Edaskaiak dioenetik dakigu, On Kixote deika Santxori kroskoa ekarteko hasi zitzaionean, gaztanbera batzuk artzainei erosten ari zitzaiela, eta nagusiaren estura handiak bultzatua, dena bertan utzi eta gazta haiek zer egin, non sar ez zekiela geratu zen eta , ordaindu eta gero ez galtzearren, bere jaunaren krosko barruan gordetzea erabaki zuela. Itzuli zen atzera zer nahi ote zuen jakitera, eta hurreratzean honela esan zion:
Emaidak, adiskide, krosko hori; zera, nik borrokaizunez asko ez zakiat baina han ageri den haretan bat edo bat bazatorkidak, eta nire beharra han izanen duk, eta beharra non ni hantxe, iskiluak, beraz, hartu beharko.
Longain Orlegikoak, hau entzun eta alde guztietara so eta so hasi zen, begira hara begira horra, eta ezer ez, beraienganantz zetorren gurdi bat baino ez; bizpahiru ikurrintto agerian eta honen kariaz Erregearen txanpon-garraioko gurdiren bat ote zen eman zion antzik. Honelaxe azaldu zion baina On Kixotek sinetsi ez eta, gerta ala gerta beti borroka eta borrokaizun izanen zena bururatzen zitzaiolako, honela ihardetsi zion gapare hari:
Zuhurrak maltzurra garaitzen du: ez dut galtzekorik ni hor zer datorren ikustera joaiteagatik; jakin ere ondo bai ondo dakit etsai ikuserrazak eta ikusezinak ditudala, eta ez dakit, ordea, noiz, non, nola mozorroturik edo zein orenetan erasoko didaten nire arerio horiek.
Bihurtu zuen burua Santxoren aldera eta kroskoa eskaritu zitzaion. Gaztanberak barrutik ateratzeko astirik ez honek eta eman zion. Hartu zuen On Kixotek, barruan zegoena ikusi ez, bat-batean buruan ipini, eta, gaztanberak estu, lehertu ziren, marruskatu ziren, isuri zen gazura aurpegian behera, eta bizarra "paduratu" zitzaionean On Kixote guztiz ikaratua, honela mintzatu zitzaion :
Zer ote da hau, Santxo, burutik behera izertzen hasi naiz, edo burua bera urtzen hasi ote zait, edo kaskagogorra beratzen hasi zait, ote? Izerditan banago, zinez ez nagok beldurragatik; gertatuko zaidan "abentura" hau, benetan izugarria izanen dela eta nagok. Emaidak garbitzeko zerbait, eskueran baduk, izerdi lapats honek begiak itxi zizkidak eta.
Isilik Santxo, zapi bat eman zion, eta, bidenabar, Jainkoari eskerrak eman, nagusiak asmatu ez zuelako nondik-norakoa zen gainera etorritako hura. Garbitu zen On Kixote, erantzi kroskoa burutik, ikusteko, noski, zer ote zen burua hala hozten ziona, eta mami zuri haiek ikusita, sudur ondoratu zituen, usaindu, eta esan zuen:
Ai Tobosoko Dultzinea nire anderearen biziarren, honatx, hauek hemen ipini dizkidaanok gaztanberak dituk, alajaina! Saltzaile etoi hori, ezkutari txatxar, porakilo zital hori!
Orduan, Santxok, lasai-lasai, ez jakinarena eginaz, honela:
Gaztanberak badira, eman niri, nik janen ditut...baina jan bitza tusuriak, hor ipini zituenez gero. Ni ausartuko ote nintzen, bada, berorren burukoa zikintzera? Ni bai ausarta, gero! Alafede, jauna, Jainkoak adimen poxi bat eman dit, bai, eta neronek ere, berorren antzera, nire sorgintzaile gibeljaleak baditudala susmatzen hasia naiz. Hauexek ipini dute, bai, noski baino noskiago, zikinkeria hori hor, berorrek, patxadatik erauzita, nire saihets-hezurrak, ohi bezala, "ehotzen" ihardun dezan, dinbi-danba. Oraingo honetan, aldiz, alperrik egin dute, berorren buru onean sinetsita nago ni, eta badakit badakiela nik gaztanberarik ez dadukala, ez esnerik, ez antzekorik ere; eta edukiz gero kroskora bagerik nire urdailera sartuko nuela.
Balitekek, bada – esan zion On Kixotek.
Gaparea begira zegoen begira, oroz harritua, eta hara, burua, aurpegia, bizarra eta kroskoa garbitu ondorean, sartu zuen ondo kaskoan On Kixotek buru-estalkia, oinak ondo eskalapoinetan, eutsi zion ezpatari, beste eskuan lantza, eta:
Orain, datorrena datorrela; hementxe nago ni, Satanekin berarekin elkar joiteari ekiteko gerturik.
Orduan heldu zen ikurrindun gurdia, eta bertan bi gizon baino ez, bata gurtzaina mandoen gainean, bestea aurreko aldean eseritakoa. On Kixote aurrean jarri zen, eta esan zien:
Nora zoaz, anaia? Zelako gurdia da hau, zer daramazu, zer dira ikurrin hauek?
Gurtzainak honela erantzun zion:
Gurdia nirea da, barruan kaiola batean bi lehoi suhar daramagu, Oran-go Jeneralak Erretetxera bidalita; ikurrohial hauek Errege gure jaunarenak dira, hau berea delako ezagugarri.
Lehoiak handiak dira? – itaundu zion On Kixotek.
Hauek baino handiagorik – erantzun zion gurdi-atearen ondoan eseritakoak – ez da irago inoiz Afrikatik Espainiara; ni lehoizaina naiz eta beste batzuk honatu izan ditut handik, baina hauek bezalakorik bat ere ez. Ar-emeak dira: arra hemengo kaiola honetan dago, emea atzekoan, gaur ez dute jan eta gose dira; beraz, jauna, bazter zaitez, jaten emaiteko lekura lehen bai lehen iritsi behar dugu eta.
Irribarretsu, On Kixote mintzatu zitzaion:
Lehoittoak niri? Lehoiño batzuk niri eta ordu honetan? Bada, ekusiko dute, bai, hauen bidaltzaile horiek honako neu lehoiengatik nola nagoen ikaran! Jaitsi hortik, jauna, eta lehoizain zaren zuk ireki ezazu kaiola, datozkidala basapiztia hauek kanpora; landa honetan erakutsiko diet nor den On Kixote Mantxako, sorgintzaileek nigana bidaliak ditut eta.
To! To! – sartu zen tartera gaparea – Gure zaldun ona nor den ongi erakutsi digu, dagoenekoz: gaztanberek, nonbait, kaskagogorra beratu dizkiote, eta burmuina bigundu.
Santxo heldu zen, orduan, eta erran zion:
Jauna, Jainkoa lagun, egin beza berorrek egin ahal guzia nire nagusi On Kixote jaunak lehoiekikorik egin ez dezantzat; bertzenaz, hementxe ttiki-ttikituko gaituzte garen guziok.
Baina, hain zoroa ote da hire nagusia – galdezka gaparea – horko basapiztia izugarriei aurre eginen diela sinetsi eta beldurrak jota ez egoiteko?
Zoro ez – Santxo – ausarta.
Nik kenduko zioat burutik ausardia – gapareak.
On Kixoterenagatu zen, kaiola irekitzeko eta irekitzeko ari zelarik, eta esan zion:
Zaldun jauna, berori bezalako zaldun ibiltariek onik gertatzeko itxaropena duten borrokari ekin behar diote, ez itxaropenik bagekoari, ausarkeria denean ausardia ez da azkartasuna zorotasuna baizik. Areago, lehoi hauek ez baitute berorren aurka jo, ez ametsik egin ere: Erregearen aurrera doaz eta hemen geldiaraztea, edo hemendik hara joaiten ez uztea ez da egokia.
Bihoa berori, gapare jauna – iharduki zion On Kixotek – ongi ikasitako eperrarekin eta pitotx bilazalearekin, eta utz niri neure eginkizuna egiten. Hau nire lana dut, eta nik badakit lehoi jaunok niregana datozenentz.
Lehoizainaren aldera begiratu eta:
Arraiopola, on zital horrek ez baduk oraintxe kaiola irekitzen, lantza honezaz gurdiari josi eginen haut!
Gurtzainak hango gudaroste mamarro hura ikusi eta esan zuen:
Ene jauna, arren bai arren, laga biezaigu guri, lehoiak askatu baino lehen, mandook uztarritik jaregin eta denok gaitzetik ateratzen, zeren, hauek hilez gero ni ere betiko hilik izango bainintzateke, mandook eta gurdi hau beste ogasunik ez dadukat eta.
Oi fede urriko gixona! – On Kixotek berriro – Jaitsi eta aska itzak, egik nahi duana, alper-lana eginen duk, zer-nahi egin ere, eta laster ekusiko duk.
Jaitsi zen, bada, gurtzaina, uztar-hedeak arin baino arinago askabiatu zituen, eta lehoizainak oihuka:
Hemen gagozen guztiok lekuko gara, jakinaren gainean, beraz, nire gogoz bestera, behartuta, kaiolak ireki eta lehoiak askatu ditudala; jakin dezagun, honetaz, piztiok eginen dituzten gaitz, min eta kalte guzti-guztiak jaun honen erruagatik izango direla, honexen kontura, orduan, hori guztia eta gainera nire lan-saria eta eskubideak. Zuek, jaunak, jar zaitezte, ireki aurretik, babespean, ni hemen nago eta ez didate minik egingo.
Behin eta berriz ere gapareak esan eta esan halako zorakeria ez egiteko; Jaungoikoari zirika egitea zela, zentzubagekeria izugarria. On Kixotek berak zer ari zen bazekiela ihardetsi zion. Ongi begiratzeko esan gapareak, oker zegoela esan zion.
Orain, jauna – On Kixoteren hitzak – berorrek "tragedia" uste duen hau ekus-entzun nahi ez badu, beragio behorttoari, eta jar bedi arriskutik at.
Santxok, malkoak begietan, otoika egin zion halakorik ez egiteko eta ez egiteko; halakoa egundainokoa izanen zela, aspaldiko haiek guztiak, haize-eiherekikoa, esate baterako, talo eta txalo baizik ez zirela oraingo honen aldean, eta bizitza osoan eginiko borroka guztiak, egitandi larriak, oraingo honen aldean, hutsaren hurrengo izan zirela.
Begira, jauna – Santxok – hemen ez dago sorginik ez sorginkunderik, nik hor, kaloiako zirrikituetatik, egiazko lehoi baten aztaparrak ikusi ditut, eta horrenbertzeko aztaparra duen lehoia mendi baten izarikoa datekeela erranen nuke.
Atzaparra erran behar duk, Santxo, ez "aztaparra" – On Kixote atzera – eta beldurrak jo hauelako iruditu zaik horren handia. Hoa bazter batera, Santxo, utzi ni hemen; eta hil banendi, aspaldiko ituna badakik: Dultzineagana joanen haiz, eta ez diat besterik erranen.
Honekin batera beste zer batzuk esan zituen, eta zentzubagekeria izugarri hura bertan behera utziko zuen itxaropena kendu zien. Longain Orlegikoak aurre egin nahi izanen zion baina iskiluez ezer egiterik ez zuela eta gelditu zen; zoro batekin borrokan egitea ez zuen uste zuhurra zenik, eta, ordurako, On Kixote guztiz zorotzat joa bazuen. Berriro ekin eta ekin hasi zitzaion lehoizainari, zemaika, kaiola ireki zezan noski, eta bitartean gapareak bere txuri-beltxari eragin zion, Santxok astoari, gurtzainak mandoei, eta han ziren guztiak, ahalik urrunen, gurdi ondotik alderatu ziren, lehoiak ateratu baino arinago. Santxok negar egiten zuen, bere nagusia hilik ikuski, orduko haretan bai, lehoien atzaparretan herioa zetorrela begiztatu baitzuen; bere zoritxarra madarikatzen zuen, ondikozko orena haren zerbitzari izaiteko baietza erran zuenekoa; negar batean zihoan, astoari orpoka eta orpoka, gurditik harago eta harago joan beharrez. Lehoizainak, iheslariak nahiko urrun zegozela ikusita, berriz ere On Kixoteri lehengo erruak egotzi zizkion, zemaiak hemendik eskaerak handik. Den-dena entzuna zuela erantzun zion On Kixotek, alabaina, ez eskaera gehiago ez mehatxu gehiago egiteko esan zion, alperrik izanen zelako, eta egitekoa lehen baino lehen egiteko.
Lehoizainak kaiola irekitzen zuen bitarte haretan, On Kixotek gogoeta egin zuen, ea zer zuen hobe: borroka oinez egitea ala zaldiz (oiñaz ala ganboa esan zuen berekiko) eta, azkenean, oinez egitea erabaki zuen, lehoiak ikusteaz Rozinante izutuko zen beldurrez. Zaldi gainetik jauzi egin zuen, beraz, aztatzarra lurrera aurtiki, erredola besoratu, eta ezpata zorrotik atera zuen, oinkadaz oinkada, eratsu-eratsu, beti zut, bihotza erne, gurdiaren aur-aurrean jartera joan zen, bihotz-bihotzez Jaungoikoari bere buruari egotzi zion, lehenik, eta Dultzinea bere andereari, gero.
Honetaraz gero, jakin behar da, egiazko edaskai honen egileak hauxe esan zuela, hots egiteaz batera: " Oi On Kixote Mantxako indartsua eta, guztiz ere, bihoztuna, munduko ausart guztiek euren burua ikus dezaketen ispilua, On Manuel Leongo berria eta bigarrena, espainiar zaldunen aintza eta dedua izan zena! Zein hitzez jaulkiko ote dut egitandi ikaragarri sarrakiotsu hau, nolako arrazoiez eginen dut sinesgarri hurrengo mendeetarako, zein gorazarre, zein ederkadura eginen dut egokiro, zuri on ez dakizukeena "hiperbole" guztien gaineko "hiperbole" izan arren? Zu oinez, zu bakarrik, zu izukaitz, zu bihotzandi, ezpata bakar bat eskuan, eta ez sorbatz zorrotzegikoa, erredola altzairu ez distiratsu ez garbizkoa babes duzula, zu hor zagoz erpai, Afrikako oihanetan hazi diren egundainoko lehoirik suharrenen aitzinean aiduru. Zure eginek egina dizute goretsiko, mantxatar zangar; nik hementxe utziko ditut, gorago aipatzeko hitzik ez dudalako".
Egilearen arkuma hemen ahitu zen, eta kondairaren haritik aurrera joan zen, esanez: lehoizainak, On Kixote han hala jarria ikusirik, beldurrez eta lehoi arra askatu ezean zaldun sumindu ozar haren haserrepean eroriko zela, aurreko kaiola zen bestean ireki eta zabaldu zuen. Esan bezala, lehoiarra zegoen, eta itxura ezinago ikaragarria zuen, handi-handia, itsusirik bada itsusia, guztiz beldurgarria. Higitu zen kaiola barruan, etzanda zegoen, erpa hedatu zuen, nagiak atera, ahoa zabal-zabaldu zuen, aharrausi egin astiro, mihi luze bat ateratu zuen begiak ikuztearren, antza, begitartea ere ikuzi zuen, eta hau eginik, burua kaiolatik atera, begira hara begira hona, albo guztietara so egin zuen, beldurra zer den ez dakienari ere sarrakioa sartzeko eran, bere begi gartsuez. On Kixote adi-adi beha zegokion, egon, gurditik noiz jalgiko erpai, erpaz esku noiz egingo zain, eskuen artean txikituko zuela uste baitzuen uste.
Inoiz ikusi bageko zorotasun ha honainokoa izan zen. Baina, lehoia, ordea, harro bai baina neurritsu, erdeinari antxean, ezikusiarena eginda, hara eta hona begiratu arren, ez umekeriari ez "farrandari" ez ekiramuari jaramonik eginaz, gibeleratu zen, eta ipurdia erakutsi zion begira zegokion On Kixoteri, astitsu-astitsu, patxada osoan kaiolan berretzan zelarik. Hau ikusi eta On Kixotek lehoizainari zirika zezan agindu zion, kaiolarean atera zedin makilaz joiteko.
Hori ez dut egingo – lehoizainak –; zirika eginez gero porroskatuko duen lehena neu. Bego, berori, horrenbestez askietsita, egina eginik, ausardiaz esan daitekeen guztia esanda dago, bai, eta ez beza nahi bigarrenez halabeharrari zirika egin. Lehoiak atea zabalik du: irten ala ez irten nahi badu; baina orain arte irten ez badu, ez du egun osoan irtengo. Berorren bihotzaren handia ondo ageri da: nik dakidala, behintzat, inongo borrokalari zangarrek arerioari aup egin eta landan itxarotea beste beharrik ez; eta aurkaria agertzen ez bada beretzat lotsa, itxarolea, berriz, garaipenaren aintzadun.
Hori egia da – On Kixotek erantzun – ; itxi, bada, atea, lagun, eta nik egindakoaz zu lekuko eta jakile zaitut; honela izan da, beraz: zuk atea ireki diozu, ni itxadaiten geldi naiz, hura ez da jalgi, ni haren zain, berriz ere ez du irten nahi izan, eta atzera etzan da. Ez dut besterik behar, utikan sorgintzapenak, eta Jaungoikoak lagun diezaiola egiari, eta egiazko zalduntzari. Itxi egizu, bada; iheslariei etorteko keinuak eginen dizkiet, zure ahotik nire egitandi honen berri jaso dezaten.
Lehoizainak agindu bezala egin zuen, berehala, eta On Kixotek, lantza-musturrean lehenago gazuraz zikindu aurpegia ikuzteko erabili zuen zapiaz, deika eta deika hasi zen, beste haiek guztiak, tarrapatan, ihesi zihoazela, gaparea aurrendari, txitean-pitean burua gibelera bihurtzen zuten arren. Santxok zapi zuria ikusi zuen, eta :
Hil nadila hementxe bertan, nire nagusiak basapiztia izugarriak mendean hartu ez baditu, han deika ari zaigu eta.
Gelditu ziren guztiak, ikusi eta ezagutu zuten On Kixote keinuka, eta beldurrra pixka bat galdurik, emeki-emeki, hurrerantz joan ziren, dei eginez On Kixoteren mintzoa xoli-xoli entzun zuten lekuraino. Itzuli ziren, atzenengoan, gurdira, eta hurbiltzean, On Kixotek gurtzainari:
Lotu itzazu, berriro, anaia, zure mandoak uztarriz, eta zoaz zure bidetik; hi, Santxo, emaizkiok urrezko ezkutu bi, berarentzat eta lehoizainarentzat, niregatik gelditu izanaren ordain.
Bai gogo onez ere eman nik, baina, zer izan da lehoiena? Hilik ote dira, ala bizirik?
Lehoizainak, zehatz eta mehatz, astiro, gertaturiko borroka latzaren nondik-norako guztiak azaldu zizkien, On Kixoteren gemena, ahalik eta ondoen, bapikatu zuen, gehiegitu zuen, eta honen ondorioz, zangartasunaren ondorioz alegia, lehoia kikildu zela esan zien, kaiolarean inola ere irten nahi izan ez zuela, nahiz eta luzaz atea zabal-zabalik eduki. Lehoiari zirika egin nahi zuena ere esan zien, baina berak zaldunari ezetz, Jaungoikoa haserrarazi behar ez zela eta lehoia indarka ez jalgiarazteko esan ziola; eta, azkenik, haren gogoz bestera eta ezinbestean kaiola ixten utzi ziola adiarazi zien
Zer daritzok honi, Santxo? – On Kixote galdezka. Benetako ausardiaren aurka ba al da sorginkeriarik? Sorgintzaileek zoriona ken diezadakete, baina nire gemena, nire azkarra ezin diketek.
Halaxe, bada, Santxok ezkutu biak eman zizkien, gurtzainak uztarriak lotu zituen, lehoizainak On Kixoteri mun egin zion,esku gainean, jasotako mesedeagatik, eta Erretetxera heldu bezain laster, hango egitandi gaitzaren berri Erregeari berari emango ziola agindu zion.
Bada, Errege Jaun Txit Gorenak nork egin zuen galdetzen badizu, esaiozu Lehoien Zalduna izan zela; hemendik aurrera, lehengo izena, Itxura Hitseko Zalduna, aldatua nahi dut, oraingo honek ordeztua nahi dut; honetara ere, antzinateko zaldun ibiltarien ohikuntzari narraio, beraien izenak noiz-nahi eta gogoak emaiten ziena legez aldatu ohi baitzituzten.
Harik aitzina, gurdia bere bidetik joan zen, eta On Kixote, Santxo eta Longain Orlegikoa elkarrekin lehengo bidean zehar.
Aldi honetan guztian On Diego Mirandakok ez zuen hitzik egin, beti On Kixoteren eginak eta hitzak adi-adi burutan hartu nahian, bere irudikoz zuhur zoroa baitzen, edo zoro zuhur-tankerakoa. Ez zekien, anartean, haren lehengo bizialdiko gertaerez ezer; jakin balu, inon irakurri balu, eztxundituko zen, eiki, haren eginez edota hitzez txunditua zegoena, zer-nolako zoroak zeroan ohartuko baitzen, bertatik bertara. Ez zekien, ostera, eta zuhurtzat jaiten zuen, ez zorotzat, esanetan egokia zelako, eleder, jario onekoa zelako, nahiz eta eginetan, aitzitik, zentzubagea, beldurgea eta kokoloa izan. Berekiko honela zioen: "Zoroagorik izan al daiteke, buruan kroskoa bete gaztanbera jantzi eta sorginen batek kaskagogorra bigundu diola uste duena?, eta, lehoiekin, beso hutsean, indarrik indar, borrokatu nahi hori baino buru-menskeria handiagorik bai ote?". Honakoxe bakarrizketan ari zen On Kixotek honela esan zionean:
- Gizon zorotzat hartu behar nau berorrek, noski, ni, zalantzarik ez, On Diego Mirandako jaun, ez al da? Ez da asko, nire egierak ez du besterik aditzera emaiten eta. Honela eta guztiz ere, pentsa beza berorrek irudi bezain zoroa edo mentsa ez naizela. Zaldun jasoren batek, bere erregearen aurrean, plaza handiaren erdian, zezen zangar bati lantzakada bat emaitean, itxura ederra du; zaldunen batek, iskilu dirdiragarri batzuez jantzia, andere handikien begien aitzinean oihalak alaikiro eramaitean eder-ederra dirudi; guduan zein gudu-antzerkietan iharduten duen zaldunen bat, nolabait, bere printzearen "gortea" ohorez apaintzen duenean eder agertzen da; baina, hauez guztioz gainetik, zaldun ibiltariren batek are ederragoa dirudi, basohiletan zehar, lekaroz lekaro, beti bakarrik, biderik bide, mendi-mendietan gaindi, oihan sarrietan barrena, jazoera izugarrien bila dabilenean. Garaitzeko asmoa ohi du beti, ororen tontorrera igo nahiak ohi daroa, betiereko aintza helburu bakartzat harturik doa, eta, badiot, ederrik bada munduan ederra eta ederrena zaldun ibiltaria, bazterralderen batean alargunen bati laguntzean, esaterako; hirian neska baten aurrean kilimusiak egitean erretetxeko zalduna baino ederrago bai, milatan. Zaldun guztiek badute beren egitekoa: andereen mirabe egiten duena, erretetxea bere jantzi politaz apaintzen duena, bere mahaiko jaki gozoez zaldun txiroa elikatzen duena, sasi-borroketan iharduten duena, guda-jokoetan lehian egiten duena, zer-nahi egiten duen ere egin dezala, eta beti bihotzandi, emankor, eskuzabal ager dadila, oroz gain kristau zintzo izan dadila, eta honela bere betebeharrak ongi beteko ditu; zaldun ibiltaria, berriz, doala munduz mundu, sar dadila galmendi korapilotsuenetara, dakiola noiztenka ezinari, uda beteko eguzkiaren izpi suharren zinka jasan dezala basamortuan, eta negu gorrian haizete zein izozte beltzen eraso gogorrei aur egin diezaiela; ez dadila lehoien beldur, ez mamutzarren, ez bidutziengatik kikil, alderantziz, honelakoen bila joaiten, halakoei esestea, eta denen menderatzaile gertatzea du bere eginkizunik behinena. Ni, bada, zalduntza ibiltariko kide izaitea jaurritu zitzaidalako, ene gardiz, nire iharduera-legearen barrutian dagoen guztiaz ardura hartzeke ezin egon naiteke; honen haritik, hain zuzen, eraso berri diet lehoiei, zuzen-zuzen, ausarkeria larria izan dela jakin arren; nik badakit gemena zer den, mustur txar bien arteko on bat dena, albo batean koldarra du bestean izuezina, biak txarrak; baina, ausartak izukaitz izaitea hobe du koldarra izaitera jaitsi baino; zikoitzak gaitz du emankor izaitea, eskuzabalak, ordea, ez; eta izuezina ausart izan daiteke, koldarra baino hagitzez errazago. Borrokaizunetan, bestalde, On Diego jaun, sinetsi neuri, gehiegi gutiegi baino hobe, galdu arren ere. Entzuleak gozoago du belarrietan hauxe: "urlia zalduna izuezina eta ozarra da", beste hauxe baino : "urlia zalduna herabe eta koldarra da ".
Ene jaun On Kixote – esan zion On Diegok – berorrek dioen guztia eta egindakoa ere arrazoiaz neurtua da; nago, noizbait, zalduntza ibiltariaren legeak edo arauak gal balitez, betiko gordeak, agiritegi batean bezala, berorren bihotzondoan egoki gordeak egonen liratekela. Goazen orain arin, berandu dugu eta; nire herriko etxera helduko gara eta bertan atseden hartuko du berorrek, gorputzaren nekea izan ez bada gogoarena latza izan da, eta honexek gorputzarena ekarri ohi du.
Eskaintza hori mesede handitzat hartzen dut, eskergarria daritzot biziki, On Diego jaun – On Kixotek esana.
Arindu ziren, zamariei eraginez, eta arratsaldeko ordu biak inguru On Diegoren – On Kixotek Longain Orlegiko zeritzon – herrira eta etxera iritsi ziren.