Ezkonberriek.On Kixoteri bezuza handiak, opari ugariak eman zizkioten, beraien alde agertu izanak, nolabait, behartuta; ausardia haintzat hartu zioten, bai eta era berean erakutsitako zuhurtasuna ere oso ontzakotu zuten, iskilu-arazoetan Ziden antzeko eta aharantza aldetik Zizero bezain eleder eta ekarri oneko gizona zelakoa zuten. Santxo txintxoa, berriz, hiru egunean ezkonberrien lepotik naro-naro birbiztu zen, suspertu zen, eta orduan zeraren jakinaren gainean jarri ere bai, hots, zaurituarena egite hura, alegiazkoa alegia, Basilioren asmakeria izan zela eta Kiteriak aurretik haretaz ezer ere ez zekiela, beraz, bien artean itundutako amarrurik ez zela; den-dena harek asmatu bezalaxe gertatu zen, alabaina, bere adiskideren batzuek egitekoaren berri bazuten, eta haretara, harek nahi bezala gerta zedin lagundu zioten, iruzurra gertutuz.
Xede onen bila doazenak – esan zuen On Kixotek – ezin esan daiteke iruzur edo zimarku direnik. Xede hoberik ez, bestalde, maiteminduak ezkontzea baino, baina jakin ere beharra da maitasunaren etsairik handiena gosea dela eta beti etenbageko premiak direla; maitasuna, izan, dena alaia izan ohi da, dena poza eta algara, eta are pozago maitatzailea maite duenaren jabe denean, baina beti ere beharra eta txirotasuna etsai.
Hau honako hau Basiliori buruz zioela esan zuen, haren trebetasun ezagun haiek, ospea bai, herotsa bai, baina dirurik emaiten ez diotenak behin-betiko utz zitzantzat, eta harik aurrera ondasuna biltzen eta biribilatzen saia zedilako aholku emaiten ziolarik, bide garbiz eta zilegizko bitartekoez, zuhur eta zintzoei dagokiena legez. Txiro prestuak (baldin txiroa prestu izan ahal badadi) emazte ederra duenean badu zerbait, zeren kentzen badiote prestutasuna ken eta hiltzen baitiote. Senar behartsu baten emazte eder eta garbiak gurendako buruntza, garailearen ereinotzak irabaziak ditu. Edertasunak, berez, ikusleen zein ezagutzaileen gogo-nahiak erakartzen ditu, arranoak apeua ikusi eta dzapart! gaineratzen zaion eran; baina ederrari behartsutasuna eransten bazaio, estu bizi beharrak behartzen badu, arranoak ez ezik beleak ere inguru-minguru ibiliko zaizkio, miru edo oilojaleak ere bai, eta beste hegazti harrapari batzuk era berean. Honenbesteko erasoen aurrean tinko dirauenak senarraren koroa izena irabazten du.
Adizu, Basilio zogi hori – gehitu zuen On Kixotek – ez dakit zein jakintsu izan zen lurbira osoan emakumezko on bakar bat baino ez zegoela esan zuena, eta on bakar hura nork berea zuela bururatzeko onua emaiten zuen, hala pozik biziko zela eta. Ni ez naiz ezkondua, ez dut orain arte ezkontzeko gogorik izan, eta honela ere, inor eskatuz gero, aholku emaiteko gerturik nengokioke, nola bilatu behar duen ezkontzeko emakumea. Lehenbizi, ogasunari baino izen onari gehiago begiratzeko aholkatuko nuke, zeren emakumezko onak on izanez ez ezik on irudituz ere lortzen baitu izenaren ona, izan ere, emazteki baten omenerako isilpeko gaiztakeriak baino are kaltegarriago da ageriko nabarmenkeria, jendaurrean ile-harro ibiltea. Emakume ona etxerakotuz gero, bere ontasunean iraunaraztea erraza dukezu, eta hobetzea ere baliteke; gaiztoa ekarriz gero, ordea, hobetzeko lana ukanen duzu, ez baita erraza mutur batetik bestera iraganaraztea. Ezinezkoa ez dut esanen, baina gaitza izanen delakoa dut.
Santxok dena zentzuen eta berekiko esan:
Nire nagusi honek, funtsezko eta ganorazko eleketa egiten dudanean, "pulpitu" bat eskuan har eta munduz mundu nire "predikua" zabaltzen joan nintekeela erraiten dit; eta nik orai berataz erran ahal dut ezen bere atsotitz edo "agurehitz" horiek josten eta aholkuak emaiten hasten denean, pulpitu bat bakarrik ez, eri bakoitzean bina baizik har lezakeela eta jalgi litekeela plazara, bai mundu osora ere, hitz eta pitz, erran ahala erraiten. Aladzipo eta aiharra-haio, horrenbertze jakitea, gero, zaldun ibilitari batek! Nik uste nuen, bada, ene ariman, zalduntzaz ez bertzez jakin ahal zuela, baina ez da deusik ez dakienik, orotan sartzen du eskua eta orotan da aditua.
Erasian zihoan, mar-mar-mar, eta bere nagusiak erdi-entzun zion, zerttobait, eta galdetu zion:
Zer darasak, txutxu-mutxuka, Santxo?
Ez diot ezer, deus ez darasat; nirekiko mintzo ari izan naiz eta berorrek erran duena entzunik, zera, ni ezkondu aitzin entzun izan banio, orainetan, agian, harako hura erranen nuke: Zakurra gatean ez dago bakean
Hain gaiztoa ote duk hire Teresa, Santxo? – galde egin zion On Kixotek.
Ez da biziki gaiztoa – Santxok – xoil ona ere ez, nik nahi bezain ona ez, bederen.
Gaizki ari haiz, Santxo, hire emazteaz gaitzerraiten, hire seme-alaben ama duk eta.
Ez diogu elkarri zorrik – Santxok atzera – berak ere nitaz gaizki erraiten daki, nahi duenean, "jeloskor" dagoenetan guziz ere; honelakoetan Satanek nozitu beharko luke.
Laburbiduz, ezkonberriekin hiru egunean egon ziren, opariz oparo bete zituzten eta erregeen antzera esne-mamitan eduki zituzten. Bukatzeko, On Kixotek senar trebe hari Montesinos delako haitzulo edo leze haretara joan ahal izaitearren nondik-norako bat edo bide-erakusleren baten eske egin zion; bertaratzeko gogo handia zuen, bere begiez ikusteko ea egiazkoak ote ziren hango inguru haietan bala-bala zebiltzan esames liluragarriak. Lizentziadunak bere lehengusu bat emanen ziola esan zion, ikasle ospetsua bera, zaldun-liburuen irakurrietan oso zaletua; haitzulora bertara eramanen zuela eta gogotik eraman ere, eta Ruiderako aintzirak erakutsiko zizkiola, Mantxa osoan, eta are Espainia osoan ere bai, hots handikoak zirenak; eta gidari honekin pozarren ibiliko zena ere esan zion, argitaratzeko liburuak egiten zekien mutila zelako, eta printzeei zuzentzen zizkielako. Azkenean, lehengusu ha etorri zen, asto ernari, izor baten gainean, basta' pilda edo zamau ikusgarri batez estalia zekarrena. Santxok Rozinanteri aulkia ipini zion, astoa jantzi zuen, zorroak bete zituen, lehengusuarenak ere "bapo-bapo" hornitu zituen, Jainkoari bere burua eskaini zion, denei agur egin eta, oro bat, bidean aurrerantz hasi ziren, Montesinos haitzulo entzutetsua helmuga zutelarik.
Bidean zihoazela, On Kixotek gusu hari zer-nolako bizibidea zuen, zer lanbide eta zer ikasitakoa zen itaundu zion; "humanista" zela erantzun zion, elertizalea edo antzeko zerbait esan nahi baita, bere lanbidea liburuen argitaratzea zela azaldu zion, liburuak, egin eta irarri, denak, noski, onuragarriak eta gizartean jolasgarri edo atsegingarri izaiten zirenak; haietako bat Otsein-jantziena izenburuz ezaguna, beronetan zazpiehun eta hiru janzkera zituen margotuak, margo, zenbaki, hizki, zaldun-izen eta guzti, erretetxeko zaldunek jaiegunetan zein atseginaldietan nahi zituzten itxurak atera eta hartu ahal izaiteko, inori eskatzeke, ez euren burmuinak "gesaldu" beharrez ere, zein-nahi asmotarako eta egin gogo zutenerako.
Zeren, nahiz espatiari nahiz urruindua izan denari, nahiz ahaztuari, nahiz ez dagoenari dagokion janzkera, berebiziko zaiona, emaiten baitiot, onegiterako bekaturako baino areago. Beste liburu bat badadukat Metamorfoseos izena ezarriko diodana, edo beste hizkuntza batean Antzaldatuak, edo Obidio Espainiarra esanen diot, asmakuntza berria eta bakana delako; zeren, hor, Obidiori ihakin eginez, Sibiliako Giralda nor zen marrazten baitut, Madalenako Aingeruarekin, nor Kordobako Vecingerrako Urtokia, nortzuk ziren Gisandoko Zezenak, nortzuk Sierra Morenakoak, nortzuk Madrileko Lavapies herrian eta Leganitosen dagozen iturriak, eta ahaztu bagerik, nonbait, Zorriarena, Urrezko Urtokiarena, eta Lekaime-buruarena; eta hau guzti hau, bere alegia, metafora, itxuraldapen eta bestirudiekin, irakasteko on diren hein berean alaigarri eta txundigarri direnak. Badadukat beste liburu bat nik Suplemento a Virgilio Polidoro daritzodana, hots Birgilio Polidororenen gehigarria, gauzen asmapenaz hitz egiten duena, ikasgai handi eta jakite ugarikoa dena, zeren Polidorok esan bage utzitakoak, axola handikoak denak, neronek ikertzen baititut eta, hitz ederrez bezain egokiz azaltzen. Birgiliori' munduan marranta ukan zuen lehenengoa nor izan zen esatea ahaztu zitzaion, eta, era berean, nor izan zen bixika sendatzeko gantzuak hartu zituen aurrena, eta neronek argi-garbi zehazten dut, bai baieztatu ere hogeitabost idazleren bitartez: hona hemen zergatik dudan lan ona egin, eta honenbestez ikus dezala berorrek honelako liburua oro-orori onuragarri izan ote dakiokeen.
Santxo han zihoan, gusuaren hizketari guztiz adi, eta hau esan zuen:
Erraidazu, jauna, eta Jainkoak eman diezazula esku on zure liburuen irartzean: erranen al zenidake, jakin bai baitakizu, noski, oro-jakilea zarenez, nor izan zen buruan atz egin zuen lehendabizikoa, nire iritziz gure aita Adan izan zen baina?
Bai, izanen al zen – erantzun zion gusuak – ; Adanek burua eta ileak ukan zituela ez da zalantzarik; eta hau honela, eta ludian izan zen lehen gizona izanik, inoiz atz eginen al zuen, noski.
Badut uste – Santxok berriro –; baina erraidazu orai: nor izan zen munduko lehen itzulikaria?
Egia esateko, anaia – lehengusuak atzera – nik oraintxe ez dakit, ikas dezadan arte ezin, beraz, ezer argitu. Ikasiko dut, bai, liburuak daduzkadan lekura itzuli ondorean, eta elkar ikusten dugun hurrengoan, oraingo hau azkena ez da izanen eta, zure jakingura hori aseko dut.
Egon, bada, jauna – Santxoren hitzak – adizu, ez har lan hori; oraintxe nire galderaz ohartu bainaiz. Jakin ezazu, beraz, nunduko lehen itzulikaria Luzifer izan zela, zerutik abaztorratu, egotzi edo igorri zutenean, itzulika-itzulika, hondar-lezeetaraino jaugin baitzen, jin edo joan baitzen.
Xuxen zaude, adixkide – gehitu zion gusuak.
Eta On Kixotek:
Galde-erantzun horiek ez dituk hireak, Santxo: noribait entzunak dizkiok.
Isildu, jauna – ihardetsi zion Santxok – hasten banaiz hasten galde-erantzunetan, gaurdanik biharrera artean ez dut azkenduko. Bai, txorakeriak galdetzeko eta ergelkeriak erantzuteko nik ez dut inoren laguntzarik behar.
Dakiana baino gehiago erran duk, Santxo; izan, badituk, izan ere, bai, batzu-batzuk zerak ikasten eta jakiten nekatzen direnak, eta, azkenik, ikasi-jakiniko zerok inori axolarik ez diotenak izan ohi dituk.
Honakoxe elkarrizketa eta beste antzeko berriketa batzuekaz eguna joan zitzaien, eta gaututakoan baserrixka batean ostaturatu ziren. Lehengusu harek On Kixoteri Montesinosen haitzulora handik legoa bi baino ez zegoela esan zion, eta barrura sartzeko asmoa bazuen, sakonerantz gainbeheratzeko sokak behar zituela, lotu eta esekiz jaitsi beharra zegoela eta. Hondar-lezeraino iritsiko balitz ere, hondarra ikusi nahi zuela adiarazi zion On Kixotek; honetaz, soka luze ehun bat kanakoa erosi zuten; eta biharamunean, arratsaldeko ordu bietan haitzulora heldu ziren. Ahoa zabala du, lahar eta basapikondo, sasi eta sapar, sarri bezain nahaspilatuez bete-beterik dago, dena estaltzen eta zerratzen baitute. Ikusi eta lehengusua lehenik, On Kixote gero eta geroago Santxo zamarien gainetik lurreratu dira; sokaz gogorki loturik On Kixote, eta gerria estutzen bitartean, Santxok diotso:
Kontuz, gero, ene jauna, zer ari den: ez bedi berori bizirik lurpera, ez bedi jar ontzi baten antzera hozteko patin baten barruan bezala. Berorrek ez du zertan zulo hau ikertu, hezurrobia baino ikaragarriagoa izan daiteke eta berorri deus ez doakio.
Lotu egik eta isildu egin hadi – darauntso On Kixotek – honelako eginkizun bat, Santxo adiskide, niretzako hauta duk eta.
Bide-erakusleak, orduan, hitza sartuz dio:
Arren, jauna, On Kixote jauna, ikus eta ikas, ongi baino hobeki, ehun begiz, hor barru-barruan dagoen guztia: agian, ba al daude zer batzuk nik gero nire liburu Aldakuntzak delakoan argitara emango ditudanak.
Panderua esku onetan dago, alafede, ongi joiten baitakite – dio Santxok.
Hau esan, On Kixote lotuta (ez altzairuzko jantzian, barreneko jipoi baten baizik) eta diotse:
Ohartzeke ibili gara, bai, zeraz, txilin edo txintxaren bat hartu ez izanaz, nirekin batera sokan lotzeko, tilin-tilin eginaz ni bizirik eta beheratzen noala aditzera emaitearren; honez gero ezin da, eta Jaungoikoaren esku, beraz, nire jaistaldia.
Belauniko jarri da, eta zeruari begira, hitz-isilka, otoitz bat egin du, Jainkoari laguntza eske, jazokizun honetan, dirudienez arriskugarria oso, dena ondo buka dadin, eta gero ozen dio:
Oi, Dultzinea Tobosoko, iderik ez duzun argi-argitsu, nire ekintzen eta joan-etorrien andere hori! Zure maitatzaile nauzun zorioneko honen otoi eta eskeok zure belarrietara irits balitez, zure eder liluragarriagatik, entzun ditzazula otoi dagizut; oraingo honetan zure laguntzaren beharra inoiz baino handiagoa dudalarik, arren eta arren, ez iezadazu uko egin. Ni leze sakonenera gainbeheratzera noa, murgiltzera noa, sakontzera noa, hementxe, eta mundu osoak jakin dezantzat, soil-soilik, ezen, zure urgatziaz ez dudala ezer lurbiran nik egin eta burutu ezinezkorik.
Hau esan baikoz, haitzulora hurbildu da, sartzerik ez dagoela dakusa, ataka garbitu ezean, beso-indarrez edo aihotzez sastraka sarri hura eskokatu ezean alegia, eta eskuan ezpata harturik, zarrast eta zarrast!, hango sasitza mozteari ekin zaio; zarrastadak aditu orduko han hasten dira, bele handi batzuk batetik, eskinosoak bestetik, belatxikak ere tartean, itokarrian ateratzen, ziribuztanka ihes egin beharrez, eta iskanbila haretan, hango hegoen zipirt-zapart harezaz, On Kixote lurrera erori da; egia esateko, kristau katolikoa den neurrian azti "pamerialen" igarlea balitz, gertaturikohau nahikoa izanen zen halabeharraren zantzu gaiztoren bat ikusi uste izaiteko eta zulo beltzera sartzaiteko erabakia, bertatik bertara, bertan behera uzteko.
Azkenean zutitu da, beste bele gehiagorik edota gau-txoririk ateratzen ez dela (saguzarren bat edo beste gora-behera) dakusa eta, soka luzatuz, gusuak eta Santxok eutsita, leze itsu izaugarri haren hondarrerantz jaisten utzi du bere burua; Santxok, orduan, barruratzen doala ikustean, ehunka aldiz gurutze eginez, bedeinkapena egozten diolarik dio:
Jainkoa izan bekizu beti lagun, Frantziako Haitza eta Gaetako Hirutasuna bira zuretzako gidari, oi zaldun ibiltarien gaina eta bikaina zaren hori! Hor zoaz, lurbirako zangartzar, altzairuzko bihotz, brontzezko besodun! Jainkoak orain eta beti lagun izan bedi bide-erakusle eta zakartzan berriz ere, onik eta ongi, bizitza honetako argira, ilunpe itsu horretan lurperatzeagatik utzi duzun argira!
Lehengusuak ere antzeko otoi egin dio, "erregu" berdinak, antzeko eskatima eta galdoak.
On Kixote zuloan beherantz, eta soka luzeago eta luzeago eskatzen, eta besteak ter-ter luzatzen, guttika-guttika soka emaiten ari; eta ahotsak isildu direnean, haitzulorean ziriztuak bezala jalgitzen zirenak isildurik, soka erabat luzatua dute, ehun kanak alderen alde, eta soka luzeagotu ezinean, On Kixote atzera igoaraztea otu zaie. Dena dela, gelditu dira, ordu erdiz egon dira, eta gero, soka bil eta bil hasten dira, astunik ez eta erraz asko; hau dela eta On Kixote sokatik jareginda dagoelako usteak jota, barruan geratuko delakoan, Santxo negarrez hasten da, garrazto negar egiten, sokari tira eta tira, ahalik arinen, ari deino, uste mingarria ustel izaitearen nahiaz noski; baina laurogei kana inguru baturik, astuntasun bat sumatu dute, eta horra! biziki poztu dira biak. Azkenean, hamarretan, On Kixote ikusi dute, eta Santxok, oihuz, honela diotso:
Ongietorria izan bedi berori, ene jauna, pentsatu izan dugu, bada, hor geratuko zela, hazitarako edo.
On Kixotek hitzik ez, eta osorik ateratu dutenean, begiak itxita dakartzala ohartu dira, loak hartua bezala. Lurrean etzanarazi dute, soka askatu, eta honelarik ere itzarri ez, esnatu ez da; astindu bat eman, inarrosi dute gogor, hara irauli hona irauli, eta, azkenik, ez berehalakoan ordea, bere onera etorri da; nagiak atera ditu, lo sakon batetik iratzarria izan balitz bezala, eta batera-bestera begiraturik, izuak bailegoan, dio:
Jaungoikoak barkatuko al dizue, adiskideok, zeren gizakiren batek inoiz ez ekusi ez agitutako ekuspegirik eta bizitzarik gozoena eta atseginena kendu baitidazue. Benetan, oraintxe dut ikasi bizitza honetako pozaldi guztiak, itzala bezala iragaiten direla, loa bezala ezabatzen direla, edo landan lilia bezala zimeltzen eta igartzen direla. Oi Montesinos zorigaiztoko! Oi Durandarte zauri larritu! Oi Belerma ondikozko! Oi Guadiana negarbera, eta zuek Ruideraren alaba gaixoak, zuen uretan zuen begi ederrek egin negarrezko urak erakusten dituzuenak!
Hitzok entzuten adi bai adi Santxo lengusuarekin, esan ere On Kixotek erraietan oinaze lazgarriren bat balu bezala esan baititu. Zer esan nahi ote duen esateko arren egin diote, eta zer ikusi duen hor barruan, "inpernu" horretan, azaltzeko arren eta arren.
"Inpernu" diozue? – On Kixotek – Ez esan hori, merezi ez du eta, geroago ekusiko duzuenez.
Jateko zerbait eskatu zaie, gose handiak jorik dagoela eta. Gusuaren zamaua belar hezearen gainean zabaldu dute, bide-zorroetako janaritegitik zerbait hartu, eta hirurak bake onean, lagunarte atseginean, eserita, askaria eta abaria batera eginez legea egin dute. Amaitutakoan, zamaua bildu ondorean, On Kixote Mantxakok darauntse:
Egon, semeok, denak erne, ez bedi inor zuti.