Bidean aitzina On Kixote gogoetatsu zihoan, sorgintzaileek egin zioten irusaku, iseka gaiztoa, buruan zerabilela, bere andere Dultzinea nekazari zarpail itsusi, itxura ezain eta motz bihurturik, ez zuen, baina, zer egin behar ote zuen asmatzen ahal bere hura lehengoratzeko: gogoetok bere onetik aterarazten zuten, eta, otoz otoan, Rozinanteren gida-uhala askatu zuen; honexek askatasuna sumatu ere bai, eta, txitean pitean, larre haietan ugari zen belar muskerra, zarrast! zarrast! ala eta ala egiten gelditzen zitzaion. Burtxoro eginik zihoan baina Santxo Pantzak honela erranez itzularazi zuen:
Jauna, goibel egoitea ez dagokio abereari, gizonari baizik; alabaina, gizonak goibelegi ez du egoki, aberetu egiten baita: betor bere onera berori, ezti bedi, eta har beza Rozinante uhaletik, bixkor bedi, erne bedi, erakuts beza berorrek zaldun ibiltariek behar duten halako ekintasun hura. Zer arraio da hau? Nolako gainbeheraldia da hau? Hemen gagoz ala Frantzian? Eraman ditzala Satanek munduan dagozen Dultzinea guziak, zaldun ibiltari bakar baten osasuna' lurbiran gerta ohiko aldakuntzak, antzaldatze eta sorginketak oro baino hagitzez haboro da eta, baliotsuagoa da xoil.
Isil hadi, Santxo – ihardetsi zion On Kixotek ahots ez oso kikilaz. Isiltzeko, dioat, ez erran hitz gaiztorik sorgindutako andere haren kaltetan: harexen zoritxarraz eta atsebageaz neronek ez bestek dik errua: gaiztoek niri didaten bekaitzetik sortu duk beraren ondikoa.
Nik ere horrelaxe diot – Santxo berriro – : lehen ikusi zuen eta orain dakusanak, nolatan ez negar egin bihotzak?
Horixe herorrek erran dezakek ongi, Santxo, haren edertasun betean ekusi huen eta; sorginketa horrek ez zian hiri ekusmena eragotzi, ez haren ederra itsutu: niri eta niri baino ez, niri neuri eragiten zidak, begietan, edenaren indarrak, pozoinaren kutsuak. Honela eta guztiz ere, nagok, Santxo, zeratan, haren edertasuna txarto irudiztatu hidalakoan; oker ez banago, bitxizko begiak zituela esan hidan, eta bitxi itxura duten begiak andereenak ez baina bixiguenak ohi dituk; nire eritziz, Dultzinearenak esmeralda orlegizkoak dituzkek, handittuak, bekainak ortzadar bi; eta hik dioan bitxi hori ken ezak begietatik eta ipin hortzetan; okertu hintzen, bada, Santxo, begiak hortzen ordez ekusi uste huen eta.
Bazitekeen – Santxo mintzo – ; berori haren itsusiak nahasi zuen heinean nerau haren ederrak ninduen xoratu. Dena den ere, utz dezagun dena Jainkoaren esku, Berak daki malko-haran honetan gerta guzia, honen gaizto dugun ludi honetan, non ez baita deusik ere gaiztakeriaz, iruzurrez edota zitalkeriaz nahasirik ez denik. Badut, ene jauna, damu bat, bertzeen gainekoa, zalantza baitezpadakoa, hauxe: berorrek erraldoi bat menpean hartzen duenean, edo bertze zaldun bat garaitzen duenean, eta Dultzineari buruz goraintziekin eskumunak emaitera igortzen duenean, zer-nolako biderik edo bitartekorik ukan ahal duen, non, beraz, ediren ote lezakeen huraxe erraldoi gaizoak edo azpiraturiko zaldun errukigarri, gupidabehar horrek ? Toboson barrena, ttok-ttok-ttok, ikusten ari naizela iruditzen zait, nire andere Dultzinearen bila eta bila, txotxongiloen antxean, eta karrika erdian aurkiturik ere nire aita bera baino ezagunago ez dute izanen.
Agian, Santxo – On Kixote berriz ere – sorginketa ez duk horien gainekoa izanen, agian Dultzinea ezagutuko al ditek garaitutako erraldoi eta zaldunek, harexengana agerturik; nik mendean hartzen dudan lehenbizikoa edo bigarrena haren aitzinera bidaliz azterketa eginen diagu, ea ekusten dutenez, joan eta gero atzera itzultzeko aginduko zieagu, zer gertatu eta jakinaraz diezaguten.
Egoki daritzot horri, ene jauna, ontsa erran du berorrek, horrela nahi duguna jakinen dugu; hura berorren aitzinean suntsitzen bada, ez bertze inoren, zorigaitza berorrena dateke ez harena; baina andere Dultzinea osagarriz ongi, sendo eta bizipozaz bada, gu hemen ondo moldatuko gara, ahalik hobekienik ibiliko gara, gure arriskuen bila, jazoera berrien zurrean, aldiari aldia emanez, azken baten, ez da gaitzik aldiak ez daroanik, eta gauza bakoitza bere aldian eta erregea zaldian, honelako eta handiagoko gaitzen sendagilerik onena baita aldia.
On Kixotek erantzun nahi izan zion, baina bidean agertu zen gurdi batek, inoiz irudika zitezkeen txingote harrigarri eta pertsonaia ezberdin batzuez betea zetorrenak eragotzi zion. Mandoei hots emanez, gurtzain zetorrena Txerren itsusia zen. Gurdiak ez zuen sabairik, erran nahi baita ortzia sabai edo gain-estalki bagekoa zela, ez itzalkin ez lastozko gerizgarririk zedukana. On Kixoteren begien aurrean ageri zen lehenbiziko irudia, Heriorena izan zen, gizaki itxuraduna; aldamenean, hego zabal margoztu batzuekiko aingeru bat; alde batean, enperadore bat, buruan, antza, urrezko buruntza zedukana; Herioren oinpean Kupido izena duen jainkoa, begian lotzapi bagerik, arranbela eskuan, buiraka bizkarraldean geziez betea; zaldun bat ere bazetorren, besteak beste, behetik gora ipi-apan gudurako jantzia, buruan babesik edo kroskorik ez, ordea, kapelu bat hegats margotsuez apaindua baizik; hauekin batera beste nordin oso bestelako batzuk, janzkera zein itxura ezberdinetakoak zetozen. Ustebage osoak hartua, On Kixote, ikusi zuenekoxe, asaldatu zen lazki eta haren ikusteak Santxoren bihotzera sarrakioa sartu zuen; berehalakoan, baina, hara, On Kixote alaitu zen, jazoera arriskutsu berriren baten ustean, eta gogai hauxe buruan, zer-nahiri ere erasotzeko gerturik, gerta ala gerta, gurdiaren aurrean jarri zen, ozenki, ahots zemaigarri batez esateko:
Gurtzain, orgari, edo Txerren, edo zarena zarelako hori, ez zaitez berandu nor zaren esaten, nora zoazen, nolako jendea duzun gurdi horretan daramazuna, erabili ohiko gurdia baino Karonen txalupa iruditzenago zaidan horretan.
Txerrenek gurdia geldiarazi zuen, eta emeki-emeki honela azaldu zion:
Jauna, Angulo Gaiztoaren lagüntaldeko arizaleak gitüzü; egün goizean, Korpuseko zortzierria dela eta, mendixkot haren gibelean dagoen lekü batean, Herioren Gorteak delako pastorala eman dügü, eta, han hebentik ikusten den leküalat joan behar dïzügü, arrastirian harzara aritzeko; leküa hüllan eta jauntzi-erauntzi lanetan ez ibilki nahiz, pastoraleko jaunzkera ez dizügu altatü. Müthil hura Heriorena düzü, beste hori Aingürüarena; hanko emazteki hura, errejentaren emaztea dena, Erreginaz jauntzia; bestea Gerlariarena düzü, hura Enperadorea, eta ni Tusuria, pastoraleko arizale gehiena nüzü, anitx jelkalditan agertzen beiniz. Beste habororik jakin nahi bazenü, jauna, galtatü beizik ez dukezü, ni tusuria nizelakotz, naski, oro jakile nüzü eta xüxen-xüxen eratzunen deizüt.
Alafede, eta zaldun ibiltari naizen aldetik, gurdi hau ekusi ordukoxe halako jazoera larriren bat gertatuko zitzaidana burura etorrita nengoen; orain, berriz, itxurak eskuz ukitu behar direla diot, itxura baino ez dela sinestearren. Zoazte Jainkoarekin, jende zintzo, egizue jaia, eta agindu, otoi, zuen onerako zerbaiten egiteko, gogo onez eginen baitut, ni, izan ere, mutikotatik mozorrozale amorratua izan nauzue, eta gaztaroan antzerki ekusten zaletu nintzen.
Halako ele-meleka ari zirela, lagungo haretako batek, katxi antxean, marro itxuraz jantzia, koskabilo edo txintxarri askorekin, makiltto baten musturrean hiru behi-puxika puzturik zekarren. Hurbildu zen mamarrottoa On Kixoterengana, makila firurika, lurra puxikez joten, jauzika-mauzika, triskan hautsa harrotuz, koskabiloak kriskitin-kraskitin, eta Rozinante, halako zer izugarri hura ikusteaz bat, izutu zen, lurra ikaran zebilkiola, urduritu zen, ehelegatu zen oso, aizkatu eta lasterka hasi zen landan zehar, inoiz ezin sinetsizko arintasunez, hezur hutsa izanik ere azkar asko, gainean On Kixote, hortz-arteko uhalari eutsi eta eutsi egin arren geldiarazteko gauza ez zelarik. Santxok arriskua sumatu zuen, bere nagusia lur jota geldituko zela, eta asto gainetik jaitsi zen, eta antxintxika joan zitzaion, sorostera; baina, iritsi zenerako lurrean zetzan, ondoan Rozinante; nagusi-zaldiak bertan behera erorita: halakoxe amaiera baldarra ukan zuen Rozinanteren hantusteak.
Santxoren astoa hantxe geratu zen, geldi, jabea On Kixoterenganakoan, eta tusuri puxikadun jauzkari harek dzapart! astoaren bizkar gainera jauzi egin zuen, puxikaz astindu, zarataka, beldurrez minez baino areago, zamaria apatx-aurtika hasi zen, hegan bezala, landan gaindi, jaia egitera zihoazen leku alderantz. Santxo hara begira, honi soz, bere astoa lasterketan, bere nagusia lurrean, zeri atxeki, nori eutsi ez zekiela zegoen; azkenean, ezkutari on eta morroe zintzoa zenez gero, bere nagusiarengako maitasunak astoarekiko harreman txeratsuak baino indar handiago ukan zuen bere baitan. Puxikak gora eta puxikak behera, astoaren ipurtaldean joka ikusten ari zen eta Herioren zartadak balira bezalakoak zitzaizkion, nahiago zukeen, noski, halako harriabarra bere begininien gainera jausi izan balitz, astoaren isats-ile bat bakar ukitu baino. Larrialdi betean, beraz, heldu zen eta On Kixote uste baino hebainduago aurkitu zuen, urgatzi zion Rozinanteren gainera berrigo zedin, eta esan zion:
Jauna, Txerrenek astoa eraman du.
Zein txerrenek? – galdetu zion On Kixotek.
Puxikadunak – erantzun zion Santxok.
Bada, nik berreskuratuko diat, hara, sulezeko ziega beltz eta sakonenetan ostenduko balitz ere. Harrait niri, Santxo, gurdia geldiro zoak eta mandoak hartuz astoaren galera ordainduko diat.
Ez da zertan hori egin, jauna: bare dezala berorrek herra hori, dirudienez, Txerrenek astoa bertan behera utzia du, eta iradu dator bere nahira.
Halaxe zen, bai; Txerren eta astoa lurrera joan ziren, On Kixote eta Rozinanteren antzera, eta tusuri hura herrirantz oinez ibilasi zen, astoa bere ugazabaganantz atzera zetorreino.
Horrela ere – esan zuen On Kixotek – txerren haren gehiegikeria zehatu beharra zagok, zigortu alegia, gurdiko inorengan bada ere, Enperadorea bera izanagatik ere.
Ken hori burutik, jauna – Santxok berriro – eta har beza nire aholkua, honatx, ez nehoiz halako iruzurgilerekin harturik ez emanik egin, beti zoria beraien alde baitute. Neronek ikusia da halako antzegile bat hilketa bi zirela eta atxilotua zegoena, bukaeran deusik ordaintzeke aske jalgitakoa. Jende alaia, "laketgilea", irrieragilea delako ororen begiko da, orok laguntzen, orok babesten edo eskertzen;eta are gehiago erret-laguntaldekoak direnek, gutiz gehienek, bai janzkeraz bai jarreraz printze baitirudite.
Horrela eta guztiz ere – On Kixotek berriro – Txerren iruzurti horrek ez zidak alde eginen, gizateria guztiak babestua izan arren.
Hau esan eta batera, arinik arin hasi zen gurdia zegoenerantz, herritik hur bazegoen, eta oihuka zirautson:
Geldi zaitezte, itxadon, jende andana alai eta alberdatua; irakatsi nahi dizuet nola erabil zaldun ibiltarien ezkutaria eramaiten duten abere edo zamariak.
Hain oihu ozenak zirenez, On Kixotek egiten zituenak, gurdikoek entzun eta ulertu zituzten; hitz haietatik zer asmo zuen atera zuten ondore eta, bat-batean, Herio gurditik jauzi eta jaitsi zen, gero Enperadorea, Txerren orgaria, eta honen ondotik Aingerua, Erregina Kupido jainkoarekin berehala ere jaitsi eta denak hantxe On Kixoteren aiduru gelditu ziren, bazetorrela eta harrera egiteko zain...esku guztiak bete harri banatzuk. On Kixotek hala ikusi zituen, gudaroste burgoi baten antzo, besoak goian harriak indarka aurtikitzeko gerturik bezala, eta Rozinante geldiarazi zuen, nola erasoko zien, bere buruarentzat arriskurik guttienez, hausnarrean ari zen bitartean. Geldi zegoen une haretan Santxo heldu zen, eta hain sendo jarri guda-talde hari esetsi behar ziola ikusita esan zion:
Zorakeria larria izanen litzateke halakorik egitea: pentsa beza berorrek, ene jauna, harri-boskaz eginiko zoparako txoleta behar eta ez dago nehon burua babesteko iskilu hoberik brontzezko ezkila baten sabelean sartu eta ziztor antzo bete-bete egina hertsi baino ; pentsatzekoa ere bada, ausardia bainoago ausarkeria dela gizon bakar batek gudaroste oso bati erasotzea, areago, beronetan Herio dagoelarik eta borrokalarien artean enperadoreak dagozelarik, bai eta aingeru gaiztoak nahiz zintzoak laguntzaile; hauxe guzti hauxe nahikoa ez badu geldi egoiteko, bertzerik ere haintzat hartu behar du berorrek, hots, hor dagozenen artean, errege, printze edota enperadore antza duten arren zaldun ibiltari bat ere ez dagoena.
Oraintxe bai – On Kixotek esan zuen orduan – bete-betean asmatu duk, Santxo, hortxe zagok, egon, nire erabaki sendoa aldatzeko edo aldaraz dezakeen koxka: behin baino gehiagotan esan izan diadana legez, nik ez diat behar eta ezin zezakeat nire ezpata zaldun ibiltari izendatua ez den baten aurka atera. Hiri dagokik, Santxo, honetaz, nahi baduk, hire astoari egin irainaren mendeku hartzea; nik hemendixe lagunduko diat oihuz eta beharrezko onuz.
Ez dago horren beharrik, jauna – erantzun zion Santxok – ez dago zertan mendekurik har nehorengandik, ez da giristino zintzoena nehori irain batengatik aihertzea; bertzalde, nire astoarekin bat etorriko naiz berari eginiko iraina nire nahikundearen esku utz dezan, eta nire nahia hauxe baizik ez da, zera, zeruak eman bizialdiko egun oroz bake-bakean bizitzea.
Hori erabaki baduk, Santxo txintxo, Santxo xuhur, Santxo giristino, Santxo egiati, utz ditzagun mamuok eta itzul gaitezen jazoera hobe-zurrean, jazokizun gora handiagokoen hotsean edo atzean; lurralde honixe berebiziko zaritzoat nik horretarakoxe, bai, eta ez al gaituk askoren zein miragarrizkoen peitu izanen.
Uhalari atzera ten egin zion, bihurtze aldera; Santxo astoa hartzera joan zen; Herio bere guda-talde ibiltari guztiarekin batera gurdiratu eta bidaiari ekin; eta honelaxe plast egin zuen, amaitu zen eta bukatu, Herioren gurdiarekiko jazoera beldurgarria, Santxok bere nagusiari emaniko aholku osasunkoiari esker, noski. Biharamunean, beste zertto bat gertatu zitzaion, aurreko hori baino beldur ttikiagokoa ez, zaldun ibiltari maitez mindutako batekin.