Harako hura lo zegoen, artean. Ilobari giltzak eskatu zitzaizkion, gaitzaren egile ziren liburuak zegozen gelakoak, aurki, eta bai honek gogo onez eman ere. Sartu ziren, denak, eta etxeko anderea haiekaz; ehun liburu-ale baino gehiago aurkitu zuten, handiak eta oso ongi azaljosiak, txiki batzuk ere bai; eta andereak ikusi zituen bezain laster, di-da atera zen berriro gelatik ito-aginean, eta gopor bete ur bedeinkatu pixka bat eta isipu bat zekartzala itzuli zen, eta esan zien:
Har bitza berorrek, lizentziadun jaunak, eta bedeinka beza urez gela hau, baldinba, ez al da izanen berton sorgintzaile horietariko bat, liburuotan ugari diren horietakoa, eta gu sorgintzen gaituzte, gu hauek mundutik haizatu nahiaz gabiltzaino, ea beraiek guri eragiten ote diguten guk haiei egin nahi diegun kalte, neke eta mina.
Barre eragin zion lizentziadunari etxanderearen laiñokeriak -emakumearen kaskala!- eta bizarginari banan-banan liburu haiek emaiteko agindu zion, zertaz ziharduten jakitearren, beharbada, batek edo batek sutara galtzea "irabazia" izanen ez zukeen eta.
Ez – esan zuen Ilobak – ez zaio bat bakarrari ere barkatu behar, diren-direnak gaizkile izan dira. Hobe dugu leihoetatik barlara aurtiki eta haietaz parrasta bat eginda su emaitea, edo, bestela, ixtegira eraman eta bertan su egitea, honela ez digu keak kalterik eginen.
Andereak ere berdin, orobat esan zuen; halakoxe tirria zuten biek errubage haien heriotza ikusteko; baina apaiza ez zen harekin bat etorri, izenburuak bederen lehenbizi ikusteke. Eta maisu Nikolak eskura eman zion aurrena Gaulako Amadisen Laukotea izan zen, eta, Apaizak:
Honek misteriozko zera dirudi; zeren, entzun izan dudanez, liburu hauxe izan baitzen, zalduneriazko horietarik Espainian irarri zen lehena, eta gainontzeko guztiek horretatixe dute jatorrizko hasera; horretaz, bada, nire eritziz, hain grina gaiztoko taldexkila baten fede-emailea izan zelako sutara galdu behar dugu, deusen aitzakia bagerik.
Ez jauna – Bizarginak – gai honetaz egin diren liburu guztietan hoberena ere omen da, aditzea izan dudanez; honegatik, bere eleder-gaian besterik bagea izanki, barkatu egin behar zaio.
Egia da hori, izan ere – Apaizak atzera – eta hau dela eta, oraingoz bizirik utziko zaio. Ikus dezagun haren ondoan dagoen beste hori.
Esplandianen Ekintza Handiak izenekoa da – esan zuen Bizarginak – Amadis Gaulakoren seme jatorra.
Horra, egia esateko – Apaizaren hitzak – aitaren onak ez dio semeari balio izango. Hartu egizu, etxandere, zabal ezazu leiho hori eta bota ixtegira; emaiozu hasera sutarako egin behar txondorrari.
Andereak, poz-pozik, halaxe egin zuen eta Esplandian gizagaixoa hara joan zen hegan ixtegira, bere gainera zetorkion suaren zain-zain egonean egoitera.
Aurrera! – esan zuen Apaizak.
Datorren hau – Bizarginak – Greziako Amadis da , eta alde honetako guztiak ere , nik uste, Amadisen leinu edo askazi berekoak dira.
Bihoaz, bada, den-denak ixtegira – Apaizak agintzen – zeren, Pintiquiniestra erregina kiskaltzeagatik, eta Darinel artzaina, bere olerkiak eta guzti, eta honekin batera bere egilearen hizpide -edo "aterakazio"- bihurri arraioak zizpiltzeagatik, ni sortu ninduen neure aita ber-bera ere erreko bainuke, haiekin bat, zaldun ibiltari antzean balebil.
Ni ere gardi horretakoxea naiz – erantsi zion Bizarginak.
Ni ere bai – Ilobak gaineratu.
Horrela, bada – Andereak lehenez gain – betoz honantz eta bihoaz ixtegira.
Eman zizikioten, beraz; ugari ziren, eta, mailadian beheti eta goiti ez ibili nahiz, leihorean aurt!, behera egotzi zituen.
Nor dugu mardul hori? – Apaizak galdezka.
Hau – erantzun zion Bizarginak – On Olivante Laurako da.
Liburu honen egilea – Apaizak bazekien – eta Loreen Baratzea osatu zuena bat da; ez dakit, baina, zinez, bi liburuotarik egiatiena zein den, edo, hobeto esateko, zeinek dioen gezur guttiago; jakin badakit hau honako hau ixtegira joango dela, erabagea, burueritzia, handiputza delako.
Hurrengo honek Hircaniako Florismarte izena du – Bizarginak irakurrita.
Hor dago Florismarte jauna? – Apaiza itaunetan. Bada, ene fedeagatik! laster da ixtegian, bere jaiotza harrigarria eta amestutako arriskuak gora-behera, ez du besterik irabazi, bere idazkera idor, gogorragatik. Ixtegira eta kito, beste horregaz batera, etxeko andere.
Atsegin zait, ene jaun! – Etxandereak esan; eta di-da, agindutakoa berehalakoan eta pozez egiten zuen.
Platir Zalduna dugu hau – Bizarginak.
Zaharra liburu hori, eta ez diot ezeren antz onik emaiten barkatua izan dadin. Bihoa besteekin eta ixo!
Honela egin zen. Beste liburu bat zabaldu eta Gurutzeko Zalduna izenburua zuela ikusi zuten.
Horren izen deunarekikoa, etxakina izanagatik ere, barkatua liteke; baina, gurutzearen ostean Txerren dago esan ere ohi da: bihoa sutara. Bizarginak eskuan beste liburu bat hartuta "hau Zalduneriaren Ispilua da" esan zuen.
Ut! Ezaguna dut berori – Apaiza mintzo – Hor dabil Montalbango Reinaldos jauna, lagun-adiskideekin, Kako eta hamabi Pareak baino lapurragoak, eta Turpin benetako historialaria ere hor. Betiko atzerrira bidaltzekotan nago, zinez; gehiago, ausaz, ez dute irabazi, azken baten, Mateo Boyardo sonatsuaren zati bat asmatu zuten, eta honexen ondotik Ludovico Ariosto olerkari kristauak bere oihala ehundu zuen; berau, berriz, hemen banu, eta berea ez den beste hizkuntza batean eginen balu, ez nioke begirunerik ez lotsarik erakutsiko, baina bere hizkuntzan eginez gero nire buruaren gainean ipiniko nuke.
Bada, nik italieraz dadukat – esan zion Bizarginak – baina ez dut ulertzen.
Ez zatekeen ona izanen zuk ulertu izan bazenu – ihardetsiz Apaiza – eta ez hemen barkatuko bagenio Espainiara ekarri eta gazteleratu zuen Capitan jaunari; bere etorkizko balio asko kendu baitzion; eta berdin eginen dute bertso-liburuak beste hizkuntza batera itzuli nahi dituztenek: arreta handiz nahiz trebetasunez eginagatik ere, ez dute inoiz erdietsiko jatorrizko jatortasuna. Benetan diot, ezen, liburu hau eta Frantziako gaiei buruz aurki litezkeen beste guztiak zulo lehor batean utzi eta altxatuak izan daitezen, haiekin zer egin, sakonki aztertu eta gero, ebazten duguino; hor nonbait dabilen Karpioko Bernardo bat izan ezik eta Orreaga daritzon beste bat izan ezik, hauek biok, nire eskuetara iritsi eta berehala, Anderearen atzamarretara joanen dira, sutara bidean, estakuru bat ere bage.
Bizarginak oro baieztatu zuen, denari on eritzi zion; bere gardiz, hain kristau ona eta hain egiazale zen Apaizak ez zuen egia besterik esango eguzkiaren azpian. Beste liburu bat zabaldu zuen, Olibako Palmerin izenekoa zela ikusi zuen, ondoan zegoen beste bat Ingalaterrako Palmerin, eta lizentziadunak ikustean zera iruzkindu zuen:
Oliba hori apur-apur egin eta errea izan dadila, errautsa bera ere ez utz; eta Ingalaterrako "palma" edo hori gorde eta bizirik iraunaraz dezala, bakarra delako; honetarakoxe beste kutxa bat egin behar bada ere, Alexander handiak Darioren hondakinetan aurkitu zuena bezalakotsua, Homero olerkariaren idaz-lanak eduki nahi zituela eta iharduki zuenekoa bezalakotsua, alegia. Liburu honek, adiskide jaun, bi ziorengatik du garrantzia: bata, berez biziki ona delako; bestea, Portugalgo errege sotil batek egina omen delako. Miraguardako gazteluan gertatu otoz-otoko jazoaldi guztiak onak baino hobeak dira, irudimen handitikoak ; esaerak argiak bezain jasoak dira, hitzegilea duin agertzen da mintzaeran, beti egokiro, adimenez mintzo da. Badirautzut, beraz, zure eritzia bestelakoa ez bada, maisu Nikola, honako hau eta Amadis Gaulako sutatik at gera daitezen; gainerako beste guztiak, gehiago azter eta ikertzeke, hauts bihur daitezen.
Ez, onkide jauna – orain Bizargina ihardesten – hemen dadukan hau On Belianis entzute handikoa da.
Ba, hori – Apaiza berriro eledun – bigarren, hirugarren eta laugarren zatiekin arabarba apur batez, badakizu, erin gauza gaiztoei egin ; sumindura larregi hori xahutu behar da, ikuzi bat eman; eta Ospearen gazteluko hura guztia edeki behar zaie, axola handiagoko beste ezesateko batzuekin batera, bukaera, horregatik, itsasoz haraindian gertatzen da; zentza balitez, zintzotu nolabait, ongitu ahal balitez, errukiz nahiz zuzentzaz hartuko genituzke; bitartean, eduki itzazu zeuk, onkide, zure etxean, alabaina ez inori utz irakurtzen.
Atsegin zait – erantzun zion Bizarginak.
Eta zalduneriazko liburuetan begiak gehiago ez nekatu nahiz, Etxandereari handi guztiak jaso zitzan eta ixtegira eramaiteko agindu zion. Ez zion esan, ez, gorrari – bazekien, bai, nori ziotson –; nori eta iruten hasteko baino, oihal zabal eta mehea izanagatik ere, liburu haiek erretzeko gogo biziagoa zuenari, hain zuzen ere. Bakarka ez, ez banan ez binan, zortzinan-zortzinan hartu eta leihorean behera iraitzi izan zituen. Hainbat batu nahi haretan, bat eskuetarean erori zitzaion, Bizarginaren oinetara; jaso zuen honek, norena ote zen jakin-minez, eta izenburua ikusi zion: Tirante Zuri Zaldun Ospetsuaren Kondaira.
Jaungoikoak lagundu dagidala! –Apaizak, oihuka. Hona hemen Tirante Zuria! Emaidazu, bada, onkide; ohartu bainaiz pozgarrien altxor bat aurkitu dudala eta puskila-muskila batzuen meategia izanen zaidala. Hemen dago On Quirieleison Montaubango zaldun ausarta, eta bere anaia Tomas Montaubango, eta Fonsecako zalduna, Tirante bihoztunak zezen-zakurrarekin egin zuen borrokan, eta Biziatsegiñe neskutsaren xorroxkeriak, Atsedene alargunaren maitekeriak eta azerikeriak, Enperatriz anderea Hipolito bere ezkutariarekin meitemindua. Egia diotzut, onkide jaun, bere idazkeragatik hau munduko libururik onena dela : hemen zaldunek jan egiten dute, otordua dute, lo egin egiten dute, euren oheetan hiltzen dira, hil aurretik hilburukoa egiten dute, eta beste zeinbait gauza, mota honetako beste liburuetan agertu izaiten ez dena. Hau guzti hau gora-behera, hauxe diotzut: egileak merezi izanen zukeela bere bizi guztirako galeretan jarri izan balute, hainbeste zorakeria asmatu behar ez zuen eta. Eramazu etxera eta irakurri egizu, nik esan dizudan guztia egi-egia dela ikusiko duzu.
Hola izango da – Bizarginak erantzun – baina, zer egin hor geratzen diren liburu txiki horiekin?
Hauek ez dira zalduneriazkoak, antza, olerkizkoak baizik.
Bat ireki zuen, Montemayorko Jorgeren Diana zela ikusi, eta gainontzeko guztiak gai berekoak zirela uste izanaz, esan zuen
Hauek ez dute sutan erretzerik irabazi, besteek bezala, ez baitute egin ez egingo ere zalduneriazkoek adina kalte; adimenari dagozkionak baitira, inorentzako kalterik ez, damurik ez dutenak.
Ai jauna! – Ilobak – hobe bai, besteak laso, sutan erretzeko aginduko balu berorrek; nire osaba jauna zalduneria-minetik sendatu eta gero, ez litzateke polita izanen, honako hauek irakurriz, zera, artzain izaitea burura sartuko balitzaio, eta mendi-zelaietan barrena, kanta-kantari, soinua joz, lelorik lelo ibiliko balitz; eta are txarrago dena, olerkari izaiteko gogoak emanen balio, gaitz hau sendaezina eta kutsakorra ei da eta, dirudienez.
Egia dio neskatxa honek – Apaiza eledun – eta on egingo diogu gure adiskideari, horretaranzko makur eta arriskuaren bidetik aldentzearren, aurretik kentzeaz. Montemayorren Diana-rekin hasi garenez gero, ez erretzerako eritzia dut, ez dadila sutarako izan, aitzitik, ken biezaio, irazi, Felizia jakintsuaren eta mirarizko uraren zer guztia, eta bertso handitan datorren ia guztia; utz, ordea, bere horretan, ordu onean, hitz lauzkoa, eta era honetako liburuetarik lehena izaitearen ohorea.
Hurren datorren hau – Bizarginak – Diana da Salamankarraren bigarrena daritzona; eta izen bera duen beste hau , Gil Polok egindakoa.
Bada, Salamankarrarena – zerantzuion Apaizak – bihoakie ixtegian dagozenei laguntzera, eta hauekin batera su-meta handitzera; Gil Polorena, berriz, izan bedi altxatua Apolorena ber-berarena balitz bezala; eta goazen aitzina, onkide jauna, iradu, berantzen ari du eta.
Honako liburu hau – Bizarginak beste bat zabalduz – Maitasunezko Zoriaren Hamar Liburuak Antonio Lofraso sardiniar olerkariak osotua.
Nik hartu ditudan apaiz-legeengatik – Apaiza mintzo leunaz – Apolo'Apolo izan zenetik, musak musa, olerkariak olerkari, eta hona, hau bezain liburu on, barregarri nahiz buruarinik ez da argitara eman, mundu honetan, beraz, onena eta bakanena dugu, irakurri ez duenak ez du inoiz irakurri atsegingarrizko gauzarik. Ekarri hona, onkide, hori aurkitu izanak poz handiagoa emaiten dit Florentziako oihalez ehunduriko sotana eskainiko balidate baino.
Pozaren pozez bereizita ipini zuen, eta Bizarginak ikus eta aurkezten:
Hurren datozen hauek Iberiako Artzaina, Henaresko Maitagarriak eta Uste-minak ustel dira.
Besterik ezin egin, bada – Apaizak esan – Etxanderearen esku sekularretan utzi baino; eta ez niri galdetu zergatik, bukaezina litzateke eta.
Hemen datorrena Filidako Artzaina da.
Hori ez da artzaina – Apaizak – ongikasi txit zogia baizik, izan bedi gordea bitxi edergailu legez.
Hemen datorren handi hau – Bizarginak harzara – Olerki Batzuen Altxorra da izenburuz
Hainbeste ez balira – Apaizak diotso berriro – haintzat hartuagoak izango lirateke: gauza zoragarrien artean zantarkeria batzuk ditu, jorratu, edo saratu behintzat, egin behar da, eta garbitu.Eduki ezazu, egilea nire adiskidea dalako, eta idatzi dituen beste lan jasoago eta gementsuago batzuekatik begirunea zor zaiolako.
Hau – Bizarginak – Lopez Maldonaren Kanta-Bilduma da.
Liburu horren egilea ere adiskide handia dut, eta haren ahotik bertso horiek entzuten dituenari liluragarriak zaizkio, eta hain da gozoa haren ahotsa horiek kantatzean txoraturik uzten duela nor edo nor; luze xamarra, bai, bada, unai-olerkietan, baina onetik ez ohi da asko inoiz izan: bil bedi bereizitakoekin batera. Baina, zein da beste hori, horren ondoan dagoen hori?
Migel de Cervantesen Galatea – erantzun zion Bizarginak.
Urte asko da Cervantes hori nire adiskide handia dela, eta badakit, jakin, ezbeharretan bertsoetan baino ikasiago dela. Bere liburu horrek sorrera onttoa, asmo ona; zerbaitt zertu nahi du, eta ez du ezer burutzen – eta Apaizak esaera zaharrera joz: hasiak egina dirudi, asakatuak eder, edo eginak urregorri – : bigarren zatia agindu du, bai, eta honen begira egon beharko, zain; agian, zuzenketaren bitartez, oraingoz ukatzen zaion errukia, bihotz-biguntasuna, gupida bereganatuko du; hau ikus dadin artean, eduki ezazu zure ostatuko gilzpean.
Bai horixe, onkide jauna – Bizarginak erantzun – atsegin handiz. Eta hemen datoz hiru, hirurak bat: Ertzillako Alontsoren Araucana, Kordobako zindun den Juan Ruforen Austriada eta Montserratea, Balentziako Cristobal Virues olerkariarena.
Liburuok, hirurok – Apaizaren gardia – guda-bertsokeran, gazteleraz, idatzi diren hoberenak dira, Italiako ospetsuenekin zein-hobekan, lehia daitezke, iharduki dezateke; zaindu behar dira Espainiak dituen olerkirik dohatsuenak legez.
Nekatu zen Apaiza liburuak ikusi eta ikusi, eta honegatik, gainontzeko guztiak, ireki ere egiteke, erretzeko agindu zuen, bero-beroan; baina, ordurako, Bizarginak bat zabaldua bazedukan, Anjelikaren Malkoak zeritzona.
Negar egingo nuke nik, bada, negar – esan zion Apaizak izena entzun zuenean- liburu hori erretzeko agindu banu; horren egilea ludiko olerkaririk sonatsuenetako bat izan baitzen, ez Espainian soilik, eta Ovidioren ipuin edo alegia batzuk itzultzen txit adu onekoa.