Goizargi xuria argitzen hasixea zen eta Febo dirdiratsuak bere argi-izpi beroen beroaz urrezko adatsaren garo-ttantta bitxiak lehortzen zitueino, On Kixote itzarri zen, zutitu zen, nagiak ateratu zituen eta, artean zurrungaka betean zetzan Santxo bere ezkutariari deitu zion. Hala ikusita, iratzarri aurrez, On Kixotek honela darauntso:
Oi, hi, eguzkiaren azpian bizi direnen artean zoriontsuena hi, inoren bekaitzik ez eta inori bekaitzik ezean, barrena lasai, pollit-polliki lo egiten duana, ez sorgintzailerik harraio, ez sorginkeriek izutzen hautena! Lo egik, lo, lo, behin eta berriz diot eta aleunka aldiz erranen diat, lo eta lo, hire andere maitearenganako minak loa galarazten ez baitik, ez zor dituanak ordaindu beharrak, ez hik eta hire senditto behartsuak egunoroko ogia eskuratze aldera egin beharreko lanak. Handinahikeriak ez hau artegatzen, mundu honetako arrandikeria ezdeusak ez hau nekarazten, azken baten, hire burutapenen mugak, asmoen zedarriak, hire astoarengan dituk ezarriak, astoari jaten eman, horixe, hortik haranzko buru-hausterik ez; hire nor guztiaren xedea, ostera, nire lepoaren gainean zaramaat, halabeharrak edo Goikoaren nahiak jaunon sorbalden gainean ezarritako zama eta berdingarria baita hauxe, izaeraz eta ohituraz. Morroea lo eta nagusia beilan, honi nola jaten emanen, nola elikatu behar duen, nola errekitatu behar duen, nola hobetu behar duen, nola dohatsu, nola biziarazi behar duen, beti gogoetan behar dik nagusi jaunak, beti lo galduan. Ortzia brontzezko bihurtu eta lurrari behar duen ihintza eman nahi ez dionean bihotz-esturak ez dik morroea larritzen, jabea baizik, zeren gosetean eta antzualdian elikatu behar baitu, on-aroan eta ugarialdian morroe izan zitzaiona.
Santxok ez zion txintik esan, lo zegoelako; eta ez zen berehala esnatuko On Kixotek aztaren girtenaz iratzarri ez balu. Azkenean itzarri zen, logale eta nagi, eta alde guztiei begira, zera dio:
Oker ez banago, abar-estalki horretatik halako usain, halako urrin bat dator, zingar erre edo gantxigorrrarena dena, ez, ordea, ihi, txarpot edo ezkai-belarrena: honelako urrinekin hasten diren ezteiak, aitaren eta semearen...oparo, naro eta joriak izan behar dira.
Buka ezak, salo horrek, sabeldarraio alaenak – darauntso On Kixotek – goazemak, bada, ezteiok ekustera, ea Basilio gizagaixoak zer egiten duen.
Nahi duena egin dezala – Santxok erantzun – : txiro ez balitz Kiteriarekin ezkonduko litzateke. Zer bada, sos baten jabe izan ez eta hodei guztien gainetik ezkondu nahi? Alafede, jauna, nire iritzian txiroak aurki dezakeena aski behar du, nahikoa, eta ez joan ziza bila itsasora. Beso bat eginen nuke Kamatxok Basilio errealpean estali baietz; eta hau honela bada, eta honelaxe da, eiki, Kiteria tuntun askoa litzateke Kamatxok eman eta emanen lizkiokeen bitxiak eta apaingaiak alde bat utziko balitu, Basilio palankari edota ezpata-jokalari hautatzeagatik. Palanka-aurtiketa on bat edo ezpataz egin ñakako arin baten truke ez dute kutxot bat ardo emaiten tabernan. Dohain edo trebetasun salgarri ez direnak alperrikakoak dira, Dirlos kondeak berak baditu ere; baina halako dohainak dirudun baten baitan biltzen direnean haien antzera nahi nuke nik neure bizitza. Oinarri sendo baten gainean etxe handia eraiki daiteke, eta munduko oinarririk sendoena, harri-azpirik gogorrena dirua da.
Alajainkoa, Santxo – darauntso berriro On Kixotek – bukatuko al duk behingoan hire hitzaldi hori; nagok, hitzetik hortzera hasten dituan kalaka horietan guztietan tar-tar-tar eteteke utziz gero, ez hukeela, nik uste, jateko eta lotarako ere astirik izanen, oso-osorik ele eta mele galduko huke eta.
Berorrek oroimen ona balu – Santxok harzara – azkeneneko aldi honetan etxetik jalgi aitzin elkarri emaniko hitzak gogoan behar lituzke: nik nahi guztia erraiten utziko zidala, baldin inoren kaltetan eta berorren nagusigoari aitzi ez izanki; eta orain arte baldintza hau hautsi dudanik ez dut uste.
Ez diat baldintza hori nik gogoan, Santxo, eta horrela balitz ere, isil hadi eta hator; atzo entzundako soinu-tresnak ibarrak alaitzen berriz ere hasiak dituk eta; ezkontza, agidanean, goizeko hozkiroan izanen duk, ez arratsaldeko berotan.
Egin zuen, bada, Santxok bere nagusiak agindu ziona, eta Rozinanteri zela eta astoari basta jantzi ondorean, biak gainera igo, eta oinkadaz oinkada, tiki eta taka, abar-estalpean barrena sartuz sartu ziren. Santxori begietaratu zitzaion lehenengo gauza, zumar-enbor oso batezko burduntzi batean josita, idixko bat izan zen, sutan erretzen zedukatena; sua egiteko egur-metak mendi koxkor bat zirudien, eta inguruan zegozen sei eltzeak ez ziren ohiko eltzeen neurrikoak, sei suil-erdi adinakoak baitziren, bakoitzak harategi bana eduki ahal zukeena: hantxe barruan, usakumeak bailiran, ageri ez zirela, ahari osoak zedukatzaten; zuhaitzetan zintzilik, eltzeetara sartzeko gertutuak, zeinbatu ezinezko erbi larrutuak eta bipildutako oiloak; hegaztiak eta ehizakiak, mota batekoak zein bestekoak zeinbat ziren ezin jakin, zuhaitz-adarretan esekita eguratsak hoztearren. Hirurogei zahagitik gora zeinbatu zituen Santxok, arroa binakoak, eta, geroago agertu zenez, ardo bikainez beteak denak; ogi zuri-zuriak parrastan ipiniak larrainetan gari-metak egon ohi diren eran; gaztak gurutzeka multzokaturik harresi baten antzera zegozen; koipez beteriko galdara bi ere, margola-ollinak baino handiagoak, hantxe orezko gauzak koiperretzeko, eta, endai sendo bi eskuetan erabiliz oreki erre ahala koipetik ateratzen ari ziren, beste ondoko bertz batean gerturik zedukaten eztian murgiltzeko. Berrogeita hamar sukaldari baino gehiago, emakumezko nahiz gizonezko, oro garbi-garbi, oro maratz eta lanean alai; idixkoaren zilborrean, sabelzorro osoa bete hamabi txerrikume ttiki-uxter, bata bestearekin gainetik josiak, haragia xamurtu eta jakera gozoa eman asmoz. Hatsongarriak, urrundik ekarritako ongailuki bereziak alegia, arroaka erosiak zituztela zirudien, ohi den xenika-erdian ordez, hainbat eta hainbat baitziren, eta denak kutxa handi batean agerian zegozen. Bukatzeko, ezkontzarako "erregosiak", gerta-lan guztiak, herri koxkorretan egin ohi diren heinekoak ziren, eta baserri-legera eratuak izan arren, ugariaren ugariz, gudaroste bat hornitzeko adinakoak bai.
Santxo Pantzak orori soz, hara begira horra begira, denaz ase nahi zuela zirudien; aurrenik eltzeak jo zituen begiz, irritsaz, eta gogotik hartuko zuen haietatik lapikotto bete zeraz; gero, zahagiei luzatu zizkien begiak, eta azkenean "zartaginetako" jakiei, hango galdara edo pazi potolo haiei zartagin izena emaiterik bada; haretara, beraz, besterik egin ezin eta eraman ezinean sukaldari maratz haietako batengana hurbildu zen, eta gizalegez baina gose zela irudikatuz, harako eltze baten barruan ogi zati bat bustitzeko eskatu zitzaion otoika. Sukaldariak honela diotso:
Anaia, Kamatxo aberatsari esker, egungo egun hau ez duk gosearen menpean egotekoa. Jaits hadi asto horren gainetik eta begira ea hor burdintzaliren bat ote dagoen, har ezak oilo bat edo bi, eta on dagiala.
Ez diat batere ikusten – Santxok.
Itxadon – sukaldariak berriro – Ene, bekataria ni, zein gupera haizen, ezertarako ez herori!
Hau esanda, burdintzali handi bat hartu zuen, sartu zuen eskua barrura, eta hiru oilorekin bi antzara atera zituen, Santxori darauntsola:
Jan egik, adixkide, hemengo bits honezaz baraua hautsiko duk, bazkalordua etorri arte
Non harturik ez diat– diotso Santxok.
Eramak, orduan, zali eta guzti – sukaldariak – Kamatxo aberatsa, dena dela ere, pozik egongo duk eta.
Santxo hala zebileino, On Kixote bestera begira zegoen, nola estalpe haren beste alde batetik hamabi behor eder-ederren gainean hamabi nekazari zetozen, landatarren antzera txukun eta apainkiro jantzita, ikusgarri, hede-girgilerietan txintxarriak edo txilinak, jai-giroko oihalak soineko, alai; halatan zetozela, han hasi ziren, zelaian zehar, trostan, oro bat, dena oihu, dena zantzo eta zinka, arramantza betean.
Gora Kamatxo eta Kiteria, bata aberatsa bezain ederra bestea, berau lurbira guztiko ederrena!
Hau On Kixotek entzun eta berekiko dio:
Ezagun da, bai, hauek ez dutela nire Dultzinea Tobosoko ekusi, inoiz ekusi balute beren Kiteria horrenganako goraipuak ongi neurtuko lituzkete, noski.
Harik gutira, abarrez eginiko estalpe haren alde batetik eta bestetik, dantzari ugari hasi zen sartzen, mota askotako dantzan egiten, ezpata-dantzari talde bat besteak beste; hogeitalau mutil ziren, azkorrak eta eskantilak mutilak, oihal mehe zuri-zurizko janzkidunak, dantza-mihise zetazkoak margo askotarikoak buruan, aurrendari mutil lerden bat, arin bat zetorrela. Behorretako batek dantzariren bat zaurituta ote zetorren galdetu zion.
Oraingoz ez, Jainkoa lagun, inork ez du minik hartu: denok onik.
Hasi zen, hau esandakoan, beste lagunekin nahasten eta txirikordatzen, dantza-joskera bizian, bira eta bira eta bira, hain arindo, hain trebeki, ezen, On Kixotek berak, halako dantza-mota haiek ikusten ohitua izanagatik ere, egundainoko ederrentzat hartu baitzuen. Ederretsi zuen, era berean han agertu zen beste talde bat; neska zirats galant batzuek osatua, ederretan ederrenak denak eta gaxte-gaxteak, hamalau urtetik beherako bat ere ez eta hamazortzira helduko zenik ere bageko taldea zen, itxuraz; Kuenkan ehuniko "palmilla" daritzon oihal orlegiz jantziak, adatsak batean txintxostaturik ile-txorta eginak, eta bestean askaturik, baina denak hain horixkak zirenez eguzkiarekin lehian aritzekoak ziren; gainean, buru-ttonttorrean, jasmin, larrosa, almitz eta ezkerrahienez txirikordaturiko lore-uztaiak zeduzkatela. Haien aurreko, agure zahar agurgarri batekin atso handi bat zetorren, beren urteen antzak iradoki zezakeen baino txairoago biak, belaungozo eta hankarin, bixkor-bixkorrak biak ala biak. Zamorar zarrabete batek dantza-soinu egin eta haiek, aurpegietan garbitasuna bezala oinetan arintasuna ageri zutela, lotsati antxean baina zalu-zalu, munduko dantzaririk onenak ziruditen.
Haien atzetik, beste dantza-talde bat sartu zen, hitzezko horietarik bat egiten. Bi lerrotan banaturiko zortzi "maiteder" ziren: lerro batean Kupido zuten aitzindari, bestean Zudu; lehenengoa hegoez apaindua, arranbela eskuan, biuraka bete geziz bizkarrean esekita; bigarrena, urrez eta zirikuz eginiko jantzi margotsu aberatsekikoa. Maitasun-en gibeletik zetozen maiteder lirainak, bizkarraldean larrutxa zurian eta hizki handietan, euren izenak agerian zetozen: lehenak Olerki zuen izen, bigarrenak Urguri, hirugarrenak Etorkion, laugarrenak Bipiltasun. Beste lerroan, Zuduri zerraizkionak ere antzera zetozen, euren izenak agerian: batak Eskuzabal zuen izen, besteak Emai zeraman idatzita; hirugarrenari Altxor zeritzon, azkenak Bakezko Edukitza izen-abizenak zituen. Ororen aurretik zurezko gaztelu bat zetorren, lau gizon basatik narraz zekarten, huntzorriz jantziak gizonak, orlegiz margoturiko listariz eginak jantziak, hain ben-benetako itxura zutela eta Santxo bera ia-ia izutu ere zen. Gazteluaren aitzinaldean, eta lau alboetan idatzi hau: Lotsa Onaren Gaztelua. Haiekin batera hots egile lau jotzaile iaio, txistu eta danbolin. Dantzari haslea Kupido, eta bi alda-malda eginik, begiak goratu zituen, gezia arranbelan ten egin zuen eta aurt!, gazteluko hormortzen artean jarri neska bati aurtiki zion, eta honela esan :
Ni naiz Jaungoiko ahaltsu
zeru, itsaso zein lurretan
non nahi den ere indartsu
ni naiz nagusi denetan
ezinik ez ezinetan
ez inoiz ni beldur izaiten
nahi dudana geziz joiten
sarri eskuratu nahiz
han-hor-hemen beti ari naiz
agintzen, kentzen, emaiten
Bertsoa bukatua, gazteluaren gainera gezi bat aurtiki zuen eta bere tokira itzuli zen. Honen ondorean Zudu agertu zen eta beste bi dantza-piko eginik, danbolinak isildu ziren, eta esan zuen:
Ni naiz, bai, orotan, Zudu
nagusi egun-da-eguzki
Maitasuna baino gudu
gehiagotan gailen, noski
Jaungoiko neu, kristau zein judu
ni bagerik ez dabil nehor
hots, ez han, ez heben, ez hor
Musu Truk maitez zen zendu
nik bai agindu, eman, kendu
ala busti ala lehor
Baztertu zen gibelera Zudu eta agertu zen aitzina Olerki; bere jauziak egin zituen, besteen antzera, zazpi jauzi hain zuzen, eta gaztelu neskatxari begira esan zuen:
Olerkik ezti-eztiki
adigai eztitsuz beterik
pollitt beti xuhur eiki
arima dizu aserik
andere, maitez biziki
neurtitzez hagitz apaindua
hor doatzu nik ondua,
zu ororen bekaizgarri
izan zaitezen sarri-sarri,
ele eder gurendua
Olerki aldendu eta Zuduren lerrotik Eskuzabal agertu zen, jauziak egin eta esan:
Eskuzabal ni naiz, izen
eta izaiten ere eskuz
zeharo zabala naizen
bezala ez naiz, bihotz estuz,
maitatzen dakiena baizen
bular handi eta emankorra
ez da deduaren zorra
maitez joa areago
min estu horrek bainago:
atsegin da maite-lorra.
Honela lerro bietako irudi guztiak aitzina eta gibelera eginaz agertu ziren, arizale bakoitzak bere dantza-zatiak josi zituen, bere bertsoak kantatu, batzuk txukunak besteak barregarriak, eta On Kixotek (oroimen onekoa izanki) aurreko horiek ondo gogoan hartu zituen. Gero, denak nahas, txairoki jostatzen bezala txirikordak egiten eta berregiten ari ziren eta ezegiten eta berrezegiten, bixkor baino bixkorrago; eta gaztelu aurretik Maitasun iragaitean gezi-aurtika ekiten zitzaizkion, baina Zudu erne eta haren gainean itsulapiko urre-margozkoak hautsiz ekiten. Luzaz dantzan egin hondarrean, Zuduk zisku handi bat atera zuen, erromatar gatu potolo baten larruzko zahagi bat alegia, diruz bete-betea zegoela zirudiena, gaztelura aurtiki zuen, oholak ukaldiagatik kolokatu eta erori ziren, neskatxa agerian, estalkirik ezean babes bagerik utzita. Zudu heldu zen, bere irudiekin batera, eta lepoan urrezko kateatzar bat ipiniaz alegia eta atxilotu, menpean hartu eta gatibutu egin zuen neska ; Maitasunek hau ikusi eta bere irudien bitartez katea kendu-imintzioa egin zuen; erakustaldi hauek guztiok, noski, danbolin-hotsean, dantzan eta triskan, egiten ari ziren. Basatiek bakezkoak egitera behartu zituzten, gazteluko oholak berriz ere trebeki lekuan ipinten, zuzentzen, tank! eta tank!, ziharduteino, eta neskatxa barruan geratu zen, berriro babespean. Honela dantza azkendu zen eta ikusle guztiak oso alai.
Nork eratu, noren asmoa izan ote zen hura guztia galdetu zion On Kixotek maiteder haietako bati, eta honek herri haretako ongile bat zela, haren antolatzailea, halako asmakuntzak asmatzeko asmamen zorrotza zuena.
Bada, ongile edo batxiler hori – esan zion On Kixotek – Basilioren baino Kamatxoren adiskide handiagoa dela eginen nuke, eta arrats-otoitzetan baino zirtoketan ohituagoa dela ere bai. Ondo bai ondo nahasi ditu dantzetan Basilioren trebea eta Kamatxoren aberatsa!
Hau entzun eta Santxo Pantzak:
Nire oilarra Erregea dut eta Kamatxori natxekio.
Ai ene – esan zion orduan On Kixotek – ongi ezagun duk, Santxo, baserritar matxarra haizela, "gora garailea" esan ohi duten horietakoa.
Nik ez dakit zeinetakoa naizen – Santxok harzara – baina jakin dakit, jakina, Basilioren eltzeetatik ez dudala inoiz ateratuko Kamatxorenetatik atera dudan oilo bits gozoa.
Orduan, pazia bete oilo eta antzaraki erakutsi zion, eta zati bat eskuan harturik jaten hasi zen, gogotsu, gosezto legez, eta esan zion:
Zakurraren putza Basilioren trebetasunak!; zeinbat eduki eta hainbestekoa zara, eta dirurik bageko jauna mihi bageko ezkila bezalakoa. Nire amatxi batek zioen eran, munduan bi etorki baizik ez da, edukitzea eta ezedukitzea; bera, berriz, "edukitarrekin" nahiago; egungo egunetan, ene jaun On Kixote, jakitea baino edutea nahiago: astoa urrez estalia bada zaldia bastaz baino ederragoko itxuraduna da. Honetaz, bada, berriz ere, Kamatxori natxekiola diot, eltze oparoak baititu, bete-bete oilo eta antzara, erbi eta untxi; Basiliok, ordea, deusik ukanez gero, moxkor-salda bertzerik ez du ukanen.
Amaitu al duk hire erauntsia? Hori duk hitzaldi sutsua hori , Santxo! – esan zion On Kixotek.
Bukatua dut, bai, zeren berorri nire erranok gaitzi zaizkiola ohartu bainaiz; bertzela hiru egunetarako erasia banuke.
Jainkoari nahi dakiola, Santxo – ihardetsi zion On Kixotek – ni hil baino lehenago hi mintzul ekus hazadan.
Goazen eran goazela – Santxok – berori hil aitzin ni lohia jaten egonen naiz, eta orduan bai ni "mutu", eta ez dut hitzik eginen munduaren hondar egunera arteraino, edo azken juzkua edo epaiketa arte.
Hori horrela izanik ere, ene Santxo! – On Kixotek erantzun – hi mintzuldurik hire isiltasuna ez duk inoiz iritsiko bizitza osoan mintzatu haiz , mintzatzen haiz, eta mintzatuko haizen heineraino; eta areago, hala behar eta ni hi baino lehenago hilko naizenez, ez diat uste inoiz mintzobage ekusiko haudanik, ez edaten dzanga-dzanga ari haizelarik ez lotan zagozelarik ere, biziro nahi nikek baina.
Alafede, jauna – berriro Santxo – ez da zer entzindu Heriogandik, honek axuri edo ahari berdin jaten du; eta erregeen gaztelu-dorre garaietan bezalaxe landerren etxola txarretan ere ibili ohi dela gure herriko apaizari entzundakoa naiz ni. Dirudienez, berorrek "Balbe" erraiten duen gure Herio horrek ez du milika eiterik, jatunetik are gehiago du, ezer ez zaio higuin, deusik ez okaztagarri: denetarik jaten du, oro du on, denak berdin dio, zein nordin zein adin, bere zorroa eta sabelzorroa betetzeko. Segalari horrek ez du biago egiten, ez da lo-kuluxkagale, sasoi eta oren guztietan zarrast! eta zarrast!, nahiz dela belar hezea nahiz dela eiharra, beti mozten eta mozten ari izaiten da; eta ez da ñasta-ñasta! xehatzen ari, antza, klaska-klaska irensten du, aitzinean duen guztia galkaka bezala gurkatzen du, or-gose dela emaiten du, zafla-zafla jaten du, eta inoiz ase ez; ez du marda handirik, zilbor potolorik erran nahi baitut berorren hizkeran, asegaiztasunak jota dagoela dirudi, bizi direnen bizia edateko egarriak dago, pitxer bete ur hotz edaten duena legez.
Aski duk, Santxo. Egon hor heure onean eta ez hadi eror; benetan, heriotzari buruz esan duana, hire hitz zakarrez, sermoilari onen batek esan lezakeena duk. Badioat, Santxo, zintzoa haizen neurrian zuhurra bahintz, pulpitu bat har hezake hire esku, eta munduan zehar joan hinteke hire predikuak zabaltzen.
Ontsa bizi denak ontsa egiten du prediku – ostera ere Santxok – eta nik ez dakit bertze teologiarik.
Behar ere ez – ihardukiz On Kixote – nik ez zakiat, baina, nola dakian horrenbeste, jakintzaren oinarria Jaungoikoarenganako beldurra edo lotsa delarik, eta hi Harenganako baino musker batenganako beldur handiago haiz.
Jauna, mintza bedi berori berorren zalduntzez, eta ez inoren beldur edo gemenez, ni nerau, izan, bertze nor edo nor bezain lotsati eta herabe naiz Jainkoarekiko. Bizkitartean, bits hau laster baten sabeleratu nahi dut, jauna; bertzeak oro beleak bezain alperrikako eleak dira, azkenaz bertzeko bizialdian "kontuan" hartuak izanen ez zaizkigunak.
Hau esandakoan, atzera bere paziari eraso zion, irrits osoz, eta irritsa sorrarazi zion On Kixoteri; lagunduko zion, bai, honek, pazia ustiratzen, baldin, hemendik aurrerantzean azalduko denak galarazi ez balio.