Atal honetan jaulkitzen dena idazterakoan edaskai handi honen egileak isilik utzi eta aurrera irago nahi izan ei zuen, sinetsiko zionik izanen ez zen beldurrez, omen; hain halakoak ziren, izan ere, On Kixoteren erokeriak inoiz asma daitezkeen handienak, eta are hauen mugak eta ertz guztiak gainditzerainokoak izan baitziren, handienak baino bailesta-tiro bi harantzagokoak, esatearren. Azkenean, kezka-beldur horrekin izanagatik ere, harek egin bezalaxe idatzi omen zituen denak. Kondairari egia-izpirik ttikiena ere kentzeke eta eransteke, inork inoiz gezurtitzat har zezakeen batere axolarik bage; eta xuxen egon zen, egiak mehetu bai baina kraskatzen ez du eta, beti gezurraren gainean, ura goipearen gainean bezala, ibili ohi baita. Honelatan bada, edaskaiari darraiola, dio: Toboso handiaren ondoko zuhaizti haretan, artadian sar-ostendu zen bezain laster, Santxori hirira bihurtzeko agindu zion; bere anderearekin beraketz hitz egin bage berriro bere aitzinera ez agertzeko; bere zaldun gatibuak ikusi ahal izaiteko aukera bat, arren eta arren eska zekion ere aginduta bidali zuen; haren onespena galdatu eta ekartzeko ere bai, arren, honexen bitartez bere jazokizun guztietan nahiz ekintza zailenetan beti ongi gertatzeko itxaropena bazuela eta. Halaxe eginen zuela Santxok hitz eman eta berriz ere lehengo haretan bezalako erantzun ona ekarteko ardura bere gain hartu zuen.
Habil-hoa seme – On Kixotek erantsi zion – eta bila hoan eguzki ederraren izpi edo ziargia, aurrez aur ekusten dualarik, ez dezala hire burua nahas, ez hadi aztora. Zorionekoa hi, lurbirako ezkutari guztiak baino areago! Euk ongi gogoan dena, fitsik ez ahantz, eta haren harrerakorik ez deus galdu: marguldu edo aurpegiko xuria xurbiltzen ote zaion nire mezua emaiten ari hatzaion unean; ezin egonik edo urduri jarten ote den nire izena entzundakoan; bere aginte-zizeilu aberatsean eserita aurkituz gero bere bururdiño gurian ezin egonean ote dagoen; zutunik badago, aldiz, begira iezaiok orain oin bataren gainean orain bestearen gainean jarten ote den; bere erantzuna birritan edo hirutan emaiten ote dian, eta bigunetik zakarrera aldatzen, mikatzetik amoltsura, eztitsura, eraldatzen ote dian; eskua buru aldera jasoaz adatsa, nahasia ez egonik ere, egokitzen edo antzatzen ote duen; bukatzeko, seme, begira iezazkiok beraren zirkin guztiak, zirri eta tringitz, esku-imintzioak oro, zeren, diren bezala-bezalaxe azaltzen badizkidak, nik horietatixe' nire maitasunarekiko zer duen berak gogo-bihotz barren isilean ateratuko baitut ondorioz; jakin behar duk, Santxo, lehendik baldin ez badakik, maiteen arteko elkarrekikoetan, erakutsi higiera edota egiera horiek guztiak oso mezulari zehatzak direla, han bihotzondo sakonean dabilenaren berri ekarteko. Hoa, lagun, eta nireak baino zori hobeak zuzen hazala haranzkoan, eta are hobeak honanzkoan, ni hemen uzten nauan bakarraldi samin honetan gelditzen nauk, geroko geratzen, goganbehartsu ea onik ekarriko ote didaanentz.
Joan eta berehala naiz hemen berriki – esan zion Santxok – eta lasai beza berorrek , ene jauna, bihoztto hori, honez gero hur-ale baten adinakorik ez daduka eta, arauz; badaki zer den erraiten, hots, bihotzaren gemenak gaitzaldia eteten duena, eta urdairik ez dagoenean gakoak alperrik, eta hau ere erran ohi da: usterik guttienean erbia aitzinean. Zeragatik diot, hots, bart nire anderearen gaztelu edo jauregiak kausitu ez baditugu ere, orain bai, eguargiz, usterik guttienean, edirenen ditudalako usteagatik; ediren eta gero utz nazatela ni harekikoan.
Horratx, Santxo, egia bai, beti hire esaera zaharrak gure hari-harira zuzen asko ekarten dituk; horrelaxe eta are zuzenago burutuko al zidak Jaungoikoak nire gogoa.
Hitz hauen ondorean, Santxok gibelaldea itzuli zuen, hots eta zartada eman zion, arre!, zibitaz eraginez, bere astoari, haia-haia hasi zen berau ibilten, eta han gelditu zen zaldiaren gainean On Kixote atsedenean, eskalapoinetan tink, lantzari atxekia, burutapen ilun-nahasiez betea. Berton utziko dugu, dagoela hor, eta goazen gu Santxorekin. Ez zihoan, ez, hau ere bere nagusia geratu zen baino lasaiago, ez zihoan betargi, gogoetatsu bai ha bezalaxe; eta halako moldez, ezen, basottotik irten zueneko, burua atzera bihurtu zuen, On Kixote ageri ez zela ikusi eta jaitsi zen astoaren gainetik, eseri zen zuhaitz baten ipurdian, hasi zen bere buruarekin hizketan, eta bere golkorako honela mintzo:
Anaia Santxo, nora zoazen garbi dezagun orain. Galduriko astoren baten bila zoaza? – Ez, ez horixe. Zeren bila zoaz, bada? –Zeraren, deusik erran ez badizut ere, zer eta printzesa baten bila, hots! eta beronengan edertasunaren eguzkia bera, eta zeru guzi-guzia ere bai, noski, aurkituko omen ditut. Non kausitu behar ote duzu, Santxo, diozun hori guzia? – Non? Toboso hiri handian. – Baiki, baiki, eta, noren aldetik zoaz haren hotsean, ttok-ttok-ttok, bila eta bila? – On Kixote Mantxako zaldun ospetsuaren aldetik, zuzenak okertzen, gose denari edaten eta egarri denari jaten emaiten dion harexen aldetik. – Horixe bai ongi. Non bizi ote den badakizu, ordea, Santxo? – Erret-jauregiak edota gaztelu handi-ederrak direla dio nire nagusiak; "alkezaharrak" direla alegia. – Nehoiz, ordu onean, ikusterik ukan al duzu? – Ez dugu behin ere ikusi, ez nik ez eta nire nagusiak ere. – Eta, tobosoarrek' beren printzesak kentzera eta beren andereen gilikatzeko asmotan etorria zarela jakinen balute, ongi egina irudituko litzaizuke zuregana jinen balira, saihets-hezurrak makilka, zigorraren zigorrez, hebainduko balizkizute, hezur bakar bat ere onik utzi bagerik? Zinez, bidezkoa litzateke, arrazoi handia lukete, ni mezularia, nehork agindutakoaren betetzaile hutsa, naizenik ohartuko ez balira, behintzat; eta, zera
Mandatari zara, lagun, eta horrelakoa zarenez
errua ez da zurea, ez
Baina, Santxo, entzindu zeegik arean mantxatar jendeagandik, zintzoa bezain haserrekorra da eta, ez du nehoren gili-gilirik jasaiten ahal. Usain hartzen badizute, alajainkoa! izanen duzu, bai, zoritxarrik. – Esti, atzera, aketo hori! Alde, arraioak ez badu! Bertzeren gogara egitearren eguerdian ilargiaren bila ibiltzea ni, gero! Gainera, Rávenan Maritxu edo Salamankan Batxilerra bezala izanen da, nonbait, Toboson nik Dultzinea bilatzea. Txerrenek, Txerrenek sartu nau, ez bertze nehork, ni honetan!
Bakarrizketa hau izan zuen Santxok bere baitan, eta honexen ondorioz hari beretik joan zen aitzina bere buruari zerauntsola:
Honela ere, alta, zer guziek zentzabiderik dute, heriotza izan ezik, eta beronen uztarripetik, urkabepetik erran nahi nuke, iragan behar dugu orok, damuak damu, biziaren amaieran. Hara, mila zantzurik ikusi dut, ikusi, nire nagusia lotu beharreko zoro dela, eta nerau ere gibel-urrunean ez noakiola, hura bera baino ere are eroago bainaiz ni, atzetik narraiolako, morroindurik noski. Halako erranairu zaharrak dioena egia bada: "Harraio ahuntzari, egotzi haukioke kaparrari"; bai eta erran ohi dena: erraidazu norekin zabiltzan eta nor zaren erranen dizut, zeren, egia ere bai baita arrosen ondoan dagoenak haren usainetik zerbait hartzen duela. Zoro da, bai, gehien-gehienetan zer guziak batekoz bertze hartzen ditu, zuria beltzetzat eta beltza zuritzat, harako haretan haize-eiherak erraldoitzat jo zituenean bezala, edota lekaideen mandoak gamelutzat edo hartu zituenean, ardi-ahari eli hura etsaien gudarostetzat egin zuen bezala, eta bertze hainbat gauza ere era honetantxe; honela bada, ez dut biziki zaila izanen hor nonbait aurkitzen dudan lehenbiziko neska nekazaria Dultzinea anderea dela sinestaraztea; eta sinetsiko ez balu nik zin eginen nioke, eta harek zin eta zin hasiko balitz, sineskogor, nik berriz eta berriz eginen nioke zin, eta harek bereari eutsiko balio, setatsu, nik neureari are eutsiago, ten-tenean beti, datorrena datorrela, nik beti neureari zutik eutsiko nioke, gerta ala gerta. Agian, zin eta zin hau dela bide, ni bertze behin mandatari igortzeko gogoak edekiko dizkiot, erabat, ekartzen dizkiodan erantzunak zein kaxkarrak diren ikusi eta; edo, bertzela, berriro otuko zaio, bai, nik uste, aipatu ohi dituen sorgaintzaile edo azti gaizto horietako baten batek, berari kalte egiteagatik, berak erraiten duen bezala, itxura edo antza aldarazi diola, bertzelakatu duela bururatuko zaio.
Burubide hauen ondorioz, Santxo Pantzari barrena lasaitu zitzaion, eta bere egitekoari bukaera ona ikusi zion; hantxe gelditu zen, arratsaldera arte, On Kixotek' Tobosorako joan-etorria egiteko nahikoa beta ukan zuela uste zezan. Dena hagitz ongi gertatu zitzaion; astoaren gainera igoteko jaiki zenean, zutitu eta Tobosorean beraganantz hiru neska nekazari astoko banaren bizkarrean zetozela urkusi zuen, astokook arrak ala emeak ote ziren idazleak ez dio baina astemeak zirela pentsa daiteke, landerritar emakumezkoen zamariak halakoak ohi baitira; dena dela, alde handirik ez, axolarik ez du honek gai honek, eta ez gara zer hau garbitzen geldituko. Azkenik, Santxok hiru neska haiek begiztatu eta berehala, antxintxika hasi zen, zangoak arin, atzera bere nagusiagana; hasperenka eta maite-minezko aienetan ari zela aurkitu zuen. On Kixotek ikusi zueneko, honela esan zion:
Zer duk, bada, Santxo adiskide? Harri zuria ala beltza, zer ipiniko ote diot zuin edo zeguntzat egun honi?
Buztin gorri-gorriz marraztuko balu hobe, nonbait, ikastetxeetako garaile-agirietan bezala – erantzun zion Santxok – ontsa ikus dezaten ikusten dutenek.
Horrela bada – On Kixotek berriz ere – berri onak dakartzak.
Bai, eta horren onak direnez, ez du berorrek Rozinanteri eragin eta zelai garbira jalgi bertzerik, Tobosoko Dultzinea anderea ikusteko; hortxe dator, berorrengana, berori ikustera, bi neskame lagun dituelarik.
Jaungoiko santua! Zer diostak, adiskide Santxo? Kontuz, gero, ez niri ziririk sar, ez tzotziko, e! ez ezak gezurrezko pozez nire egiazko nahibagea alai edo arindu nahi.
Zer lortuko nuke nik berorri ziria sartuz edo adarra joz – ihardetsi zion Santxok – eta, areago ere, nire egia zuritzeko, egiaztatzeko, berori hain hurbil egonik eta. Beragio, jauna, jo, eta betor, eta ikusiko du nola datorren gure Printzesa anderaurena, berari dagokion, nola ez, eran jantzi-apaindua. Bera eta bere neskameak, hirurak urrezko ilinti-bizi dira, erabat, bitxi-mordo dira, denak harribizi dira, errubi-bitxi, ziriko-ehun bikainez egin oihal dira; adatsak bizkarraldean lasaiak, haizearekin jolasean ari diren eguzki-izpiak diruditela; nola datozen ikusi bertzerik ez da, hiru "bohor" pikart ipinki zuri-gorriez jositakoren gainean.
Behor erran behar duk, Santxo.
Alde handirik ez, batetik bertzera – Santxo harzara – bohor ala behor erraiteak niri bortz, axola gutti alegia; baina, datozenen gainean datozela, hara, han datoz haiek egundainoko andererik eder eta galantenik, Dultzinea nire andere printzesa, batik bat, lur eta zur uzteko hain hala, nehor ere zotzorratzeko moldean.
Goazemak, Santxo seme, aurrera; eta uste ez bezalako berri on hauen albiste-saritzat, gerta lekidan aurreneko borrokan irabaz dezadan guda-hondarrik hoberena agintzen diat; eta hauxe aski ez baduk, aurten nire behorrek eginen dituzten kumeak agintzen dizkiat, hik dakianez, han herriko larrean, usa zabalean, kume egiteko geratuak dituk eta.
Horiexek umeok nahi ditut, horiei heltzen diet – Santxo berriro – ; aurreneko borroka-sari on horien kontua, aitzitik, gauza eskierra ez dut eta; jakina, arranoa hegan baino epetxa eskuan hobe eta beti ere aldameneko bildotsa urruneko ardia baino hobea dela badakit.
Jalgi ziren, bada, honetan, basorean, eta bertara xamar hiru nekazariak begiztatu zituzten. On Kixotek bere begiak Tobosoko bide guztian zehar iragoarazi zituen, eta hiru neskak ez besterik ikusita, nahasi zen biziki, kezkaz bete zen oso, eta Santxori ea hiritik landa utziak ote zituen itaundu zion.
Nolatan hiritik landa? – erantzun zion Santxok – Lepondoan ditua berorrek begiak, hortxe datozen horiek direla ez ikusteko, eguerdiko eguzkia bera bezain distiratsu datozenok?
Santxo – ihardukiz On Kixote – hiru astottoren gainean hiru nekazarieme besterik ez zakusaat nik, inor ez ezer ere.
Aladzipo! Jainkoak aska ni tusuriagandik oraintxe! Ba ote liteke, gero, hiru "bohor", edo izena izen delarik ere, horiek, elur-maluta bezain xuriak diren horiexek, astokotzat hartzea berorrek? Astoren antzik bai ote, gero? Alajainkoa! Horrelako hori egia balitz, bizarrok tira eta tira moztu eta erauziko ainitu, behingoz!
Bada, Santxo laguntto, horiek astottoak direla, ar ala eme, dioat, ni On Kixote eta hi Santxo Pantza garen bezalakoxe egia dela, niri, behintzat, honelaxe iruditzen zaizkidak.
Isil bedi, jauna, ez beza horrelako hitzik erran, erne begiak eta betor bere gogaldietako andereari agur egitera, hemen dator oraintxe eta.
Hau esanik, hiru nekazariei harrera egitera aitzinatu zen, astoaren gainetik lurreratu zen, heldu zion mustur-hedetik nekazarietako baten zamariari, jarri zen bi belaunez belauniko, eta esan zion:
Edertasunaren erregina, eta printzesa eta duke anderauren, har beza berorrek, otoi, bere handitasunez eta gorentasunez, onez onean ohi duen dohainez beterik, berorren zaldun gatibu, hantxe haitzurdin bilakatua, guztiz nahasia eta zainilik, berori aitzinean duela-eta konkorturik oso dagoen hura. Ni harexen ezkutari Santxo Pantza nau, bera On Kixote Mantxako bidez bide, zidorrez zidor ohi dabilen ospe larrikoa du, bertze izenez Itxura Hitseko Zalduna.
Ordurako, On Kixote' Santxoren ondoan belaunbikatua zen, eta honek erregina edo andere esaten zionari begi-begira zegokion, begiak lirin-lirin, nirrotuak bezala, aurpegia zeharo aldatua; ez zuen, baina, harengan neska lugin bat baizik ikusten, ez begitarte ederrekoa gainera, aurpegibiribil, sudurzapala, motza zelako; eta honegatixe zalantzan zegoen, harriturik, ezpainak irekitzera ausartzen ez zela. Nekazariak ere harri eta zur, noski, hango gizonezko bi haiek, hain ezberdinak biak, belauniko jarrita, aurrera joaiten utzi nahi ez bezala; aurreneko neska geldiarazi harek, ostera, isilunea urratu zuen, murrukutun eta sakatz:
Bazterrera zaitezte, oraintxe, bide erdirean, eta utzi gu joaiten, iradu goaz eta.
Santxok berehala ihardetsi dio:
Oi Tobosoko printzesa eta andere orotarra! Nolatan berorren bihotz bera eta zabala ez ote da xamurtzen, ez biguntzen, hemen berorren handitasun ezinago gorenaren aitzinean belauniko, zalduneria ibiltariaren zutabe, euskarri eta bizigarri den hau ikusita?
Hau entzun eta haietako beste batek darauntso:
Baiña, txo, igurdi bat emongo deutzut, arranopola, neure aubaren astoa! Aiko, ahemen zetaz datozen oraiñ jauntxuok, geuri baserritarroi burlazar egiten , geuk hemen adar joten jakingo ez bagendu legez, haen antzera! Zoaze zeuen bideti atxina, eta laga geuri geureti joaiten, miñik hartu gura ez badozue.
Jaiki hadi, Santxo – diotso une honetan On Kixotek – ; Asturuk, dakusadanez, gaitza baino ez zidak erakarri nahi, nire haragiotan dadukan arima andur gaixo honetarako poz-biderik meharrena ere itxia dik. Eta heu, oi inoiz nahitu izan daitekeen gemenik handiena, gizakiaren gizatasun amaiezina, maite-maite hauen bihotz atsebagetu honen sendagai bakarra haizen hori! sorgintzaile gaiztoa darraidanez, nire begietan hodei eta lanbro, lauso eta gandu besterik ipini ez didanez, hire edertasun bikaina ezin ikusita nagon, neuretzat ez besterentzat aldatua baitu hire begitarte ezinago polit hori, itxuraldatu guztiz eta erabat, nekazari lander batenaren ordez, eta, ez zakinat nire tankera bera ere ez ote duen eraldatu, mamarroren batenaz, hire begientzako gorrotagarri izan nadin; honela eta guztiz ere, begira iezadan amoltsuki, maitekiro, eta ikus ezan hemen nire apaldura honetan, belaunikatze honetan, hire edertasun makertuari, aldatuari, nire arimak nola egiten dion gur, apal-apal.
Aiko, bada, txo, ene aittitta zaharra! – nekazaria berriz ere – ona naz neu, ba, holango txotxolokeriak entzuteko! Zoaze hemeti, aurreti, eta laga behingoz geu joaten, eskerrak emongo deutzueguz eta.
Baztertu zen Santxo eta joaiten utzi zion, bere korapilotik onik irten zuela eta pozik. Dultzinearena egin zuen nekazari anderezkoak bere bidea zabalik eta jareginik ikusitakoan, zibita-eztenaz bere "bohorrari" sist egin zion eta beronek landan aitzina lasterka egiteari eman. Astokoak akuiluaren sistadaz min harturik, ohi zuen baino mingarriago nonbait, uztarka hasi zen, ipur-aurtika, eta Dultzinea andereari lur joarazi zion. On Kixotek ikusi eta berehala laguntzen, eraikitzera egin zuen, Santxo basta bere lekuan eta petrala ondo lotzera hurreratu zeino, astoaren sabelzorro azpian iraulia baitzen ordurako. Ongi ipini zuen, bada, basta, eta On Kixotek bere andere liluraturikoa besartean hartu nahi izan zuen astoaren bizkarrera eraikitzeko asmoz, baina, anderea lurretik jaiki zen, lan hura kendu zion, bat-batean, atzera egin pixka bat, antxintxika hasi zen, eta esku biak astottoaren irpur-mokorretan ipiniz, jauzi bat egin zuen, katua baino arinago, eta bere soin osoa basta gaineratu zuen, eta arretxikoan geratu zen, iztarkoloka gizonezkoa balitz bezalaxe; orduan Santxok erran zuen:
Ala Erroke! gure andere nagusi hau basakatua baino zaluago dugu; zaldi gainera iztapeka igaiten nahiz Kordobako nahiz Mexikoko zaldikaririk iaioenari ere irakats liezaioke! Basta atzekoa ukitu ere bagerik ez du, bada, jauzi batez gainditu, eta ezproinik ez duelarik zebra balitz bezala lasterkarazi du bere "bohorra"; eta ez zaizkio gibelean gelditzen bere neskameak, haizea bezala doaz oro.
Halaxe zen izan ere, Dultzinea bere zaldi gainean eta denak honen atzetik, ziztu bizian, apatx-aurtika astoak, burua gibelera bihurtzeke, legoa erdi batean gutienez. On Kixote begiez jarraiki zitzaien, eta itsutu zirenean, ageri ez zirela ikusi zuenean alegia, Santxori buruz, honela mintzatu zitzaion:
- Zer daritzok, Santxo, sorgintzaileek nireganako duten gaizki-nahi zitalari? Honatx, norainokoa den nireganako duten espa eta ezinekusia; nire anderea bera ekusita nik hartuko nuen poz horixe kendu nahi izan zidatek. Nahibagetuen eredu izaiteko jaio nauk ni, antza, eta asturu gaitzaren geziek nigan ditek itua, terreilkan arituz ni naitek joteko eta josteko gunea, agidanean. Jakin ere behar duk, Santxo, etoi horiek ez direla nire Dultzinea antzaldatuz ase, alderantziz, neska motz itsusi zarpail haren lugin-antza eman ziotek, eta gainera, handikien andereek hain berezkoa dutena, hots, usain ona, edeki ziotek, anbare-loreen artean ibilki beti halakoxe ona, gozoa, ohi ditek eta. Jakik, bada, Santxo, Dultzinea behorraren gainera igotera hurbildu natzaionean, -hik "bohorra" dioan horrek asto antza duelakoa diat nik baina- baratxuri gordinen kiratsa dariola, nik hala usnatu bederen, eta honexek, hara, zorabioa eragin zidak, burtzoratu beharra, eta goragalea eman zidak eta arima hertsatu.
Oi, zakur-jende zitala alaena! – une honetan Santxok oihuka – Zorigaiztoko sorgintzaile gizatxarrok, sardinen antzera zintzilik, zume-ziri batean beharritik edo zakatzetik josiak, borka batean bezala ai nork zintzaketen ikus, agian! Anitz dakizue, heuragi ahal dezakezue, beredin kalte egiten ahal eta asko gaitz egiten duzue. Aski behar zenukete, berriz, zitalok ez bertzeok, nire anderearen begi bitxiak tortotxaren kukusagar bilakaturik; asetzen zailak zarete, alta, eta urre-urrezko adatsa idi gorrixtaren buztan-ile edo isats bihurtu diozue, soinkera eder egoki guztia zakartu diozue, begitarte politta itsusitu; honela eta guztiz ere, usain gozoa edo urrina edeki ez bazeniote, antzemanen geniokeen, azal itsusi haren azpian gordea dagoenari; nahiz eta, egia erraiteko, nik haren itsusirik nehoiz ikusi ez, haren ederra baizik, eta are ederragotzen ezpainaren gainean eskuinaldean duen orin bat ikusi diot, sudurpeko baten antza duena, bibotea alegia, zazpi-zortzi ilehorixta arrabete baino luzeago zintzilik urre gorrizko hariak diruditenak dituen orina.
Orin hori – diotso On Kixotek – aurpegian baldin badu bat, gorputzeko beste leku batean beste bat behar omen duk, eta, ez al dik bakarra Dultzineak, aurpegia duenari dagokion alde bereko izter gainean beste bat behar dik, ba; dena dela, luxexkoak dituk, bai, orin-ileak izaiteko, hik emaniko neurri horiek.
Bada, hauxe erranen diot nik berorri – Santxok ihardetsi – , ezen, bere haretan berean sortuak diruditela.
Sinesten diat, bai, lagun, zeren izadiak ez baitu Dultzinearengan berebiziko eta egin-egina ez denik ezertto ere ezarri; horrelatan bada, hik erraniko orin horren antzeko beste ehun balitu ere, berarengan ez hituzke orinak izanen, ortzi ber-bera eta ortziko izar argitsuak baizik. Baina, erraidak, Santxo: niri basta iruditu zaidan hura, hik jaso eta lotu duana, zer izan da zela hutsa, soil-soila, ala jarraulki ederren bat ote?
Zela bertzerik ez, astraka erranen luke bertzeren batek, zaldi-zela soila, estalki ederrarrekikoa, erresuma baten erdia balio duena hain baita aberatsa.
Horra, eta hori guzti hori ez ekusi nik, Santxo! Berriz ere dioat, eta behin eta berriz eta mila aldiz erranen, nerau naizela gizonetan gizonik dohaingeena, gizaki guztien artean errukarriena.
Bazuen lana nahikoa Santxo maltxurrak bere barreari eusten, nagusiaren tentelkeriak entzutean, hain poliki nola adarra sartu zion, buruz belarri jo eragin ziola, ikusi eta. Azkenik, elkarren artean beste hizketa asko egin ondorean, beren abereen gainera berrigo ziren, eta Zalduarako bidea hartu zuten, beste nonbait Zaragoza esan ohi dioten hiri ahotu horretan urtero egin ohi diren jai ospe handikoetan bertan egoiteko asmoarekin garaiz iristearren. Haraino baino lehenago, ostera, beste zer batzuk gertatu zitzaizkien, anitz, larri eta berriak izan zirelako, aurrean ikusiko den eran, idatz-irakurriak izaitea irabazi dutenak.