Herirorekin tupust egin zuten egunaren ondoko gaua On Kixotek eta bere ezkutariak zuhaitz izugarri handi batzuen azpian eman zuten; Santxok iradoki zion eran, lehendik, On Kixotek' astoak zekarren janaritik pixka bat jan zuen, eta japitarte haretan Santxok bere nagusiari:
Jauna, neu bai kokolo handia berorrek egin lehenbiziko borrokaren berri on hauen albiste-saritzat, guda-hondarrik hoberenak jaso banitu, hiru behorkumeen ordez! Zin-zinez, hurraneko bildotsa urruneko ardia baino hobea da. Harako harexek zioena: nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen...
Oraindik – On Kixotek hitz eginez – herorrek laga izanez gero, nik nahi bezala, erasoko niean eta hondarrik hoberenak, guttienez, Enperatriz baten urrezko buruntza edota Kupidoren hego margoztuak jasoko hituzkeen heuk, nik barregarri utzi eta buru-buztanka kenduko bainizkien, hire eskuetan emaiteko.
Gezurrezko enperadoreen buruntzak nahiz makilak – Santxok ihardetsi – ez dira egundaino urre garbizkoak izan, urre-aizunezkoak bai edo latorrizkoak usu.
Horixe duk egia; izan ere, ez lukek zuzena izanen irri-antzerkiko janzkerak leun egiazkoak balira, gezur aizunezkoak hobe, antzerkia bera dena bezalaxe, esan nahi baita Santxo ongi haizela hire horretan, eta horrela izaitea ere ongi dela bai antzerkia asmatu bai antzeztu egiten dutenek ongi asko egiten baitiote gizarteari, gure bakoitzaren aurrean ispilu bana ipinten digutelako, giza-egintza guztiak bizi-bizirik ekus edo erakusteko bide, ez zagok irri-antzerkia eta antzezlariak bezalakorik gure begien aitzinean zer garen nahiz zer izan behar genukeen irudikatzen digun deusik. Bestela, esaidak: ez al duk ekusi errege, enperadore edota aitasantu, zaldun, anderauren nahiz beste honelako eta bestelako pertsonaiak agertzen diren ezein irri-antzerki? Batak anderekoiarena egiten dik, besteak iruzurtiarena, honek salerosle itxura hartzen dik, horrek gudamutil baten antza, hau zuhur xoila duk, hura maitemindu huts eta hutsala; antzeztaldia bukatutakoan, ordea, horrelako janzkera erantzirik, arizale guztiak berdin agertzen dituk.
Bai, ikusia dut – erantzun zion Santxok.
Bada, berdin gertatu ohi duk, Santxo, mundu honetako antzerki eta arazoetan, batzuk enperadore, bestetzuk aitasantu, irri-antzerki batean sar daitezkeen itxura guztiak alegia; baina, atzenengoan, bizitzaren amaian, dela Heriok dela Balbeak diren-direnei janzkera eranzten ziek eta ezberdinezko janzkirik bagetuta lurraren pean oro berdin gelditzen dituk.
Antzunde ederra – Santxok orduan – "konparazio" erran nahi dut, bipila, erabat berria ez bada ere, nik anitzetan, usu-usu, entzun izan baitut, xake-jokoarena bezala, hots, jokoak diraueino ale bakoitzak bere egitekoa du, bere jokabidea, eta jokoa amaitutakoan, denak nahasten dira, biltzen dira, moltzotzen dira eta batera zorro edo kutxa batean sartzen dituzte, hilak lurrean bezala.
Egunetik egunera, Santxo, hire inozotik jalgi eta zuhurragotzen haiz, burutsuago bilakatzen haiz, sentsutzen haiz.
Bai, horixe, berorren zuhurtasunetik amiñi bat guttienez lotu zait, erantsi edo eratxeki noski bidezko den bezala – esan zion Santxok – ; izan ere, berez elkor eta idor den lurra, ondo ongarrittuz eta amoltsuki landuz, emankor bihurtzen da, narotzen da biziki, aitor bilakatzen da txit: berorren hizkera, esan dezadan, nire jakituriako lur zikoitzean ihaurri samatsa izan zait, ongarrizko gorotz ukan dut, sats eta simaur elikagarria hain zuzen; berorren agindupeko morroealdi hau golda-lana izan dut; honez geroztik ere, nire baitatik ugari eman igaliak gero eta gero zabalduko ditudalako usteak nago, ongailu izanen direlakoan, nire neure elkorrean, andurrean eta mokorrean berorrek erein eta hazarazi duen hazia handitu ahala.
Barre egin zuen On Kixotek Santxoren esaera sakonotaz, eta egiaz aldatua, ondua zela eta zioena sinetsi zion, noiz edo noiz harritu ere egin baitzitzaion haren esamolde haiek entzunda; Santxok handikiro mintzatu nahi edo gapareen antzerako hitzak erabili nahi zituenean, hondarretan beti, bere inozoaren mendirean beheti amiltzen zen, etxakintasunaren leze sakoneraino; esaera zaharretan, ostera, dotore agertzen zen beti, aberats, harira etorri ala ez etorri bost axola, beti burutsu edo oroimen handiko agertzen zen, edaskai honen jaulkaldian ageri den eran.
Hau dela hori dela, gauaren zati handi bat honelakotsu elkarrizketan eman zuten, hitz eta pitz, eta Santxori Maria Bekaineko hasi zitzaion saka eta saka, berak logura zenean esaten zuen moldean esateko, eta astoa erantzi ondorean, larrean aske utzi zuen bazka ugaria zuela eta. Rozinanteri ez zion aulkia edeki, nagusiak halaxe agindua baitzion lehendik ere, landan zehar zebiltzaino, teillatupean edo sabai antzeko zerbaiten azpian lo egin ezean, zaldiari txalma eta gainean zeraman pilda ez kentzeko agindua, alegia: zaldun ibiltarien ohitura zaharra, aspaldidanik ezarria eta beti betea zen hura, ahokoa kendu eta aulkiaren atzeko artzoian esekitzea; zaldiari txalma edekitzea, aitzitik, to, geldi!. Santxok hala egin zuen, beraz, eta astoarekin bidali jareginik; biak oso adiskide handiak ziren, antza, eta elkarreganako zer hura zertu ohi zutela da esaera, baina kondaira honen egileak ez zuen haien arteko zeraz ezer ere zertu nahi izan, nahiz eta aitagandik semeaganako erran-omen batek dioenaren arauera, atal bereziren bat edo beste idatzi izan zuen; baina, kondaira honek merezi duen begiruneari atxekiz, zor zaion izen onari eustearren, ez zuen horrako atalik argitara eman, inoiz edo behin, ardura bagetu xamarrik, zerttobait idatzi izan badu ere, hala nola, abere biak elkarrenganaz gero, batak besteari igurtzika, "azka" egiten ziola (atzez ez izan arren, musturrez edo mingainez baizik) eta, nekatu ondorean, nahikoetsita nonbait, Rozinantek bere sama edo eztarria astoaren lepo edo idunaren gainean ipinten zuela, zeharka (alderen alde beste aldean kana erdi luze ateratzen zuela), eta biak halaxe zegozela, lurrari buruz, hiru egunean ere geldi-geldi emaiten zutela, halaxe egoiten uzten zieten aldi guztian, bederen, edo goseak jota janari bila hasi behar ez zuten bitarte osoan. Nik hauxe diotela diot, idazleak honelatsu idatzi omen zuela diotela diot, elkarrenganako adiskidantza haretan Niso Euríalorekin eta Pílades Orestesekin gertatu bezain adiskide zirela alegia; hauxe honelaxe baldin bada, ororen harrigarri litekeen adiskidetasun tenkorra zen abere baketsu bi haien artekoa; gizakien lotsagarri, era berean, berauek elkarreganako adiskidegoa hain txarto begiratzen baitute, hain gaizki artatzen. Honegatik esan ohi da:
Adiskide ona aurkitzea baino adardun astoa aurkitzea errazago
eta
Gizona gizonarentzat otso
eta
Noizbait makila zigor
eta beste lelo hau ere ahoz aho zebilen:
Adiskidetik adiskidera tximitxa, e.a.
Ez zen, agidanean, idazlea oso bidetik at ibili abereon adiskidetasuna eta gizonezkoena berdinkatzean, gizakiek abereakandik asko ikasi, axola handiko gauzak bururatu, ohar onak jaso izan dituzte eta, esate baterako: amiamoko edo zikoina daritzon hegazti handi horiengandik kristela delako bisustura; zakurrengandik oka eta eskerrona; lertxoin edo kurriloakandik atzarri nahiz zurtasuna; inurriengandik perkatx izaite hori; elefanteengandik gurbiltasun edota prestutasuna; zaldiak, berriz, kirmentasuna irakasten izan die. Azkenik, Santxo artelatz baten oinean (zeinbaitek tortxondo ei dioten zuhaitza) loak harturik gelditu zen, On Kixote, berriz, erdi lotan, arte errozu batenean; baina, harik guttira, bere gibel aldean aditu hots batek iratzarri zuen, bat-batean zutitu zen, begi-belarri jarri zen, nondik ote zetorren zarata hura, eta zaldizko bi zirela ikusi zuen, eta batak, zaldi gainetik erorka antzean jaitsiaz, honela ziotsola besteari:
Jaits hadi, adiskide, ken iezaiek ahoko-galga zaldiei, leku honek belar ugari dik, antza, haientzat; eta bakartasun isila ere bazagok hemen nire maitezko gogoetak egiteko lain.
Hau erraitea eta lurrean etzaitea berehalako batean izan zen dena, eta soinean zekartzan iskiluek zarata egin zuten; nahikoa izan zuen hau On Kixotek zaldun ibiltariren bat izanen zela antzemaiteko, eta berehala Santxorengana hurreratu zen, artean lo zegoen, heldu zion besotik, esnarazi zuen, ez, ostera, aisa-aisa, eta isilka hau esan zion:
Santxo, anaia, borrokaren bat badiagu.
Jainkoak on digula – Santxoren hitzak – Eta, non dago, bada, ene jaun, On Borroka jaun hori?
Non, Santxo? Bihur begiak eta so egik gibelera; han, etzanda, zaldun ibiltari bat ekusi dukek, eta, niri senak emaiten didanez, ez zagok hori aldarte lar gozoan, aurki; zaldiaren gainetik bere burua erortzen utzi eta lurrean etzaiten ekusi diat, haserre-imintzioak zegitzala, eta jaustean iskiluek karraska-hotsa egin ziotek
Eta borrokaizun denik – Santxok galdezka – zertan ikusten dio berorrek?
Ez diat erran nahi – erantzun zion On Kixotek – borrokaizun osoa datekeenik, hasera baino ez, honelakoxeetatik hasten baitira, hasi, borrokak. Hara, entzun, arrabita bat edo gitarra gozatzen ari duk, antza; tu-aurtika eztarria garbitzen ari dela-eta zerbait abesteko asmoa al dik.
Bai, alafede! – Santxok gehitu – eta zaldun maiteminduren bat izan behar du, noski.
Horixe, zaldun ibiltari bat bakarrik ere ez zagok horrela ez dagoenik – esan zion On Kixotek – Entzun diezaiogun; kantuan hasten bada, haritik harilkoa idokiko diagu, haren gogaien mataza, alegia, aterako diagu; esaera duk, eta egia, bihotzaren minaz mihia mintzo dela.
Santxok berriz ere ihardetsi nahi izan zion, bere nagusiari, baina, Basoko Zaldunaren ahotsak eragotzi zion; ez zen oso ona ahotsa, oso txarra ere ez; biak adi-adi, honako hau eresi egiten zuela entzun zioten:
Emaidazu, andere, zure nahia
egiteko aukera erosoa
bete dezadan beti oso-osoa
zure nahien nauzu ni bahia
Isil nahi banauzu hau dut amaia
hau duket amai gozo hau gozoa
betiko isilduko baitzait mintzoa
zure maitasunak jo dit garaia
Zure gogoentzat bigun bezain gogor
argizagi naizen eran harria
maitasun-legeen eusle etsigaitza
Ene bular sendo damaizut emankor
zure amets dezazun irarria
betiko utz, ni horren zaindari gaitza.
Bihotz-bihotzetik ateratako aiene batez amaitu zuen bere kantua Basoko Zaldunak,eta harik pixka batera, neke-mina zeriola, honela mintzatu zen:
Oi lurbira guztiko andererik ederren eta eskerbageena! Nola liteke, bada, oi Bandaliako Kasildea goihara horrek zure zaldun gatibu hau harantz-honanzko neke latz gogorretan akitu arte bertan behera uztea? Ez ote duzu nahikoa neuk eraginik zu munduko ederrena zarela bai Nafarroako zaldun guztiek, bai leondarrek, bai tartesiarrek eta gaztelar guztiek, bai, azkenik, Mantxako zaldunek orok aitortu izana, nik neuk aitorrarazi baitiet diren-direnei?
Hori ez – esan zuen une haretan On Kixotek – ; ni Mantxakoa naiz, eta ez dut horrelakorik behin ere aitortu, ezin aitor nezakeen, ez eta beharrik ere, horrelakorik, nire anderearen ederraren kaltegarri. Badakusak, Santxo: zaldun hau burutik nahasia ari duk. Baina entzun diezaiogun, agian bere barrenekoa garbiago agertuko dik eta.
Eginen du, bai – Santxo berriro – ; aieneka horretan ilbete osoan eten bagerik iharduteko bidea darama.
Baina ez zen honela izan; Basoko Zaldunak bere aldamenean hizketan ari zirela erdi-nabaritu zueneantxe, zinkurin egiteari utzi zion, zutitu zen, eta ozen bezain astiro honela galde egin zuen:
Nor dabil hor? Nolako nordina da? Pozik bizi diren horietarikoa ala atsebagetua al da?
Atsebage edo mindunetarikoa – erantzun zion On Kixotek.
Betorkit, bada – Basokoak berriz ere – eta niganaturik atsebagearengana berarengana heldu dela ohartuko da.
On Kixote, hain leunki, egoki erantzun ziola eritzita, harenganatu zen, eta era berean Santxo ere bai.
Zaldun mindunak On Kixoteri besotik heldu zion eta honela mintzatu zitzaion:
Eser zaitez hementxe, zaldun jaun hori; benetan honelakoxea zarela eta zalduntza ibiltariari hitz-emandakoa zarela jakiteko, honelako leku honetan jarrugi izana nahikoa baitut; lekua bakartia eta oskarbia lagun, honatx, zaldun ibiltarien etzangu eta bizitoki berezkoak.
On Kixotek honela erantzun zion:
Zalduna nauzu, bai, eta zuk diozun bizibide horretakoa; eta mindurak, atsebageak eta zoritxarrak beren habia hementxe, nire arima barruan, badute ere, ez da honegatik besteen ondiko edo ezbeharretarako urrikalmena aldendu bertatik. Orain gutti esan duzunetik, zure minak maitezko minak direla antzeman dizut, esan nahi baitut, zure aieneka horietan aipatu eskerbage eder harenganako maitemina dela.
Honako elkarrizketa honetan ari zireneko, biak, bata bestearen ondoan, lur soilaren azal gogorrean eseriak ziren, apasantuan, esne-esnetan; eguna zabaltzerakoan, beren kaskezurrak elkarri eten eta hautsi beharko ez bazizkioten bezala.
Hala behar eta, zaldun jauna – Basokoak On Kixoteri galdezka – maitez mindurik al zaude?
Halabeharrez bai, hala behar txarrez banago, bai – erantzun zion On Kixotek – ; baina gogo garbi zuzenetatik sortzen diren gaitzak zorigaitz ordez zoriontzat hartu behar dira.
Horixe bai egia – Basokoak berriz ere – baldin' halako erdeinu, halako zapuzkeria horiek, asko diren neurrian, asper eta mendeku diruditenek, buruko adimen argia nahasaraziko ez baligute.
Ni ez nau nire andereak behin ere urruindu, ez guttietsi – On Kixotek erantzun.
Ez, noski – esan zuen hantxe bertan zegoen Santxok – ; nire anderea arkume otzana bezalakoa da eta; gurina baino guriagoa da, izan ere.
Hau zure ezkutaria al da? – Basokoak galde.
Bai, horrela da – On Kixoteren erantzuna.
Nik ez dut ikusi inoiz – Basokoak berriro – bere nagusiaren aurrean hitz egitera ausartzen den ezkutaririk, ahor nirea, bere aita bezain handia dena, eta, ni hizketan ari naizenean bere ahoa zabaldu duenik ezin esango du inork.
Bertzelako zera! Alafede – ihardetsi zion Santxok – nerau zu adinako eta zu baino zerago baten aitzinean hitz egina naiz, baita hitz eginen ere. Eta bego honetantxe, nahasago eta karatsago, hots, zeinbat eta eraginago eta zirinago baita.
Heldu zion, orduan, Basokoaren ezkutariak Santxori besotik, eta honela esan zion:
Goazemak biok ezkutari antxean lasai-lasai hitz egin genezakeen bazter batera, eta utz diezaiegun gure nagusi hauei elkarri muturka hasten, beraien maite-ipuinak elkarri jaulkitzen; beren horretan eguantzak harrapatuko ditik, bai, eta eguna argitu artean ere hortxe izango dituk den-dena amaitzeke.
Holaxe izan dadila, ordu onean – Santxok – ; nor naizen erranen diat nik hiri, ea ezkutari berritsu horien arteko kide izan ote naitekeen.
Honenbestez, ezkutari biak handik bazterreratu ziren, eta elkarrizketa barregarri xamarra egin zuten, haien nagusiek, ordea, egin zutena ez bezalakoa guztiz bestelakoa baizik.