milaka galdera egin zizkioten, eta On Kixotek ez zuen bat ere erantzun nahi izan, jaten eman ziezaioten baizik, eta lo egiten uzteko, beharrezkoena zitzaiola-eta. Honela, bada, egin zen; eta Apaizak nekazariagandik luze eta zabal, zehatz-mehatz, ikasi zuen, On Kixote nola aurkitu zuen eta hori. Den-dena eraulki zion, esan zituen ezesatekoak eta guzti, eta ekarraldiko kalaka, eta honek guztiak Lizentziaduna are beroagotu zuen, lehengo egunean egin zuena berriro egiteko, hots, maisu Nikola bizargin adiskideari dei egin On Kixoteren etxera biltzeko.