Aurreko atalean jaulkitako elkarrizketan ari zirela, oihu handiak, zarata ozenak entzun zituzten, eta hots egileak behorrezkoak ziren, trostan arin, irrintzi luze, ezkongaiak hartzera zihoazenak. Apaizarekin zetozen, milaka soinu-tresna eta beste hainbeste apaingarri aialdeko zekartzatela, bien ahaideak aiza, eta inguruko herrietako nordin behinenak, argidotarrak gehienak, jai-janzkeraz esan beharrik ez, ezkon-lagun. Emaztegaia ikusi orduko, Santxok erran zuen:
Ez, dator, ez, alajainkoa! baserritar-tankeran, jauregitar jaso baten antzera baizik, arraioa!, begiztatzen dudanez, Kuenkako "palmilla" daritzon oihal orlegiaren ordez hogeita hamar ilez ehunduriko ileguria dakar soineko, eta ekarriko omen zuen bitxiteria baino are aberatsagoko "korala" dakar apaingarri! Hori da hori, zaldi-jantzi guzia mihise-zerrenda zurizkoa da! Ziriku-ehunezkoa dela eginen nuke lepo! Horra, eskuak, atxabitxizko eraztunez edertuak! Hemen berean gera ainintz betiko, erietan daduzkanak urrezko bitsuriak, guztiz urrezkoak ez badira, gaztanbera baten heineko txirlarri zuriz bitxiztatuak, bakoitzak begi baten balioa duena. Oi, putaseme, eta nolako adatsa, ileordez egina ez bada, ez dut ikusi horren luzerik ez horren horirik nire urteetan! Hori da itza hori, hori jasa, hori bai emazteki galanta, palmondo baten antza du, datil mulkoez betea, hala lepotik zintzilik nola adatsean txirikordatuak dakartzan bitxiek halakoxe antza baitute, datilena alegia! Zin dagit ene arimagatik, neska egin-egina dela, Flandriako jauregietan barrena buruzut ibil litekeena!
Santxo Pantzaren ederkadura kakol hauek entzunda On Kixotek barre egin zuen; bere andere Dultzinea Tobosokoaz landa inoiz ha baino emakume ederragorik ikusi bagea zela iruditu zitzaion. Kiteria ederra zurbiltto zetorren, ezkondu aurreko gaua emaztegaiek, biharamunerako ponpoxtu beharragatik, kriketu nahiagatik, ez ohi dute ongi emaiten eta. Zelaiko bazter batean "antzoki" bat eraikita zegoen eta bertarantz zihoazen; lurrean oinoihal bat ihaurrita zegoen, abarrez apaindua, ezkontza egin behar zeneko leku hura. Handik, gero, dantzak eta bestelako ikuskizunak ikusteko asmoa zuten eta bertara orduko, hara, gibelaldetik zetozen ahots ozen batzuk entzun zituzten, eta besteak beste, honako hau:
Itxadon apur bat, jende buruarin eta arinegia.
Hotsok entzun eta ziren guztiek burua bihurtu zuten, gibelera, eta gizaseme batek zegitzala ikusi zuten, antza zenez, soineko luze beltz gar gorrizko zerrenda batzuekikoaz jantzirik zegoena. Buruan "koroa" edo buruntza bat (geroago ikusi zena) , hil-zuhaitzezkoa; eskuetan makil handi bat. Hurbildu ahala denek Basilio lerdena ezagutu zuten; eta denak erne, adi bai adi, zer egingo ote zuen begira, haren etorreraz ezbeharren bat edo gertatuko ote zen beldurrak.
Heldu zen, bada, nekaturik eta arnasestuka, jarri zen ezkongaien aurrean, josi zuen makila lurrean, eskutokia altzairuzkoa zuen makila, marguldu zitzaion pittin bat aurpegia, begiz jo zuen Kiteria, eta ahots beldurgarri, zakar eta gozakaitz batez, erauntsi zion:
Ongi dakin, Kiteria ezezagun horrek, bion lege santuari atxekiz, ni bizirik nagoeino, hik ezin dezakenala senarrik har; jakin ere badakin, noski, nire zoria hobetuko zelakoan itxaroten egon naizela, eta aldiak nire ahaleginekin batera asturu gaitza onduko zidalako ustean egon naizen bitartean, hire izen onari dagokion gizalegea ez dinat hautsi nahi izan inola ere; baina hi, nire asmo onari zor dionan atxekimendua bertan behera utzitakoa haiz, eta nirea denaz beste norbait jabe dadila nahi dun, zergatik eta honen aberasgoak asturu ona ez ezik halabehar on-ona ere erakarri izan diolako. Eta zoriona bete-betea izan dakion -ez, nire iritzian, irabazi duelako, zeruek eman nahi diotelako baizik- nik neure eskuez eragotziko liokeen ezina ahal bilakatuko dinat, ezein oztopo kenduko dinat, nire neure burua bera ere erditik edekiz. Bizi bedi, bizi, Kamatxo aberatsa Kiteria eskergaiztoarekin, mende zoriontsu luzeetan, eta hil bedi, hil, Basilio txiroa, zeinaren txirotasunak bere zoriaren hegoak ebaki baitzizkion eta betiko habia hilobian eman baitzion!
Hau esandakoan, lurrean josita zegoen makilari heldu zion, erdia lurrean geratu zen eta hara, han ageri zen barruan ostendua, ezpata-leka baten antzera zedukan puntzeta. Luzea ez zen, zorrotza bai; ipini zuen lurrean zutik, musturra gora, eta, di-da batean baino arinago, asmoa lehendik ekarririkoa noski, haren gainera erortzen utzi zion bere buruari. Sast! puntzet-mustur zorrotzaren zi odoldua bizkarraldean ageri zitzaion, eta gizagaixo hura bere odolean blai, lur-lurrean ahuspez etzanik gelditu zen, bere sastakai bereak josi eta.
Hurreratu ziren berehala adiskideak laguntzera, haren zoritxarraz eta haren ondiko lazgarriaz erabat errukituak; On Kixotek ere, Rozinante utzita, laguntzera jo zuen, beso artean hartu eta anartean hilik ez zela ohartu zen. Puntzeta ateratu nahi izan zioten, baina bertan zegoen apaizak ez ateratzeko, hondar aitortza egin aurrez ez ateratzeko aholku egin zien, ateratzeaz bat azken hatsa eginen zuelako usteak joa baitzen. Bere onera etorrixe zen, pittin baten, Basilio, eta ahots mintsuaz, doi-doi hots huts batez, esan zuen:
Ai, Kiteria ankerra, nahi bahu azken une, azken istilu larri honetan, emazte-eskua niri eman, oraindik nire ozarkeria hau ezertarako izan dela uste izango ninake, azken batean hirea izaitearen dohaina erdietsia izango baitut.
Hau aditzean apaizak gorputzeko nahikeriei bagerik arimaren osasunari begiratzeko esan zion, eta Jainkoari eginiko bekatuakatik barkamena zin-zinez eskatzeko, eta batez ere Hari esku kendu izanagatik, atzenengo erabaki lazgarriaz. Basilio ezetz, ez zuela inondik inora aitortuko deusik, aurretik Kiteriak bere emazte izaiteko eskua eman ezik: honela eginaz hartuko lukeen pozak bere nahia sendotuko zuela eta aitortzeko arnasa emanen ziola.
Zauritutakoaren eskaera entzunik On Kixotek, oihuka, Basiliok oso zuzen eta zilegi zen zer baten galde eginerraza zela esan zuen, eta Kamatxo jauna beti ohorezko gertatuko litzatekeela Kiteria emaztetzat harturik hala Basilio ausartaren alargun izanik nola haren aitaren eskutik jasoko balu:
Hemen bai bat baino ez da izanen, esatetik egiterakorik ez dena, zeren ezkontza honetako eztohea hilobia baitateke.
Kamatxo adi, eta harritua, eta zer egin zer esan ez zekiela guztiz nahasia; alabaina Basilioren adiskideak eske eta eske, Kiteriak emazte-eskua emaiteko baimenaren eske asko, haren arima betiko gal ez zedin, bizitza honetatik zeharo etsita joanez gero... eta azkenean amore emaiteraino eragin zioten, bultzatu ez ezik behartu ere, nolabait, egin zuten esatera, ezen, Kiteriak hala nahi izaitekotan, berak lagetuko ziola, eskua eman ziezaion, bada, zeren, azken baten, bere nahia betetzeko gesu bat berandutzea baizik ez baitzen izanen hura guztia, eta berak nahikotzat emanen zuela esan zien.
Denak Kiteriagana joan ziren, batzuk eske, bestetzuk otoi, batzuk negar-malkoak begietan, beste batzuk zentzu handiko esaerak ahotan, Basilio gizagaixoari eskua eman ziezaion limurtu nahiaz; gogorra emakumea, ordea, hatxurdina baino gogorragoko bihotza nonbait, eta harrizko gizairudi baten antzera zirkinik ez, txintik ez; deusik ez esan ez jakin nahi zuela zirudien irudi. Ezer ere ez zuen esanen berehala, baldin apaizak ahalik arinen zer egin gogo zuen azaltzeko agindu ez balio, Basiliok ordurako arima hortz-haginen artean bazuela eta, beraz, ezein erabakiren begira luzaro egoiterik ez zegoela. Une haretan Kiteria ederra, hitzik esateke, goibel eta hits, burua nahasia, damukor antza, Basiliogana hurbildu zen; begiak epel, erdi-itxita zetzan, hatsa hatsandua, arnasbeharrean, hortz artean Kiteriaren izena zirimizkatzen ari zen albetan zegoela, kristauen legera ez jentil zaharren antzera hilgo zelako zantzuak agertuz. Iritsi zitzaion, azkenean, Kiteria, belauniko jarri, eta eskua eskatu zitzaion, esku-imintzio batez, ez hitzez. Basiliok begiak aldatu zituen, so egin zion, ohartuki, eta esan:
Oi Kiteria, garaiz gupidatsu etorri hatzaidan hori, hire gupida nire bizia moztuko duen aizto denean, ez dinat indarrik hirea izaitearen aintza nire bizkar gainean eramaiteko, ez eta herioren itzal izugarriak irri-arra baten nire begiak estaliko dizkidalako mina jasaiteko indarrik ere! Otoi daginat otoi, oi ene izar hilgarria! eman nahi didanan eskua hire gogo onez, hire nahiari eutsiz eman nahi izaitea, egin-behartua izan ez dakinan, berriz ere iruzurrerako izan ez dadin; aitortu egin eta esan, ni hire benetako senartzat hartu nahi naunala; ez dun zilegi honelako hil-bizian niri iruzurrik egitea, ez egin, bada, zurikeriarik hirekin beti egia erabili izan duen honi.
Esan eta behin zorabiatu, berriro esaten hasi eta beste behin zorabiatu zen; eta bertan zegozen guztiak zorabialdi bakoitzean arima joana zitzaiolako usteak joten zituen. Kiteria, guztiz garbia, guztia lotsa onean, eskuinaz Basiliori heldu zionean, honela mintzatu zen:
Nire gogoa makurtuko duen indarrik ez zagok; honetara, beraz, gogoaren jabe naizela, nire eskua damaiat zilezgizko emaztetzat har nazaan, eta hirea hartzen diat, hire buruaren jabe haizela emanez gero, istilu larri honetan egonik ere.
Bai, hemen dun – erantzun zion Basiliok – neure buruaren jaun eta jabe naizela, ez nahasirik ez okerturik inola ere damainat, zeruak eman didan adimen garbi osoaren jabe naizen honek, eta honela hire senartzat emana dinat neure burua.
Nik ere hire emaztetzat – Kiteriak erantzun –, bai urte luzeetarako bada bai oraintxe bertan nire besoen artetik hilobirako baledi.
Horren hil-handiturik egonki – esan zuen orduan Santxok – anitz ele egiten du mutil horrek: limurkeriak eta hitz goxoak uzteko egin diezaiotela; begira diezaiola bere arimari, hortzetan ez baina mihi gainean duela dirudi eta.
Halatan, bada, Basilio eta Kiteria eskuz esku helduta, apaiz xamur negarberak bedeinkatu zituen, eta zeruari senar berriaren arima bake santuan hartzeko galdatu zion. Bedeinkapena jaso ordukoxe, arin baino arinago, zutitu egin zen zutitu, eta bere gorputzetik, ra!, puntzeta erauzi zuen, lekatik ateratzen den eran. Harri eta zur geratu ziren bertan ziren guztiak, txundi-txundi eginak denak, eta batzuk, inozoenak nonbait, ahots ozenetan edo oihuz esaten hasi:
Miraria! Miraria!
Basilio, berriz, honela:
Ez, miraririk ez, miraririk ez, eginduria baizik, eginduria!
Apaiza, sor eta lor bezain zuntzun eginda, zauria esku biez haztatu eta haztatu hasi zen. aiztoa ez zen sartu Basilioren haragian zehar edo saihets-hezurren artetik barrura, halako hodi burdinazko baten zulo batean barrena baizik. Hodia odolez betea zegoen, geroago jakin zenez, eta izoztu edo mamituko ez zen moduan sartua odola. Halaxe, beraz, apaiza eta Kamatxo, beste guztiak bezalaxe, laidoz jota geratu ziren, nausaz eta isekaz atzipetuak izan ziren. Emazte berriari, antza, ez bide-zion min handirik eman zimarku harek; alderantziz, ezkontza hura, iruzurrez eginikoa izaiteagatik, ahaldin bagekoa zela entzun zuenean, berriz ere berritan bezala berretsiko zuela esan zuen; honen haritik, hango guztiak, gertatutako guztia haien bien artean eratua, nolabait moldatua eta azkenean agitua izan zelako uste sendoak jo zituen, ezkonberri biak ala biak elkarri hitzartuak eta ororen jakinaren gainean egindakoak egon zirela bururatu zitzaiela alegia. Kamatxo eta bere ondokoak, horretaz, guztiz mindurik, haserre bizian zeharo, sumindurik oso, mendeku-gosez gainez eginak, eskuetara jo, ezpatak atera, Basiliori erasoka ekin zitzaizkion. Beste batzuk, hara, han atera ziren azken honen alde, zirt-zart baten, beste hainbeste ezpata ateratuz, eta denen aurrena On Kixote, bere aztatzarra eskuan hartuta, erredolaren ostean babesturik, zaldiaren gainean ororen artetik irago beharrez ziharduena. Santxo, aldiz, halako eginkizunak batere maite ez atsegin ez zituena, galdara handien abaroan gerizatu zen, lehenago bits gozoa hartu zueneko paziaren ostean hain zuzen bere burua ostendurik, hango leku hura, nolabait, "sagaratua" bailitzan, denek begirunez hartu behar luketena bailitzan. On Kixotek oihuka honela zerauntsen:
Egon , jaunok, egon; ez duzue zertan mendekatu maitasunak eginiko irainengatik; izan ere maitasuna eta gudua bat bera dira, eta gudatean arerioa menpean hartzeko amarruak zein maltzurkeriak haizu diren bezala, maite-guduketan ere nahi dena erdiesteko lehian bai iruzurrak bai gezurrak ontzat emaiten dira, maitagaiaren kalterako ez badira, lohigarri edo laidozkoak ez diren ber. Kiteria Basiliorena zen, eta Basilio Kiteriarena, zeruek hala nahita. Kamatxo aberatsa da, eta nahi duena nahi duenean eta nahi duen eran erostea duke. Basiliok ez du ardi hau besterik, eta inork ez dio kenduko, indar-ahal handikoa izan arren ere; Jaungoikoak batzen dituen biak gizonak ezin banan ditzake, eta inor saiatuko balitz, lehendabizi lantza honen musturretik irago beharko luke
Hau esan eta aztatzarra eskuan gora jaso, errime dardarazi zuen, arin bezain arin, eta ezagun ez zuten bertako guztiei sarrakioa sartu zien.Kiteriak egin erdeinua Kamatxori gogo-gogoan tinkatu zitzaiola eta hura gogotik behingo baten joan zitzaion; apaizak, gizon zuhurra eta asmo onekoa zenak, laster gogatu zuen, eta berehalakoan Kamatxo eta bere aldekoak baketurik geratu ziren, odolozturik, eta guztiz otzandu ziren; ezpatak zorroetaratu zituzten, beraz, Basiliori ordez errua Kiteriari egozten ziotela, haren eginduriari baino honen erraztasunari errudunago zerizkiotela; Kamatxok, hara, zeruari eskerrak eman zizkion, ez Kiteria eman ziolako kendu ziolako baizik, zeren, bere gardiz, nok to maite bazuen ezkongaietan, ezkondutakoan ere maite izanen baitzuen.
Pozkari hartuta, haretaz, eta erabat jabaldurik hala Kamatxo nola bere aldekoak, Basilioren lagunak ere eztitu ziren; Kamatxo aberatsak, orduan, isekaz minik ez zuela erakutsi nahian, batere txartzat hartua ez zuela eta jaiak aurrera egin zezala nahi izan zuen, benetan ezkonduko balitz bezalaxe; baina ez Basiliok ez bere emazteak ez aialdekoek ez zuten bertan iraun nahi, eta alde egin zuten, denak Basilioren herrixkara; zeren, txiro gurbil eta dohaintsuek ere bai baitute nor jarraikitzen zaien, nork laguntzen dien eta nork goraipatzen dituen, aberatsek beti zeinbait laguntzaile eta goipe emaile ohi duten era berean.
On Kixote berekin eroan zuten, gemen handiko gizon bulartsutzat hartua, noski. Santxo, ostera, ilundu zen, arima hiskor nonbait, hango jai bikainaz, oturuntza oparoaz batik bat, gozatu bagerik alde egin behar hura zela eta; ezteiek gauera arte iraun zuten, baina Santxo, halatan beraz, goibel eta beltzuri, bere jaunari jarraitu zitzaion, Basilioren taldearekin bat, eta Egiptoko eltzeak gibelean utzi zituen, arimaren barruan zeramatzan arren; pazian bits apur bat, ia-ia ahitua bazedukan, ahogozagarri, eta utzitako oparotasunaren gomutagarri; kopetilun zihoan, gogoetatsu, goserik ez honela ere, astoaren gainean, Rozinanteren atzetik.